www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Latsibi
Resurreccion Maria Azkue
c. 1920, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Latsibi, Resurreccion Maria Azkue (Mirari Alberdiren edizioa). Euskaltzaindia, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXI. Izkaldi-aurrean

 

1. Izlariak euren albotikoakaz udaletsean.

2. A zan gizontza bat!

3. Jauntxoa ta Morrosko izkaldira.

 

 

1

 

        Motz, goibel, belun ta euriantzeko zabaldu zan irailaren 25 garren eguna. Etorkizunean izan bear eban entzuteari ezegokion, urretan be, ekarren taiua. Lenengoz inguru aretara eldurikok ezin igarri egikean eguzkiak ogera-bidea non eban, ezta zein mendiren sorbaldan yagi oi zan be, ala Yata, ala Taillu, ala Obargane, ala Solluberenean.

        Tontorrik tontor odei lodi, egaztien papar-antzeko ertz baako ta egal -biribilak, euren barruan arriabarra ezkutuan baileroen, astiro astiro yoazan, ur-tanta bakar bat ezerioela. Itxastxoriak, egoak zabal-zabalik, egabide guztietara yota, odei gilbor andiak algandu ta marratu nairik ebilzala zirudian, beetik gora, goitik beera, eslaika, ezker-eskuma ta zearretara. Odeitzar arek batetik bestera igaro ta zulatzen etzan bat be azartu.

        Zortzirak-inguruan, Yatak burua laño narrasez estali ebanean, bere barren-inguruetako auzoetan, alderdi bateko ta besteko gizonak betillun ta larri egozan, mendigane biribillari begira; larrien kartagoarrak, arratsaldeko garaipena txapelean eukela uste ebelako.

        Goiz beranduan odeiak ezeuken goiz erdian baiño argi geiago. Eguerdi-inguruan alan be Laukariz-ganeko odei murru batzuk barruak argitxoago erakusezan. Amabietako txilinak ots eginaurretxoan, odei-murru aren artetik eguzkiak bero bageko guar luze luze batzuk, egun atako lenengoak, erakutsi ebazan; eta, batean agertu, bestean ostendu, kuika ebilzanartean, Mungiako udaletseko armailletan gora sei gizon, lerro biñatan yoazan. Mutil tirlo andi bat orpoz orpo sei gizonoi zerraien armaillak yoarte. Nortzuk ziran gizonok? Arratsaldeko izlariak, bakotxak albotikotzat lagun bi ebazala, aurreko irurak Epiko, Arangoiti ta Treviño ziran; atzekoak Begi, Larrinoa ta Zabaleta.

        Alkatea ta zadorlaria, orduko, udaletsean ziran, beste seirak noiz elduko begira. Zadorlariak (guztizko gerri ta ezpan-biguna zan sekretarioa) Epikori de Andrés jauna ezagutzea dedu anditzat deukat» esan eutsan; eta beste onelango esakera gozo ta txikol batzun ondoren, Arangoitik bere adiskide ta erdi-mendeko alkateari itz onek zuzendu eutsazan:

        —Endore, egizak oraintxe guztion aurrean niri goizeon egin daustazan itarantzunak.

        —Nik diñot eze —zirautsen alkateak—, nire belarrietan atzo goizeti asita onakoan, zurrumurru bat, etenaldi gitxiko zurrumurru andia, dabiltala. Baldin nik entzun dodana sinisgarri bada, Mungian ta bere uri-auzoetan ta inguruko basauritxoetan ezta gaur arrastian izkaldira etorri bagako gizon bakar bat be geratuko. Ta nik diñodana auxe da: euririk balitz, ta euri-antz andia dago, izkaldia non? Zabaleko tribuna ori alperrik eregi dogula uste dot. Ementxe izan bearko; eta, dakutsuenez, udaletse txiki onetan eun gizon baiño geiago alkarren ganean ipini ezik-i... kuidao!

