www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Lenengo Tabernakuloa

 

        Moisesek baso-mortuan edo eremuan Israeltarrakin batean bere bizitza egiten asi, eta laster Tabernakulo edo eliza txiki bat eragin zuen, nora joan oi zan bere erreguak Jaunari egitera. Tabernakulo onetan ipiñi zituen mana gordeta zeukaten urrezko ontzia eta legeko bi arlosak. Emen bada, Jainkoarekin bere egonak eta itzaldiak egiten zituen, eta jende guzia, nor bere ataritik, begira zegokion, nola sartu eta irteten zan. Israeltarrak urrezko txala adoratzeko lotsagabekeria izan zutenean, arteraño guzien erdian ikuditzen zuten lekutik Jainkoaren aginduz atera, eta beste leku batera eraman zien; zeñaren aldaketa au Israeltarrentzat kastigurik mingarriena izan zan.

        Jainkoarekin bere egon-aldia egin zuen bein batean, Israeltarrai esan zien, Jainkoak mendian agindu ziozkan gauzak egiteko denbora zala, eta gauza oien artean Tabernakulo edo eliza bat zala, izan zezaten, non Jaunari agur-egin edo zor zitzaion adorazioa eman: baña au eta oni zegozkion obrak, Jaunak erakutsi zion neurrietan eta eran egiteko, urre, zillar, eta beste gai asko bear zirala; eta bakoitzak, gogoak agintzen ziona, Jaunaren serbitzo andi artarako eman zezala. Israelko gizon eta emakumeak bereala eskeñi andiak egin zituzten, elkarren leiean emanaz apaindurarik baliotsuenak, urrezko erraztunak, belarrietako zirzilluak, eskuturretako edergarriak, urre eta zillarrezko txarroak, arri begiragarriak, Setingo zur ederrak, eun meak, larru zuri-gorri ikusgarriak, eta onelako beste gauza asko, bat-banaka ezin esan ditezkeanak, alako moduan eta ugari, non, Moises arkitu zan, geiago ez eramateko agindu bearrean. Obra andi oiek bear bezala egiteko, Jainkoak, nor bere lanean, ezin obeto trebatu zituen, eta guzien buru eta maisutzat Beszel eta Oliab autu zituen, naiz urre, zillar eta kobrean, naiz arri, zur, eun eta oialean edozein lan-modu egiteko jakinduri betea ematen ziela. Moisesek bi oien eskuan ipiñi zituen, Israeltarrak ain oparo emandako gai guziak, eta txit ederki egin zituzten Jainkoak agindu ziozkan obra eta lan guziak. Oiek ziran Tabernakuloa, elkartasuneko sinisgaia edo testimonioa gordetzeko kutxa, urrezko kandeleroa, lurrinkaiak edo usanbelarrak erretzeko aldarea, ofrendak ipintzeko maia, eta beste txit kontu andiko gauza asko; zeintzuek Moisesek ikusitakoan, ontzat eman zituen, Jainkoak esan zion era bere-berean egiñak zeudelako.

 

 

2. Bigarren Tabernakuloa

 

        Lenbiziko lana zan Tabernakuloa, zeña nolakoa zan emen esatea, bidezkoa da. Tabernakulo au zan eliza bat, Setingo zur iraunkorrez egiña: zur oiek barrutik eta kanpotik urrez estaliak, eta zillarrezko oñ sendoen gañean ipiñiak zeuden. Luzean amabost kana, zabalean sei, eta goibe edo alturan bost zituen. Tellatua edo estalia amar kortina ederki apainduak egiten zioten; eta tellatu onen gañean zuen larruzko beste estali bat, egualdi gaiztoetan busti gabe gordetzeko. Tabernakuloak bi zati edo gela zituen; lenengoak bederatzi kana, eta bigarren edo barrukoak sei zituen. Oni zeritzan Leku guziz santua. Emen elkartasuneko kutxa eta propiziatorioa zeuden, eta Apaiz-nagusia bakarrik sartzen zan, eta au ere ez urtean bein baizik. Lenengo zatiari zeritzan Leku santua. Emen urrezko kandeleroa, lurrinkaien aldarea, eta ofrendaen maia zeuden; eta apaizak sartzen ziran.

