www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Latsibi
Resurreccion Maria Azkue
c. 1920, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Latsibi, Resurreccion Maria Azkue (Mirari Alberdiren edizioa). Euskaltzaindia, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVII. Epiko ta Jupiter ta erube ta sapaburuak

 

1. Epikoren metamorfosis.

2. Andra Isidora ta Epiko.

3. Morroskok Epikori.

4. Arangoitireneko bazkari bat.

 

 

1

 

        Arlo neketsua izan eben, orain laureun bat urte, Europako izkera sortu-barri edo beintzat eratu-barri guztiak yakituriazko lanak adierazoten. Orduko gizon argi geienak, euren umetako izkera etserako itxita, latinez agertzen ebezan euren asmo ta gogamenak. Arlo neketsua dau, ordu bai ordu, gure izkera zaar onek, orrelango lanak, euskaldunak ulertzeko ginoan beintzat, argitaratzea. Eta nik, belutxo yaio naizan onek, euskera utsez onelangoxe izaki sakon bat, metamorfosis bat (Epikok amalau ordutan izan eban aldakuntzea) azaldu gura neuke. Gura, gogoz beintzat, eztakit gura dodan; bear, bai.

        Nok daki zein luzaro bizi izan zan Jupiter bere gizatasuna zezen biurtu ekionean, zezen izatetik egazti izatera eldu zanean, egaztikuntzatik urrezko euri aldatu zan arte? llebete osoak bear izaten eidabez arrak eta erubeak, eurak egindako kuskuetan ilda lez egonda, txiribiri eginik egaz ibilten asteko. Umezaroan, mutilko gintzazan urte zoritsu aretan, sarri ikusten geuazan idoietan sapaburuak, euren buru biribil andi baltza geldi eukela, buztan zi-zorrotza ezkereskuma pozez erabilten. Sapaburu arek ugarazio egiten zirala esan euskun mutil zartxoagoari «Eeene!» arrituta erantzun geutsan; eta bat edo batek, sinisgogortxoago zalako edo, esku biak zabal zabalik eta gora begira uretan sartuta, sapaburu bat edo bi te legorrera ateraten ebazan, pistitxiki arek sabel-barruan ankarik eteeukan ikusteko.

        Sapaburu batek illebete luzeetan baizen aldakuntza andia ta erubeak txiribiri izateko langoxea egin eban Pedro Viñasek, Epiko gureak, gabetik goizerakoan. Jauntxoa lagun ebala, Busturirenetik Kartagora ta andik bakar ta makur Adonarenera yoanda, erube batek bere kuskuan baiño zirkin geiago ezeban gelan egin. Amalau ordu baiño ezebazan bear izan, lengo txoriburutasuna artuta, ezer yazo ezpailitzakion kaleratzeko. Zer esan ezekiala gelditu zan Adona, Epiko etsean agertu ta lendanik dakiguzan itzok «Nire eske iñor badator, eznagoala» esanez etzanguan sartu zanean. Ain ekarren zurbil, ain ubel begi-bitartea! Juan Andresek eta Gumerrek bien artean makillatu eteben?

        Yakin gurak eta errukiak mediku gaztearen etsangu-ondora sarritxo ta beatzen ganean eroan eben Adona; inkesa andiak eta asgorapen ta arnasots luzea noizean bein, ezeban besterik luzaro entzun. Burua zorabio andi batek artuta baileukan, sentzun bakoa zirudian gizagaixoak lenengo ordu-laurenean.

