www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa  

OGEITA AMAIKAGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Erromaren aginte andia

 

        Denboratsu onetan erromarrak munduan txit aginte andia zeukaten; erreinu osoak mendean zeuzkaten; eta etzuten bein erasotakorik eskuratu gabe uzten. Demetrio Siriako erregeari Judas Makabeo bildur zitzaion, Nikanor eta onen soldaduak ondatu zituelako, eta noizbait egingo zionez etsita zegoan. Arteraño, ain argiro ikusi izan zuen Jainkoaren lmiuntzari begiratuta, etzuen lurrekoenik eskatu; baña oraingoan zerbait itsutu zan, eta erromarrai gaztigatu zien oien babesean jarri nai zala, baldin beren indar andien itzalpean artu nai bazuten. Erromarrak baietzkoa bereala eman zioten, eta bien arteko elkartasuna egin zuten, eta beartuak gelditu ziran erri biak elkarri estura-aldietan laguntzeko.

        Demetriok Judasen kontra soldadu-talde andi bat bialdu zuen; eta bi aldeetakoak Jerusalenen ondoan aurkez aurke laster arkitu ziran. Oiek txit izu-ikara andiak artu zituen, aien kopuru andia ikusita: eta bi milla eta berreunek Judasi iges egin zioten, eta gelditu zitzaiozkan zortzi eun bakarrak ere, ezurretaraño bildurra sartuta zeuden. Obe degu, esaten zioten, gure lagunetara joan, etsaiari arpegi emateko gitxi geralako. Ez ori, Judasek erantzuten zien; Jainkoari nai ez dakiola, guk gure etsaien aurretik iges egitea. Ordua bete bazagu, gure anaiakgatik garboz il gaitezen eta gure izen ona illundu ez dezagun.

 

 

2. Judasen eriotza

 

        Judasek esan on oiekin eta Jainkoagan iduki bear zan itxaropenarekin bizkortu zituen, eta gauzak prestaturik, elkarri eraso zioten, eta goizetik arratsalderaño aritu ziran elkar iltzen: baña, o miña! Judas Makabeo, garaipena eskuan zuela uste zan unean, illotza erori zan, eta gañerakoak igesari eman eta batalla bukatu zan. Jonatas eta Simeonek, anaia maite Judasen gorputza arturik, Modinera eraman zuten, eta emen progu andiarekin lurpetua izan zan. Judasen iltzeak Juda guziari negarbide andiak eman ziozkan, eta deadar egiten zuten: Israelko gordetzalle indartsua nola galdu da? Legearen zaintzalle eta Jainkoaren onra, eta bere erriaren onagatik ainbeste irriskatzen zanak, zer egin du? Eraso-aldi guzietan ondo irteten zana. nora da? Onelako esan askorekin adierazotzen zuten zer atsekabe eta miña eman zien Judas agintari biotz andikoaren iltzeak. Gizon gogoangarri onen oroipena Eskritura Santak itz oiekin egiten du: Judasen beste gerrak, bertuteak eta biotzaren anditasuna eskribatuak ez daude, txit asko eta andiak izan ziralako.

        Judas ilda, juduak ezin esan ere ditekean izaera negargarrian gelditu ziran, artzai gabeko artalde otsoz ingurutuaren antzean, etxeko lege-ukatzalleak eta auzoetako etsai gaizto guziak nondik-nai erasotzen ziotela. Ain estura larrian beren buruak ikusita, Judasen lekuan agintaritzat anaia Jonatas artu zuten, zeña alegin guziakin prestatu zan etsaiai arpegia erakusteko. Onetarako Judasi sakabanatu zitzaiozkan guziak billerazo zituen; Juan anaia bialdu zuen auzo adiskideetara laguntza eske, eta zenbat lagunekin etxera zetorrela, saldukeriaz bidean il zuten. Gauzak onela prestatuta, lenbiziko erasoetatik bat izan zuen Bakides agintari adituarekin, zeña, gizon asko galduta gero, beartu zuen Jonatasi pakea ematera. Jonatas eta Bakides adiskidetu ziran, eta elkarri gaitzik ez egiteko itza emanik, Bakides Antiokiara itzuli zan, juduai zer egiñik geiago ez emateko asmoan.

