MAKALIK
Ecce, quem amas, infirmatur.
Ara, zuk maite dozun au, makalik dago.
(Joan. XVIII, v. 3)
Jesus! Aita! Egunokaz nago makalik,
Gauza on bat egiteko gogaldi barik.
Gaubaz ta egunez
Beti dabil larririk nire arimea.
Jesus! Ilgo ete da ba zure semea
Larritasunez?
Jesus! Zeugana noa ta ez zaite urrundu,
Bada gogoa naiko ein yat illundu...
Ene! Urrunago
Bazoaz, bear-bada, amatauko yat.
Ia, biotz sutsu orren txinparta argi bat!...
Ia!... Eske nago.
Tira! Badakit orain zer dan mundua,
Guzurrezko atsegiñez ondo apaindua.
Poz guzurtiak
Dira bere poz danak. Ai! guzurregaz
Datoz, ta etorri-orduko, igesi ta egaz
Doaz guztiak.
Ezteutset yarraituko. Beyoaz danok,
Biotza, ai! onen utsik itxi deustenok!
Eta urrengoan
Agertzean, esango deutset garbiro:
Alde ortik! Ez zaiteze sartu barriro
Nire gogoan!
Zu barik atsegiña ezta ziurra,
Atsegiña eztalako iñoiz guzurra;
Ta Zeu bakarrik,.
Jesus, Zeu zara Egia. Zeu, Jesus ona...
A, ezin aurkitu neinke nik zoriona,
Zu aurkitu barik!
Zeugana noa bada, Jesus maitea,
Ta orratxe daroatsut biotz tristea,
Biotz galdua,
Munduko guzurrezko atsegiñakaz
Ta onek itxi deutsezan neke danakaz
Ain makaldua.
Ezteutsut, ez, Aitatxu laztana, itandu
Ta ezteutsut itanduko ia berandu
Etegoazen...
Zetako? Zeu or zagoz geure begira,
Eta biotzak diñost arbiñik: Tira,
Tira, goazen!
Tira! Bagoaz ointxe gaixo erkin biok,
Biotz ta arime motel errukarriok,
Biok Zeugana,
Biok osasun eske, biok batera,
Biok batera eltzeko zeure senera,
Jesus laztana.
Ai, baila! Zer da au, Jesus? Eztogu indarrik,
Eta norako gara indarrik barik?
Ene! Ezetara
Ezin gara goratu. Ezin, Jauna, ezin!!
Zer da au? Egorik bako txoriak bezin
Melgoak gara.
Ekazuz, Aita, egoak! Betor indarra!
Ixuri zeure eskutik aize goitarra,
Aizetxu orregaz
Goraturik, goyazan gora ta gora,
Osasunaren billa, orra bertora
Egaz eta egaz!
1907-ko urtean
|