www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA LAUGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Judako Erregeak. Roboan lenengoa

 

        Jeroboan Israelko lenengo erregearen gañean 219-garren orrian itzegitean, esan zan, Judako errege Roboani Jainkoak agindu ziola Israelkoari ez ezer egiteko, eta Roboan bere soldaduakin etxera itzuli zala. Roboan bere erri-buru Jerusalenen jarrita, bereala asi zan erri berriak egiten, zarrak berritzen, agintari onak oietan ipintzen eta beste prestamen asko, auzoak erasotzen bazioten ere, artzen.

        Jeroboan denbora berean leiatzen zan Israelen idoloak egiten eta jainko gezurrezko oiei agurrak eragiten, israeltar onai debekaturik Jainko egiazko bakarra adoratzera Jerusalenera joatea. Israelen oietako asko ziran, eta Jainko egiazkoa ez ukatzeagatik, Judara aldatu ziran. Lebiko tribukoak lenbiziko joan ziran, beren ondasunak Israelen utzita, naiago zutelako Jainko egiazkoa ukatu baño, ezer gabe gelditu. Tribu onen eta oni zerraizkion beste askoren aldatzeak, Judako erreinua asko irmotu zuen, eta Roboan erregeak txit ondo artzen zituen. Lenbiziko iru urteetan erregea eta mendekoak Dabid asabaren bideetan ibilli ziran, eta bitarte onetan gauza guziak naierara zetozkien: asieran bi tribu baizik etzituen erreinu txiki bat, batu zitzaiozkanakin azi zan, eta bere itzala auzoetara ere banatzen zuen; baña zorion eta doatsuera onek berak laster galtzeko bidea eman zien. Erregea andrekoitu zan, eta onen gaiztakerian mendekoak ere kutsutu ziran. Gero jainko gezurrezkoak artu zituzten, aldareak egin ziezteen, oitura on guziak illundu ziran eta Judako erreinua jarri zan naspillarik negargarrienean eta likitskeria izugarrienak egiten zirala.

        Jainkoak judarren bekatua kastigatu naiez, Sesak Egiptoko erregea soldadu-talde andiakin bialdu zien: bideko erri guziak artu eta Jerusalengoari eraso zion. Roboan Judako erregearekin batean andizki guziak, Sesaken igesi joanda, an sartu ziran, murruen babesean gordetzeagatik. Emen Roboani aurkeztu zitzaion lenago Israeli pakean uzteko esan izan zion Semeias Jaunaren profeta, eta esan zion: Ara Jaunak zer dion: Zuek utzi nazuten ezkero, nik ere Sesaken eskuetan utziko zaituztet. Berri au aditutakoan, errege eta andizkiak esan zuten: Jaunak ez du bide ez danik egiten. Gaizki-egiña aitortu zuten, Jaunaren aurrean umillatu ziran eta Jaunak Semeias beraren aotik esan zien etzituela galduko, etzala Jerusalenen odolik isuriko; baña Sesaken mendean egon bearko zirala, ezagutu zezaten Jaun Zerukoa serbitzetik errege lurrekoak serbitzera zer desberdintza zegoan. Sesak Jerusalenen sartu zan; baña etzien, ez beren buruetan, ez izanetan gaitzik egin; Elizari eta oni zitxekan ezeri etzien ukitu; bakarrik artu zituen Dabid eta Salomonen denboran ara bildutako ondasunak, zeñakin Sesak Egiptora itzuli zan.

        Roboanek bere bekatuen damua agertu zuen; len-lenago bezala, Elizara joaten zan; andizki eta gañerakoak okerrean bezala, onean ere zerraizkion, eliz-lan guziak egundaño bezain ondo egiten ziran; idoloak ere kendu zituen; eta jainko gezurrezkoai agur egitea atzeratu zuen. Baña aldaketa eta damu onek etzuten luzaro iraun. Berriz ere idolozaletu zan, eta geroz etzan ondu, eta il zan erregetzan amazazpi urte eginda, eta Jerusalenen bere gurasoen ondoan obia eman zioten.

 

 

2. Abia, Judako bigarren Erregea

 

        Abia Roboanen semea Judako bigarren errege izan zan. Onek bere soldaduak prestatu zituen aitak Jeroboanekin asitako gerra-lanari ekiteko. Joan zitzaion, eta Jeroboanen soldaduai.ondo-esanak egiten ari zan bitartean, atzetik inguratu zuten, eta etsaien eskuetan bere jende guziarekin erortzeko zorian ikusi zanean, Jaunari bere laguntza eskatu zion, eta israeltarren artean bat-batetan ain izu-ikara andia sortu zan non igesari eman zitzaiozkan, eta Abiak ondoren erasota, bosteun milla gizon indartsuenak il zituen. Garaipen au batzuek eta besteak zentzatzeko adiña bazan: baña, ez Jeroboanek ezagutu zuen bide gabe errege egin zala, ez Abiak Jaunari leialkiro serbitzea zor ziola. Jeroboan len bezain idolokoia gelditu zan; eta Abia, aita bezain gaiztoa eta eskergabea. Iru une betetzaka erregetzan eginda, Jerusalenen il zan.

 

 

3. Asa, irugarren Erregea

 

        Asa bere semea Judako irugarren errege sartu zan. Bere aginteari asiera ona eman zion: Jainko gezurrezkoai egindako aldare guziak kendu zituen, eta zorrotz agindu zuen Jainko bakarraren legea erreinu guzian zintzo gorde zedilla. Pakean luzaro bizi izan zan, erreinuko gauza guziak ondo egiñaz, Etiopiako errege Zarak gerra eman zion artean. Onek indar andiakin eraso zion, baña Asak laster ondatu zuen; eta Zarari kendutako ondasunakin, Jerusalenera garailari itzuli zan.

        Asa eta bere mendekoak zorionez aide guzietatik beteak bizi ziran; eta israeltarrak au ikusita, Judara samaldaka zetozen, Asaren babesean bizitzera, Israelko idolo-gosea eta oitura galduak ez ikusteagatik. Baasa Israelko erregeak aldaketa au ezin eramanik, Judari erasotzeko asmoa artu zuen. Asak ikusi zuenean Baasak Rama zeritzan uria artu ziola eta onekin israeltarrai Jerusalenera joateko ateak itxitzen zieztela, bildurrak eman zion. Asak biderik asko bazuen, Zararen kontrako gerran lagundu zion Jainkoagan aurrera ere uste osoa idukitzeko; baña ala egin bearrean, Siriako Erregeari diru askoren truke laguntza eskatu zion: eta onek bialdutako indar andiak Israelkoak ikusi zituenean, atzeratu zan eta Judari pakea eman zion.

