Poema amniotikoak
Sonia Gonzalez

Kutxa, 2005

 

 

NAÏF

 

Gustatzen zaizkit parkeak.

Umeak zabuetan olgetan,

aita-amak otartekoei eusten,

bikote gazteak paseatzen

edo musukatzen

banku batean.

Usoak han-hemenka,

nork pentsa hegadun arratoiak direnik

ogi papur bila atsoaren oinetarantz

hurbiltzen direnean?

 

Gustatzen zaizkit parkeak,

zabuak, umeak, otartekoak,

bikoteak, usoak, atsoak...

 

 

Zerutik tanta bat eta

beste bat eta

euri jasa.

 

Izoztuta, nekatuta, haserre eta basaz beterik

denok etxera.

 

 

 

Egunik baikor eta tontoenetan ere

erraz joaten da dena

pikutara.

 

Poema amniotikoak
Sonia Gonzalez

Kutxa, 2005