www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Latsibi
Resurreccion Maria Azkue
c. 1920, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Latsibi, Resurreccion Maria Azkue (Mirari Alberdiren edizioa). Euskaltzaindia, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXII. Gau utsez

 

1. Begi Gondramenditurik.

2. Bei Epikoren paper artean.

3. Guzur-urtika.

4. Erromarren batzarra.

5. Gizaburuaga ta Yatabe.

 

 

1

 

        Latsibitarrak Gernikati Mungiarako urten baiño ordu-erdi lentxoago artu eben Begik, Bekosolok eta Maurik Mungiati Gernikarako bidea. Begi iñoizko isillen etorren. Luzaroko itz egille bakar, barritsu-usain bagakoa orduan be, Bekosolo izan zan. Bere epai laburrak ezeben lagunik izan.

        —Gu ara orduko arek amaitu izango dabe euren arloa.

        Beste bost bat minututan isilik.

        —Zuur ibili bear izango dogu, zuur ta astia galdu bagarik. Isilik irurak barriro.

        —Aizunketa orren oiñatz bat lortu ezik errekara goaz buruz beera.

        Begiren asgorapen zaratatsu bat izan eben epai onek erantzuntzat.

        —Gizaburuagako autagiria gomuta dozue? Lekeitioko etse andi baten aizundu eben. Ango erromarrak azpi-yoko aren oiñatzik ezeben artu; ta erbiak, geuri egingo leuskeguna, iges egin eutsen.

        Isilaldirik luzeena arrezkerokoa izan zan. Lo bagako lo-zurruak, etzan besterik ezer entzuten. Biderdi inguru egin ebenean, Begik bat batera soiña lerdenduaz, «Cochero —esan eutsan lorgailu-yaubeari—, adi egon bidean argirik etedan eta zaldien koskabillo-otsik ete dantzuzun. Zalkurdi bat ez bati ez itzi guri atzea artzen. Entzun, Fermin?».

        —Bai, jauna.

        —Eta urreratu daiteneko, zuk burditxo au zearretara ipinita, bide guztia artuko dozu. Adi egon gero.

        —Bai, jauna. Lo egin ardura bagarik.

        Zaldizainak, dakuskunez, barrukoak lo etozala uste eban.

        Etsez baiño izenez luzeago dan basauri Meacaur de Morgara eldu-aurretxoan «An datoz» esan eban batek; eta lasterko, bidazti ta zaldizain, laurak zoli-zoli entzun eben Gernikaldetik eurakganantza etorren kotxe-zarata. Orduantxe seneratu zan Begi; orduantxe erakutsi eban bere burua, oi zanez, urduri ta asmolari, egile ta eragile. Lagun biai, belarri bana alkar yoten ipiñita, euren artean ezpanak ebazala, onelantxe itz egin eutsen:

        —Erromarrak garan erakutsirik ez emon, bestela zalditzainok, batak Mungian ta beste onek Gernikan, darabilgun arlo au zabaldu ta alperrik galdu egingo leuskegue. Epiko nai datorrela nai eztatorrela, ni eurokaz noa Mungiara. Badator, nik barruan daukan guztia atara eragingo dautsat; atara gura ezpadau, irato egingo dot, irato, kakarraldo tximizta ori.

        Zaldizaiñak, agindu eutsena ederto beteta, Gernikatik etorren zalkurdiari, urreratu zaneko, bidea itsutu eutsan. Iru bideztiak beste zalkurdira yoanda arrast bana irazegi eben. Santi ta Pedranton latsibitarrak arria lez lo ta etzunik ikusi ebezan.

        —Lo egin dagiela —esan eutsen Begik lagunai—. Eta zaldizainari «Mutil, eure ondoan naioak rien be, orrek kotxe osoa eurontzako bear joek-eta».

        —Betor, jauna —esanaz, bere alboan leku egin eutsan zaldizaiñak.

        —Agur, mutillak —zirautsen gero Begik lagunai—. Betiko ostatura yoan. Goizaldean eguzkiak eta guk bateratsu Gernikara yoko dogu. Agur.

