www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Latsibi
Resurreccion Maria Azkue
c. 1920, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Latsibi, Resurreccion Maria Azkue (Mirari Alberdiren edizioa). Euskaltzaindia, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXVII. Irakiten erria, su bagarik

 

1. Anton Imaz ta oiulari batzuk txakalakortan.

2. Zabaleta eta Larrinoa udaletsean.

3. Lamiaranen ostatuko batzarra.

4. Ingenieru barri bitzuk.

 

 

1

 

        Kartagok barriro goratzeko egin ebazan lerren andienak Epikorenak izan ziran. Bera zan mutilko oiulariak isildu eragin ebazana. Orretarako Adona urizain nagosiagana bialdu eban. Aren atzetxotik Epiko bera yoan zan.

        —Don Pedrok etorteko —esan eutsan Adonak.

        —Zein don Pedrok, alkateak?

        —Ez, geureak, don Pedro Viñasek.

        —Zu zara abuazil nagosia? —esan eutsan gero Viñasek an sartu zaneko.

        —Bai, jauna.

        —Zeinbat urizain zaree?

        —Bi, obeto esateko, bat eta erdi, Felipetxu ta neu.

        —Zoaze biok, arin bai arin, kantetan diarduen mutilokgana ta guztiok baitegian sartu egizuez.

        —Alkateak agindu balegit...

        —Mungiako alkatea burutik beatzetara, oso ta zintzo, kartagoarra da. Ezalzekian? Kartagoarren buru neu naiz.

        —Jauna, berorrek baderitxo, uriko etsera yoango naiz lenengo. Alkatea goizean goizean, amarrak... amar ta erdiak ezkero an egoten da. Oraingo Yesus! aiztuta be an dago Arruza.

        Epikok orduan min-min eginda «Nor naizan badakizu —erantzun eutsan—; nire aginduaren barri be bai. Caracalla!! Lau egun barru zeure burua kale gogorrean, zer yan eztaukazula, ikusi gura badozu...».

        —Banoa, gizona, banoa.

        Bost minutu barru, Felipetxu alde batetik, bera bestetik zala, zazpi abeslaritxoak kale nagosian inguratuta eukezan. Lauk iges egin eutsen. Baituriko mutilkoak geure ezagun andien semeak ziran: bat, Krisanto, Jose Zabaleta eskribauaren seme zarrentxoa, Anton Imazi egun bi eurrerago bere arazoan lagun egin eutsana; bigarrena, alkatearen loba Teles ta irugarrena, oiulari guztien artean gazteena berau, erriak Josetxu Botikako esaten eutsana, Larrinoaren seme Joxepe.

        Mailladian gora, oillasko-oillandak eskintokira lez, baitegira eroezala, Anton Imaz arnasoska agertu zan. Atan errurik baegoan, errudun bera zala ta «Umeak nora, bera ara» yoala ganeratuta, mutiltxo ta urizain biakaz goiak gora tipi-tapa yoan zan sakristau gibel-andia.

        Mungiako baitegia etse apaltxo baten goianengoan egoan, gaurko alondika-etsearen teillapean. Ezeukan ez giltzik ez zerraillarik. Maratillatxo bat zan baitegiko atea ertsirik edo itxita eukana. Josetxuk an bere burua ikusi ebanean emon eutsan negarrari!! Nok a isildu? Anton Imazek mutilkoa besartean artuta, mosu andiak emon eutsazan, Milango barri be bai, banaka batzuk beintzat.

        —Italiarrak, Josetxu, etxoek, guk lez, Milan esaten, Milano baiño. Katedralagaitik be etxoek esaten la katedrale, il Duomo beti. An, il Duomo aretan, Mungiako eliza langoak ogei nasai-nasai sartu dagikez. An bizi dan beste musikalari ta pintore! Geienak ule luzea erabiltan joek. Neuk be kartxetatxoak, luze-luzeak ez baia, garondoan beera erabilten naioazan. Kafetse bat badago Milanen, kafetse bat! Mungiako zabala, nik Epikoren paperari sua emon neutsan lekua badakizue?, axe baiño be kafetse zabalagoa, egunaren ta gauaren ordurik geienetan bete bete, beeeeteta. Mutillak, estatua zer dan badakizue? Arrizko gizona da estatua. Bi milla onelangoxe daukaz Milango katedralak kanpotik. Barruan zer daukan, Yainkoa lagun! Josetxu, ik eztakik Mungiako ibaikume onek izena zelan daben? Eztok iñoiz Oka entzun? Bada onek Oka lez, Milango ibaiak Olona dok izena.

