www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

EMEZORTZIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Dabiden bigarren igortzitzea

 

        Saul il zanean, Dabidek ogeita amar urte zituen, eta amalau ziran Samuelek Erregetzat igortzi zuela. Au Dabidek ondo ziekien, baña Jaunaren berri gabe etzuen ezer ere egin nai: eta Jainkoari galdetu zion ea nora joango zan? Jaunak erantzun zionean, Hebronera joan zan bere bi emazte Akinoan eta Abigail eta beste zenbat lagunekin, gañerakoak Sikeleki kontu-artzen utzita. Hebron Judako uri sendo eta ondoena ornitua zan. Judako gizon eldu eta zar guziak onara batu ziran: Abiatar Apaiz-nagusiak berriro igortzi zuen, eta Erregetzat ezagutu zuten. Emen jakin zuen, Jabes Galaadtarrak Saul eta bere semeak lurpetzeaz egin zuten lanbide ona, eta eskerrak eman ziezten.

        Abner Saul zori gaiztakoaren soldadu guzien agintari edo burua, Jelboeko ondamenetik iges-egin zuten gizon banakakin, Manain zeritzan urira joan zan, bere burua emen gordetzeko ustean, eta filistintarrak beren tokira itzuli ziralako, etzuen zer egiñik izan, eta pakean geratu zan. Saulen lekuan beste bat bereala ipiñi nai izan zuen. Mifiboset Jonatasen semeari, zirudienez, zegokion; baña oraindik bost urte baizik etzituen, eta iñudeak igesi zeraman bein batean, eroriko bat artuta, ankak elbarrituta zeuzkan.

        Abner-ek, bada, oni utzirik, Isboset Saulen laugarren eta atzeneko semeari begiak ezarri ziozkan. Soldaduai aurkeztu zien, eta Erregetzat ezagutu zuten. Israelko erri guziak ere, Judako Tribuak, ez besteak, berebat egin zuten; eta Judako Tribu onek, esan dan bezala, Dabid Erregetzat artu zuen, eta au izan zan beti despitan gero ibiltzeko bidea.

        Israeltarrak bertatik arkitu ziran bi Erregerekin; ala ere bi urte pakean igaro zituzten. Bitartean Isboset bere alderdiarekin pozik zegoan, eta Dabidek etzuen Israel guziaren agintean sartu nai, Jaunak erakusten zion garai eta eran baizik. Geroenean ere pakearen edea eten zan, ez Dabiden, ezpada Isboseten aldetik. Abner Isboseten agintari nagusiak, ezaguturik, urte batzuek pakean igarotzea asko zala, Isboset iñor gabe gelditzeko, zeren onen banderako asko Dabidi egunoro zijoazkion, artu zuen erasotzeko asmoa. Dabidek laster jakin zuen, Abner-ek zer zerabillen, eta prestatu zan, arpegi emateko. Beste gerrari on askoren artean Dabidek zeuzkan iru illoba, Sarbia bere arreba zarrenaren semeak, Joab, Abisai eta Asael, zeritzatenak. Joab illoba zarrena eta soldadu guzien Agintaria gizon aditua eta bulardetsua zan; ez ordea osaba bezain sotilla. Joabi zegokion gerra onetan agintzea, Dabid bera joan nai etzalako, zirudienez, Israeltarren odola elkarren artean isurtzen ez ikusteagatik.

