www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Latsibi
Resurreccion Maria Azkue
c. 1920, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Latsibi, Resurreccion Maria Azkue (Mirari Alberdiren edizioa). Euskaltzaindia, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII. Izurria Mungian

 

1. Izlari-izurria.

2. Kartagoarren batzarra.

 

 

1

 

        Kartago ta Erroma (Mungiakoak) irakiten bizi ziran. Zer zan a! Izurri asko, batzuk alkarren antz andi bagakoak, ezagutu dabez lengo gizaldietan Europako erri andienak. Sarrien zabaldu dana Asiatik sarturiko colera morbo izan da. Erroman (Italiakoan) atxina gizonak arrausika asi ta agoa zabalik iIda gelditzen eiziran; eta andik sortua dala diñoe gaur daukagun ekandu, erpuruaz ago zabalduan kurutze txiki bat egitekoa. Milan, amaseigarren gizaldian, 250 milla uritarduna zala, 60 millara gitxitu eban izurri batek. Londres amazazpigarren mendean ta Marsella amazortzigarrenean gino onetantxe urritu ziran.

        Mungia, don Anbrus Isasti jauntxo zan egun aretan, izurriak yota egoan. Etzan, orregaitino, iñor il; etzan iñor makaldu a gora beera. Bakar bat ez batek ezeban yateko gogorik ez gogaldi onik galdu. Pozezko izurria zan Mungiakoa, izlari-izurria, erderaz epidemia de oradores. Au etzan, beste geienen antzera, Asiatik etorri. Mungiako au Mungian bertan sortu zan; Kartagon. Izurri onezaz, Gondramendi indianua ta Labarto gelunezaiña ez, beste bazkide guztiak iratsi ziran. Goizerik gaberakoan izlari izan bear ebela-ta, bata ona ta bestea ara, erria batu ta diskurtsuak egiten asi ziran Olabe gozogiña, Laraudo zaldiduna, Simon Gangoiti, Lamiaran ostataria ta besteren batzuk. Andraka zarrak, bere lau alaba ta auzoko baten aurrean, politika lokala azaldu eban etseko suetean. Arandui arakiña, Basurtoko eriara txal batzuk erostera yoan zan baten, angoxe ardantegi baten asi zan baserritarrai berbaldi bat, politikazko yardun bat egiten; eta arrezkero gaurik etxakon igaro, aukeraldi-egunerarte, nonbait itz egin bagarik.

        Nondik norakoa zan, baia, izurri au? Arangoitiren garun artean sortu zan. Jauntxoak Yataben egindako diskurtsuaren barri Busturigandik yakin ebanean, aren poza!

        Gau atantxe, loak iges eginda, erne ekion burutasun au: zaltzain, arakin, okin, gozogin, ostatari... Kartagoko nekazale guztiak izlari biurtzea. Urrengo egunean Busturigaz arpegi-ikuste bat izan eban orretarako. «Nik Kartagora dei egin banegioe, ezeteleukee igarriko adarra yo nairik nabilela? Oba da beste batek aurrea artzea. Zoaz zeu, Busturi, Olabe gozogiñagana, Kartagoko alkate ta errege ta yaube dogun Olabegana. Berak bere izenean eta bere garun-artean sorturiko asmoa bailitzan dei egin dagigula. Begik eta Anton Imazek euren diskurtsuen indarrez boto guztiak erromarrentzakotuten diarduela esanezkero, laster dozu ori zuritu.

        Eztogu egunik galdu bear. Gaur arratsean, bizkor bazabilz, izlari-baltzua, Mungiari betiko izen andia Amerikaragiño zabalduko dautsana, gaur sortu bear dogu».

        Esan ta egin. Busturik bost minutu baiño lenago Olabe gozogiña atarako zuritu ta berotu ta sutu eban, auxe ganeratuta: «Niri, badakizu, beste batzuren azpian bizi naizan oui, etxat eder egiten onelango asmo andietan neure ugazabak diran don Anbrus ta Arangoiti sarrarazo ta zelanbait neure mendeko egitea. Zeuk, bereber zaran orrek erraz egin dagikezu, nire izena aitatu be egin bagerik». Orixe ezeban gura Olabek!! Laukarizko barriak berak be artu ebazala ta baietz. Busturik Arangoitirenean sartzea baiño ezeban egin, Olaberen emazte Basili kartagoarren etserik etse aldarri au egiten asi zanean: Zortziretan gurera sin falta yoateko.

 

 

2

 

        Basiliren «geurera» Kartagora esatea zan. Lau itz onek erreskada onetantxe ots egin eben: Arangoitirenean, Busturirenean, Epikorenean, Laraudorenean eta alderdiko gizon agiri guztien etsean, Gondramendirenean be bai. Kartagoko lau aulkiak lenengo irurentzat eta Andraka zarrarentzat izan ziran. Beste guztiak zutunik, nai azukre-zorroetan erdi-etzunik (bakoitzak al ebanez) igaro eben batzarraldi osoa.

