www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Noeren kutxa edo ontzia

 

        Jainkoak, gizonen gaiztakeria ezin eraman-alako muga gabea, eta mundu guzia loikerian sartua, eta kutsutua zegoala ikusirik, orañago esan dan bezala, oso garbitzea erabaki zuenean, Noe gizon on eta serbitzari leialari esan zion, zer asmo zuen; baña bere ontasun eta zuzentasunagatik Noe berari, ondamen ark etziola ukituko, eta gordeko zuela. Onetarako agindu zion, kutxa, arka edo ontzi zurezko, kanpotik eta barrutik betunez igortzia, egin zezala. Zer neurri, eta gisakoa izan bear zan, erakutsi zion. Noek kutxa au egiten, urte asko igaro zituen. Bitarte onetan gizonak baziekiten zertako zan, eta guziak ondatzera zetorren ugoldea edo dilubioa zerk zekarren: baña onduaz Jainkoaren eskua atzeratu bearrean, beren gaiztakerian aurrera zijoazen; eta Jainkoaren esan, eta keñadarik etzuten ezertan artzen. Jainkoa kastigurako baño barkaziorako prestago zegoan, aien aldetik zerbait damutasun ikusi ezkero; baña dei ondonaiezko guziak alperrik ziran, eta merezi zuten zigorrada latza erori zitzaien.

        Jainkoak agindu guzia Noek egin, eta kutxa bukatu zuenean, barrunen egongo ziran egunetarako bear ziran janariakin bete zuen: ugoldea asi zan aurreko zazpi egunetan kutxan sartu zituen abere edo animali-mota guziak, bakoitzetik pare bat, ar-emeak; eta Jaunari sakrifizioan eskeñtzen zitzaiozkan abere garbietatik , iru pareatu aldi, eta bat bakarka edo laguntzaka. Lan au berez nekeza badirudi ere, Jainkoak erraztu zion, kutxaren ate-aurrean guziak ipiñita. Noe atzenean, bere iru seme Sem, Cam, eta Jafet, eta lauren emazteakin kutxan sartu zan, eta urik sartu etzekion, Jainkoak kutxako atea itxi zion.

        Noe bereakin kutxan sartu zaneko, euri-jasa izugarri batek eraso zion, eta berrogei egun, eta berrogei gauean atertu gabe iraun zuen. Euri-ur oiek bazter guzietara zabaldu ziran, eta mundua osotoro bete zuten. Mendirik altuenak ere zazpi kana, eta erdiz gorago estali ziran. Gizonak, lurreko abere eta pistiak, aireko egaztiak, guziak itz batean, ugolde izugarri artan galdu eta ondatu ziran. Kutxan gordeai bakar bakarrik bizia utzi zitzaien, denboraz mundua berriro bete zezaten.

        Berrogei egunen buruan aterrunea agertu zan, baña eunda berrogeita amar egunean urak gora-beerarik egin gabe, mundu guzia estaltzen zutela, iraun zuten. Egun oiek igarotakoan, aize andi bat irten, eta urak piskaka beeratzen asi ziran. Emendik larogeita zazpigarren egunean Ararat zeritzan Armeniako mendi gañean kutxa gelditu zan. Amar illabeteren buruan mendi-tontorrak agertu ziran. Onela berrogei egun igarotakoan Noek kutxaren leio bat idikita, belea bialdu zuen, eta etzitzaion itzuli. Gero usoa bialdu zuen, eta non oña ipiñirik arkitu bide etzuelako, kutxara biurtu zan. Andik zazpi egu era berriz ere usoa bialdu zuen, eta olibo-adar-osto berde-duna mokoan zuela itzuli zan. Orduan Noek ezagutu zuen, urak beeratu zirala; ala ere beste zazpi egunean itxedon zuen, eta irugarren aldian usoa bialdurik, etzitzaion geiago etorri.

        Noek ikusi zuenean urak beren lekura joan, eta mundua txukatu zala, kutxan sartu zanetik urte betera, bere emazte, iru seme, eta iru errañakin irten zan; lurreko eta aireko bizikor, kutxan iduki zituen guziak, berekin atera zituen, eta nor bere erara munduan zabaldu ziran. Kutxatik irten, eta lurrean jarri zanean, aldare bat egin, eta abere garbi zazpigarren banaka pareatu gabe aiek Jainkoari ofrendan eskeñi ziozkan, beraren esku oparotik artu zituen mesede andiakgatik esker onak emateko, eta bere aitormena erakusteko.

        Jainkoak ofrenda hura txit onetsi edo estimatu zion, eta esan ere bai, gizonakgatik etzuela berriz mundua madarikatuko: mundua mundu dan artean ereite-itaiteak, otz-beroak, uda-neguak, gau-egunak elkarri jarraituko zitzaieztela. Gero Noe, bere emaztea, eta oien iru seme-errañak bedeinkatu zituen, eta esan zien, semeak sortu, ugaritu, eta mundua gizakumez bete zezatela. Kutxan egondako abere, pisti eta egaztiak oien mendean ipiñi zituen, eta Noeri esan zion, gogoak ziona, oiekin egin zezala; bada bere mendekoak zituela. Atzenean, igaro zuten ondamen latzik berriz ikusteko bildur gabe, lenagokoan bizirik gelditu ziran zortzi lagun aiek egon zitezen, Jainkoak esan zien, etzuela ugolderik geiago lurrera bialduko, eta bere itzaren sinisgarritzat ostrellaka eman zien, esanaz, zerua odeiez estaltzen danean, ostrellaka agertuko da, eta zuekin egin dedan batasunaz, orduan oroituko naiz.

