www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITABATGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Israelko erreinuaren erdiratzea

 

        Salomon ilda bereala, Juda eta Benjamingo tribuak Roboan Salomonen seme zarrena erregetzat ezagutu zuten; eta Israel guziak ere ezagutu zezan, Sikemera joan zan. Uri onetan lanbide onetarako jendetza andia bildu zan, baita Jeroboan ere Egiptoko bere gorde-lekutik. Roboan, errege zanaren semea Jeroboanek eta beste israeltarrak ikusi zutenean, itzegin zioten onela: Zure aitak uztarri txit astuna ezarri zigun; orain, bada, arindu zaguzu eta serbituko zaitugu. Roboanek erantzun zien: Orain zoazte, eta emendik iru egunera atozte.

        Jendeak aldegin zuenean, Roboanek aitaren ondoan egon oi ziran gizon zar elduai iritzia eskatu zien. Zer deritzazute jende oni esan bear diodala? Zarrak esan zioten: Gaur jende orri gozotoro aditzen badiozu, eta eskatzen duena egin, bein betiko eskuratuko dezu. Zarren iritzi au Roboani etzitzaion ondo erori, eta berekin azitako lagun gazte batzuei galdetu zien zer egingo zuen. Gazte oiek, ezer ikusi gabeko eta munduko berri etziekitenak bezala, esan zioten: Jende orri au erantzungo diozu: Nere beatzik txikiena nere aitaren gerruntza baño lodiago da. Nere aitak uztarri astuna ipiñi zizuten, eta nik astunagoa emango dizutet. Nere aitak zigorrakin zeatu zinduzten, baña nik ubal burnizko orz-dunakin zeatuko zaituztet. Jeroboan eta besteak irugarren egunean joan zitzaiozkan, eta Roboanek erantzun zien bere lagun gazteak erakutsia. Ikusirik Roboanek etzuela eskatzen zitzaionik egin nai, asi ziran esaten: Guk Dabidekin zer egiteko degu? israeltarrak, zeron etzauntzaetara itzuli zaitezte, eta zuk Dabid zere etxean nai dezuna egizu. Israeltarrak joan ziran, eta erregetzat Jeroboan artu zuten. Orduan Roboanek bere serbitzari andientsu bat bialdu zien itzegitera; baña etzioten ezer esateko lekurik eman, eta arrika il zuten. Roboanek berri txar au jakin zuenean, igesari eman zion eta Jerusalenen sartu zan. Eta egun au ezkero, Jainkoak Abrahami eskeñitako lur eta bazter autua bi eskuetan jarri zan. Amar triburekin Israelko erreinua egin zan, eta beste biakin Judakoa. Jeroboan Israelko Errege gelditu zan, eta Roboan Judako.

        Orain aurrera bear dan argiarekin ekiteko, on deritzat errege bakoitzaren gañean banaka itzegitea: lenengo Israelko eta gero Judakoakgatik. Eta emen guziak erabat ezarriko ditut, Salomongandik asita Babiloniako katibutasunerañokoak.

 

SALOMON

                Israelko Erregeak

                1. Jeroboan lenengoa.

                2. Nadab.

                3. Basaa.

                4. Ela.

                5. Zanbri.

                6. Tebni.

                7. Amri.

                8. Akab.

                9. Okozias.

                10. Joran.

                11. Jehu.

                12. Joakaz.

                13. Joas.

                14. Jeroboan bigarrena.

                15. Zakarias.

                16. Selum.

                17. Manaen.

                18. Fazeia.

                19. Fazee.

                20. Oseas, Israelko atzeneko erregea.

 

                Judako Erregeak

                1. Roboan.

                2. Abia.

                3. Asa.

                4. Josafat.

                5. Joran.

                6. Okozias.

                7. Atalia.

                8. Joas.

                9. Amasias.

                10. Ozias.

                11. Joatan.

                12. Akaz.

                13. Ezekias.

                14. Manases.

                15. Amon.

                16. Josias.

                17. Joakaz.

                18. Joakin.

                19. Jekonias.

                20. Sedezias, Judako atzeneko erregea.

 

 

2. Jeroboan, Israelko Errege lenengoa

 

        Roboan Jerusalenera igesi joanda, Jeroboanek bere burua Israelko Errege egiña ikusi zuenean, esan zien Ahias profetarekin zer gertatu zitzaion, eta guziak ezagutu zuten langai artan Jaunaren eskua zebillela, eta ordutik Jeroboanek bere erregetza sendotu zuen.

        Roboan bereala asi zan Judako eta Benjamingo jende guzia biltzen, eta eunda larogei milla gizon armadun baturik, Jeroboangana joan nai izan zan eta Israel guzia bere mendera ekarri; baña Jainkoak aginduta, Semeias profetak esan zion: Jaunak ara zer dion: israeltar zure anaiai ez eraso: nor bere etxera itzuli bedi, zeren lanbide au nik egin dedan. Erregeak eta soldaduak Jaunaren esana aditu zuten, eta etxeetara biurtu ziran.

        Jeroboan Israelko lenengo errege onek, ezer utsetik erregetzara igotzearekin ain mesede andia egin zion Jainkoari esker onak eman bearrean, bide gaiztoai laster ekin zien; eta Jaunaren aserrea beretu zuen. Israeltarrak urtean zenbat aldiz Jerusalenera joan oi ziran, Jaunari Elizan ofrendak egitera. Jeroboani buruan jarri zitzaion, baldin bere mendekoak, len-lenago bezala, Jerusalenera bazijoazen, aren erreinua Dabiden etxera laster itzuliko zala; Roboan erregetzat ezagutu eta bera ilko zutela. Bildur au kentzeko uste izan zuen biderik obena zala, erlejio egiazkoa utzita, beste bat artzea. Onetarako urrezko bi txal egin, eta bata Betelen eta bestea Danen, bi pillare-gañetan, ipiñi zituen; eta israeltarrai esan zien: Ez geiago Jerusalenera joan: ona Egiptotik Israel atera zuten Jainkoak. Israeltarrak idolo oiek ikusi zituztenean, Jainko egiazkoa utzirik, artakotzat artu zituzten; eta oiek adoratzera joaten ziran.