        Tabernakuloa Jainkoak erakutsi bezala egin, eta ondoren bereala Kutxa ere egin zuten. Elkartasuneko kutxa zeritzan au zan Setingo zur irmoakin berebat egiña, eta kanpotik eta barrutik urrezko azalakin estalia. Luzean bost kana-laurden, zabalean iru kana-laurden, eta goibe edo alturan beste iru kana-laurden zituen. Kutxa au egin zan Jainkoaren legeko amar aginte, Jaunak berak eskribatuta zeuzkaten bi arlosak gordetzeko; zeñaren bidez Israeltarrak txit begirune andia zioten. Kutxa onen gañean zegoan Propiziatorioa edo mesede-tokia. Au zan urrezko baldi edo plantxa, kutxa guzia estaltzen zuena; eta baldi onen bi ertzetan zeuden, elkarri begira, bi Kerubin eder, beren egoakin Jaunaren Gloriari egon-leku edo aulki guziz ikusgarria egiten ziotenak. Jainkoak emendik bere aginduak eman eta mesedeak egiten zituen. Kandeleroa zan urrezko abe andi bat, sei besanga berebat urrezkoak zituena. Besanga oietan ipintzen zitzaiozkan sei argi; eta abearen gaildur edo buruan zazpigarren, besteak baño gorago irteten zana. Jainkoak aginduta zeukan, jendeak kontu andia izan zezala, oliorik obena argi-ontzi oietarako eskeñi edo ofrendatzeko. Zazpi argi oiek Apaiz nagusiak irazeki bear zituen, gau guzian Tabernakuloan argi egiteko. Lurrinkaiak erretzeko aldarea zan Setingo zurez egindako mai bat, goibe edo alturan kana bat, luzean kana-erdia, eta zabalean beste kana-erdia zana: guzia urrezko azalez estalia zegoan, eta gañeko ertz guzian urrezko baranda eder bat zeukan. Mai onetan inzensua eta beste urringai gozoak erretzen ziran. Ofrendak ipintzeko maia ere Setingo zurakin egiña zan. Luzean kanabete, zabalean kana-erdia, eta goibean iru kana-laurden zituen. Au ere urrez estalia, eta gañeko ertz guzian urrezko barandarekin apaindua zan. Mai onetan ipintzen ziran Israelko amabi etxe, Tribu edo familiak Jaunari eskeñtzen ziozkaten amabi Ogi Proposiziokoak zeritzatenak. Ogi oiek iriñik obena, olioarekin orratuta, egiten ziran. Maiaren bi aldeetan seina urrezko ontzi estalkidunetan ipintzen ziran. Apaizak baizik ezin iñork jan zitzakean, eta oiek ere leku santuan bakarrik, onela bere santutasuna adierazteko. Kutxak, kandeleroak, aldareak eta maiak alboetan urrezko erraztun bina zituzten, Setingo zurez egindako, eta urrez estalitako abeak sartu, eta bidean ibilli bear ziranean, sorbaldan erabilli zitzaten.

 

 

3. Ataria

 

        Tabernakuloaren inguru guzian zegoan berrogeita amar kana luze, eta ogeita bost zabaleko atari, bost kana altuko irurogei pillarek egiten zutena; pillare oiek zillarrez estaliak, eta bronzezko oñen gañean ipiñiak zeuden; eta pillare-bitarte guzietan sare ederrak zabalduta, oietatik Jauna zegoan lekua ikusteko, eta bere Anditasuna alabatzeko eta bedeinkatzeko. Atari onetan, Tabernakuloaren ate-aurrean, zeuden Garbiketako ontzi andia edo bronzezko itsasoa ere zeritzana, eta sakrifiziorako bear ziran gauza guziak ipintzeko maia. Atariaz kanpotik estalpeak eginda, Israelko amabi Tribuak (gitxienaz iru milloi) beren eran eta lau alboetan egoten ziran, Tabernakuloa erdian zutela, Jainkoa bere Erri autu aren erdian zegoala adierazitzeko bezala. Ikusgarri ederra egiaz, eta begira zegozkion guziak arrituko zituena!