        —Ze barri Gernikan? —itandu eutsan gero zaldizaiñari Mungiarantz igoten asi ziraneko.

        —Gernikan? Erromarrak irabazi etedabelakoa... eztabelakoa... nori entzuten jakan.

        —Zelan dozu zeuk izena?

        —Nik Juan Arbe. Berori nor da ba?

        —Ni Gondramendi. Eztot yaten erromarren garaipen ori.

        —Nik neuk eztakit, jauna, zer esan. Naste andia badarabille beintzat.

        —Nondik dakazuz gizonok?

        —Yatabeti Soduperen ostatura ekarri dodaz. Andik eskribauaren etsera yoan eidira. Orrek barruratu dabe katua! Ezin zutunik egon, ez bata ez bestea... Guk izan dogu lorra, baserritarrok kotxean sartzen! Eurokaz Gernikara ekarri dodanak be beratzeko lagin batu dau.

        —Nor izan da bera?

        —Erdaldun bat, don Pedro izena daben bat. Eta Mungian ze barri?

        —An-aa, an bertan ondo. Yataben ederrak emon dauskuez. Zortzi boto baiño eztoguz izan guk, larogeta tau besteak. Don Pedro erdaldun ori Soduperenean etedago?

        —Nik Sociedadean itxi dot, onetxena baiño be mozkor andiagoaz.

        —Nortzuk egozan bertan?

        —Saloian lagun asko gaur. Besteak bibliotekan izan dabe aparia. bost ikusi dodaz nik: iru diputaduak, Bilboko agura betaurrekodun añenti bat eta len esan dodana, don Pedro. Mungian zaparrada andiak izan eidira aspaldion. Atzo zortzi an nintzan neu be. Zeinbat kotxeru batu gintzazala uste dau, diskurtsuak entzutera yoan ziran gizonakaz? Zazpi, Gernikakoak lau, Bermeokoak besteak. Baaldaki berorrek, Gondramendi jauna, Begi medikua nor dan?

        —Apur bat badazagut —erantzun eban Begik.

        —Mutilla eida on. Orren diskurtsua, seguru be, entzutekoa izan eizan. Epiko ala Lapiko ala zelan zan bestea?

        —Orixe da Gernikan ordirik ikusi dozun don Pedro.

        —Orra or; nik ezneban Mungian ikusi ta! Guk, zazpi kotxeruok, mus ilustraduan ekin geutsan, erri guztia zabalean egoan arte guztian.

        —Gure Epiko be mutilla da gero —ziñoan Begik.

        —Baia bestea, Begi? Gaiztoago eida bera, gaiztoago!

        —Zein? Begi? Zarata asko bai ak. A dabillen lekuan izango da abarrotsa ta musturrez aurrera ibiltea. Baia gaiztoa tzzzz! eztirudi.

        —Ta esan begi, Gondramendi. Ezagutzen etedau berorrek Mungian... zelan deritxo berari?.. Biztu begi posporo bat, izen ori esan dagiodan. Ona emen: Don Higinio Ortiz de Treviño, maestro. Ezagutzen aldau berorrek gizon au?

        —Nok emon dautsu eskutitz ori?

        —Kartagoarren diputaduak. Morrosko ala zelan da bera?

        —Bai, Morrosko.

        —Axek emon daust, Yatabera-orduko maisuari berari eskura eroateko esanda.

        —Adiskide andi barru-barrukoak dodaz zein bata zein bestea. Zuk, Orbe, arpegian dozu ezagun, mandatu ori neuk egitea gura dozu-ta gauzak dakarrena da. Orrenbeste laguntasun egingo dautsut, zeuk be neuri bestetxo bat egitekotan. Eroaizuz gizon onek Yatabera, elizaldera. Abadene baaldakizu non dan? Elizearen ondo-on doan, bidea-bitarteko etse zabal, egin-barri, zuri-gorri, polit bat da Abadene. Yo egizu antxe kisketa. Abadeari Gondramendiren izenean esaiozu gizon bi onek etsean euki dagizala goizalderarte. Zu an zaran bitartean nik neure adiskide Ortiz de Treviñogazkoa egingo dot.