        Ikusirik bere usteak zein ondo irten zitzaiozkan, eguna izendatu zuen Betelen ipiñitako txal idoloari pesta andi bat egiteko. Jendea bildu zan, eta Jeroboan ere bai. Errege au asi zan Jerusalengo Elizan egiten zan guzia egiten; eta aldare gañera igo rik, inzensu-ontzia eskuan artuta idoloa adoratzen ari zala, Jainkoak bialduta, Judatik zijoan gizon bat alderatu zitzaion eta deadar egin zuen: Aldarea! Aldarea! Ara Jainkoak zer dion: Dabiden etxean jaioko da seme bat, Josias deituko dana, zeñak zure gañean ilko ditu zu orain inzensatzen zaituzten apaizak; eta gorputz-illen ezurrak zure gañean erreko ditu. Jaunaren izenean itzegiten dedala ikusi dezazuten, aldare ori puskatuko da eta bere gañeko autsak zabalduko dira. Jeroboanek ikusi zuenean gizona onela itzegiten, eskua onengonz keñatu zuen, esanaz: Itsatsi zaiozute; baña luzatuta zeukan eskua igartu zitzaion eta gelditu zan ezin bereganatuz. Profetak esan bezala, aldarea puskatu zan eta autsak bazterretara banatu ziran. Jeroboanek ezagutu zuen kastigu lotsagarri hura nondik zetorkion, eta profetari esan zion Jaunari aren aide, arren, erregutzeko. Esan eta egin: profetak eskatu, eta Jainkoak erregearen eskua sendatu zuen. Jeroboanek, esker onekoa agertzeko, gizon santu hura etxera eraman nai izan zuen bazkaltzera eta eskuerakutsiak egitera; baña erantzun zion: Zere etxearen erdia ere ematen baziñiket, ez nintzake zurekin joango; eta ez ogirik jan, eta ez urik emen edango nuke: Jainkoak, alabañan, bialdu ninduenean, au guzia debekatu zidan; eta esan ere bai, etorritako bidetik ez itzultzeko. Itz oiek esanda, Judaronz beste bide batetik joan zan.

        Betelen bizi zan profeta zar bati bere semeak gauza oiek guziak esan ziozkaten, eta galdetu zuen ea noronz artu zuen. Erantzun ziotenean zein bideri eman zion, bere astoari igota ondoren joan zan, eta arbola-pe batean topatu zuen. Profeta zar onek jakin zuenean hura zala berak billatzen zuena, esan zion aren etxera joateko, berekin batean bazkaltzera. Ori ezin dezaket, besteak erantzun zion, bada debekatu zat. Profeta zarrak esan zion: Ni ere profeta naiz, eta Jaunaren izenean aingeru batek esan dit nere etxera eraman zaitzadala, jan eta edatera. Gaitz-uste gabe sinistu zion; joan eta profeta zarraren etxean jan-edanak artu zituen. Oraindik maiean zeudela, profeta zarrari Jainkoak belarrira itzegin zion, eta profeta zarrak Judakoari, esanaz: Zergatik Jainkoak debekatutako lekuan jan eta edan dezun, zure gorputz-illa ez da zure gurasoen obian lurpetuko. Egiaz, Jainkoaren gizona maietik altxatuta, bera asto gañean jarririk, etxeronz abiatu zan. Bidera leoi bat irten zitzaion eta il zuen. Gorputz-illa bidean bertan gelditu zan; baita leoia ere, ez gorputz-illari eta ez astoari geiago ukitu gabe. Bidenabar an sortu ziran gizon batzuek ikusi zutenean gorputz-illa, leoia eta astoa aldamenean zituena, berri onekin Betelera joan ziran. Profeta zar ark bereala igerri zion gizon illa nor izango zan, eta asto gañean jarririk joan zan ikustera. Alderatu zanean, leoiak iges egin zuen, eta gorputz-illa astoan artuta, Betelera eraman eta bere obian lurpetu zuen. Proguko negar-egunak igaro ziranean, semeai esan zien: Ni iltzen naizanean, nere ezurrak Jainkoaren gizonarenak dautzan ondoan ipiñiko dituzute: bada, ark Jainkoaren izenean esana, Betelko aldareari gertatuko zaio. Aurrerago ikusiko degu Jainkoaren gizon ark nola asmatu zuen.

