www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA SEIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Amon, amabostgarren Erregea

 

        Tobias eta Juditen bizitza eta mirari andien aitamena egiteagatik utzi genduen Judako Erregeen sallari, orain garraizkion. Amon, amabostgarrena, bere aita Manases ilda sartu zan. Amon txit biurria izan zan, eta lenagokoak egindako gaiztakeria guzietan erori zan, eta Jainkoak mundutik kendu zuen, bi une bakarrak erregetzan eginda, bere bekatuen damurik, aitak bezala, artutako siñale gabe.

 

 

2. Josias amaseigarren Erregea

 

        Josias zortzi urteko semea Amonek bere aulkian utzi zuen, eta ogeita amaika urtean agindu zuen, Jainkoaren bidetik beñere aldegin gabe. Irureun urtez lenago, Israelko lenengo errege Jeroboanen bizitzan aitatu zan bezala, esana zegoan, Dabiden etxean jaioko zala Josias zeritzan bat, bere denboran lan andiak egingo zituena; eta etzuen gezurtatu.

        Erregetzan sartu zanean, oraindik gaztea bazan ere, Jainkoa ondo serbitu naia laster agertu men. Judako erreinuan ezagutzen ziran idolo edo jainko gezurrezko guziak kendu, oiek adoratzen erabilli oi zituzten ontziak puskatu, aldareak porrokatu, eta oietan inzensua eskeñtzen zuten apaizak aldare gañean ipiñita erre zituen. Idoloen onran utzitako baso eta zuaiztiak ebaki eta kiskaldu zituen. Idoloen aldeko gauzarik txikiena ere egitea debekatu zuen. Jerusalengo Eliza garbitu, arterañoko errege gaizto guziak egindako okerrak orbaindu eta Judako erreinua, Jainko egiazkoa baizik ezagutzen etzuela, txit oñ onean ipiñi zuen. Gero Israelen ere, katibutasunera joan gabe gelditutako banaka eta ondarrakin lanbide oiek guziak egin zituen: bada, legez eta bidez aien errege zan aldetik, biotzik obenarekin begiratu zien, eta Jainkoa serbitzeko bide zuzenean ipiñi zituen.

        Josiasen gogoa etzan onenbesterekin bete. Juda eta Israelko jende andiak Jerusalenen bildurik, egun askoan egin zuen Pazkoako pesta, lenagoko erregeak iñoiz ere egin izan zuten andiena. Lanbide oiek guziak pozik andienarekin egiten zebillela, Jainkoak Holda Profetizaren bitartez adierazo zion Juda eta Israelen gañera gaitz andiak eta kastigu mingarriak erori bear zirala, beren gaiztakeriak onela merezi zutelako; ez, ordea, Josias bizi zan artean; bada, bere ontasun eta doai ederrakgatik pakean utziko ziola.

        Josiasek agintean ogeita amaika une zeramazkien, ustez-ustegabeko il-bearra etorri zitzaionean. Ara nola. Nekao Egiptoko erregeak Nabukodonosor Asiriakoari gerra eman zion. Nekaok Nabukodonosorgana biderik galdu gabe, zuzen joateagatik, Josiasen lurretik ibiltzeko asmoa artu zuen; baña Josiasi etzeritzan utzi zizaiokeala, zeren, ez batarekin, eta ez bestearekin zuen zer egiñik; eta bestetik bildur zan, Nekaori leku eman ezkero, Nabukodonosor aserretuko zitzaiola, eta kalte andiak etorri ere bai. Prestatu zan bada, Nekaori gogor egiteko, baldin bere lurrean sartzen asitzen bazitzaion. Nekaoren gaztigua ezertan artu gabe, Josiasek bere soldaduakin Majedo-ko zelaietan eraso zion, eta gezia edo fletxa batek jo eta bereala il zan. Eriotza onek judar guziai min andia eman zien, eta progu ederrak egiñik, Jerusalenen lurpetu zuten. Josias zein ona eta jainkozkoa zan jakiteko ez daukagu aditu baizik Espiritu Santuak zer dion: Josias baño lenago, dio, ez da izan oni zirudien erregerik, eta Jainkoagana biotz guziarekin, anima guziarekin eta indar guziakin jarririk, eta Moisesen legea onek bezala gorde zuenik, eta geroz ere bere parekorik etzuen izan. Argatik ainbeste negar egin zioten, eta areagoak egingo ziozkaten, bere eriotzak zer gaitz eta kalteak zekarzkien jakin izan balute.

