www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gora begira
Paulo Zamarripa
1927

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gora Begira, Zamarripa abadea. Emeterio Verdes-en Irarkolan, 1927

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKALDUN GUDARIAK

 

                Baigorriko euskel-yayetan, 1905-eko urtean,

                bigarren saria arturiko olerkia.

 

        Bayonako «Eskualdun Ona»n, neuk ezagututen eztodan euskel-irazle batek (J.E. firma-tzat iminten dau), Baigorryko phestak burutzat imiñiriko irakurkizun edo artikulu baten, auxe diño, beste gauza askon artean:

        «Bainan beha, beha, nor doan teatreari goiti bigarren garbait sariaren —untz erdi bat— eskuratzera: español aphez-gei gazte bat, ja sotana jauntzia, Bizkayatik ethorria egun airosik, pertsulari eta eskual-zale khartsuenetarik bat, dituela bi urthe Donapaleon lehen prima eraman zuen hura bera: Pablo de Zamarripa y Uraga. Badoa lañoki, batere ahalgerik gabe, jendeak eskuz joka eskerrak bihurtzen daizkolarik... Zer erasiko dut jaun gazte haren obraz, baizik hauxe: Bizkayanoa ez dudala izpirik aditzen, eta jujeek berek aditu ukhan balute, lehen prima emanen zakotela bi begiak hetsirik, nahiz Donapaleon ondarreko aldian biziki gehiago izan zen...».

        Eskerrik asko, adizkide ezezauna!

 

Amatxu Euskal-erria, neure erri maitea,

Ze zorion andia zugan ibiltea!

Zeugan, Amatxu, zeugan pozkidaz betea

Dabil nire bioztxu euskaldun gaztea!

 

Zeugan nabil ni sortu nintzanetik gora,

Urten barik euskaldun lurretik kanpora;

Ta eztot gura zugandik alde egin iñora,

Ezpada Zerura, Ama, Asaben albora.

 

Araxe bai pozarren, Jaunak deitutean,

Joango nintzake, Amatxu. Baña bitartean,

Eriotzak gorputz au lurperatu-artean,

Gabiltzan biok, gorputz ta arimez, batean.

 

                      * * *

 

Zure lurretik urrun aurkitzen diranak,

Euskaldunak badira, damu dabe danak

Zu itxitea, ta miñez semeon ezpanak

Diñoe: «Non dira, Ama, zure lur laztanak?

 

Non dira zure zelai ta mendi euskaldunak?

Zure elizatxu ta etxe margo zuridunak?

Zure txorien kantu gozo ta legunak?

Ostu deustez betiko zeure urruntasunak».

 

Urrun egozan, urrun, Rhingo ibai-ertzean,

Milla zortzireun eta bosgarren urtean,

Garagarril-erdian, gudarako ustean,

Lauezpabortz gudari, ta danok batean,

 

Izanik euskaldunak, urruntasunean,

Solasa eben euskaldun lurraren ganean.

Ta ikusirik egola au leku urrunean,

Ai, ze samiña eukien biotz-barrenean!...

 

Urrun Auñemendiak... ta euskaldun basoak,

Urrun aitona-amonak,... urrun gurasoak,...

Urrun anayak, urrun atsegin osoak,

Urrun egozan euron pozkida gozoak.

 

Baigorriko festetan pelotan eitea

Zan ayetan bik euken guraizatea.

ltzemana zutenez, baña au suertea!

Urrun gudari dagoz!... Gaitz da ara joatea.

 

Harispe aitzindaria bederen ondoan

Balego! Arek baimena emon lei, ta orduan

Joan leitekez, baña orain zelan joan,

Aurkitzen ezpadabe Harispe inguruan?

 

Guda ezta asiko baña, diñoe orain pozik,

Alamaneri buruz, Buruilean beizik;

Anartean badegu gura beste egunik

Joan ta etorriteko partida an egiñik.

 

Badoaz, ta osasunez ederto eltzen dira

Amabots egun barru biak Baigorrira;

Festa-besperan txutxen... Festaren begira

Larri dagoz joateko pelota-tokira.

 

Partida asi da noizbait. Lau pelotariak

Eurakanduten dabez ikuslen begiak

Arrituak ikustez ain gorputz zoliak,

Ain beso zantsu ta anka txit ibiltariak.

 

Pelota biribilla, oin orra ta oin ara,

Ormatik eskura ta eskutik ormara,

Egaz dabil pozarren, eskuen indarra

Laguntzat daroala leku danotara.

 

Ikuslaren begiak pelota ikustean

Egaz doala, doaz egaz bere atzean;

Ta olantxe atsegindurik beragaz batean

Dabiltz pelota bera geratu-artean.

 

Oraintxe da azkenengo egaztadaldia.

Norentzat izango dan berau pozgarria

Jakin-nairik ei dago jende-pillo andia,

Txaloka ari emoteko atsegin barria.

 

Gogor dabiltz mutillok; iñoizko gogorren,

Laguna lagunagaz, etsaya etsayaren

Kaltez; laurak or dabiltz... ta laurak pozarren..

Etsayari partida irabaztearren.

 

Laurak dira pelotan ikaragarriak.

Guztiak onak; baña gure gudariak

Makaltzen dabez beste bi jokalariak,

Ta irabazi partida ta txalo ugariak.

 

                      * * *

 

Txaloen zaratakaz pozturik, batera

Gudari biok doaz gudaritaldera,

Zintzorik gudan bere bear egitera

Baigorrin pelotaka ein eben antzera.

 

Lau illabete igaro-orduko Austerlitzen

Bata-besten alboan ebiltzan gudatzen,

Ta aurrez aur zeinbat etsai ebezan aurkitzen

Ainbeste ebezan eurak indarrez zapaltzen.

 

Zirautsan bitartean batak besteari:

Nayago neunkek, mutil, Baigorrin oin ari

Pelotan, baña jarrai emengo lanari,

Urten daigun an legez emen garaizlari.

 

                      * * *

 

Amagandik urrun ta etsayen aurrean

Zintzorik Frantziaren alde bearrean

Ara an euskaldun biok... guda gogorrean,

Guda bizikentzalle sutsu ta aserrean!

 

Indarra ta adorea baturik benetan

Ikusi geinkez orain mutillon zanetan.

Aitu nola Eriotza zitala eskuetan

Arturik, sartzen daben gorputz etsayetan...

 

O zeinbait etsai jausi direan lurrera

Odolez gorriturik alkarren ganera!

O zeinbat doazen, o! il-aiñik jaustera

Geure gudari euskaldun gogorron aurrera!

 

Ori bai dala indarra! Ta ori adorea!

Ori da etsai guztiak birrindu-gurea!

Ikusirik mutilion indar ta ardurea,

Dazaut Asaba euskaldun zarren itxurea.

 

Ta eztauke biotzetan mutillok bildurrik.

Ez, ez. Beuke bildurra etsayak bakarrik!

Euskaldunak, Amatxu ikustez pozturik,

Egingo dabe alegin guztia azarturik.

 

Zer baña? Non dakuse Amatxu, urrunean

badago? Bai, dakuse. Biotz-barrenean:

Bera omentzeko dauken asmo zuzenean;

Euren biotzak deutsen maitetasunean.

 

Urruntasunen poza da maitetasuna.

Emen, ta emetik urrun, biotz euskalduna,

Edonon maitetuizu Amatxu kutuna,

Maite izan barik iñoiz bere urruntasuna.

 

aurrekoa hurrengoa