        Gauza oien berriak Israel guzian banatu ziran; ezagutu zitekean Jainkoaren eskua zebillela, bide gaiztoak utzita, onean jartzeko; baña alperrik: Jeroboan eta bere lagunai biotzak gogortu zitzaiozkaten, eta idoloak adoratzeari zerraizkion. Jeroboanek bere gaiztakeriaren kastigua alderagoan ere laster ikusi zuen. Bi seme zeuzkan, Abia eta Nadab zeritzatenak. Abia gaizkitu zan, iltzeko zorian jartzeraño. Aitak jakin nai zuen gaitz artan nola irtengo ote zan; baña artu zituen jainko gezurrezkoai galdetzea alperrik zan; eta gogoak eman zion billatzea Ahias profeta, erregetuko zala len-lenago asmatu ziona. Gizon onen aurrean agertzeko arpegirik etzuen, bere esker-gaiztoa gogoratuta; eta emaztea bialdu zion, ezagutu etzezan, iñoren soñekoak janzita. Baña Ahiasek, ordurako itsutua bazegoan ere, bereala igerri zion Jeroboanen emaztea zala, eta esan zion: Zu poz-billan zatoz; baña ni berri txarrak zuri emateko nago. Gero agindu zion senarrari esateko, zeren ain esker gaiztokoa izan zan eta ainbeste mesede egin izan ziozkan Jainko egiazko bakarra utzirik gezurrezkoak artu zituen, aren etxe zakurretarañoko guzia ondatua izango zala, iñor ere bere odolekorik gelditu gabe. Errian iltzen ziranak zakurrak janak, eta kanpoan illak egaztiak iretsiak izango zirala. Zoaz, esan zion, etxera itzuli zaite, eta errian oñak sartzen dituzun ordu berean Abia ilko da, eta Jeroboanen humeetatik au bakar bakarrik lurpetua izango da. Ahiasek esan guzia zearo gertatu zan. Abia il zan. Jeroboanek bazekusan bere gaiztakeriakin etxeari zer buruzpide eman zion; baña begiak etzitzaiozkan argitu egia ezagutzeko; eta nola bizi, ala il zan, gaizki-egiñaren damurik adierazo gabe.

 

 

3. Nadab, bigarren Erregea

 

        Jeroboanen seme Nadab, aita bezain gaiztoa eta idolozalea, erregetzan sartu zan; baña Basaa zeritzan batek, urte bete baño asko geiago erregetzan egin gabe, il zuen; eta onen iltzearekin lsraelko erregetza beste etxe batera aldatu zan, Ahias profetak esan bezala.

 

 

4. Basaa, irugarren Erregea

 

        Basaa, Nadaben iltzallea, etzan Jeroboan baño obea izan, eta gaiztakerian jarraitu zitzaion: argatik Jainkoak Jehu profetaren bitartez adierazo zion, aren jatorria ere Jeroboanena bezala, desegingo zuela. Basaak bere erregetza sendotu naiez, Jeroboanen odoleko guziak il zituen; baita Jehu profeta ere, onen itzegite garbia ezin eraman zuelako. Basaa, bizi bezala, il ere zan.

 

 

5. Ela, laugarren Erregea; Zanbri, bostgarrena; Tebni, seigarrena; eta Amri, zazpigarrena

 

        Ela, Basaaren semea, aitaren ordez sartu zan. Au ere aurrekoen bideetan ibilli zan, eta bere zaldizkoen agintari Zanbri zeritzana kontra altxatu zitzaion, eta il zuen. Zanbri errege jarri zan, eta Basaaren odoleko guziak il zituen, bat bakarrik ere biziarekin utzi gabe, Jehuren bitartez Jainkoak esan bezala.

        Egun aietan israeltarrak filistintarren kontrako gerran zebiltzan, eta Jebeton-go erria setiatuta zeukan martiztiak, jakin zuenean Zanbrik zer egin zuen, Amri bere agintaria erregetzat ezagutu eta Zanbriren eske abiatu zan; baña Zanbrik bere buruari igerri zionean aien eskuetan erortzera zijoala, etxeari su eman eta etxeko gauza guziakin bera an erre zan. Erregetzan zazpi egun bakarrak egin zituen, eta bitartean Jeroboanen bideai jarraitu zitzaien. Onen aldekoak erregetzat Tebni artu zuten. Gisa onetan, batzuek Amri eta besteak Tebni gorde naiez, elkarren artean despitan iru urtean ibilli ziran; eta atzenean Tebni ilda, Amri bakarra gelditu zan.

        Onek eragin zuen Samariako uria, gerora Israelko erreinuaren erri-buru eta Israelko Erregeen bizi-leku izan zana. Amabi une erregetzan egin zituen. Bitarteko onen gaiztakeriak lenagokoenak baño areagoak izan ziran eta, besteak bezala, gaiztakerian il zan.

 

 

6. Akab, zortzigarren Erregea

 

        Aitaren lekuan Akab sartu zan. Onen gaiztakeriak lenagoko guzienen azkarriak izan ziran. Idolozalea zan, eta beste guziak baño bekatu geiago berak egin, eta Israeli eragin ziozkan. Eta gaiztoa izateaz gañera, bera bezain biurri eta idolozale itsutu Jezabel zeritzanarekin ezkondu zan. Emakume urgullutsu eta biotz gogorreko onek, ezkondutako egunetik senarraz nai guzia egin zuen, eta gaiztakeria guzietan lagundu zion. Emakume zorigaiztoko au Akaben etxean sartu zan, Jainko egiazkoaren serbitzari bat bakarra ere Israelen ez uzteko infernuak botatako baten antzean. Sidon bere errikoak jainkotzat zeukaten Baalen idoloa, beste guzien aurretik Samarian ipiñi zuen eta Baalen izenean eliza eta aldare bat senarrari eragin ziozkan; eta etregeak eta mendekoak emen adoratzen zuten. Bazirudien Jainko egiazkoak Israelen adoratzallerik etzuela. Ala ere, Jainkoak Akabi begiratu nai izan zion, bai ondo esanaz eta bai kastiguen bitartez, zentzatzen ote zan ikusteko, eta onetarako Eliasez baliatu zan.