        Larrinoa txiki, au gora-beera, negar baten egoan; ta sakristau biotz-bigunak yagita «Josetxu, eu isilik eta pozik eukitearren, Pieta Signore kantauko doat. Gauza ederra, mutilak; Italiakoa au be.

        —Alto la ezalda oba izango?

        —Ez, Krisanto; ori egun andietan, orain ez.

        Zerura edo goiburura begira ta eskua bularrean ebala Pie-tá, Signore asi zan Gatikako baritonoa oiuka.

 

                Erruki, Jauna, mindun onezaz:

                Jauna, izan zaitez erruki,

                nire eskari au zuganagiño eldu badagi;

                zure gogortasunak eznagiala zigortu.

 

        Kanta larri au entzun ta kantaria ain itzal, ain larri ikusirik, len baiño be negar samiñagoak egin ebazan Josetxuk. Bere lagunak, barriz, bataren malkoai ta bestearen pariztai barre-zantzoka erantzuten eutsen. Benetako komedia zan a.

 

 

2

 

        Bitartean Zabaleta eskribaua ta Larrinoa botikarioa, euren semeak baituran egozala yakieran, arrapaladan yoan ziran udaletsera.

        —Alkate jauna, onelango gizonkada asko egin badagizuz, zure zuzen-entzutea laster da galdu.

        —Ze gizonkada diñozue?

        —Anton Imazi ta mutiltxo batzuri ezaldautsezu zeuk kalerik kale oiuka ibilteko baimena emon?

        —Bai.

        —Ta gero txakalakortan sartu! Ori eztau egiten biozdun gizonak. Ondo deritxazu orri?

        —Gizonak, entzun. Onaxe etorri jataz kantarion baimen billa. Baietz nik. Ordutik ona, sekretarioa lagun dodala ementxe egon nago ni, ta iñor ezta ezetarako sartu ta eztakit kaleko barririk arean.

        —Igarri nik, Jose —ziñoan Larrinoak— «Emen Epiko dabil, Epikotxo dabil emen» esaten izan dauat nik; eta orra or.

        —Ugalde —alkateak sekretarioari—, zoaz arren urizainagana ta yakizu agindu ori nok emon daben. Viñas izan bada, etzaitez bera bagarik etorri.

        Mungia, orretarako bertan lurra naikoa izanarren, gizonez beintzat oraindino ezta Londres. Batetik besterakoa laster egiten da Mungian. Nor non dabillen yakin, erraz yakiten da. Alkateak sekretarioa bidali ebanetik Epiko beragaz agertuarte Zabaletak eta koñatuak ezeben zigarrotxo bana osorik erre al izan. Eldubarriak udaletsean sartuta batera asi zan alkatea Epikori arpegi artzen, goragoraka bagarik orregaitiño:

        —Don Pedro, zuk agindu etedozu gaur norbait baitegian sartu dagiela?

        —Bai, jauna, neuk agindu dot. Argi-argi nekusan nik erriak paper-saltzailleari burua ausi bear eutsela ta negargarririk ez ikustearren...

        —Noren manez emon dozu agindu ori?

        —Noren manez, noren manez? Kartagoarren buruaren manez, neure manez, gure alderdiko nagosi neu naiz-ta.

        —Eta alkatea, zeu ala neu gara?

        —Kartagoarra ezalzara zu?

        —Pedro Arruza kartagoartzat dauke. Mungiako alkatea ezta ez kartagoar ez erromar; mungiarra da.

