www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Latsibi
Resurreccion Maria Azkue
c. 1920, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Latsibi, Resurreccion Maria Azkue (Mirari Alberdiren edizioa). Euskaltzaindia, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXV. Izkaldi-osteragoan

 

1. Mungiako eskutitza.

2. Anton Imazen yarduna.

3. Begi Bilbon.

4. Begi ta Arangoiti.

 

 

1

 

        Labarto gelunezainari astelen gabean Adona agertu ekion, kuxelu auxe ezpanetan ebala: «Julian, biar goizerengo trenean El Eco de Vizcaya ugari Bilbotik elduko dala diño don Pedro gureak eta zuk mutilkoren batzuk aurretiaz estazinoan euki dagizuzala; eta mutilko orrek papera iragarkeran zoli-zoli auxe esan dagiela: «El Eco de Vizcaya con la carta de Munguia».

        Urrengo goizerdian ezegoan El Eco-rik salgei; ordu erdi garreneko saltzaile biak esku-utsean gelditu ziran. Epiko berrikari zaneti Erroman beti erosten eben bat. Goiz atan alderdi bateko ta bestekoak arrituta irakurri eben Mungiako eskutitza. Erosi al izan ezeben askok iruskin bila bakotxa bere iturrira yo eben: kartagoarrak Olabegana, erromarrak Larrinoarenera. Larrinoak gitxi bat goitik beetik, auxe esan eutsen barri-zaleai: «Onelango mutilik ezta gure artean ezagutu. Nor dan ezpalekigu! Baia katurik ezta Mungian El Eco-ren berrikaria nor dan eztakianik. Eta zertzuk esan Epikok bere burua goratzeko! Egi bakar bat diño bere eskutitz luzean: izkaldiazkenean euria izan zala. Esaten asiezkero andiak esan bear dira. Izlari bardin bakoa... Puertorricoko seme argitsua... Zirzarteko garaipena... Ingles-politikoen antzera itz egin dau, barregei zakar bagarik, iñori iraunik arpegiratu bagarik... Yakituriaz beteriko yardun sakona... Itz egikera sarkorra, eskuketa masal... Tamala! diño gero, egun guztian zemaika egon jakun euriak egabanatu dauz entzuleak... Gizon irakurriak, arriturik, iruskin ederrak, goragarriak egiten igaro dabe arratsa. Eta bere aurkaria aitatuta diñoana! Erromarren aurrelari gizon hi dabilz; bata, Bekosolo, aldungei legegizona, itz egiten eztakian legegizona; bestea, Arraitz. Berau ikusita ezin kendu izaten dot neure buruti Quevedok gizon surrandi halez esan ebana: «Erase un hombre a una nariz pegado». Arraitz ezagutu baleu «Erase un par de ojos de besugo pegados a un hablador» esango eben madriltar idazle irrilari andiak. Sendalaria eida berau, barriketan baiño besterik eztakian Sendalaria. Itzaldia asi dabenetik erriak bere naieza adiarazo dautso. Egia esateko, bere taiuak Demostenesi berari Filipikarik ederrena alperrik galduko eutsan. Donato Arraitz, erromarren izlariau, bene-benetan ezta Adonisen ondorengoa. Diñoenez, Viñas de Andres jaunak bere naikideari dedu geiegi egiñaz, beste Izkaldi baterako aup egin dautso».

        —Non dogu bera? —ziñoan Zabaletak—. Anton Imaz, zuk be ezetedakizu gure Arraitzen barririk?

        —Bere emazteagaz egon naiz. Laukarizako deja izan dau.

        —Zelan da arako «Deabrua aitatu ta deabrua atean»? Zer da, gizonak, onen goiz batuta egoteko? Kaleak betean dago gaur mungiar-taldea ta guztiak neuri agora begira. Zer da?

        —Luze eritxita gengozan, Donato, zeure etorrerdari. Ez aldozu irakurri El Eco? Orra or Epiko guzurti buru-arin ozkil orren eskutitza.