 

 

7. Elias profeta

 

        Galaadko lurrean bizi zan profeta bat, Elias zeritzana. Jainkoak Akabi, errege egin zanetik laugarren urtean, Elias au bialdu zion esatera: Israelko Jainkoa bizi dan bezain egiaz, urte oietan ez intzik, ez euririk egingo du, nik esanda baizik. Geiago ezer esan eta agurrik egin gabe, erregearen aurretik aldegin zuen eta Karitko erreka-ondora igesi joan zan, Jainkoak agindu bezala. Profeta au Karitko bazterretan bizi zan, jan-edanen kontu gabe; bada, goiz-arratsaldeetan ogi-aragiak beleak ekartzen ziozkaten eta errekako ura edaten zuen; baña urte bete baño lenago erreka agortu zan, euririk eta intzik egin etzuelako. Orduan Jainkoak esan zion: Sarepta deritzan sidontarren errira zoaz, eta an zaude; bada, ango andre alargun bati agindu diot zure jan-edanen kontua izan dezala. Karit Israelko ertz batean eta Sarepta bestean zeuden; beragatik ibillikizun andia. Ala ere, Elias etzan izutu; eta Israelen erdi-erditik bideari ekin zion; eta erregearen mandatariak aren eske aide guzietan bazebiltzan ere, etzan Eliasez iñor oartu.

        Sareptaronz alderatu zanean, ikusi zuen emakume alargun bat, egur-biltzen zebillena. Deitu eta esan zion: Ur piska bat indazu, edateko. Andrea ur eske abiatu zanean, Eliasek atzetik otsegin zion: Ogi zerra bat ere ekarzu. Andreak erantzun zion: Jainkoak badaki etzadala ogirik arkitzen, ezpada eltze batean eskua-bete irin, eta oliontzian olio apur bat; egur-billan emen nabil, oiek egosita, neronek eta nere semeak jateko, eta gero biok iltzeko. Israelen sortutako gosetea Jezabelen erri Sidonera ere ordurako zabaldu zan; argatik alako etsipenean emakumea mintzatu zitzaion. Eliasek esan zion: Ez ikaratu; zoaz, eta esan dezuna egizu; baña irin piska orretatik su-azpian erretako opiltxo bat lenago egin zadazu; eta gero zurekin zure semearentzat egingo dezu; bada, ara Jainkoak zer dion: Zure eltzeko iriñak eta ontziko olioak, Jaunak euria egin arteraño iraungo dute. Andre ark Eliasen esana sinistu zuen. Etxera joan zan; ogia egin zuen; Eliasek, berak eta bere semeak jan zuten, eta etziran irina eta olioa geroz gitxitu.

 

 

8. Sareptako alargunaren aurra biztutzea

 

        Andik laster emakume onen semea gaitz gogor batek artu eta il zan. Ama gaxoa naigabez beterik Eliasi joan zitzaion, eta esan zion: Zer egin dizut, Jainkoaren gizona? Nere etxera etorri zera nere bekatuen oroipena berritzeko, eta oiekgatik nik nere semea galtzeko? Seme ori indazu, Eliasek esan zion. Eliasek artuta, etzaten zan gelara eraman zuen: bere oiean luze-luze ipiñita, deadar egin zuen: Ene Jaun eta Jainkoa! Ain atsekabe andia emango zinion bada, ni bazkatzen bere egin-al guzian ari dan alargun biotz oneko oni, bere seme bakarra kenduta? Au esanda gero, oiean sartu zan, eta gorputz-illari gañean iru aldiz jarri zitzaion, eta berriz ere otsegin zuen: Ene Jaun eta Jainkoa! Gorputz oni, arren, bere anima itzuli zaiozu. Jainkoak entzun zion eta seme illa biztu zan. Eliasek besoetan artuta, amaren gelara eratsi zuen eta eman zion, esanaz: Orra zere semea bizirik. Amaren poza zenbat zan ezagutzeko, ez da seme bakarra gabe gelditu zanean artutako atsekabeari begiratu baizik. Jauna, esan zion, ezagutzen det Jainkoaren gizona zerala eta Jainkoak zure aotik itzegiten duela.

        Eliasek alargunaren etxean bi urte ondo eginak zeramazkien, esan dan eran bazkatuaz; eta iru urte eta erdi urrean ziran euririk egin gabez goseteak zirauela. Denbora onetan Jainkoak Eliasi itzegin zion, esanaz: Zoaz, eta Akabi aurkeztu zatzakio, nik euria lurrera bialdu dezadan. Israelen sortutako gosetea izugarri eta asko eta asko mundutik zeramazkiena zan. Ala ere, Akabi etzion onek buruko min andirik ematen; etzan gizonen jana nondik eta nola eratuko zuen nekatzen, ezpada onen ardurarik andiena zan bere zaldi eta mandoak bear zutena eratzea. Onetarako Abdias bere ozendari edo maiordomoa putzu billan eta belar eske aide batera bialdu zuen, eta bera bestera joan zan. Egun negargarri oietan ere Akaben emazte Jezabelen eresi eta pozik andiena zan Jaunaren profetaen billan ibilli eta topatzen zituenak iltzea; eta bildur onekin Abdias maiordomo ark berak ere, biotz onekoa eta aurtasunetik Jainkoaren bildurrekoa izanik, eun profeta bi arzulotan gordeak zeuzkan, bear zuten jana ematen ziela.

        Eliasek, alargunaren etxetik irtenda, Akabgana Samariara Jainkoaren aginduz zijoala, topatu zuen Abdias abereentzat jan-edan eske zebillela. Onek Elias bereala ezagutu zuen, eta auzpez oñetan jarri zitzaion, esanaz: Zu Elias nere Jauna etzera? Bai, erantzun zion; zoaz, eta nagusiari esan zaiozu emen naizala. Abdias uzkur zegoan mandatu hura egiteko: Akaben beni, alabañan, baziekien, eta bizia galtzez bildur zan; eta Eliasi esan zion: Zugandik aldegiten dedanean, Jaunaren espirituak nik ez dakidan lekura eramango zaitu; Akabi zure berriak ematera ni sartuko naiz, eta arkitzen ez bazaitu, ilko nau. Eliasek eman zion egun artan berean Akab ikusteko itza, eta onekin Eliasen esana egin zuen.

