www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Latsibi
Resurreccion Maria Azkue
c. 1920, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Latsibi, Resurreccion Maria Azkue (Mirari Alberdiren edizioa). Euskaltzaindia, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

II. Santiren ibilerak Bilbon

 

1. Don Anbrusenean.

2. Mungiara bidean.

 

 

1

 

        Bederatzi ta erdiak Isastiren etseko mailletan ots egin eutsen Santiri. Orduko, baekian ugazabak, otseinari entzunda, nor etorkion. Arrera ona egin eta, iñoiz egin ezeutsena, bazkaltegira ugazabagana eroan eben. Zurru ta purru eragoion bertan etseko yaun Anbrosio Isasti Intxaurtiagak, erdia gora ta erdia beera, katillu andi batetik kafeznea artzen. Alkarri «Kaixio» esan eta, etseko yaunak, ordurarte beintxo egin ezeutsana, eskua emon eutsan, oiñez etorri etezan itanduaz.

        —Oiñok zetarako doguz, don Anbrus?

        —Nekatu be egin izango zara, e?

        —Aitzurlarientzat ibiltea atsedena da. Gure nekea soloetan dago: aitzurren, layetan, ereiten, galebaten, goldaketan...

        Yauna, euri-egunetan, idoietan papar zuria basatu-aginik euli-bila, tximiztea lez bizkor dabiltzan enada goseberai nekatu etediran ez itandu, zer yan etedauken baiño.

        —Zeu barurik alzagoz?

        —Bai, barua birritan ausita! Lenen etsean, bostak aurretxoan; gero Artxandan, erranak biderako gertu daustan...

        —Baukagu gaur zer esan, Santi, neure txikitako lagun zarean orrek eta biok.

        —Bada gor ez gorraize ezkagoz eta asi autu ori, gura dabenean. Orain ez, Gortalde mineroari ama il jako ta nire loba legegizonak «Elizkarietara ez gero utsik egin» esan daust eta banoa.

        —Elizkariok diruetse-ondoko elizan badira, amaitu be egin aldira oraingo.

        —Ez, ibaiaz beste aldeko eliztarra zan il dan ori. Gero, Santi, alkarregaz bazkalduko dogu, ementxe, biok biotara. Orain zereginik zeuk?

        —Bein Bilbon nagoanezkero, atxur bat eta layak nai gurgulluren bat erosi gura neukez, ta diru etsera be... baia or, geroago egin daiteke, berorrek baderitxo.

        —Neure otsein batek lagun dagizula erospen orrek egiten. Birlobentzako andrakillaren bat nai pelota bat edo beste eztozu gura?

        —Arek, yauna, mantar zar batzuk alkarri lotuta, erregiña dirala esanda sinistu egiten dabe.

        —Gero amabi ta erdi-erdietan sopea maira ta eztatorrenari maipe.

        Izentauriko orduan mairatu ziranean, Santik Aitearen egin eta txiki-txikitan ikasiriko otoixkoa isiltxorik egin eban. Isastik bitartean ots bagako barrea egiten ziarduan. Santik, bigarrerez Aitearen eginda, burua yazo ebanean, etseko jaunak urrunetatik ekarririko biguntasunez «Gero emen bakizu, adiskide esan eutsan, eztozu zinuminurik bear; datorrena yan».

        Santik bere urdail andia erdi bete ebanean Isastiri itz onek esan eutsazan:

        —Gomuta dau arako, gamiztarra zala ta, Gatikako maisu gilbor-andia, Gilbor esan be egiten geutsana?

        —Gomuta ez! Gaur bailitzan.

        —Axe baiño lodiago egingo nintzate, onelan bizi banintz. Tamalik asko da bazkari onen ugari ta gozoa izerditan yoatea.

        —Zuk esango eztozunik?

        —Egia ezalda?

        Don Anbrusek txikitako lagun guztiai zuketan itz egiten eutsen. Euren ezpanetatik «Berori» entzutearren alzan! Santik gerotxoago bere gogaldi onaren ezaugarri bat emon eutsan, suburu ganera begira egoala, irri-barrezka itz onek ezpaneratueran:

        Don Anbrus, esan bagarik ezin nagoke gu, baserritarrok, astokillo batzuk garala, baya gure aldean ori, or erlax ganean dagoan ori...

        —Nor?

        —Ardi-bildotsak aurrean dabezala, ezaldakus or, surpeko ta guzti, zaldi-ganean, abelburu gaixoari akulua sartzen?

        —Ori etzan artzaina, Don Quijote eizan ori, jeneral andi bat.

        —Nai Bibote nai Mimote, zein jenerala, zein karabinerua, gure aldean burubako andia zan beintzat eta eztakit besterik.

        Etseko jaunak bere zeresan andiak asteko tayu baarik egoala oartueran, berari itz eragitearren, «Don Anbrus zirautsan bere maisterrak—, bazkari ona, on da; baya barri onak entzutea ez bapere txarrago».

        —Esaizuz beraz barri onok.

        —Nik! Zetara ots egin daustan yakin arte irakiten daukat barrua.