        Oiñetakoak eta burukoa beera egotzita soiñeko ta guzti zetzan ogean, albait isilen ta geldien. Alegin andiak eginarren, burutik ezin kendu eban arratsaldeko yazoera eta bere irudimenak gomutari batean Tete, bestean Valladolidko kale ta zokoren batzuk eskatuarren, Mungiako kale nagosiak, guztiai bultz eginda, Epikoren buru osoa bete eban. Akordeon bat yotzailearen eskuetan dan baiño set bidar andiago egiten danez, Busturiren etsaria bat batera, elizea langoxe andi ta zabal eginda gizon ikusguraz, batez be erromarrez, bete bete egin ekion. Ainbeste gizoni garun-artean une bana egin ezinik, minduta eukan burua. Gizamordo arek ezeben loarentzat zoko bakar bat utsik itxi. Zurruka asi zan orduan errukarria, lo zorroak artuta bailegoan, edo beintzat zurru-ots arek burutasunak uxatu eutsazalakoan. Noizik noizera zurruai itxi ta bere buruagaz autuan zoli asten zan: «Zergaitik eztok olagizon madarikatu ori zapustu ta irato?» Gogamen askoren artean batek eukazan besteak azpiratuta: erriaren usteak, la opinión pública, berak ziñoanez. Euren autua iruren artean baiño izan ezpalitz aurra! Yazo zana yazoarren, autu ori berak edertu ta zurikatuko eban. Erri oso bat albotiko danean, ostera, yazoera biloiz itsusiak ezin leitez ez yantzi, ez apaindu. Nori sinistu-eragiteko? Berak eta jauntxoak Busturi oillotuta eukela zabaldu gura izanarren, ezpanik belarri ebilen egia un guztian, olagizonaren kukurrukuak entzun eragiten. Illeetatik tenka egonarren, burubide onik ezin atara izan eban euren azpitik; eta amurruzko intziri antzeko eztarri-ots iraupentsu luze bat eginaz, batean burrukopean, bestean izara-artean sartu eban burua.

        Zauzkadarik andiena Busturiren begiak txinparturtika ikusteak egin eutsan; eta bere ezpan artetik banan banan, letra onek Azpisugea neu, azpisugea? urteten ikusi ebanean barriz, zetan ebilen ezekiala, buruz bera, begiak esku biakaz ondo estaldurik, ogean etzun zan. Lengo izki suzkoak itzungi edo il ta keetu ziranean, beste onek aren atzetik Busturiren ezpan-artetik, garra erioela, urteten ikusi ebazan: Emendik dago kalera bidea. Begiai igurdi andi bat emon eutsen, euren ikusmena egiazkoa etezan yakiteko. Gero olagizonaren besoa balkoi-alderantz, betaurreko andi, teleskopio baten antzera, geroago ta luzeago, geroago ta zorrotzago, erraldoi baten beso luze-luzeluze egiten ekusan. Amurrurik bitsezkoena ta lotsarik gorriena berak esaniko itzak, Viñasek berak bere agotik ataratakoak emon eutsen: Parkeske nago. Izareari usigita deadarrez ta uluka, bere buruari «Viñas, Viñas —zirautsan—, zegaiti eztautsak erantzun Kalera-bidea ori bada, kalera noa? Zegaitik, zerarren eztok balkoiti zapart egin nai mina sustrai-sustraitik erauzi, itz apalgarri, oilo-itz orrek ezpanetaratu-orduko?».

        Asgora ta asbera zaratatsu batzuk egin-ondoan, bere barruan gogoketan asi zan. « Zer etediño Tetek? Ezetelitzate lotsatuko oilogizon baten ondoan, estalki zuripean, altara-aurrean egoten? Gaur emen yazo dana norbaitek belarriratu balekio, ezeteleuke andixek, altara-aurretik, iges egingo?».

        Eta barriro amurruz intzirika ta izarari aginka «Viñas, Viñas» deadar egiten eutsan bere buruari.

 

 

2

 

        Adona, deadar onek entzunda, izu ta ikaraz, Arangoitiren etsera arrapaladan yoan zan «Don Pedro zoratu egin da» esatera. Bera lagun ebala ta etse-soinekoai besana bat baiño besterik ezer ganeratu bagarik, Andra Isidorak Epikoganako bidea artu eban. Atea, kaxk-kaxk bagarik, ukabillez yo ebanean «Nor?» itandu eban Viñasek indarga ta motelik.

        —Isidora naiz.

        Zapartadan yagi, atorra-iduna lotu, txartesa ertsita, uleak ezkerraz legunduaz, atea zabaldu eutsanean, etsandreak ekarren argiari begiak zabaldu ezinik «Zek zakaz? —zirautsan.