        Akabek albista au artu zuenean, Eliasi bidera irten zitzaion, eta esan zion: Zu etzera Israel nastutzen zabiltzana? Ni ez, Eliasek erantzun zion, ezpada zu eta zure aitaren etxeko, Jainkoaren aginduak utzita, Baali zarraizkionok. Gero esan zion Karmengo mendian Israel guzia bilerazo zezala eta Baalen lareunda berrogeita amar profetak berebat aurkeztu zitezela. Karmengo mendian guziak batu ziranean, Eliasek deadar egin zien: Noizdaño bi aldetako izan bear zerate? Nere Jainkoa egiazkoa bada, oni zarrakizkio; eta Baal bada, orobat oni jarri zatzakizkio. An zeudenak etzioten itzik atera. Eliasek, isiltasun au ikusirik, esan zuen: Jaunaren profetaetatik ni bakarra gelditu naiz, eta Baalek orra lareunda berrogeita amar non dauzkan. Bi idi eman bekizkigute; berak nai dutena artu, zatitu eta puskak egur gañean su gabe ipiñi bitzate. Nik ere bestea artuko det, zatitu eta puskak egur gañean su gabe ipiñiko ditut. Nork bere Jainkoari erregutuko diogu, eta ofrenda au erretzeko sua bialtzen duena, Jainko egiazkoa izan bedi; eta guziak esan zuten: Ondo da.

 

 

9. Baalen profetaen ondamena

 

s        Baalen profetak lenengo asi ziran. Idia puskatu eta aldare gañean ipiñirik, eguarte guzian beren jainkoari aritu zitzaiozkan oska: Entzun zaguzu! Entzun zaguzu! Baña Baalek etzien erantzuten; gorra eta mutua zan, alabañan, aien otsak entzun eta erantzuteko. Elias farraz zegoan, lareunda berrogeita amar profeta aiei begira, nola elkarri txanda egin eta aldia emanaz leiatzen ziran geroago eta ots andiagoak egiten. Ots-ots gogotik, Eliasek esaten zien: Zuen jainko ori, menturaz, norbaitekin itzketan edo ostaturen batean dago, edo bidean dijoa, bestela lo datza eta aditzen ez dizute. Ikusi zutenean arterañoko egin-al guziakin ezer etzutela atera, ganibitak eta eztenak arturik, beren gorputzak ebaki eta zulatzen zituzten odoltzeraño; baña guzia alperrik. Baal sor eta gor zegoan.

        Eguerdia eldu zanean, Eliasek amabi arrirekin aldare bat egin zuen, eta aldareari inguru guzian erreten bat idiki zion: aldare gañean egurra, eta egurraren gañean idi puskatua ipiñi zuen. Gero lau lusull ur erakarri zituen, eta ur au egur eta idikiari egotzi zien. Bi eta iru aldiz au bera egin zuen: atzenerako idikia eta egurra osotoro busti eta ura zeriela jarri ziran, eta isurtzen zitzaien urarekin, inguruan idikitako erretena ere bete zan. Garaia edo ordua zanean, Elias aldarearen aurrean belaunikatu zan, eta begiak zeruronz zituela, asi zan esaten: Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa, gaur erakutsi ezazu Israelko Jainkoa zu zerala, eta ni zure serbitzaria, eta zure izenean au guzia egin dedala. Entzun, bada, Jauna.

        Eliasek eskaera au eginda bereala, zerutik sua jatsi zan eta erre zituen aragi, egur, arri eta lurra, eta erretena ere leor-leor egin zuen. Orduan jende guziak, auzpez jarrita, aitor bear izan zuen Jainko egiazkoa Eliasena zala. Eliasek aitormen au ikusi zuenean, esan zien: Baalen profeta guziak, batere utzi gabe, bere-bereala artu itzatzute. Eskuak ezarri ziezteen, eta Zisongo ibaiera eramanda il zituzten. Akab erregeak lanbide oiek guziak zekuskizan, bitartean ezer ere jan gabe; eta luze zijoalako, Eliasek esan zion: Zoaz, eta zerbait ar ezazu; bada, euri-jasa gogor baten otsa da. Akab jatera joan zanean, Elias ere Karmengo mendi tontorrera igo eta eseri zan, burua belaun artean zuela. Egoera onetan bere erregu-aldia eginda, morroiari esan zion: Zoaz, eta itsas-alderonz begira ezazu. Morroiak begiratu zuen eta itzuli zitzaion, esanaz: Ez da ezer ageri. Eliasek beste egonaldi bat, lenago bezala, egin zuen; berriz ere morroia itsas-alderonz bialdu zuen: eta berri berarekin itzuli zitzaion. Sei aldiz bialdu zuen, eta seiretan irauli zitzaion, ziotsala: Ez da ezer ageri. Zazpigarrenean bialduta, itzuli zitzaion, esanaz gizonaren oña zirudien odeitxo bat itsasotik zeruronz irteten zala. Orduan agindu zion Akabgana joan eta esateko, bere-bereala gurdia prestatuta etxera zedilla, euriak artu etzezan. Gurdia prestatzen ziardutela, aize-bolada bat irten zan, zerua odei illunez belztu zan, eta Akab gardian jarri zaneko, euriari goien-beean eraso zion. Elias, soñekoa gerriari lotuta, Akaben aurretik Jezraeleraño joan zan, bederatzi orduko bidean, euri guziakin ere, gelditu gabe.

 

 

10. Eliasen igesa

 

        Iru urte eta erdiren buruan ain euri gozoa Jainkoagandik iritsita, goseteari ateak ltxitzen ziozkan ongille andi ark, zer arrera ona eta sariak uste bear etzituen? Ala zirudien; baña guziak kontra jaiki zitzaiozkan. Akab, Jezabel eta gañerakoak geiago begiratu zioten profeta gezurrezko aien iltzeari, euriaren bitartez zetozkien ondasunai baño; eta Elias iges egin bearrean arkitu zan, batez ere Jezabel biotz gogorrekoaren eskuetan ez erortzeagatik.