 

 

3. Joakaz, amazazpigarren Erregea

 

        Josiasek lau seme utzi zituen: Joanan, Joakin, Sedezias eta Joakaz. Arteraño ikusi zanez, erregetza Joanan seme zarrenari zegokion; baña erreinuko andizki eta buruak Joakaz gazteenari begia ezarri zioten, nai zutena egiteko eskurakoiagoa izango zan ustea artuta; eta aitaren aulkian ipiñi zuten. Erregetzan igarotako iru illabeteetan etzuen okerra baizik egin, mesedegille biurri aien gurariai zerraikiela.

        Nekao Egiptoko erregeak, Majedoko erasoa ezkero nai zuena egin bere eskuan zeukanak bezala, bide gabe errege egin zalako aitzakitan, gaztigatu zion bere-bereala aurkeztu zekiola. Joakaz joan zitzaion, eta katez ondo loturik Egiptora eraman zuten, eta etzan Judara geiago itzuli.

 

 

4. Joakin, emezortzigarren Erregea

 

        Nekao gero Jerusalenera joan zan, bere etxera baño eragozpen geiago gabe, zeren nai guzia egiteko eran zegoan, eta Josias aita eta Joakaz anaiaren lekuan, Joakin seme bigarrena ipiñi zuen, eta etzion iñork itzik atera. Judako erreinuari dirutza andi bat eskatu zion; eta au arturik, Egiptora itzuli zan.

        Joakinek, erregetu zanean, ogeita bost urte zituen. Berez txit makurra eta oitura gaiztoetakoa zan, eta bereala asi zan, bere len-lenagokoen antzean, gaiztakeria eta gaiztakeria egiten. Idoloen adorazioa erreinu guzian zabaldu zuen, eta iñork itzik trukatu edo ezer esaten bazion, neke-penarik gogorrenak eman eta ilerazotzen zituen. Profetak otsegiten zioten erreinuari zer kastigu latzak zetozkion baldin bekatuan baziarduten; baña ots oiei sor eta gor egiten zitzaien. Beste askoren artean Urias profeta il zuen, onekin gañerakoak ikaratu eta isillduko ziralakoan; baña bataren lekuan bestea agertzen zitzaion egiak esatera.

 

 

5. Jeremias profeta

 

        Berri-emalle oien artean lenengo lekua merezi duena, Jeremias izan zan. Profeta andi onek Jaunaren mandataritza Josiasen denboran asi zuen, eta errege on oni asko lagundu zion. Urias il zutenean berriro agertu zan, eta Jainkoaren izenean adierazo zuen Juda eta Judakoai kastigu andi eta latzak zetozkiela, baldin ondu eta Jaunaren esanera jartzen ez baziran; baña bekatuai utzi ezkero, Jaunaren eskua atzeratuko zutela. Profeta gezurti eta zenbait apaiz gaizto oska irten ziran, esanaz, Jeremias, iltzea merezi zuen gizon bat zala. Erreinuko buru edo prinzipeak artu zuten; baña ezaguturik Jaunaren izenean itzegiten zuela, etzioten gaitzik egin. Iru urte igaro zituen gaztigu ikaragarriak ematen; baña alperrik: Joakin erregea eta bere mendekoak egunetik egunera zijoazen gaiztotzen. Jainkoak, egia aditzeko judarren gogortasuna ikusita, erabaki zuen katibutasun latz batekin kastigatzea, eta onetarako Nabukodonosor Babiloniako erregea autu zuen.

