Poema amniotikoak
Sonia Gonzalez

Kutxa, 2005

 

 

ATZAMARRIK GABEKO LANGILEAK

 

Non amaitu ote zuten

Non gelditu ote ziren

sasoi batean hain baliagarriak

ziren atzamar horiek.

 

Produkzio makinean bertan

harrapaturik, hozkaturik, birrindurik

usteldu ote ziren?

Fabrikako arratoi gau-jabeak

ote zuen kumeentzako

afari ederra zulora eroan?

Medikuak «ez dago zereginik» esanda

ontzi metalikora ote zituen bota

saskibaloi jokalari keinuz?

 

Sasoi batean hain baliotsuak

ziren atzamarrak:

norbaiti deitzeko,

isilarazteko,

popatik hartzera bidaltzeko,

belarrietako zikina kentzeko,

orgasmoak lortzeko.

 

Atzamarrak,

hamar hatz,

beti hor izango balira bezala,

mundua ikutzeko eskuak osatzen zuten,

noizbait, urduriak jota egongo

eta atzazkol bat,

                        atzazkol lasaigarria

faltako zitzaiela

kontziente izan barik.

 

Poema amniotikoak
Sonia Gonzalez

Kutxa, 2005