        Jezraeldik irten eta berrogeita amar legua-bide zeuden Bersabeera joan zan. Emen utzi zuen arterañoko guzian zerraikion morroia, eta oraindik ere beste egun bateko bidea berak eginda, basoan sartu eta likabra edo enebro-pe batean eseri zan. Naigabez beterik, egindako mirariakin israeltarren biotzak bigundu eta ezagueran sartu etziralako, Jainkoari itzegin zion: Asko det, Jauna, eta mundutik kendu nazazu; eta arbolaren itzalean etzanda, loak-artu zuen. Onela zetzala, aingeru batek ukitu eta esan zion: Jaiki zaite eta jan zazu. Elias esnatu zan, alboetara begiratu zuen, eta etzuen iñor ikusi; baña bai bere buruko-ondoan su-azpian erretako ogia eta txarro bat ur. Jan eta edan zituen, eta berriz ere loak-artu zuen. Aingeruak bigarren aldian ukitu zion, esanaz: Jaiki zaite eta jan zazu, zeren oraindik bide asko egin bearra daukazun. Jaiki eta ogi-urak jan-edan zituen. Oiek ain indar andikoak izan ziran non, besterik gabe, berrogei egunean eta berrogei gauean basoz baso beti igesi ibilli zan, Jaunaren mendia zeritzan Horeb-kora joan zan arteraño. Emen arzulo batean gordeta egon zan, Jezabelen mandatari, eske zerraizkionak, atzitu etzezaten.

        Arzulo onetan zegoala, Jainkoak adierazo zion atakara irteteko, andik igaro bear zuela-ta. Irten zan, arpegia bere mantuarekin estalirik; eta Jaunak esan zion: Elias, or zertan zaude? Zure amorez kiskaltzen nago, ene Jauna, Eliasek erantzun zion; zeren israeltarrak zu utzi, zure aldareak desegin eta zure profetak il dituzten, eta ni bakarrik geratu naizan, eta ni ere il naiez nere billan dabiltzan. Zoaz, Jaunak esan zion, ekarri dezun bidetik biurtu zaite, eta Damaskon sartzen zeranean, igortziko dituzu Hazael Siriako Erregetzat, Jehu Israelkotzat eta Eliseo zure ordeko profetatzat. Badator eguna, Hazaelen ganibitari iges egiten diona, Jehuk ilko duena; eta Jehuren eskuak atzitzen ez duena, Eliseok ilko duena; eta Baali belaunikatu etzaiozkan zazpi milla gizon Israelen gordeko ditut.

 

 

11. Eliseoren aukera

 

        Elias Israelera itzuli zan, eta Jaunak esana egin zuen. Topatu zuen Eliseo amabi uztar-idirekin arean ari zala. Elias alderatu zitzaion eta bere mantuarekin estali zuen, Jaunak profetatzarako autu zuela adierazteko, eta Eliasek aldegin zuen. Eliseo idiak utzirik ondoren joan zitzaion, ziotsala: Ontzat ar zadazu nere ait-amaetara joatea, atzen laztana ematera, eta gero jarraituko natzazu. Zoaz, eta itzuli zaite, Eliasek erantzun zion; bada, Jainkoak agindua nik egin det. Eliseo joan zan gurasoai atzen agur egitera. Bere bi idiak artu, il, are-etxearekin su eginda, egosi eta bere erritarrai jaten eman zien, eta gero zebillen leku guzian Eliasi jarraitu zitzaion.

        Profeta bi oiek bakardadean bizi ziran, otoitz, barau eta beste gauza on askorekin prestatzen, Jaunaren Izen santuaren aide eta idolozaleen kontra denboraz irteteko. Akab eta onen emazte Jezabelek ere Elias billatzeari utzi zioten, lenagoko egin-al guziakin topatu etzutenean aspertuta. Amar urte ziran profeta oiek bizitza jainkozkoan, eta Akab eta bere mendeko israeltarrak idoloak adoratzen ziardutela. Ala ere oiei Jainkoak bere deiak egin nai izan ziezten, itzultzen ote zitzaiozkan ikusteko.

 

 

12. Benadad Siriako Erregearekin Akaben arteko gerra

 

        Benadad Siriako erregeak, beste ogeita amar errege, beren gizon armadun ezin esan adiñakoakin, lagun arturik, Akab Israelkoari eraso zion, eta itsumustuan oartzaka ateetaraño sartu zitzaion: eta aurrena urre eta zillar guziak, gero beren emazte gta semeak eskatu ziozkan. Akab, Jainko egiazkoaren kontra ainbeste aldiz altxatu zanak, etzuen biotzik izan Benadadi eske oiek ukatzeko, eta urre zillar, emazte eta semeak agindu ziozkan. Biaramonean berriz mendekoenak eskatu ziozkan; baña Akabek oraingoan ukatu ziozkan, eta zenbait itz garratzekin uko au gaztigatu zion. Benadadek bereala Samariako uria setiatu zuen.

