www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

AMABIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Josuek zelatariak Jerikora bialtzen ditu

 

        Moises il zanean, bere ordeko Josueri Jainkoak esan zion: Nere serbitzari Moises il da; zu prestatu zaite, Jordango ibaia igaro, eta zu eta zure jendea lur promestura joateko: nik neronek zuzaz kontu izango det: bizkortu zaite: nere serbitzari Moisesek utzi dizun legea, autsi gabe gorde ezazu, eta guzia ondo irtengo zatzu; ez bildurrik izan: nora-nai zoazela, Jainko zure Jauna zerekin izango dezu. Josuek, Jaunaren agindu au artuta, bereala Israeltarrai adierazo zien, Jordango ibaia iru egunen barruan igaro bear zutela, lur promestuan sartzeko, eta egun batzuetako janarekin prestatu zitezela. Gero zelatariak bialdu zituen, ibaiaz beste aldetik zegoan Jerikoko uria, zer eratan itsia zegoan, an bizi ziranak zer asmotan zeuden, eta zegokien beste guzia jakitera. Zelatari oiek al-zan isillena joan, eta Rahaben etxean sartu ziran: baña ango Erregeak bi oien berri bereala izan zuen, eta eske gizonak bialdu zituen; alperrik ordea. Rahab emakume galduaren izenekoa zan: ala ere, edo bere bizitza gaiztoa utzita zeukalako, edo Jainkoak ordu artan biotzean ukitu ziolako, Israeltarrai, beintzat, txit arrera ona egin zien. Ganbaran liño-pe batean ezkutatu zituen: eta oien billan zijoazen Erregearen mandatariak etxe guzian begiratuta, ezer topatu gabe itzuli ziranean, bi Israeltarrai leiotik soka batekin jatsierazo zien, zeren bere etxea uriaren ertzean zegoan, beragatik artarako txit era onean; eta beren tokira bialdu zituen, nai zituzten berri guziak emanda. Mesede bat bakarra eskatu zien: urian sartzen ziranean, artzaz, eta aren etxekoaz oroitu zitezela.

 

 

2. Jordango ibaiaren igarotzea

 

        Zelatari oiek Josuegana bigarren gauean itzuli ziran: zearo esan zioten, zer gertatu zitzaien, nola iges-egin zuten; nork lagundu zien; ongille oni zer itz eman zioten, gañerako beste berri guziakin. Atzenean esan zioten, jende guzia bildurrez arri-egiñik zegoala, eta aisa sartu eta jabetuko zirala. Josueek bereala, Israeltarrak bildu, eta esan zien, zelatariak zer albistakin etorri zitzaiozkan, eta guziak pozak artuta, biarmonean-goiz Jordango ibaiera-bidean jarri ziran. Arratsalde berean ibai-ondora eldu, eta emen irugarren eguneraño egon ziran. Orduan ibaia igarotzeari eman zioten, Jainkoak Josueri erakutsi zion eran. Ara nola. Apaizak Kutxa santa sorbaldaetan zeramaten. Urrena Tabernakuloaren zati edo puskakin Lebita edo Eliz-gizon beeragokoak zerraizkien. Gero legua laurden batez atzerago seieunda geiago milla gerra-gizon noiz-nai etsaiari erasotzeko prest zijoazen, eta oien artean lenengo edo buruan, Moisesek irabazitako lurra eman zien aietatik berrogei milla. Gerrarien ondoren elbarri, emakume, eta aurrak beren bizitza-gauza eta abereakin zijoazen. Jordango ibaia txit bizia, eta neurrietatik irtena zetorren, marsoko illa izanik, mendietako elurrak urtu ziralako. Apaizak ibaiean sartu, eta oñak busti zituzten bezain laster, garaiko urak aitz bat egiñik geratu, eta beekoak itsasoronz joan ziran, ibaiean bide zabal ederra uzten zutela. Apaizak Kutxa santarekin, eta Lebitak Tabernakuloarekin ibai-erdira ziranean, emen gelditu, eta egon ziran, alik eta soldadu-taldea eta beste jende guziak beren bizitza eta abereakin ibai guzia igaro arteraño. Guzitara iru milloi lagun baziran. Ibaia igaro zutenean Josuek agindu zuen, amabi Tribuetako gizon banak Apaizen oñetatik arri gogor bana artu, eta jendea zegoan aldera eraman zitzatela, eta Israeltar guziai esan zien, beren humeak edo ondorengoak galdetzen zutenean, arri aiek zertako ziran? erantzun zezatela, Jainkoak ibaiaren erdian bidea nola idiki zien adierazteko, ibaiaren erditik atera, eta an ipiñiak zirala. Berebat agindu zuen, beste amabi arri andi kanpotik eraman, eta Apaizen atseden-leku berean ipintzeko, leorteak urak txikituta, arri aiek ondorengoak zekuskitenean, gogoratu zitezen, ibaiaren erdian Jainkoak bidea Israeltarrai idikitzearekin egin izan zien mesede andia. Lan oiek eginda, Apaizak Kutxa santarekin jende guziaren aurrean jarri ziran, Tabernakulo-dunak eta amabi arriak zeramazkitenak ondoren zituztela: eta oiek leorrera orduko, geldi zeuden urak amildu, eta ibai guzia len-lenago bezala estali zuten. Joan ziran, Jerikora legua bat bide zegoan tokiraño, non gelditu eta estalpeak ipiñi zituzten, geroko egunetan an egoteko. Ibaitik ateratako amabi arriak Josuek emen ipiñierazo zituen, eta berriz ere esan zien, beren humeai zer erantzun bear zieten, zertako ziran galdetzen zutenean. Josuek nai zuen, Jainkoaren eskuetatik artutako mesede miraritsuak, beti gogoan iduki zitzaten.