        —Kafe-ordurarte ezegoan zeri leiarik artu, baia, aurra! Nok esango eustan niri txikitan alkarregaz eskolara genbilzan biok barriro alkarregaz zerbait egin bear genduala? Santi, noiz dira urrengo elezinoak?

        Santik eskuan lauortza eukan, ezkerrean ogi-zatia, biakaz okela-tato bat txikitu gurarik. Itaune au entzueran «Ori da guztia» esan gura bailebaneko arpegiaz, esku biak okotz ondoan baturik gelditu zan, don Anbrusen zamauari begira.

        —Zer dozu, Santi?

        —Nik etseazkoa zala uste neban oraingo dei au.

        —Ze etse ta etse-ondo?

        —Badaki, bada, neure aita zanak eriotzako orduan zer agindu eustan. Ementxe nekarren diruetseko libretea, zortzi mila dukatak atarateko.

        —Latsibitarren leloa! Etsea gora ta etsea beera. Zuentzat etsaguntza ona bada, neuretzat bere ona da.

        —Berorrek asko daukaz. Guk battxo bere ez. Geu yaio gintzazana ta guraso zaarrak itzirikoa izanarren, inoren eskuetan daukagu.

        —Eta zeuon eskuetan euki!

        —Bai, baia ezta bardin. Guri edozein ordutan esan dagikegu yaubeak «Santi, alde orti». Ta Santi orduxean lurpera, Latsibin bizi izan ezik, bizi be eztau gura-ta.

        —Abenduan esan neutsun nekazale bati etsea saltzea eder egiten ezpadako, aberatsari itsusi egiten dakala. «Lur yo bear dau orrek» esaten da, ondasunak auzora daroazan dirudunagaiti.

        —Jauna, zortzi milla dukat, gure aita zanak berorren osaba zanagandi arturiko zortzi milla dukatak, gitxi dirala uste badau, erdi gosez bizi bear badot bere, eun bat geiago emoteko gertu nago.

        —Caracolada! Eztala orregaiti. Ona, Santi, zetarakoa dan nire dei au. Nire loba don Teodoro Torrealdea e Isasti, Donianez an ezagutu dozuen legegizon egin-barri burutsua, diputadu izan bear dabela dirauste ta neu be orretantxe nago. Yatabeko alkate ogei urte onetan izan zaran orrek laguntasun andia onelango arazoetan...

        —Agur nire poza.

        —Santi, lagun zakidaz neure arlo onetan ta eztozu damu izango.

        —Berba emonda daukat, jauna.

        —Nori?

        —Arraitz medikua (don Donato) dabilku egunokaz, minez gagozanean baiño be gogozago, ikustaldiak egiten. Eramen bat dauko izten eztabena, ezpanetan beera, ordiari adurra ta barautsa lez, beti darion esamaiña bat.

        —Begik edozer, zurrut-zale bat dozue-ta.

        —«Gizonak esaten dausku, elezinoetako adiskideak eta gure baso ta beresietako laranjak bardin dira».

        —Berak izan gura aldau alde orretako diputadu?

        —Beretzat eztabil; orain lau urte lez Bekosolorentzat baiño. Onaxe etorri aurretxoan Jose Andres bera zubi-ondoan ikusi dot, beti-betiko txeratsu; berba egitera bera andi-andirik etorri jat. Ak, Mungia-alde guztian maite dabe-ta, kalte andia egin leio berorren loba orri, baita azpiratu edo... bildur bear.

        —Nok nor?

        —Arraitz medikuak berorren loba marota.

        —Lenago Moro.

        —Nok azpiratu eban orain lau urteko elezinoetan Arangoiti? Arraitz medikuak, bestek ez.

        —Barriketa geitxo egin badagi, or dozue laster doako sendalari bat, geure diruz...

        —Guk ba, jauna, berba emonda daukagu ta...

        —Cara... cas! Errenteru batek ugazabarentzakoa baiño beste berbarik ez botorik eztauko.

        Errezpe gogor ta bidebako ukamen au entzueran, burua makurmakur egin ekion maisterrari. Don Anbrusek, gogortasun onezaz damuturik, biguntxoago itz eginaz, biotzaren erdi-erdian ikutu eban Santi.

        —Eztinozu, ba, Latsibi gura dozula?

        Beste bat zirudian latsibitarrak au entzunda.

        —Lan egizu orain, Santi, neure lobearen alde ta, bein diputadu dala, eskuetan darabilgun zerbait geuretu al badagigu, orduantxe edo...

        —Esango dautsat semeari. A da gaur Yatabeko nagosi.

        —Ea ba, Santi. Orain trenerako ordua dozu ta goazan biok. Edan beste txikerdi.

        —Oinez ederto yoango naiz ni, atan orain, Latsibi urte bete barru geuretuko dogula...

        —Eskuartean darabilgun asmo batek ondo urten ezkero.

        Ordu lauren geroago Bilbotik Mungiarako gelunean, lenengoetariko orga baten barruan egozan yatabetar biak.

        —Santi, txapel ori ez erantzi, elizan etzagoz-ta.

        —Jauna, biar kortan bekorotz-artean eta gaur emen, aberatsen bagoian, lege eteda?

        —Zabalago yoango zara.