        Akabek, esturasun onetatik irteteko, Jaunaren laguntza beste biderik etzeukan; ala ere, gogor zegoan idoloak utzita Jainkoronz itzultzeko. Jainko errukiorrak oraindik ere biguntasunez begiratu zion. Profeta bat bialdu zion adieraztera, aurrean zeukan jendetza izugarria egun artan berean eskura emango ziola, ezagutu zezan Jainko egiazkoa bera zala. Akabek berri gozatsu oni etzion esker andirik eman. Ala ere, Jainkoak lagundu zion, eta Benadaden jendea bere banakakin abarrakituta, igesi bialdu zuen. Berriz ere profetak itzegin zion, esanaz: Zoaz, atseden ezazu, eta ondo begiratu, urte beteren buruan Siriako Erregea datorkizunean, zer egin bear dezun. Egiaz, bigarren aldian Benadad bere jende andiarekin joan zitzaion, eta oraingoan ere Jainkoak profeta beraren bitartez esan zion menderatuko zuela. Bi aldeetakoak zazpi egunean aurkez aurke egon ziran, eta atzenean elkarri erasota, eun milla Siriako eraso-lekuan bertan il ziran, eta bizirik irtendako ogeita zazpi milla Afek-ko urira, gorde naiez, joan ziran, eta murruak, azpian artuta, lertu zituen. Benadad morroi batzuekin gela ezkutu batean gorde zan, eta Akabi gaztigatu zion ea bizirik utziko zuen. Akabek baiezkoa eman zionean joan zitzaion, eta ondo artu zuen. Gero elkarren arteko adiskidetasunak eginda, Benadad bere errira bialdu zuen.

        Jainkoak etzion lanbide au ontzat artu. Benadadek, Jainko egiazkoari egin izan ziozkan bidegabekeriakin, eriotza ondo irabazia zeukan, eta Akabek, zegokion kastigua Jaunak eskuan ipiñi zion ezkero, eman bear zion, etxera joaten utzi gabe. Baña Akabek Jaunaren esanai gitxi begiratzen zien; eta atzenean Akabek Benadadi egin bear izan ziona, Benadadek Akabi egin zion, laster ikusiko dan bezala.

 

 

13. Naboten mastia

 

        Aitatu diran bi garaipen oiek baziruditen Akab ezagueran sartu bear zutela, eman ziozkan Jainkoronz itzultzeko eta eskerrak emateko; baña langai onen kontu gabe, Akaben gogo guzia zan bere anditasuna nola agertuko zuen. Jezraelen zeukan jauregi edo etxe eder bat, non bizi izaten zan une geienean, eta geiago edertzeko asmoa artu zuen. Onetarako Nabot zeritzan bati deitu, eta esan zion: Zure mastia indazu, nere etxe-ondoan baratza bat egin dezadan, eta beste bat obea trukean edo balioa dirutan emango dizut. Jainkoak gorde nazala nere gurasoen ondadea zuri ematetik, Nabotek erantzun zion. Jainkoak israeltarrai debekatua zeukan beren asabaetatik zetorkien lurra saltzea; eta erregeak nai zuen Nabot beartu debeku au austera. Akab, uko onekin txit aserreturik, su bizian gelara sartu eta oiean etzan zan, eta bazterreronz begira jarrita, etzuen ezer jan nai. Onela zegoala, Jezabel gogorra sartu zitzaion, eta esan zion: Au zer da? zerk estutzen zaitu? edo zergatik jaten ez dezu? Senarrak erantzun zion baratza egiteko Naboti mastia eskatu ziola, naiz dirutan, naiz beste obeago baten truke; baña itzetik ortzera ukatu ziola. Emazteak esan zion: Nonbait txit gitxi dezakezu! Israelko zure agintea ondo erakusten dezu! Ots, ea jaiki, jan eta zure barrun ori lasa ezazu, eta Naboten mastia nik eratuko dizut.

        Emakume biurri au oitua zegoan gizonak ezer gitxigatik galtzen, eta Nabotekikoa ere laster egin zuen. Au bizi zan erriko gizon zar eta elduai bialdu zien txartel bat, senarraren izenean egin eta onen erraztunarekin sillatua, zeñetan esaten zien: Barau bat egiteko agindu ezazute, eta erriko lenen edo andientsuen artean Nabot ipiñi ezazute. Gero irabaziko dituzute bi gizon gezurti, esango dutenak Nabotek Jainkoagatik eta Erregeagatik gaizki itzegin duela, edo Jaunaren Izen santua aotan artu eta Erregea madarikatu duela. Gero erritik bota eta arrika ilko dezute. Gizon gaizto eta Jainkoaren bildur gabeko oiek, erregiñak gaztigatua osotoro egin zuten. Bi lekuko edo testigu gezurtiren esanaren gañean Nabot arrikatua il zan. Jezabelek ilberri au artu zuenean, senarrari joan zitzaion esatera: Ea jaiki, eta zoaz Nabot jezraeltarraren mastia zeretzera, zeren Nabot illa dan.

 

 

14. Eliasek Akabi itzegiten dio

 

        Naboten il-berriarekin, onen mastiaren jabe egitera Akab Jezraelera zijoala, Elias profeta, errege ark ainbeste izutzen zuena, eta aspaldian Jezabelek galdu nai izan zuen ezkero, ikusi etzuena, Jainkoaren aginduz bidera irten zitzaion, eta esan zion: Nabot il dezu, eta onen mastiaren jabetzera zoaz: ara bada, Jaunak zer dion: Txakurrak Naboten odola millizkatu duten leku ber-berean, zurea ere millizkatuko dute. Au eta onelako beste etorkizun negargarri asko, Eliasek esan zion izango zituela. Bera, bere emazte Jezabel eta bere odoleko guziak, bat ere utzi gabe, ondatuak izango zirala, Jeroboan eta Baasarekin gertatu zan bezala.

        Berri ikaragarri oiek Akab ipiñi zuten penitenzia-antz bat egitera. Zenbat egunean buru makurtu, soiñ urratu eta damuaren beste siñaleakin ibilli zan; eta umillatze au Jainkoak ontzat artu zion; baña Akab luzaro egon gabe, bere lengo gaiztakeriaetara itzuli zan, eta geroz, biziak iraun zion artean, etzan ondu.

        Akabek Jezabelgandik bi seme zituen, Okozias eta Joran, eta emazte azkarrak biak bere errege-lagun ar-erazo ziozkan, iltzen bazan ere, bata bestearen urrena sartu zedin. Andik laster Akab eta Siriako Erregearen artean gerra sortu zan. Ara zergatik.

