www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA BEDERATZIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Babiloniako gertaerak. Baltasar-en afaria

 

        Persian esan diran gauza oiek gertatzen ziran bitartean, Babilonian ere zer ikusi eta esan bazan. Lenago esan degu Babiloniako agintea eta erregetza Nabukodonosor-en seme Baltasar-ek artu zuela. Onek etzuen bere gogo gaiztoak nondik eta nola beteko zituen ibilli baizik egiten. Arterañokoak asko ez baziran bezala, gau baterako afari andi bat prestaerazo zuen, eta au jatera deitu zituen erreinuko milla andizki, zeintzuekin maiean zegoala, erakarri zituen aitasaba Nabukodonosor-ek Jerusalengo Elizatik eramandako urre eta zillarrezko ontziak, eta berak, andizki, emazte, emazte-ordeko eta beste emakume galdu, an zeuden askok, ontzi oietatik ardoa edaten zuten.

        Poz eta atsegiñik andienean maiean jaten eta edaten ziardutela, agertu ziran gizonaren eskuko beatz-antz batzuek, paretean zerbait eskribatzen zutenak. Erregeak au ikusi zuenean, izutu eta ikaratu zan: erreinuko sorgin eta aztiak sar erazo zituen, asmatzalleari sari andiak eskeñita; baña etzion iñork ez irakurri eta ez asmatu zer esan nai zuten. Naigabez onela beterik eta biotzak txit illundurik zeudela, ama erregiña sartu zan eta seme Baltasar-i esan zion: Ez ikaratu, o errege! Babilonian bada zure aita Nabukodonosor-en denboran gauza isill asko asmatzen zituena, eta gizon au Daniel da; otsegiozu eta eskribu oriek azalduko dizkizu.

        Daniel afal-tokian sartu zan, eta erregeari esan zion: Jaun Zerukoak zure aita Nabukodonosor-i erreinua, anditasuna eta aberastasuna eman ziozkan, eta erri eta jende guziak begirune andia zekarkioten: nai guzia egiten zuen; biotza uanditu zitzaion, eta bere arrokeriak basora bota zuen zazpi urtean lar-abereen gisan bizitutzera, Jaunaren almena edo esku altsua ezagutu zuen artean. Zuk, Baltasar, zure aitari gertatu guzia baziñiekien, eta ala ere umildu bearrean, Jaun Zerukoaren kontra jaiki zera: bere etxeko edanontziak erakarri dituzu eta afari onetan oietatik edan dezute, eta beste gaiztakeria askori leku eman diezu.

        Beragatik paretean itz oiek eskribaerazo ditu: Mane, Tecel, Fares; zeñak ara zer esan nai duten. Mane: Jainkoak zure erreinua neurtu du eta bukatu da. Tecel: Pisatu zaitu eta bear baño ariñago arkitu zera: erioa gañean dezu. Fares: Zure erreinua erdiratu du, eta Media eta persiarrai emango die. Azalduera onen ondoren bereala Danieli erregeak saritzat agindutako janzi ederrak ipiñi ziozkaten eta erreinuko irugarren gizontzat ezagutu zuten. Baltasar gau artan berean illa izan zan, eta ikusi zituzten gauza miragarri oiekin, guziak arri egiñik geratu ziran.

 

 

2. Dario, Babiloniako Erregea

 

        Baltasar-ek etzuen semerik utzi, eta onen lekuan bereala Dario Babiloniako erregea sartu zan, zeñak poz andia artu zuen Daniel juduari arestian emandako goratasun andiarekin; eta gañera erreinuko agintaritza goitu bat bertatik eman zion.

        Daniel, lenagoko erreinaldietan asko ikusia eta erreinuko gauzaetan ondo trebatua zan; beragatik erregeak lanbide guzietan iritzia eskatzen zion, eta txit egoki erabakitzen zituen. Zeukan baño ere eskualdi geiago erregeak eman nai zion, bere doai ezin obeagoakgatik, eta onek berak beste andizkietan Daniel ezin ikusia eta galdu naia sortzen zuen. Danielek etzuen gaizki esateko eta eltzeko biderik ematen: baña biotz dollordunak berritu zuten Nabukodonosor-en denboran egin izan zuten lanaren antzeko bat.