        Pake onek Jonatasi lau urtean iraun zion. Bitartean lenagoko gerra eta gora-beerak utzitako naspillak garbitu eta egindako kalteak orbaindu, eta gauza guziak era onean ipiñi zituen: batez ere Jainko egiazkoari zegokion agur eta adorazioa emateko lanetan txit nekatu zan, eta iritsi zuen, aspaldian ez bezala, Jauna adoratzea eta bere lege santa gordetzea.

 

 

3. Antiokoren seme Alejandro

 

        Denbora onetan Antiokoren seme Alejandro Demetriori erregetza kendu naiez irten zitzaion, eta ezaguturik, baldin Jonatas Alejandrorekin adiskidetzen bazan, kalte izango zuela, aurrea artuta, bere adiskidetza eskatu zion, soldadu-taldeak ipintzeko eta armak egiteko eskubidea eskeñiaz. Agindu ere bazuen Siongo gazteluan zeuzkaten atzeman guziak eman zekizkiola.

        Jonatasek, baimen eta eskeñtza oiek ikusita, bere itza ezertarako Demetriori eman gabe, ekin zion Jerusalengo uria sendotu, gerrarako gizonak egin eta trebatzeari, eta egun gitxiren epean jarri zan edozeñi zer-pensatu emateko eta gogor egiteko bidean. Alejandrok ere bere aide iduki nai zuen, eta gaztigatu zion adiskide izan nai zala, eta siñaletzat janzi eder bat eta urrezko koroa bialduko ziozkala. Demetriok ere eskeñtza asko eta andiak egin ziozkan; baña Jonatas eta onen lagunak, Demetriok Israeli egindako kalteak gogoraturik, Alejandroren aide jarri ziran. Onek, laguntza berri onekin sendoturik, Demetriori eraso zion, eta au il eta jende guzia ondatu zuen, eta erreinu guziaz jabetu zan.

        Alejandrok Tolemeo Egiptoko erregeari Kleopatra alaba emaztetzarako eskatu zion, eta egin zituzten eztai-egunetan, Jonatas txit onra andian erabilli zuen, arestiko gerran egin izan zion mesedeagatik. Geroko iru urteetan Sirian eta Judan etzan gerrarik izan. Bitartean Jonatas etzan zabartu bere jendea eraentzeko, oñ onean ipintzeko eta Jaunaren bildurra biotzetan irazekitzeko; baña iru urte oien buruan agertu bearrean arkitu zan.

 

 

4. Demetrio Erregea

 

        Batallan ildako Demetriok bi seme utzi zituen, eta zarren, aita bezala Demetrio zeritzanak artu zuen Alejandrori erregetza kentzeko asmoa, eta or emen zenbat soldadu bereturik, bere lurrean sartu zitzaion eta estura larrian ipiñi zuen, eta Jonatas Alejandrori lagundu bearrean arkitu zan.

        Alejandroren agintari Apolonio, bere nagusia salduta, Demetrioren aide eta onen soldaduen agintean jarri zan. Jonatasi gaztigatu zion odolik isuri gabe argana jarri zedilla; bestela gaizki ibilliko zala; baña Jonatasek etzion aditu, eta bere adiskide eta ongille Alejandrori laguntzera, zor zion bezala, irten zan. Azoto-ko zelaietan elkarri eraso zioten, eta Jonatas eta bere anaia Simonek Apolonioren jende guzia ondatu eta Apolonio ipiñi zuten geiago onen izenik ez aditzeko eran. Alejandrok mesede au txit gogoan artu zion, eta Jonatasi onra andiak egin ziozkan.

 

 

5. Tolemeo Egiptoko Erregea

 

        Tolemeo Egiptoko erregeak bazirudien iñork baño obeto Alejandro bere suiari lagundu bear ziola, eta antz onetan, itsasoan are-bikor ainbat gizonekin Greziaronz abiatu zan. Alejandroren mendekoak ere bazter guzietan txit arrera ona egin zioten. eta gaztelu guziak idikitzen zitzaiozkan, gogoak zion bezala sartzeko. Baña Tolemeoren asmoak besterik ziran; eta guzia eskupean, on-irudian, artu zuenean, bere saldukeria erakutsi zuen.

