www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

EMERETZIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Salomonen jaiotza

 

        Garaipen onen ondoren Israel pake onean zegoan; lenbiziko lau urteetan Dabidek etzuen eramankizun edo ez-bear andirik izan. Uste zuen, bere penitenziarekin Jaunaren aserre zuzena itzali zuela, eta Natan Profetaren bitartez egin ziozkan zemaia edo amenazak, itz utsetan geldituko zirala. Uste onetarako asko laguntzen zion, alde guzietatik gauzak ondo zetorzkiola, ikusteak. Lau urte oietan, Betsabee bere lengo bekatu-lagun, eta orain egiazko emazteagandik, lau seme izan zituen, eta oietatik atzenekoa Salomon zeritzana, eta Jainkoak Natan beraren bidez Jaunaren maitagarria deitu ziona. Aur onen jaiotzak Dabiden biotza zabaldu, eta pozez bete zuen, zeren begiratzen zion bere oñordeko, eta Israelen buru gogoangarri izan bear zanari bezala. Baña laster asi zitzaiozkan, bere bekatuari zegozkion kastiguak, erortzen, eta Jaunaren esanak betetzen.

        Amnon Dabiden seme zarrenak, bere arreba-erdi Tamar zeritzanaganako amorio galduari, biotzean leku eman, eta gogoa bete naiez zebillen. Egun batean eri-irudia eginda, Tamar-en eskuz maneatutako sendagarriren bat artzeko aitzakitan, gelara eraman, eta donzella gaztea galdu zuen; eta arterañoko amorio loia gorroto biurturik, lotsa gorrian begietatik kendu zuen. Tamar, Amnonen etxetik irtenda, beste anaia oso Absalonenera joan zan, negar-malkoak zeriozkala. Absalonek egin-al guzian arreba alaitu nai izan zuen; baña Tamar ezin poztuz, eta artutako lotsa burutik ezin kenduz, egun gitxiren epean il zan. Dabidek Amnonen okerra aditu zuenean, damu izan zuen; baña semeari atsekaberik etzion agertu, txit maite zuelako, eta zegokion kastigua Jaunaren eskuetan utzi zuen; Absalonek ez ordea; eta arrebari egindako bidegabekeria eta lotsakizuna, lenbizi zetorkion era onean, berak nozierazo nai izan zion; eta pensatu zuen, onetarako ordurik obena ardi-mozketako eguna zala. Asmo onetan bi urte joan ziran.

 

 

2. Absalonek Amnon iltzen du

 

        Israeltarrak onelako lan-egunetan beren aide eta adiskideak deitu oi zituzten; eta Absalonek ere Errege eta senide guziai otsegin zien, bazkari andi bat egitera. Dabidek erantzun zion, ea aideak zertako zituen, eta kostu aiek zergatik ziran? Eta etzan joan nai izan. Absalonek ikusirik, aita etzitzaiola joaten, esan zion: Zuk nai ez dezun ezkero, Amnon nere anaia gurekin betor. Aita etzan beingoan jarri, Amnoni joaten, uztera; baña Absalonen leia ain andia izanik, bere baimena eman zuen, eta Amnon eta beste senide guziak Absalonen etxera joan ziran. Absalonek Errege bati dagokion bazkari andi bat ipiñi zuen, eta bere morroiai esan zien: Kontuan zaudete, Amnoni ardoak burua noiz nasten dion, eta nik keñu egiten dizutedan; orduan eraso, eta bereala ilko dezute. Nagusiaren esana morroiak egin zuten. Beste senide guziak eriotza onekin arri-egiñik, mandoetan jarrita, aitagana Jerusalenera igesi itzuli ziran.

        Absalonek ere bere aitasaba Gesurko Errege Tolmaigana iges-egin zuen. Dabidek il-berri negargarri au artu zuen, beste semeak eldu baño lenago; baña ez Amnon bakarra illa zala, ezpada onekin batean beste seme guziak ere bai. Aita gizaxoak soñekoak urratu, eta auzpez jarri zan: aldamenean zeuzkanak ere berebat egin zuten. Estura larri onetan Jonadab biurri, arreba Tamar beretzeko Amnoni, zer egin bear zuen, erakutsi zion konsejari zorigaiztoko ark, Dabidi esan zion: Ez orrelakorik; Amnon da bakarrik il dana. Itzketa onetan zeudela, igesi zetozenak sartu ziran: aita-semeak elkarganatu ziranean, negarrak eta aieskak geitu ziran: aitak guziak laztandu zituen: biotzik biguñenarekin begiratzen zien: baña Amnon illa eta onen iltzalle Absalon etziran ageri. Ikusgarri negargarria!

