www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA IRUGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Jeroboan, amalaugarren Erregea

 

        Joas aitaren aulkian Jeroboan semea eseri zan, eta berrogeita bat urtean agindu zuen. Bitarte onetan beretu zituen lenagoko erreina-aldietan Israeli auzoetakoak kendu izan ziozkaten bazter guziak; baña mundurako lan andiak egin bazituen ere, idolozalea zan, eta bere denboran gaiztakeria asko Israelen egiten ziran.

 

 

2. Jonas profeta

 

        Alde guziak gaiztakeriaz beteta zeuden egun onetan, Eliseoren ordez, Jainkoak Jonas sortu zuen. Profeta andi onek bere esan eta erakutsi onakin israeltarrak zentzatu eta gaiztakeriaetatik atera nai izan zituen; baña bere alegin guziak alperrik ziran, eta naigabe onekin zegoala, Jainkoak agindu zion Ninibe zeritzan errira joan eta Jainko egiazkoaren lege garbia erakusteko, bada, Ninibetarren biurrikeriak belarriak bete ziozkatela. Jonasek etzuen agindu au ontzat artu: bildur zan, alabañan, erri gaizto Jainko egiazkorik ezagutzen etzuen batera lanbide arekin joaten, eta Jaunari iges egin naiez, Jope-ko portura joan eta Tarsisera zijoan ontzi batean sartu zan. Ontzia abiatu zan, eta itsas-erdira zanean aize-bolada batekin itsasoa aserretu eta ontzia galtzeko bidean jarri zan. Mariñelak ikaratu ziran, eta nork bere jainkoari eskatzen zion, arren, estura latz artan gorde zitzala. Traste eta gauza asko urera bota zituzten, eta eginalean guziak nekatzen ziran ontzia arintzeko; baña Jonas onziaren be-beeko zoruan lo zetzan. Ontzikidaria joan zitzaion esnatzera, eta esan zion: Ain lo gozoan nola zaude? Jaiki laster, eta zure Jainkoari eska zaiozu guzaz oroitu dedin eta gorde gaitzan. Jonas bere etzauntzatik irten zan, eta Jaunari erregutu zion, baña alperrik; eta itsasoa anditzen zijoan. Mariñelak eta gañerako ontzian zijoazenak bizirik irteteko zer egin ezin asmatuz zebiltzala, gogoak eman zien zotz egitea, esturasun artan nork ipiñi ote zituen. Zotza edo suertea Jonasi erori zitzaion. Orduan ontzikoak galdetu zioten: Perill onetan zergatik gaude? Nongoa zera? Zer langintza dezu? Noronz zoaz? Jonasek erantzun zien: Ni zeruetako Jaun, itsaso eta lurraren Egilleari bildur natzaion eta igesi nabilkion hebrear bat naiz. Itsas-gizonak ikaratu ziran, eta esan zioten: Zertako au egin dezu? Zer egin bear dizugu, itsasoa ontzeko? Urera bota nazazute eta itsasoa gozatuko da, zeren ni naizan ekaitz oni bideak eman diozkadana, esan zien.

        Itsas-gizonai gogor egiten zitzaien iñor urera botatzea, eta ontziarekin or-emen bazebiltzan, ur-ertzera eramaten ote zuten ikusten, leorrean uzteko; baña ekaitza geroago eta gogorrago zan, eta alperrik nekatzen ziran. Atzenean Jonas urari eraso zioten, eta itsasoa bere neurrietara bereala zan. Jonas itsas-ondarrean bale batek iretsi edo tragatu zuen; eta arrai portitz onek sabelean iru egun eta iru gauean idukita, itsas-bazterrean leorrera bota zuen.

        Jainkoak berriz ere agindu zion bere lege santa Niniben erakutsi zezala. Ninibe zan munduko erririk andienetatik bat, ogei leguako ingurua zuena. Jonas erri zabal onetan sartu eta egun guzian oska ibilli zan: Gaurtik berrogei egunera Ninibe ondatua izango da. Itz bakar oiek ain indar andikoak izan ziran non ninibearrak bereala beren gaiztakeriaen damu eta miñez negarrari eman zitzaiozkan. Errege berak, errege-soñekoen ordez, zaku zar bat janzirik, autsetan eserita agindu zuen bere mendeko guziak barautu zezatela eta zakuz estalita ibilli zitezela, eta debekatu zuen abereai ere jan-edanik ematea, esanaz: Nork bere aldetik Jaunari barkazioa eskatu bizaio: Nork daki, Jainkoa guzaz errukitu eta barkatuko badigu ere?