        Joab, soldadu-talde bear ainbat zeritzan bat arturik, Gabaongo putzu-ondora joan zan. Abner ere urreratu zitzaion, eta Joabi esan zion, alde bakoitzetik mutil gazte batzuek irten zitezela, eta elkarri bat-banaka guzien aurrean eraso zizaieela. Joab bereala artara jarri zan. Alde bakoitzetik irten ziran amabi mutil gazte, zeñak, batak besteari itsatsirik, etzioten elkarri utzi, alik eta ogei ta lau mutillak illotzak gelditu ziran arteraño. Batalla onek etzuen auzia erabaki. Bereala bi Martiztiak betero izan zuten beste andiago bat, zeñetan Abner-en jendea txit abarrakitua izan zan; baña Joabek ere bere naigabea izan zuen. Asael, Joaben anaia gazteena zan lasterkari, izan diran obenetakoa; eta Abner-ek ikusi zuenean berari orpoz-orpo zerraikiola, itzulita, lanza sartu zion, eta il zuen. Andik laster Joabek ere, anaiari egiña gogoan zeukala, Abner saldukeriaz il zuen, zeñaren berriak Dabidi biotza erdiratu zion, zeren etsaiaren burua bazan ere, etzuen nai bere agintari batek alako bidegabeko langai negargarririk egitea. Isboseti ere Abner iltzeak txit min eman zion, eta eskuak illik geratu zitzaiozkan. Baña gertaera oien guzien artean Isboset beraren eriotzak ondore negargarrienak izan zituen.

 

 

2. Isboseten eriotza

 

        Isboset Manainen bizi zan, eta bi Benjamintar Martiztian zerbait aginte zutenak. Manainera joan, eta Erregearen gelan, atezaia zabartu zalako, iñor oartu gabe, sarturik, oiean lo zetzala, il, eta lepoa ebaki zioten; eta buruarekin Hebronera joan, eta Dabidi aurkeztu zitzaiozkan, ziotsatela: Ara emen Isboset, Saul zure etsaiaren semearen burua. Ikuskarri negargarri onek Dabiden biotza erdiratuta utzi zuen. Bereala esan zuen; baldin Saulen il-berria eraman zuenari, albista-saria artu-ustean, bizia kendu banion, zenbat bidezago izango zan, gaitzik egin etzien Erregeari, zetzan lekuan, lepoa ebaki ziotenai, au bera egitea? Bere gordetzalleai, bada, agindu zien, bere-bereala il zitzatela, eta esku-oñak ebakirik, Hebrongo putzuan zinzilika ipiñi zituzten. Isboseten burua, zegokion eran, Hebronen lupetua izan zan.

        Zazpi urte zeramazkien Dabidek Judako, eta Isbosetek gañerako Israel guziko Erregetzan. Lenengo bi urteetan pakean egon baziran ere, beste bostetan autsi-oso andiak izan zituzten, ez Dabidek biderik emanda; etzuen iñola ere odolik isuri nai: baziekien Israel guziko Errege Jainkoak egingo zuela, eta lanbide au onen eskuetan utzita zeukan, egunak betetzen ziranean, berak guzia egingo zuen uste oso-betean: beragatik etsai baten il-berria zetorkionean, bereala garbitzen zan, adieraziaz, etzala odol artan kutsutu; argatik, ez Saulen, ez Isboseten, eta ez onen agintari Abner-en iltzerik ezarri zitzaion.

        Israel guzia Dabidgana aspaldian etziña zegoan; baziekien, alabañan, Jainkoak Israel zaintzeko autua zala. Bere doai andiak agerikoak ziran; Jainkoak lanbide guzietan eskutik zerabillen, eta Israelko Erregetzara ez-arian zeraman, Sauli esan izan zion ezkero, onen etxetik Dabidenera aldatuko zuela. Isboseten il-berria, bada, barreatu zanean, Israelko buru eta andizki guziak bildu ziran, eta Dabidi aurkeztu zitzaiozkan, esanaz, bera Erregetzat ezagutzen zutela, eta bertatik bere mendeko jartzen zirala.

 

 

3. Dabid irugarren aldian Erregetzako igortzia

 

        Samuelek igortzita zegoan Israel guzirako; gero Abiatarek Judako Triburako: eta oraingo aldian berriro eta argiro Israel guzirako igortzia izan bear zan. Lanbide au, zegokion anditasunarekin egiteko, batu ziran, gizon eldu eta agintea zuten guziak, irureunda berrogei milla soldadu, eta beste jende asko, eta guzien aurrean igortzia eta Erregetzat ezagutua izan zan.