 

 

4. Apaizak

 

        Gauza guziak onela prestatuta, ofrendak eta beste lanak egiteko Eliz-gizonak ere bear ziran. Lanbide onetarako Leviren Tribua edo etxea zeukan Jainkoak autua, eta etxe onetan Aaron eta bere semeak izan ziran apaizatzarako esleituak, Aaron bera Apaiz-nagusi edo Aita santu zutela. Oien janziak ere beren egiteko andiari zegokion erakoak ziran, batezere Aita-santuarenak, zeñak txit kostu andiko eta misteriotsuak ziran. Aita santuak bere egunoroko soñaren gañetik, beste zuri luze osoko edo joskura gabeko bat jazten zuen. Gero beste nabar bat, ertzetan ezkiltxo eta bola txiki elkarri zitxekatenakin apaindua. Onen gañean ipintzen zuen Efod zeritzan, urrez eta kolore askorekin edertutako janzi labur beso gabeko, zati bat bularrera, eta bestea bizkarrera erortzen zitzaiona. Besaburuetan zeramazkien bi bertiste edo esmeralda, urrean sartuak, eta Jakoben amabi semeen izenak, bakoitzean seina, eskribatuta zeuzkatenak. Bularrean zeraman Efodi urrezko bi katerekin erantsita, luze ainbat zabal zan kana laurdeneko baldi eder urrez josia, eta amabi arri baliotsurekin estalia. Arri bakoitzean Israelko amabi Tribuetatik baten izena zeukan, eta guzien erdian itz oiek: Ikasikizuna eta Egia, eta zeritzan Bularrekoa edo Pektorala. Buruan zeraman arizko txapela luze bat, aurre-aldetik bekokira urrezko baldi bat erortzen zitzaiona. Gisa onetan, Aita-santuak bezala, gañerako apaiz eta beste Eliz-gizonak ere beren janzi berezi txit baliotsuak zituzten.

        Moisesek, bada, ikusi zituenean gauza guziak, Jainkoak erakutsi zion bezala egiñak, bedeinkatu zituen; baita Apaiz-nagusi Aaron ere konsagratu zuen, olio santuarekin eta ofrendaetako abereen odolarekin igortziaz. Berebat egin zuen beste Apaiz eta Lebitakin, zeñak asi ziran nor bere lekuan, Jaunari ofrendak eskeñtzen, eta beste eliz-lanak, Moisesek Jainkoari ikasita, erakutsi zien moduan, egiten. Aaron zan, Aita-santu bezala, leku guziz santuan sartu zitekeana. Leku santurako ziran beste apaiz asko aren ondorengoak; eta oiei laguntzeko, atzeragoko lebitak zeritzatenak. Jainkoak berak Moisesi erakutsi zion, nork, eta nola, eta non agur-egin eta adorazioak eman; eta neurri oietatik irtetea txit zorrotzkiro debekatu zion, adierazoaz, etzegokion lanean sartzen zanari, bere esku altsuak laster ukituko ziola.

 

 

5. Nadab eta Abiud illak

 

        Etzan luzaro egon bearrik izan, agindu au egiztatua ikusteko. Tabernakuloan Jainkoa inzensatu bear zanean, agindu zuen, artarako zan aldare gañean egindako su bedeinkatutik inzensu-ontzi edo inzensonarioan ipiñi zedilla. Aaronen bi seme zarren Nadab, eta Abiudek agindu au ezertan artu gabe, beste su bat inzensonarioan ipiñi, eta inzensatzen ari zirala, Tabernakuloan bertan ilda gelditu ziran. Tximista zirudien su bat Jainkoak bialdu, eta bi anaiak illotzik utzi zituen, gorputz eta janzietan ukitu eta imurtxi bat ere egin gabe. Moisesek, bat-batetako kastigu izugarri au ikusita, apaiz guziak kontuan ipiñi zituen, beren lanak, arren, ondo egiteko, beste ainbeste gertatu etzekieken. Gorputz-illak beren janziakin Tabernakulotik kanpora aterazo zituen; eta Aaron eta beste apaizak Tabernakulotik irtetea, eta naigabearen aditzerarik ematea debekatu zien, berak ere il, eta beste guzien gañera Jaunaren aserrea ekarri etzezaten, esanaz, negar egitea aiei etzegokiela, ezpada olioz igortzi gabeko, eta eliz-lanetan etzeuden beste senide eta Israeltarrai.