        Dariori aginduerazo zioten ogeita amar egunean etzezala iñork, ez Jainkorik eta ez gizonik Dario baizik adoratu, eta agindu au austen zuena, leoietara bota zedilla. Danielek, Jerusaleneronz begira jarrita, egunean iru aldiz otoitz edo orazioa egin oi zuen. Darioren agindu onen berria artu zuenean, bere oitura ona etzuen utzi, zeren zion, bere eginkizunak betetzetik etzuela ezerk ere atzeratuko. Bein batean, bada, gelan sartu zan, eta bere etsaiak zelatatu zuten, eta belaunikatuta zegoan tokira sartu zitzaiozkan. Erregeari-bereala esan zioten Daniel zertan arkitu zuten, eta erregeak, uzkur eta gogo gaiztoz bederik, agindu zuen leoi artera bota zedilla, eta begietatik bialdu zuen, esanaz: Zuk beti adoratzen dezun Jainkoak gordeko zaitu.

        Daniel leoi artera bota eta atea itxi zioten. Dariok gau guzia, begirik itxi gabe, esnai egin zuen, eta biaramonean Danieli joan zitzaion, eta ikusi zuenean leoiak ukitu etziotela txit poztu zan eta bere-bereala zulotik ateraerazo zuen. Agindu zuen Daniel galdu nai izan zutenak aren lekuan bota zitezela; eta berak, beren humeak eta emazteak arturik, bota zituzten, eta lurrera alderatu ere baño lenago, zuloko leoiak atzaparrak ezarri, eta ezur eta mami zeatu zituzten.

        Orduan Dariok Jainkoaren esku altsua ikusirik, agindu zuen etzedilla Danielen Jainkoa besterik ezagutu eta adoratu. Agindu onekin Israelko eta Judako katibu guziak txit atsegin andian eta naiera guzian jarri ziran. Dario epe laburrean il zan, eta bere lekuan Astiajes semea utzi zuen; baña au ere zortzi edo bederatzigarren illean il, eta onen ordez Persiako Errege Ziro sartu zan. Ziro bere bi aurrekoen bideai jarraitu zitzaien Daniel eta beste juduakin, zeñak pakean bizi ziran, bai Babilonian eta bai Persian, beren errira itzultzeko ordua lenbaitlen ikustea beste opa gabe.

 

 

3. Ziro Persiako eta Babiloniako Erregea

 

        Zirok serbitzari nagusitzat Daniel artu eta jaten bere maiean iduki oi zuen, eta lanbide guzietan onezaz beartzen zan, eta Danielek ere erregearen amorioari leialkiro erantzuten zion. Zirogan utsune negargarri bat ikusten zuen. Jainko gezurrezkoetara etziña zan, eta Danielek artu zuen errege berri au lege onera ekartzeko asmoa. Neke andiak ekarri ziozkan lanari ekin zion; baña atzenean ere ondo irten zitzaion.

        Zirok, Babiloniara etorri zanean, topatu zuen idolo bat Bel zeritzana, eta babiloniarrak txit begirune andian zeukaten. Zirok ere agur eta adorazioak egunoro egiten ziozkan: Danielek ez ordea. Zirok bein batean Danieli galdetu zion: Zergatik Bel ez dezu adoratzen? Danielek erantzun zion etzuela ark gizonak egindako jainkorik ezagutzen, ezpada zeru-lurrak egin zituena eta gauza guziak eskuan dituen Jainko bizia. Zer bada? erregeak esan zion: Uste dezu Bel jainko bizia ez dala? Ez dakusu egunoro zenbat jan eta edaten duen? Idolo onentzat egunean milla eta larogei libra ogi, berrogei ardi eta emezortzi arroba ardo bear ziran. O errege! Danielek, farra axal batekin, erantzun zion: Ez itsutu eta gezur ori sinistuta egon; bada, Bel orrek mamia lurrezkoa eta azala bronzezkoa du, eta ez du ezer jaten. Danielen esan onekin Ziro suak artu zuen; Belen apaizak deitu eta esan zien: Baldin ez badidazute agertzen Beli egunoro ematen zaiozkan gauza oiek nork jan eta edaten dituen, il bear zaituztet; eta sinisterazotzen badidazute Bel berak jaten dituela, Daniel ilko da, zeren Belgatik ain gaizki itzegin duen. Danielek erregeari esan zion: Zuk diozuna egin bedi.