        Dabid, bada, Israel guziko Buru arkitu zanean, lenbizi ekin zion lana izan zan, Siongo gaztelua beretzea. Sion zan Jerusalengo uriaren erdian zegoan mendi-tontor bat, zeñaren gañean Jebustarrak zeukaten gaztelu bat eginda, eta emendik Jerusalenen bizi ziranai kalte andiak egiten ziezteen; eta lareun urte aietan Israeltarrak gaztelu au beretzeko al-egiñak egin bazituzten ere, alperrik nekatu ziran: eta Dabid, bereala asi zan, arterañokoak ezin izan zutena, egiteko prestamenak artzen.

 

 

4. Siongo gazteluaren artuera

 

        Abner, Isbosetek agintaritzat zeukana, il zan ezkero, etzan bere lekuan iñor jarri, eta Dabidek Israelko soldadu guzien artean zabaldu zuen, Siongo gaztelura igota, lenbiziko Jebustarra iltzen zuena, Martizti guziaren buru egingo zuela. Bereala elkarren leiean irten ziran, sari andi bat irabazi nai zutenak. Joab izan zan lenbizi sartu, eta Jebustarrak il zituena: onen ondoren bere lagunak sartu ziran, eta Siongo gaztelua beretu zuten: eta Dabidek Abner saldukeriaz il zuen Joab au, bere Martiztiaren burutzat ipintzea gogo ezbazuen ere, bere itza bete bear izan zuen.

        Gaztelu onen mendetzeak Dabiden otsa bazter guzietara barreatu zuen. Dabidek, berriz, aitor zuen Jainkoari bakarrik zor zitzaiola, lareun urtean ezin izan zutena, ain aisa iristea. Gaztelu onetan egin zuen erri berri bat, etxe eder-galantak inguruan zituena, eta deitu zion, Dabiden Uria. Onetarako Tiroko Errege Hiranek, Dabiden lanbide andiak aditurik, bialdu ziozkan zur-gai onak, eta arotzi eta argintzan ondo trebatutako langilleak. Gauza oiek onela zuzenduta, artu zuen Jaunaren etsai filistintarrai erasotzeko asmoa. Bi ekin-aldi gogor egin, eta bietan ondatu zituen, eta izu-ikara latza auzoetara bialduta, Israel pake gozoan jarri zan.

 

 

5. Jaunaren Kutxa santa aldatzea

 

        Jerusalen zan Israel guziko Erri-burua, non Dabidek bizi-lekua ipiñi zuen; eta pensatu zuen, egoki zala Kutxa santa Kariatiarindik onara aldatzea. Bere iritzi au Israelko Andizki eta agintariai agertu zien, eta guziak Dabidekin bat egin ziran. Lanbide au, zegokion anditasunarekin egiteko, Israelko jendeak bildu, eta Apaiz eta beste Eliz-gizon asko arturik, joan zan, ogeita amar milla soldadu aurretik zituela, Kariatiarinera, non arkitzen zan Jaunaren Kutxa santa Abinadaben etxean gordeta, filistintarrak Israeli itzuli zioten ezkero. Apaiz eta Lebitak gurdi berri batean ipiñi zuten, eta abiatu ziran, Oza eta Ahio Abinadaben bi semeak gurdi-zai zirala. Gurdia jende guziaren erdian zeramaten, Dabid eta beste soñulari eta kantariak Kutxa santaren aurre-aurretik zituztela, soñu-joaz eta dantzatuaz. Nakor-en larrañera eldu ziranean, idiak ostikoka asita, Kutxa santa zearkatu zalako, erori etzedin, Ozak eskua luzatu zion, eta Jainkoak kastigatu zuen, bertan illaz; debekatua zegoan, alabañan, apaiz etzanak Kutxa santari ukitzea, eta Jainkoak agertu nai izan zuen, debeku au austea zein gaizki zan. Gertaera onek Dabidi naigabe andia eman zion. Jainkoari txit bildur zitzaion; baña oraingoan, sekulan ez bezala ikaratu zan, eta esan zuen: Nola Jaunaren Kutxa nik nere etxean artu dezaket? Argatik etzuen bere etxera eraman, ezpada Obededonenera.

