LO EGIN EZINIK BEROA DELA ETA I
Hiriko argia gela zeharkatzen duen
kadmio hari goria da.
Gaueko lau eta erdiak.
Gorputz zuria daukat alboan.
Bero egiten du.
Terrazako atea ireki
eta edredoi gainean etzan gara.
Ez du nire pentsamendurik entzuten,
ez dut uste entzuten duenik.
Zuri-zuria,
forenseak hildakoei
behatz loditik
eskegitzen dien txartela
baino ez du falta.
Hiriko argia kadmio puntu goria
da bere azalean
frankotiradore batek objektiboa
markatuko bailuen.
Ze ederra litzatekeen trauma hau
mundua aireportuetako aldizkaria balitz,
kiss eta kill
berba hain gertuak ez balira.
Bihar ez dut ilea garbituko,
goizeko denbora berarekin gosaltzen
eman gurago dut,
eta egunkaria irakurtzen.
Gero Dukados bat erreko du
eta nik Kamel bat.