www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoaren dotrina
Silvain Pouvreau
1656

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Guiristinoaren Dotrina Eminentissimo Iaun Cardinal Duque de Richelieuk eguina, Silvain Pouvreau. Iean Roger, 1656.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN LEKZIONEA

 

KREDOAREN LEHENBIZIKO
ARTIKULUAREN GAINEAN

 

Credo in Deum Patrem omnipotentem,
Creatorem coeli & terrae.

Zinetsten dut Iainko Aita, bothere guzia duena,
Zeruaren eta Lurraren Kreatzaillea baitan.

 

        Lehenbiziko artikulu hunek irakazten deraukun lehenbiziko gauza, da, fedea dela xipi eta handi guziek bere baitan iduki behar duten salbamenduaren lehenbiziko zimendua; fedea gabe, dio Apostoluak, ezin diteke nihor Iainkoaren gogarako.

        Zinetsten dut, erran nahi da, badadukat, aitortzen dut, mantenatzen dut guzien aitzinean, dudarik egin gabe; halaz eta fedea denaz gero zinetste fermu, seguratu eta dudagabesko bat. Badadukat gauza bat egia dela, eta hura aiphatzen dut guzien aitzinean, ez zeren hura ikuzten dudan, ez eta zeren hura dakidan, bainan zeren Iainko guziz egiaskoak, eta gezurrik ezin derrakeienak, hura erakuzten, baiteraut eta aditzera emaiten.

        Badakusat gizon bat handia dela gorputzez, badakit hiri bat handiago dela, hiri hartan den etxe partikularik baino. Badadukat eta guzien aitzinean erraiten dut bi gauza hek egiak direla, zeren hala irakazten derautaten ene begiek eta ene arrazoinak. Halako seguranza ezta zinetstea, ezta fedea, zeren zinendatua baita eta permatua gure ezagutza naturala baitan.

        Ordea segurtzat dadukat Franziatik ilki ez naizelarik, badela Erroma bat, zeren hartaz seguratzen nauten jende egiati batzuek; halako seguranza, nola permatua baita bertzeren erranetan, eta ez gure sensuetan edo arrazoinean, da, deitzen dugun gizonen baitako fedea. Manera berean zinetsten ditugu Kredoan dauntzan misterioak, zeren baitadukagu hek egiak direla, ez gure sensuek erakusirik, ez gure arrazoinak aditzera emanik, bainan zeren Iainkoak, zein baita egia bera, irakasi baiterauste Apostoluei, eta Elizari, eta Elizak guri, eta hau da Iainkoa baitako fedea.

        Hartarakotz bi gauza behar dira, salbatua izaiteko behar den fedearen egitekotz, Iainkoaren partez deklaraturikako gauza bat, eta konsentimendu fermu bat gizonaren aldetik.

        Hek hala direla, fede perfet eta oso baten izaitekotz, behar du nihork bere zinetstea deklaratu eta erakusi, eta ez egon batzuek bezala, uzte dutela, zinetste ona izanagatik ere, zilhegi direla bere gogoaren eta sentimenduaren kontra minzatzera, edo bederen disimulatzera, hainitzek egiten duten bezala, ausart ez izanez bere legearen erakuztera, munduko arrazoin eta konsiderazione batzuk direla kausa. Nork ere ukhatzen baitu IESU KRISTOZ munduaren aitzinean, IESU KRISTOK ere hartaz ukhatuko du bere aitaren aitzinean.

        Nola gizona arimaz eta gorputzez egina baita, behar du Iainkoa bi parte hetaz ezagutu, gogoz eta bihotzez zinetsi, eta ahoz aitortu.

        Norbaitek erranen du, irakazten duzu fedea dela guziz premiaskoa salbatua izaiteko, eta erraiten duzu nahi duela gizonaren aldetik konsentimendu eta aitor bat, nola gauza bat egia den, hori horrela dela, nolatan haurrek ahal dukete fedea, halako gauzarik ezin erakuz dezaketenaz gerostik? Deklaratu behar zaitzue difikultate hau. Erraiten denean, fedeak nahi duela, konsentimendu eman diezegun Iainkoak erakuzten derauskigun gauzei, aditzen da fede aktualaz, erran nahi da, arrazoinera heldurikako gizonen fedeaz, zeinak baitira obligatuak konsentimendu emaitera, Elizak Iainkoaren partez erakusten derausten gauzei, eta bere zinetstearen aitortzera, eta erakuztera behar den orduan. Bainan erraiten denean fedea gabe ezin salba ditekeiela nihor, hori ezta aditzen, fede aktualaz xoilki, baina bai fede habitualaz ere, nolakoa errezebitzen baitute haurrek espiritualki sortzen direnean, Bataioko ur sainduen bidez. Hori ezin erraski adi dezakete jende sinpleek bainan nolaz bait adituko dute konparazione batez.