        Errege onen eta Egiptokoaren arteko despitak aspaldian zirauten: biak indar andien jabe ziran, eta elkar ezin-ikusi gogorra zeukaten. Juda bien erdian zegoan. Joakin emengo erregea len egindako pake eta elkartasunagatik Egiptokoaren erdi-mendean edo zordun arkitzen zan. Nabukodonosor-ek anaiatasun au ezin eraman zuen, eta kastigatu naiez, Jerusalen, Judako Erregearen bizilekuari eraso zion, eta asko nekatu gabe menderatu zuen, eta Joakin erregea eta gorteko andizki batzuek arturik Babiloniara katibu eraman, eta erregea ondo lotuta presondegi estu batean ipiñi zuen.

        Jeremias etzan isiltzen judarrai otsegiten, arren, gaiztakeriai utzirik ondu zitezela, eta Jainkoaren errukia beretuko zutela: bestela, zekusten erregearen eta onen lagunen katibutasuna, asiera baizik etzala: Juda guzia ondatuko zala; eta Nabukodonosor-en morrontza gogor eta lotsagarrian irurogeita amar urte egin bearko zituztela. Baña Jeremiasen esan guziak alperrik ziran. Judarren biotzak okerrean gogortuak zeuden, profeta santuaren esanak aditzeko. Bitartean Nabukodonosor-ek Joakin erregea urte betean katibu idukita, Judara bialdu zuen, dirutza andiak ari emateko, Egiptoko Erregearekin ez berriz adiskide izateko eta beste zenbat gauza, ark aginduak, egiteko itzean. Erregea bakarrik Judara itzulita, gañerako bere lagunak Babilonian gelditu ziran, emandako itzaren segurantzarako.

        Jainkoak errege biurri oni urtebeteko katibutasunarekin bear ainbat adierazten zion zer kastiguen begira zegoan ez ontzekotan; baña joan bezain gaiztoa edo gaiztoagoa itzuli zan. Jeremiasen kontra losentxariak bereala itzegin zioten, esanaz, gizon onek jendeari itzegiteko eskua izatea konbeni etzala; nastu baizik, alabañan, etzuela egiten. Erregeak itxian sar erazo zuen, eta profeta gezurtiai onekin indar andia eman zien, eta jendea beretaratzen zuten.

        Gauzak onela zeudela, Jeremiasek itzegin edo predikatzeko baimen eta eskurik etzeukan ezkero, bere ikasle Baruk-i liburu bat eragin zion, zeñean, maisuak erakutsita, ipiñi zituen Judari zetozkion kastigu izugarriak, baldin ez bazan ontzen. Baruki agindu zion Elizara joan, eta jende-bildurik andienean liburua irakurri zezala, guziak Jainkoaren esana aditu zezaten. Baruk, Urias profetari zer egin zioten ikusita, uzkur zegoan; baña Jeremiasek esan zionean etziotela ezer egingo, liburu guzia Elizan irakurri zuen: bereala barreatu zan zer egiak esan zituen. Erregeak liburua eramanerazo zuen, eta irakurtzen asi orduko, aditzen zuena ezin eramanaz liburua erre eta bere morroiai agindu zien Jeremias eta Baruk arrapatu eta lotu zitzatela; baña Jainkoak ezkutatu zituen, eta arkitzeko erregearen egin-alak alperrik izan ziran.

        Jainkoak Jeremiasi agindu zion, len bezalako beste liburu bat berriro egin zezala, eta erregeari aurkezturik, esateko: Ara, zuk erre zenduen Babiloniako Erregea onara laster etorriko dala eta guzia, gizonik eta abererik utzi gabe, ondatuko duela zion liburua. Begira, bada, Jainkoak Joakin Judako erregeagatik zer dion: Dabiden eser-lekuan jarriko dan ondorengorik ez du izango, eta bere gorputz-illa egunaz eguzkitan eta gauaz izotzetan egongo da. Gaztigu ikaragarri au erregeari eman zion ezkero, Jeremiasek izan zuen jendeari egiak esateko lekua; beintzat, Eskritura santak ez digu esaten erregeak gaitzik egin zionik; baña etzioten aditzen.

