www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Ejiptoko katibutasunetik Israeltarren irteera

 

        Munduaren bi milla lareun eta ogeita emezortzigarren urtean, Jakob Ejiptora joan zanetik berreunda amabostgarrenean bere ondorengo guziak, larogeita amar urteko morrontza gogorra egin ondoan, Ramesesko erritik irten ziran, Jainkoak promestu edo eskeñitako lurrera joateko. Sei eun milla bezalatsu ziran ogei urtez goitiko gizon sasoikoak, zarrak sartu gabe. Oiek, ogeiez beekoak, emakumeak, eta batu zitzaiezten bertako banaka batzuek egiten zuten iru milloiko kopurua edo zenbatea. Biaramonean egun-sentian, Ijitoak beren illak lurpetzen ari ziran bitartean, Ejiptoko katibutasun gogorretik Israelko jendetza andi au Jainkoak atera zuen. Bidean abiatu ziran abereak aurrena, ogei urtez goitiko gizon armadunak urrena, eta atzenean gañerakoak. Jose zanaren ezurrak etzitzaiozkan Moisesi aztu, eriotzako orduan agindu zuen bezala. Lenengo egunean Sokotera, eta bigarrenean Etamera joan ziran. Jainkoak erakusten zien, nondik joan. Abiatu ziran ordutik, aurrean jarri zitzaien odei andi, egunaz itzal, eta gauaz argi egiten zien bat; eta odei au etzitzaien begietatik kendu, alik eta Kanaango lur eskeñian jarri ziran arteraño. Etamdik Firairotera joan, eta emen gelditu ziran. Faraoni esan ziotenean, Israeltarrak irten zirala, eta non zeuden, utziaz damutu, eta Erreinuko gerrari guziak arturik, Israeltarreronz joan zan, eta itsas-gorriaren ertzean topatu zituen. Israeltarrak biderik asko bazuten, Jainkoa beren alde zutela, eta lagunduko ziela ezagutzeko: baña alde batetik itsasoa eta bestetik basomortua zituztela arkitu ziranean, erausiari eman zitzaiozkan, eta Moisesi esan zioten; Ejipton ez ote zan gure diña lurpe, onara erio-billan ekarri gabe? Moisesek zekusan, uste gitxiko gizon aiek zein gaizki mintzatzen ziran; ala ere bildurrak erasaten ziela pensatu, eta erantzun zien: ez ikaratu; orain aurrean dauzkazutenak ez dituzute berriz ikusiko; Jainkoak zuekgatik egingo du, eta isillik zaudete. Agindu zien, bideari ekiteko; eta orduan, aurretik zebilkien odeia, atzetik bien erdian jarri zan, eta estali zituen, Faraon, eta bere jendeak ezin ikusi zitzaketen eran.

 

 

2. Itxaso gorria

 

        Ur-ertzera ziranean, Moisesek, zigorra jaso, eta ura jotzearekin bi aldeetara edo gora-beera erdiratu ziran, eta itxasoaren erdian bide leorra agertu zan. Bost orduko bidets berri au Israeltarrak gauaz igaro, eta goizeko iruretarako beste aldera iritsi ziran. Orduan Ejipto-aldeko itsas-bazterretik odeia kendu zanean, Faraon oartu zan, Israeltarrak igesi joan zitzaiozkala. Bereala orpoz-orpo zerraizkiela, itsasoaren erdian idikitako bidean sartu ziran. Faraon eta bereen kontra Jainkoaren esku itzaltsua emen agertu zan, bai. Israeltarren aldetik zegoan odeia bat-batetan lertu, eta bota zituen oñazkar eta iñusturi izugarriak Ijitoai zeramaten guzia ondatu, erre, eta kiskaldu zieten. Esturasun onetan deadar egiten zuten: Israeldik otsemazute; bada, Jainkoa onen alde eta gure kontra degu. Alperrik ordea. Moisesek eskua itsasora luzatu, eta urezko mendi goien eta bean gelditu ziranak amildu, eta Ijito guziak ondatu, eta ito ziran. Faraon, bere Gortekoak, serbitzariak, gerrariak, zeramazkiten gurdiak, zaldiak, osotoro guzi-guzia itsasoan galdu zan, gizon bat bakarrik ere bere erritarrai, zer igaro zan berria eramateko gelditu gabe. Israeltarrak itsasora begira jarri ziranean, ikusi zituzten Faraon eta bere lagunen gorputz-illak itsasoak ur-bazterrera botatuak, eta ezin esan-al gauza on kendu ziezteen. Jarri ziran Jaunari eskerrak ematen, Moises gizonakin, eta bere arreba Maria emakumeakin, kanzio gozo eder Jaunari kantatu dizaiogun asitzen dana aldizka kantatuaz.