 

 

4. Belen apaizak

 

        Belen apaizak aldarepean zeukaten ate isill bat, ustez iñork etziekiena. Ate onetatik apaizak beren emazte eta humeakin gauaz sartu, eta Beli egunaz ipintzen zitzaiona jaten zuten. Apaiz oiek erregeari esan zioten Belen aurrean jan-edanak ipiñi zitzala eta eliz-atea bere silluarekin itxitzeko, eta biaramonean ikusiko zuela nola ipiñi guzia Belek jan zuen.

        Apaizak elizatik irten ziran, eta erregeak zekusala, Danielek eliza guzian galbaiarekin autsa zabaldu zuen, zertako zan iflori esan gabe, eta erregea eta Daniel elizatik irtenda, atea itxi zuten eta erregeak bere sillua ipiñi zion. Lan au, iñork, biak bestek, etziekien. Apaizak beren etxekoakin ate isilletik oi bezala gauaz sartu ziran, eta arkitu guziak jan zituzten, zer amutan erortzen ziran gaitz-pensatu gabe. Biaramonean errege eta Danielek atea bere silluarekin, illunabarrean utzitako eran, topatu zuten, andik iñor sartutako antz gabe. Eliza idikita, erregeak aldarera begiratu zuen eta ezer ikusi etzuenean deadarrari eman zion: O Bel, andia zera, bai, eta ez dezu, ez, gezurrik! Danieli farra joan zitzaion, eta sartu etzedin besotik eldu eta erregeari esan zion: Lurrera begira. Erregeak erantzun zion: Nik emen, gizon, emakume eta aurren oñ-arrastoak dakuskit. Bereala ezagutu zuen au gezurra baizik etzala; apaizak artu zituen; beren isill-lana agertu zuten eta ilerazo zituen. Bel Danieli eman zion nai zuena egiteko: eta Danielek puskatu eta eliza arras ondatu zuen.

        Babilonian bazan erensuge edo dragoi andi bat, babiloniarrak jainkotzat zeukatena; eta Bel galduta ondoren, erregeak Danieli esan zion: Orra jainko Dragoia, Babilonia guziarekin nik ere adoratzen dedana. Ezin ukatuko dezu, ori, benik-bein, jainko bizia dala. Zuk ere adora ezazu. Nik, Danielek erantzun zion, nik nere Jaun eta Jainko bizia adoratzen det. Dragoi ori Jainko bizia ez da, eta zuk nai badezu, nik, makilla eta ganibita gabe, ilko det. Gogoak dizuna egizu, erregeak erantzun zion. Danielek baimen onekin, pikea, seboa eta illea batean guziak egosi, eta opiltxo batzuek egin zituen; Dragoiari aoan sartu ziozkan, eta bereala ler egin zuen. Ara emen zuen jainkoa, Danielek esan zion; eta erregea lotsaturik gelditu zan. Babiloniarrak Bel eta Dragoia Danielek ondatu zituela ikusi zutenean, matxinada gogor bat sortu zan; erregeari eskatu zioten Daniel emateko; bestela bera eta etxeko guziak iltzera zijoazela.