        Begik: Eun gizon emen! Berrogeta amarretik gora baete? Izkaldi au goizeko seiretan balitz, entzule guztiak barn barurik dagozanean! Baia arratsaldeko lau ta erdietan? Ugalde, eztok uste bakoitzak, bere gilborrean ondo gordeta killotxo biñagaz etorriko dakiguzala? Ta gilbotzar puzgotu arek nok ikoldu? Berrogeta amar be...

        Itoarteko barre-zantzoak egin ebezanean, Ugalde zadorlariak onelantxe gozo-gozorik yarraitu eban: «Zer da egitea? Mari ta albotiko zareenok zeuok erabagi. Euria bada, eguenerako epetu edo luzatuko aldogu izkaldia?».

        Epikok. Eguenean be euria izan daite ta euria dalako gure izkaldi au barriro epetu bear badogu, txulut! Ganera eguenean euria izan ezarren, nok solotik atara Txorierriko baserritarra, astegun buruzurian? Gomuta dot, ni ona etorri-barritan, Yatabe ta Gatika ta Laukariza eldutxo bat egin geuan. Don Anbrosio Isasti andi-andirik, itzaldi bat egitera...

        Arangoitik. Viñas, entzun au: «Don Anbrosio» ta «izlaria» ta «andi-andirik» eta olako jaboi-purrustillak arrastirako itzi badagizuz, oba. Emen, nor dan badakigu-ta, petit comité onetan astokillo ori aitatu nai badozu, «don Anbrus Aginbako» esaizu. Orduko izlari-txangoa gomutaratu nai badauskuzu, zetarako diñozu «itzaldi»? «Arrantzaldi» esatea ezetelitzate zeatzago izango?

        Viñasek ez, beste guztiak luze ta gozaro barre egin eben.

        Alkateak. Eta zuk, Arraitz, zer diñozu?

        Begik. Nik? Neuk be, Viñas de Andresek lez, nai euri, nai aterri, egin bear dana gaur bear dala uste dot. Emen ez gero, emen ez, zabal orretan baiño.

        Zabaletak. Euria bada, eztozue uste, gizonak, batzuk garramaztua, beste batzuk eztula, beste batzuk alborengoa...?

        Begik.... beste batzuk cólico miserere izango dabela? Baserritarra nor dan eztakizue. Baserritarra, gure baserritar au, eztau ez eurik busti, ez aizek oztu, ez eguzkik berotuten. Txakurrak lez soiñari ta soiñekoai dri-dra! astiñalditxo bat emonezkero, euririk ezpailitzan legor-legor gelditzen da.

        Alkateak.(Barrea naikoa eginda) Zuen bion gogoa bada, aurrera. Orain beste zertxo bat. Zein luzaro ekin gura dautsazue, izlariok, zeuen lanari?

        Epikok. Bakoitzarentzat ordu bete bear da.

        Begiren albotikoak arri ta larri geratu ziran. Euren izlaria ordu bete izketan luzatu zegikeanik ezeben uste.

        Alkateak. Don Donatok zer diño?

        Begik. Bakotxak ordu-erdi asko dogula uste dot nik, geigarritzat, besteari erantzuteko, amar bat minutu ganeratuezkero.

        Epikok. Amar minutu orrek naikoa eztirala badakusku, erriari beste ogei bat minututan ekiteko eskubidea eskatu dagikeo.

        Guztiok au, eztabaida baten urren, ontzat artu ebenean, alkateak «Eta adierazlearentzat?» itandu eban.

        Epikok. Beste ainbeste.

        Eskakizun au lartzat euken beste guztiak. Epikok, ostera, arren bai arren, noraezekoa zala ta biurkuntza onik gitxiagotan ezin dala, ta au zala ta ori zala, eragon ebanean, iñok ezeutsan eragozpenik erakutsi.

        Ordurarte txit bat atara bagerik egoan zadorlariak, buruari orretarako makurraldi bi edo iru eraginaz, «Jaunak —esan eban—, noren lepotik eregi dogu zabaleko tribuna ori?».

        Begik. Mari biok erdi bana ordaindu dagigun. Ezalderitxazue ondo?