        Seleuziako urira zanean, suiaren etsai Demetriori gaztigatu zion ara joateko; Alejandrorekin alaba ezkondua damuturik zegoala, eta oni kendurik, emaztetzat ari emango ziola. Demetrio joan zitzaion; alaba eman zion eta erregetzan ipiñi zuen. Alejandro une artan, eginkizunak ala aginduta, beste aide batean zebillen, alako gauzarik gaitz-uste gabe, eta aitagiarrabaren saldukeria jakin zuenean, zezakean jende guzia bildurik Antiokiaronz joan zan: elkarri eraso zioten, eta Alejandrok jende guzia ondatua ikusirik, iges egin zuen Arabiaronz, non gizon dollor batek il zuen, eta Tolemeo ere, batallan artutako zauri batekin irugarren egunean il zan. Demetrio Siria guziaz jabetu zan, eta Tolemeok Egiptotik ekarritako soldadu-talde andiak Egiptoronz bialdu zituen, bere esana egin nai izan etzioten guziak lenago ilda, eta bera bakarra agintean jarri zan.

        Bitarte onetan Jonatas, bere bazterraren jabe zan bezala, bazebillen bere jendea nola obeto eraenduko zuen. Zekusan Jerusalenen zegoan Siongo gazteluak zenbat zer-egin eta buruauste Israeli ematen zion: eta aita Matatias eta anaia Judasen eresiari zerraikiola, menderatzeko asmoa artu zuen, kostako zana kostarik.

        Lanbide onetan asita, zerbait aurrera zeramanean, Siriako errege berri Demetriok gaztigatu zion, lanai ari utzirik, Tolemaidara joan zekiola; bada, itzaldi bat egin bearra zeukala. Jonatasek bereala igerri zion neke hura nondik zetorkion; ezagutzen zuen bere artekoak zirala aren eginbideak onean ezin eraman zituztenak; eta galdu naiez, gezur askorekin Demetrio Jonatasen kontra aserre ipifli zutela. Beragatik uzkur bazegoan ere, atzenean erabaki zuen bere erria utzita joatea. Zenbat apaiz eta gizon eldu berekin artu zituen, eta bere uste eta itxaropena Jainkoaren eskuetan ipiñita, Tolemaidaronz abiatu zan.

        Demetriok, uste baño arrera obea egin zion, eta galdu nai izan zutenak aldi onetan atsekabe andia artu zuten. Biak elkartasun bizia egin zuten: Demetriok eskubide andiak eman ziozkan; baña Siongo gazteluari pakean uzteko itzean, esanaz berak aginduko ziela ez jerusalentarrai gaitzik egiteko. Demetriok Jonatas eta juduakin adiskidetasunak onela eginda, soldadu geienak etxeetara bialdu zituen, bearrik izango etzuelakoan; baña lanbide onek bere ondamena ekarri zion.

 

 

6. Antioko

 

        Alejandrok, il zanean, utzi zuen semetxo bat, Antioko zeritzana: eta Emalkuelek isillik Arabian zeukan azitzen. Trifon Alejandroren serbitzari batek seme onen berri baziekien; eta nekez bederik, Emalkueli emanerazo zion, erregetzat aitaren lekuan ipintzeko asmoan. Demetriok etxeetara bialdutako soldaduak txit kejatiak zeuden, erregeak gisa artan utzi zituelako; eta begien itxi-idiki batean eunda ogei milla gizon bere kontra eta il naiez Antiokian altxatu zitzaiozkan. Esturasun latz artan Jonatasek bialdutako iru milla juduen babesean bizirik gorde zañ, eta altxatu ziran guziak il eta menderaturik, Jonatasenak Jerusalenera itzuli ziran.

        Mesede andi au Demetriori laster aztu zitzaion: Jonatasi itzuli ziozkan bere burua gordetzeko utzitako soldaduak, eta asi zan juduai emandako itz guziak jaten. Trifon arestian aitatu danari, Demetriorekin Jonatasen arteko autsi-osoak ondo etorri zitzaiozkan. Etxeetaratutako soldaduak erraz bildu zituen; erregetzat Antioko ezagutuerazo zien, eta errege berri eta jendearekin Antiokiarako bidean jarri zan. Demetrio ere batu zitzakeanakin irten zitzaion erasotzera; baña jende guzia abarrakiturik, igesi joan zan, eta Antioko Antiokian garailari sartu zan.