        Dabidek seme zarrenaren iltzea txit min zuen, eta are miñago beste semea iltzalle izatea; eta Absaloni zein ere ondo nai zion, ezagutzen zuen, kastigurik gogorrenaren diña egin zala, eta au bear bezala emateko, Gesurko Erregeari askotan gaztigatu zion, bialtzeko; baña bero artan etzion bialtzen. Onetan iru urte joan ziran: bitartean Dabiden sua zerbait epeldu zan; biotza bigundu zitzaion; eta eman zion, Jerusalenera etortzeko baimena; ordea aren begietan ez jartzeko itzean. Jerusalenen bi urte igaro zituen, aita Dabiden aurrera gabe. Izaera onezaz asperturik, Joabi bi aldiz deitu zion, aitari bere alde itzegiteko; baña Joabek etzion erantzun. Orduan Absalonek bere morroiai agindu zien, Joaben garagar-soroetara joan, eta su emateko. Joabek, bere morroiak esanda, jakin zuenean, Absalonenak zer egin zuten, Absaloni joan, eta galdetu zion, ea zergatik aren garagardiak erreerazo zituen? Absalonek erantzun zion, bi aldiz gaztigatu, eta etorri etzitzaiolako, morroiai lan hura agindu ziela. Orduan Joabek, gogo gaiztoz bederik, Absalonen alde Dabidi itzegin zion. Aitak semeari otsegin zion; semea aitagana sartu eta auzpeztu zan; aitak semea laztandu zuen; eta bien arteko pakeak egin ziran.

 

 

3. Absalonen Erregetzeko asmoak

 

        Absalonek, aitaren adiskidetasunera itzuli zanean, bere gaizki-egiñaren damurik etzeukan, aitak uste zuen bezala; ezpada bereala artu zuen, aitaren aulkian bera jartzeko asmoa. Onetarako asi zan bideak egiten. Ipiñi zituen kotxe ederrak, eta serbitzari asko, zeñakin Errege baten anditasunean irteten zan. Dabidgana zerbaiten eske, edo auziren batekin zijoazenai leunkiro, eta loseintxa andian itzegiten zien, esanaz, aitaren lekuan bazegoan, etzuela iñork gaizki zer esanik izango; nori berea eman, eta guziai on egiten, nekatuko litzakeala. Onelako leunkeria eta loseintxakin Israeltarren gogoak irabazi eta beretu zituen.

        Seme galdu onek ezagutu zuenean, zerbait zezaketenak beregana ipiñi zituela, aitari Hebronera joateko baimena eskatu zion, erbestetuta zegoanean, Jaunari egindako promes bat betetzeko aitzakitan. Dabidek gaitz-uste gabe, baimena eman zion, esanaz; Pakean zoaz. Jerusalendik irten bezain laster, Absalonek bazter guzietara mandatariak bialdu zituen, tronpeta-soñua aditzen zutenean, Absalon Hebronen Errege jarri zala, ezagutu zezatela, gaztigatzera. Hebronera zanean, bereala bere burua Errege egin, eta tronpeta-soñuarekin jende eta soldadu-talde andiak beregana batu zituen, eta guzien buru jarri zan.

 

 

4. Dabiden igesa

 

        Dabidek jakin zuenean, semeak Hebronen zer egin zuen, bere serbitzariai esan zien: Emendik igesi goazen, Absalonen eskuetan erori ez gaitezen. Dabid Jerusalendik oñez irten zan, bere lau emazte lenengo mallakoak, semeak eta etxekoak artuta, uriaren kontuartzalle guziak, eta Saulen igesi zebillenean, berekin izaten zituen seieun gizon indartsu aiek laguntzen ziotela. Beste amar emazte bigarren mallakoak etxeari kontu-artzen utzi zituen. Dabid bere lagunakin negarrez eta aieskaz eremuronz bazijoan, eta Zedrongo ibaia igarotzean, alderatu zitzaiozkan Sadok eta Abiatar beste Lebita guziakin, Kutxa santa berekin zutela, zeñak Dabid txit poztu zuen: baña gerrako gora-beeraetan okerrik izan etzezan, Sadoki esan zion, Kutxa santa Jerusalenera itzuli zezatela; eta bera Olibeteko mendira joan zan oñutsean, eta burua autsez beteta, Jaunaren aserre bidezkoa itzaltzeko penitenzia egin naiez.

        Bauringo urira urreratu zanean, bidera irten zitzaion Benjamintar bat, Saulen aidea, eta Semei zeritzana, iseka eta burlaz betetzera; asi zitzaion madarikatzen, eta atzenerako arrika ematen. Ez da itz lotsagarririk, ao gaizto ari jaulkitzen etzitzaionik: Oa, oa, esaten zion, odolzale ori. Orain, orain, nozitu bear dek, Saulen etxean isurerazo uen odola. Bide gabe eretu uen erreinua, ire semearen eskuetan Jainkoak orain ipiñi dik. Dabidekin zijoan bere illoba Abisaik, ainbeste burla eta lotsagabekeria ezin eramanaz, Erregeari esan zion: Zergatik gizon orrek Errege nere Jaunari ain gaizki itzegin bear dio? Joanda, lepoa ebakiko diot. Dabidek etzion utzi, eta Abisai, eta beste lagunai esan zien: Gizon orri zer nai diozute? Dakusute, ni neronen semea nere biziaren billan dabillela, eta Benjamintar batek ori egitea, zer miresteko da? Utzi zaiozute, madarikatu nazan, Jainkoak utzi dion ezkero. Dabid bere aginte guziaren bearrean arkitu zan, Semeiri gaitzik egiten, bere lagunai eragozteko; eta nekez bederik, Baurinen sartu ziran, eta atseden zuten.