        —Zek nakarren? Gaur arratsaldean uriko astorik andienak, karlista saldu batek, ostikada batzuk emon dautsuzala yakin dot eta erdi-erritar ta adiskide ona zaitudan aldetik zeu ikustera nator».

        —Viñasek buruko astunez, zer esan ezekiala, begiratu eutsan. Ain adiguritsua izanda, alan, ain otz ta motz andra uren bat artzeko, ezagun eban bere izatea oso aldatuta eukana. «Jesarri gaitezan eta itz egin dagigun» esanaz, Arangoitiren emazteak, gelatik etsariratuta, iru aulki urreratu ebazan.

        —Zuk, Pedro, apaldu egin bear zeuke. Orretarako erdu geurera. Gero urdurialdi ori ibitu daiten emagarri bat artu bear izango dozu ta gaur arratsaldekoa aiztu, gaur beintzat. Biarko, a! Biarko geuk, senarrak, maisuak eta neuk, emengo barri obeto dakigunok, asto andi orri zer egin bear jakon geuk erabagiko dogu.

        —Eskerrik asko, andra Isidora. Emagarri ori, bai, ondo letorkit. Apaldu, ezin apaldu dagiket.

        —Biar, ez gero ut esan ez utsik egin, biar geurean bazkalduko dozu maisuagaz batera. Orain logarri bat, veronal edo zeuk dakizu zein ondoen datorkizun, logarri indartsu bat artu egikezu. Idatzi zeuk logarri orren izena txartel baten eta doala Adona botikara. Berau lagun dodala yoango naiz ni etsera. Pedro —esan eutsan kalerako yagita—, koronel zangar baten odola eztabil alperrik nire zanetan. Geuk oinazpiratuko dogu olagixon orren arrokeria. Ardura bagarik lo egin. Biarrarte.

        —Biarrarte ta milla ta milla esker.

 

 

3

 

        Adonak, andra Isidorari lagun eginda, botikan sartu zanean «Norentzakoa da?» enzun eban barrukoaren agotik.

        —Geure kaleko bat txaketendun, bururengo andiaz datza. Aretxentzakoa da gauza ori.

        —Kalekoa ta ganera etsekoa, ezta egia, Adona?

        Logarriari ta ganera valladolidtar emakume zangarrari esker, iru ordu garrenean, gaberdia ez eldu bai eldu egoala, loak artu eban sendalari gaztea.

        Laster asi zan amesetan eta yazo bear ebana! Arratsaldeko agerkizuna buruan sartu ekion. Busturik, don Anbrusek eta berak izka lenengo, eztabaidan ta kezkan gero, atzenez apaxka ta egozketan edo bera botatea mutilak lez egin eben. Busturi sendoak jauntxoa ta bera seinkolo edo yostailu batzuk bailitzazen esku banatan artu ta plaust! kalera yaurtigi ebazan. Kaleak beetzat arkosko-ordez gizaburuak eukazan ta alangoxe buru bat yota artu eban mokorrotsak iratzarri eban. Ogel-egal batetik bestera itzul-mitzulka luzaro ibili zan gero ta atsegin-alditxo bat guzurrezkoa baiña atsegiña beintzat, garun nekatu artean sortu ekion. «Nire itz parkeske nago eztau iñok entzun al izan. Busturik baietz badiño, guzurti, aizun, maltzur, zaldun txar, Kartagoko sakristaua esango dautsat arpegira. Aserratzan bada, oba, Arangoiti ta Treviño albotiko artuta, al terreno del honor aup egingo dautsat. Sakristaukume dalako edo dirudialako eztau ara yoan nai izango; ta ni ezeren arrisku bagarik len baiño zuriago ta dedutsuago agertuko naiz gizartean. Orregaitino —zerraion bere artean— Busturiren erantzuna Parkeske zagozala dinozunezkero amaitu da emengo arloa erriak entzun dau ta zer da egitea? Zer nik oni erantzun?».

        Onetantxe buru austen ziarduala, kisketots gogor batzuk yota, Bilboko eskutitz bat ekarri eutsan Laraudok. Papertxo onetxek osotu eban Epikoren aldakuntza edo metamorfosis.