 

 

3. Zirkunzisioa, eta Pazkoaren berritzea

 

        Israeltarrak beretzera zijoazen bazter aietako Erregeak, zer izu-ikarak artu zituen esatea, erraz ez da. Indar andiak zeuzkaten: baña zertako ziran Jainkoak alako mirariak egiñaz, aurrean jarri zitzaien auzo bildurgarri batentzat? Errege aien bildur au Josuek gogoan zeukala, bete nai izan zituen bi agindu edo eginkizun, aspaldian utzita zeudenak, Zirkunzisioa eta Pazkoa. Jainkoak Abrahami esan zionez, jaiota zortzigarren egunean, zirkunzisioa egin bear zan: baña dala sendatu artean geldi egon bear zalako, eta eremuan bizi izan ziran denboran, ordu jakiñik edo berenik etzutelako, dala beste bideren batez, etzan, beintzat, Ejiptotik irten ezkero, agindu au egin. Beragatik Josue eta Kaleb ez, beste guziak zirkunzidatu gabe zeuden; eta egon aldi onetan egin ziran; zeñaren bidez leku oni deitu zioten Galgala.

        Beste eginkizuna Pazkoa zan. Israeltarrak Ejiptoko katibutasunetik irten ziranean, lenengoa egin zan: geroztik etzan egin, Sinako mendi-ondoan zeudela, bein baizik. Oraingo gizonik geienak zer zan ere etziekiten. Pazkoa lenengo illaren amalaugarren egunean asten zan: eta nola Israeltarrak egun onek Jerikoko ondoan artu zituen, Josuek egin nai izan zuen, Jainkoak aginduta zeukan bezala. Jaunari arkumeak eskeñi zitzaiozkan, eta orranz gabeko ogiarekin jan zituzten. Galburu-metatxoa ere, legeak zion eran, eskeñi bazitzaion, eta zegozkion beste gauzak egin ziran; eta Pazko onek zazpi egunean iraun zuen.

 

 

4. Manaren aitzea

 

        Gauza arrigarri bat egun oietan gertatu zan. Israeltarrak galburuak Jaunari eskeñi, eta lur artako gariarekin egindako ogia, jaten asi ziran ezkero, etzetorkien, eremuan igaro zituzten berrogei urteetan, egunoro jatsi zitzaien mana janari gozo hura. Jainkoak onekin Israeltarrai adierazo bide zien, promestutako lurrean bein sartu ziran ezkero, etzutela zer uste izan, arteraño bezala zer jana zerutik bialduko zienik; ezpada berak lur artan billatu bearko zutela. Josue ere iritzi onetakoa izan zan, eta bere lanbideari ekiten, bereala asi zan.

 

 

5. Jerikoren ondamena

 