        Erriko zar eta gazte guziak, erregeari jarraituaz, barautu zuten; negar andiak egin zituzten; gaiztakeria guziak utzirik, bide onean sartu ziran, eta erregeak uste bezala, Jainkoa erri artzaz errukitu zan, eta gañean zeukaieten esku zorrotza atzeratu zuen.

        Jonas Niniben bere predikua eginda, erritik irten zan eta kanpoko txaola batean egon zan, berrogei egunak igarotakoan zer gertatzen zan ikusteko. Egunak joanda, ikusi zuenean aren esanak bete etzirala, Jainkoari bere espa miñak agertu ziozkan, esanaz, bera eta bere profeta Jainkoaren izenean itzegiten zuten guziak, gezurtitzat idukiko zituztela; baña Jainkoak mirari batzuek egiñaz erakutsi zion etzutela zergatik esparik artu; Jainkoaren zuzentasunari zegokiola bekatari egiaz damutuai barkatzea. Jonas Israel bere errira joan zan, ninibearrai zer gertatu zitzaien esateko asmoan, berri onekin Jaunaganonz itzultzen ote zituen ikusteko; baña aren esan-egin guziak alferrik izan ziran; eta Jainko egiazkoa beñere ezagutu gabeko ninibearren biotzetan geiago egin zuen, Israelko Jaunaren Erri autuarenetan baño.

        Jeroboan erregeak, eta onen erakutsira bere mendekoak, Jonas eta beste profeta Jaunak bialdu zieztenen esanai begiratu gabe, gaiztakeriai zerraizkien, eta bideak idiki ziezteen geroago etorri bear zitzaiezten gaitz eta ondamen negargarriai.

        Denbora onetan Asiriako Erregeak Israelkoari Samaria aldean eraso zion, eta Jeroboanek Jezraelko ibarrean batalla emanaz gogor egin nai izan bazion ere, ondatua izan zan; eta Asiriako Erregeak atzemandako israeltar asko berekin katibu eraman zituen, eta geroz Israelko erreinuak etzuen onik izan. Andik laster Jeroboan il zan, eta bere lekuan Zakarias semea utzi zuen.

 

 

3. Zakarias, amabostgarren Erregea; Selum, amaseigarrena; Manahen, amazazpigarrena; Fazeia, emezortzigarrena; eta Fazee, emeretzigarrena

 

        Zakarias amabostgarren erregea, aita il zitzaionean txit gaztea zan, eta agintzeko urterik etzuelako, Israelko andizkietan despita andiak sortu ziran, eta amabi urtean iraun zuten nork bere kutuna agintean iduki naiez. Geroenean Zakariasen aldekoak garaitu zuten; baña seigarren illabetean Selumek il, eta bera amaseigarren errege jarri zan. Selumi ere Manahenek au bera egin zion, eta erregetzan sartu zan. Manahen Israelko amazazpigarren errege izan zan. Onek bere aginteari odol-isurtze izugarri batekin asiera eman zion. Tapsa-ko erriak, erregetzat ezagutu nai etzuelako, ateak itxi ziozkan; baña Manahenek bere indar guziakin eraso, eta indarrez beretu zuen; eta errian bizi ziran guziak iltzea asko ez ezik, aurgiteko zeuden emakumeak erdibitu zituen.

        Manahenek Tapsako erriaren gogor egitetik ezagutu zuen, israeltar guziak bere aide etzituela, eta gitxiena uste zanean norbaitzuek kontra jaikiko zitzaiozkala. Mentienta onetan, bere agintea irmotu naiez, Asiriako Erregeari laguntza eskatu zion, eta onek dirutza andiaren truke egiten zion babesean, amar urtean agindu zuen, eta il zan, bere eriotzarekin min andirik utzi gabe. Fazeia bere semea aitaren lekuan sartu zan, ez israeltarren gogoz, ezpada Asiriako Erregearen itzalean; baña au il zanean, Fazee kontra altxatu zitzaion; il zuen, eta Fazeiaren ordez, Fazee bera sartu zan.