        Langai au Asak ustez ondo egin zuen: baña Jainkoak profeta baten aotik erriertan eman zion, berari utzita idolozale bati laguntza eske jarri zitzaiolako. Profetak esan ere bazion, andik aurrera gerran beti izan bearko zala. Asak, itz oiek aditutakoan, asaba Dabidek Natanek itzegin zionean bezala, gaizki-egiña ezagutu eta barkazioa eskatu bear zion; baña etzuen nonbait uste, iñork itzik trukatu edo ezer esan bear zionik, eta profetaren esanak ausarditzat arturik, zepo batean ipiñierazo zuen. Jainkoak gaizki artu zion bere mandatari bati dollorkeria au egitea, eta oñetako oñaze guziz miñak artu, eta iru urtean asko erakutsi zion. Geroz, profetak esan bezala, Baasa Israelko erregearekin etzuen pakerik izan, eta erregetzan berrogeita bat urte eginda, Jerusalenen il zan.

        Asa gizon ona eta Jaunaren lege santagatik asko begiratu zuena izan zan: beragatik, aitatu dan utsegitea atzenean izan bazuen ere, sinistekoa da bear dan damutasuna artu zuela, eta Jainkoagandik barkazioa iritsirik, zorionean il zala. Jerusalenen berak eragindako obian lurpetua izan zan.

 

 

4. Josafat, laugarren Erregea

 

        Josafat laugarren erregea bere aitaren aulkian jarri zan. Bere gurasoak emandako aziera onari ondo erantzunda, Josafat gizon zuzena, Jaunaren bildur andikoa eta erlejio egiazko bakarragatik zintzo begiratu zuena izan zan. Idolo guziak kenduerazo zituen. Misiolariak erreinu guzian zabaldu zituen Jainkoaren lege santa erakustera, oiturak ontzera eta jende guzia eskolatzera. Erri asko murru eta dorre andiakin sendotu zituen eta martiztia ere txit oñ onean ipiñi zuen. Bere mendean milloi bat eunda irurogei milla gizon, bost taldetan ipiñiak eta gauza guziaz ondo ornituak zeuzkan. Auzoetako erregeak, indar andi oiek ikusita, bildur zitzaiozkan, eta etzan iñor oni ezer egitera benturatzen. Auzo askok eskuerakutsi andiak bialtzen ziozkaten. Gisa onetan Josafat lenbiziko emezortzi urteetan zorion eta doatsuera guzian bizi izan zan.

        Baña denbora onetan egin zuen bear etzan gauza bat, bizia laburtzeko bidean ipiñi zuena eta bere ondorearen txit nozigarria. Joran seme zarrena ezkonduerazo nai zuen, eta Israelko errege Akabi Atalia zeritzan alaba eskatu zion; eta Joran eta Atalia ezkondu ziran. Josafat izanik Jainko egiazko bakarraren serbitzoari ain eresi andiarekin begiratzen ziona, uste izan bear degu ezkontza hura on andiak ateratzeko asmoan baizik egin etzuela; baña utsegin zuen. Gazteak ezkondu ziranetik urte batzuetara, Samariara joan zan bere guraskide Akab ikustera; eta Akab onen gañean 234-garren orrian itzegitean esan zan Josafaten bizitza ikusi onek zer perillean ipiñi zuen. Jainkoak bere serbitzari leial au bizirik gorde nai izan zuen; baña bere aserrea agertu zion.

        Ramot Galaadkotik etxeronz zetorrela, profeta batek bidean Jaunaren izenean esan zion: Siniste gabeko bati laguntzen diozu eta Jainkoari gorroto diotenakin adiskidetzen zera? Jaunaren aserrea merezi izan dezu; baña gauza onak egin izan dituzu eta Jainkoa billatzeko biotza prestatu dezu. Josafat Jaunaren agiraka edo erreprensio onekin asko lotsatu zan. Gaizki-egiña ezagutu zuen: Jaunari barkazio eske jarri zitzaion; eta Jerusalenen sartu zan lenago baño ere gogo geiagorekin Jainkoa maite izateko eta aren lege santa berak gordetzeko eta besteai gorderagiteko. Onetarako lendanaz misionatzera bialduta zeuzkan apaizaz gañera, bera ere irten zan, eta bazter guziak ibilli zituen Jaunari zer eta zenbat zor zitzaion eta nola serbitu bear zan erakusten; zeñaren bidez galduta zebiltzan guziak Jainkoarentzat irabazi zituen.

        Erreinu guzia jirabiratu zuenean Jerusalenera itzuli, eta pakean bizi zan, gauza guziak bear bezala eraenduaz. Onetan zegoala, Jainkoak ikusi nai izan zuen Josafatek argan zeukan ustea zenbaterañokoa zan. Moab, Ammon, Idumea eta siriarrak bat-batetan eraso zioten, eta jendetza andiak Engadin jarri zitzaiozkan. Josafatek, ustekazeko berri au artutakoan, agindu zuen erreinu guziak barautu zezala, eta Jerusalenera Jaunari erregutzera etorritako guziakin Elizan sartu eta Jaunari eskatu zion estura larri artatik, arren, bera eta mendekoak atera zitzala. Eskari au egiten ziarduela, Jaaziel, Zakariasen semeak, Jaunaren izenean esan zion: Ez ikaratu: oraingo auzia, ez zuena, ezpada Jainkoarena da; biar jatsi zatzakizkiete eta Jaunaren laguntza ikusiko dezute. Josafat eta gañerakoak auzpeztu ziran eta Jainkoa adoratu zuten.

        Biaramonean Josafat jende guziarekin etsaiaren billan irten zan, eta zerbait bide egin zutenean gelditu ziran, eta Josafatek guzien erdian zutik jarrita, esan zien: Zuen Jaun Jainkoagan sinistu ezazute eta gordeko zerate: bere profetai sinistu zaiezute eta guzia ondo irtengo zatzute. Gero soldadu-taldeen aurrean kantariak ipiñi zituen, eta bideari eman zitzaiozkan, kantatuaz: Jaunari gloria, zeren bere errukimentua betikoa dan; eta gañerakoak au bera erantzuten zuten. Onela Jainkoa laudatuaz eta alabatuaz bidean zijoazen bitartean, etsaiak elkarren artean aserretu eta elkar iltzeari eman zioten. Gain batera ziranean, ikusi zuten aurre guzia gorputz-illez estalia, bat bakarrik ere bizirik gelditu gabe. Bereala iltokira joan, eta iru egunean bildu zituzten ondasun andiakin Jerusalenera itzuli ziran; Jaunari eskerrak eman ziozkaten, eta pakean jarri ziran.

