www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Latsibi
Resurreccion Maria Azkue
c. 1920, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Latsibi, Resurreccion Maria Azkue (Mirari Alberdiren edizioa). Euskaltzaindia, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIV. Izkaldi-ostean

 

1. Arangoitiren beste asmo bat.

2. Kartagoarren iruskinak.

3. Erriarenak.

 

 

1

 

        Arangoiti ta Busturi, gernikar adiskideai agur eginda gero, udaletseko izlari-baltzura pozik yoan ziran. Arantz yoazala, legegizonak olagizonari «Bilbora ñoak biar, Juan Andres —esan eutsan— ango liburutegiren baten Greziako barri batzuk yakitera. Greziarren erara atondu gure ñeukek gure izlari-baltzu au. Sinistu neuri, Busturi, baltzu onek mungiar guztioi amar bana urte luzatu bear dauskuk bizia. Ezaiz i oraindiño izan gure batzarretan? Urteokaz, euk ondo dakiana, bilbotar batzukaz udazkenean erbi ta basurdeeizara Astudillora ta Burebara yoaten nintzoan. Aurrerantzean, eskopeta ta txakurra salduta, Mungiati eznok iñora yoango. Izlaribaltzua baiño olgeta atseginagorik, neure gogokoagorik etxagok ez eizarik ez kontzierturik. Gaurkoa izango joagu beste guztien azkarri. Don Anbrusek andi-andirik, Epikok esango leukeanez, egingo eidauskuk azken-itzaldia. Dakarrela Gayarre La Favorita kantatera ta orduan bertan gure deduzko buruak bere itzaldia asi dagiala; ni, Juan Andres, Gayarre itxi ta Aginbakori entzutera. Munduan etxagok atsegin gozoagorik».

        —Estutasunak be izaten dira gero. Yataben entzun bazeutso! Larriarren okertuta neukan nik gorputza.

        —Yataben egun atan izatearren, euneko gorria pozik emongo ñoan nik. Orain, Juan Andres, benatsu ta txordo egon. Barre egin bear bada, barrurantz egin; izlari kokolo onek zetan diardugun igarri eztagien.

 

 

2

 

        —Izlari guztiotati lau ez besteok emen gara esan eutsen Laraudok udaletsean sartu ziraneko.

        —Nortzuk dira agiri eztiranok?

        —Don Anbrus, bat; Epiko, bi; Treviño, iru; ta Floren Andraka; orra laurak —Belarrira esan eutsazan Laraudok Arangoitiri beste itz onek—: Minduta eidago mutil au, minduta be zelan?, adierazle izatea aintzat artu eztautselako.

        —Ibituko jako aserre ori —Urrengo itzok zoliago ebagi ebazan, Andraka zarrak entzuteko eran—. Floren gauza andiagoetarako yaioa da. Gaur eguerdi aurrean Yataben egin daben diskurtsu ederraz nekatuta gelditu dan izlariari, arratsaldean barriro lan eragin? Ez, Laraudo. Gizona ezta arrizkoa.

        Pozik entzun ebazan Andraka zarrak itz onek.

        —Zer dirausku, Arangoiti, arratsaldeko izkaldiaz? Nor izan da izlarirk etorritsuena ta yasekoena? Epiko mutilla da gero!

        —Bai ta Begi gizona. Eskerrak plentziarrak bidaldu dauskuen euriari, bestela erromarren oilarrak gurea zati-zati egingo eban. Begik amaitu dabenean, nire ondoko gernikar batek, Obietak, auxe itandu daust: «Zelan da Arraitzek Busturireneko yazoera, arako parkeske nago besteari arpegira ez yaurtigitea?» Ori —erantzun dautsat nik—, ori berariz, gurarik geroko itxi izango dau. Gizonak, eztozu Begi ikusi, Epikok monstruo esan dautsanean, urduri ta txinpart-urtika paperean zerbait idazten? Obieta —esan dautsat nik orduan gernikarrari—, begiratu areri. Eztautso gaur besteari azur osorik itxiko —Auxe esan dautsat eta auxe yazoko zan.

        —Gau on —esanda sartu ziran Epiko ta Treviño izlaritegian. Besteak, yakiña! euren autuan ezin luzatu izan eben.