        Alkate askok, itz onek ebakeran, kristalai dardart eragingo eutsen, Mungiakoak ez. Egutaizea euskaldun gitxik dakie zer dan: erdaldunen zéfiro, zeruko arnasea, aize bigun-bigun, ez argirik itzungi, ez bularrik garramaztuten eztaben egurats astitsua. Onelantxe, egutaize antzera, ots egiten eban beti, entzuleen belarrietan, Arruza alkatearen eztarriak.

        —Viñas jauna, orrelango gauzetan, nai norbait txakalakortan sartzea dala, nai kantateko baimena emotea dala, orrelango zeretan erdu alkateagana. Bidezkoa dan gauzarik eztautsu ukatuko, batez be zuri.

        Viñas auzkarako etorren. Begiak amurruz gorri ta ezpanak gorrotoz zuri ekazan. Berak ezekiala, kirioen bizitasunez, eskuak ikoldu ta ukabildu egiten ekiozan. Alkateak ain bigun, ain legun artu ebanean, zer esan ta egin ezekiala gelditu zan. Orregaitiño, bere burua erromar biren begietan ain apalatuta ikusirik, asarre barriak bere odolari su emonda «Uri tutu sakristautsu onetan ezin bizi daite» esanda, ateari ots eraginez zabaleratu zan Epiko.

        —Txotxo —esan eutsan leiotik Larrinoak—, uri tutu sakristautsu onetatik len bai len ta betiko bazoaz iiiiiiñok eztau emen negar egingo. Gero, txotxo, etsandrea ordaindu bagarik ez alde egin e?

        Epikok amurruarren erantzun eutsana aizeak eroan eban.

        —Ori esango eutsan ik gizonari, Jose?

        —Esan? Alkateak beronen biguntasunez nire besoak beeratu ezpaleustaz, yo be egingo neban nik ori, yo be, txakil tximiño ziztrin erube zital ori.

        Viñasen atzetxotik kaleratu ziran alkate ta koñatu erromarrak. Alondikara elduta, mailladian gora yoazala, Anton Imazek Pieta Signore-ren bigarren atala, lenengoaren itzez, oiuka ziarduan.

        Pedro, zeugaz dau sakristauak. Aren Signore Mungiako alkatea da; aren Pietá zeure errukia.

        Alkateak maratillatxoari ikututa, barrukoak bultzada bat ateari emon eutsenean, autsez beterik, beste batzuk zirudiela, argitaratu ziran kale-abeslariak. Bitartean berrogei bat yakingura batu ziran baitegi-aurrean. Lenengo lokabetuak, Krisanto ta Teles, kaleratu ziranean, txalo andi ugari ta zaratatsuak yo eutsezan. Anton Imaz, antzelariz yaten baiño be pozago izaten zan txaloak, beretzako txaloak, entzuten. Erriak mutilko biai yoak entzunda, Milango operaetse andi La Scala-n La Tebaldini ta Tamagno-ri zuzenduriko txaloak eta abeslari andi bi onen agerkera gomuta izan ebazan. Autsak berari alkateak erdi kendu eutsazanean Mille grazie, signore esan eban. «Alkate jauna, gauza batek arritu nau ni emen. Arritzekoa ezalda, gizonak, kanta bakar batek Josetxuri negar ta beste mutilko biai barre eragitea?».

        Mungiarren aurrera agertu zanean, a izan zan esku-zaratea! Anton Imazek orduan, txapela erantzita, La Scala-ko bere ezagunak lez eskumaldekoai lenengo, gero ezkerraldekoai ta erdi-ingurukoai urren, burua makur makur ebala mille grazie... mille grazie... mille grazie esan eutsen. Nok igarri, gizon ain bigun, ain abegikoi ta gizabidetsu bat Mendatako auntz ta aker-artean amazortzi urte anditan bizi izan zala?

 

 

3

 

        Laraudoren lando ederra Lamiaranen ostatura eldu zaneko, Mungiako etseak barriro gizonez ustu ziran ta kale nagosia barriro ikusguraz bete.

        —Don Anbrus, Kartago txikartxo izango da egun onetako batzarrak egiteko. Berorrek baderitxo, ementxe batu gaitekez. Neuk esango dautsat Basiliri doala etserik etse kartagoar geienai onakoxe dei egitera.