        —Nik ezteritxot ondo, ondoegi baiño. Irazketa orrek alderdi bien ganerakoak izan beitez.

        Arangoitiren uste au guztien eritxiz aintzat artua izan zanean, sekretariok beste makurraldi bi buruari eraginaz, «Eta zein izlari asiko da lenen?» itandu eban.

        Zabaletak. (Irri-barrez) Nire ustez alderdi batak zein besteak etserako ta etseko oilarrarentzat gura edodau omen ori. Zein lenen ta zein bigarren zozketan erabagitea ezal-litzate egokiena izango?

        Arangoitik. Zabaletagaz nago. Artu dagiguzan luze-laburrean bana diran zotz bi.

        Zadorlariak, bizkor-bizkor sala-osteko papertegitxora yoanda, zotz baiño ezkarda-izena egokiago eukeen zozpaltxo bi ekarri ebazan.

        «Mutilak —esan eban Arangoitik eurak ikusitakoan—, esku bat gitxi dogu orrek estaltzeko. Viñas, zu gazteena zara ta egon begira dagiguzanartean. Andiena yaurri dakionak lenengo itzaldia egin dagiala».

        —Nai bigarrena —ziñoan Viñasek—. Nik, egia esan, neu asi baiño leenago, aurkaria entzungurago neuke. Izlari baten lana obeto nabarmentzen da, askozaz obeto ikusten da, beste izlariaren itzak neurtu, aurkariaren yita...

        —Bai, bai, bai... ulertu dogu. Aurra bada, Periko! Itzuli beste aldera, Ugalde zadorlariak eta nik zozpal-zati orrek estaltzen doguzan bitartean.

        Epikok, ormara begira egoala, surpekoa zorroztuta itzuli zanean «Au neuretzat» esanaz andiena aukeratu eban. «Nire aurkari Arraitz jauna izan beite itz egiten lenengoa» ganeratu eban.

        Isil-misilka ta larri asi ziran Begiren albotiko Larrinoa ta Zabaleta alkarri zerbait esaten. Euren ardurapekoak, bigarren itz egin bear izan baleu be, bardin uste dot egingo ebela. Geroago bildurrago ziran.

        Alkateak. Ni non yesarriko naizan, izlariak non eta non adierazlea dakuskun orain, yardungura bertara yoanda.

        Arangoitik. Pello, tribunara bagoaz, Mungia guztian barria zabalduko da ta bazkaria mai-ganean itxita, euliak eznetara lez, orraxe etorriko jatzuz zure ardurapeko guztiak. Berton gagozala oba dogu erabagi. I non yesarriko aizan? Orrek etxaukak zeri eragin. Uri bateko arazoetan alkatea erdi-erdian beti. Ire eskumaldean zarrena, Arraitz yarri dedila, ezkerrean Viñas. Adierazlea, egingo dabentxoagaiti, beronen oiñetan balaiegok be...

        Alkateak. Eta izlarientzat ura, ala ardaoa, ala zelango edaria?

        Geienak. Ura.

        Begik. Benetakoa ala olgetakoa izan dogu, Pello, itaunetxo on? Barre beste guztiak.

        Alkateak. Zuok gaizdunai urik gitxitan arrarazoten dautsezue ta nik be...

        Begik. Il-aginik gagozala ezaldozu uste?

        Epikok. Zeinbatetan gara asteko? Ze ordutan?

        Arangoitik. Arraioa, Viñas! Ta zeuk esan neure aurrean atzo goizean Felipetxuri «Felipetxu, lau-lauretan asiko dala iragarri egizu»? Etzenduan gero entzun «Uritarrak, biar arrastiko lau-lauretan...?».

        Epikok. Bilboti datozanak astia izan dagien, izkaldia lau ta erdietan ezin asi al dagikegu?

        Zabaletak. Erri bat yostaillutzat artu ta orrelan erabiltea ezta ziIlegi, ezta lege.

        Begik isilean «Itxiok, oba joagu-ta» esan eutsanean, «Baia, gizonak, nigaiti... Zuek Viñas de Andrés jaunari ontzat artu gura badautsazue...».