        Haurrek errezebitzen dutenean bizitze naturala bere amaren sabelean, errezebitzen dute halaber arrazoina; hura gabe gizon elirateskeienaz gerostik.

        Guziarekin ere, eztira hartaz serbitzatzen berehala, bainan adin iakin batetan xoilki, zeinetan hartarakotzat behar diren gorputzeko Indarrak kausitzen baitira bide bezala preparaturik: manera berean, eztutelarik haurrek fedearen usanza, halarik ere, hura errezebitu dute Bataioan, eta dohain haren bidez, hura gero erakuzten dute bere obretan, handitu direnean.

        Zinetsten dut, ordea noren baitan? Iainkoa baitan. Diferenzia handia da hitz haukin artean, Iainkoa zinetsten dut, Iainkoari zinetsten diot, edo fede emaiten diot, eta zinetsten dut Iainkoa baitan.

        Hitz hunek, Iainkoa zinetsten dut, eztu bertzerik erraiten, lekhat, zinetsten dut Iainko bat badela baizen: Iainkoari zinetsten diot, erran nahi da, zinetsten dut Iainkoaganik heldu den guzia: bainan hitz hunek, zinetsten dut Iainkoa baitan, eztarama fedea xoilki, bainan erakuzten du badirela eta fedea eta amudioa ere elkharrekin. Eta arrazoin hunengatik serbitzatu dira Apostoluak hitz hautaz bereziki, zinetsten dut Iainkoa baitan, guri irakazteagatik, fedea alferrik dela, amudiorik ezpada, eta Giristinoak eztuela aski, Iainkoa ezagutzea, bainan oraino hura behar duela onetsi, eta hala, behar duela bere burua berezi gaixtoetarik, eta deabruetarik, hek zinetz baitezakete Iainkoa, eta Iainkoak zinetstera emaiten duen guzia, eztute ordea zinetstera Iainkoa baitan, erran nahi da, eztute hura maite.

        Zinetsten dut Iainkoa baitan: Zer da Iainkoa? Naturaleza eta izaite infinitu bat, diren eta ahal dirateskeien gauza guzietarik konpliena, bertute suerte guziak bere baitan dadutzana, eta, nola ezpaitu bere izaitea bereganik baizen, munduan diren gauza guziei izaitea emaiten derauena.

        Badela Iainko bat, naturalezak irakazten derauku, Jentillek berek hori ezagutu dute, eta hain gauza ageria da non erraiten baiterauku Eskiritura Sainduak, eztela erhorik baizen, hori ukha dezakeienik.

        Zinetsten dut Iainkoa baitan, hitz hunek, Iainkoa, batez minzo dela, irakazten derauku Iainkoa dela bakoitza, eta eztela bat baizen, eta arrazoinak hori emaiten derauku aditzera, ikusirik ontasun suerte guziak bere baitan dadutzan gauza batek, nolakoa baita Iainkoa, ezin dukeiela niholatako maneraz bere lagun parerik, edo berdinik, halaz eta guzien gaineko ontasun, eta perfekzione batek geientasuna ere erraiten duenaz gero bertze guzien gainean.

        Franzian den guzien gaineko Erregeak erakuzten du eztela Erresuman haren berdinik, eta hartan daudezin guziak haren azpikoak direla: hala ere Iainkoak, nola baita munduan diren gauza guzien gaineko erregea, erakuzten du eztuela bere parerik, eta bera dela Iaun bakoitza.

 

Zinetsten dut

Iainko Aita baitan

        Hitz hunek, Aita, irakazten derauku lehenbiziko artikulu hunetan, badadukagula zinetste, partikularki Trinitatearen lehenbiziko presuna baitan, zeina deitzen baita, Aita, hainitz konsiderazionegatik.

        Aita da, zeren nola ezpaitu bere izaitea nihorenganik hartzen, egundainoz gerostik izan eta izaiten duen Seme bat bereganik, zein bienganik heldu edo abiatzen baita Espiritu Saindua.