        «Zer yazo eteda? zirautsen kartagoarrak alkarri-. Don Anbrus dirua emoten aspertu egin eteda? Ala Morrosko bera atzeratu?». Inok ezekian ez ze barri ebilen ez zetara ta nok deitua izan zan, arik eta Olabek lau aurkidunai pido la palabra esanarte.

        Gau atan erderazko iru itz onek sarri ots egin eben Kartagon. Beintxo be ezeutsen inok erantzun, arako la tiene su señoría nai beste onelango zerbaitez; Pido la palabra esanda batera asten ziran izketan. «Jaunak —zinoan Olabek—, nik gaur uriauzo askotati artu dodazan barriak artuta, isilik egon banintz, dei egin ezpaneutsue, kartagoar usteltzat neure burua eukiko neuke». Itz onek entzunda eztul kirri-marrea egin eben zutunik egozan geienak.

        —Badakizue —zerraion Olabek— igazleneko uiol andi ak Emerandoko sakonean egin ebana, lurrak errekatu ta dandarrez troketara eroan. Ezaldozue gomuta? Alantxe yazoko jaku aukeraldi onetan. Erromarrak gure baserritarren boto guztiak aurrez ta narrazean eroango dauskuez baldin gu orainarte lez lo egotekoak bagara.

        Eztul barriro be goietakoak, gogortxoago oraingotan.

        —Arraitz sendalaria, ezizenez Begi —zinoan Olabek— uriauzorik uriauzo dabilkigu diskurtsuak egiten—. Baserritarrak gogoz dagokioz adi; asko gogo beroz, gogo otzez iñor be ez arean. Anton Imaz bera, Begiren aleginak zelango atzea daben ikusita, berbaldiak egiten asita dago. Entzutekoa da goizeon dendara etorri datan laukariztarra! Auzo atan ezeidarabile baserritarrak beste auturik, Begi ta lagunaren diskurtsuak gora ta beera. Eta gu lo!!

        —Itzarri gaitezan —esan eban Arangoitik.

        —Itzarri gaitezan —erantzun eben kartagoarrak aldran; eta bere alboko Busturiri ukondoan ikututa «Gizonak —yarraitu eban legegizonak—, erromarrak izkamizka daroaskuez botoak. Izkamizka ekarri dagiguzan guztion artean geure aldera. Nire ustez edozein gizon da yatorriz izlari, eleketari, berbalari, oradore; edozeinek, lenengotan ain ondo ezarren, egin dagikez itzaldiak, eleketak, diskurtsuak. Eztozue ikusi Yataben bertako seme ospetsu Gloria de las Antillas, orador patriarcal don Anbrusek, lenengo egunean bertan, bere itzaldiaz ango baserritar guztiak arrituta agoa zabalik izten? Viñasek, aurrez aur daukadan El Eco de Vizcayaren berrikari onek, esan dagiala au onelantxe eztan. Zuen arteko zaarrenok, Laraudo ta Andrakak, neuk lez dakizue Isasti andiak zelango ikasteak daukazan. Zer esan gura dau onek? Gizona yatorriz, berez, sortzez, izatez dala izlari, berbalari, oradore».

        Kartagoar guztiak, Epikok ez, batzuk eztulka, besteak «Ori ori» esanaz ontzat artu ebezan Arangoitiren itzak. Treviñok, irri-barreka, eskolarako goiztxotik yagi bear ebala ta etsera yoala esan eutsen eta «Geienak aintzat daukena neuk be aintzat artuko dot» ganeratuaz kaleratu zan.

        —Jaunak —zerraion Arangoitik—, kartagoarren alderdi osoak erabagi goratsu bi onek artzea egoki litzakigula uste dot. Lenengo erabagia: gizona yatorriz, sortzez, izatez, berez izlari, berbalari, oradore dala. Aintzat artzen dozue, lagun maiteok, uste au?

        Guztiak, Epikok ez, aintzat artu eben.

        —Bigarren erabagia: —zinoan Arangoitik— Guztiok yatorriz izlari garanezkero, izlari-alkargo bat sortu dagigun. Guztiok geurez izlari bagara, Kartago zer dogu besterik izlari-alkargo baiño? Guztiok asi gaizan ba, gaur emen, biar an, itzaldiak egiten; eta onelan gure lagun kirmen Olabek Erromarantz sailean yoaten ikusi dauzan botoak laster ikusiko doguz Kartagorantza etorten. Ni, badakizue, arreba aurten il jatalako ezin asi naite Mungian, ez uri-auzoetan lan onetan baia zeuek ondo eritxiezkero, Bakiora yoan naite biar. Juan Andres Urizarrek, Berinoleagako kutxazaina da-ta, angoxe langileai itz egingo dautse. Doala etzi Laraudo Markaidara, etzikaramon Larraurira... eta onelantxe emen gagozan guztiok, geure buruak izlari eginda, izlari izatea geurezkoa dogulako, auzo guztietan ibili gaitezan guztiok, garanok. Andraka zarrak, pido la palabra esan bagarik, au zerakutsen lagunai: «Floren gureak domeka-arrastian Meñakan diskurtsu bi daukaz; erderaz ta euskeraz».

        —Erderaz Meñakan! Nok ulertzeko? Ugarazioak?