        Jainkoak Nadab eta Abiuden iltzearekin Eliz-gizonen utsegiteak zein gaizki artzen zituen erakutsi, eta gero egun oietan berebat adierazo zuen blasfematzalle, edo aren Izen santua aotan zerabiltenai zien gorroto eta iguina. Bi Israeltar beren artean aserretu ziran, eta Jaunaren Izen santua batek aotan artu, eta gaizki itzegin zuen. Gaizki-esale au Moisesi eraman zioten, eta itsian sarerazo zien, Jaunak zer nai zuen jakin arteraño. Moises Jainkoari galdez joan zitzaion, eta Jaunak agindu zion, Israeltarren artetik atera, eta arrika il zezatela. Ala egin zuten. Kastigu gogor onekin Jainkoak Israeltarrai erakutsi nai izan zien, zein andia eta miña zan bekatuarekin egiten zitzaion bidegabekeria, batezere mesederik andienak egiten ari zitzaiozkan egunetan; eta gero ere zein bildur izan bear ziran.

 

 

6. Sinako mendi ondotik irteera

 

        Illabete eta geiago zan Tabernakuloa, eta oni zegozkion gauzak konsagratu, Jaunari ofrendak eta sakrifizioak eskeñi, eta Moisesek Jainkoagandik artutako lege eta ikasbideak egiten ari zirala, odeiak adierazo zienean, Sinako mendi gogoangarria utzi, eta lur promesturonz abiatzeko denbora bete zala.

        Egiaz, Ejiptotik irten ziran bigarrren urteko bigarren illaren ogeiean, Sinako mendi-ondoan amaika illabete eginda, gero odeia, itzal egiñaz egon zan Tabernakuloaren gañetik, aldatu zan bidean aurrena joan bear zan Judako Tribu edo etxea zegoan tokira. Aldaketa onekin ezagutu zuten, abiatzeko ordua zala, eta prestatu ziran. Nork bere estalpe, etzauntza eta beste gauzak bildu zituen, Tabernakuloa askatu edo desarmatu zuten: onen zati guziak Jainkoak erakutsita zeukan eran estali zituzten, bidean aberi eta kalterik izan etzezaten. Elkartasuneko kutxa santa, kandeleroa, maia eta aldareak berariaz ipiñitako agaetatik Eliz-gizonak sorbaldan artu, eta abiatu ziran, Moisesek beñere Kutxa santa bere ondotik utzi gabe. Ikusteko ederra, eta menturaz parerik munduan izan ezduena! Bi milloi eta geiago lagun, sei eun eta geiago milla armadunen artean zijoazen. Odeia anbat, jendea ere zijoan. Zar erori eta gazte bizkorrai, gizon sasoi oneko, eta sabelean edo besoan aurrak zituzten emakumeai, mutil guri-azi eta neskatx minberai, eri eta aurtxoai, itz batean, guziai zegokien donario ederrean zijoazen, odeia nora, aiek ara, lekuan-lekuan atsedentxoak, egiten zituztela. Gautu edo illuntzean, odeia lekurik obenean gelditzen zan; onekin aditzera emanaz, berak ere non gelditu bear ziran. Egunaz itzal bezala, gauaz argi egiten zien. Janaz etzuten zer bururik autsi. Goizoro beren inguruan eroriko zitzaien mana gozoa biltzea asko zuten, naierara bazkatzeko. Ura beti sortzen zitzaien. Oñetakoak, soñekoak, oiak, eta beste gauzak kalte eta aberirik bidean etzuten. Guzien kontua Jainkoak zeukan, eta Israeltarrak bidaje miragarri onetan etzuten donario onean bideari jarraitu baizik. Ala ere baziran zenbat alper eta errazkeriari on-iritzita, gitxik nekatzen zituenak, eta lagunetatik aldegin, eta Jaunaren kontra erausiari eman zitzaiozkanak; baña bat-batetan sortutako suak erre eta kiskaldu zituen.