 

 

5. Daniel leoi-zuloan

 

        Erregeak, gogo gaiztoz bederik, Daniel eman zien, eta eskuak bereala ezarririk, bota zuten zazpi leoitzar gosetu zeuden zulora, oien ortz-agiñetan triskillatu zedin. Baña lenagoko aldian ez ezik, oraingoan ere Jainkoak bere profeta leialaren ardura bazeukan. Egun oietan Habakuk profeta Judan bizi zan, eta igitarientzat elzaria eta ogiarekin sorora zijoala, Jaunaren aingeru bat aurkeztu zitzaion eta esan zion janari hura leoi-zuloan zegoan Danielentzat Babiloniara eramateko. Jauna, ni Babilonian egundaño ez naiz izan, eta leoiak non dauden ere ez dakit, profetak erantzun zion. Aingeruak bereala illeetatik eldu zion, eta begien itxi-idiki batean, irureun leguaz aparte zegoan Babiloniara eraman zuen eta leoi-zulo gañean ipiñi zuen. Habakuk profetak otsegin zion: Daniel Jainkoaren serbitzaria, Jaunak bialdutako jan au ar ezazu. Danielek, zeruronz begiak zuzendurik, esan zuen: Nizaz oroitu zera, ene Jainkoa, eta maite zaituztenak aztu etzazkizu! Jaikita, jan zuen. Gero aingeruak Habakuk illeetatik eldurik, itzuli zuen Judara, artutako lekura.

        Erregea zazpigarren egunean Danielgana joan zan, ilda egongo zanez etsita; baña, zer miraria! ikusi zuen Daniel leoien erdian eserita. Biotzak pozez gañeztu zion, eta deadar egin zuen: Danielen Jainko Jauna, andia zera! Bere-bereala ateraerazo zuen, eta erregearen aginduz, Daniel galdu nai izan zutenak bota zituzten, eta leoi gosetuak bat-batetan iretsi edo tragatu zituzten, erregeak zekusala. An bertan agindu zuen Danielen Jainko miraritsua mundu guziak aitortu eta adoratu zezala.

 

 

6. Babiloniako katibutasunaren bukaera

 

        Danielek, ikusirik mirari oiekin Ziroren biotza Jainko egiazkoronz griñatu zala eta ezaguturik bere lagun judar eta israeltarrak Jainkoak profetaren bitartez izendatu izan ziezten irurogeita amar urte katibutasunekoak bete zituztela. asi zitzaion ez-arian esaten, Jainkoaren borondatea zala bere mendean, bai Kaldean eta bai Persian, zeuzkan katibuai beren lurrera itzultzeko eskubidea ematea. Isaiasek berreun urtez lenago aditzera eman zuela nola lanbide andi onetarako Jaunak Ziro erregea esleituko zuen; argatik Kaldea eta Persiako erregetzak eskuan ipiñi ziozkala. Eskari onek Zirori, dudarik gabe, atsekabe latza emango zion, zeren bere mendeko guzietan etzuen katibu oiek baño leialagorik, edozein gauzatarako artetsuagorik eta zer egin gitxiago bere erreinaldian ez ezik, lenagokoetan ere eman zuenik. Ala ere, ezaguturik Jainkoak ala nai zuela, beren tokira itzultzeko baimena eman zien.

        Onen ondoren laster il zan Daniel, ainbat mirari egin zituena, eta ainbat egia erregeai esan, eta zer egin ain ondo erakutsi izan ziena.

 

 

7. Israeltarrak prestatzen dira Israelera itzultzeko

 

        Israeltarrak erregearen baimen au jakin zutenean, asi ziran biderako prestamenak egiten. Beren atzerapen eta eragozbideak bazituzten, bere-bereala irteteko. Bazter aietan egondako irurogeita amar urteetan, bertako egiñak zeuden: beren bizia ateratzeko erak, batzuek nekazaritzan, besteak saldu-erosian, nork bere gisan artuta zeuzkaten, eta guziak zerbait zer galdu-gorde zuten. Baña Jaunaren borondatea ala izanik, eta Jerusalengo Eliza berritzeko eresian, erabaki zuten bideari ekitea. Etzegokien guziak batean abiatzea, ezpada txandaka, gelditzen ziranak irten ziranen gauzai buruzpidea emateko.