        Arangoitik. Felipetxuri beste aldarri bat yo eragin bear.

        Alkateak. Orregaiti etxaku asarratuko. Pozik dabil aspaldion gure aldarrilaria.

        Lentxoago Begi, toxa zabalduta, zigarrotxo bana guztiai eskinten asi zan. Zadorlariak isiltxotik Epikori «Ezalzara emen inoiz izan? Etsari au lenengo elizgizonentzako garaia zan, amarrenak gordeteko goianengoa. Onen beean sakristeia dago. Udaletse au umildea zan ta zain lakoxea geratu da barriztauarren. Ardi txikia beti bildots ta ogetxikia beti oako... Errege ta erreginaren erretratuak beste uritan emen baiño lenago ezarriak izan etediran eztakit. Eskoaldean daukagun au Elordigoitia da, Mungiako seme ta ongille andia, luzaro Argentinan egona, bertan aberastua. Lengo baten il da.

        —Ezkerraldean dakustan au, nor da? Bere anairen bat?

        —Ez, Elordigoitia bera, Argentinara eroan eban txapela ta txamarrotea aldean dabezala. Gaisotegi-egitamua eztozu ikusi? Ementxe daukagu.

        Zadorlariak Epiko zokorik bazter erabilenartean, Zabaletak bere anaitzako Larrinoari bere barruko bildur ta sarrakioa erakutsi eutsazan. Eta elkarri zerbait, iñok entzun bagako zerbait, esanda «Izlari yaunak —zirautsen Zabaletak Arraitz ta Viñas de Andresi—, iru-lau milla gizon euritan eukiteak, zelango atzea ekarri dagiken badakizue? Zuok, erri onen osasuna zeuon ardurapean dozuenok, ori egingo etedozue?».

        Epikok. Albotiko jaunak, ori erabagita dago. Euria balitz, entzun gura eztabena bego bere etsean.

        Arangoitik. Emen, Floren Andrakak Meñakan esan eidabena yazoko da. «Zer da demokrata inkondisionala? Datorrena datorrela, aurrera beti egiten dabena». Amaika onelango gaur arrastian...!

        Lagunen barre-zantzoak ezeutsen amaitzen itxi.

        Begik. Mungiako notarioa euriaren orren bildur bada, doala parroku yaunarenera ta auzkarako oilar biontzat sotana bana eskatu dagiola, ganeko zuri ta guzti. Gero sermoiak egitera, bai Viñas ta bai ni, elizara bertara yoango gara ta an, Zabaleta, an iñor ezta bustiko.

        Beste barrealdi baten urren.

        Arangoitik. Zabaleta, parrokuaganik ori ezin lortu badozu, aldarrilaria auzorik auzo bidaldu daite ta oi dabezan ttunttun-otsak yota gero, auxe gitxi gora-beera iragarri dagiala: «Auzotarrak, Mungiako alkate yaunak osasuna ta bakea ta priera auxe dirautsue: "Gaur arrastian euri arradan, odeiak egotziala euri, izango da ta Mungiako izkaldira eztaiteala iñor etorri, iñor be ez gero"».

        —Orduantxe geiago etorriko litzatez —erantzun eutsan Zabaletak.

        Erantzun au ezeban iñok entzun. Guztiak barren barrez ito-aginik egozala zirudian. Isildu ziranean «E, Viñas —ziñoan Arangoitik—, arratsaldean indardun agertu al izateko, len bai len bazkaltzea on izango da. Goazan».

        Kartagoar ta erromarrak, bein kalera nai azokara nai gelunera elduezkero, otso ta otso agertu bear eben. Auxe egin eben eguerdi atan be. Atea, kalerako atea zabaldu baiño lenago, adiskide mamiñak bailitzazan kar-kar-kar; atea zabalik ikusi ebeneko, ixxxxo! irunaka ta txordo azaldu ziran udaletseko armailletan. Puertorrilaria bere biakaz atzeratxoago. Mordo batekoak bestekoai ez itzik °z mitzik zuzendu bage, mailletan beera yatsi, azoka luzea igaro ta bakotxak bere etsera bidea artu eban. Itzik alkarri egin ezarren, mailladi-ganean ziraneko, burua yaso ta Yata-aldera begiratu ezebanik etzan bat izan. Sartu ziranean baiño urdin-une geiago ikusirik «Neuk iragarri dodana —esan eban Begik—, zemaika ta illun-millunka, baia euri bagarik gautuko da gaurko egun au. Euriari badiñotso, eliztxori baten egarria ilteko beste tanta ikusiko dogu; anilik gora gauza andirik ez».