 

 

3. Baso-mortuko sarrera

 

        Biaramonean odeia aurrean jarri zitzaien, eta itsas-bazter gogoangarria utzirik, bideari eman zitzaiozkan; eta iru egunean ur gabe ibilli, eta Maran arkitu zuten; baña txit samiña eta edaten gaitza. Israeltarrak beren begiakin ikusitako mirariak aztuta, asi ziran Moisesgatik gaizki-esaka, eta urik etzeukatelako asaldatzen, ziotela: Zer edan bear degu? Moisesek zeruronz eskuak jaso, eta ikusi zuen egur bat, zeña urera bota, eta urak gezagozotu ziran eta Israeltarrak nai anbat edan zuten. Maratik irten, eta baso-mortu edo eremuan batera eta bestera ibilli ziran, atseden-aldiak or-emen egiten zituztela. Ejiptotik irten zirala illabete zan, eta an artutako janak aitu zitzaieztenean, Moises eta Aaronen kontra erausian asi ziran, esanaz: Oxalla Ejiptoko aragi-eltzeen ondoan geundenean, eta naiko ogia jaten genduenean il bagina! Zertako eremu onetara ekarri ginduzuten? Moises, eta Aaronek erantzun zieten ea zergatik erausi artan ziarduten? Bada, itz aiek guziak ez aien, ezpada Jaunaren kontra zirala. Orduan Jainkoak odei eder batetik Moisesi esan zion, arratsaldean nai anbat aragi, eta biaramonean ogi, Israelko semeak izango zutela.

 

 

4. Mana

 

        Esan eta egin; arratsaldean agertu zan gal-eper samalda txit andi, Israeltarrak zeuden tokia estali zuena; eta oiek erraz atsituta, naiera guzian jan zituzten. Biaramonean-goiz odeietatik erori zan intzaren antzeko gauza bat, Mana deitu ziotena. Au ikusi zutenean, arriturik, elkarri galdetzen zioten: au zer da? Moisesek esan zien: au Jainkoak bialdu dizuten ogia da. Bereala Moisesek agindu, eta mana onetatik buru edo persona bakoitzarentzat lakari bana bildu zuten. Geroztik mana au larunbata edo zapatua ez beste egun guzietan erortzen zitzaien; egunean egunkoa bildu bear zuten, eta ostiraletan bi eguneakoa, zeren larunbata ez-eguna zan; egunekoa baño geiago biltzen bazan, usteltzen zitzaien: eta goizean-goiz bildu bear zan, eguzkiak jo ezkero urtutzen zalako. Janari gozo onekin Israeltarrak, eremuan igarotako berrogei urteetan, bazkatzen ziran: etzuten iñoiz ere onen uts-unerik izan, alik eta lur promestuko gauzak jaten asi ziran arteraño. Jainkoak Israeltarrai eremuan bialdu zien zeruko janari onen oroipena ondorengoak egin zezaten, Jainkoak agindu, eta Moisesek lakari bat mana urrezko ontzi batean sartu eta gorde zuen, geroago egindako Tabernakuloan ipintzeko.

 

 

5. Horebko arkaitza

 

        Aurretik zeukaten odeiak esaten zien, non gelditu edo nora joan. Egun batzuek egon-aldi onetan egin, eta Sinaiko eremuronz odeia abiatu zitzaien, eta Israeltarrak ere bai oni zerraizkiola: eta Horebko mendi-ondoan zegoan erri Rafidin zeritzanera ziranean, gelditu ziran. Bañan Rafidinen urik etzeukatelako, Israeltarrak bereala Moisesi asi zitzaiozkan gaizki-esaka, eta mormorioz, ziotela: Zergatik Ejiptotik atera gaituzu, emen egarriak iltzeko? Israeltarrak eskergabekeriaz betetzen zutenean, Moises Jainkoari jartzen zitzaion, zer egingo zuen galdez, edo aien itsumenaren barkazio-eske. Oraingoan ere ala egin zuen: eta Jainkoak zer egin erakutsirik, Israelko zarrakin Horebko mendira igo zan; eskuko makillarekin arkaitza jo zuen, eta sortu zan iturri ugari gozo, orduko egarria kendu, ez ezik, geroztik ibilli guzietan, ura ugari zan lekura joan ziran arteraño, berari zerraikiona.