        Juda eta Benjamingo tribuetakoak lenbiziko prestatu ziran, Jainkoak onela adierazorik. Buru edo gidaritzat artu zituzten Josue edo Jesus, Aaronen ondorengo edo odolekoa; eta Zorobabel, Josias erregearen seme zarren eta erreinuko naspillakgatik errege izan etzan Joanen billoba edo semearen semea. Beren lekuratzen ziranean, Jerusalengo Eliza berriro bereala egin bear zuten. Onetarako erbestean gelditzen ziranak urre eta zillartza andiak eta beste gauza asko eman ziezteen. Erregeak ere, Nabukodonosor bere lenagokoak Jerusalengo Elizatik Babiloniara eramandako ontzi guziak itzuli ziezten. Ara zenbat: ogeita amar katillu urrezko eta milla zillarrezko; ogeita bederatzi ganibita zillarrezko eskudun; ogeita amar kopa edo edanontzi urrezko eta lareunda amar zillarrezko, eta beste milla ontzi, txiki askoz gañera; guzitara bost milla eta lareun edanontzi edo baso urrezko eta zillarrezko baziran.

 

 

8. Babiloniatik Jerusalenerako irteera

 

        Abenduaren lenengo egunetan irten eta martxoaren atzenekoetan beren lurrera iritsi ziran, Babiloniatik Jerusalenerako irureun leguak lau illabetean egiñik. Bideante oien buru Josue apaiz nagusia eta Zorobabel prinzipea ziran. Berekin ere zituzten Esdras, Nehemias eta ots andiko Mardokeo, Ester erregiñaren osaba, zeñak beren buru zuritu eta zartuakin gizalde andi hura edertzen zuten.

        Judako lurrean oñak ipiñi zituztenean, auzpez jarrita, Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa adoratu zuten eta esker onak eman ziozkaten. Jende guzia bereala zenbatetu edo kontatu zuten, eta berrogeita bederatzi milla seieunda larogeita amabost arkitu zituzten, emazte eta aurrak kopuru onetan sartu gabe, zeñakin eun milla ondotxo baziran.

        Jerusalenen sartuta, zaborrak eta ondakiñak baizik ikusi etzutenean negarrari eman zitzaiozkan; gauza batek biotzak zerbait lasatzen ziezten: noizbait berritzeko usteak. Ofrenda edo eskeñtza andiak eginda itzuli ziran nor bere etxekoakin anziñako beren erri eta bazterretara: baña aspaldian lur aien jabe egiñik bizi ziran arrotzak etzieten eman nai izan, berentzat nai etzutena baizik, eta labakiak joaz eta otadiak okuntzatuaz, luzaro txaolaetan bizi izan ziran, alik eta erriak egin eta etxeak jasotzen asi ziran arteraño.

        Josue apaiz nagusia bere aideakin eta Zorobabel erriko burua Dabiden ondorengoakin Jerusalenen gelditu ziran; estalpeak egin zituzten, ekaitzetatik beren buruak gordetzeko. Elizaren orua garbitzeari bereala ekin zioten, Aldarea egiteko; eta egun gitxiren buruan zerbait moldatu eta asi ziran Jaunari ofrendak eskeñtzen.

        Israeltarrak poz eta atsegin andia zuten erlejioko gauza oiek egiten, zeren, geienak erbestean jaioak ziralako, etzituzten egundaño ikusi, eta zarrak ere atzerrian igaro zituzten irurogeita amar urtean etzuten alakorik egin.

 

 

9. Elizaren berritzea

 

        Bereala Eliza berritzeko langilleak eta gaiak biltzeari ekin zioten, eta urtebeteren buruan guzia zuzendu zuten. Bigarren urteko bigarren illean asi ziran zimenduak ateratzen. Elizari oña ipiñi ziotenean, Israel guzia Jerusalenen batu zan, eta egun asko igaro zituzten Jauna alabatzen. Baña lanari jarraitzeko eragozpenak laster sortu zitzaiezten. Israelkoak Babiloniara joanda, Israel eta Judan jarri ziran arrotzak etzuten Jerusalengo Eliza berritzea ontzat artu, zeren zioten, israeltarrak an jarri ezkero, beren lenagoko lurrak artu naiko zituztela, eta geroenean guziakin jabetuko zirala.