        —Ekazu ona, Zabaleta.

        Begik, itz onek esanda, beste guztiak isilik eta bere arpegian begiak ebezala egozanartean, adi-adi irakurri eban Mungiako eskutitza. Alegin andia egin eban artetsu egoteko; baia noizik noizera musuak parizta bat edo bestez barruko asunak salatzen eutsazan. Ona Begiren iruskin bakarrak:

        «Onelango zerbait etorriko zala uste izanarren, onen beste ezneban itxaroten, urretan be. Emen diñoan au, beste izkaldi baterako aup egin daustala, egia da; bart ekarri eustan Adonak bere eskutitz bat. Ai erantzun ezpaneutso!».

        —Zuk zer esan zeutsan?

        —Zer gura zenduan nik erantzutea, Larrinoa? Ezetz. Berak, ain zuzen be Epikok berak, albotiko guztien aurrean erabagi ebala izkaldia domekan egitea, astegunean baserritarra solotik ezin atara daiteala ta. Ai erantzun ezpaneutso! Orain baietz esan ta yardungura igonda batera «Jaunak —esango neutsan erriari—, zer egiten dautse askok gaulenean zazpi kukurruku yoten dabezan oillarrari? Etsean iñor il eztaitean sama biortu ezta? Auxe egin bear dautsat emen kikirrikika daukagun oillasko ozkil guzurti epel koipe oni». Ta Epikotxo irato egingo neuke.

        Zabaletak. Arte, gizonak, arte artuizue. Ez artegatu.

        Anton Imazek. Gizonak, nik, neuk dakidala, eztot bein be iñor yo; baia ozkil arraio ori uritik atarateko ukabilik bear bada, emen daukazue neurea.

        Zabaletak. Arte, gizonak, arte.

        Larrinoak. Ze arte ta marte? Au onelan itzi badagigu, gonak yantzita yosten ikastera norabait yoan bear izango dogu.

        Zabaletak. Artu dagigun arnasa, epea, egoarria, artea.

        Begik. Lejarzegi etsean etedago? Ezin galdu dagikegu ordurik be, garailari urten gura izanezkero. Anton Imaz, oa gerotxoago gurera ta Mikaelari esan egiok biar gaberarte edo etzi eguerdirarte Bilbon izango nabela. Zabaleta, zoaz zeu, arren, Lejarzegigana ta, Erromarik ez Kartagorik aitatu bagerik, eznagoala ondo ta neure ordez nire gaizdunak ikustera bera doala. Oraintxe egingo dot zerrendal bat.

        Idazten asi zan gero Begi. Isilik egozan erromarrak bitartean.

        —Biar edo etziarte agur, gudakide maiteak.

        —Nora, Donato? —itandu eutsan Larrinoak.

        —Laukinizko bertsolariagana orain; gero Perikok naroan tokira, Bilbora aurki. Egia esan dozu, Larrinoa. Au onelan, bertan beera, itxi badagigu, gonak soineratu ta yostun izan bearko. Anton Imaz, biar-etzietako tren guztietara agertu adi, nik zerbait bidaltzea izan leite-ta.

        Erromatik urtenda, zaldi-ganera igoeran «Gora Bekosolo, gora Erroma, gora Mungia!» deadar egin eban Begik.

        Anton Imazek gogo beroz ta zoli-zoli «Gora don Donato Arraitz Sagasti, Txorierriko gizonik andiena!» erantzun eutsan.

        —Gora! —beste guztiak.

 

 

2

 

        Erromarrak gudalburu bage gelditu ziranean, barriro euren batzokiratuta, Epikori zankatzanak yaten iardun eben. Larrinoak apur baten gogoketan batera ta bestera ibilita, besteai euren autua etenaz «Gizonak —esan eutsen—, a lanean ta gu besoak auma doguzala alperrerian egotea ezta bidezkoa. Eztagigun zama guztia sorbalda batera yausten itxi. Anton Imaz, onetarako ukabilla eztauskuzu opa? Ona emen bat, ederra gero».