 

 

2

 

        Mungiako ardantegi, ostatu ta kafetxeak ezeben aspaldietan izan egun etorritsuagorik, yale-edalez ain ugaririk. Iru labaldiren ordez sei egin ebezan ogidunak. Arakinak iru zekorri eratsi eutsen narrua. Oillasko-oillanda, arrautza ta txarrikien domua, errekaize epeletan termometroa lez bat-batera goratu zan. Bermeoko arraindunak, ekarrena saltzeko ezeben Bilboratu bear izan.

        Irurak baiño lenagotik zabalerantz yoten asi ziran gizonak. Ordu ta erdi igarotxotan, euriteetan aintzira batera, ganez eragin bage, ibai ta ibaitxo, lats ta laskume, erreka ta errekazto, areka [ta ubideak ura ekarten daben antzera, auzo] ta aldauritxo guztietatik mordo andietan etozan yardunzaleak. Laurak yo ebenean, ezegoan zabal guztian arra beteko utsunerik. Kartagoar agirienak, ikusgarriena Floren Andraka zala, sail baten egozan, yardungu ondoan. Beste alderdiko gizon entzutetsuenak, Anton Imaz, Zabaleta, Larrinoa, Mauri, Yatabe ta beste batzuk, atzerago mordotu ziran. Batzuk zein besteak zantzolari bana euken euren artean: Larraurikoa, kartagoarrak; erromarrak, Markaidako Andres, euren ustez, eguzkiaren azpiko ta bedarraren ganeko zantzolaririk zoli ta arnasa-luze ta bular-sendoena. Arangoiti ta Busturi, gernikar adiskide batzuk lagun ebazala, yardunguaren ezkerretako etse baten egozan. Euren goiko aldean, tellape bardinean, uriko ta aldaurietako elizgizonik geienak batu ta kee-artean agiri ziran.

        Laurak ots eginarren, yardungua utsik ikusita, Felipetxuren aldarri barriaren ezaguera bakoak euren epebakotasuna eztulka erakusen. Floren Andrakak sei bidar gitxienez, alde guztietara begira, zoli-zoli esan eban:

        «Gizonak, lau ta erdietan asiko da izkaldia. Don Pedrok esan daust».

        Elizgizonen artean, batean don Blas Gatikako, bestean Meñakako parrokua (gizon txiki ortzargia zan au) sapaillora urtenaz, ezker-eskumara adi egon ziran, gaztaña otsorpoen garauak baizen estu egozan gizonai begira. Eztabaidatxo bat erakori zan euren artean: don Blasek, lau milla gizon baegozala baturik; Meñakakoak, iru millatik gora ezetz.

        Urrengo etsearen irugarren bizitzan, sapaillo luze-luze baten, eskuz taiaturik be ez politoago, errenkada biten agiri ziran buruak; lenengo errenkadan ule luzeak, andrazkoenak; gorengoan, ule motzak, gizonezkoenak. Etzan leio bakar bat erdi utsik agiri. Azokarako uneak, begiragu, sapaillo, leio ta leiotilla, guztiak egozan bete-beterik, ikuslez yosita. Iletadun etse apal, egun batzuk lenago alargunduriko emakume batenean, alboetako leioak itxita egozan, zabalik erdiko sapailloa baiño besterik ezeukela. Antxe, izkalariak euren arloa asi bear eben aurretxoan, emakume gure ezagun andi bat, andra Isidora Hayedo Arangoitirena, zabal-zabal ta berera, alboan iñor bagerik yezarri zan.