 

 

2. Noeren mastia

 

        Jainkoak, mundua gizakumez betetzeko, esan dan gisan, gorde zituen Noeren iru semeen artean bat izan zan, bere aitaren eta Jainkoaren madarikazioa bereganatu zuena. Ara nola. Noe kutxatik irten zanean, nekazaritzari eman zitzaion, lenengo bekatua gizonak egin zuenean, kopetako izerdiarekin ogia jateko eman zion epaia betetzeko; baña laster ezagutu zuen, lurra elkorragoa, eta lenago bezain gozoa eta ugaria etzala. Ala ere, bere lanari etzion utzi. Beste gauza askoren artean masti bat ipiñi zuen. Gizon justu ark etzuen, noski, ardoaren indarrik ezagutzen; matsari zumua kendu, edan, orditu, eta loak artu zuen. Cam bere bigarren semea, lo zetzan lekura joan zitzaion, eta onestasunari ezdagokion erdi-agerian ikusi zuenean, estali bearrean, irten eta farra-irrian beste anaiai esan zien, aita nola zetzan; baña oiek albista onekin lotsaturik, kapa bat artu, eta begiak alboronz zituztela joan, eta begiratu ere gabe estali zuten.

        Noek, esnatu, eta jakin zuenean, Camek zer egin zion, bere madarikazioa bota zion, ez bere buruan Cami kutxatik irten ondoan, Jainkoak bedeinkatua izan zalako, ezpada Camen laugarren seme Canaani; eta esan zion beste anaiaen mendeko izan bearko zala. Gero Sem eta Jafet bedeinkatu zituen, eta adierazo zien, zer etorkizun andi zorigaiztoko, eta bukaera negargarriaren begira zeuden; zeintzuek denborarekin munduan, gero aitatuko dan bezala, ikusi izan ziran. Sem eta Jafetek Jainkoaren bedeinkazioa, Camek madarikazioa bezala, beretu zuten, gurasoa onratzen, eta onen argaltasuna estaltzen jakin zutelako; zeñak erakusten digute, zer begirune edo errespeto gurasoai zor diegun, eta zein bildurgarria dan gurasoai farra egitea, eta naigabeak ematea.

 

 

3. Babelko Dorrea

 

        Noeren humeak zabalduaz zijoazen: eta eun urteren buruan ainbeste askotu edo ugaritu ziran, non elkargandik aldegin, banakatu, eta nor bere bazter jakiñean bizitu bearrean arkitu ziran. Ordea lanbide oni buru-eman baño lenago, elkarri esan zioten: Ots, uri bat egin dezagun, eta uri onetan zerurañoko Dorre bat, gure izena mundua mundu dan artean gordeko duena. Lanbide onetan ogeita amar urte igaro zituzten; eta Jainkoak oien arrokeria beeratu naiez, arteraño guziak izan zuten itzkuntza bakarra, bat batetan nastu, eta batak besteari ezin adierazoz ipiñi zituen, eta lanari laga bearrean arkitu ziran; argatik uriari deitu zioten Babilonia, eta Dorreari Babel-koa, zeñak esan nai dute nasmena edo naspilla.

        Denbora onetan etxejaun edo familiaetako buruak irurogeita amar ziran; zeintzuetatik bakoitzari bere itzkuntza berezi bestek etziekiena Jainkoak eman zien, eta beren arrokieriarekin beretu zuten elkar ezin aditua ikusirik, or-emen, mundu guzira, nor bere etxekoakin, uste baño ere lenago, zabaldu bearrean arkitu ziran, eta ogia irabazteko bidea guziak sakabanatuta, artu zuten.

        Eskritura santak ez digu esaten irurogeita amar itzkuntza oiek zein ziran, baña jakintsuen iritzian oietatik bat gure Euskera zan. Tubal, Noeren billoba, edo Noeren seme Jafeten semea bere etxekoakin etorri zan munduaren alderdi au gizakumez betetzera, eta Españan lur-egin zuenean, itzkuntza au emen sartu zan, eta geroz badirau, len Erreinu guzian bezala, orain bazter menditsu oietan baizik gordetzen ezbada ere.

        Noek bere hume, eta ondorengoen banakatze au ikusi zuen; baita ugoldea mundura erakarri zuen gaiztakeria berriz ere gizonetan sartu zala, eta bere atzeneko urteetan min onekin bizi izan zan, eta bederatzi eun, eta berrogeita amar urtekoa il zan, Jainkoa bere egunetan leialkiro serbituta. Bere aiton Adan, eta beste Patriarkak landu eta erabilli zuten lur-bazterraren jaun eta jabetzat bere seme Sem utzi zuen.

 

aurrekoa hurrengoa