        —Eztagigun, gizonak, astakeriarik egin. Zer deritxazue bat-batera buruak emon daustan uste oni? Gaur arratsaldean, zabalean bertan, yardungura doala Anton Imaz ta erri guztiaren aurrean su emon dagiola El Eco de Vizcaya-ri.

        Anton Imazek. (Pieta Signore-ren zatitxo au abestuaz) «nel fuoco eterno dal tuo rigor, dal tuo rigor».

        Larrinoak. Baia guk orretarako alkatearen baimena bear ta ak emongo ez.

        Zabaletak. Itzalditxo bat egitea eztau galarazoko. Lau lerro neuk zirriborrotuko dautsadaz gure Nel fuoco eterno-ri (Anton Imazi) ta eurak esanda Epikoren eskutitzari su emon dagiola.

        Anton Imazek. Gero ni buru-gogorra naiz, ikasteko asti luzea bear dot eta lasterko egin zirriborro ori.

        Larrinoak. Zeuk orretan diarduzun artean neuk beteko dodaz Donatok emon dautsuezan mezu biak. Lejarzegirentzako papera non da? Mikaelari biar gaberarte edo etzi eguerdirarte eztala etorriko. Ganera Felipetxuri be esan bearko dautsagu tanparlan tanparlan asi daiteala. Ze ordutan izango da Auto de fe ori? Lauretan?

        Anton Imazek. Baina nik emendi lauretara zer ikasteko? Eslavaren Señor omnipotente edo beste onen antzeko zerbait bai, besterik zer nik?

        Zabaletak. Yardun laburtxo bat idatziko dot. Ganera gaur; zure italianoak albo baten itxi ta, ingelesen antzera lunch bat artuko dogu, gauza arin-arintxo bat eguerdian, gabaz apari eder bat egiteko. Bai, lauretan. Alkateari be esan gero.

        Au entzunda Larrinoa pozik yoan zan, dendan anaitzakoa ta Anton Imaz itxita. Zabaletak papertxo bat, zelan amaitu, alan emoten eutsan izlari barriari, buruz ikasteko. Arik lastertxora asi zan Felipetxu kalerik kale tanparlan tanparlan tuntunari ots eragiten. Ona emen bere aldarria: «Uritarrak, gaur arrastiko lau-lauretan Anton Imazek beeko plazan diskurtsu bat egingo dabela, diskurtsu orren geia Mungiako karta izango dala ta yoateko. Lau-lauretan Anton Imazek».

        Zazpi bidar beste ainbeste kale-musturretan erakutsi eban aidarrilariak yazoera pozgarri au. Anton Imazek, mutilkoak eskolan lez, Zabaletaren lerroak zoli-zoli bost edo sei bidar irakurrita gero, begiak itxita buruz esan gura izaten ebazan, bina zer? Irugarren papera ikasten asi zanean, lenengo biak burutik iges egin eutsen ta gizagaixoa geroago ta larriago. Eguerdi-inguruan Erromako atzealdetik aurrekora sendailuak saltzeko tokira etorrita, «Zabaleta —esan eban—, alperrekoak izan dira zure alegiñak. Nik eztarria ta bularra ta, len esan dodana, ukabilla be onak daukadaz. Bururik? Izan zara iñoiz Urdulizko atxetan, Santa Marina-egunean edo? Ango atxak eta nire buru au or-or dabilz. Bat ikasten niarduan artean aurrekoak aztu; orain eztakit txitik ez murtik. Orra zure lana».

        —Felipetxuk Mungia guztian ta uriauzo batzuetan ya[ia] iragarrita gero, atzeratuko etezakiguz? Zeure buruari kalte andia ta andiagoa alderdiari, Erromari.

        —Nik ezin dot ba-ta...

        —Auxe joagu ona! Badakizu zer egin daiten? Irakurri, leidu.