        Trifonek, bere asmoak ondo irten zitzaiozkanean, bereala igerri zion lanik obena juduak bereganonz ekartzea zuela, eta Jonatasi bere eresia gaztigatu zion. Jonatas jarri zan Antiokorekin elkar artzera; eta asi zitzaiozkan aide batetik eta Simon anaia bestetik laguntzen; eta Antiokoren etsai indartsuai erasorik, garaitu zituen, eta Jonatas Jerusalenera itzuli zan.

        Geroz juduak txit era onean arkitzen ziran beren legeak gordeaz bizitzeko. Etsaiak bildur zitzaiezten. Bakarrik Siongo gazteluak zer egin eta pensatu asko ematen zien. Judasek asitako lana, beren gogoz aurreratuko zuten; baña Antiokok bein aserrerazo ezkero, ikaratzen zituen: eta gogoak eman zien, erromarrakin aurrena eta lazedemoniarrakin gero, adiskidetasunak ez-arian egitea, premian arkitzen baziran, oien babesean arpegi emateko. Erroma eta Lazedemoniara mandatariak isillik bialdu zituzten, eta elkartu ziran, nori bere bear-orduan laguntzeko itzak emanaz.

        Jonatasek, adiskidetasun oiek eginda, pensatu zuen pake onean eta eskurantza guziakin bizitzeko biderik obena, Juda guzian or-emen gaztelu eta murru sendoak egitea zala. Gizon zar eta elduai bere eresia eta iritzia agertu zien, eta guziak bat zetozelako, lanari bereala ekin zioten.

 

 

7. Jonatasen Tolemaidara joanera

 

        Trifonek artu zuen, Antioko ilda bera errege izateko gogoa. Lanbide onetarako eragozpenik andienekotzat Jonatas eta onen jendea zeuzkan; eta Jonatas bidetik kendu eta galtzeko asmoa biotzean isillik zeukala, soldadu-talde andi bat artu zuen eta Judan sartu zan. Jonatasi gaztigatu zion itz-aspertu bat egin nai zuela, eta Tolemaidara joan zekiola. Jonatas uzkur zegoan; baña aren losentxak adituta, Tolemaidan sartu zan, milla gizon berekin artu eta beste bi milla kanpoan utzita. Tolemaidarrak ateak bereala itxi zituzten, eta ezertarako lekurik eman gabe, eskuak ezarri ziozkaten. Trifon dollor biotz-tolezturazkoak eskupean zeuzkan Antioko errege eta Jonatas bildur zitzaiona, eta bere gogoa betetzeko erarik obenean arkitu zan.

        Juduak jakin zutenean Jonatasi gertatua, uste izan zuten illa zala, eta negarrari eman zitzaiozkan. Simon anaia, gaztelu eta murruak egiteari utzita, Jerusaleneronz joan zan, eta juduen biotz eroriak altxatu naiez, onela itzegin zien: Badakizute nere aita, anaiak eta ni zenbat nekatu geran gure legeak eta gauza santak gordetzeko, eta zer naigabeak izan ditugun. Nere anaia guziak lanbide onetan il dira; ni bakarra gelditu naiz; baña Jainkoari nai ez dakiola, neke-pena onetan gauden bitartean, nere biziari barkatzea; bada, ni nere anaiak baño obea ez naiz. Guziak itzketa onekin bizkortu eta etsaiari erasotzeko prestatu ziran.

 

 

8. Jonatas eta bi semeen iltzea

 

        Trifon Tolemaidatik irtenda, Judaronz abiatu zan, juduak bere alderatzearekin izutuko ziralakoan; baña ikusi zuenean Simonek gogor egin nai ziola, oña atzeratu zuen. Simoni gaztigatu zion, baldin aren anaia Jonatasek zor utzitako dirua eta bere bi semeak bialtzen baziozkan, Jonatasi emango ziola nai zuen guzia egiteko eskurantza. Simonek Trifonen eskeñi gezurrezkoari igerri zion; baña mendekoak uste izan etzezaten berekoia zala, eta dirurik ez emateagatik etziola eskatua egiten, dirua eta Jonatasen bi semeak bialdu ziozkan. Trifonek oiek artu bezain laster, itza janda, Judari soldadu-talde andiakin eraso zion, eta Simonek gogor egindako batean, Jonatas eta bi semeak Trifonek il zituen, eta Antiokiara itzuli zan. Simonek anaia eta bi illobaen gorputz-illak artu eta ederki apaindutako obian Modinen lurpetu zituen. Trifon gaiztoak Antioko errege gaztea ere saldukeriaz il zuen, bera onen lekuan sartzeagatik.