        Fazeek agintzen zuela, Teglafalasar Asiriako erregeak Israeli eraso zion; bazter andiak beretu, eta Israelko jendearen erdia eta geiago Asiriara katibu eraman zuen. Fazee onek ere, besteri emandako patu bera izan zuen. Oseek Fazee ilda, erregetza beretzat artu zuen.

 

 

4. Osee, Israelko ogeigarren eta atzeneko Erregea

 

        Osee au ere aurrekoen antzean, idolokoia zan, eta jainko gezurrezkoai agur egin zien, eta Israelen gaiztakeria andiak eragin zituen. Onek bere oiekin, besteenakin batean, Jaunaren errukimentuaren neurriari gañez egin, eta beretu zuen katibutasun lotsagarri, Israelku erregetzari betiko buru eman ziona. Oseek ikusi nai etzuten asko izan zituen, erregea bere eskuz ilda koroaz bera jabetu zalako. Errege zanaren adiskideak etzioten zortzi urtean pakerik eman; baña atzenean ere, etsai oiek garaitu zituen; agintean betero jarri zan, eta beste bederatzi urtean iraun zuen.

        Bitarte onetan errikoak aisa eskuratzen bazituen ere, Salmanasar Asiriako erregeak nai guzia egiten zion, eta dirutza eta eskuerakutsi andiak zeuzkan urteoro eman bearrekoak. Mendetasun lotsagarri onetatik irteteko, Sua Egiptoko erregeari gaztigatu zion Asiriakoari eman uste zuen auzian lagundu zizaiola; baña Salmanasar-ek Oseeri, asmo oiek usandu ziozkanean, aurre-arturik, soldadu-talde andiakin eraso zion, erri andi guziak kendu ziozkan, bazter guziak soildu zituen eta Samaria esitu eta itxi zion, erregea irteteko lekurik ere eman eta utzi gabe. Samaria zan Israelko erri-buru nagusia, gosez baizik, indarrez ezin artu zitekena; baña au artu ezkero, erreinu guzia menderaturik zegoan. Salmanasar-ek au ondo ezaguturik, erri oni eraso zion, eta esituta iduki zuen iru urteetan, ekin-aldi latz askoren ondoren, Oseen erregetzako bederatzigarren urtean menderatu zuen: eta erregea, gañerako guziakin, bere errira katibu eraman zuen.

        Ara zer patu lotsagarria izan zuten, bada, Israelko amar tribu berreunda berrogeita amalau urtez lenago Salomonen semea bide gabe utzita, erregetzat beste bat artu zutenak. Bitarte luze onetan guzian etzuten onik izan, ez gauza zuzenik ere egin: Jeroboan lenengo erregeak egindako jainko gezurrezkoak etzituzten beñere utzi; eta atzenean beren gaiztakeria eta billaukeriakin Jainkoa beartu zuten erreinua osotoro galtzera eta arrotz gogorren mende iguingarrian ipintzera. Israel guzian etzan, nekazari eta mastidun banaka batzuek baizik, geratu, eta oiek ere denborarekin Asiriara katibu eraman zituzten. Salmanasar-ek israeltarren lekura, oien ordez, bialdu zituen asiriarrak, zeñak beren jainko gezurrezko asko berekin eraman zituzten, eta urte gitxiren epean, Jainko egiazko bakarra, ainbeste mirari eta gauza arrigarri egin izan zituen bazter autu artan, txit atzendu zan. Orra zertara ziran israeltarren idolo-naiak eta gaiztakeriak! Baña oiek beren katibutasun lotsagarrian utzi, eta zerbait derragun Job santu pazienziako maisuaren gañean.

 

 

5. Job Santua

 

        Gizon andi au jaio eta bizi izan zan Hus zeritzan Judako tribu ondoko erri batean. Noiz mundura zan esaten, jakintsunak bat ez datoz. Batzuek diote Jakoben humeak Egiptoko morrontza gogorrean sartu baño lenagokoa dala; besteak, Oseen denboran israeltarrak asiriarren mendean erori bear ziran aurretik izan zala. Gai onetan dana dala, Jainkoak, beintzat, bialdu men bere pazienzia andi eta paregabearekin lurreko nekeak nola eraman bear diran erakustera; eta badirudi, israeltarrai egun oietan agertu zitzaiela Asirian, edo beste izenez Babilonia-n, igaro bear zituztenak eramaten erakustera.