        Kartagoarren batzar luze iru ordukoa amaitu zanean, don Anbrusek ezeban Mungian geratu gura izan. Aparia ta ogea batzuk eskiniarren, ezetz berak. Eta Laraudoren lando ederrean Bilbora yoan zan. Amarrak yota eldu zan Ibaizabal-bazterreko urira. Arrebearen etsera yoanda, Morroskok eta osabak luzaro autuan ekin eben. Bildurrak estu ta larri eukan aldungei mamintsua. «Ezetejaku Periko Viñas lotsatu ta Mungiatik norabait yoango? —zinoan bere artean—. Ak iges egin badagi, agur nire diputaukuntzea, agur Gortalderen alaba bakar ta sakel betea, agur biar edo etzi Bizkaia guztiko jauntxo izatea».

        Osabliari atariragino lagun eginda, Mungiara eskutitz bat eroan bear ebala ta ordu erdi barru etorteko esan eutsan Laraudori.

        Luze ta ganora andi bagarik egina izan zan Morroskoren eskutitz Epikorentzakoa. «Aukeraldi onetan gure sendi osoaren dedua dago sartuta. Tete da etse onetan garaipen au gogozen gura dabena. Biotz-biotzetiko agur txeratsuak bidaltzen dautsuz Tetek berak nire bitartez». Onetxek izan ziran eskutitz aren itz yakingarrienak.

        Epikok eskutitz au goizeko ordu bietan, Laraudok eroanda, irakurri ebanean, sapaburua ugarazio egiten asi zan, erubeari kuskubarruan txiribiri-egoak sortu ekiozan. Ego onen bitartez, ala eztakigu bere irudimenaren ego andiz, batean Bilbora, bestean Tetegaz ezkonduta Madrida, goizalde ta goizlen osoa, ntekatutxo bai, baia pozik eta atsegin anditan igaro eban ogean zetzan Epiko gureak.

 

 

4

 

        Eguerdiko kanpae edo dunbotsa (yolas-izketan lapiko-txilina deritxona) entzun ebenean, Treviñok bere etsetik eta Adonarenetik Epikok Arangoitiren atarira bateratsu yo eben. Betazpitsu ta zurbil, baia irribarrekor, eldu zan kartagoarren gudalburua. Ordu lauren etsarian txirtxor igaro eben, Busturiren ezkerreko belarria beroketan. Otseinak, oi baiño txukunago yantzita, ozta buruan sarturiko ikaskizun bat esaten lez, atea ots baten zabalduaz «Yaunak, bazkaria gertu dago» esan eutsen.

        Maia ondo ornidurik agiri zan. Izkirimiritan, azeituna ta bokart gordin ta estebete-zerratxoak; edaritan Nava-ko ardaozuria, Toroko baltza ta etseko txakolina, Bakioko lurrean eukan maasti batekoa. Erraritan, ogi txiki zuriak, Majalenentzako opiltxo bat eta tremesa, au Arangoitik yateko. Atzetikorik asko agiri ziran: Olabek goiz atantxe berariz egindako canutillo ta txutxuak, lau sagar gordin andi eder ta frantzes-galleta lasto-yakeradunak. Onek mai-betegarri egozala esan daike. Apaingarritan lorontzi bi eukezan usain bageko loraz polito apaindurik eta euren bitartean portzelanazko elefante bi, bizkarrean indioen dardai ordez zotz batzuk (beste izenez ortziriak, erderazko mondadientes) zulotxoetan sartuta.

        Amar lagun nasal artu egikezan mala lauk euken eguerdi atan besapean, ba umea, opilla eskuan ebala, Adona ta Petraren ondoan gurago ebala ta suetera yoan zan bazkaltzera.

        Yesarri zireanekoxe, Andra Isidorak tarrain bati ots eraginda, neskato papu-gorriak marrats baten ganean keetan ekarren zuku-ontzia. Zidarrezko zali eder bat eskuan artuta «Zeuretzat, Pedro» esanaz, txalin sakon bat arrozez bete-bete egin eban etseko andreak. Maisuak zeinbat egoan yakin ezarren «Ez orrenbeste» esan eutsan.

        —Senar milika orri, zalikada bat ala bi?

