Poema amniotikoak
Sonia Gonzalez

Kutxa, 2005

 

 

EPILOGOA

 

Tristeziaz heldu zara etxera,

arrazoi ilunengatik.

Batek daki,

estresa edo izango da,

egungo medikuentzat

dena da estresa

          edo

birus ezezagunen bat.

Beraz,

tristeziaren estresaz

edo birus ilunen batez

zara etxeratu.

Eta hura ere

goibel egon da,

          pertsinak jaitsita

          arropa behearen gainean

          komuna zikin

          harria beteta

          ohea atondu barik

          eta ke usainaz

 

Patiladun pianista batek

          konmozio aurpegiaz

          begiratuko dizu agian

           betaurreko ilunen atzetik,

 

baina jaustea,

benetan jaustea,

behean inor ez dagoenean,

ezer ez dagoenean

behea adreiluzkoa denean,

orduan jaustea

                   artea da.

 

 

Hori jakinda,

ez dago negar egiterik.

 

Poema amniotikoak
Sonia Gonzalez

Kutxa, 2005