        Laraudok. Eta don Anbrus ta loba?

        Epikok. Eztatoz.

        Laraudok. (Asarrez) Zelango eztatoz?

        Epikok. Loba zarrena, Teresa, gaixorik dauke ta yoan egin bear izan dabe.

        Laraudok. Au gizonari buruti beera zerbait egitea da.

        Beste itz bat esan eban Laraudok zerbait orren tokian. Papera atsitu eztagian, eztogu ezarri.

        Epikok. Eztirautsut, bada, loba zarrena makalik deakela ta...

        Laraudok. Makalik badauke, zelan etorri dira izkaldira?

        Epikok. Izkaldia... izkaldia... beste gauza bat da.

        Laraudok. lzkaldia e? Izkaldi ori dala ta eztala entzun dodana esango baneu, esan, arranoa!

        Arangoitik. (Larri-larri) Laraudo, zu zaraan gizon baketsu ori, zer dala-ta sutu zara?

        Laraudok. Sutu? Txingartu be egingo gara gu, txingartu be. Badaki, Arangoiti, zer yazoten dan? Or Bilbo-aldean batzuk zerbait izan gura ta dirurik atara gura ez ta Peru Dubako aspaldion il zan ta gure zaldiak yan egin bear dabe ta geuk be yan egin bear. Iru bidar idatzi dautsat don Anbrusi milla errealeti gora daukadazala nik artzeko, Aranduik be asko, Belaundek be asko; ta zordunak, don Anbrus Aginbakok, guri murtik erantzun ez. Alango baten Viñasek esan euskun, ezalda, Viñas, egi-egia? « Izkaldira dator Isasti jauna loba biren erdian. Garaipenaren oskarritzat, para selebrasión del triunfo esan euskun beronek, izlari-baltzu betea udaletsean izango dogu. Azkenean argitu ta garbituko doguz orainarteko kontu orrek. Berak, Isasti jaunak berak esango deu El discurso de Sierre». El discurso zer dan badakit; de sierre ori eztakigu zer dan, ez nik, ez Aranduik, ez Belaundek, irurok izlariak izanarren. Yatabekoa lango ganorabako zeren bat ezetezan izango el discurso de sierre ori?

        Epikok. Laraudo, Laraudo; don Anbrosio de Isasti y Torrealdea izlari-baltzu onetako deduzko burua de ta lotsaz, begirune andiz aitatu bear zeuke bere izena.

        Laraudok. Deduzkoa bada, zorrak ordaindu dagiguzala.

        Epikok. Ezaldozu entzun zer yazo dan? Loba Teresa gaixorik daukelako...

        Laraudo. Ori guzurra da, guzur andia.

        Epikok. Len deduzko buruari, orain izatezko buruzagiari lotsa galdu dautsazu.

        Laraudok. Buruzagia! Ta arratsaldeko izkaldian besteak, Begik, buru-buruan yo?

        Epikok. Laraudo! Laraudo jauna! Zarrago zaraalako...

        Laraudok. Eta au nik eztiñot neurez. Neu ta zeu baiño be irakurriago ta yakitunago dan bati entzun dautsat nik au. «Eskerrak Plenziati etorri jakun euriari, bestela erromarren oilarrak gurea zati zati egingo eban».

        Arangoitik. Gizonak, bakea. Erromarrak au balekie, zer esango eteleukee?

        Laraudok. Erromarrak! Esan baarik ezin nagoke. Gaur bazkaritan nagoala, emaztea ziri ta ziri egon jat, milla errealeti gora doala zorra ta zor zarra zor txarra dala ta au ta ori ta bestea. Nik auxe erabagi dot: biar gabera-orduko El Rásimok zor daustan dirua emon ezpadagit, etzi erromar egingo naiz ta don Anbrusi ta Morroskori auzia ipiñiko dautset. Eta uste dodanez Arandui be erromar egingo da ta Belaunde be bai ta Olabe ta Floren Andraka be hmm!

        Andraka zarrak. Floren gurea ez, inkondisionala da-ta.

        Laraudok. Inkondisionala? Artzekoduna balitz, arrano gorria!