        Andik laster Okozias Israelko erregeak gaztigatu zion on izango zala saldu-erosiaren gañeko elkartasun bat egitea; eta Josafat beretzen erraza izanik, artara jarri zan. Itsas-ontzi andiak egin zituzten, Salomonek denbora batean bezala, urre eta zillar eske bialtzeko; bafia ontziak itsasoan barruna zijoazela Josafatek uste zuen garaiean, Jaunaren profeta batek esan zion: Zergatik Okoziasekin adiskidetasuna egin dezun, Jainkoak zure lanak ondatu ditu. Ontziak Tarsisera baño lenago puskatu dira. Josafatek berri au Jaunaren zigorradatzat artu zuen; eta etzan Okoziasen esanera ontziak berriz egiteko jarri nai izan. Beste elkartze bat ere Josafatek egin zuen, Joranen gañean itzegitean 237-garren orrian esan zan bezala; baña oraingo au Jainkoak ontzat artu zion; eta emen ikusi diteke zenbat naiera serbitzari on oni agertu zion. Josafat denbora gitxiren epean il zan, Judako erreinua ogeita bost urtean zuzen eta zintzo eraenduta, eta bere aurrekoen ondoan lurpetua izan zan.

 

 

5. Joran, bostgarren Erregea

 

        Josafatek bere lekuan Joran semea utzi zuen, ez ordea aita bezain ona eta zuzena. Judako bostgarren errege onek aitaren erakutsi onai etzitzaien jarraitu, ezpada bere emazte idolokoi Ataliaren gogoeta eta gurari gaiztoai. Aitak Joran doai andietako semetzat zeukan, hura bizi zan artean bere biotz galdua isillik estali zuelako. Aitak, il baño bi urtez lenago, seme zarrena zalako, erregetzan lagun artu zuen; eta beste bere sei semeai erri andi bana eta ondasun ugariak eman ziezten, errege andi baten semeak bezala, naierara bizi izan zitezen; baila aitak begiak itxi orduko, Joran asi zan bere biotz galdua agertzen. Sei anaieak eta oien adiskide on guziak il zituen, idoloetara jarri zan, aurrekoen erlejio santa utzi zuen, jainko gezurrezkoai aldareak egin ziezten, eta are lotsagarriago zana, Jainko egiazkoaren Eliz-ondoan Baali ere bereak altxatu ziozkan. Gaiztakeria oiek guziak zeruari oska zegozkion, Akab Israelko erregearen etxea bezala, Joran Judakoarena ere ondatu zezala; baña Jainkoak Dabidi onen odolean erregetzak irauteko itza emanik zeukan, eta autsi nai etzuen.

        Jainkoak Jorani bere deiak egin ziozkan. Idumearrak asi zitzaiozkan mendetik irten naiez, eta Joranen egin-alai gogor eginda, bere-gañ jarri ziran. Gero erreinuan bertan Lobna-ko uria bere inguru guziarekin altxatu zitzaion, eta errege idolokoiari utzirik, orobat bere-gañ jarri zan, eta Judako erregearen mendera itzuli etzan Joranen humeak iraun zuten bitartean. Kolpe oiek Joran ezagueran sartzeko ziran; baña etzan zentzatzen. Oraindañokoak alperrik zirala ikusirik, Jainkoak Elias profetari esan zion itz oiekin eskribatzeko: Jainkoak ara zer dion: Zure aita Josafat eta asaba Asaren bideetan ibilli etzeralako, eta bai Israelko erregeenetan, eta Judan eta Jerusalenen bizi diranak gaiztotu, eta zure senide, zu baño obeak, il dituzulako, Jaunak zu zerori, zure erriari, zure seme eta emazteai, eta dezun guziari gaitz andi bat bialduko dizute; zu sabeleko urmin gogorrak artuko zaitu, eta erraiak egunean piska-bana irtengo zazkizu. Ordurako Elias mundutik ezkutatua zan: baña batzuek diote txartel au lendanaz egiña utzi zuela; besteak, profetaren bati agertu eta eman ziola: gai onetan dana dala, Joranek, beintzat, Eliasen txartel au artu zuen; baña gogor topatu zuen; etzan ondu, eta asi ziran txartelak esaten zituenak egiztatzen. Filistintarrak eta arabiarrak laster eraso zioten, Jerusalenen sartu zitzaiozkan, bere etxeko ondasunak artu zituzten, eta eraman ziozkaten emazte eta semeak, Okozias seme gaztetxoa utzita, zeña bakar bakarrik bizirik geratu zitzaion. Ondamen onek ere Joranen biotza etzuen bigundu. Ur-miñak artuta, sabel guzia urez bete zitzaion, eta bi urtean iraun zuen barrun guzia piskaka zeriola, oñazez ezin egon zala eta botatzen zuen usai likitsagatik iñor ezin alderatu zitzaiola. Atzenean izaerarik lotsagarrienean, ogeita emeretzigarren urtean il zan, zazpi eta erdi erregetzan eginda. Etzioten progurik egin, bere aurrekoai oitu bezala, eta ukitze utsak ere nagatzen zituen; eta lurpetua izan zan Dabiden Urian, ez ordea erregeen obian.

 

 

6. Okozias, seigarren Erregea

 

        Jerusalentarrak Okozias Judako seigarren erregea aitaren lekuan bereala ipiñi zuten. Joranen gaiztakeriakin aspertuak zeuden, eta errege berri onekin zerbait aurreratu uste zuten; baña laster ikusi zan semea aita bezain gaiztoa zala. Bere ama Ataliaren esanetara osotoro jarri, eta erregetzan egindako une bateko denbora laburrean etzuen gaiztakeria eta gaiztakeria baizik egin. Bitarte onetan Siriako Erregearekin Israelkoak zerabillen gerran, oni laguntzeko elkartasuna egin zuen, eta Joran Israelko erregearen gañean itzegitean 247-garren orrian esan zan bezala, igesi zijoala, etsaiak egindako zaurietatik il zan.