        Arandui burutsuarena izan zan asmo au. Basilik ezeban ate-oska ibili bear izan; kalean egozan batzar ta baltzukide guztiak. Arrosko sartu ziran jauntxoagana Olabe, Andraka zarra, Simon Ganguren, alkatea ta Belaunde. Gondramendi be an zan. Arangoiti, maisua, Busturi ta Epiko gerotxoago agertu ziran. Guztitara amabost ziran batuak. Morrosko asi zan izketan.

        —Jaunak, lokabetasuna arrisku andian eidago Mungian ta gu beronen alde gatoz. Onetarako, garailari izateko, zer da egin bear doguna?

        Laraudok. Emen diru andia bear da; bestela galduak gara.

        Don Anbrusek. Dirua? Aukeraldi au a la inglesa izango zala ta dirua! Diskurtsuak egitea ezalda oba izango?

        Floren Andrakak. Diskurtsuak erderaz ta euskeraz egin gura izan doguz ta kaiku burubakoak garala esan dausku batek.

        Morroskok. Ori yoan zan. Gizona dan gizonak eztau atzera begiratu bear.

        Don Anbrusek. Aurrean iru egun daukaguz; gaur barikua, biar zapatua, etzi domeka. Biarkoa baiño eztaukagu diskurtsuak egiteko.

        Laraudok. Pido la palabra.

        Don Anbrusek. Ze pido ta mido! Demokratak gara emen.

        Laraudok. Ez asarratu orregaitik. Nik diñodana auxe da: diskurtsu ta bertsoak egiten gu baiño geiago dira erromarrak; gu dirutan arek baiño geiago, neu ez, baia badakizue esan gura dodana zer dan; ta garailari izan gura badogu, dirua emon bear izango da.

        Morroskok. Belu da orretarako ta ezta belu. Au Bilbon yakin bagendu, yakin, ekarriko genduan diru ori, zeinbat gura; baia orain dirua dirutan ezin ekarri daite; belu da.

        Laraudok. Ni lenera beti, dirua, dirua ta dirua; bestela txulut.

        Morroskok. Eztala belu be esan dot. Diru-txartelak egin daiguzan orain; ta astelenetik aurrera vale orrek dirututeko an izango gara Bilbon. Non bizi garan badakizue.

        Geien geienak begiak itxi ta ezpanak musturtu ebezan. Arangoitik eskuaz agoa estali ta barre, isilleko barrea.

        —Ortiz de Treviño —zerraion Morroskok—, egizu eredu bat.

        Maisuak idazten ziarduan artean, Gondramendi ta Epiko ez, beste guztiak biñan ta irunaka autuan asi ziran.

 

VALE
VEINTICINCO PESETAS
pagaderas en Bilbao
dentro del corriente mes
MUNGUIA A 2 DE OCTUBRE DE 1890

 

        Treviñok. (Don Anbrusi) Gero berorrek beizendu bear izango dauz diru-txartel onek.

        Jauntxoak. Idazkera ona, Treviño; baya, bada-ezpada, or VEINTICINCO-ren ordez ipiñizu DIES.

        Morroskok. Ze ardura dautso berorri au gora-beera? Mungian, uri ta uriauzo, zeinbat boto dira? Seireun bai?

        Laraudok. Yatabe ta Laukiniz ta Bakio kenduezkero, Mungiako alkatearen zigorpeko botoak bosteundik gora eztira, nire ustez.

        Morroskok. Bosteun yo daiguzan. Bakotxa bost ogerleko eginda, cinco por cinco veinticinco ta cero bi, orra or non dirdan bi milla ta bosteun ogerleko.

        Jauntxoak. Cataplasma! Len amar milla ogerleko andi ta bi milia ta bosteun ganera...

        Morroskok. (Osaba ukondoan yota) Berorrentzat zer da ori, osaba?