        Simon jarri zan anaiaren ordez Israel guziaren buru, eta alegin andiak egin zituen bere alderdiak sendotzeko eta oñ onean ipintzeko; eta gauzak zerbait zuzendu zituenean, Demetrio Siriako errege eroriarekin adiskidetasuna berritu zuen, laguntzeko itza ematen ziola. Bereala indarrez Gaza artu zuen, eta idolozale guziak botarik, Jainko egiazkoa adoratzeko eran ipiñi zuen. Andik laster eraso zion bere aita eta anaiak ainbeste aldiz artu nai izan zuten Siongo gazteluari, eta geroenean beretu zuen, eta Jerusaleni kendu zion zenbat kalte egin izan ziozkan auzo galgarri au; eta israeltarrak gaztelu onetan sartutako egunean pesta andiak egin zituzten, eta gero ere urteoro bere oroipena egiten zuten.

        Israel guzia pake andian jarri zan, eta lanbide guzietan txit aurreratzen zuten; baña autsi-oso negargarri bat denboraz izan zuten. Arestian aitatu da Demetrio jaiki zala Siriako erregetzatik Trifon kendu eta legez eta bidez zegokion lekuan eseri naiez. Auzi onetan berearekin irteteko jende billan zebillela, Mediako Erregeak atzeman zuen eta katibu zeukan. Antioko anaiak berri au artu zuenean, zenbat gerrari bildu zituen eta gogor egiñik Trifon il zuen, eta Siriako erregetzan jarri zan.

        Simon eta Israel guziari zor ziezten mesede andiak osotoro aztuta asi zan Juda esetsi edo persegitzen, eta soldadu-talde andi bat ere bialdu zuen Judako bazterrak beretzera. Simonek, abela au ikusirik eta bere zartasunez ezertako ere etzegoala ezaguturik, Judas eta Juan bere bi semeak bere lekuan soldaduai agintzen ipiñi zituen. Oiek bereala siriarren agintari Zendebeori arpegi emanik, ondatu zuten, eta batzuek il eta besteak igesi bialdu zituzten.

        Juduak garaipen onen ondorengo bi urteetan etzuten neke andirik izan; baña gertakari izugarri batekin izaera doatsu au laztu zitzaien. Simonek iru seme eta alaba bat zituen. Adiñera zanean, bere kerako Tolemeo zeritzan batekin alaba ezkondu zuen. Tolemeo berez aberatsa, eta apaiz nagusiaren sui egiñik arkitu zanean, bear baño geiago arrotu zan eta aitagiarrabaren agintean sartzeko asmoa artu zuen. Simon, Judas eta Matatias bere semeakin, bazkari bat emateko aitzakitan, suiak eraman zituen Dok zeritzan gaztelu txiki batera, non bere egonaldiak Tolemeok egin oi zituen. Aita-semeak maiean ipiñi zituen, eta pozik andienean zeudela, Tolemeo irten zan; gordeta zeuzkan gizon-iltzalle batzuekin bazkaltokira itzuli zan, eta aitagiarraba, koñatoak eta zenbat serbitzari il zituen. Beste seme bakar Juangana ere iltzalleak bialdu zituen; baña Juanek jakiñik Tolemeok zer egin zuen eta mandatariak zertara zijoazen, aurrea artu eta il zituen. Juduai, Simon eta bere semeen iltzeak min andia eman zien. Bereala aitaren lekuan apaiz nagusitzat ezagutu zuten seme Juan Hirkano, zeñak bere asaba, osaba eta aitaren doai on guziak erakutsi zituen.

 

 

9. Juan Hirkano

 

        Israel eraentzen asi zanean, Siriako Erregeak eraso zion; baña arpegi beltza erakutsirik, bien arteko pakeak egin zituzten. Geroz Israeli alderdi andi eta asko beretu ziozkan; bere agintea zabaldu zuen, eta il zan Jesu Kristo mundura baño eunda bi urtez lenago.