 

 

7. Atalia, zazpigarrena

 

        Atalia Okoziasen ama, semearen ordez erregetzan sartu zan. Atalia bere aurtasunetik zan gaizki azia eta Jezabel Israelko erregiña zorigaiztokoaren eskolan ikasia. Bera idolozalea eta guziz biurria izateaz gañera, Joran senarrari eta Okozias semeari bere gaiztotasuna itsatsi zien. Emakume gaizto onek semea il zitzaionean erregetza artu zuen, eta eskualdi onetan nork auzia emanik izan etzezan eta bera bakarrik geratzeagatik, eskuratu zitzakean bere seme Okozias zanaren hume guziak ilerazo zituen. Lenago esan da Joranek bere senide guziak il zituela. Arabia eta filistintarrak ere Joranen seme, Okozias ez, beste guziakin orobat egin zuten. Dabiden ondorengorik etzegoan Okoziasen humeak besterik; beragatik oiek guziak il ezkero, Dabiden odolak, Jainkoak esanik zeukan bezala, Mesias munduratzen zan artean ezin iraun zezakean: baña ondamen negargarri onetan Jainkoak berak izan zuen bat gordetzeko kontua, eta au Joas Judako zortzigarren erregea zan.

 

 

8. Joas, zortzigarren Erregea

 

        Josabet, Okoziasen arreba-erdiak, ikusi zuenean bere anaiaren aur guziak iltzeari Ataliak eman ziola, zetzan seaskatik Joas aurra artu, eta bere iñudearekin Elizaren bazter ezkutu batera eraman zuen. Atalia, erregearen hume guziak ustez il zituenean, gaiztakerian lenago baño ere gogozago asi zan. Idolo edo jainko gezurrezkoak leku agirikoetan ipiñi zituen, eta Juda guzia ondatzen zijoan. Lanbide negargarri onetan sei urte zeramazkien, eta judarrak negarrez begiratzen zioten, iñondik ere pozik uste etzutela; bada, aur gorde onen berririk etzuten, eta etsita zeuden Dabiden odoleko guziak il zirala.

        Aurra Joiada apaiz nagusiaren kontura zegoan, eta ardura guziarekin azitzen zuen. Judak zeraman ondamena eta erreki gaiztoa ikusirik, artu zuen legez eta bidez zegokion Dabiden aulkian aur hura ipintzeko asmoa. Irrisku andiko lana zan; baña uste izan zuen Jainkoak lagunduko ziola, eta bere gogozko asmoan etzuen utsegin. Erreinuko lebita edo eliz-gizon, eta beste bere gogoko guziak egun batean Elizara bilduerazo zituen. Agertu zien buruan zer zerabillen. Erakutsi zien nork zer egin bear zuen; eta guziak bere endanan ipiñirik, Okoziasen seme zazpi urteko aur ezkutuan zeukana agertu zuen. Errege-koroa eta soñekoak janzi ziozkan, eta otsegin zuen: Erregea bizi bedi. Guziak poz andiarekin erantztin zioten: Erregea bizi bedi; Dabiden jatorria bizi bedi; Joas Okoziasen semea bizi bedi. Berri au Eliz-inguruan eta urian bereala barreatu zan, eta aide guzietatik jendeak Elizaronz zijoazen, errege berriari agur onak egitera.

        Atalia ere goardatzallez inguratua joan zan, eta ikusi zuenean errege berria errege-aulkian eserita, guziak agur egiten ziotela, deadar egin zuen: Saldukeria, saldukeria! Bereala il nai izan zuten; eta ain aier zitzaiozkan emakume gaizto hura ilko ere bazuten, baldin Joiadak utzi izan bazien; baña aren odolarekin Eliza ez kutsutzeagatik, agindu zuen Elizatik atera eta zerraizkion guziakin il zezatela. Ala egin zuten; eta andre gogor galgarri hura bere etxe-atarian illa izan zan.

        Joiadak ikusirik bere lana zein ondo irten zitzaion, jende guziari errege berriaren aide itzegjn, eta leialak izateko itza kendu zien. Bereala Ataliak eragindako Baalen elizara joan, eta idolo eta gañerako gauza guziak bota eta ondatu zituzten. Gero errege-etxera guziak joan ziran, eta errege berria emen ipiñirik, Jerusalen eta Juda guzia pakean jarri ziran.

        Joiadak erregeaz kontu andia zeukan; eta onek ere apaiz ongille maitagarriari begirunez begiratzen zion, eta biak ekkarri lagunduaz, Atalia gaiztoaren aginte-aldian erreinuak izandako ondamen negargarriak orbaindu zituzten; batez ere Jerusalengo Eliza, zeñari esku galgarri ark geiena ukitu zion, eta galdua utzi zuen.

        Gauzak ondo zijoazen; baña Joiada zartu zan, eta eunda ogeita amar urtekoa il zan, Juda guzian negar andiak utzita, eta erregeen obian lurpetua izan zan. Joiada iltzeak Judako erreinuari kalte asko ekarri ziozkan. Apaiz andi au bizi izan zan bitartean Joas bide zuzenetan ibilli zan; baña il zanetik laster, erreinuko andizkiak losentxa eta leunkeriakin beretaronz itzuli zuten, eta erreinu guzian idoloak ipintzeko baimena kendu zioten, eta idoloak adoratzeari berriro eman zitzaiozkan.

        Lanbide onekin Jainkoa txit aserretu zan: adierazo ere bazien, baldin ez bazituzten gaiztakeria aiek uzten, kastigu latzak etorriko zitzaieztela. Gaztigu oiekin profetak bialdu zituen, baña alperrik: Jaunaren dei ondo-naikoak etzituzten aditzen. Orduan Hazael Siriako erregea Jet-eko urian indarrez sartu zan, eta asiera on onekin arroturik, Jerusalen ere menderatzeari ekin zion. Joasek erregetzan zeramazkien ogeita amar urteetan etzuen gerra-gizonik ikusi; gerra zer zan ere etziekien, eta aurrera gisa bereko pakean bizitzeagatik, Elizan eta bere jauregi edo etxean lenagokoak ipiñitako ondasun andiak artu eta Hazaeli bialdu ziozkan; zeña, aberastasun oiekin Jerusalen artzeari utzirik, bere etxeronz itzuli zan. Kastigu au, ezagutu zitekean Jainkoagandik zetorrela; baña, ez Joas erregea, ez erreinua, zentzatu ziran.

        Ostera ere Jainkoak profetak bialdu ziezten, eta oien artean begirune andiko Zakarias Joiadaren semea, zer egin bear zuten erakustera; baña idolokoi gogor aiek, beste profetak ezertan artu ez, eta Zakariasen kontra altxatu ziran, eta etzioten arrika il artean utzi. Judari ainbeste mesede egin izan zion Joiada apaiz nagusiaren semeak onela bizia galdu zuen, eta judarrak beren gaiztakerian jarraitu zuten, Jainkoaren deiakgatik oñik atzeratu gabe.