 

 

6. Amalektarren gerra

 

        Rafidinen zeudela, Amalektarrak etorri zitzaiezten, Israeltarrai gerra ematera. Moisesek, Josue bere serbitzari nagusienetakoari agindu zion, gizonik bulardetsuenak berekin artu, eta Amalektarrai gogor egiteko; eta garaipena iristeko bear zan guzia berak egingo zuela. Moisesen esana Josuek egin zuen, eta joan zan, arpegi ematera. Orduan Moises, berekin Aaron eta Hur arturik, igo zan mendi-tontor batera, nondik bi aldeetako gerrariak ageri ziran. Erasoa asi zanean, Moisesek, makilla eskuetan zuela, zeruronz jaso zituen laguntza eta garaipen-eske, eta ikusi zuen, eskuak gora zeuzkan bitartean, Israel geiago zala, eta beeratzen zituenean, Amalek. Onela bein batek eta bein besteak garaitzen zuen, eta geroago eta gogorrago ari ziran. Moisesek eskuak goronz iduki nai, baña nekatzen zitzaiozkanean, beeratzen zituen. Aaron eta Hurek au ezaguturik, arri batean esererazo zuten, eta biak beso banaetatik elduta, gisa onetan eskuak goronz zituela, eguzkia sartu artean iduki zuten, eta Israelek osotoro garaitu zuen. Jainkoak Moisesi agindu zion, gertaera au eskribatu zezala, Josueri esateko. Gero aldare bat egin, eta Jaunari eskerrak eman ziozkan.

        Ikuskera atsegiñezko bat Moisesek emen izan zuen. Jetro aitagiarrabak aditurik bere suia zer egitekoetan zebillen; Jainkoak zer eta zenbat mirari onen bitartez egiten zituen; bere alaba Sefora eta onen bi semeakin joan zitzaion Moisesi, zeñak bere emazte maitea eta semeak ikustearekin txit poz andia izan zuen: eta Israel guziak ere parte izan zezan, zar guziai bazkari andi bat eman zien. Jetrok eta Moisesek atzena ikusi ziran ezkeroko berriak elkarri eman ziozkaten. Geroenean Jetrok ondo-esan, edo konseju onak eman, eta etxera itzuli zan, eta Sefora eta bi semeak Moisesekin gelditu ziran.

 

 

7. Sinaiko mendia

 

        Ejiptotik irten ziranetik irugarren illeko iruan Rafidin utzi, eta odeia betiko beren gidari zutela, Sinaiko mortuan sartu ziran, eta beren etzauntzak emen egin zituzten. Mendi au zan, Jainkoak miraririk andienak egiteko autua zeukana. Moises bereala bakartu zan, Jaunari erregutzera: eta onetan zegoala, Jainkoak agindu zion, Israelko semeai gogoraerazotzeko, zer mirariakin Faraonen mendetik atera zituen; zer mesedeak geroztik ere egin ziezten, eta esateko, baldin aren aginduak gordetzen bazituzten, munduko guzien artean Jaunaren erri esleitua eta autua izango zirala. Moisesek jendeari adierazo ziozkan Jainkoak esandako gauza guziak, eta erantzun zuten, guzia egingo zutela. Oien prestamen au ikusirik, Jainkoak Moisesi, eta Moisesek Israeltarrai agindu zien, egun artan eta biaramonean janziak garbitu zitzatela; zeren irugarren egunean ikusi bear zuten Jainkoa mendi artara jaisten: ordea, esan zien, etzutela mendira zer igo, eta ez bere mugai ukitu ere; bada, iñor mugan sartzen bazan, naiz gizona, naiz aberea, ilda geratuko zala.