        Arangoitik. (Aulkitik yagita) Don Anbrus, lenengo-lenengo egunean, arako El Rásimok bidaldu ta gurera eldu zintzazenean, dirurik emotea bazan, ni etsean lotuko nintzala esan neutsuen. Ganera (irrimirrika ziñoan au) eztozue uste gure izlari-baltzu andi onentzat lotsagarria izango litzateala a la inglesa aukeraldi au ez egitea? Txalak erian lez gizona diruz erostea bada...

        Morroskok. Dirurik eztogu emongo, papera, diru-txarteltxo bat.

        Arangoitik. Ainbat okerrago. Dirua dirutan, urre nai zidarretan emotea bada, erospen lotsagarri bat izango da gure aukeraldia, gizaazoka bat. Diru ori txartel uts, balio baakoetan eskurik esku badarabiltzue, alde batetik erospena ta bestetik lapurreta loi bat. Don Anbrus, zeuri batez be ta zure loba aldungeiari zuzendu gura dautsuedaz neure itz onek. Gure arlo au deduz aurrera badaroazue, Busturi ta ni gertu gagoz biar noranai, Viñasek dirauskun lekura, itz egitera yoateko; etzi edozein maitan, uriko nai uriauzokoetan, egoteko be bai. No vale orrek aintzat artu gura badozuez barriz, gu ezkara orretan sartuko. Gizona gizon da, ezta andrakilla, beragaz yostatu gura izateko. Erabagi dagigun, don Anbrus, aukera au a la inglesa ala a la bilbaina izango da?

        Alkateak. Don Juan, bilbotarrak guzur diru-paperik eztabe emoten. Au ezlitzate a la bilbaina izango.

        Arangoitik. Egia, Pello, au a la gitanesca zeunkee. Zer diñozue, gizonak?

        Kartagoarrak zurrumurru luzarotxo. Erantzun argirik, Laraudok itz eginarte, ezeban Arangoitik entzun.

        —Ni beti lenera —esan eban zaldidunak— dirua, dirua ta dirua; dirua lodi, bestela gureak egin dau.

        Morroskok. Lokabetasunagaitik aurrera egin bear dogu.

        Don Anbrusek. Diru-txartel orrek emon ezik, galduta algagoz?

        Laraudok eta batzuk. Bai, galduta gagoz.

        Don Anbrusek. Eta diru-txartel orrek emonezkero, irabazi ala galdu?

        Lengoak. Irabazi.

        Don Anbrusek. Arangoiti, a la inglesa baiño gurago dot olantxe, zelan esango dot? Hmm a la...

        Laraudok. A la txartel.

        Don Anbrusek. A la txartel gurago dot. Gizonak, aurrera.

        Arangoitik. (Zutunik) Zuok bai, aurrera. Gu, nire adiskide Juan Andres Urizar ta ni, etsera goaz.

        Busturi ta Arangoiti zutundu ziranean, don Anbrusek bere agin barri ederrak erakutsita, zoli-zoli, «Arrrrrraioa! —ziñoan—, gero Berinoleagako buru nor dan ez aztu, Busturi».

        Ordurarte Arangoitik irrimirrika yardun eban. Jauntxoaren itz garratz onek entzueran, txinpartak eriozan begietatik; eta ukabilla yasota «Don Anbrus —esan eban—, Busturi Berinoleagako baltzuak eroan eban ta baltzuaren baimen bagarik iñok eztau andik atarako. Gizonak, mungiarrak, zeuon buruen yaube ala Mayaguezko baltzen antzera peko edo esklabo zaree?».

        Iñok ezeutsan Arangoitiri erantzun. Arek urtendakoan, Epikok, artean itz bat ebagi izan ezarren, «pzzzzz» esanda, itaune auxe egin eban:

        —Azpisugeak dira ala eztira azpisugeak?

        —Ederto, adiskide —esanda, eskua emon eutsan Morroskok.

        Orduan Pedro Arruza alkateak txapela yantzita, Epikoren arpegian bere begiak ebazala «Errez da, don Pedro Viñas, norbaitgaiti azpisugea urrundik esatea. Azartuko etezintzazan or doan zaldun andi, Mungiako gizonik andiena dogun don Juan Arangoitiri, aurrez aur azpisugea dala esaten, azartuko etezintzazan? Zuk eta don Tomasek batagaiti ta bestengaiti esan dozuen itz lotsagarri azpisuge, ementxe guztion aurrean, ez esanikotzat atzeratu gura ezpadozue, neu be, gizonak, neure etsera yoango naiz; eta yakin begie, don Anbrus, La Concordia-koak alkate-zigorra kenduarren eztaustala ardurarik izango».