        Arangoitik. Baretu ta baketu zaiteze, gizonak; artuizue epea, arnasa artuizue —Epiko ta Treviño iñori «Gau on» esan bage etsera yoan ziran—. Arazo batek Bilbora naroa ni biar. Alkarregaz yoango gara, baderitxazue, iru artzekodunok eta neu. Neure izen-txartela eskuetan dozuela yoan zaitez irurok don Anbrusegana lenengo, El Rásimora gero. Orain, gizonak, gure izlari-baltzu andi onen batasuna zatitu zedaitean, guztiok zoli ta bero esan daigun: Gora Kartago!

        Laraudok. Zer? Gora Kartago? Ori biar, dirua artu ta gero.

        Arangoitiri azken itz onek ondo buruan sartu ekiozan. Amaika aldiz ta amaika tokitan aitatuko ebazan ganerako urtetan! «Gora Kartago? Ori biar, dirua artu ta gero».

        Barrealdi ederra egindakoan zaltzain izlariari «Laraudo —esan eutsan—, eztozu ondo egin, don Anbrus agominean artuta Aginbako dala esatea. Yatabeko diskurtsua ganorabakoa zala zabaltzea txarrago izan da».

        —An batu ziran guztiak eztiñoe besterik.

        —Ezalzenduan, Laraudo, El Eco de Vizcaya irakurri?

        —El Eco de Vizcaya ala El Eco de Epiko da gero paper ori?

        —Ganorabakoa izan bazan be, guri etxagoku ori esatea. Buru dogu, aita dogula egin kontu. Badakizue, gizonak, gaur gure-artera zegaitik etorri izango eztan? El discurso de sierre ez egitearren. Bera baiño entzute gitxiagodun izlari bik entzuletzat lau milla gizon, eta berak ogei baiño ez!! Au etzan lege, au etzan ez bidezkoa ez deduzkoa. Biar goizean Bilbora ez eze bere etsera be alkarregaz yoango gara, laguntzat artu gura banozue. El Rásimok zuen artzekoak bere zortzat ezagutzeko don Anbrusen baietza bear izango da. Bere izena orretarako emon dagizuenean, eztot gatx izango bere itza datorren eguenerako lortutea.

        Gaur udaletse tutu onetan egin bear eban itzaldia egin dagiala datorren eguenean Mungiako plazan, legezar-zabalean.

        Alkate jauna, yardungu ori bego ortxe beste zortzi bat egunetan, kalterik egin ezik. Gure zabal onen izenak ots egingo dan Bizkaiko Edestian emendi seireun urtetan be. Eguastenean goiz ta arratsalde uriauzorik uriauzo erabiliko dogu Felipetxu, tuntuna yoaz entzule batzen. Ondo deritxazue? Entzutekoa izango da don Anbrusen El discurso de sierre.

        Guztiz siniskorra zan Laraudo. Itz onek entzueran, Busturiren irribarreak ikusita ezekian, orregaitiño, Arangoitiren asmo ori aintzat ta benetakoatzat artu ala ez artu.

        Eurak etserantz lokatu ziranean, Epikok eta maisuak Adonaren atarian izketan ziarduen:

        —Zuk diñozunez, gure kokolo andi Isastik eztau uste ni garailari izan naizenik, erriak be ez. Nok yaramon erri burubako bati? Arangoiti, erriak kutsatuta edo, Busturik beraganduta edo... Ezeteda bera izan Laraudori Plenziako euria ta erromarren oillarra aitatu dautsazana? Zer da nik orain egin dagikedana, Treviño?

        —Nik —erantzun eutsan maisuak—, nik, zure azalean banengo, aukeraldia ta senda lari kuntzea ostikoaz yota, Puertorricora bidea artuko neuke.

        —Zure azalean banengo, neuk be bai.

        Epikok bere azalpeko ezkutuki andiak ezeutsazan lagunari agertu gura izan. Zeintzuk eteziran? Bere gelan sartu zanean, tindi baten gogoketan egonda «Azpirakuntzea dirudian izkaldi ori, zelan biurtuko dot garaipen? O Tete, neure Tete eder ori! Zeugaitik noa aurrera. Elazkoak itz egin begi (Que hable la prensa)» esanda El Eco de Vizcayarako zirriborro batzuk egiten asi zan.