        Obededon gizon ona eta zuzena zan; eta bere etxean iduki zuen iru illabeteetan, Jainkoak ondasunak ugaritu, eta bedeinkazioz bete zuen. Obededonen zorion au Dabidek jakin zuenean, bereratzeko asmoa artu zuen. Onetarako Moisesek egindako Tabernakuloaren ordez, berri bat eragin, eta bere Errian ipiñi zuen. Israelko jendea bilduta, apaiz eta Lebitak berekin arturik, Obededonen etxera joan zan. Oraingo aldian etzuten, Kutxa santa gurdian ipiñita, lenagoko utsegiterik egin, ezpada Lebitak sorbaldan artu zuten. Israelko gizon eldu, Prinzipe eta jende guziak Kutxa santaren ondoan zijoazen, Dabid, arizko soñeko bat artuta, soñulari askorekin soñu-joaz, kantatuaz, eta dantzan Kutxaren aurretik zala. Sei pausotik sira idi bat eta bildots bat Jaunari eskeñi edo sakrifikatzen zitzaiozkan, eta Dabidek dantza-aldia egiten zuen. Modu onetan Kutxa santa Obededonen etxetik Dabidenera aldatuta, Dabidek prestatutako leku ederrean ipiñi zuten. Dabidek, zerraikion jende guzia, Jaunaren izenean bedeinkatu zuen, eta atsegin andian etxera zan; baña laster naigabe bat izan zuen. Nikol bere emazteak, Kutxa santaren aurrean dantzan Dabid ibiltze hura, etzuen ontzat artu, eta etxera zaneko, arrokeriaz beterik, arpegira eman zion, gauza lotsagarri bat egin izan balu bezala. Baña Dabidek erantzun zion; Zure aita eta aide guziak utzirik, Jainkoak bere jendearen buru izateko autu ninduen, eta Jaunaren aurrean dantzatuko det, eta beeratuko naiz, lenago beeratu naizan baño ere geiago: onore anditzat daukat mundu guziaren aurrean bee eta umill agertzea. Onela Dabidek bere emaztearen arrokeria beeratu nai izan zuen. Ezdakigu, Mikolek erantzuera au nola artuko zuen; baña bai, emakume arro oni Jainkoak etziola aurrik eman, bere andinaia nozitu zezan.

 

 

6. Eliza egiteko asmoa Dabidek artzen du, eta Jaunak eragozten dio

 

        Dabid biotz andikoa jarri zan, bera zer etxetan bizi zan, eta Jaunaren Kutxa santa zer lekuan zegoan, begira; eta egoki etzeritzan, beretzat ainbeste, eta Jaunarentzat ain gitxi izatea, eta artu zuen Eliza andi-eder bat Jerusalenen egiteko asmoa. Bere gogo au Natan Profetari agertu zion; baña Jainkoak Profeta onen beronen bitartez esan zion, etzuela Jaunarentzat etxerik egingo, ezpada hura ildakoan, bere lekuan ipiñiko zuela bere seme bat, eta onek egingo ziola. Bere asmoari, bada, utzi zion, eta Jaunaren esanera gogoz jarri zan. Ezagutu zuen, Jaunak gerrarako zeukala autua, eta onen garaipenak gozatzeko, eta biltzen zituen gaiakin Eliza egiteko, semea zala izendatua.