        Urte batzuek onela igarota, Joakin aspertu zan urteoroko dirutza eskeñia Nabukodonosor-i ematez; ukatu zion eta jarri zan gogor egiteko prest. Nabukodonosor uko onekin txit aserretu zan: baña aspaldian izan zituen gora-beerakin, etzegoan nai zuena egiteko; eta besterik ezinean, Kaldea, Siria, Moab eta Amongo zenbat litsarrero bialdu zituen, zezaketen kaltea Judari egitera: eta dollor oiek guzia ondatzen zuten, lendanaz profetak Jaunaren aldetik esanik zeukaten bezala.

        Erreinua gisa onetan utzirik, Joakin ogeita amaika urtekoa il zan, bere bizitza gaiztoaren damu gabe, eta bere lenagokoak zetzaten lekurik merezi etzuelako, gorputz-illa zaldi, asto eta zakur ustelduen ezurtokira bota zuten.

 

 

6. Jekonias, emeretzigarren Erregea

 

        Jekonias aitaren lekuan, Judako emeretzigarren errege jarri zan, eta iru illabete eta amar egunean agindu zuen. Bitarte labur onetan, aitak bezala, idoloak adoratu zituen. Jeremiasek erakutsi zion zer egin bear zuen: baña alperrik. Atzenean esan zion erbestera joan eta an ilko zala.

        Joakin il zan egunetan, Nabukodonosor-ek Egiptoko Erregearekin zerabillen gerra bukatu zuen, eta arkitu zan nai guzia egiteko lenago baño era obean. Joakin aitak orañago egin zion ukoa gogoan zeukala, Jekonias semea agintean sartu zanean, soldadu-talde andi batekin Jerusalen setiatu zuen. Barrungoak gogor andirik egin gabe, erregea, bere ama, aideak, andizkiak eta serbitzariak Nabukodonosor-i barkazio eske aurkeztu zitzaiozkan. Errege onek gozakaitzkeria andian artu zituen. Gero Jerusalenen sartu zan, eta Elizan eta errege-etxean arkitutako urre, zillar eta beste ondasun guziakin errege, bere etxeko, andizki eta gerrari guziak arturik, Babiloniara katibu eraman zituen, ezer gitxi zuten beartsuenak baizik Jerusalenen utzi gabe. Bereala Judako erregetzatik Jekonias kenduta, onen osaba Sedezias ipiñi zuen, Nabukodonosor-en mendeko izateko eta dirutan zerbait ondo emateko itzean.

 

 

7. Sedezias, Judako atzeneko Erregea

 

        Sedeziasek ogeita bat urte zituen, eta amaikan agindu zuen. Bitartean, anaia Joakinek eta illoba Jekoniasek bezala, idoloak adoratu zituen Jeremiasen otsak ezertan artu gabe, eta mendekoak ere gaiztakerian buruari zerraizkion: etzan itsusikeriarik an egiten etzanik: Eliza bera ere, lotsarik gabe loitzen;zuten. Jeremias isiltzaka beti ziardun esaten Jainkoronz itzuli zitezela; bestela, galduak zirala: Babilonian katibu laster arkituko zirala; baña etzioten aditzen. Sedeziasek auzoetako erregeakin isillik adiskidetasunak egin zituen, Nabukodonosor-i gogor egiteko asmoan. Uste zuen, profeta gezurrezkoak ala erakutsita, indarrez eskuratuko zutela; eta Jeremiasek, Jainkoaren partetik esan arren etzezatela alako lanik artu: eta ala Jerusalenentzat nola Judarentzat txit kaltetsu izango zala; zetorkien jasa bildurgarria beren bekatu eta gaiztakeriak zekarkietela; Babiloniara joan eta emen irurogeita amar urte bete artean, askotan esan izan zien bezala, egon bearrean zirala, sinisten etzioten.

