www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biotza abeslari
Alejandro Bilbao, «Erramun Maruri»
1927

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biotza abeslari, Maruri'tar Erramun. Zornotza'n : Jaungoiko-Zale'ren Irarkolan, 1927.

 

 

aurrekoa hurrengoa

NEKETAKO AMARI

 

Bizi zan ludian gizon errukarri

Zarraz ganera itxua ta txiroa,

Bere samin andien gozagarritzat

Baukan txintxoa zan alabatxua.

 

Txintxoaz ganera maitagarria zan

Gizon zarraren alaba kutuna,

Augaitik zan beretzat esku ia oiña

Begi ta biotza, ia bizia.

 

Baña egun batean etsai ankerrak

Dotorkeriz kendu eutsan alaba,

Ta irain eta oiñazez bizi kendurik,

Neskan gorpu bota eben zulora.

 

Benetan zara zu gizonen artean

Errukigarri ta adu txarrekoa,

Erruki zaitut gizon errukiora

Zure etsaiengana betor zigorra.

 

Bizi zan bere ludian amatxo bat

Biotz minkor ta biguna eukona,

Ta seme eguzki baño ederragoa

Ta kutunen artean kutunena.

 

Ama orrek antxinetik eukon bere

Biotz erdian espata zorrotza,

Gau eta egun an sakon sakonean

Beti ziztadan eukiten ebana.

 

Baña bere semearen begitadak

Beretzat zirean orren gozoak

Eta itzultzen ebezan gozo-iturrian

Ezpata zorrotzaren ebakiak.

 

Baña egun batean ikusi eban

Bere semetxu eder ta maitia,

Etsairik amorratuen eskuetan,

Izekatu, iraindu, odoldua,

 

Ta gero ezetariko erru barik

Gurutz-eriotzara epaitua,

Amak gurotso semeari lagundu,

Ta ezin! Au amaren naigabea!

 

Oste zitalak izekaz eta orruz

Gurutze bizkar ganean daukala

Darama bere seme orren ederra

Amorruz ilteko urkemendira.

 

Bere odol bikaiñaren zipriztadaz

galgatzen dau kalbario bidea,

Bide orretan ikusirik, nor ez da

Zugaz errukiko, ama gaxoa?

 

Bein kalbariora etorri ezkero

Borreruk yosten dabe gurutzean.

Zelango oiñaze bizi ta samiñak

Bere amarenak gurutz-oiñean!

 

Odolusturik gurutzetik oiñazez,

Egarri naz, diño bere semeak;

Amak gurotso ura emon semeri,

Ta ezin! Onek amaren nekeak!

 

Donokirantz begik yasoren badaitu

Laguntza donokitik ekarteko,

Ordu atan donokia burni dago

Ta andik ez dau laguntzik iritxiko.

 

Donokia burni, ondoan biraua,

gurutzen semea illik zintzilika,

Urrunen gudari Jesusi Biotza

Ezpataz zulotzeko datorrela.

 

Au guztiaz Mirenen Biotz biguna

Oiñaze ta naigabez ganeztua,

Antziri ta negar malko samiñetan

Bere zoritxarrak auenka asi da

 

Zuek bidetik zoaztenak ikusi

Ta aztertu ondo, nire oiñazeak,

Esan gero ia iñok euki dituan

Iñoz nirek langoak direanak.

 

Benetan dira andi ta bardinbageak

Zure oiñazek, Ama neketsua,

Oiñaze guztiak zurean ondoan

Gerize, itxura, besterik ez dira.

 

Ama neketsua erruki zaitut nik,

Orren errukigarria zagoz-ta;

Ta dalako obena zure borrerua

Gurot euki oben-garbai andia.

 

                        Ondarribi, 1924

 

aurrekoa hurrengoa