        Dabidek zuen adiskide leial, eta esturasun guzietan iritzia eskatzen zion bat, Kusai zeritzana. Kusai Dabidi bere igesian jarraitu nai izan zitzaion; baña Jerusalenera itzuli zuen esanaz, mesede andiak menturaz egin litzazkiokeala. Kusai Jerusalenen sartu zan, Absalon bere anditasun guzian sartzen zan ordu bere-berean, eta Absaloni bereala joan zitzaion, agur egitera, eta bere serbitzoak eskeñtzera. Absalon poztu zan, bere aitaren adiskide andi eta konsellari aditu onek Erregetzat ezagutzen zuela, ikusita, zeren onen argiaz uste zuen, bear-orduetan baliatuko zala.

 

 

5. Dabiden emazteen galera

 

        Absalonek bereala Akitofeli esan zion, Kusairekin egon, eta itzegin zezatela, zer egin bear ote zan, asitako lanean ondo irteteko, eta aita Dabiden koroa osotoro beretzeko. Akitofel gizon galdu biotz gaiztoko, eta ezeri begiratzen etziona zan, berea egin ezkero. Dabiden denboran Jainkozko edo bertutetsu egiten zan, eta Absalonekin ikusiko degu, infernutik irtendako baten lanak egiten. Absaloni esan zion, bada, aitaren koroa beretu, eta sendotzeko, bide obeagorik etzuela, aitak etxe-zai utzi zituen amar emazteak artu, eta galtzea baño. Au Israelko jendeak ikusten zutenean, ezagutuko zutela, aita-semeen arteko adiskidetasunak betiko autsiak zirala, eta bein artutako aldeari jarraitzea beste biderik etzala, beren buruak gordetzeko. Konsellurik gaiztoena eta galgarriena zan; baña Absalonek, ez lotsari, ez zer-esanari, ez onoreari, ez konzienziari begiratzen zion. Aitaren amar emazteak bere etxe-gañeko leku ageri batera eramanerazo, eta, guziak zekustela, an bertan galdu zituen, eta esan ere ezin ditezkean zatarkeria likits eta loi guziak egin ziezten. Israel guzia, ikusteko negargarri onekin, arri-egiñik gelditu zan, eta Akitofelek esan bezala, Absalon Erregetzat artu zutenak, jarri ziran, il edo bizi, berari jarraitzera, aitagandik barkaziorik izango etzala, etsita.

        Akitofelek loikeria ez-aditu au epeltasun andian bere begiakin ikusi ondoren, Absaloni joan zitzaion esatera, on zala, armadunak bere-bereala bilduta, Dabidi zegoan lekuan, prestatzeko lekurik ere eman gabe, erasotzea. Nik neronek, esan zion, amar milla gizon bizkorrenak artuko ditut; gaur arratsean itsumustuan sartuko natzaio, bera eta bere lagunak auldu eta nekatuta dauden lekura; lagunak iges-egingo diote; eta orduan Erregea ilko det, eta gañerakoak ondatuko ditut, eta zu pake oso-betean geldituko zera. Akitofelen esana Absalon eta bere aldeko zarrai ondo iruditu zitzaien; baña Absalonek, ordu onean, Kusairi ere iritzia eskatu nai izan zion. Kusaik erantzun zuen, Akitofelek etzuela oraingo aldian ondo erakusten. Badakizu, Absaloni esan zion, zure aita, eta oni darraizkionak txit dirala bulardetsuak, bizkorrak eta biotzean min dutenak: gañera zure aita gerrari ona da, eta era onik galtzen ezdakiena. Orain berean menturaz arzuloren batean ezkutatuta dago: eta zureetatik bat asieran galtzen bada, edozeñek jakingo du, eta esango du, Absalonen jende guzia ondatua da: eta biotzik andiena ere laborrian jarriko da. Nere iritzian obena litzake, Israel guzia bildu, eta guziok batean, zu erdian zaitugula, erasotzea, eta Dabid, eta onen lagunai, bat bakarrik ere utzi gabe, eskuak ezarriko dieztegu. Oiek eta onelako beste gauza asko Kusaik Absaloni esan ziozkan, ez indar andikoak zirala, uste zuelako, ezpada, bitartean Dabidi zer zerabilten gaztigatzeko lekua izan zezan, jakiñean jarri, eta presta zedin. Absalon eta onekin ziran zarrak Kusairen iritzia obeagotzat artu zuten, Akitofelena baño, zeña, ikusirik bere esanari begiratu etzitzaiola, etxera joan, eta urkatu zan.