        Andik urtebetera Siriako Erregearen soldaduak berriz ere eraso zieten; Jerusalenen sartu ziran; andizki guziak il zituzten, eta Joas erregea zauri bat egiñik utzi zuten, oñaze asko geroz eraman bearrean. Oñaze-min oiekin iru unte igaro zituen, eta atzenean bere serbitzariak zetzan oiean il zuten. Errege onek asiera ona izan zuen: Joiada apaiza gidaritzat iduki zuen artean zuzen ibilli zan; baña gero gaiztakeria asko egin eta egiteko lekua eman zuen. Etzioten erregeen obian lurpetzea opa izan.

 

 

9. Amasias, bederatzigarren Erregea

 

        Amasias, Joasen semea, aitaren lekuan jarri zan. Erregetzan sartuta bereala, bere aitaren eralle edo iltzalleak il zituen, zeñaren bidez uste izan zan, gero ere bide zuzenean ibilliko zala; baña lenengo urteetan on asko egin bazuen ere, gerora okertu zan. Ara zertatik. Lenengo urteetan pake onean bizi izan zalako, ipiñi zuen soldadu-talde itzaltsu, zenbat etsairi arpegi emateko adiñakoa. Oroitzen zan idumearrak Joran asabaren mendetik irten eta geroz bere-gañ bizi zirala, eta gogoak eman zion oiek beretzea. Juda eta Benjaminen bildutako irureun milla gizon gerrari, asko izango etzituelako bildurrez, irureunda ogeita zortzi arroba zillarren truke beste eun milla israeltar erosiak artu zituen: baña eun milla oiek Jainko egiazkoari utzita idoloetaronz etziñak ziralako, Jainkoak etzion lanbide au ontzat artu, eta profeta baten bitartez esan zion israeltarren ustean etzedilla gerran asi; garaipena etzala beti giza-indarrean izaten. Gaztigu au biotz onarekin artu eta israeltarrak bertatik etxera bialdu zituen, zeñak itzuli ziran Judako errege eta mendekoen kontra aserre bizian. Amasiasek bereala bere uts-utsakin idumearrai eraso zien, eta batzuek il, besteak atzeman eta gañerakoak, osotoro abarrakituta, basoronz igesi bialdu zituen. Baña garaipen au Amasiasentzat txit kaltetsua izan zan. Etsaiari artutako gauza askoren artean, idumearren idoloak arkitu zituen: eta Jerusalenera eramanik, berak ere agur egin zien, eta onen ondoren beste gaiztakeria askotan erori zan.

        Jainkoak profeta baten bitartez adierazo zion idoloak adoratzearekin zein gaizki egin zuen: baña Jainkoaren deia ontzat artu bearrean, arestian esandako garaipenarekin illarrañdurik profetari erantzun zion ea erregearekin zer egiteko zuen. Aren begietatik bereala kendu zedilla, il nai ez bazan. Profetak aldegin zion, esanaz, egindako gaiztakeriagatik Jainkoak erabaki zuela aren egunak laburtzea. Geroz onik etzuen izan. Israelko Erregearekin gerra gogor bat sortu zitzaion, eta aren mendean jarri zan. Israelko Erregea Jerusalenen sartu zan; muru-zati andiak bota zituen eta ondasun asko eraman ziozkan, Amasias lotsa gorrian utzirik. Atzenean errikoak ere kontra altxatu zitzaiozkan; eta Lakis-era igesi joanda, il zuten. Erregetzan ogeita bost urte egin zituen, eta gurasoen obian lurpetua izan zan.

 

 

10. Ozias, amargarren Erregea

 

        Ozias, Judako amargarren erregea, Amasias bere aitaren lekuan amasei urtekoa sartu zan, eta bere aginteak berrogeita amabi urtean iraun zuen. Oziasek bereala agertu zuen Jaunari atsegin emateko eta gauzak ondo egiteko gogoa; eta Jainkoak Zakarias profeta, beste Zakariasen seme eta Joiada apaiz andiaren billobagan gidari on bat eratu zion. Oziasen lenengo lana izan zan Jerusalen pareta sendoz inguratzea, uria eta Eliza etsaiaren erasoetatik gordetzeko. Maasias eta Hananiasen kontura soldadu-talde andiak gordetzalle ipiñi zituen. Armategiak egin eta beste prestamen asko, bear ziranerako, artu ere bai. Bere ardura zintzoa erreinu guzira zabaldu zuen, eta non-nai ezagutzen zan.

        Bere aita zanaren eta lenagokoen denboran galdutako bazterrak beretzeko asmoa artu zuen. Idumea, Filistin, Arabia eta Ammontarrai eraso zien, eta guziak eskuratu, eta beartu zituen batzuek bere mendean izatera, besteak zegozkiten urteoroko eskuerakutsi eta petxak matera. Lanbide oiekin jarri zan errege batek opa dezakean izaerarik onenean; baña asi zan makurtzen, eta eroriko andi bat eman zuen.

        Oziasen maisu nagusi, une askoan zer egin erakutsi ziona, Zakarias profeta zan, zeñaren eriotzak Oziasi galmena ekarri zion; eta Joas bere asabari Joiada il zanean gertatu zitzaion berbera, Oziasi ere gertatu zitzaion. Ainbeste zorionekin arkitu zanean, biotza uanditu zitzaion, eta arrotu zan Jainkoaren aginduai kontra egin nai izateraño. Nai zuena eginda ere etzuen uste iñork ezer esan bear zionik, eta are gitxiago eragozterik. Uste onetan Elizan sartu eta asi zan apaizak baizik ezin zezaketen lanbidea egiten, inzensua lurriñen aldarean erretzen. Azarias apaiz andia eta beste larogei apaiz joan zitaiozkan esatera, hura etzala aren egitekoa, ezpada Aaronen ondorengo eliz-gizonena. Leku santutik irten zaite, esan zioten, eta gure esanak ezer gitxian ez artu, zeren Jaunak ontzat eramango ez dizun. Ozias apaizen kontra sutu zan, eta inzensu-ontzia eskuan zuela, keñadatzen zien, adierazoaz ez-egitekoren bat egingo zuela. Baña, Jaunaren eskua zein andia dan! Oziasi bekokian lepra nazkagarri bat bat-batetan agertu zitzaion, eta Azarias eta bere lagunak beartu ziran Elizatik bere-bereala ateratzera, eta Ozias bera ere, Jaunaren esku zorrotzak ikaratuta, igesi abiatu zan.