        —Baia txiztuka asiko jataz kartagoarrak, eta Arangoitik ezeteleuke balkoiren batetik a la carsel esango?

        —Ona zuk irakurten asi-orduko esan dagikezuna. «Gizonak, ni, zeuok ondo dakizuena, erbestean luzaro ibilia naiz eta angoxe oitura ta izkune batzuk erraietaragino sartuta daukadaz. Erroman, Mungiakoan ez, Italiako Erroman ta Venecian ta Milan-en izlari askok, ni baiño andiago ta yakitunago izanarren, irakurri egiten dabez euren diskurtsuak. Nik neurea zagaitik ez?» Onelangoxe zerbait esanda gero irakurten asi ta kitu. Azkanean, badakizu, len esan doguna, El Eco de Vizcaya eskuetan artu, petroleoz busti ta su ta gar.

        —Baia, gizona, irakurteko be yasa bear da. Edonok eztaki ganoraz irakurten.

        —Neuk esango dautsut zelan egin. Goazan orain geurera, lunch artzera.

        Ordua eldu zanean, gizonak asteguneko soiñekoakaz agertu zirala, bestela San Pedro-eguna nai beste orrelangoxe yai andi bat zirudian: denda guztiak itxita, yardungu inguruak gizonez yosirik, zabaleko sapailloak utsune bat bagarik, urrekoak beintzat; kale nagosian Lejarzegi ta txakur bat edo bat, beste bizidunik etzan agiri. Mediku zaar onek, entzule bakar bat agertu ezarren, iru edo lau bidar deadarrez esan eban:

        —Zer entzutera zoaze? Astokillo orrek zer esango dautsue? Zein eteda berton kirtenago, berori ala zeuek?

        Lau-lauretan yardungu-ganean lerden ta txairo agertu zan Anton Imaz, eskuetan paper askotxo eukazala. Bere ondorik, alkatearen eskubide guztiakaz ornidu ta yaieguneko yantzita, tuntun bagarik, Felipetxuk bere burua agertu eban, eskuman bastoi eder bat ebala. Txalo andiak egin eutsezan, bai erromar bai kartagoarrak. Minutu batgarreneko Zabaletaren seme zarrentxoa goratu zan, esku banatan bonbil bat ebala; batean Antonentzako ura eroian, bestean petroleoa. Kartagoarrak ezeutsen gora andirik emon mutilko bat an ikusteari. Zetara yoian yakin balebe, bai edo. Iziariak buruz esateko itzak bere atzetxotik irakurri egizan bidali eben erromarrak Krisantotxo ara.

        Felipetxuk, alkatearen aulkian yezarrita egoala, itz bakar bat agotik ataratzaka, eskuetako makilleari gorakadatxo bat eragiñaz, Anton Imazi yarduna asteko eskubide osoa emon eutsan. Ganora andi bage, baia atzeko itz-emoleari eskerrak, zelanbait azaldu eban izlariak erbestean bizi izanikoa zala ta ango oitura ta ekanduak erraietan sartuta eukazala... ta abar.

        Txistu andiak egin eutsezan kartagoarrak Zabaletaren paperak irakurten asi zanean; beste alderdikoak txalo.

        Bere bular ta eztarri ta bildurrik ezari eskerrak ezeutsan txarto urten bere arloak. Epikoren paperari su emon eutsanean, asieran baiño bere txistu ta txalo zaratatsuagoak izan ebazan Gatikako sakristauak.

        Kokolo andiak nondik edo andik beti burua erakutsi bear izaten dabe; ta orduan be gure Floren Andrakak bere burua ezin euki izan eban gorderik. Txistu ta txaloak makaltzen asi ziraneko, yardunguondoko sapaillo batetik «Anton kaiku —deadar egin eutsan—, zapatu-gabera orduko neuk orraztuko zaitut zu».