        Ibilli-aldi onen irugarren egunean illunabarrean odeia gelditu zan, ondorengo egunetan an bertan egon bearko ziran siñaleakin. Beragatik Tabernakuloa eta oni zegozkion gauzak ipiñi zituzten, egon-aldi luzeak egiteko oi zuten eran, eta jendeak ere Tabernakuloaren inguruan estalpeak egin, eta gauzak ipiñi zituen.

        Etzan orainago aitatu dan zerutik jatxitako sua oraindik osotoro itzali, berriz ere Jainkoari aserretzeko bideak ematen asi zitzaiozkanean. Israeltarrakin batean Ejiptotik irtendako zenbat arrotz aurrena, eta oien antzeko Israeltar eskergabeko batzuek urrena, asi ziran adierazten, Ejiptotik irtenaz damuturik zeudela: ango aragiak, arraiak, baberrunak, kalabazak, porruak, tipulak, eta baratzuriak gogoratzen zitzaieztela; au esan eta negar egiten zuten. Moisesek bide gabeko negar eta espadasun oiek aditurik, eta zerutik egunoro zetorkien janari gozoa ezertan artu gabe, Ejiptoko ustel zatarren eresia agertzen zutela ikusirik, bere onetik irten zan, esanaz; ezin au nik onean eraman det: jende onekin nik bakarrik ezin dezaket.

 

 

7. Sanedrinen ipiñera

 

        Jainkoa jende onen kontra aserretu, eta Moises errukitu zitzaion, eta esan zion, irurogeita amar gizon elduenak autu zitzala; bere eginkizun andi guzietan laguntzeko; eta emendik dator Jesu-Kristoren egunetan Sanedrin zeritzan batzarra, zeñak, Moises buru zala langai andien guziak erabakitzen zituen. Gero Moisesi esan zion, mana miraritsuari eskerrik ematen etzioten ezkero, biaramonean Ejiptoko aragi-zaleai bialduko ziela gogoak ondo asetzeko, eta aspertzeko adiña aragi. Esan eta egin; biaramonean ego-aize batek itsasoaz beste aldetik gal-eper samalda izugarriak eraman ziezten, eta Israeltarren inguru guzian zabaldurik, or-emen zebiltzan, buruetan alde-aldean ukitzen zietela, aisa atzitzeko eran. Egazti-samalda aiek ikusi zituztenean, nor bere estalpeetatik irten, eta egun artan, arratsaldean, eta biaramonean nai guzia atzitu zuten. Ondorengo illabetean bizi izan ziran, gorde zituzten gal-eperren aragia janaz, Jainkoak Moisesi esan bezala, gogaitu eta goragaletzeraño. Baña oraindik etzitzaien ortzetatik aragi-kutsua kendu, Jainkoak, zeruko janariaren truke Ejiptoko zatarrak eskatzen zituzten esker gaiztoko aiek, eriotza bat-batetakoarekin kastigatu zituenean.

 

 

8. Aaron eta Mariaren espak, edo kejurak

 