        Kusaik Dabidi bereala gaztigatu zion, semeak zer asmo zuen: eta Dabid bere lagunakin Jordango ibaiaz beste alderonz joan zan, Absalon itsumustuan etzetorkion. Manainera zanean, jakin zuen, Absalon Martiztiarekin billan zijoakiola. Seme baten kontra ezer egiteak min ematen zion; baña bearrean arkitu zan. Bere soldadu banakak iru zatitan, bakoitzari agintari bana emanda, ipiñi zituen. Bera ere guzien buru joan nai izan zan; baña etzioten utzi, esanaz, aren biziak beste guziak baño geiago balio zuela, eta gora-beera guzietan, etsaiaren eskuetan erori gabe, gorde bear zala. Martiztia, bada, Manaindik irten zan, eta Dabid erriko atean jarrita zegoan, bere soldadu apurrak nola zijoazen begira, eta aita zala aztu gabe, agintariai, beste guziak dantzutela, esan zien, Absalonen bizia, arren, gorde zezatela. Garaipena eskuan bazeukan bezala, Dabidek itzegiten zuen; baziekien alabañan, Jainkoaren lana zala eta ondo irteteko indarrak emango ziozkala, eta etzuen utsegin.

 

 

6. Absalonen eriotza

 

        Absalonek bere Martiztiarekin Jordango ibaia ordurako igaro zuen, eta bi Martiztiak Efraingo ordekan aurkez-aurke jarri ziran: eta elkarri eraso bezain laster, ezagutu zan, Absalonen Martizti andia Dabidenaren eskuetan eroriko zala. Igesari eman zitzaiozkan, eta Dabidenak ilkintza izugarria egin zuten. Ogei milla eraso-lekuan, eta beste ogei mila eta geiago urreneko basoan illotzak geratu ziran. Absalonek basoronz iges-egin zuen: eta Dabiden soldaduak, nola zijoan, ikusi bazuten ere, etzioten ezer egin nai izan, aitak agindua gogoan zeukatela. Baña Zein patu gaiztoak itxedoten zion! Mando-gañean igesi zijoala, arte-pe adartsu batean igarotzean, besanga edo adarrean buruko ille luzeak nastuta, zinzilika gelditu zan, et mandoa korrika aurrera joan zitzaion. Soldadu batek ikusi zuen, nola airean zegoan, ez zerurako eta ez lurrerako; baña etzion onek ere ukitu, aitaren esanaz oroituta; Joabi joan zitzaion berri ematera. Joabek esan zion: Ikusi zenduen ezkero, zergatik lurrari josi etziñion, eta amar amar-errealeko eta gerriko eder bat emango nizkizun? Soldaduak erantzun zion: Milla zillar-diru eskuan ipiñiko baziñizkit ere, Erregearen semeari ez nioke eskurik ezarriko; bada, guziok dantzugula, zuri zerori, Abisai eta Etairi agindu zizuten, Absalon bizirik gordetzeko. Joab etzan ain leiala izan, bere nagusiaren esana egiteko: eta soldaduari esan zion: nik neronek, zuk nai izan ez dezuna, egingo det; eta zure aurrean erasoko diot. Iru gezi edo ezten artu zituen, eta biotzaren erdian sartu ziozkan. Ala ere oraindik asnasa bazuela ikusita, Joaben morroi batzuek joan, eta il zuten. Orduan Joabek gerra-soñua jota, igeslariai jarraitzeari utzi zion, odol geiago isuri etzedin. Bereala zulo bat eragin zuen, eta emen Absalonen gorputz-illa sartuta, arri-meta andi batekin estali zuen.

        Berri au zeramaion mandatariak, soldaduak irten ziranean, begira jarritako erriko atean aita arkitu zuen, eta Dabidek bereala galdetu zion: Absalon bizi da? Beti au gogoan zeukan: ezagutzen zuen, alabañan, lanbide aietan zebillela, iltzen bazan, gorputzaren aldetik, ez ezen, animarenetik ere illa, eta sekula guzian galdua zala, eta berak bezala, penitenzia egiteko lekua opa zion. Mandatariak erantzun zionean, Absalon il zala, gela batean sartu, eta negarrari eman zitzaion, ziola: Ene seme Absalon! Absalon ene semea! Ai zure bizia nerearen truke erosi al-baneza! Absalon ene semea! Ene seme Absalon! Berri negargarri au soldaduetan barreatu zan, eta egun artan Martiztia errian etzan sartu, Erregeak bere negar-aldia egiteko lekua izan zezan.