        Gernikako arbola yasean abestu eban gero Anton Imazek eta gogaldi oneko erromar batzuk, zezenkariren bategaz noizean bein egiten dana egin eben beragaz: lauk sorbalda-ganean artu ta, santu bailitzan, goiko kalean barruna Erromara eroan eben.

 

 

3

 

        Begik bitartean ezeban Laukinizko bertsolariaren burutik berak gura eban lango bertso zorrotz ta gazdunik atara al izan; ta Perikori arrapalada barriak artu eraginda, amabiak ingururako Bilbora eldu zan.

        Euskera utsezko albistari bat agertzen zan urte aretan Bilbon, Eukalzale. Zein kale ta etsetan zan ondo ekian Arraitzek. Ara eldu zanean, ateko kisketa gogor yota, zuzentzailea bera agertu ekion ta aren agotik «Zer atsegin?» entzueran, barrez itz onek zuzendu eutsazan: «Adonis-en ondorengoa ezpanaiz be, euskaldun naizana arpegi itxusi onetan ezagutu dozu, orregaitiño, abade jaun osasuntsu orrek».

        Gizon eldu barriaren on eta masaltasunak zauskada ona egin eutsan elizgizon areri. Ordutixek, Arraitz sendalaria il zanarte, adiskide onak izan ziran biak.

        —Zer gura dozu ta nor zara?

        —Ni zeuon irakurle ta eusle bat naiz, Donato Arraitz Sagasti, (e)ezizenez Begi.

        —Ezizenaren barri eznekian, baia izen ori daben sendalari bat Mungiakoa deritxat...

        —Eccomi, neu nozu.

        Itz onen ganean Epikoren izatea zee zee erakutsi ta euren izkaldiaren edesti osoa yakin eragin eutsan.

        —Auxe da, zuzentzaille jauna, nire guraria: biar eguerdi-ostean Mungiara musika ta guzti bertso batzuk elaztuta eroan gura neukez, goizerengo trenean al bada, ainbat obeto.

        —Astirik eztogu izango edo, gaur-biarretan olerki bat egin, musika ezarri ta musika-olerkiok argitaratzeko. Gure asteroko onetan ikusi izango dozu Bermeoko Terzadun batek egindako olerkitxo bat, musika ta guztikoa. Erriarena da kantatxo oh, erreza, edonok dakiana. Eztau, egia esan, lauzuriko zaar bat balio, euskaldun-kutsurik be eztauko, baia aurra! Itaunetxo bat orain. Noraezekoa eteda aitatu daustazuzan gizaki guzti orrei ziri egitea? Zeintzuk dira erriarentzako galgarrienak?

        —Galgarrienak Aginbako, Epiko, Morrosko ta El Rásimo. Felipetxu, Laraudo ta besteok uriaren edergarri doguz, erri-galgarri ez.

        —Erdu zeu iluntzean bertora ta gure bertsolariak bat eta beste puska bat bion artean eginda, oillasko nai oillanda, zerbait yaioko da. Zeuk baderitxazu, Aiko izan bedi olerki orren egillea ta iñok eztagiala nor dan yakin.

        —Benissimo. Musikatxo ori eskuz idatzita emon gura bazeust...

        —Bai, gizona.

        —Musikalari bat daukagu an, Italian-ta izanikoa, Anton Imaz. Onetxek irakatsiko leuskioe mutilko batzuri. Berari ikasita dakidaz nik italiarren esakeratxo orrek.

        —Pozik atonduko dautsut.

        Esker andiak emonaz agur egin eutsan Begik zuzentzaileari. Ain zuzen be etseak berak zaldi-korta andi bat euka n. Periko antxe itxita, plaza barriko ostatu batera yoan zan sendalaria.

 

 

4

 

        Bazkaltegian sartu zanean, ogei bat mai txiki zuriz yantzita ikusi ebazan, bonbillez ta edontziz, lauortzez ta txaliz ta zamauz ondo orniduta guztiak. Batzuk launa bazkaldarrez, beste batzuk utsik, lagun bi ta irunaz beste batzuk. Mai bat beretzat ebala, ezagun andi, arerio bildurgarri bat ikusi eban sartu barriak: Arangoiti. Beraganatu gurarik eta azartu ezinik, zer egin ezekiala, eztul egin eban Begik. Besteak, burua yasota, ezagutu ebanean «Izlari, izlari ospetsu, erdu ona» esan eutsan.