        —Artu zeuk, emazte yatun orrek, iru ta lau be, txalinok kokatu al badagizuz. Nik salda utsa, oi dodanez, neuk artuko dot.

        Lapikokoak mairatu ebezanean, andra Isidorak «Artu, Viñas, asko artu gero —esan eutsan Epikori—. Urdaia aurtengoa da, urde il barriarena. Ziztorra Mungiako bertokoa, emengo gauzarik onena. Gogorik eztaukazula? Gogoa yanez etorten da. Artu zuk be, Treviño, platera betearte. Gero, jaunak, non bazkaldu dozuen esatea zilegi das, eztautsugu galerazoko; zelan artuak izan zaren ezegiozue iñori aitatu. Zuk, senar, ezaldozu bazkaldu gura? Epetxik bere badago au baiño yatunagorik. Arroza, u ortik! Osterantzeko zukurik gura ez. Lapikokork ezta ikusi be. Txarrikiak gaitz egiten dautsala. Euskaldun guztiak gure ugazabaren antzekoak balitzakiguz, ezleukee eukiko dauken yatun-entzutea».

        —Elduko da, emaztetxo, nire ordua. Angularik badago, oraingoxea iruntzietara egin dagikegu orduan; nik yan ta zuek txio egin.

        —Lotsabaako!

        Bazkaldar aren lautasuna irakurleak zelan azaldu ezpadaki, auxe yakin begi: Mai atako arrotz biak eta etseko andra zirzartadakoak, uriko mediku zar bat lagun ebala, eguenez ta yaian-yaian Tresilloan yokatzen eben. Etseko ziran guztiak.

        Arangoitik bere emaztearen iraun azalezkoari yaramon baga «Gizonak —zerraion—, lruntsi zuek orain aza ta porru ta indiarrok; yanak edozer merketu oi dabela esatea da. Belarriok zurt eukizuez, orregaitiño, aukeraldi onetako zador bat yakin gura badozue: don Anbrus Isasti, Europa guztiko gizonik zikotzena dala; diru-urtika ibiltea, Ecco il problema. Ezkutuki onen aldean aremuen sarea, urretxindorren eztarria ta erle maratzen yauregiak utsa dira. Moisesek zartadatxo bi naikoa izan ebazan atxari ura emon eragiteko. Aginbakori peseta zaar bat sakeleti erauzteko eun makillada ezebazan naikoa izango».

        Maisuak eta etsandereak gogoz barre gin eben. Epikok irribarretxo artain bat.

        —Senar barritsu, okela egosia samur-samur dago.

        —Oba, yan maite, yan zeuk oparo.

        —Izpi-izpitxo bat, zelangoa dan esateko be.

        —Ez Isidora, nik gero. Gura dozue, gizonak, yakin nor izan dan gure jauntxogei arlote oni eskua zabalarazo dautsan Moises barria? Morrosko, bere loba papu-eder Tomas. Iru illebete onetan Gortalde meadunaren katanarru-kusan dabil. Alperrik nire ustez, baia badarraio berak. Eta eztautso osaba Aginbakori sinistarazo katanarru orren yaubegeia, Gortalderen alaba bakarra, beretzat, Morroskorentzat izango dala? Gizonak, aukeraldietan norbait diru-urtika gizon-erosten dakutsuenean, ziurtzat eukizue, galgarau bat galburu ekarteko lez, diru ori diru geiago ekarri dagian ereiten dala; edo bestela, goiarin txotxolo burubako batzuk dira diputadu-izena diruen diruz erosten dabenak.

        —Baia, gizonak eneak, Morroskoren aldekoa ala Bekosolotarra dogu gizon barritsu ta yankar au?

        —Nik badakizu, Isidora, eun bidar entzunda, Bekosolo maite dodala; karlista itsua dalako aurkari dot, bestegaitik ez.

        —Autu onek itxi dagiguzan beste egun baterako. Gaurkoa eztogu politika-eguna. Pedro, Valladolik-tik urtenezkero yan dozu tripakirik?

        —Bein, andrea, baia ez an lez onduta.