 

 

7. Joaben ausardia

 

        Joab, Erregearen esana ezertan artu gabe, Absaloni bizia kendu zionak, aditu zuenean, Dabid negarrez zegoala, lotsagabekeria andian gelara sartu zitzaion, eta ausardiz esan zion: Zure bizia, zure semeen eta emazteenak gorde dituzten zure serbitzariai gaur biotzak illundu dieztezu. Iguintzen zaituztenak maite dituzu; eta maite zaituztenak iguintzen dituzu. Gaur argiro adierazo dezu, zure soldadu eta agintarien kontu gitxi daukazula; eta Absalon bizirik gelditu ezkero, gañerakoak il bagiña ere, ez bide zenduen naigaberik artuko. Dabidek etzion itzik trukatu. Joaben lotsa galdua etzan onenbestean gelditu: are geiago esan zion: jaiki eta kanpora atoz, eta zure serbitzariai agertu zatzakie, eta erakutsi, pozez zaudela, eta aiek egiña ontzat ematen dezula; bestela, ala Jainkoak salba nazala, etzatzu bat bakarrik ere gaur arratsean geratuko. Dabid, negar-malkoak utzirik, erriko atera jatsi zan; eta agintari, soldadu, eta beste jende guziak jakin zutenean, aurkeztu zitzaiozkan; txit arrera biguña eta kariñotsua egin, eta beren leialtasun eta bizkortasunagatik esker-onak eman ziezten, eta elkarri diosal-egiñik, nor bere lekura aldegin zuen.

        Absalon, eta oni zerraizkion asko il, eta gañerakoak igesi joan ziranean, ezagutu zan, gauzak beren bidean zijoazela, eta Jainkoak Dabidi Errege egiazkotzat begiratzen ziola. Onek, bazirudien, Jerusalenera bereala joan baizik etzuela; baña langai au donarioz artu zuen. Dabid utzita, Absalon Erregetzat ezagutu zuten guziak, bide zuzenera itzuli zitezen, eskeñi zuen pake ona, eta egin ziozkaten bidegabekeria guzien aztu osoa. Aren biotz andiak beste gauzarik ezin zezakean!; eta etzuen ezer galdu. Bereala Israel guziko mandatariak, Erregetzat ezagutzen zuten berriarekin alderatu zitzaiozkan. Jende guzia bildurik, Manaindik irten, eta Jerusaleneronz abiatu zan, eta Jordango ibaia igarotakoan, egonaldi edo atseden luze bat egin zuen, arteraño batu etzitzaiozkanak erortzeko lekua izan zezaten, anditasun guziarekin Jerusalenen sartzeko.

 

 

8. Jerusalenera Dabiden itzulera

 

        Geraldi edo atseden onetan bere biotz andia zertan erakutsi izan zuen. Absalonen igesi basora zijoala, bidean ainbeste iseka eta burla egin, eta atzenik arrika eman izan zion Semei hura, oñetan barkazio-eske jarri zitzaion: eta Dabidek bertatik guzia barkatu zion. Onetan eta beste zenbat gauzaetan bere zuzentasuna agertu, eta Jerusaleneronzko bidean jarri zan; baña bidean zijoazela, Judako Tribuaren, eta Israelkoen artean despita gogor bat sortu zan, eta elkarrekin itz latzak trukatu zituzten, eta despita onetan izan zan gizon sutsu eta nasle andi bat, bere burua agertu nai izan zuena. Seba gizon biurri onek soñu-joaz, Israelko guziak bildu, eta deadar egin zuen, aiek Dabidekin zer egiñik etzeukatela, eta Dabid utzirik, Judakoak ez, beste guziak, Sebari jarraitu zitzaiozkan, eta Dabid Jerusalenen Judarrakin sartu zan. Sarrera au Dabidentzat etzan uste zuen bezain gozatsua izan despita berri argatik; eta are mingarriagoa izan zan, bere etxera joanda, seme Absalonek galdutako amar emazte aiek ikusi zituenean, zeñak bizileku ederretan ipiñi zituen, Errege beraren maietik jaten zutela, eta geroztik bizi-alargun izan ziran, eta Dabid etzan geiago aiekin nastu.

        Langai triste au onela erabakita, asi zan bideko despitak banakatu zituen jendeak bateratzeko prestamenak artzen. Lanbide oni bear bezala buru emateko, Joab baño agintari obeagorik etzan: ordea gizon urgullutsu eta goi-zale onen arrokeriak eta gaiztakeriak Dabid gogaituta zeukaten, eta Martiztiaren agintea Joabi kendurik, onen lengusu Amasari emateko asmoa artu zuen.