        Pozik yoan zan erromarren gudalburua kartagoar izen andikoaren maikide izatera. Egunak gudu-egun ziran. Tokia etzan gudutoki. Mungiatik bi iru orduko bidean urrunduezkero (lendanik dakie au irakurleak) bildots ta bildots izaten ziran erromar ta kartagoarrak. Euren euskerazko autu bizia entzunda «Nortzuk etedira orrek? zirautsan zokondoko batek lagunari-. Bizar ta kapeladunak ezpalitzaz, kontratistaren batzuk dirala esango neuke».

        —Zer dakazu edo zek zakaz Bilbora, Arraitz?

        —Agustin Ereñoztik esango leukean kaso konplikadu batek nakar. Jardines-kaleko lankide bategana izan naiz konsulta-billa.

        —Nik Bilbo zerbaitean dazagut. Eztakit, orregaitiño, kale orretan zein sendalari ots andiko bizi dan.

        —Eta zeu, Arangoiti?

        —Ni neure aspaldi luzeko egunik gozoenetan bizi naiz. Izlari-baltzu bat sortu doguna badakizu. Heleneraz atondu gura neuke baltzu ori. Orretarakoxe Sociedad Bilbaina-ko liburu batzuk aratuten diardut, yo bai yo. Lenengo-lenengo gure izlari guztientzat Atenas-aldeko izlari batzun izenak batu dodaz. Ona zerrendatxo au. (Sakeleko paper bat irakurriaz).

 

                Don Anbrus: Perikles

                Pedro Viñas: Demostenes

                Laraudo: Phocion

                Belaunde: Kallistratos

                Treviño: Demetrius de Phalere

                Olabe: Eskinus

                Labarto: Isokrates

                Floren Andraka: Ariston de Chio

                Busturi ta ni: Alkidamas ta Pytheas

 

        —Eta Gondramendi noizko izten dozue?

        —Gondramendi! Ja, ja, ja, ja. Ezaldakizu zer yazo jakon? Epiko ta buru-orde biak, Laraudo ta Andraka zarra dira onek, gau baten onetarakoxe Kartagon batu ta Gondramendi gizaixoa ezeben aintzat artu. Axe da Kartago guztian izlari eztogun lagun bakarra.

        Aren barre gozoak entzunda, zorotzat artu ebezan ostatuko otseiñak.

        —Arangoiti, ez txartzat artu nire oar au. Izlari-baltzu orrek entzuleai barre, orpoetatik be barre eraginda, osasuna zabalduko dau ta guretzat, sendalari garanontzat, kaltegarri izango da. Au gorabeera, neuk barre egiteko be, izlaridi ori luzaro bizi izatea gura neuke, baia laster ilgo dala uste dot. Ezer eztakien batzuk zelan gura dozu luzaro izlari izatea?

        —Entzun, Arraitz. Plutarcoren liburu eder bat, frantzes abade batek bigurtua darabilt esku-artean: Les vies des hommes illustres. Ortxe irakurri dot Demostenesi Atenasko auzitegian birritan erriak txistu egin eutsala. Apal-apal, burua estalirik etsera yoala, Satyrus eritxon adiskide batek bere atzetik etsean sartuta «Zer dozu, gizona?» itandu eutsan. Mari andiak bere zoritxarra erakusteko «Neu naiz erantzun eutsan— izlari guztien artean lanik andiena onetarako artu dabena, eleantzerako neure burua atonduteko erdi indarga gelditu naiz eta au gora-beera erria ezin neugandu dot». Entzun au ondo, Arraitz. Zuk frantzes baedodakizu?