        Aita, zeren kreatu gaituen; Aita, zeren mantenatzen gaituen eta azten; beregainki ordea, zeren maite gaituen, Aitak bere umeagana ohi duen amudio batez, zein amudioren podorez libratu baigaitu, bere semea bera pagu eta pagatzaille emanik: Eta handik erakuzten da klarki, gu garela haren umeak, gauza ageria dela, nihork elukeiela bere semea bera eman nahi, hainitz bertze umeren libratzeagazik baizen.

        Aita oraino, zeren, gu libratu eta ondoan, xuxentzen gaituen, gidatzen, eta gobernatzen, ume bere graziaz egiaski hautatuak bezala.

 

Bothere guzia duena

        Erraiten da, bothere guzia duela, zeren, den bezala erraitera, nork ere baitadutza bere baitan perfekzione eta ontasun guziak, hari dagoka ahal guziaren ere izaitea, ikusirik, zerbait ezin egitea, dela inperfekzione eta eskas bat. Ni naiz, dio, bothere guzia dudan Iauna.

        Erraiten denean, Iainkoak ahal daidiskeiela gauza guziak, hori aditzen da, on diren gauza guziez, iakinik, gaizki egitea, eztela ahalaren seinalea, baina bai ezinaren: Eta hori adituko duzue erraski, orhoitzen bazarete, ezen, noiz ere erraiten baitu nihork, ofiziale bat konplia dela eta perfet, eta bere ofizioan badaidikeiela nahi den guzia, eztela aditzen, gerta ditekeiela hartan huts egiten, aprendis bat gerta ditekeien bezala; aitzitik eskas, eta makur guzietarik kanpoan dela, eta ezin egin dezakeiela ongi baizen.

        Galdeginen du norbaitek agian, zergatik leku hunetan lehen aiphatzen den Iainkoaren guziz botheretsutasuna, ezen ez haren zuhurzia, haren ontasuna, edo haren baitan den zenbait bertze titulu.

        Aditzen dugunean Iainkoa dela guziz perfet, aditzen dugu halaber hura dela guziz botheretsu, eta badituela hari dagotzan bertze titulu guziak: bainan hura leku hunetan partikularki deitzen dugu guziz botheretsu, zeren Apostoluek Kredoa egiten zuten orduan hartu zuten xedea, intenzionea, eta borondatea, zen, ez xoilki guri irakasteko, zer zinetsi behar dugun, bainan oraino, gure atzartzeko fedearen besarkatzera, bai eta, zeren ezpaita Iainkoa baitan titulu indarsuagorik, eta hartarakotz hobeagorik, guziz botheretsutasunaren titulua baino; gauza segura dela, ezen, zinetsten badugu, Iainkoak nahi duen guzia daidikeiela, erraskiago ezagutuko eta idukiko dugula, egia dela irakasten deraukun guzia, gertatzen bada ere gizonaren indarrak garaitzen dituen gauzarik, ezen ez, hark bere baitan dituen bertze tituluez ahal dukegun zinetste guzia badugu ere.

        Norbaitek erranen du oraino; zergatik emaiten zaio guziz botheretsutasuna lehen Aitari, ezen ez Semeari, eta Espiritu Sainduari, hei ere orobat dagotenaz gero?

        Guziz botheretsutasuna, zuhurzia, eta ontasuna direlarik hirur presunena, nola baitagotza Iainkoaren naturalezari, zein naturaleza hirur presuna hetan baitago, emaiten zaiste bereziki titulu hek, hainitz arrazoingatik.

        Erraiten da, Aita guziz botheretsu dela, zeren, nola ezpaitu bere izaitea hartzen nihondik ere, bere buruaganik baizen, izaitea emaiten derauen gauza guziei.

        Erraiten da, zuhurzia Semeari dagokala, zeren sortzen baita adimenduaren bidez, zein adimendu, zuhurziaren ithurburua baita, iakinik, dakusagun bezala, gizona eztela zuhur adimenduaren bidez baizen, zeinaren moienez baitaki dakien guzia.

        Erraiten da, ontasuna Espiritu Sainduari dagokala, zeren abiatzen baita, Aitaren eta Semearen elkarganako amudioaganik, eta zeren amudioak ontasuna baitu xedetzat, nihork maite eztuenaz geroz, on daritzan gauzarik baizen.