        Juan Hirkano ilda, onen aginte eta apaiz nagusitzan Judas Aristobulo semea sartu zan; baña anditasun oiek etziran, nerekiko, aren gogoa betetzeko adiña, eta artu zuen erregearen izen, lenagoko bost eun urteetan iñork izan etzuena. Bereala ama eta senideak itxian sartu zituen. Ama gosez il zan; Antigono anaia ilerazo zuen; eta beste senideak itxian iduki zituen bizi izan zan. arteraño. Erregetzan urte bete egin zuen, eta sabela lerturik odola zeriola il zan.

        Alejandra emazteak senar zanaren senideak itxitik atera zituen, eta Alejandro zeritzan senide oietatik batekin ezkondu zan. Alejandro onek ogeita zazpi urte agintean igaro zituen, eta bitarte luze onetan bere anaia bat eta mendeko asko milla il zituen. Odol isurtzea baizik gogoan etzuen, eta atzenean bera ere, ordituta, il zan.

        Alejandrak senarra ilda, agintea artu zuen. Bi seme zituen: bat Hirkano asaba bezala zeritzana apaiz nagusi ipiñi, eta bestea Aristobulo zeritzana erregetzako lanetan laguntzeko artu zuen. Alejandra irurogeita amairu urtekoa il zan, eta bere lekuan Hirkano, seme nagusia, utzi zuen. Emakume au il zan urtean jaio zan Mesias mundura zanean Judako Errege egiten zuen Herodes, Antipatroren semea.

        Bi anaia oien artean auzi gogor bat sortu zan, Aristobulok apaiz nagusitza ez ezik, erregetza ere beretzat nai zuelako. Elkarri erasota, lenbiziko batallan Aristobulo garailari irten zan, eta anaiari apaiz nagusitza kendu zion, eta apaiz nagusi eta errege gelditu zan. Anaiaren txarkeria Hirkanok ikusi zuenean, erromarren agintari Ponpeiori Damaskora bere espasunakin joan zitzaion. Ponpeiok bidezkotzat artu ziozkan eta bere soldaduakin Judan sartu zan. Jerusaleneronz abiatu zan; baña Aristobuloren adiskideak gogor egin eta etzioten urian sartzen utzi alik eta iru illabetean setiatuta idukirik indarrez artu zuen arteraño. Apaiz nagusitzan berriro Hirkano ipiñi zuen; baña etzion erregetzarik eman nai izan, eta Judako alderdi guzia erromarren mendeko egin eta Herodesen aita Antipatro buru eta eraentzalle ipiñi zuen. Eta Aristobulo errege eroria, onen semeak eta beste asko katibu arturik, Ponpeio Erromaronz itzuli zan.

        Aristobuloren seme Alejandrok Ponpeiori bidetik iges egin zion eta Judan gerra berriro irazeki zuen; baña Gabinio soldadu-agintariak bereala sua itzali zuen, eta Alejandro eta lagunak menderatu zituen.

        Gabiniok orduan Juda guzia bost zati egin eta bakoitzari agintari bat ipiñi zion. Lanbide onen ondoren laster, Ponpeio Erromako agintaria il zan, eta Zesar, Ponpeioren ondorengoagandik Juda guziko agintaritza Antipatrok iritsi zuen. Jerusalenera joanda, Hirkanori apaiz nagusitza itzuli zion. Bere bi seme Faselo eta Herodes Jerusalengo eta Galileako agintean ipiñi zituen. Galileako agintari Herodesek bere biotz gogorra bereala agertu zuen, asko gizon oben gabekoak ilerazotzearekin. Au eta onelako beste gauza askogatik bazter aietan iguin latza artu zioten, eta agintearen gañeko naspilla andiak sortu ziran, eta une gitxiren epean gai onetatik odol asko isuri zan. Herodes Erromara iges egin bearrean arkitu zan bizia gordetzeko.

        Erroman Talde-agintzako jaunak bere aide ipiñi zituen, eta juduen errege egin zuten, eta Tolemaidara panda, emen arkitzen ziran Erromako soldaduak lagun artu zituen. Oiekin Jerusaleni eraso zion, an agintzen zuen Antigono kenduta bera jartzeko. Lanbide onek luzaro iraun zuen; baña geroenean ere indarrez sartu zan, eta Antigono ilerazorik, onen lekuan jarri zan.