        Geraldi onetan illabete egin, eta Haserotera joan ziran. Emen, nonbait orainago ikusi zituzten zigorrada gogorrak gogoan zeuzkatelako, etziran mormorio eta gaizki-esateari lekurik ematera benturatu: baña ala ere Moisesi etzitzaiozkan naigabeak aitu. Aaron eta Maria asi ziran beren anaia Moisesen kontra gaizki itzegiten, Moisesen emazteagandik oña arturik. Emakume au bere senarraren eskualdi andiak, eta Jainkoak egiten ziozkan mesedeak ikusita, bear baño geiago, noski, arrotu zan: eta Maria eta Aaronek ezin eramanaz, esan zioten: Zer bada? Jainkoak Moisesi bakarrik itzegin ote dio? ezdigu guri ere itzegin? Moisesen kontra ere itzegin izango zuten, zeren uste zuten emaztearen arrokeria etzuela bear bezala itzaltzen. Itzketa onetan Maria geiena nabarmenduko zan; beintzat, kastigurik gogorrena berari etorri zitzaion. Moises lurreko gizonik paketsuena eta gozoena izanik, etzuen itzik aterako, baña bere alde Jainkoa irten zitzaion. Iru senideak Jainkoak Tabernakuloronz deitu zituen, odei batean jatxi zitzaien, eta atean edo sarreran jarririk, adierazo zien, Moises, aiek ez bezalakoa, eta bere serbitzarietan leialena zala; argatik arpegiz-arpegi, eta besteri ez bezala itzegiten ziola. Zergatik, bada, esan zien, zergatik etzerate ikaratu nere serbitzari Moisesen kontra itzegiten? Au esan, eta aserre bizian aldegin zien. Odeia ere ezkutatu zan, eta Maria legenez edo lepraz josia arkitu zan.

        Aaronek bere arreba ain nazkagarri ikusi zuenean, Moisesi korrika joan zitzaion, egin zioten txarkeriaren barkazio-eske, eta esatera, arren, Jainkoarekikoa egin zezala, lenbaitlen arreba sendatzeko; bada, denbora gitxian gorputzaren erdia gaitzak jan ziola. Moisesek bere arrebagatik Jaunari erregutu zion; baña Jainkoak gaitzari geiago jateko indarra kendu bazion ere, etzion orduan bereala legenarra osotoro garbitu nai izan; eta jende artetik bazter batera bota zuten, besteak kutsutu etzitzan, eta lotsa gaizto onetan zazpi egunez egon bear izan zan. Kastigu izugarri, guziak zekusten onek, Mariaren arrokeria beeratu zuen; Aaroni begiak betiko argitu ziozkan, eta gañerakoak kontuan ipiñi zituen, asko balio izan ezbazuen ere gaitz-ikuste guzien azkor aientzat. Aaron eta Mariak etzuten geroztik itz bat ere anaia Moisesen kontra esan, eta bear zan begirunearekin beti begiratu izan zioten. Mariak zazpi egun egin zituen legenarrez josia, eta beragatik baztertua. Bitartean Israeltarrak iñora gabe geldi egon ziran; eta egun oien buruan garbitu zanean, beretara artu zuten, eta odeiak adierazo zien, abiatzeko garaia zala.

        Zein kaltegarria dan iñoren ona ezin eramana! Bi senide oiek zekusten Moises beren anaia Jainkoak mesedez betea; onore au aiei ere iristen zitzaien; baña anaiaren nagusitasuna ezin eramanik, erausiari eman zitzaiozkan, Jainkoari aserrerazo eta kastigu lotsagarri hura bialtzera ipintzeraño. Eta Moisesek txarkeria au gogoan artu zien? Zein gitxi! Aientzat barkazio Jaunari berak eskatu zion, erakusten digula besteren bidegabekeriak nola artu bear ditugun.

 

 

9. Kanaango berri-ekartzalleak

 

        Laugarren illaren bigarren egunean, odeiari zerraizkiola,Haserotik irten, eta arratsalde berean Kanaango mugako Retma zeritzan lekura joan ziran. Lur promestu artan sartzeko atzeneko prestamenak Jainkoak emen artu nai izan zituen; baña Israeltar azkorrak Jaunaren itzak eta laguntza ezer gitxian zeuzkaten, eta ango berriak lendanaz artu bear zirala, esan zuten. Eskaera au Jainkoari etzitzaion ondo erori; aserretu zan: ala ere Moisesi agindu zion; amabi gizon zarren, amabi Tribu edo etxeetatik bana, Kanaango lurrera bialdu zitzala, ango berriak ekartzera. Moisesek ala egin zuen; amabiak, bada, bialdu zituen, agindurik, ondo begira zezatela, zer lur, eta zer gizon-modu ziran an bizi ziranak; zer erri eta nola itsiak zeuden; lurra aberatsa eta ugaria ote zan. Oiek eta onelako beste enkargu asko emanik, atzenean esan zien, ango zenbait jan-gauza ekarri zitzatela. Mandatari oiek esana zintzoro egin zuten. Kanaan guzia naierara ikusi zuten: opa ziran berri guziak artu zituzten. Lanbide onetarako, beren aurrekoak lur artan bizi izan ziranean, ango itzkuntza ikasia eta semeai zerbait erakutsia, txit ondo etorri zitzaien; eta beren kontura artutako lana ustez egin zutenean, beretaronz itzuli ziran, berekin arturik piku andiak, mingrana edo granada ederrak, eta beste gauza asko: eta guzien azkarria zan mats-mordo izugarri bat, zeña agatzar batean ipiñita, bi gizonen artean eraman zuten.