        Morroskok. Baia, alkate jauna, emen yazo dana olgeta bat izan da, broma bat. Nik olgetan esan dot azpisuge ori ta Viñasek be olgetan. Eztozue, gizonak, gure Viñas de Andrés pzzzz egiten ikusi? Olgetan beintzat. Ezta egia, Perico?

        Irribarre egin eutsan bere adiskideak, ezer erantzun bagarik.

        —Alkate jauna —esan eutsan gero Morroskok Arruzari—, zeuk dakutsunez, emen yazo dana utsa izan da. Yoanak yoan. Mordotu gaizan. Gure alderdi onen igartatza edo sinboloa mordoa da, El Rásimo. Laraudo, mordo onen izenean mesede txikitxo bat, adiskideusaineko laguntzatxo bat, eskatu gura dautsut; gure izlari-baltzu onetako nagosi Viñas jaunari eskua emon dagiozula —Laraudok, biotz-biguna zan ta amen amen egin eban—. Emon zuk be Floren Andraka. —Andraka zarrari, samurtuta, len arerio ziranak adiskide ikusirik, negarra mara-mara erion. Orduan Floren bere semeak, oi ebanez sutsu «Gora geu ta geutarrak!» deadar egin eban.

        —Gora! —erantzun eben beste guztiak. Batek ez, Arruza alkateak ezeban txitik egin. Morrosko alderdiko garau banatuak batu ta mordotuten asi zanean, alkateak iñori agurrik egin bage kalera bidea artu eban.

        —Gura dozue, gizonak —esan eban orduan Floren Andrakak—, neu Arangoitiren maister guztiakana agertu ta berak agindu dabela ta botoa emon eragitea? Bestela etsea itxi bearko dabela ganeratuko dautset. Zer deritxo oni gure aldungeiak?

        —Lokabetasunaren izenean edozer egin dagike —erantzun eutsan Morroskok—. Treviño, artu egikezuz orain zeure eskolako amar mutilko aurreratuenak eta bosteun bat diru-txartel atondu guztion artean, ogeta bost peseta nai geiagonakoak, zeuk gura dozun bestenakoak.

        Gero lagun bakotxari bere eskuera izendatu eutsen: don Anbrusi Yatabe; Floren Andrakari Meñaka; Laraudori Larrauri... eta abar. Epiko barriro guztien buru ta zuzentzaile egin eben.

 

 

4

 

        Kartagoarrak kalerako yagita egozala, Bermeoko mandatari bat agertu zan euren artean. Eskuetan ekarren eskutitzak Tomás Torrealdearen izena eukan azalean eta beeko aldetxoan itz onek:

 

En su ausencia
a D. Pedro Viñas de Andrés. Urgente.
Munguia.

 

        —Gizonak, Bermeon ze barri dan yakiteko, yesarri gaitezan barriro. —Eskutitza irakurrita gero— Barri onak —ziñoan Morroskok—, barri onak eta esetsi-egitamu bat bidaltzen dausku ango aldungei Bidagurenek. Iru egun, goiz ta arratsalde, komentu-ostean asita bidebarri-ondoko soloetan neurriak artzen eidiardue gure alderdiko gizon batzuk. Aukera-ondoan La Concordia Cívica diputazinoagaz batera burdinbide bat egiten asiko dala zabaldu dabe errian. Beste alderdikoak, bildurrak yota, uretan neurriak artzen asi dira. Bermeok lengoa baiño kai edo portu zabalagoa bear dabela ta yo ta su neurketan eidiardue gure arerioak. Onek Mungia-inguruan portu egiteko asmorik eztabe artuko. Asi zeuok —diño gero Bidagurenek—, asi burdinbide-neurriak artzen.