        Erregetzat artzeko juduak uzkur jarri zitzaiozkan, arrotza zala ziekitelako, eta ogeita amaika urtean gogo gaiztoz onen mendean bizi izan ziran. Bitartean Herodesek juduen uzkurra ikusirik eta oien gogoan sartu naiez, Jerusalen pareta andiakin berritu zuen, Eliza edertu zuen eta aien gogoko zeritzan beste gauza asko egin zituen; baña alperrik: eta atzenean gogorrean asi zan. Bere aitaren adiskide andi Hirkano apaiz nagusia eta erregeen odoletik zetozen guziak il zituen: baita Batzar nagusi edo Sanedringo irurogeita amar juezak ere, beste askorekin batean.

        Juduak, ainbeste gogortasunekin asperturik, ogeita amaika urteren buruan jarri ziran erregetzat Herodes eta onen odolekoak ezagutzera, eta oraindik bizi izan zan geroko beste sei urteetan etzuten Herodesen kontra ezer egin, eta paketsu egon ziran; eta errege arrotz au ezagutzea zan munduaren Salbatzallea laster etorriko zan siñalea, denbora gitxiren epean ikusi zan bezala.

 

 

10. Joakin eta Anaren ezkontza

 

        Joakin zeritzan judu eta Dabiden odoleko gizon bertutetsua, ogei urteetan ezkondu zan amasei urteko neskatx Ana zeritzan batekin. Urte askoan seme gabe egon ziran; eta geroenean izan zuten alaba bat Maria deitu ziotena. Alaba parerik gabe au Nazaret zeritzan errian jaio zan munduaren iru milla bederatzi eun eta larogeita laugarren urteko agor-illaren zortzigarren egunean. Jaiotza onekin Zeruak poztu ziran, zein zan ziekitelako; ez ordea mundua, nor etorri zitzaion oartu etzalako. Iru urte zituenean, gurasoak Jerusalengo Elizan Jaunari bere serbitzorako eskeñi zioten, eta aurrak berak ere garbia izateko itza eman zion, eta geroz Elizan gauza onak egiten bizi izan zan.

 

 

11. Jose eta Mariaren ezkontza

 

        Denbora berean Dabiden odoleko gizon, Jose zeritzana, Nazareten sortu zan. Erregeen jatorria izanda ere, israeltarren artean lotsarik etzan bere eskuko lanarekin bizimodua ateratzen. Oietatik bat Jose zan, eta arotziarekin bere ogia irabazten zuen. Jose. ogeita amarren bat urteko adin edo edaderaño ezkontzaka egon zan; baña ikusi zuenean Joakin eta Ana bere aideak alaba bat izan zutela, gogoak eman zion onekin ezkontzea ondo zetorkiola. Israeltarrak, aideen artean ezkontzak egitea oituraz zuten. Bestetik ezkondu gabe gelditzea lotsa andia zan, Mesias mundura emateko ustea onela galtzen zalako. Mariak garbia izateko emanik zeukan itza, Jainkoak bestek etziekien. Mariaren kontua zeukatenai ere gogoak eman zien Josekin ezkontzea, eta Jose eta Maria ezkondu ziran; eta gisa onetan prestatu zan Jaunari garbiak izateko itza eman izan zioten senar-emazteen arteko ezkontza zorioneko, lau milla une aietan itxedoten zuten Jainko gizon egiña mundura eman bear zuena.

 

 

12. Maria eta Joseren Adanganañoko asabak

 

        Maria eta Jose zorioneko eta paregabeko senar-emazte oiek aitatu ditugun ezkero, deritzat txit egoki dala beren aurrekoen errenkada luzea, Adangandik asita, emen ezartzea, Eskritura Santak dakarren eran, jakin dedin lenengo guraso argandik munduaren Salbatzalle Jesu Kristo nola datorren.

 

                Adanek sortu zuen Set.

                Setek sortu zuen Enos.

                Enosek sortuzuen Kainan.

                Kainanek sortu zuen Malaleel.

                Malaleelek sortu zuen Jareb.