        —Irakurriaz erdi-ulertzeko bestetxo.

        —Ona emen Demostenesen itz onek: Des matelots ignorants et crapuleux occupent la tribune et sont écoutés, et moi je suis rejeté avec mépris. Esaidazu orain, Arraitz. Gure Laraudok, Belaundek eta lagunak ezetedakie Atenasko itxasgizon ezyakin ordi zantar arek ekien beste?

        —Demostenesen azurrakaitik parkatu begide Mungiako izlari andiok titre susmoa. Gero, Arangoiti, nik entzutea daukadanez, Laraudo ta besteren batzuk erromartu gurarik eidagoz. Au egia bada, txulut!

        —Ori berdantzat bai; orain Amilcar ta Asdrubal baizen kartagoar zintzoak dira. Bazkaria oztuko jaku. Gero edatsiko dautsut Laraudo ta lagunen elkizun bat, zeure bizitzan entzun al dozun yazoera politena. Nik lengo gabean, zuen izkaldi-ostean, Laraudori Gora Kartago deadar eragin gura neutsan; «Gora Kartago? Ori gero, ori dirua artu ta gero» erantzun eustan berak. Arraitz, zure lankide Jardines-kaleko orreri ta ezagutu dagizuzan beste sendalari guztiai esan egiezu hipocondriaco sendaezinik badauke, Mungiara bidali dagiela, antxe barreen barrez bizkortuko dala-ta. Atzo goizean neuk lagun egin neutsen Laraudori-ta, Perikles-en etsera lenengo, don Anbrus andiagana; gero El Rásimo-ra. Don Anbrusenean sartu gintzazaneko, otseiña «Oraintxe dei egingo dautsat» esanda, badoa gu ateondoan itxirik. Egon ta egon gu. Alangoren baten, Arraitz, oratu ondo gerriari, eztanda egin eztagizun, «Eztagoala etsean diño» esan euskun otseiñak. Laraudori cataplasma batek urten eutsan agotik. Nik otseiñaren eztagoala entzun nebanean, zokondotxo batera, giltz ta guztiko zokondo batera, yoan bear izan neban, bear etzan lekuan «zerbait» ez egiteko. Loditu egin naizala esan dauste goizeon. Loditu bear, aspaldion barrezka bizi naiz-ta. Bagoaz gero El Rásimo-ra. Laraudok, Belaundek eta Aranduik eskuetan eroezan euren paperak. Bildur nintzan ni Laraudo gureak, izlarien buruordea da ta, alango itzaldi gogorregiren bat egin ezegian, ta bakoitzak zeinbat artzeko eukan yakinda, neu asi nintzan izketan. Ardaorik gozoenak garraztu ta ozpintzen edonoiz ikusten doguz. Ozpina gozatzen eztot orduxerarte ikusi. Laraudok, bere eskuetan bi milla ta bosteun peseta ikusi ebazanean, Malagako ardaorik eztitsuena zirudian. Bere liberaltasuna noiztikoa ta noragiñokoa zan adierazoteko, arako bere izeko Urbana, karlistak orain berrogei bat urte asto-ganean erabili ebanaren edestia erakutsi euskun. Edestitxo au nik berrogei bidar gitxienez entzun dautsat. Diru aren ordain-agiria neuk egin neban ta damu dot; euren ardurapean itzi bear neban arazotxo au. Viñasgandik ikasita, labur-labur beizendu eben: Laraudo, Belaunde, Arandui, izen bagarik. Neure esanez euren birrizenaren ondoan, batak Vicepresidente ipiñi eban, beste biak orador. Idazku atako nagosia, Arganda etederitxon nago, adarra yoten ezta atzerena. Polito-polito itandu eutsen gizonoi izlari-baltzua zer zan, noiz ta zetarako sortu eben... ta azkenean arren bai arren eskatu eutsen, berari be, itzaldi-zalea zala-ta, lenengo batzarrera dei egin dagioela. Kalerako yagi ta agurka aterantz ginoazala, El Rásimo-ko diruzainak bigun-bigunik itandu eutsen:

        —Izlari jaunak, nik emon dodan diru orretan zeuena baiño geitxoago ezetedaukazue?