 

 

8. Ezekiel profeta

 

        Jeremias, Jerusalen eta Judan bizi ziranai au esaten eta erakusten ziardun denboran, Ezekiel profeta ere Babilonian berebat zebillen katibu zeudenai adierazten, arren, Jainko egiazkoa serbitu zezatela, gezurrezkoai agurrik egin gabe; bestela, arkitzen ziran katibutasuna gogorragoa izango zutela. Nabukodonosor-ek Jerusalen artuta, Joakin eta beste askorekin Babiloniara katibu joan zan Ezekiel, zeñari katibutasunaren bostgarren urtean Jainkoak profetaren eginkizuna eman zion. Onen bitartez, bada, bere lagunai etorkizunaren gañean itzegiten zien, Jainkoaren bildur santuan idukitzeko. Jerusalengatik ere txit berri negargarriak eman ziezten, ziola, Jainkoak egindako besteri ez bezalako mesedeak ezertan artu gabe, ain lotsa gitxirekin aren aginduak autsi zituztelako kastigu ikaragarriak bialduko zituela; baña Jaunaren profeta guziak ezer etziran aien biotzak zuzentzeko, eta atzenean Jainkoaren aserreari beren gaiztakeriakin gañez eragin zioten, eta atzeneko kolpea erori zitzaien.

        Sedezias, erregetzan zeramazkien zortzigarren urtean, Babiloniako Erregearen kontra jaiki zan, auzoakin, batez ere Egiptokoarekin, egindako adiskidetasunarekin Nabukodonosor-i arpegi emateko adiña bazala sinisturik, eta urteoro eman bearra zeukan dirutza ukatu zion. Nabukodonosor-ek uste gabeko beni au artu zuenean, Judako erreinuari aide guzietatik eraso zion. Lakis eta Azeka ez, beste erri guziak artu zituen, eta oiei kontu egiteko adiña jende utzita, Jerusalenera joan eta setiatu zuen. Sedeziasek esturasun larri onetan Jeremiasi gaztigatu zion Jaunari, arren, aiekgatik eskatzeko. Jeremiasek, aurkez aurke jarrita, Jainkoaren partetik erantzun zion etzuela gauza onik zer uste izan. Guziak Babiloniara katibu joan eta Jerusalen en bearrean zirala. Sedeziasek orduan bere mendekoakin batean ondu-irudi bat egin zuen, Jainkoak agindutako zenbait gauza egiñaz; baña ez biotzetik, ezpada bildurrak estututa.

 

 

9. Jerusalen eta Jerusalengoen ondamena

 

        Egiptoko Erregea abiatu zan Jerusalengoari laguntzera, eta Nabukodonosor-ek, bidera irtenda erasorik, porrokatu eta igesi bialdu zuen. Garaipen onen ondoren bereala itzuli zan Jerusalen setiatu eta inguru guzietatik itxitzera. Bitartean, jerusalentarren lenagoko on-irudia egiazkoa izan etzala adierazo zuten; bada, etsaiak aldegin bezain laster, jolas eta jostaketari eman zitzaiozkan, berriz zer ikusirik izango etzutelakoan: Jeremias, egiak beti esaten ziezten profeta, itxian sartu eta asko neke erakutsi zioten, eta beste gaiztakeria eta oker andiak egin zituzten. Jeremiasek esaten zien: Zuei laguntzera zetozten soldaduak beren errironz itzuliko dira. Kaldearrak, berriz ere, onara badatoz, eta erri au erreko dute. Ez uste izan kaldearrak etxeronz itzuliko dirala, ez, ez; elbarri banaka batzuek ez, beste guziak ondatuko bazinituzte ere, elbarri oiek asko izango dira erri au erretzeko. Jeremiasen esan guziak zearo gertatzen ziran. Nabukodonosor-ek zenbat estutuagotu, barrungoak anbat larriago zeuden. Oien nekeak zein gogorrak ziran ezin bear adiña adierazo diteke. Erri doakabe eta zorigaiztoko artan etzan gosea, egarria, gaitza, izurritea, likitskeria eta iltzea besterik ageri. Nola zeuden zerbait antz-emateko asko da esatea amak sabeleko aurtxoa jaio begira zeudela, bereala il eta jateko, eta neke oiek guziak beartsuak ez ezen, aberatsak ere bazeramazkiten.