        —Orrezaz zer esanik eztago. Aurten-e, don Anbrus, neu barruan naizala, zazpi yatabetar yoan etedira gure alderantz leku eder onetan? Iru baete?

        —Ezer egingo etedogu urrengo botazinoan?

        —Onelango lekuetan pipa debekauta etedago?

        —Erre gaur neure izenean ke obedun tabakoa.

        —Ori be bai! Barre egingo dau Labartok nire ezpanetan puru eder au ikusita.

        —Ez barruregi sartu, pipa kirtena bailitzan, bestela busti ta alperrik galdu egingo jatzu.

        —Yauna, arrituta nago. Berori onelango aukeretan bizi, zer gura ta axe yan, eztarriak gili egiten dabeneko ardao zarra, su egingo leukeana, edan, ta aginak yausi, oiak minberatu! Nok sinistuko leuke?

        Itz onek Santiren ezpanetatik barurik egon balitz etziran aterako, ta Isastik, zana zala, txartzat artuko eutsazan, ontzat artzea egoki izan ezpalitzakio.

        —Zer gura dozu ba! Gero ez aiztu. Ilebete barru barriraztuko dabe diputazinoa ta nire loba lagun dodala egunen baten an nozue.

        —Berorrek deritxonean. Al dagiguntxoa egiteko...

        —Seme alkateari be esan gero.

        —Ordu bi-iru barru nire arnasaraginokoak badakiz nire semeak. Alkate izateko neu be oraindino ba, oraindinokarren-e...

        —Txilinak ots egin dau ta banoa. Auzokoai be gero egin berbalditxo bat.

        —Jauna, nire esanen bearreko eztago, baia uste dot ondo izango leukeala Bekosolori etsera dei egitea.

        —Zetarako?

        —Gaurkoa lango bazkari batek itoko leuskio diputadu izateko guraria.

        —Ori baiño ezpalitz... alegia! Aiztu etxatanean! Zoaz, utsik egin barik, zoaz estazinoti artez Berinoleagako nagosiarenera, Busturigana. Berak esango dautsu zer egin.

 

 

2

 

        Santi Latsibik bere burua lenengoetariko organ ikusirik, birlobatxorik zirinenak etxean lez ikusgurazko umekeririk asko egin ebazan: batean aburdiko guriari atzakaz ikutu, bestean bere ganean mokorrez bunp egin, bestean leioetako errezelak gora ta beera erabili, bestean bere arpegi latza bizkarraldeko ojal legunari eutsala igortzi. Atantxe ziarduala, bere aurreko aldean untzez yositako ol bat, latoi-ola ikusi eban, yauregi andi baten irudiz ederturik.

        Zer etezan yakin nairik, zutundu ta urreratu zan gure gizona ta itz onetxek, erdiok ulertu bagarik, geldika-geldika irakurri ebazan: Hotel de la Concha, Ascensor, cocina la más esmerada, cuartos de baño, confort moderno. San Sebastián.

        «Ementxe be ez don Anbrusenean baiño obeto. Berba itsusi orretan baietz badiño, guzurra» esanda, blaust! bost edo seigarren mokorrotsa artu eban aburdiko-ganean.

        Gero begi argituak txilotuaz «Onelan bizi izanda be... il egin bear» esatera yoala, txantelzaina agertu ekion eta txota sabaira musturra ebala ipinita «Latsibi —esan eutsan— aurretxoan jagok irugarrenetariko bagoi iretzakoa». Santik txapel-barrutik paper zuri bat atara eban ta ezpanetako andoil-mustur bustiari aginakaz akats bat kendu ta txu eginaz, «Baita emen barriz lenengoetariko txantela —erantzun eutsan—. Txantela baiño be andiagoa dala esan daust don Anbrusek».

        Treneko ogipekoa autua luzatu nairik Santiri arpegira tinko-tinko begira luzaro egon ekion.

        Onek yaramoten ezeutsala ikusirik, bakarrik itxi eban, usain ederdun keetan inguraturik. Santik orduan, norbaitegaz autuan bailiarduan, «I lango arlotetxoakaz biar berba egingo doat» esan eban. Mungiako geltokian geltokizainak Santi bere orgatik urten eta zigarro baltz ederra eskuan ebala ikusi ebanean, txota burutik erantzita «Don Santiago, arrasti on dakarrela esan eutsan. Bakarrik dator? Mayordomua non dau?». Santik bere aldetik, «Lagun zaarra, urtean beintxo elezinoren bat ezpagendu ezlitzakigu agoti lapikokosunda eguno kenduko. A izan dok bazkaria!».

        —Nor datorku?

        —Igarri badagik, puru-erdikin au euretzat, Labarto, izango dok. Obarik eztok iñoiz ikusi be egin izango, gizagaiso orrek.

        —Etxakiat ba. Izten.

        Izten esan-orduko, gelunezainak txanteltegira eroanaz, agopean eraso eutsan Santiri bere zadorra.

        —Aginbakoren loba, arako Morrosko esaten dautsena.

        —Aginbako esan dok, Aginbako? Luki zaarra beti goiztar.

 

aurrekoa hurrengoa