        Geroko lau urteetan legenar zikin nazkagarri onegatik jende-artetik aldeginda, etxe bakar batean bizi izan zan, bere bekatuari zegokion penitenzia egiten; eta il zanean, etzioten erregeen obian lekurik eman, lepratsu il zalako.

 

 

11. Joatan, amaikagarren Erregea

 

        Oziasen seme Joatan, amaikagarren errege izan zan, zeña bai aitaren gaxoan, bai geroko amasei urte erregetzan egindakoetan, txit zuzena eta Jainko egiazkoaren serbitzari leiala izan zan. Il zanean erregeen obian lurpetu zuten. Judarrak negar andiak egin ziozkaten, eta are andiagoak eta miñagoak izango ziran ordeko zer seme uzten zuen jakitera.

 

 

12. Akaz, amabigarren Erregea

 

        Au Akaz amabigarren erregea zan. Erregetu zanean, ogei urte zituen. Etzuen Joatan aitaren ontasunik, ez Dabid aurrekoaren antzik, ezpada gaiztakeria andiai leku eman zien. Idoloak egin eta mendi-tontor guzietan ipiñi zituen. Baal eta Molok jainkotzat adoratu zituen, eta bere erakutsi gaiztoarekin mendekoak ere lan bera egitera ekarri zituen.

        Jainkoa, ainbeste gaiztakeria ikusita, aserretu zan eta Rasin Siriako erregeaz baliatu zan Akaz kastigatzeko. Rasin itsumustuan Akazi bere lurrean sartu zitzaion eta Akaz, gogor egiteko nekatu bazan ere, Rasinek ondatu zuen, eta siriarrak Judan kalte andiak eginda ondasun andiakin beren lekuronz itzuli ziran.

        Etzan Akaz zigorrada onekin zentzatu; eta Fazee Israelko erregearen semeak soldadu-talde andi batekin eraso zion; egun bat bakarrean eunda ogei milla gizon gerrari, eta oien artean Akazen seme Maasias, il ziozkan; eta ondamen negargarri onen ondoren berreun milla emakume, mutil eta neskatx gaxte katibu artuta, ondasun andiakin Samariaronz itzuli zan.

        Egun oietan Samarian arkitzen zan Obed profeta bidera irten zitzaien eta esan zien Jainkoaren gogokoa izango etzala emakume eta aur errugabeko aiek katibu idukitzea, eta beren etxera bialdu zitzatela. Ala egin zuten. Gaxoak erdi-billosak, goseak aulduak eta bideko nekeak txit makalduak arkitzen ziran: jaten eman, janzi eta abereetan ipiñirik, Jerikora beren senideetara biurtu zituzten eta berak Samariara joan ziran. Ispillu argia, gerran garaillari irteten diranak zer egin bear duten ikasteko!

        Bi zigorrada oiekin Akaz etzan ezagueraz janzi; bere gaiztakeriai zerraikien, eta uste zuen etzuela aurrera zer bildur izan. Baña, lenagoko aldian banaka bezala, oraingoan Rasin eta Fazeek batetan eraso zioten, eta Jerusalen ondora joanik, uria inguratu eta setiatu zuten. Bere burua estura onetan ikusi zuenean, Akaz asi zan gogor egiteko prestamenetan. Jaunaren Elizan eta bere etxean ziran urre eta zillarrak bildu zituen eta Asiriako errege Teglafalasar-i bialdu ziozkan, esanaz zein estu arkitzen zan, eta laguntzeko. Teglafalasar-ek eske onekin atsegin andia artu zuen, zekusalako iru errege aien auzia aren onean izango zala; eta bere laguntza eskeñi zion; baña iruai zerbait denboran utzi zien, elkar zatituaz argaldu zitezen.

        Urtebeteren buruan Teglafalasar soldadu-taldearekin Samariako erri-buru Damaskoronz joan zan, topatzen zuen guzia ondatuaz. Siriako Erregeak berri negargarri au artu zuenean, Jerusaleni utzirik joan zan bere etxeari kontu artzera. Asiria eta Siriako Erregeak elkarri eraso zioten, eta Siriakoaren soldadu-taldea osotoro galdua eta errege bera ilda geratu ziran. Orduan Teglafalasar erreinu guziaren jabe egin zan; Damaskon sartu eta emengo biztanle eta gauza guziak Zirenera eraman zituen. Israelko Erregea ere denbora berean, Jerusalengo setioa zegoan oñean utzita, bere etxeronz itzuli zan, erreinuari kontu artzeko asmoan, alperrik bederik: bada, Teglafalasar-ek Israelko jendearen erdia eta geiago menderatu eta berekin eraman zuen.

        Akaz poztu zan, bere etsaiak pakea eman ziotelako; baña etzuen ezagutu mesede hura Jainko egiazkoari zor ziola; ezpada Teglafalasar-en eskuak gorde zuela; eta errege oni Damaskora joan zitzaion eskerrak ematera. Emen ikusitako idoloen aldareaz lilluraturik agindu zuen beraren antzeko bat egiteko, eta Urias apaiz andiari Jerusalengo Elizakoaren aurrean ipiñierazo zion. Damaskotik Jerusalenera itzuli zanean, ofrendak eskeñi eta beste lanbide asko egin zituen, Jainko egiazkoari utzita gezurrezkoetara jarri zala adierazten zutenak. Urias apaizak, bere eginkizunari begiratu gabe, Akaz erregeari lan oiek guziak ontzat ematen ziozkan. Geroenerako Eliz-barruan aldare andiak eragin zituen, Jainkoak ain argiro debekatuta zeukanaren kontra.

        Teglafalasar-en garaipen andiak zekuskizan, eta uste zuen aren jainkoak laguntzen ziotela, eta bera ere jarri zan aiek adoratzera. Jerusalengo Eliza itxi zuen; erreinu guzian idoloak eta oien agur-emalleak ipiñi zituen, eta gisa onetan zebillela, Jaunaren aserre guzia gañera ekarri zuen.

        Teglafalasar, Jerusaleni bere ikusia emanda, ondasun andiakin etxeronz zanean, idumearrak Judan sartu ziran eta kalte latzak egin zituzten. Filistintarrak berebat sartu ziran eta bazter zabalak beretu zituzten. Ondamen oien erdian etzan Akazen biotza biguntzen eta, bere gaiztakeriaetan ondo josia zetzala, bere erreinaldiaren amaseigarren urtean il zan, mundu guziak gorroto ziola. Jerusalenen lurpetu zuten; ez ordea erregeen obian.

