ALIZIA
Goizaldeak talka
egin du sudur eta begi
gorriez gainezkatzen
diren zubipeen
kontra.
Txakurrak jabeen inguruetan
eta inork nahi ez dituen ortuariak,
alperrik galtzen diren berbak eta
inoren birikietara sartuko ez den arnasa.
Irratien berriketa eta aharrausiak.
Etxeko leihatilatik txute mota ezberdinak:
besoko tipikoa,
orkatilako ez hain tipikoa,
hankartekoa, denetan berriztatzaileena,
mingain azpiko bat, oskarra mereziko lukeena.
Erreka alboko eskaileretan
geldi-geldirik
gelditzen dira
argizaiol bako argizariak.
Zerraldoginak eta kutxagileak
zeharkale eta zumarkaleetatik
paseatzen dira bien bitartean.
Hauxe bai
Bilboko ispiluaren bestaldean dagoela
Alizia konturatzeko manera.