        Irugarren egunean goizean-goiz mendia odei illun batek artu zuen, eta asi ziran tximistak irteten, eta turmoia jotzen. Berebat aditzen zan tronpeta-soñu zorrotz bat, jendea mendironz alderatzeko, ziona: baña Israeltarrak izu-ikaraturik, etzuten zeuden lekutik oñik aldatzeko biotzik izan, alik eta Moisesek mendi-ondoko zelaiera eraman zituen arteraño. Mendiari su eta kea zeriozkan; begiratze utsak ikaratzen zuen; eta turmoi eta tronpeta-soñua bat-batean isildu zan. Orduan Jainkoa mendi-gañetik asi zan itzegiten, jende guziak aditzen ziola; eta bere legeko amar aginte santuak bat-banaka esan zituen. Ara nola. Ni naiz zure Jaun Jainko Ejiptoko neke-petik atera zindudana. Ez dezu iñola-ere nere aurrean ni beste Jainkorik idukiko eta adoratuko. Ni naiz zure Jaun Jainko altsua, eta nere gloriaren Kontu-artzallea. Ez dezu zure Jaun Jainkoaren izena aotan artuko, zeren Jaunak ez duen onelakoa kastigu gabe utziko. Larunbat eguna santutu ezazu. Sei egunean lan guziak egingo dituzu: zazpigarrena zure Jaun Jainkoaren eguna da. Egun onetan ez dezute ez zuk, ez zure semeak, ez zure alabak, ez zure morroiak, ez zure neskameak, ez zure abereak, eta zure etxean bizi dan arrotzak lanik egingo. Zure ait-amak onra itzatzu, zure Jaun Jainkoak emango dizun lurrean luzaro bizi izan zaitezen. Ez dezu iñor ilko. Ez dezu aragizko bekaturik egingo. Ez dezu ostuko. Ez dezu zure lagun urkoagatik gezurrezko asmazio edo testimoniorik esango. Ez dezu zure lagun urkoaren etxea, ez emaztea, ez morroia, ez neskamea, ez idia, ez astoa, eta ez beste bere gauzarik gutiziatuko.

        Jainkoa itzaldi onen ondoren isildu zan; eta tximistak, turmoiak, eta tronpeta-soñua, len bezala, berriro asi ziran. Mendia oraindik odeitua zegoan, eta garra eta kea zeriozkan. Jendeak, an egoteko biotz gabe, mendi ondotik aldegin zuen, Moisesi esanaz: zuk itzegin zaguzu, eta guk adituko dizugu. Au zioten, ain itzaltsu agertzen zan Jainkoarekin itzegiteak izutzen zituelako. Moisesek erantzun zien, etzutela zer ikaratu: Jauntasun andi arekin Jainkoa agertu nai izan zala, aien biotzetan bildur santua sartu, eta geiago okerrik egin etzezaten. Jendea urrutian gelditu, eta Moises sartu zan, Jainkoarekin itzegitera. Itzaldi onetan Jainkoak erakutsi ziozkan bere Erri autua nola eraendu, eta gañerako eginkizunak. Gero Moises jendeagana jatxi, eta Jainkoak erakutsi guzia esan zien. Jainkoak emandako lege eta ikasikizun guziak eskribatu zituen. Bereala mendi-ondoan aldare bat egin eta Jaunari ofrendak eskeñi ziozkan. Eskribatu zuen liburua irakorri zien; eta eman zioten, osotoro Jaunaren legea gordetzeko itza, laster autsi bazuten ere, ondoren ikusiko dan bezala.

 

 

8. Jaunaren gloria, eta bere legearen arlosak

 

        Israeltarrak nor bere lekura itzuli ziran, eta Moises prestatu zan, berriz ere mendira igotzeko. Biaramonean bere serbitzari Josue arturik, mendironz abiatu zan: eta onen aldats batera ziranean, Jaunaren gloria mendi-gañean agertu zan. Ara nola. Mendia estaltzen zuen odei-tartetik altxatzen zan su eta gar-antz eder bat, Israeltar guziak beren lekutik ikusten zutena. Sei egunean Jaunaren gloriak mendian iraun zuen: bitartean Moises eta Josue bidean egon ziran, ez igo eta ez beeratu gabe: zazpigarrenean Jainkoak deitu, eta Moises igo zan, Josue aldatsean utzita, Jainkoarekin itzegitera; eta berrogei egun eta berrogei gauean an egon zan ,ezer jan eta ez edan gabe.

        Itzaldi onetan Jainkoak Moisesi erakutsi zion, non, nola eta nork ofrendak eskeñi, eta beste eliz-gauzak egin bear ziozkan. Erakutsi zion eliza edo Tabernakuloa zer eratan egin bear zuen: atzenean eman ziozkan, bi arlosatan ezarrita, tximista eta iñusturi artean lenagoko egun batean ain anditasun arrigarriarekin Israeltarrai itzez esandako bere amar aginteak. Baña Israeltarren eskergaiztokoak eta artutako mesedeen azkorrak!