        Sedeziasek, gauza onik etzegoalako etsimenarekin, bere seme eta etxekoak arturik, ate isill batetik gauaz iges egin zuen; eta atzenean Nabukodonosor urtebete eta geiagoren buruan Jerusalenen sartu zan. Onen soldaduak zegoan guzia artu, eta gizon eta emakume, zar eta gazte guziak il zituzten; eta Jerusalen ederrak, illen lurpe-leku edo ezurtoki bat baizik etzirudien.

        Bereala erregearen eske irten ziran, eta Jerikoko zelaietan atzituta bere seme eta serbitzariakin Nabukodonosor-i eraman zioten: Onek semea eta serbitzariak, aita begira zegoala, Rablatan ilerazo zituen, eta aitari begiak aterata, Babiloniara eraman eta itxian usteltzen iduki zuen il arteraño.

        Orra zer patua Sedezias Judako ogeigarren eta atzeneko erregeak izan zuen. Jaunaren profetak askotan esan izan zioten zer gertatuko zitzaion; baña aien deadarrai sor eta gor egiten zitzaien, eta atzenean Babilonian il zan, Babilonia, Ezekielek aurez esan bezala, ikusi gabe.

        Lanbide oiek guziak eginda, Jerusalengatik lenaz esanak bete bear ziran. Onetarako Nabuzardan agintariari agindu zion Jerusalenera joan eta soldaduak lenagoko aldian sartu berrian egindako ondamenetik gorde ziran gauza guziak artu zitzala, Elizako eta errege-etxekoai ere, lenago bezala, barkatu gabe; eta erriari eta Elizari su emateko. Nabuzardanek nagusiaren esanak zintzo egin zituen. Elizako urre eta zillar-gauzak, errege-etxeko eta gañerako guziak atera zituen, eta eze-igarrai su emanik, guziak kiskaldu eta auts-egin zuen, zaborrak eta pareta erre-zarrakatuak baizik utzi gabe.

        Nabukodonosor-ek, nai guzia egin zuenean, edo obeto esateko, Jerusalen eta Judari zer zetorkien Jaunaren partetik profetak esandako guzia bete zanean, bere errironz itzultzeko asmoa artu zuen; baña ondo etzeritzan Juda bezain alderdi gozo guri, gauza guziak emateko ain ugaria, iñor gabe uzteari, eta zenbat gizon beartsu lur-lanean trebatu ipiñi zituen, beren izerdiarekin zer jana atera zezaten eta, bidenabar, berari ere eskuerakutsi batzuek egin zizaiozkaten. Buru eta nagusitzat eman zien Godolias Jerusalengo semea eta Jeremiasen esanari begiratuta iges egin zutenetakoa: eta iñork txarkeriarik egin etzizaion, bear anbat soldadu utzita, Nabuzardan Babiloniara joan zan.

        Nabuzardan Jerusalenen sartu zanean, Jeremias itxian zegoanaz etzan aztu: kate-petik atera zuen eta eman zion Geliasekin gelditzeko baimena eta zerekin bizi: profeta santu oni, alabañan, nai zion, jerusalentarrak odolik isuri gabe Nabukodonosor-en eskuetan jartzeko, alperrik bederik, egin zituen alegiñakgatik. Nabuzardanen arrera on onezaz baliatu zan Ramata-ra joan eta andik Babiloniara katibu zijoazen bere lagun maiteai atzen agur egin eta nola bizi bear ziran erakusteko. Gero Jerusalenera itzuli zan, beste egiteko andi batera. Ara zer.