        Amasa Absalonen aldekoa izan bazan ere, hura il ezkero, Dabid leialkiro serbitzen zuen; bideko despitan pakeagatik asko nekatu zan, eta orain ere Seba jaiki zanean, Dabiden alde agertu zan. Amasa oni, bada, agindu zion, Judako soldadu guziak iru egunen barruan bilduta, bera aien buru jarri zedilla. Amasa irten zan, Erregearen agindua egitera; baña iru egun izendatuetan ezin egin izan zuen; eta Dabidek aren etorrerari luzetsirik, eta Sebari prestatzeko leku geiago ematen bazitzaion, Absalonek baño ere zer egin andiagoa emango ziola, bildurrak arturik, Abisai bialdu zuen Joaben aginteko soldaduakin, Sebari erasotzera. Abisaik, Gabaongo arrokara zanean, topatu zuen Amasa jende-talde gogor batekin zetorrena, guzien agintea artzera.

 

 

9. Joabek Amasa iltzen du

 

        Joabek usandu zuenean, Erregeak agintean Amasa ipintzen zuela, galtzeko asmoak artu zituen. Onetarako ezpata zorrotz bat gerrian ondo estalia ipiñi zuen. Amasa alderatu zanean, Joab eta Abisairi agur egitera, Joabek «Agur ene anaia» esanda, eskuiarekin okotzeko bizarretik eldu zion, laztantzeko irudian. Amasak etzuen gaitz-pensatu, eta ez ezpatarik ikusi ere; baña Joabek zorrotik aterata, kolpez saietsean sartu zion, eta erraiak lurrera erori zitzaiozkan, eta ezertarako leku gabe il zan.

        Erregeak Martiztiaren burutzat ipiñitako gizona Joabek ain odol beltzean illarekin, ezer egin izan ezbalu bezala, gorpuz-illa, odola zeriola, bide erdian utzirik, guzien buruan Sebaren billan joan zan. Bidean jakin zuen, batzuek Abelan, eta besteak Bekaman gorde zirala, eta anaia Abisai Bekamara bialdurik,bera Sebaren ondoren Abelara joan zan, au eskuratu ezkero, arterañoko biurkeria guziak Erregeari aztuko zitzaiozkalako ustean.

        Abelara urreratu zanean, erria ertsitu edo setiatu zuen, eta barrunen laster sartzeko lanak aurreratu zituenean, emakume iztun eder bat murru-gañera oska irten zitzaion, eta esan zion: Joab zu zera? Zertako erri au galdu nai dezu? Joabek erantzun zion, etzuela alakorik nai, ezpada Erregearen kontra jaiki zan Sebari zerraikiola, eta onen eske zebillela: errian sartu zala, eta onen burua ematen bazioten, bere-bereala itzuli, eta pakea emango ziela. Emakume onek ain ondo errikoai itzegin zien, esanaz, Sebaren burua Joabi eman bearrean zeudela, non, eskuak ezarri, eta lepoa ebakirik, burua murrutik beera bota zuten. Joabek ikusi zuenean, Seba illa zala, anaiari gaztigatu zion, eta biak Jerusalenera itzuli ziran, eta naspilla guzia zuzendu, pakea egin, eta Israelko eta Judako guziak Errege baten mendean jarri ziran.

        Dabidek geroz etzuen alde onetatik zer eraman andirik izan; baña Israelek, Gabaontarren odola isuriaz, egindako bekatuaren zorra etzegoan oraindik osotoro kitatua, eta Jainkoak iru urteko gosete latz bat bialdu zuen. Filistintarrak ikusirik, Israeltarrai zer gertatzen zitzaien, lau aldiz eraso zieten; baña lauretan Israeltarrak ondo irten ziran, eta filistintar asko il zituzten. Lenbiziko eraso-aldian Dabid irurogeita iru urteetan arkitzen zan: ala ere, Martiztiaren buru bera joan zan, eta gitxik egin zuen, etsaiaren eskuetan bizia ez uztea: bada, bere illoba Abisaik oñ-oñetan il zion, lanza sartzera zijoakion Erraldoi andi bat. Gerozkoetan etzioten Dabidi joaten utzi, berriz ere galtzeko bidean arkitu etzedin.

 

 

10. Zenbat jende daukan Dabiden jakin-naia

 

        Filistintarrakiko gerrak bukatu ziranean, Dabidek iñoren ere bildurrik etzukan. Mendekoak begirune andia zioten, eta pozez zeuden, gauza guziak zuzen eraentzen zituelako; eta atzeak eta auzoak etzuten burua jasotzeko alik, zeren Dabiden gerrarako argia eta indarrak baziekizkiten. Egoera zorioneko onetan bizi zala, gogoak eman zion, erreinuan zenbat armadun zeuzkan, jakitea. Gogo onek, berez, gaitz gabea zirudien; baña zerbait arrokeria edo antuste nonbait bazeraman; Jainkoak etzion, beintzat, ontzat artu. Dabidek agindu zuen; baña serbitzariak uzkur zeuden, Erregearen esana egiteko: esan ere bazioten, lan ari uzteko, zeren ondo etzirudien. Dabid leiatu zan, eta atzenean egin bearrean arkitu ziran. Andizki batzuek, bada, Israelko bazterretan zabaldu ziran, agindua egitera, eta Israel guzia ikusirik, bederatzi illabete, eta ogeigarren egunean Jerusalenera itzuli ziran, eta Erregeari esan zioten, Judan lareunda irurogeita amar milla, eta Israelen milloi bat, eta eun milla armadun, guziak gizon sasoikoak, eta gerrarako txit egokiak zeudela, kopuru onetan Lebi eta Benjamingo Tribukoak sartu etzituztelarik, gogo gabeko lan onetan aspertu ziralako.