        —An dago nire sakristaua —esan eban pozik Meñakako parrokuak—. A egon, onelango yokeretan agertu barik?

        —Aup! —entzun eben onetan elizgizonak. Anton Imazen deadarra zan. Sotanadun guztiak, erromar agirienen mordoa ikusteko, iduna luzatu eben.

        —Non dira latsibitarrak? Santi Latsibi ta Pedranton non diran!

        Mauri indianuak itaune au ezin entzunda, ezkerreko belarri-ondoan eskua zabaldu eban.

        —Zuen alkatea ta bere aita non diraan!

        Soinak goratuta, burua makur ta begiak itxiaz erantzun eban Maurik. Nok an ezer ulertu? Iturri baten txurrupean bete aginik dagoan bonbil baten samatik lez, ondo beteriko azoka atan geroago ta burrundada andiagoa entzuten zan, itzak?, banakarik be ez.

 

 

3

 

        Jauntxoak eta Morroskok, Bilbotik eldueran, Treviño baiño besterik ezekusen gelunean. Ganerako kartagoar ezagunenak, izkaldiko ezer ez galtzearren, lekua artuta egozan. Labarto gelunezaiña ta Treviño maisuaren erdian sartu ziran osaba-lobak Mungian. Gizon bakar bat aurkitu eben kale nagosian, Lejarzegi mediku zarra. Morroskok, nor zan yakin ezarren, kapela eskuan ebala, agur egin eutsan. Aukera-egunetan aldungei guztiak gizabidetsu ta txeratsu izan doaz, irribarrekor, «Agur ta kaixio» ezpanetan beera, arnasaz bateratsu, erabiltekoak.

        Zaletasun bat eta detu bi eukazan Lejarzegik. Tresilloa zan bere zaletasuna. Detuak: politikua agotan artuta txakurrenak esatea, bata; bestea, laranja-azalak makilluaz espaloitik kale-erdira egoztea. Bilbotik etorri-barri arek ostendu-orduko, atzetik eurai begira ta bularraren indar guztiaz auxe esan eban:

        «Sendabidea, besterik ezarren, azkordinak zelan kendu, nai bururengoa zelan ibitu darakutsuenean, erdu gizonok mediku barritsu onek entzutera, artean ez. Ai euri eder bat!».

        Amaika onelango esan eban sendalari urtetsu ta dedutsuak, izkaldiak zirauen arte luzean. Iñok ezeutsan erantzun. Ezin erantzun al zeikean guztiak zabalean, Plaza de los Fueros-en, egozan-ta. Lejarzegi aserratuta ikusteko laranja-azalak espaloietara egozten ebezan mutillik bakar bat etzan agiri Mungian kaleetan.

        Jauntxoa ta Morrosko andra Isidora egoan etsera eroan ebazan Treviñok. Alkarri esku-emote andiak eginda gero, osaba-lobak yesarreran, euren artean artu eben andra Isidora. Jauntxoak burua gitxitan agertu eban. Aldungeia ta maisua alde guztietara begira egon ziran.

        Onenbeste emakume eder ikusterik ez neban uste —ziñoan Morroskok—. Nortzuk dira yardunguaren ganeko aldean agiri diran lau neskatilla arek?

        —Las Andrakas —erantzun eban maisuak.

        —Orrenbeste abade dozue Mungian?

        —Aldaurietakoak dira geienak.

        —Urrengo sapaillo atan agi ri diran gizonak?

        —Arrotzak dira. Euren zaratua entzun ta bizitasuna ikusita bermeotarrak dirudie.

        —Eta arako beste gizonak? Zapi zuna dauko batek paparrean.

        —Bekosolo da erdikoa. Besteok Bermeo ta Gernikako aldungei bere lagunak dira aurki.

        Lau ta erdiak yota isilaldi bat egin zan ta yardungu —ondoko gizonak ozta-ozta, estutzeko lerrenak eginda, izlari ta adierazle ta alkateari ibilpea zabaldu eutsen.

 

aurrekoa hurrengoa