 

 

3

 

        Erriak, barrua ardantegi ta kafe-etseetan berotzen ziarduanartean, Epiko ta Begiren izenak txitean-pitean aitatu ebazan. Esale ta edale geienak Begi euken garailaritzat. Larrauritar askok, au gorabeera, euren izlari andi Laraudori «Epiko gurea mutilla da» ziñoen. Meñakar batzuk Floren Andrakari auxe eraso eutsen: «Ez bata ez bestea eztira izan iñor ez lango izlari andiak. Orren ikasteakaz edozein baserritarrek askozaz obeto egingo leuke».

        Erromak zoroetse bat zirudian. Nok an gau atan sendagaillurik erosi? Anton Imaz ispillu baten aurrean bere buruagaz dantzan ibili zan. Mauri indianuari aste guztian baiño itz geiago emon eutsen gau atan bere ezpanak.

        Guztiak egozan zerbait esan gurarik; guzti-guztiak ez orregaitino, Begi ez. Bere lagun ta gogaideen maitetasunak samurtuta, barre, ezeban besterik egiten. Bekosolok itz eragin eutsan. Bere gurenda

 

 

 

        ots andiko aren goragarritzat apari eder bat guztientzat atondu gura ebala erakutsi ebanean, «Diputaukuntzea eskuratu dagigunean, bai; artean ez» esan eban izlari garailariak.

        Uritik urtenda, bidebarriz bidebarri etse aldera yoazala, emerandoar batzuk urrundik ezagutu eben Meñakako sakristau zarra. Bizkor yoazan bere atzeti. Bidekurtzera eldu ziranean «Aup!» deadar egin eutsen.

        Urak etzaroaz ta zagoz tinditxo baten, Martin.

        —Zeuok zare?

        —Bai, geu gara. Ze barri, Martin?

        —Barririk ba, barririk-iii zeuok dakizuena ezpada, Meñakako sakristaua urte bitik onakoan, aur goran, batez be euriari badinotso, oinez ikasten ibilli dabillela.

        —Aur beeran ezta ba errez zeuri aurrea artzea. Ta Mungian?

        —Ezalaiz eu an izan, Markos?

        —Bai, beste amar bidar balego be; baia orrelango zer orretan maisua zara ta zeure eritxia yakin gura dogu.

        —Auxe da ba, esakera danez «Zaarrago, bearrago» izatea. Onei esan dautset. Nire ustez, begirako ta belarrirako, erdalduna; bururako ta biotzerako, geurea nagosi.

        —Ze atze izango etedau izkaldi onek?

        —Aurrea baizen argia dauko atzea, nire eritxi laburrean. Arraitz medikuari entzunda, botoagaiti dirua artu dagiana soka bat samati lotuta «Aida!» esanaz, beeko plazara bertara Santularri egunean eroan bear leukegu.

        —Epikok be txalo asko izan dau ta zerbaitean egon bear izan dabelakoa diñoe batzuk.

        —Miiña dauko ak labana ta itzak bigunak, larrapaskorrak, larra-paskortxoegiak. Azkenaldean bere burua ezin geiago goratu dau. Erromar agirienen izenik aitatu be egin bagarik, bere mena, Epiko, goren goren ipiñi dau. Berak, Epikok, triunfauko dabela.

        —Eta ori zer da?

        —Baa... garailari bera, Epiko, izango dala. Gizonari etxako au eder egiten. Beste aldeti ezeban gaur protestanterik aitatu bear, ezkara ta.

        —Damutu be orduan-aa, damutu be ezetedako egingo?

        —Bai, Markos. Orixe esanak galdu eragingo dautsaz, nire ustez, euren boto-apurrak.

        —Zeuek, Martin-iiii, illunaren bildurrez edo, gautu-orduko zoaze etsera.

        —Ezaldozu iñoiz entzun arako

 

                Goiztxotik oilloak otara,

                Goiztxoti gu zaarrok lotara?

 

        Bein zaartuezkero, Yainkoaren argia baiño besterik eztau gizonak bear. Zuzi ta illenti ta kurtzelu ta beste asmo barriko argiok gazte zoroentzat oba dira.

        —Leia dozue etserako ta agur ba, Martin ta lagunok.

        —Zoaze ondo, Markos.

 

aurrekoa hurrengoa