        —Egitamu ori neuk Yataben neure diskurtsuan erakutsi neban —esan eutsen don Anbrusek—. Perico —zirautsan gero Viñasi—, ezaldozue iñor neurriak artzen erabilli?

        —Dirurik ezeutsen bidali-ta...

        —Arrrrraioa! Dirua naikoa ta geiegi be emonda gagoz ta orain au entzun bear!

        —Ea gizonak —ziñoan Morroskok—, biar goiz ta arratsalde Yataben neurriak artu bearko doguz, nire osaba don Anbrusen asmo eder ori len bai len bete dagigun. Onetarako nortzuk deritxazue izango geukezala egokienak?

        Floren Andrakak bere aulkitik yagita «Batzordearen agindupean» esan eban. Bere ondorik, ezer esan ezarren, beste iru edo lau zutundu ziran. Aranduik orduan, bere aulkian zirkiñik egin bagarik, «Jaunak esan eutsen osaba-lobai, ain zuzen be biarko eguna da izlarientzat arazo andikoena. Florenek Bakion diskurtsua egin bear dabela esan dau. Orretan lotu gara. Beste guztiok be non edo an egin ta ekin bearko. Neurketa orretarako oradorerik ezin bidali ginaike. Gizon bi dagoz gure artean izlari eztiranak, Labarto ta Gondramendi. Gure tren au Bilbotik ekarri euskuenetik onakoan, Labarto geluneko nagosi daukagu. Onezkero injenieru batek gaiña badaki ak burdinbide-arazoetan. Gondramendi lagun dabela, makilia ta soka batzuk eskuetan artuta, onetxek ondoen artu dagikez neurri orrek».

        Jauntxoagandik asita Epiko ta Morrosko ta entzule guztiak aintzat artu eben Arandui arakin burutsuaren eritxi eder mamintsu au.

        —Gondramendi —esan eban orduan jauntxoak—, zoaz apalostean Labartogana. Biok erdu gero onaxe. Emen emongo datzuez orretarako zuzenbidea ta argitasuna.

        Pozik yagi ziran onenbestegaz kartagoarrak.

        Urrengo egunean goiz asi eben euren lana injenieru barri Labartok eta Gondramendik. Geluneko nagositzat Labartoren emaztea gelditu zan. Yataberako bide-zati andi bat neurtu eben goizean. Bazkalostean aurreko arazoa luzatuten asi ta batera beste ingenieru barri bi euren aurrez aur sortu ziran: Krisanto Zabaleta ta Teles, lau egun aurreragoko kale-kantariak. Larrinoa botikarioak bidali ebazan mutilko onek, kartagoar injenieruai adarra yoteko esanda. Noizik noizera Krisantok Labartori iteune batzuk egiten eutsazan; batean «Gure trena zuena baiño bizkorrago izan baietz», bestean, «Aizerik eztan urtean amaituko dozue?», bestean «Yatabeko estazinoa be zeuok bion artean eregitakoa alda? Buruz dakizuez orainarteko neurriak? Non dozuez paperak? Zeinbat kilometru dira orainartekoak?» Labartok iru bidar yarraitu eutsen mutil irrizaleai, makilla ta sokak Gondramendiren ardurapean itxita. Aren amurrua! Bai! Nok mutilko arek atxitu? Bizkorregiak ziran.

        Arratsalderdian Larrinoak andere batzuk botika-aurrean ikusita, Yatabe-alderantz egurastutera eteyoazan itanduta gero «Gizon bi ikusiko dozuez Yatabe-ondoan izerdi larri ta yoran anditan soloen neurriak artzen. Itandu egiozue zer egiteko asmoa dauken».

        Ezekien andere onek ezeren barri. Badoaz ta badoaz ta «An dagoz gizonak» esanda, eurakana urreratu ziranean, «Julian, zer egiteko ustea darabiltzue?» itandu eutsan Labartori.

        —Kaka-mokor... zar bana —erantzun eutsen Labartok.

        Eguzkia lotara bere etzangura yatsi baiño askozaz lenago, euren arazoa bertan beera itzita, musturtsu ta illun yoan zan Labarto bere gelunera.

 

aurrekoa hurrengoa