        Ziro israeltarren ongillea bizi izan zan artean, etsai oiek etzuten nai guzia egin osotoro eragozteko; baña Ziro il zanean, onen ondorengoagandik atera zuten aginde bat, Jerusalengo uria paretaz itxitzea bakarrik debekatzen zuena. Langilleak berri onekin Elizako lanari ere utzi zioten, eta Eliza erdi-egiña gelditu zan. Zorobabel eta beste gidariak eragin nai zuten, esanaz, Eliza egiteko debekurik irten etzala, baña bildurtu ziran; eta Elizari utzirik, asi ziran lur-lanetan eta etxeak berentzat egiten.

        Jainkoak lanbide au etzien ondo artu, eta bost urte ondorengoetan etzuten abustu onik izan, eta neke guziak alperrik egin zituzten. Zeruak etzien euririk bialtzen, eta lurrak ere, iñongo obena eta goxoena izanik, etzien elkorrenak baño geiago ematen. Ala ere etzuten gaitz onen sustraia ezagutzen. Andik laster Jainkoak Ajeo profetaren bitartez Zorobabeli esan zion: Erri onek dio Jaunaren etxea egiteko denbora oraindik ez dala. Zer bada? Zuek etxe ederretan bizitzeko denbora noiz-nai da, eta nerea erorita egongo da? Eskua kolkoan ipiñi ezazute eta ikusiko dezute zuen laborerik eza eta beste neke negargarri, aspaldian daramazkizutenak, nere etxea egiteari uztetik datozkizutela. Mendira igo, bada, zurak ekarri eta etxea egin zadazute, eta gogoan artuko dizutet.

        Zorobabelek Jaunaren gaztigu au guziai adierazo zien, eta ezaguturik txit gaizki egin zutela ainbestez lanari uzten, eta geldi-aldi onetako nekeak ondo irabaziak zituztela, Eliza egiteari berriro ekin zioten, bukatu arteraño ez geiago uzteko asmoarekin. Orduan ere etsaiak etziran zabartu eragozteko. Dario Babiloniako erregeari gaztigatu zioten Jerusalenen zer lanbideetan ari ziran: baña Dariok ez debekatu ezik, zorrotz agindu zien aren izenean langilleai bear zuten guzia emateko. Ajeo profetak Zorobabeli berriz ere itzegin eta esan zion Eliza hura lenagokoa baño gogoangarriagoa izango zala. Jende guziaren Opatuak beteko zuela. Ala gertatu zan, bada munduaren Salbatzalle Jainkoaren Semea Eliza onetan egon zan, eta bere bizitzako mirari andiak emen egin zituen.

 

 

10. Jerusalengo Elizaren bukaera

 

        Bost urteren buruan Eliza bukatu zan, eta Israel guzia Jerusalenen bilduta, eliz-gauza edo funzio andiak eta pesta asko egin zituzten, eta geroz Jainko egiazkoa emen onratzen zan.

        Esdras, Zorobabelekin batean Babiloniatik Jerusalenera joan zana, Babiloniara itzuli zan, eta emen geratutako katibu-ondarrak arturik, Jerusalenera biurtu zan. Uri onetara ziranean, eskeñi zituzten Babiloniatik ekarritako ofrenda andiak, eta beren lagunakin poz andian bildu ziran. Esdrasek langai au eginda laster, ezagutu zuen israeltar askok beren odoleko etziran emakume atzeak emaztetzat artu zituztela, eta berri onek naigabe andia eman zion, zeren legeak debekatzen zien arrotzakin ezkontzea: beragatik erriko zar eta buruak bildurik, erabaki zuten, emazte oiek guziak seme-alabakin beren tokira bialtzea, eta israeltar uts-utsak gelditu ziran, iñorekin ere nastu gabe.