 

 

11. Izurritea

 

        Ainbeste armadun mendean zeuzkalako berria Errege baten gogoa bete, eta biotza zabaltzeko adiña bazan; baña Dabidek etzuen poz andirik artu. Bereala ezagutu zuen, bere jakin-nai guzia antuste eta arrokeria uts-uts bat zala, eta Jaunaren begietan ikuskizuna egin zuela. Eta Jaunaren aurrean jarririk, esan zion: Oker-egin det, eta barkazio-eske nagokizu. Jainkoak aditu zion, eta biaramonean-goiz Gad Profeta aurkeztu zitzaion, Jaunaren izenean esatera: Aukeran iru gauza ipintzen zazkitzu: erreinu guzian iru urteko gosetea: etsaiaren igesi iru illabetean ibiltzea; edo iru eguneko izurria. Aukera negargarria! Dabidek, anbatik-anbatean, izurria autu zuen. Alde guzietatik naigabeak dauzkat, zion; baña obe det Jaunaren eskuetan, gizonenetan baño, jarri. Etzuen gosetea autu, zeren Erregeen naiera ez dan iristen: ez iges-ibiltzea, zeren etsaiak biotz-gogorrak izan oi diran. Izurria aututzen du, zeren ain laster Erregeari, nola mendekoari ukitzen dion; eta bere burua eskeñtzen du, Jaunaren aserre bizia itzaltzeko, aserrerazo diotenetan lenengo bera dan ezkero. Izurria sortu zan, eta Israel guzian lagun asko zeramazkien. Onetan Dabidek Jerusalenen gañean ikusi zuen Aingeru ondatzallea, ezpata eskuan zuela, eta kolpea ezartzera zijoala, eta auzpez jarririk, Jaunari itz-egin zion: Jauna ni nerau ez naiz erria zenbatetzeko agindu zuena? Jende onek zer egin du? Ene Jaun eta Jainkoa! Jo ni nerau, eta besteai utzi! Jainkoak Dabiden itzak aditu zituen, eta Aingeruari etzion Jerusalen ondatzen utzi; baña iru egunak bete artean, izurriak iraun zuen: bitartean Israel guzian irurogeita amar milla lagun il ziran, eta Dabidek Jaunari ofrenda bat eskeñita, izurria gelditu zan.

 

 

12. Eliza egiteko asmoa

 

        Ordurako Dabiden egunak aurrera zijoazen; eta geroz gogoan etzeukan, Jaunari egin bear zitzaion Elizako lanak, aurreratzea baizik. Lenagoko urteetan gai asko bildu izan zituen; eta orain langilleak Jerusalenera erakarri, eta nor bere lanean ipiñi zituen. Ikusten zuen, bere oñordeko seme Salomon oraindik gaztea zala, eta utzi nai izan ziozkan, mundu guzian otsa barreatuko zuen Eliza bat egiteko, bear zituen gai guziak ondo prestatuta. Salomoni deitu, eta esan zion, Eliza eder bat egiteko eresia izan zuela; baña Jainkoak etzuela nai, ark, ezpada semeak, egitea; beragatik etzedilla lan andi ari ekiten ikaratu; Jaunak emango ziozkala bear zituen argia eta jakinduria, aren bildurrean bizi bazan. Bere ezer-ezean bildu, eta uzten ziozkala irureunda ogeita zortzi milla arroba urre: iru milloi, berreunda larogei milla arroba zillar: ezin pisatu-al kobre eta burni, eta beste gai asko. Ekin, bada, ziotsan, ekin lanari, ni ilda bereala Erregetzen zeranean; Jauna zurekin izan bedi. Gero Israelko Andizkiai ere esan zien, lanbide andi artan semeari laguntzeko.

        Ondo-esan oiek semeari eta aldamenekoai eginda, isildu zan. Etzeukan geiago itzegiteko kemenik. Indartsua eta sendoa izan bazan ere, nekeak, iges-ibilliak eta beste eramankizunak txit oztu zuten, eta iltzeko zorian zegoala zirudien. Serbitzariak nagusia onela ikusi zutenean, elkarrekin itzegin zuten, donzella gazte bat eman bear ziotela, bere zarzaroan berotu zezan. Emaztetzat artu zuen, bada, Sunako neskatx eder bat, Abisab zeritzana, eta onekin etzaten zan, ezkontzak ematen zion eskualdia emaztearen gorputzarekin artu gabe.