        —Ai! Iñok badaki, badakie Frantziatik etorri datorkiguzan biajanteak zein dan yaki onuratsua ta zein eztan. Valladoliden Hotel del Norten bidezti orrek, eguneroko yan-txarteletan agiri ezarren, beti eskatu oi dabez tripakiak.

        —Frantzesez gras double dabe izena —esan eutsan Epikok Treviñori.

        —Eta eurak zelan yan? Ogi mamiña eskuan artuta, yo mutillak, lur-erratillua txirimizkau egiten dabe. Nok igarri gero erratilu atan zer egon dan?

        —Gizonak, nik, Oka-bazterreko baserritar naizan onek, Valladolidko Campo grande ta Paseo de Zorrilla ta beste ikusgarri enparauak bertako semea bainintzan goratuko dautsuedaz, baia izena be eurai dagokiena dauken zer orrek, tripacallos orrek? Ut. Euron pilpilada ilun lodian ogia bazitu ta txirimizkau daroen frantzesok, Bilboko Amparo-ra baletoz ta Bizkai-makallao ederra aurkeztu balegioe, sinistu neuri, gizonak, belauniko, sits ta bits yango leukee.

        Bigarren barrealdia izan eben beste iru maikideak. Etsandereak, Viñas argitzen asi zalako pozarren, «Oraintxe ikusiko dogu» esanda tarrainari ots luze bat eragin eutsan. Petra bazkalgina erratilu andi bat eskuan ebala etse guztia piper gorri ta erinotz-sundaz beteten agertu zanean «E, bizkaitar ago —bero zirautsan Arangoitiri emazteak—, ementxe daukagu, ez gure Campo grande-gaz ez zuen Campo Volantin-txo orregaz zer ikusi eztaukan gizon bat, Treviño. Bizkai-makaillorik asko yan izango dau emen bizi dan urteotan. Esan dagiala beronek, au yan ta gero, zein dan biotati yaki onuratsuena, zalegarriena, gozoena, yan-naizukoena. Orra zeuri lenengo, maisu jaun orri».

        —Yan dozu gero zeuk inoiz, Treviño, bizkaierazko makaillaurik, gibelirik?

        —Bai, bein baiño sarriago.

        —Yan orain tripaki piper-erinotzez atsituok. Yaki au obea dala badiñozu, eztagidala aurten nire emazteak angularik beintxo be erosi.

        Arangoiti, itz onek ebagita, bein batari ta bein besteari adi egoan, aurrera ekarri eutsezan arrautza biak yaten ziarduanartean. Andra Isidorak, agoa tripakiz beterik eukala, burua bat-batera goratuta «Hmmm?» itandu eutsan maisuari. Onek, agoa tripakiz betebeterik eukala, beronen buruari goitik beera eraginez, «Hmmm» erantzun eban. Valladolidtarrak senarrari «Hmmm» esan eutsan, begiak argi-argi ebazala. Tripaki-yale ta zale ziranok agoa ustu ebenean, Arangoitik Treviñori «Hmmm erantzutea errez da —esan eutsan—. Non yan dozu zeuk bizkaieraz atonduriko makaillao entzutetsu, bacalao a la bizkaina? Non?».

        —Bilboko yatetse baten, goienkalen, Calle Someran.

        —Zelan gertu eutsuen ba, zer ori?

        —Oriotan erreta.

        Arangoiti senar-emazteak, au entzueran, barren barrez arkuai oratzen, esan oi danez, zezindu-bearrik egozan. Viñasi orduantxe bere goibelaldia barre-zantzo gozo batek aiztu eragin eutsan. Maisuak platereko bazia lez eukan arpegia, gorri min. Mai-yaubeak, esku bat gerrian eta besteaz begietako negar gozoa kentzen ziarduala «Viñas —ziñoan—, zeuk esan. Hotel del Norte-ko gras doublezaleak emen balegoz, zer esango eteleukee?».

        Viñas isilik egoala «Tableau» erantzun eban koronelaren alaba andra Isidorak; eta maisua len baiño be gorriago gelditu zan ta besteak ara be gogozago kar-kar-kar ziarduen.