        Eliza eta eliz-inguruko lanak egin zituztenean uria ere berritu nai zuten; baña Babiloniako Erregeak, noren mendean oraindik zeuden, debekatuta zeukan, eta onek atsekabe andia ematen zien: ikusten zuten, alabañan, Jerusalengo uri santa zaborraz eta pareta erdi-errez betea, eta Elizan zeuzkaten ondasun andiak, etsaia etorrita, galtzeko bidean; eta artu zuten baimena eskatzeko asmoa.

        Nehemias judarra denbora artan Babiloniako Erregearen etxean zegoan, eta erregearen txit kutuna izanik, eskatu zion emateko, arren, bere errira itzuli eta bere gurasoak zetzaten Jerusalengo uria berritu eta paretaz sendotzeko eskua. Erregeak baimen au ez ezik, eman ere baziozkan biderako kontuartzalleak eta Israelko agintarientzat bere aldeko kartak, esaten ziela Nehemiasi esturasun guzietan laguntzeko.

 

 

11. Jerusalenen iskera

 

        Jerusalenera zanean iru egunean atseden eta uriari ertz guzietara gauaz isillik begiratu zion, eta gogoan artu zuen nola egin. Bearren-bearrenekoa auzoetako etsaiak oartu baño lenago uriko paretak aurreratzea zan: onetarako langilleai lanean asi ziranetik etzien atsedeten utzi, eta arierazo zituen eskurik ere kendu gabe. Etsaiak alegin asko egin zuten eragozteko, baña alperrik; eta berrogeita amabigarren egunean Jerusalen guzia pareta eta murru lodiz inguratua eta ate sendoakin itxia agertu zan. Bitarte onetan langilleak esku batean atxurra eta bestean etsaiari arpegi emateko arma zuten; edo batzuek lanean ari ziran bitartean, besteak kontuan zeuden, etsaia bazetorkien gogor egiteko; benik-bein, Nehemiasen azkartasun eta argiak etsai guziak arriturik utzi zituen, eta argiro igerri zioten Jainkoaren lana zala eta bere esku altsua zebillela.

        Lan andi oiek egindakoan, Israelko eta Judako jende guziak Jerusalenen bildu ziran, egun askoan eliz-gauza edo funzio andiak egin zituzten, Jakoben ondorengo Erri autuari Jainkoak egin izan ziezten mesede miragarrien oroipenean.

        Ogeita seigarren irakurgaiean 300-garren orrian esan zan Jererniasek Jerusalengo Elizatik atera eta lur-zulo batean gordeta zeuzkan gauza santak Neboko mendira eraman zituela, su santua ez beste guziak. Eliza eta uria berrituta gero, arestian aitatu diran eliz-gauzaetan zebiltzan egunetan, Nehemiasek lur-zulo artara suaren billan bialdu zituen, eta neke asko eginda, lur-zuloa topatu zuten, ez ordea sua, ezpada ur arrezko putzua. Nehemiasek ur puska bat erakarri zuen; eta ur onekin aldare gañeko egur eta jauskañi edo biktimak busti zituen. Gero eguzkiak odoipetik irtenda ukitu zieneko, irazeki zitzaien, eta egur eta beste gauzak erre ziran, eta su au gelditu zan lur-zuloan arkitu ezin izan zuten suaren ordez. Jerusalenen batutako Israelko seme guziak, mirari onekin arriturik, Jainkoa alabatu zuten, eta ezagutu ere bai bere Erri autuari bezala begiratzen ziela, eta artu zuten geroz leialak izateko asmoa eta eman zioten bere agindu guziak zintzo gordetzeko itza.

        Gauzak onela prestaturik, Nehemiasek esan zien txit konbeni zala Jerusalen jendez jaztea, eta amarretatik bat emen gelditu eta gañerakoak Israel guzian zabaldu zitezkeala. Nor gelditu zotz egin zuten, eta guziak pozez geratu ziran, bai lenagoko beren lekuak utzirik, Jerusalenen bizi bear ziranak; eta bai nor bere tokira joan ziranak. Uri guzia bedeinkatu zuten, eta nork bere lan eta bizimoduari ekin zion.

 

aurrekoa hurrengoa