        —Gero erantzuna emon dagiala. Sin falta gero e?

        —Ardura bagarik egon. Badago asti. Jesus milla bidar! Onelan zeuretzat be askozaz obeto, biontzat obeto; goizago eldu al izango gara etsera ta lotara.

        —Gernikara aldator berori?

        —Ezaldozu len entzun lagunai esan dautsedana? Gernikara noa ta saria emongo dautsut. Araxe ninoan ni; baia, gizonok onelan ikusita, errukiak yo nau, biotza ausita daukat. Etxatzu zuri txarto etorri izango. Treviño non bizi dan ezaldozu yakin ta non itandu be ez.

        —Ezaldago serenorik Mungian?

        —Bai, saguzarrak. Orretxek doguz emen sereno.

        —Zaltzainaren barre-zantzoak amaitu ziranean, «Ganera, —ziñoan Begik— yatabearrok non itzi be ezaldakizu-ta...».

        —Elizpean izteko esan daust Morrosko diputaduak.

        —Otzak ilteko ala? Ez, obeto egongo dira Abadenen. —Apurtxo baten isilik, alkarri zer esan ezeukela edo, bide-zati bat igarota, zaldizaina asi zan izketan:

        —Eurok, Gondramendi, gau utsez Gernikara etorteko alango zeren bat badarabile, buruauste andiren bat... arazo goratsuren bat...

        —Mungiako semea beti dozu ibiltauntxo.

        —Baia upea lango gau ilun baten, zer egiteko?

        —Zer egiteko... zer egiteko! Alderdi batekoak dirudigunezkero, barrua zabal egingo dautsut. Erromarrak bart Gatikan zauta aundi bat egin dabe, garailari diralakoan, kokoloak! Suziriak pli ta pla erabili dabez. Eta guztia, zegaitik izan data uste dozu? Geuri kartagoarroi lorik egiten ez iztearren. Nok an gaur begiak itxi? Ganera, inori ez esan baia, guk gaur Gernikan zerbait egingo dogu, aurreskuren bat, nai beste ots andiko zer edo zer.

        Ezeukan Begik poza saltzeko Treviñorentzako eskutitza barruratu ebanean. Zetan ziarduan ezekiala, Anton Imazen ereserkia kantaten asi zan, Alto-la. Mungiara eldu ziranean ibai-ondoan geldiarazota «Zoaz, Arbe, zu aurrera, Yatabera —esan eutsan—. Zu zatozaneko, antxe beeko bide-kurtzean izango naiz ni».

        —Geroarte, Gondramendi jauna.

 

 

2

 

        Bere etsera yoan zan, lenengo, Arraitz sendalaria, pozik gizona. Morroskoren eskutitz Treviñorentzakoa irakurrita, arrapaladan yoan zan andik Viñasen etsera ta kisketari ots eragin eutsan. Arrituta gelditu zan Adona Arraitz ikusi ebanean. Goizeko ordu bi ta erdietan! Bere ugazabaren areriorik andiena! Begi!

        —Zer gura dau, don Donato?

        —Don Pedro zuena Gernikan aldigaizto andi batek artu dau ta, arerioak izanarren, onenbeste on gizonari egin bear dakiola ta auxe esatera etorri naiz. Izan daite gaur, goizaldean edo, andik ona Viñas gaixoa kotxean ekartea. Lejarzegi zarraren billa asi etzaitezan, neuk idatziko dot sendailluaren izena. Onenbeste laguntasun gizonari...

        —Bai, don Donato. Ai berorren biotza! Nik beti esan daroat au.

        —Paper ta tintarik eztaukazu eskueran Adona?

        —Bai, jauna. Betor bere gelara. Ta ilteko zorian etedago errukarria?

