INBASIOAK
Desatsegina da
nire obarioen zauria.
Pisutsu sentitzen naiz
giltzurrunetako minaz
eta sabela hanpaturik.
Desatsegina da.
Barruko arropa eta izarak
zikintzen dira.
Eta, hala ere, itxaron egiten diot,
hilero
itxaroten diot
egutegian zenbakiak tatxaturik,
esne gorri hori
ez dadila bihurtu
inbasore baten elikagai,
nere gorputzaren
beste inbasio baten fruitu.
Eta gero,
hileren batean,
agian negar egingo dut,
malkoak
berbaz adierazi ezinezko
garraztasun kristalinoak direlako,
behin jausita
uzten dituzten urradurak
ebakitako gorputz zati bat
bezain osaezinak direlako,
aukeratu ez ditugun bideak legez.