        Angulak eta oillaskoak yan ta gero, onkiz edo atzetikoz samaragiño betetakoan, kafea maitik yagi bagarik artu eben. Etsandereak, bere erdi-erritarra osoro poztu nairik, aurreguneko yazoera ospetsua aitatu eban, senarrari itaune auxe eginaz:

        —Zer esaten izan dautsut nik aspaldion olagizon astotzar orrezaz?

        Arangoitik adiskide eban Busturi ta bere biozketak zurikatuz «Dana danez esan bear da —erantzun eban—. Viñas berau be gogortxo egon ekion. A bigun asi zan ta gogor amaitu; au barriz asieran gogor, amaieran biguntxoegi».

        —Non azia da bera arrotz bat alan etsean artzeko?

        —Parkeske nago esatea izan zan, nire ustez, onentzat txarrena.

        Epikok, beste irurak konkortuta, arrituta, entzuela «Zer —zirautsen—, nire ezpanak itz orrek ebagi dabezala! Nok diño? Ni, damu badot be, yo eznebalako garbatuta nago, baia isilik egon nintzan. Gizonari emon dagikeon erantzumenik mingarriena isiltasuna da, ta nik auxe otz-otzik emon neutsan Busturi orri».

        Arangoiti, bere mendu gogorra ta bizia gora beera, egizale utsa zan. Emaztea, bere lekutik yagi ta zinuka, pariztaka asi ezpalitzakio, erantzun garratzen bat emongo eutsan sendalari buru-arinari.

        —Ez damu izan, Pedro. Ondo egin zenduan ez erantzuteaz. Zelan da arako esakuna zarra: otsoak otsokirik eztau yaten? Arek, don Anbrus ta Busturi, biak dira enda batekoak. Zuk Busturi belarrondoan yo bazendu, Isastik erritarraren alde egingo eban ta barregarri erabiliko zenduezan zu.

        Pariztak barriro egin bear izan eutsazan senarrari, isilik egon eragiteko.

        —Zuk orain, Pedro, izkaldirako zeure yarduna ondo atondu ta orraztu ta gero apurtu Begi, Bekosolo, Busturi, botikario non-ze barri ta lokabetasunaren arerio guztiok; apurtu, birrindu, austu, ezereztu.

        Arangoitik otz ta motz, bere emazteari autua etenda «Zuek orain tresilloan yokatu gura izango dozue esan eutsen. Majalen lagun dodala, eguzkia artzera noa ni ta bide batez ots egingo dautsat, baderitxazue, mediku zarrari».

        —Biar dogu yoko eguna —erantzun eutsan emazteak.

        —Bardin da, banoa ni.

        Legegizon zorrotza kaleratu zan-ondoan baparri biparri gelditu ziran beste irurak. Andra Isidora berak be, Epikoren guzurrak iguinduta, lengo autua aldatuaz, lenen bururatu ekion autugeia agotan artu eban.

        —Biar Lejarzegi gure tresillo-laguna agertu daiteanean, ez gero botorik ez diputadurik aitatu. Sututa eidago. Amaika porreta esan dau onezkero! Bere betiko leloa, nik dazaudanik ona beintzat, auxe izan da: abadeak elizan, abogauak auzitara, maisuak eskolara, medikuak gaizdunakana, arotzak arotziara, errementariak sutegira, lugiñak lurrera... «Ori orrelan data, nor izango litzakizu politiku?» —itandu neutsan nik bein. —Politiku? Alperrak izan daitezala, beste ezetarako gauza eztiranak —erantzun eustan—. Sututa eidago, amurruarren, aukeraldi onetan sendalari bi aukeratzaileen buru diralako. Onegaiti bigarrenez dirautsuet: ez aitatu Lejarzegiri ez kartagoarrik ez erromarrik.

        Gero sendalari zarraren bitxikeria batzuk edatsirik, ordu bien drangadan egabanatu ziran; Treviño bere umeakana, Viñas de Andrés etsera. Artekalen zear, andoil ederra ezpanetan ebala, yoian au bizkor ta gogamentsu, bina surpekoaren ertzak zorrozketan, bazkalaurrean baiño be betargi ta pozkortsuago, birbizturik. Aldakuntza oso-osorik agiri eban beronen arpegi ta ibilkeran.

 

aurrekoa hurrengoa