 

 

7. Dabiden gerrak

 

        Abraham eta bere ondoreari Jainkoak promestutako lurra, oraindik arrotz guzietatik osotoro garbitu gabe zegoan, eta Dabidi gogoak eman zion, oiek guziak bota, eta Israeltarrak uts-utsik gelditzea. Onetarako filistintarrai, Moabko eta beste Errege askori eraso zien, eta guziak menderatu eta ondatu zituen, eta oiei kendutako urre eta gañerako ondasun ugariak gorde zituen, denborarekin Eliza egiteko. Baña beste gerra askoren artean izan zuen bat, txit kalte andia, eta bere egunetako negarbidea ekarri ziona. Ara nola.

        Israelekin ondo etzeuden guziakin, Dabidek eraso gogorrak izan zituen; ez, ordea, Amontarren Errege Naasekin. Oni asko zor zion, Saulen igesi zebillela, berari eta bere etxekoai egin izan zien arrera onagatik, eta mesede oiek gogoan zeuzkala, beti adiskidetasunean zegoan. Naas il zanean, Hanon bere Semea aitaren lekuan jarri zan. Naasen il-berria artu zuenean, Hanoni mandatariak bialdu ziozkan, bere damua adieraztera, eta semea aitaren lekuan jartzeaz, artzen zuen atsegiña, erakustera. Errege gazte onek, berez besterik egingo bazuen ere, aldamenekoen esanai leku eman zien. Losentxari oiek, bada, sinisterazo zioten, Dabidek etzituela, ari ondo naiez, mandatariak bialdu, ezpada bere bazterrak nola zeuden, jakitera, besteai bezala erasotzeko. Errege ezer-ez ikusiak agindu zuen, mandatari oiek atzitu, eta bizar erdi-ebakiakin, eta gerriak beeko soñekoak moztuta, beren Erregeagana bialtzeko. Lotsagorrian etxeronz abiatu ziran, eta Dabidek jakin zuenean, zer gertatu zitzaien, agindu zien, Jerikora joan, eta bizarrak luzatu artean, egon zitezela, eta orduan Jerusalenera itzuliko zirala. Iseka onek Dabid aserretu zuen, eta prestatu zan, zegokien kastigua, Amontarrai emateko.

        Amontarrak ere prestamen andiak egin zituzten, arpegi emateko; baña Dabidek bialdutako agintari Joabek geiago zezakean, eta bereala igesi bialdu zituen. Berriz ere etsaia, Siroarrak lagun artuta, gerrarako prestatu zan, eta Dabidek oraingoan etzuen iñor buru bialdu, ezpada bera joan zan, agintzera: bai laster erakutsi ere, nork agintzen zuen. Berrogei milla oñezko, eta beste ainbeste zaldizko il, eta zazpieun gurdi amarna gizon gerrarirekin artu ziezten. Ilkintza izugarri au bakarrik Siroarrak nozitu zuten, eta Amontarrai geiago laguntzeko gogo gabe gelditu ziran. Dabidek Amontarrai ere beren zigorrada nai zien eman; baña negua alderatu zalako, asmo au udaberrirako utzi zuen. Egunak eldu ziranean, agintari Joab bialdu zuen, bera zorigaiztoan etxean geldituta. Israeltarrak bazijoazen etsaia eskuratzen, eta Raban sarerazotzen, emen beren atzen-patua artzeko. Dabid bitartean etxean bizi zan, deabruari bideak zabaltzen.

 

 

8. Dabiden erorikoa

 

        Egun batean, bada, Dabid bazkalondoko lo-susta eginda, etxeko barandan pasean zebillela, ikusi zuen emakume eder bat, putzuan garbitzen ari zana, eta gogoan sartu zitzaion. Nor zan galdetu, eta jakin zuenean, Uriasen emazte Betsabee zala, etxera eramanerazo, eta lotsagarrizko bekatuan erori zan. Betsabeek bere buruari laster igerri zion, aurdun zala; eta bere senarraz kanpokoakin zebiltzanentzat ipiñita zegoan iltzeko kastiguaren bildurrez, Erregeari gaztigatu zion, galdua zala. Errege ere esturasun larrian arkitu zan, beren gaiztakeria estaltzeko, zer egin ezin asmatuz. Iru illabete ziran Urias senarra Amontarren kontra gerrara joan zala, Raba artu artean, etxera ez itzultzeko asmoan.