        Gizon ona, zuzena eta Jainkoaren bildur andikoa zan. Jainkoak zazpi seme eta iru alaba eman ziozkan. Lurreko ondasun eta izanetan besterik ez bezalakoa, eta iñor baño aberatsagoa zan. Bera ona izanik, semeak ere Jaunaren bildur onean azi zituen.

        Zazpi seme oiek oraindik ezkongai zeuzkan eta, zergatik ez dakigu, zazpiak banaka, nor bere etxean eta bera beste etxe batean, iru alabak berekin zituela, bizi zan. Zazpi anaiak aldizka, nork bere txandan, bazkaria ipiñi eta zazpiak eta iru arrebak elkarrekin jaten zuten; eta guziak aldia egindakoan, aitak etxera deitu eta Jaunaren aurrean izan zitzaketen ats guzietatik garbitzen zituen. Gisa onetan aberastasun eta zorion guzien erdian bizi zala, bein batean morroi bat etorri zitzaion, esanaz: Jauna, idiak arean ari zirela eta astoak larrean zebiltzala, sabeoarrak etorri dira, eta guziak berekin eraman dituzte, ni ez, beste morroiak illik utzita. Berri negargarri au ematen ari zitzaion bitartean, beste bat etorri zan, esanaz: Oñazkar batek ardiak eta artzaiak kiskaldurik utzi ditu, eta ni bakarrik geratu naiz berri au zuri emateko. Bereala beste bat etorri zitzaion, esanaz: kaldearrak, iru samaldatan zabalduta, morroiak il eta gamelu guziak eraman dituzte; bakarrik nik iges egin diet zuri gaztigu au emateko. Au esaten ari zala, laugarren mandataria agertu zan, eta esan zion: Zure seme-alabak zarrenaren etxean bazkaltzen zeudela, bat-batetan sortu dan aize-bolada batek etxearen lau eskiñak oñetik atera eta etxe guziak lur-jo du, eta zure amar seme-alabak azpian lertu dira; nik bakarrik iges egin det.

        Job egon zan lenengo berri mingarri aiek entzuten, itzik ere egin gabe, eta semeak il zitzaiozkala esan zionean, jaiki zan, soñekoak urratu zituen, illea moztu zuen, eta lurrean auzpez jarrita, Jaunaren egiñak adoratu zituen, esanaz: Amaren sabeletik larrugorrian irten nintzan. eta larrugorrian itzuliko naiz. Jaunak eman zidan, eta Jaunak kendu dit: Jaunak nai zuena egin da: Jaunaren izena bedeinkatua izan bedi.

        Zer eraman miragarria! Esan diran Joben neke-penak, dudarik gabe, andiak eta miñak ziran, ez ordea atzenekoak: berriak itxedoten zioten. Gorputz guzia, oñ-puntatik bururaño, zauriz bete zitzaion, eta gelditu zan aragi bizi-bizian, zoma aide guzietatik zeriola. Gisa onetan bere burua ikusirik, zimaurtegi batean bizi bearrean arkitu zan, bere kirats eta gaitz itsaskorragatik jende artean ezin egon zitekealako, eta zimaurretan egoten zan, tella latz batekin zaurietatik zeriozkan zoma eta zikiñak kenduaz.

        Oraindañokoak bear adiña badirudite, gizon baten eramana gaindutzeko; baña Job geiago ikusteko jaio zan. Emazteak, dirudi neke oiek arindu bear ziozkala; baña etzion mindu baizik egiten. Oraindik zere txorakeriakin zaude? emazteak esan zion. Ots, bada, Jainkoa madarika ezazu, eta etsi-etsian il zaite. Emaztearen itzketa au Jobek etzuen ondo artu: biotzean txit min eman zion; etzan beretik irten; eta donario ederrean emazteari esan ziozkan itz oiek: Emakume zoroen antzean mintzatu zera. Baldin Jaunaren eskutik onak artu baditugu, zergatik gaitzak artuko ez ditugu? Esan gogoangarria, neke artean poza nai duenarentzat!