 

 

13. Ezekias, amairugarren Erregea

 

        Akazen lekuan bere seme Ezekias amairugarren erregea sartu zan. Aita gaiztakerian aurreratua bezala, semea onerako griñatua zan. Erregetzan sartu zanean ogeita bost urte zituen. Onen lenbiziko lana Jerusalengo Eliza zegokion oñean ipintzea izan zan. Aitak itxitako ateak idiki, garbierazo eta aitaren denboran kendutako gauzak egin zituen. Jerusalengo karrikaetan ipiñitako idolo eta oien aldare guziak kendu zituen: eta Jaunari zor zitzaion agur eta adorazioa obeto emateagatik, bere erreinuko eta Israelko guziai otsegin zien, Pazkoa egiteko asmoan. Jendetza andia batu zan eta lanbide onetan egun asko igaro zituzten, errege eta mendekoak, nork bere aldian, Jaunari eskeñtza andiak egiten ziozkatela.

        Errege prestu onek Jainko egiazkoaren ezaguera eta sinistea erreinu guzian zabaldu eta erlejio santa bere aita baño lenagoko oñera itzuli zuen. Onen gogoa eliz-gauzaetan bakarrik etzan: erreinukoetan ere txit ardura eta kontu andia zuen, eta bere eraen zintzoarekin etsaiari gogor egiteko oñean jarri zan.

        Denbora onetan asiriarrak zebiltzan Israelko erreinua beretzen, eta Israelko guziak katibu arturik etxeronz ziranean, ezagutu zuen filistintarrak eskuratzeko erarik obena zetorkiola. Eraso zien eta ekin-aldi guzietan garaiturik, bazter guziak berriz kendu ziezten, eta utzi zituen bere ondorengoai buruauste andirik ez emateko eran.

        Ezekias-ek onean ezin eraman zuen bera eta bere erreinua Asiriako erregearen zordun bezala egotea, eta urteoroko eskuerakutsia egin bearrean arkitzea: eta artu zuen lotsa gaizto au kentzeko asmoa. Senakerib Asiriako erregea auzoakin orañago izandako gerrakgatik txit eroria, eta iñori gogor egiteko kemen gabe zegoan. Ezekiasek, au gogoan zeukala, urteoro bide gabe eskatu oi zion dirutza ukatu zion, eta urte batzuetan uko onetan, ezer eman gabe, bizi izan zan. Baña Senakerib zerbait ornitu, eta lenagoko gerraetan galdutako indarrak orbaindu zituenean, Ezekias beartu nai izan zuen len bezala zerbait dirutza ematera.

        Asmo onetan eunda larogeita bost milla gizonekin, gitxienez, Judako erreinuan sartu zan: Lakis-ko gaztelu sendoa setiatu zuen eta eraso-aldi latzak ematen ziozkan. Ezekiasek etzuen odolik isuri nai, eta eresi onekin, eskatu guzia Senakeribi eskeñi zion, baldin bere etxera itzuli eta pakean uzten bazion. Baiezkoa eman zion, eta Ezekiasek Eliza eta bere etxeko diru guziak bildu zituen; baña ikusirik oiekin etzala osatzen, Eliz-ateai berak jositako urrezko azal edo txapak kendu ziezten eta Senakeribi, gaitz-pensatu gabe, diru guzia bialdu zion. Senakeribek diru au artuta, etxeronz joan bearrean, utsune guziak onekin estali zituen, eta Lakisi gogotikago eraso zion, Jerusaleni gero bereala ekiteko asmoan.

        Onetan Ezekias gaitz batek artu zuen, eta Isaias profeta joan zitzaion esatera: Etxeko egitekoak zuzendu itzatzu, zeren zureak egin duen eta il bear zeran. Itz oiek esanda, geiago gabe, Isaias itzuli zan. Berri onekin Ezekiasek naigabe andia artu zuen, ez ainbeste iltzen zalako, zenbat seme edo ondorengorik uzten etzuelako; eta zetzan oiean, bazterreronz jarrita, esan zuen: Jauna, oroitu zaite, arren, zure aurrean menaz eta biotz dolezgabearekin ibilli naizala, eta zure gogoko gauzak egiten saiatu naizala. Au esanda negar-ots andi bat egin zuen, eta isilldu zan. Isaias atarira baño lenago, Jainkoak ala aginduta, Ezekiasgana itzuli zan eta esan zion sendatu eta irugarren egunean Elizara igoko zala: beste amabost urteko bizia bazeukala, eta asiriarrik etzala urian sartuko. Gauza oiek guziak sinisteko Ezekiasek Isaiasi siñale bat eskatu zion. Isaiasek erantzun zion ea aren aita Akazek ipiñitako eguzki-erlojuan errañoa aurreratzea edo atzeratzea nai zuen. Naiz bata, naiz bestea mirarizkoak ziran; eguzkia mirari gabe ezin aurreratu, ez atzeratu zitekean: baña Ezekiasek esan zion itzala atzeratzea naiago zuela. Orduan Isaiasek Jaunari erregutu zion eta eguzkia amar mallaz sort-alderonz atzeratu zan, eta eguzki-erlojuaren itzala amar mallaz atzerago jarri zan, eta egun hura amar orduz luzeago izan zan. Ezekias egun berean sendatu eta irugarrenean Elizara igo zan.

        Ezekias jarri zan, bada, Jainkoak gañerakoa ere egingo zion uste oso-osoan; baña bera ere egin-alean nekatu nai izan zan. Jerusalen sendotzeko prestamenak artu zituen. Bere ondo-esanakin mendekoai biotzak bizkortu ziezten. Senakeribek, ostera, Lakisko lanak aurrera zeramazkien, eta Jerusalenera mandatariak bialdu ere bazituen, geroko begira egon gabe, aren eskuan jarri zitezela esatera.

        Ezekiasek igerritzen zion Senakeriben aldetik zein eraso Iatza zetorkion, eta Elizako aldare-aurrean jarririk, Jainkoari erregu umill bat egin zion; baita Isaiasek ere orobat bere bakarrean; eta Jainkoak bi serbitzari on oien eskariak aditu zituen. Isaiasek Ezekiasi gaztigatu zion ez bildurrik izateko: Jainkoak aditu ziola: etsaia Jerusalenen etzala sartuko, ez urreratuko ere, eta ekarri zuen bidetik Senakerib itzuliko zala.