        —Erdia enparaten da —erantzun eban Laraudok—; baia, badakizu, egun onetantxe bear izaten dozuez iñoiz baiño zalkurdi ta okela ta ardao geiago, ezta egia? Ta gero buruauste gitxiago izan dagizuen, diru au Kartagon bertan egongo da gordailutzAt. Nik eztakit, Arraitz, inspector euskeraz zelan esan ta Laraudoren azken-itzak berak esan ebazanez aitatuko dodaz: El Señor Arangoiti será inspector.

        —Bene-benetako atsegingarriak dira barri onek —esan eban Begik barrez zezindu ta gero—. Len aitatu dozuzan Perikles ta lagunen artean bat itxi dozue sartu bagarik, nire don Anbrusen urrengo izan bear leukean bat: bere loba Morrosko. Aztu edo?

        —Aztu, ostera? Greziarrak Pfinx eritxon mendi batera yoaten ziran noizik noizera itxasoaren aurrez aur euren itzaldiak egitera. Geu be, ilean beintxo, alantxe yoango gara. Gure Pfinx Yata izango da. Ordukoxe ta arakoxe daukat gure Morrosko gordeta, Mungiako Apolo izan dakigun. Greziakoak txirula yoten eiekian. Ikasiko dau gureak be. Ak bederatzi musa eieukazan: Melpomene, Klio, Euterpe... ta abar. Bat gitxiago eztau izango, ni bizi banaiz, gure Morroskok: Floren Andrakaren lau arrebak eta Adona ta Basili, orra sel. Beste irurak, Lejarzegi zuritu al bagendu, bere iru alaba Kristeta, Krisanta ta Krispula izango geukez.

        —Lejarzegiren aldetik baiño Eleizarenetik ezetedozue eragozpen andiago izango?

        —Nik dakustala ez, Arraitz.

        —Pfinx barri ori, Yata mendia, Gatikako lurrean balego, gure don Biribillen eskuetarakoa balitz, ak begi onez ikusiko leuskezue. Baia Yatabeko parrokuak, hmm! Akelarre barri bat sortu gura dozuela ta egunen baten ixopoa eskuetan dabela agertuko litzakizue.

        —Bere baimen ta guzti egingo dogu. Onkote bat, gizagaixo biotz andiko bat da don Emeterio.

        Mungiar zaldun bi arek ain txeratsu, ain maiterik autuan ikusita, nok igarri egun bi aurrerago otso ta otso izan zirala eta egun batzuk geroago an, euren errian, beste ainbeste izan bear ebela?

        Zutunduta Arangoitik lagunari «Beste gauzatxo bat daukat, Arraitz, politta gero —esan eutsan—. Atzo banator bazkalorduan Sociedad Bilbainatik eta bidean emengo adiskide zaar bategaz topez tope egin neban. «Arangoiti —itandu eustan berak—, zer da egun onetan emen sarri entzun daroagun Mungiako El Rásimo ori?» Barreak urten eustan erantzun orduko. «Zuok emen La Piña daukazue, liberal jauntxoen baltzua. An Mungian, eztakigu euskeraz Pino ta Piña zelan esanl eta Mordoa esaten dogu, erderaz El Racimo. Baiña zeuon artean daukazue Mungia-ondoko baserritar Puerto Ricon aberasturiko bat, don Anbrus. Eta onek, kirten andi onek, eztaki bestela esaten, El Rásimo baiño; ta orain guztiok an El Rásimo gora ta El Rásimo beera darabilgu. Mordoa entzun be ezta egiten. Pifian sartu dabe zuen jauntxuok berau».

        Barre andiak egin ta alkarri eskuak txeratsu emonda urten ziran kalera mungiar biok.

 

aurrekoa hurrengoa