        Lanbide onetan berrogei egun egin zituzten; eta beren tokira itzuli ziranean, Moises, Aaron eta Israeltar guziai erakutsi ziezteen, zekarzkiten mats-mordo eta beste gauzak, ziotela, ea zer izango zan alako garauak eta frutak ematen zituen lurra? Moises guziak baño geiago ikusgarri aiekin arritu zan; baña denbora berean atsekabe andia izan zuen, bi ez, besteak esan ziotenean, zorionekoak zirala, an sartu ezkero; ordea ezin zitekean asmoa zala, erri asko zeudelako irmo eta sendo itsiak; eta gizon txit indartsuak gordetzen zituztenak. An ikusi ditugu, zioten, Enaken jatorriko gizon portitz izugarriak, zeintzuen parean euliak giñirudien, eta begiratze utsak biotzik sendoenak ikaratzen zituen. Ate eta sarrera guziak itsiak daude, eta iñondik ere ezin dezakegu biderik idiki. Berri oiek artutakoan, Israeltarrak asi ziran beti bezala gaizki-esaka, eta asaldatzen. Orduan Kaleb eta Josue beste amarrekin Kanaanen izan ziranak, esan oiek gezurtatu nai izan zituzten, ziotela, alakorik etzala; bide gabeko itzketa eta ikaratu-naiak zirala; ara joatea erabaki zezatela, eta jabe egingo zirala; eta ogi-zerra bat jan bezain erraz eta aisa guzia menderatuko zutela: bada, Jainkoa beren alde izan ezkero, iñoren bear etzirala. Bi oien esan-alak ezer etziran, beste amarrai arpegi emateko, zeintzuek deadar egiten zuten, ikusia ikusirik, lur artzaz jabetzea ezin zezaketen lana zala.

        Atzenean Israeltarren artean mormorio andi bat sortu zan; negarrari eman zitzaiozkan, Moises eta Aaroni esanaz, obe zutela Ejipton il baziran, edo beren ezurrak baso-mortuan utzi, ezen, ez lur artara joanda, berak ganibitaen aoan il, eta emazte eta humeak katibu gelditu. Elkarri esan ere bazioten: Buru berri bat artu dezagun, eta Ejiptora goazen. Moises eta Aaronek au entzun zutenean, Israelko guzien aurrean auzpeztu ziran, eta Kaleb eta Josuek jende asaldatu hura gozatu eta paketzeko, lengo al-egiñak berritu zituzten; baña alperrik. Berriro deadarrari eman, eta arrika erasotzeko asmoak artu zituzten. Onetan zebiltzala, Jaunaren Gloria Tabernakuloaren gañean agertu zan. Itzal egiñaz oi zegoan odeia sutu zan, adierazten zuela Jainkoaren aserre santua esker gaiztoko aien kontra, eta oso ondatu nai zituelako antza. Israeltarren griña zan, gaiztakeriaren bat eginda, Jainkoak ez-ikusi egiten zienean, lotsagebetuagotzekoa, eta bere eskuak zerbait ukitzen zienean buruak makurtzekoa. Orain ere griña oni zerraizkiola, ikusi zutenean odei sutu txingarrak zeriozkana, orduko aien otsak, kea bezala, desegin ziran, eta nor bere tokira ezkutatu zan.

 

aurrekoa hurrengoa