        Dabidek Joabi gaztigatu zion, gerrako berri jakiteko aitzakiarekin Urias bialdu zizaiola. Urias Dabidi aurkeztu zitzaionean, itzaldia eginda, Uriasi esan zion, etxera joan, eta emaztearen ondoan atseden zezala: bada, ezaguturik zeukala, arteraño zein asko egin zuen. Urias Erregeagandik irten, eta etxera gabe, Errege-etxeko ateetan gelditu zan, eta gordelariakin batean lo egin zuen. Dabidek au jakin zuenean, bereganaerazo, eta esan zion: Zergatik etxera etzera? Uriasek erantzun zion: Jaunaren Kutxa, Israel eta Juda estalpe uts batean daude; Joab nere nagusia, eta nere Jaunaren serbitzariak lurrean dautza, eta ni nere etxean sartu, jan, edan, eta emaztearekin etzatera? Ez orrelakorik, ez. Dabidek bertan geldierazo zuen, biaramonean bialduko zuela, esanda. Bitartean bere maiean ipiñi zuen, eta eman zion edaten, burua nastuta, Jaunaren Kutxa, Israelko soldaduak, eta esan zituen beste gauzak aztu zekizkion, eta etxeratuta emaztearekin etzan zedin, onela bere gaiztakeria estaltzeko: baña Urias kontu andikoa zan, nola-nai burua nastutzeraño edateko, eta Errege-etxetik irtenda, arratseko lekuan ateetan gelditu zan.

        Dabidek ikusirik etzuela ezer aurreratzen, egin-alak alperrik zirala, gizon animotsu hura bere esanera ipintzeko, eta Betsabeeren aurduntza agertzera zijoala, biaramonean Urias Martiztira bialdu zuen, Joabentzat txartel bat emanda. Txartel onetan Joabi esaten zion, perillik andieneko leku batean Urias ipiñi zezala, eta emen uzteko, etsaiaren eskuetan il zedin. Dabidek esana Joabek egin zuen, eta etsaiak emandako eraso-aldi batean, iñoren laguntza gabez, Urias il zan. Uriasen iltzea Dabidi gaztigatu zion, eta Dabid, azaletik agertu ezbazuen ere, barrunen poztu zan. Betsabeek senarraren il-berria artu zuenean, oitura zan bezala, zazpi egunean negar egin zuen: gero proguko egunak igarota, Dabidek etxera eraman, ezkondu, eta seme bat egin zuen.

        Zein lauso lodiak bekatuak sortzen dituen, bear bezala begiratzeko! Dabiden gaiztakeriak laster barreatu ziran: Errege onen eroriko galgarria, au estaltzeagatik eragindako eriotza, bere gaiztakeri-laguna etxera eramanda, onen seme egitea, Erreinuko eta auzoetakoak aotan zerabilzkiten: bakarrik Dabid itsua zegoan; baña zetzan itsumenetik, Jainkoak mugonez atera nai izan zuen.

 

 

9. Natan Profetak itzegiten dio

 

        Bekatua eginda, urte beteren buruan Natan Profetaren aotik Dabidi itzegin zion onela: Erri batean bi gizon arkitzen ziran, bat aberatsa, eta bestea beartsua. Aberatsak ardi eta idi asko zituen, eta beartsuak etzuen ardi bat bakarra baizik, erosi eta etxean semeakin batean, bere ogitik eta edanontzitik jaten eta edaten emanaz, eta berekin etzanaz azi zuena, eta alaba bat bezala zeukana. Arrotz bat ostatuz joan zitzaion bein batean, bere ardi eta idiai utzirik, aberats onek beartsuaren ardi bakarra artu, il, maneatu eta arrotzari jaten eman zion. Dabid, itzketa au aditutakoan, aberatsaren kontra aserretu zan, eta Natani esan zion; Jainkoak barka dagidala, ori egin duen gizonak iltzea merezi du. Kendutako ardi bakarra laurekin ordaindu bear dio. Orduan Natanek esan zion: Ori zu zera.