 

 

9. Urrezko txala

 

        Moisesen mendiko egoerari luze iritzirik, aren anaia Aaronen kontra jaiki ziran, eta Jainko berriak eskatu ziozkaten, nori jarraitu izan zezaten, Moisesek zer egin zuen etziekitelako aitzakiarekin Aaronek etzuen eskaera oni gogor egiteko adiña kopeta izan, bere bizia galtzeko bidean jarrita ere egin bear zuen bezala. Arpegiz-arpegi ukatzeko biotz gabe, eta aiekikoa nola-ere-bait egin naiez, emango etziotelako ustean, emazte eta alabaen urrezko zirzillu edo belarrietakoak eskatu ziezten, oiekin Jainko bat egiteko; baña berak nai baño oparoagoak arkitu zituen. Eskatzen zituenak bertatik eman ziozkaten: eta oiek artu eta urrezko txal bat egin zuen; zeña Israeltarrak Jainkotzat ezagutu eta adoratu zuten. Biaramonean Jainko oni ofrendak eskeñi, onen alabantzan jan-edan andiak artu, eta bere inguruan dantza eta jostaketa asko egin zituzten.

        Israeltarrak onetan zebiltzan unean, Jainkoak Moisesi adierazo zion, zer egin zuten. Moises, berri onekin biotza illundurik, menditik jatxi zan, legearen bi arlosak eskuan zituela. Mendi-aldatsean berrogei egunean itxedon zion Josuerekin batu zan; eta biak beeratu ziranean, Israeltarren pesta-ots eta dantza-soñuak aditu zituzten. Moisesek ikusi zituenean, bakarrik Jainko egiazkoari zor zaiozkan agur eta adorazioak, urrezko txal edo txekor bati ematen, berez gizonik mansoena eta paketsuena bazan ere, ezin eraman izan zuen, eta aserre santu batekin biotza irazekita, berekin zekarzkien Jaunaren legea eskribatuta zeukaten bi arlosak lurrera bota zituen, eta puskatu ziran, naiago zuela au egin, esker gaiztoko jende ari eman baño. Bereala txalagana joan, ipiñita zeukaten pillaretik artu, eta austu arteraño sutan iduki zuen. Gero autsak urera bota, eta Jainkotzat adoratu zutenai ura bere autsakin edanerazo zien. Onen ondoren bereala aien artetik irten, eta zerbait aldegin zuenean, otsegin zien: baldin Jainkoarekin or iñor bada, betorkit. Dei onetara joan zitzaiozkan Leviren seme, txalari emandako adorazioan kutsutu nai izan etziran guziak. Oiei Jainkoaren izenean agindu zien, ezpata bana eskuan arturik, besteak zeuden tokian sartu, eta joan-etorri bat egin zezatela, ezker-eskuira topatzen zuten guzia illaz. Egun onetan ogeita iru milla idolozale il ziran. Jainkoak are geiago kastigatu nai izan zituen; baña Moisesen erreguak guziak ondatzetik aren esku altsua atzeratu zuen.

        Lanbide negargarri onen ondoren bete bear zan, Moisesek zekarzkien legeko arlosak autsitzearekin utzi zuen utsunea. Jainkoak agindu zion, bada, berriz ere mendira igotzeko prestatu zedilla. Lenagokoen antzeko bi arlosa egin zituen, eta Sinaiko mendira gauaz iñor gabe igo zan. Jainkoa odei batean jatxi zitzaion, makurturik adoratu zuen, eta asi ziran itzegiten. Berrogei egun eta berrogei gau oraingo aldian ere igaro zituen, ezer jan eta ez edan gabe. Jainkoak aldi onetan ondorerako eginbide eta gauza asko erakutsi, eta bere legeko amar aginteak ere bi arlosaetan bere eskuz eskribatuak eman ziozkan. Moises, berrogei egun oiek igarota, menditik jatxi zan, bi arlosak berekin zituela; baña Aaron eta beste Israeltarrak ikusi zutenean, eguzkiak bezala argi egiten zuen arpegiarekin, etzuten urreratzeko kemen eta indarrik izan, eta atzeronz abiatu ziran. Moisesek etziekien atzeratze au zertatik zetorren; etziekien bere arpegia eguzki bat egin zanik; eta otsegin zien zijoazkiela. Dei onetara Sinagogako nagusiarekin batean Aaron joan zitzaion, eta oiei itzegin zienean, besteak ere alderatu zitzaiozkan ,eta adierazo zien, Jainkoak mendian zer erakusi zion. Au egin, eta oial batekin arpegia estali zuen, eta oial au etzuen geroztik, Jainkoarekin itzegiteko baizik kentzen.

 

aurrekoa hurrengoa