        —Ilteko zorian eztiñot, baia niri esan daustena badauko, ilda lez, dangiño, sei-zortzi bat ordutan egon bear izango dau. Gero iru bat egunetan, sendatuta gero be, etsetik urten bagarik balego, oba.

        —Ori baiño ezpalitz!

        —Ekarridazu arren! ura, egarri naiz-ta.

        —Bai, jauna, pozik. Edariaz gura aldau?

        —Eskueran badozu, tantatxo bi bada be... Nik emen errezeta ori egiten diardudala, zuk, Adona, ur ori ortxe, etsariko mai-ganean itxi.

        —Minutu bat barru or dau.

        —Egon hein, Adona. Otzitu egin naiz neu be ta tea egin gura bazeust katillu bete te, arazo larregi ezpalitz...

        —Esatea be!.. Bai zera! Laster egingo dot sua. Orduan urik ez, e? Ala ura be bai?

        —Ez, Adona, teak, te utsak obeto artuko nau.

        Ezekian Begik zer asmau Adona urrun eukiteko. Adona su egiten zan artean, berak Morroskoren eskutitz arako Urgentísimoduna ediro, irakurri, erdi buruz ikusi ta sakolkoan gorde eban. Gero sendailu irrigarri baten izena papertxo baten idatzita, Treviñoren izenean Morroskori eskutitz bat egin eutsan.

        —Oraintxe naiagok ona —zirautsan bere buruari—. Etxoat Treviñoren paperik eskuetan iñoiz artu. Ze idazkera etejaukak?

        Maisuak, geien-geienak beintzat, Letra española izenduna eukela ta alangoxearen antzera, labur labur, alik eskutiz laburrena egin eban Begik. Azalean Al Sr. Torrealdea Diputado, eta barruan La rasgué ta azpiko aldean O., besterik ez. Suetera yoan zan gero, bere poza sinetsi-ezinik.

        —Adona, nik be buruausteak badakartsudaz ba.

        —Buruausteak diño? Ta berorrek andiagoak geugaiti artu! Jaungoiko andiak zeruetan sartu dagiala.

        —Nor? Ni? Ni zeruan sartu gura banozu, gerotxoago izan daiteala. Seme-alaba gaztetxoak daukadaz ta ori gerotxoago.

        Barre Adonak.

        —Zer dau gureak, don Donato? Biotzeko mina ala zer bendeziño dau? Ilda lez orrenbeste ordutan egoteko gatxa gatx andia izan bear. Biotzekoa etedau?

        —Iñori ez zuk esan. Amilikolitis dau don Pedroren gatx orrek izena. Ta au yakin dodanean, arerioa izanarren, gizona da, lankidea dot eta ni onaxe etorri naiz.

        —Ai berorren biotza! Batzuk au ta ori ta bestea esanarren, biotz ona berorrek. Gurea be orrelangoxea da. Batzuk arina dala, mina labantxoa dabela, baia ona da gizagaixoa, esku-zabala da, eskuarterik daukanean beintzat.

        —Ez ibili tea ara eroaten. Berton artuko dot.

        Adonak ezetara ezeutsan eskupekorik artu gura izan. Alkarri esker andiak emonda banatu ziran.

 

 

3

 

        Yataberako bidekurtzean ezeban Begik luzaro itxaron bear izan.

        Laster ots egin eben bere belarrietan txilintxoak.

        —Barruan ala nire ondoan? —itandu eutsen kotxedunak.

        —Zeure ondoan gurago nik —erantzun eutsan Begik. Ibilten asi ziranean «Zer diño maisuak?» itandu eban Juan Arbek.

        —Gogaldi txarreko, umore gaiztoaz yagi da. Erriojanua ezleuke izan bear! Maisua izanarren, luzaro ekin dautso eskutitz au egiten.

        —Lan andiren bat edo!

        —Buruari azka be ikusten izan dot, idazten ziarduanartean. Neuk neure barrurako «Ezetedautso Morroskok eskrutinio-egunerako diskurtsuren bat eskatu? Morroskok berak Gernikan egitekoren bat?» Gorde ondo, Arbe, maisuaren lan au barrurengo sakelean ta galdu bagarik eroan egiozu diputadu Morroskori len bai len.