 

 

15. Akab eta Benadaden arteko gerra

 

        Benadad Siriako erregea Akaben eskuetan, len esan dan bezala, erori zanean, etxera joaten utzi zion, Ramot Galaadko erria bereala emateko itzean; baña Benadadek iru urteren buruan ere erri au uzteko gogorik etzeukan, eta Akabek emendik Benadadi erasotzeko oña artu zuen. Asmo oietan zebillen denboran, etorri zitzaion ikusi bat ematera Judako errege Josafat bere guraskidea, zeñaren seme zarren Joran Akaben alaba Ataliarekin ezkonduta zegoan. Elkarrekin zeuden batean, Akabek Josafati esan zion, Siriako Erregeari ematera zijoan auzian aren aide jarri zekiola. Josafatek bere laguntza bertatik agindu zion.

        Baña Josafatek, Jainkoaren bildur andiko gizon on bat izanik, utsegiterik izan etzezan, nai zuen jakin ea gerra hura Jainkoaren gogokoa izango ote zan. Josafaten eresi au Akabek ikusita, Jezabelen maietik jaten zuten lareun profetai deitu eta galdetu zien ea Ramot Galaadkori erasotzera joango zan edo ez. Guziak erantzun zioten baietz, eta erria artuko zuela. Josafatek etzuen lareunen artean Jaunaren profetarik ikusten, eta Akabi esan zion: Jaunaren profetarik emen ez dago, onen bitartez zer egin bear dan jakiteko? Bat bakarra gelditu da, Akabek erantzun zion, eta au Mikeas; baña iguin det, beori onik beñere ematen ez didalako. Josafatek orduan esan zion: Ez orrelakorik esan, o Errege!

 

 

16. Mikeas profeta

 

        Akabek Mikeasi mandatari bat bialdu zion etortzeko esatera. Bitartean beste profetak etzioten pakean uzten, esanaz Ramot Galaadkora joan zedilla eta beretuko zuela. Mikeas aurkeztu zitzaionean, Akabek galdetu zion: Ramot Galaadkora joan bear gera, edo geldi geldi egongo gera? Mikeasek erantzun zion: Ardi artzai gabekoen gisan, Israel guzia mendietan banatua ikusi nuen, eta Jaunak zion: Oiek gidaririk ez dute. Nor bere etxera pakean itzuli bedi. Orduan Akabek Josafati esan zion: Ez nizun esan, Mikeasen aotik ez nuela berri onik adituko, ezpada txarrak beti? Mikeas onenbesterekin etzan isilldu: esan ziozkan beste gauza asko ere, Akabi eta bere profetai min ematekoak, eta oietatik batek masallako bat eman zion. Akabek, Mikeasen esanak ezin eramanaz, agindu zuen itxian sartuta ogi-urak beste gauzarik eman gabe iduki zedilla.

        Akabek Jaunaren profeta bat onela erabiltzea etzan anbat miresteko, zenbat gauza aiek guziak Josafatek ikusita, Akabi jarraitzea: Akabek, alabañan, aitortzen zuen iguin zuela eta bere itzean zijoan; baña Josafat, lenago Akabi gogor egiteko biotza izan zuenak, etzuen orain itzik atera, eta jarri zan gerra artan Akabi laguntzera. Errege biak Samariatik irten ziran, Ramot Galaadkoari erasotzera. Akabek gogoan zerabilzkien Mikeasek egindako eriotzaren keñadak, eta bildur zan geiegi sartzen; bestetik baziekien Siriako Erregeak agindua zeukala Akab beraren kontra indarrik geiena egiteko, eta iñola ere al bazitekean, gañerakoak utzita, ber-bera galtzeko.

        Akabek, bada, berea gogoan zeukala eta onore andi bat ematen bazion bezala, Josafati esan zion errege-janziak artu eta martiztiari agintzen jarri zedilla: eta Akab bera beste edozein agintari beeragokoen antzean joango zala. Josafatek etziekien Akaben gogoko berri, eta gaitz-uste gabe errege-soñekoak janzita, buruan koroarekin lenengo gurdian sarturik, asi,zan erasotzen. Siriarrak ikusi zutenean, Errege Akab zalakoan, beste guziai utzita, aide guzietatik ingurutu zuten, eta siriarren eskuetan erortzeko zorian Josafat arkitu zanean, Jainkoari eskatu zion laguntzeko: eta egin zuen deadarretik ezagutu zuten etzala biliatzen zuten Akab, eta onen eske, Josafati utzita, beste alderonz joan ziran. Gisa onetan eriotzaren amutik Josafat irten zan, Jainkoak siriarrai adierazo zielako Akab etzala. Onek bitartean ustez bere burua ondo gordea zeukan: baña siriar batek menturara largatutako gezia edo fletxa batek jo zuen eta bularrean sartu zitzaion. Bereala Akabek ezagutu zuen zein gaizki zegoan, eta bere gurdi-zai edo kotxeroari agindu zion lagun-artetik atera eta albo batera eraman zezala; eta illunabarrean il zan. Josafatek martiztia atzeraerazo zuen, eta nor bere lekura itzuli zan, eta Josafat bera ere bai bere soldaduakin Jerusalenera. Siriako Erregeak ere, Akaben ilberria artu zuenean, lanbide ari utzi zion, eta soldadu guziak etxeetara bialdu zituen.

        Akab Samariara eraman eta bere gurasoen obian lurpetua izan zan. Bularreko idikitik irtendako odolez, gurdia eta ubalak busti ziran, eta txakurrak miaztu zituzten, Eliasek leenaz esan zuen bezala. Erregetzan ogei urte egin zituen.

 

aurrekoa hurrengoa