 

 

10. Jeremiasek Elizako zenbat gauza gordetzen ditu

 

        Jerusalengo erria auts egin bear zan aurrean, bere gogoko eta Jainkoaren bildurreko apaiz batzuek beregana deitu eta Jaunaren partetik agindu zien Elizan zeuden elkartasuneko Kutxa, Tabernakuloa bere Kerubinakin, beti zizekan sua eta beste zenbat gauza artuta, berak izentatu zien lur-zulo batean gorde zitzatela. Apaizak ala egin zuten; eta Jeremiasek orain, Nabuzardanek nekazaritzan egiteko utzitako gizon jainkozkoenak berekin arturik, bada apaizik batere geratu etzan, lur-zulora joan zan; eta su irazekia emen bertan utzirik, beste gauza gogoangarri aiek guziak gizonen sorbaldaetan eraman zituen, eta lagunai aide eragiñik, berak bakarrik zulo batean sartu zituen, eta atea edo sarlekua itxi zion, iñork ezin igerri zizaiokean eran, eta lagunai esan zien: Leku au ez da ezagutua izango, Jainkoak bere erria bildu eta adiskidetu arteraño: eta gaur dan eguneraño koba eta kobako gauza miragarri aien berri iñork ez daki.

        Jeremiasek, bere lanak eginda Jerusalenera itzuli zanean, zer neke-penak eta naigabeak izango zituen esatea erraz ez da. Erri ots andiko mundu guziaren burua, edertasunean besteri ezer zor etziona, Jainko egiazkoaren Eliza bere erdian zeukana, Jainkoak israeltarren aide egindako mirari eta mesede paregabeak agertzen zituzten gauza guziak beregandik aterata, jauregi, etxe eta gañerako guziak auts eginda, aide guzietatik bakardaderik mingarriena ikusita, nork Jeremiasen biotz illuna eta miña adierazo? Orduan ipiñi edo zuzendu zituen Jeremiasen negarrak edo lamentazioak deritzaten itz triste, aste santuko eliz-lanetan irakurri oi diranak, eta biotzik gogorrena ere erdiratu gabe ezin aditu ditezkeanak.

        Gero Jerusalendik Masfat-era, Godoliasen ondora, joan zan, eta bere lagun banaka aiekin bizi zan, guziai Jaunaren bide zuzena erakutsiaz: baña laster izan zuen zergatik berriro negar egin. Asi ziranean beren buruak sakabanatuta gorde zituzten banakak auzoetatik Judara biltzen, etorri zan gizon bat, Ismael zeritzana, eta Godoliasen nagusitza ontzat ezin eraman zuena. Onek, afaltzen zeuden batean, Godolias il zuen, eta amontarretara igesi joan zan. Lagunak gelditu ziran zer egin etziekitela, edo Babiloniara barkazio eske, edo Egiptora igesi joatea ezin erabakiz zalantzan. Jeremiasek esan zien, ez bata eta ez bestea egin zezatela, ezpada Judan bertan egoteko, eta etziela iñork gaitzik egingo. Jeremiasen esan guziak alperrik ziran, eta arteraño bildutako andi eta txiki guziak arturik, Egiptora igesi joan ziran. Jeremias ere berekin eraman zuten; eta emen bizi izan zan, judar desleialai beren billaukeriak arpegira ematen eta Jaunaren esanak ezertan artu etzituztelako zetozkien kastigu latzak adierazten: eta atzenean profeta santu au arrika il zuten.

        Ismael eta besteak Judatik aldegin zuten ezkero, or-emendik Jerusalen ondora zenbat judar bildu ziran, bizimodua ateratzeko asmoan; baña Nabuzardanek artuta, Babiloniara, lenagokoak bezala, katibu eraman zituen, eta Judako erreinu ederra soll-solla geratu zan, nekazari banaka batzuek baizik gabe. Egiptora iges egindakoai ere makillada iritsi zitzaien. Nabukodonosor-ek auzoetako erregeakikoa egin eta menderatu zituenean, Egiptokoari ere eraso zion, eta egin zuen ilkintza andian Judako igeslari asko erori ziran, eta gañerakoak eraman zituen Babiloniara, beren senide eta erritarrak lenagotik zeuden tokira, non morrontza gogorrean sartu ziran, profeta santuak aurreeraz esan izan zieten bezala.

 

aurrekoa hurrengoa