 

 

13. Adoniasen Erregetzeko eresia

 

        Adonias Dabiden seme zarrenak ikusirik, aitaren egunak bazijoazela, artu zituen, bera Erregetzat ezagutuerazotzeko asmoak: uste zuen, alabañan, zarren-izateak artarako eskua ematen ziola, Israelko Erregetza, ez jatorriz, ezpada Jainkoaren aukeraz ematen zala, begiratu gabe.Joab Martiztiaren burua, eta Abiatar Apaiz-nagusia ere bere alde zituen. Irten zan, bada, Jerusalendik urrean zegoan iturri-ondo batera, non bazkari andi bat ipiñi zuen, eta au jatera Salomon ez, beste senideak, Andizkiak, eta aintzat artzea merezi zuten guziak deitu zituen, menturaz Erregetzat ezagutuko zutelakoan. Ala gertatu ere zan. Berri au Dabiden etxera bereala zabaldu zanean, Natan Profetak Salomonen ama Betsabeeri esan zion, Dabidgana joan zedilla, eta esateko: Jauna, etziñidan itz ziñeztuaren azpian esan, zure ondoren nere seme Salomon Errege izango zala? Zergatik, bada, Adoniasek erreinatzen du? Betsabeek itzketa onetan Erregearekin ziarduela, Natan gelan sartu zan, eta Betsabee gelatik irtenda, Dabidi esan zion: Jauna, zuk eman dezu, Adonias zure ondorengo izateko, eta Errege-aulkian jartzeko itza? Beintzat bazkari andi batean Erregetzat ezagutua izan da, eta otsegin dute: Errege Adonias bizi bedi! Dabidek ikusi zuenean, zer gertatu zan, Sadok Apaizari eta Natan Profetari agindu zien, Salomon Israelko Erregetzat igortzi zezatela, eta tronpeta-soñua joaz, esateko: Errege Salomon bizi bedi. Ordurik galdu gabe, Dabidek agindu guzia egin zan.

        Adonias eta bere lagunak maietik altxatuta, jakin zutenean, Salomon Erregetzat ezagutua izan zala, laborrian jarri ziran; eta beren asmoak gaizki irten zitzaieztenean, iges-egin zuten, nork bere al-zuen ezkuta-tokira. Adonias elizara joanda, aldare-ertzari zitxekala egon zan, alik eta Errege berriak, bere gaiztakeriaren barkazioa eman zion artean; eta Salomonek agindu zion, gaitzik ez egitea, baldin geroz zuzen eta leialkiro bizi bazan.

        Salomon Erregetzat igortzita ikusi-ondoan, laster Dabidek bere buruari igerri zion, munduan luzaroko etzegoala. Seme oni deitu, eta lenagoko aldian egindako ondo-esanak eta erakutsiak berritu ziozkan; baita Israelko gizon eldu eta andizkiai ere. Atzenean len atzera egon bazan ere, Jaunaren legea beteko bazuen, iru gauza agindu bearrean arkitu zan. Badakizu, semeari esan zion, Joabek Abner eta Amasari zer egin zien, odol otzean ilda: zere jakinduriak erakusiko dizuna, onekin egingo dezu, bada: ez utzi mundutik berez joaten. Absalonen igesi nebillela, Berzelairen semeak egin zizkidaten mesedeaz ez aztu, eta zere maiean artuko dituzu. Igesi berebat ninjoala, bidean madarikatu ninduen Semei eskuan daukazu. Jordango ibaia igarotakoan, agertu zitzadalako, nik ez iltzeko itza eman zion; baña zuk kastigu gabe ez utzi. Agindu oietatik batean bere esker-ona erakusten zuen; eta beste bietan bere zuzentasuna, eta bien emandako itza godetzeko leiala; baña ezagutzen zuen, zegokien kastigua, oiei ematea, txit bidezkoa zala, eta lanbide au semearen kontura utzi zuen.

 

 

14. Dabiden eriotza

 

        Geroenean irurogeita amar urtekoa Dabid Jerusalenen il zan. Erregetzan berrogeita bat egin zituen; Judan bakarrik zazpi, eta Juda eta Israelen ogeita amalau. Gizon andi onek utzi zuen munduaren atzeneko egunetaraño iraungo duen izena. Jainkoaren serbitzari leiala izan zan; eta iñoiz bekatuan erori bazan ere, bere umiltasun gogoangarri, eta penitenzia latzarekin, barkazioa iritsi zuen, eta Jaunaren adiskidetasun gozora itzuli zan. Errege santu onen gorputz-illa bere seme Salomonek Siongo mendi Dabiden Uria zeritzanean, Errege andi bati zegokion proguarekin, lurpetu zuen.

 

aurrekoa hurrengoa