SEKULA GUZTIAN
Egon garen lekuetan
joera dauka gure presentziak
goldaturik geratzeko:
geltoki bateko jesarlekuaren egurretan
oheko izaren zimurren formetan
bide zidorreko orbela zapalduetan.
Joera daukate habitatu ditugun
lekuek gugan marrazturik agertzeko:
paisaje baterako begi-ninien islan
mendiko zapatilen basa sikuan
etxeko zerraila irekitzeko maneran.
Joera daukate, era berean,
arimara arte
erraietara arte
habitatu gaituzten pertsonek
arroztasun sentimendua uzteko,
saiets arteko guztia
beste batena bailitzan,
harik eta bestelako bihurtu.
Harik eta betirako markak utzi,
marka iharrak
sekula guztian.