        Joben izaera errukarria auzo-errietan banatu zan eta iru adiskide, Elifaz, Baldad eta Sofar zeritzatenak, joan zitzaiozkan ikustera. Lenbiziko begiratuan etzuten ezagutu: ain antz txarrekoa, alabañan, zegoan; eta albora joanda, ikusi zutenean zauri bat egiñik zimaurretan zetzala eta zeriozkan zorna eta gesal zikiñak tella puska batekin kentzen zituela, negarrari eman zitzaiozkan, buruak autsez bete zituzten, eta Joben ondoan lurrean jarrita, zazpi egun eta zazpi gau igaro zituzten, itzegiteko biotz gabe. Atzenean Job bera asi zitzaien itzegiten: Jaunaren lanbide guziak adoratu zituen, eta esan ziezten itz estali asko bere miñaren anditasuna adierazteko. Itzkera onek bazirudien ezineramanak erasaten ziola: Elifaz iru adiskideetatik batek ere ala uste izan zuen; eta atzeratu naiez, esan zion berak besteri iñoiz emandako ondo-esanak, beretzat ar zitzala, eta asko lagunduko ziotela neke aiek Jaunaren izenean eramaten.

        Arterañoko Elifazen itzketak, gogortxo esana bazan ere, etzion Jobi miñik eman; baña esan zionean Jainkoak munduko nekeak bekatuakgatik bialtzen zituela eta zer egin ote zuen barruna ondo aztertu zezala, aren esanak ezin eramanak gañez egin zion eta asi zitzaion bere burua garbitzen: esan zion, Jainkoak bekatariai penitenzia egin dezaten ez ezik, onai ere nekeak bialtzen zieztela, Jaunaren begietan irabazi geiago izan zezaten eta onean areagotu zitezen; askotan bekatariak lurrean ondasunez beteak daudela, onak menturaz zer janik gabe arkitzen diran aldi berean, eta mundu au ez dala obra onen saria artzeko. Oiek eta onelako beste gauza asko esan ziozkan, eta atzenean adierazi zion argala eta erorkorra bazan ere, ark uste zuen gaiztakeriarik etzuela egin.

        Baldad beste adiskidea ere bereala asi zitzaion gisa berean itzegiten, edo are geiago esaten: arpegira eman zion bere izaera hura eta semeen eriotza bere gaiztakeriakin nonbait ekarri zituela. Sofar irugarrenak ere berebat egin zuen. Baña Jobek jakinduri andiarekin iruai erantzun zien, erakutsiaz Jainkoak zertako nekeak bialtzen dituen eta nola igaro bear diran. Iru oiek isilldu orduko, ustez-uste gabe an sortutako gizon gazte, Eliu zeritzanak, besteak bezala, lotsagabekeria andiarekin eraso zion; eta ikusirik iru adiskide aiei esandakoakin etzuela ezer aurreratu, uste izan zuen obena isillik egotea zala, eta Eliuri esan-al guziak aditu ziozkan itzik ere trukatu gabe.

        Atzenean Joben umiltasunaz eta eraman onaz Jainkoa errukiturik, aide irten zitzaion, eta Elifazi esan zion: Zu eta zure bi adiskideakin aserretu naiz, Job nere serbitzari leialak bezala, ondo itzegin ez dezutelako. Zoazte, eta zazpi idi eta zazpi ari arturik, Jobgana itzuli zaitezte, eta zuen onerako eskeñi edo ofrenda zazkidazute. Job nere serbitzariak zuekgatik erregutuko dit, eta adituko diot, zuen ergelkeria aintzakotzat artu ez dizazutedan. Jainkoak gizon itsu oiei onela erakutsi zien zein gaizki itzegiten zuten eta Joben esanak ontzat nola artu zituen. Jainkoak agindua egin zuten. Jobi bere adiskideen aide egindako eskaerak aditu ziozkan, eta etxeronz itzuli ziran, geroko gauza asko Jobi ikasita.

        Joben izaerari eta urte betean igaro zituen nekeai Jainkoak buru eman zien. Zauri eta gaitz guziak bat-batetan orbaindu zitzaiozkan, eta zetzan zimaurtegitik biurtu zan bere etxera, non bere senide, aide eta adiskideak ongietorri andia egin zioten. Jainkoak bereala eman ziozkan len izan zituen ondasun guziak. beste ainbeste geiagorekin. Izan zituen zazpi seme eta iru alaba, lenago il zitzaiozkanen ordez. Oien hume eta laugarren belaunerañoko ondorengoak ikusi zituen; eta berreunda amar urtekoa il zan ondasun asko eta ontasun ederraren erdian, geroko guziai neke-penak eramaten ikasteko eskola eta ispillu txit egokia utzirik.

 

aurrekoa hurrengoa