 

Zeruaren eta Lurraren kreatzaillea

        Ezaguturik Iainkoa dela guziz botheretsu, erras da ezagutzea, Kreatzaille ere dela, ikusirik nihork deusik kreatzekotz, behar dela den guziz botheretsu. Hori nolazbait adituko duzue, zuen sensuek aditzera emanik, egun oroz ikusten dukuenaz gero, etxe baten egiteko kargua hartzen duen etxegille Nausi batek hanbatenaz pena geiago duela bere lanaren konplitzeko, zenbatenaz haren estofak gutiago preparatuak baitira. Hemendik erakuzten da, ezen, noiz ere ezpaita kausitzen estofarik ez hurbil, ez urrun, kreazionean bezala, non Iainkoak egiten baitu egiten duen guzia, deusik ere gabe, behar duela pena, edo hobeki erraitera, indar guziz paregabeko, eta bothere infinitu bat, bere gauzaren, behar duen burura, ekhartzeko.

        Zeruaz eta Lurraz, ezta xoilki aditzen Zeruko materia, eta Lurreko elementa, bainan oraino Zeruaz aditzen dira zeruko kreatura guziak, Iguskia, Illargia, Izarrak, Angeruak, bai onak, bai gaixtoak, suko elementa, airekoa, eta airean dabiltzan xoriak eta hegaztinak.

        Lurraz aditzen dira, lurrean daudezin gauza guziak, animaliak, arbolak, haritzak, lurretik azten diren landareak, belharrak, harriak, eta bertze arima gabeko gauzak, ura, eta urean dabiltzan arrainak, hitz batez, munduan den guzia.

        Horra Kedoaren lehenbiziko artikuluaren deklarazionea, orai ikusi behar da, zer probetxu hartarik zuekin eramanen duzuen.

        Lehenbizikoa da, bortitz zaitesten gure Salbatzailleak irakasi duen egiasko fedean, iakinik, ezin ongi konsidera dezakeiela nihork, fedea guziz premiaskoa dela salbatua izaiteko, non eztuen geiago eta geiago besarkatzen, Eliza Katholikak, Apostoluak eta Erromakoak irakasten duena, zein baita gure salbatzailleak utsi deraukun fede bakoitza, eta non eztituen haren kontrako zinetste suerte guziak arbuiatzen, eta ukhatzen.

        Bigarrena da, bero zaitesten Iainkoaren amudioan, ikusirik, nihork ezin biziki eta finki endellega dezakeiela, amudio gabeko fedea alferrik dela salbatua izaiteko, non eztuen guzien gaineko ontasun hura onetsi nahi, zinetste hura balin badu.

        Hirurgarrena da, humilduko zaretela Trinitatearen lehenbiziko presuna, eta harenganik egundainotik sortzen den Semea ezaguturik. Eta hori gertatuko zaio, dudarik gabe, nori ere etorriko baitzaio gogora, zinetsi behar dugun misterio hura, gure adimenduaren febieziak ezin endellega dezakeiela.

        Laugarrena da, erreberenzia beregaineko bat ekhar diozogun Iainkoari, haren guziz botheretsutasunagatik, eta hori, traburik gabe, eginen dugu, gauza segura denaz gero, ezen, baldin ofizialea, hanbatenaz estimatzenago bada, zenbatenaz konpliago baita, den guzia daidikeienak merezi duela ohore infinitu bat.

        Bortzgarrena da, atzar gaitezin haren ontasun neurrigabekoaren miretstera; hala egiteko arrazoin suerte guzia dugu, Lekzione hunek erakuzten deraukunaz gero, kreatu duela munduan den guzia, gizona bezalako kreatura gaizo, eta ondikosko batengatik.

        Atherako ditutzue, dudarik gabe, probetxu hauk artikulu hunetatik, baldin Elizak haren gainean emaiten derautzuen endellegua zuen bihotzetan eskiribaturik badago, egon behar duen bezala, ikusirik nihork ezin konsidera dezakeiela bere Iainkoa begi idekiez, non eztuen hura berehala orobat ezagutzen, onetsten, ohoratzen eta miretsten.

        Konsiderazione hunengatik, othoitzez nagotzue Lekzione hunek irakasi derauskitzuen gauzez orhoitzeaz, eta Dotrina hunen egilleagatik Iainkoari othoitz egiteaz.

 

aurrekoa hurrengoa