        —Maisu jaun ori ezaldat asarratuko, beretzako karta ori neuk neurez eroan eztautsadalako.

        —Ez, Arbe. Asko poztu da ni ikusi nabenean. Adiskide gara ta! Lenengotan, orregaitiño, txordo-samar agertu da. Bere lenengo itzak «Qué traes, Gondramendi?» astunago esan daustaz ta illunago, ne!

        Eta orrelantxe bide guztia, isilaldi luze bagarik, igaro eben zaltzain ta aukerazain arek, batak esan ta besteak entzun, entzun ta barre sarri.

        —Berori, Gondramendi, kontratista ala zer da?

        —Urezandikoa ni, indianua.

        Eta ganeko ordu bete inguruan, Gernikara elduarte, Ameriketako barri andiak emon eutsazan Begik lagunari. Julio Verne-ren gertirudiren batzuetakoak al ziran barri arek.

        Urrengo egunetan Arbe zaltzainak kafean bere lagun bati baiño geiagori esan eutsan: «Mungiako Gondramendi baiño gizon selebreagorik etxoat iñoiz ezagutu. Ilari be barre eragingo leuskio ak. Alangorik!».

 

 

4

 

        Gondramenditzakoak, Arraitzek, ostatura eldu zanekoxe, ogetik yagi eragin eutsen lagunai. Euren aldeko aldungei Badiolaren etsean izan eben lenengo batzarra. Sei ziran batuak: Badiola, Bermeoko aldungei Antzora, Bekosolo, Begi, Mauri ta Ozamiz eritxon legegizon bat. Luzaro autuan ekin-ondoan, goizaldean Ozamizek itz gitxitan laburtu eban bere eritxia.

        «Gizonak —ziñoan—, etziko boto-azterketa ezta izango lau ta lau zortzi, zortzi ta zortzi amasei esanda, Urlia ta Berendia ta Zandiari diputadu-izena emotea. Ez. Gizonak bagara, iru asmo onetxek lortu bear izango doguz: La Yatabeko auteskundea ezereztu; 2.a Viñas, Torrealdea ta Yatabeko alkate gaixoa baitegian sartu; 3.a Yataben bertan datorren domekan auteskundea barriro eragin».

        —Ekazu bosteko ori, Ozamiz —esan eutsan Begik—. Zelangoa dogu Gernikako epaile jauna?

        —Juez artezagorik iñor ez. Don Froilan Yañez-i bidebagako epai bat diruen diruz ezin atara dagikeo. Berau balitz epaia emotekoa! Bilbotik magistraduren bat izan daite onetarako etortea.

        —Mutillak, gauza bat —zinoan Zabaletak— kutxelupean, isil gogorrean gorde dagiguzan gure asmo etziko onek.

        —Zin egin dagigun, gizonak —Begirenak ziran itz edo berba onek—. Orma orretakoxe kurutzearen izenean zin egin dagigun eztautsagula inori emen erabagiriko ezer yakin eragingo.

        —Nik —esan eban Ozamizek—, nik bati zerbait esan bear izango dautsat: don Froilan zuzenari. Eguasten-arratsaldean beragana agertuta, auxe eskatuko dautsat: biaramon goizaldean bidali dagiala norbait Yatabera Pedranton Latsibiren billa. Eztagiala orregaitiño gizagaixoa gudari yantzidunek ekarri.

        —Morrosko ta Epiko, benetako errudunak dira-ta, Yañezek erakarri dagizala orrek be, guardia sibil artean orrek.

        —Hmm, Badiola —zerantzun Begik—, txarrago izango litzakigu juezak orrei dei egitea. Susmotan sartuta ezetelitzatez norabait igesi yoango? Betoz euron kabuz, garailari-uste osoaz, euren gaiztakeriaren barri iñok ezpailekian. Betoz ikusguraz ze barri dan yakitera. Orduan bai, iru aizuntzaileak an, lakirio-barruan, ikusi dagiguzanean, gizonak, adurra darit ezpanetan beera, gogoratuta beste bagarik, emendik baitegira zuzen zuzen yoango dira, obeto esateko, zuzen-zuzen eroango dabez.