                Jarebek sortu zuen Enok.

                Enokek sortu zuen Matusale.

                Matusalek sortu zuen Lamek.

                Lamekek sortu zuen Noe.

                Noek sortu zuen Sem.

                Semek sortu zuen Arfaxad.

                Arfaxadek sortu zuen Kainan.

                Kainanek sortu zuen Sale.

                Salek sortu zuen Heber.

                Heber-ek sortu zuen Faleg.

                Falegek sortu zuen Ragau.

                Ragauk sortu zuen Sarug.

                Sarugek sortu zuen Nakor.

                Nakorek sortu zuen Tare.

                Tarek sortu zuen Abraham.

                Abrahamek sortu zuen Isaak.

                Isaakek sortu zuen Jakob.

                Jakobek sortu zuen Judas.

                Judasek sortu zuen Fares.

                Faresek sortu zuen Esron.

                Esronek sortu zuen Aram.

                Aramek sortu zuen Aminadab.

                Aminadabek sortu zuen Naason.

                Naasonek sortu zuen Salmon.

                Salmonek sortu zuen Booz.

                Boozek sortu zuen Obed.

                Obedek sortu zuen Jesse, edo Isai.

                Jessek sortu zuen Dabid.

                Dabidek sortu zuen Salomon.

                Salomonek sortu zuen Roboam.

                Roboamek sortu zuen Abias.

                Abiasek sortu zuen Asa.

                Asak sortu zuen Josafat.

                Josafatek sortu zuen Joram.

                Joramek sortu zuen Ozias.

                Oziasek sortu zuen Joatam.

                Joatamek sortu zuen Akaz.

                Akazek sortu zuen Ezekias.

                Ezekiasek sortu zuen Manases.

                Manasesek sortu zuen Amon.

                Amonek sortu zuen Josias.

                Josiasek sortu zuen Jekonias.

                Jekoniasek sortu zuen Salatiel.

                Salatielek sortu zuen Zorobabel.

                Zorobabelek sortu zuen Abiud.

                Abiudek sortu zuen Eliakim.

                Eliakimek sortu zuen Azor.

                Azorek sortu zuen Sadok.

                Sadokek sortu zuen Akim.

                Akimek sortu zuen Eliud.

                Eliudek sortu zuen Eleazar.

                Eleazarek sortu zuen Matan.

                Matanek sortu zuen Jakob.

                Jakobek sortu zuen Jose, Mariaren senarra.

                Mariagandik jaio zan munduaren Salbatzalle Jesu Kristo.

 

        Eskritura Santak sorterro edo genealogia luze onetan emakumerik sartzen ez du; eta Mariaren senarra Jose zala esatearekin sallari uzten dio; baña orañago esan dan bezala, israeltarrak oituraz edo legez, aideen artean ezkontzak egiten zituzten; beragatik Jose Mariaren senarra zala esateak adierazotzen digu biak aideak eta odol batekoak zirala. Oien bien artean zer aidetasun dan esaten, erakusleak bat ez datoz. Batzuek diote Joseren asaba Matan, Mariarena ere berebat zala, bitartean Josek Jakob eta Mariak Joakin besterik izan gabe; beragatik Jose eta Maria lengusuak zirala. Besteak diote Joseren amargarren asaba Zorobabelen lenengo seme Abiudgandik ,Jose datorrela; eta bigarren seme Ressagandik Maria. Beste asko gorago dijoaz; baña guziak bien iturri edo sustraitzat Dabid jotzen dute; eta ezin ukatu diteke, errege andi oni Jainkoak itza eman izan zion bezala, Dabiden odoletik datorrela Jesusen Ama Maria guziz Santa; baita bere senar Jose ere.

        Maria emakume andi, ainbeste erregeren ondorengo onek, bada, prest zeukan, Isaias profetak esandako birjiñatasuna autsi gabe semea egingo zuen sabel garbia. Jainkoaren Semea, Jainkotasuna utzi gabe, Mariaren errai garbian gizon egitera bazetorren. Jainko gizondua gizonen artera etorri eta gizonakin itzegiteko denbora alderatu zan; baña lanbide oni utzi dizaiogun, lege zarrari buru eman eta berriari bigarren zatian asiera emateko.

aurrekoa