 

 

14. Senakeriben ondamena

 

        Berri onekin jerusalentarrak poz eta atsegiñez jostaketan zebiltzala, Senakeriben soldadu-talde guzia lo zetzan gau batean, Jainkoaren Aingeruak, iñor ere oartu gabe, eunda larogeita bost milla gizon utzi zituen lepo-moztuta. Biaramonean Senakeribek ikusi zituenean bere soldadu guziak itzik esateko eta aieska bat ere egiteko leku gabe ilda, igesari eman zion, zer egiten zuen edo noronz zijoan etziekiela: Niniben itsumustuan sartu zan; eta denbora gitxiren buruan Nesroe bere jainko gezurrezkoaren elizan, bere bi semek ganibitaz josita, soldadu guziak ilda ikusteko Jainkoak utzi zion bizia kendu zioten.

        Jerusalentarrak biaramonean egunsentian gorputz-illak zetzaten lekura joan ziran, eta artu zituzten, ez bakarrik orañago Ezekias erregeak pakean uzteagatik etsaiari bialdutako dirutza andia, baita beste ondasun ezin neurtu ainbat ere, zeñakin estali zituzten erreinuan etsaiak egindako kalte guziak. Ezekias ere txit aberastu zan. Jerusalengo Eliza edertu, uria sendotu eta beste gauza ikusgarri asko egin zituen, zeñaen bidez bere izena alako eran auzoetara barreatu zan non jendeak urrutietatik Jerusalenera millaka zetozen, onen inguruan gertatutako mirari arrigarriak entzunda. Ezekias lanbide onekin opa zitekean mallarik goenenekora igo zan; baña anditasun onek berak arrotu eta ipiñi zuen amiltegi pikoan, eta bere ezereztasuna agertu zan. Ara nola.

        Beroda-Baladan Babiloniako erregeak aditu zituenean Ezekiasen sendatze mirarizkoa, eguzkiaren bat-batetako atzeratzea, ainbeste milla gizon gauaz, iñor oartu gabe, iltzea eta onelako beste gauza asko, eskuerakutsi askorekin mandatariak bialdu ziozkan, aren on eta atsegiñetan zer poza artzen zuen adieraztera. Ezekiasek mandatari oiei bere ondasuntegi andiak agertu ziezten, berak guzia egin bazuen bezala, Jaunaren esku, zorion guzien iturria, ezertan artu gabe. Andik laster Isaias profetak, Jaunaren izenean, Ezekiasi zorrotz itzegin zion, bere arrokeria arpegira emanaz, ziotsala, gauza oiek guziak berak egiñak bazituen bezala erakustearekin, etzuela ondo egin; etorriko zala eguna gauzak ez ezen seme-alabak ere, Babiloniara eraman eta ango erregearen serbitzoan eta morrontza lotsagarrian egongo zirana.

        Gogor-itzegite edo erreprensio onen ondoren Ezekiasi bere arrokeria damutu zitzaion, eta Jaunaren aurrean umilldurik, barkazioa iritsi zuen, eta geroz bizi izan zan Jauna alik ondoena serbitzen. Berrogeita amalau urtekoa, ogeita bederatzi erregetzan eginda, il zan. Ezekiasek Jaunaren gogoa egin zuela eta Dabid bere asabaren bideetan ibilli zala, Espiritu Santuak dio. Mendekoak il-berri onekin negar andiak egin ziozkaten: eta progu onratsuaren ondoren, gorputz-illa beste guziak zetzaten baño goratuagoko obian ipiñi zuten.

 

 

15. Manases, amalaugarren Erregea

 

        Manases, Ezekiasen semea, amalaugarren errege izan zan. Aita on baten izaera ikusita, seme gaizto batena aitatu bearra neke egiten da: baña zerbait esan dezagun. Erregetzan sartu zanean, amabi urte zituen, eta berrogeita amabostean agindu zuen. Okerrean bereala asi zan. Arterañoko gizonak sortutako idolo guziak adoratu zituen. Aldareak altxatu ziezten eta adora-lekuak egin zituen. Auzoerrietako azti, sorgin eta deabruakin bat-egindako asko erakarri zituen, oien bitartez gauza isillak jakiteko. Bera gaiztoa izateaz gañera, erreinu guzia eta Jerusalen bera gaiztotu zituen. Ain biotz gogorrekoa zan non Jainko egiazkoa ez ukatzeagatik aren bide gaiztoai etzerraizkienak, neke askoren ondoren iltzen zituen.

        Joel, Oseas, Nahum eta beste profetak, batez ere Isaiasek, Jaunaren izenean zorrotz itzegiten zioten; baña alperrik: etzuen ezerk ere ikaratzen eta bide gaiztoetatik atzeratzen; eta profetak, esan oien saritzat, eriotza artzen zuten. Isaiasi berari, diotenez, bizia kenduerazo zion, zurezko zerra batekin burutik beera erdiratuta.

        Jainkoak ikusirik itz utsak Manases etzutela zentzatzen, egiñetara zan. Asiriako Erregearen agintari batzuek bialdu zituen, eta Manases atzemanik, eta girgilluz eta katez ondo loturik Babiloniara eraman eta ziega illun batean sartu zuten. Orduan begiak zabaldu zituen, noizbait bear da, bere gaiztakeriak ezagutzeko: Jaunari barkazio eske jarri zitzaion, eta biotz umilldu eta damutuarekin Jaunaren errukimentua irabazi zuen. Emen ziega illun onetan zuzendu zuen Manasesen orazioa deritzana; eta Jainkoak, eskariak ondo arturik, Jerusalenera laster itzuli zuen.

        Jerusalenera zanean, jerusalentarrak uste izan zuten, ez seme Manases, ezpada aita Ezekias zijoakiela: bada, bereala asi zan aitaren lanetan; bere lenagoko oker-egiñak zuzentzen eta egindako kalteak orbaintzen. Deabruari eregitako aldareak bota eta idoloak autsi zituen. Eliza garbitu eta beste gauza on asko egin zituen erreinua Jaunaren bide zuzenera ekartzeko eta zor zitzaiozkan agur onak egiteko. Itz batean, bere lenagoko ogei urteetako ondamen guziak, atzeneko ogeita amairuetan orbaindu zituen, eta irurogeita zazpi urtekoa Jerusalenen il zan. Bere baratzan lurpetu zuten, nerekiko, berak ala agindurik, erregeen obian etzatea bere gaiztakeriakgatik etzegokiolako umilltasunez.

        Denboratsu onetan Niniben bere egunak bukatu zituen Tobias santuak ere; zeñaren bizitza emen ezartzea deritzat egoki izango dala.

 

aurrekoa hurrengoa