        —Baia onetarako zin egin dagigun gure asmo onek iñori ez yakin eragitea.

        Beste bostak, Begiren itz onek entzunda, zin egin ebenean, sendalari buru-zorrotzak onelan yarraigi eban:

        —Gu arrotzok emen egon bearrean, ezeteda oba izango bakoitza bere tellapera yoatea? Bestela arpegian igarriko leuskegue eskuartean darabilguna zer dan. Neure bizi guztian eztot nik agotik atara gaur goizaldean Soduperen morroi zaldizainari esan dautsadan beste guzur, asko ta biribillak guztiak. Beti ezledi ondo urten. Belarria ta begia zurt erabili zuok, Badiola ta Ozamiz, emen bizi zareen biok.

        Bazkalostean Antzora Bermeora ta iru mungiarrak euren urira yoan ziran.

 

 

5

 

        Beste aldekoak ilargia laba-ganean euken. Aren poza azbegi guztiak zerakusen: arpegian, begi ta ezpan ta matraillak; soiñean, belaun ta istarrak; ibilkeran zarta; erabilkeran, eskuak; beso ta sorbaldak zirkinen txairotasunean. Euren zerua urdin-urdina zan, odaitxo bat baiño ezeban agiri. Begiz zur ziranak odaitxo a ikusiarren, lanbroak ezekusen eta lanbro etziran batzuk ikusita be ezeben aintzat artu.

        —Aizunketea ordi baten eskuetan ipintea! Baserritarrari, barurik egoala, eragin bear zeutsen, diruen diruz irabazita baiño ezpazan be. Itsuki batek ezagutu al izango dau mozkorrik egoanak egindako lana, itsuki batek.

        —Eta zer? —erantzun eutsan Bermeoko aldungei Anakabek—. Diputadu izentau gagiezala. Nok gu andik atara? Orain urte batzuk Markinako distrituan auxe berau, berberau, yazo zan. Autagiri bat aizundu eben. Aizunketa orri esker, garailariak azpi ta azpiratuak garailari izan ziran. Edozeinek ekian yazo zanaren barri, oraintxe yazo dana. Euren arteko banatasun bakarra auxe da: orduko Gizaburuaga orain Yatabe dala; orduko Lekeitio, orain Gernika; Landaburu, andra Landabururen eta don Brunoren yauregiaren ordez ipini dagigun Soduperen ostatua; beste guztia, Bermeoko Vista de Aduana andaluzak esaten dauskuna, pata quie desir igual, lo me:mo. Zuek badakizue nire barri. Nik gauza bat ogia bada, eztot esango «Au koipatsua da», ardaoa bada, eztot oriotzat erakutsiko. Orduan iru morroi, iru lotsabaako andi, autagiri aizundu bat sakelean ebela, etse andira yoan ziran eta iñok ezebazan andik atara. Orgin beste iru morroi, beste iru lotsabagako, bata baiño bestea andiagoak, andiena neu naizala, beste paper guzurrezko bat sakelean dogula, ara yoango gara, diputazinoko etse andira. Gu nok andik atara?

        Itz biloiz onek iguinez entzun ebezan bere lagunak, baia ezeban batek be erantzunik emon.

        Egun bi aretan gizon gitxi izan ziran Gernikan Soduperen ostatu-ondotik igarota gora luzarotxo begira egon etzanik. Ordurarte Yatabe ta Gizaburuaga ezalziran iñoiz belarri baten alkarregaz sartu; egun aretan, edozein gernikarren belarrietan, ogei bidar bai, gitxienez. Au gora beera kartagoarrak azpiratuak izan leikezanik iñok ezeban uste, zin egin eben sel gizonak izan ezik.

 

aurrekoa hurrengoa