        —Don Pedro Viñas ara baleioa, El Eco-n zerbait esan gura baleu, ulertu aal izan dagien...

        —Zer diñoe El Eco-gaitik? —itandu eban Viñasek.

        —Zeuk Meñakara Floren Andrakaren diskurtsu erderazkoa entzutera, El Eco-n zerbait esateko, yoan gura bazendu...

        —Ni orri entzutera! Amama doakiola! (Que se le vaya la abuela) —erantzun eban, gogaldi txarreko, Epikok.

        —Pido la palabra —esanda, Arandui asi zan izketan—. Jaunak, neure buruagan ikusi dot Arangoiti jaun onek dirauskuna. Lengo domekan, Basurton nengoala, bazkaritxo onaz barrua bero bero egin nebanean, Begi ta Anton Imaz gomutaratuta, diskurtsua egin neutsen neuk be ardantegian egozan baserritarrai eta, diñoenez, atze ona izan eban nire berbaldiak. Burubide bat, kontseju bat emongo neuskizue arlo onetan asteko zagozanoi: zerbait edan bagarik eztagiela agoa zabaldu.

        Zantzoka barre egin eben entzule guztiak, aulkidunak eta ainbakoak.

        —Pido la palabra —Labartok—. Jaunak, ni, badakizue, neure eginenak, neure arazoak estazinoan yosita nauke. Eztaukat astirik auzorik auzo ibilteko.

        —Pido la palabra —Gondramendik—. Jaunak, ni orretarako eznaiz gauza.

        —Aurreti zerbait edanda be ez? —Aranduik.

        —Nik ura baiño eztot edaten —Gondramendik.

        —Txanpañ ederra doarik balego...

        —Ezta errekan baleioa be, ezneuke nik edango.

        —Errekan txanpaña baleioa gu andik nok atara, Gondramendi? Itota edo...

        Jajajaja luzaro ekin eutsen barre-zantzoka izlari alkartu guztiak.

        —Pido la palabra —Epikok. Onek yakiña! erderaz ta luze ta zoli ekin eutsan. Gei bikoa izan zan Viñasen yarduna: Arangoitiren eritzia ——edozein gizon yatorriz izlari zala— ezeukala berak egiazkotzat; eta gero, Begik orain zaparrada batzuk ataraarren, Mungiako zabalean ikusiko ebela, bai kartago ta bai erromarrak, nor nor zan.

        —Viñas —zirautsan Arangoitik—, gizona berez izlari dan ala eztan ezin orain eztabaidan ezarri dagike. Gizona berez da izlari, yatorriz da oradore. Kartagok erabagi dau. Erabagita dagoana ezta lege eritxipean barriro ipintea. Izlari-alkargoa be sortua dago. Mungiak Mungia danetik auxe baiño gauza andiagorik eztau egin. Gora Mungia ta beronen izlari-alkargoa!

        —Gora! —erantzun eben besteak. Aurreko Kartagon Basili adurretan egoan, yazoera andi onek ikusi ta entzuten. «Gora!» esanda erantzun eutsan berak be Arangoitiren deadarrari.

        —Gura dozue, gizonak, orain alkartu bakotxari bere egiñenak erakustea? Badakizue Viñas nor dogun, geure gudalburu, geure izlari andi. Berau egin dagigun alkargo ilezin onen maipuruko. Baietz deritxoenak eskua gora. Bat, bi, iru, lau... gogo batez. Birburu nor egingo dogu? —Guztiai begira asi zan Arangoiti, bat begiz yoteko. Guztiak burua makurtu eben, lotsaz ala batek badaki zerarren. Gondramendi kenduezkero beste edozeiñek pozik entzungo eban bere izena—. Gizonak, gaur batzar onen asmoduna ta izlari alkargo onen azia erein dabena badakizue nor dogun? Olabe. Birburu izateko nor duinagorik? Gora eskuak, nire eretxi au aintzat daukenak. Geienak ainzat artu dabe —zinoan Arangoitik «bat, bi, iru, lau...» zeinbatuta gero.

        Onelantxe autatu ebezan Laraudo ta Andraka zarra onularitzat, beste guztiak maiko egin ebezan, Gondramendi ta Labarto kutxazain ta zeinbatzaile.

        —Gizonak —esan eban orduan Arangoitik—, atzenerako itxi gura izan dot beste guztien ganetiko asmo au. Munduko alkargo andi geienetan maipurukoagaz batera, deduzko maipurukoa izaten da. Nor da, gizonak, emen duintasun ori ondoen datorkiona?

        —Berori edo... —isiltxorik Laraudok.

        —Zelango ni! Nor da Kartagoko oradore guztien artean andiena? Nor da Orador patriarcal?

        —Don Anbrus —erantzun eben izlari alkartuak.

        —Nor, besterik nor izan leite gure deduzko buru? Bera, inor be ez besterik. Viñas, El Eco de Vizcayan gaurko barri andiok emon dagizuzanean, errezke erakutsiko dozu por aclamación y con entusiasmo aukeratua izan dala don Ambrosio de Isasti Inchaurtiaga.

        Onelantxe sortu zan Mungiako izurri, iziari-izurria.

 

aurrekoa hurrengoa