        Dabid gelditu zan, zer esan etziekiela; eta Natanek, Jaunaren izenean zijoakionak bezala, zorrotzkiro itzegin zion, esanaz: Begira Israelko Jainko Jaunak zer dion: Nik Israelko Erregetzat igortzi zindudan; Saulen eskuetatik atera ere bai. Zure Jaunaren etxea eta emazteak eman nizkizun. Israel eta Judako Buru egin zaitut; eta gauza oiek asko ezbadira, geiago emango zatzu. Zergatik, bada, nere esanak ostikopetu dituzu, nere aurrean gaizki egiñaz? Urias ganibitaz josi, eta Amontarren ezpataz ilerazo dezu. Orregatik zure etxean negarra beti izango da, utzi nazulako, eta zeren Uriasen emaztea zeretzat artu dezun. Zu zerorren etxean, zuri gaitz egingo dizuna sortuko da: Zuk zerorrek dakusula, zure emazteak bestek artuko ditu, eta oiekin eguzki-argitan etzango da, zuk isillik egin zenduelako: eta gauza oiek guziak Israel guziaren aurrean, eta egun-argiz egingo ditut.

        Dabidek, osotoro izuturik, etzuen izan itz oiek besterik esateko biotzik: Jaunaren begietan gaizki egin det. Natanek, luzaro egon gabe, adierazo zion, Jainkoak Dabiden damua ikusirik, bekatua barkatzen ziola; baña Israel guziari gaizki itzegiteko bidea eman ziolako, bere gurari gaiztotik izandako semea ilko zitzaiola. Natanek, gaztigu min au emanda, Dabiden etxetik berera aldegin zuen: eta Dabidi bereala esan zioten, bide gaiztoko semea gaitzak artu, eta iltzeko zorian zegoala. Dabid lurrean auzpez jarri zan; barautu zuen, eta semearen onagatik Jaunari eskatu zion; baña zazpigarren egunean aurra il zan.

        Dabidek bere bekatuaren lenengo kastigua artu zuen egunetan, Joab agintariak Amontarrakiko erasoa aurrera zeraman, eta Raban laster sartzeko bideak garbitu zituenean, Dabidi gaztigatu zion, sarrerarako joan zedilla, garaipen onen izena Errege berak eraman zezan. Dabid, gerrari asko arturik, joan zan, eta egun gitxiren epean artu zuten Rabako uri sendo eta ondo itxia, non arkitu zituzten ezin esan ainbat ondasun: bada Erreinuko Andizki, aberats, eta zerbait zezaketen guziak, emen sartu izan ziran, beren buruak gorde naiez; eta guzien artean begiragarrikoa izan zan Erregearen koroa, zeñak larogeita bi libra urre zituen, asko diamante balio andikoaz landara.

        Amontarrak, Dabiden mandatariai egindako isekakin, Israeltarrai eragindako gaiztakeriakin, eta erakarritako kalteakin irabazi zuten kastigu gogorra, artu zuten. Dabid txit biotz andikoa zan; baña idolozale aiek Jainko egiazkoari egindako bidegabekeriak esku zorrotza eskatzen zuten, eta Dabidek ondo nozierazo zien. Amontar guziak ezpataz josi, eta burnizko narra orzdun-pean txeatuak izan ziran, garia larrañean trallatu edo irabiurtzen dan gisan. Onela Amontarrakiko gerra bukaturik, Dabid bere Martiztiarekin Jerusalenera itzuli zan.

 

aurrekoa hurrengoa