        Eraso bear zioten lenbiziko erria zan, andik ordu beteko bidera zegoan Jeriko, Kanaan guzian erri-itsirik sendoena, murru lodiz ingurutua, eta soldadu-talde andiak gordetzen zutena. Emen bizi ziranak kontuan zeuden, Israeltarrak lenbizian berai erasoko zizaietela etsirik. Josuek ere langai andi onetan ondo irteteko prestamenak artu zituen: baña ezertan ibilli baño lenago, nola zegoan, bere begiakin ikusi naiean, iñor-gabe bakar-bakarrik Jerikoko ondora joan zan, begiratzera, eta onetan zebillela, aurkez-aurke jarri zitzaion, gizona zalako bat, eskuan ezpata zuela. Josue batere bildurtu gabe ondoratu zitzaion, eta galdetu zion ea etsaia edo bereetakoa zan? eta erantzun zion, ez batzuena eta ez besteena zala, ezpada Jaunaren soldadi edo ejerzituko Lenena edo Prinzipea. Josuek au aditu zuenean, auzpeztu, eta Jainkoari agur andia egin zion. Aingeru Prinzipe onek agindu zion, oñustu zedilla, leku santuan arkitzen zalako. Erri hura bere gauza guziakin artzeko ustea eman zion: onetarako zer egin erakutsi, eta Aingeruak aldegin zuen. Josuek, bada, jende guziari aditzera eman zion, zer gertatu zitzaion, eta nola Aingeruak erakutsi zion, Jeriko beretzeko zer egin bear zuten. Biaramonean-goiz prestatu, eta egiteko onetan asi ziran. Ara nola. Armadun guziak aurretik jarri ziran: aien ondoren zazpi Apaiz tronpeta-soñua joaz: gero lau Apaizek Kutxa santa sorbaldan zeramaten: eta atzenean gañerako jende guzia zerraikien. Gisa onetan jarrita, lenengo egunean jira bat Jerikoko uri guziari eman zioten, tronpeta-soñua beste otsik egin gabe, guziak isillik, eta uria ingurututakoan, beren estalpeetan gelditu ziran. Sei egunean au bera egin zuten, egunoro jira bat bakarra emanaz; baña zazpigarrenean zazpi inguru eman zioten, aldian-aldian urreragotuaz, eta tronpeta-otsa ere goratuaz. Zazpigarrenean uria jotzeraño alderatu ziran; eta tronpeta-otsarekin batean, jende guziak deadar eta argamaxa izugarriari emanik, uria isten zuten orma eta murru guziak asi ziran erortzen, eta bereala ondatu ziran. Orduan Israeltarrak ezpata eta ganibitakin sartu, eta Errege eta mendekoak, ganadu eta abere guziak il zituzten, ezer ere bizidunik utzi gabe. Baña uri artako gauzarik artzea Josuek zorrotzkiro debekatu zien, eta zegoan guzia, uriarekin batean, bertan erre eta kiskaldu zan. Bakarrik urrea, zillarra, kobrea eta burnia gorde ziran Jaunaren ondasuntegirako. Uria ikustera joandako mandatariak gorde zituen emakume Rahabi eman zitzaion itza, Josuek gogoan zeukan, eta bi mandatari aiek bialdu ziozkan etxera, eta ongille au bere guraso, senide, aide eta ondasun guziakin atera, eta beste guziak bezala ondatzetik, gorde zuten. Gero Josuek uri doakabe au madarikatu zuen, esanaz; iñor berritzen asten bazan, seme zarrena il zekiola. Madarikazio eta birau au txit indar andikoa izan zan: bada, denbora gitxiren epean, onen aldamenean beste uri bat izen berekoa egin bazan ere, beraren oruan bosteunda geiago urtean etzan astera iñor benturatu: eta gero ere Hiel zeritzanak egin nai izan zuelako, il zitzaion bere seme zarrena lenengo, eta gero gañerakoak, alik eta guziak il zitzaiozkan arteraño, bere setarekin irten nai izan zalako.

 

 

6. Akanen zigorrada

 

        Josue Jerikoz jabetu zanean, gizonak bialdu zituen, Hai zeritzan urreneko erria ezagutzera. Berria ekarri zioten, erri hura artzen gaitz etzala, eta jende armadun guzia gabe ere, menderatuko zala. Uste oso onetan iru milla gizon bakarrak bialdu zituen; baña bere gogoaren kontra guzia irten zitzaion. Haitarrak indar egiñik, Israeltarrai eraso, abarrakitu, eta Sabaringo ibarreraño atzera erazo zituzten, zenbat Israeltar bidean illik utzita. Uste gabeko gertaera onek Josueri biotza illundu zion. Kutxa santaren aurrean Israelko gizon andi eta zarrakin auzpez jarri zan, eta arratsalderaño onela egon ziran. Zer? Josuek Jainkoari esan zion: zer esango det, ene Jauna, Israel etsaiak igesi bialdu duela ikusita? kanaantar eta beste guziak jakingo dute; gure kontra batuko dira; ingurutuko gaituzte, eta gure izena betiko galduko digute. Eta zure yzen andiaz zer izango da? Itz oietan zegoala, Jainkoak erantzun zion, Israelek gaizki bat egin zuela; aien artean bezala norbait, Jaunaren esana autsi eta Jerikoko urian zerbait artuta, gorde zuena; eta gaizkille oni zegokion kastigua eman artean, etzala Israelekin izango.

        Biaramonean-goiz Josuek jende guzia bilduerazo zuen: Jainkoak ala erakusita, zotz egin zuten, nor zan jakiteko: Judako Tribuari erori zitzaion: gero Tribu onetako etxe bati: eta atzenean Akan zeritzanari. Josuek gizon au bereala artu zuen, eta esan zion; ene seme, ez niri ezer ukatu; esan zadazu, zer egin dezun. Orduan Akanek erantzun zion: Jaunaren kontra gaizki egin det: kapa gorri ederra, zenbat zillar diru, eta urre-zati bat ikusita, oien eresia etorri zitzadan; artu eta nere etzauntzan gordeta dauzkat. Akanen txaolara joan ziran, eta Akanek esandako gauza guziak an arkitu zituzten. Josuek ikusi zituenean, bereala Akan bera, bere hume, abere, ondasun, eta txaola bera, zeuzkan gauza guziakin arerazo zituen; Akoren larrañera eraman, eta Akan arrikatu zuten, eta atzenean bera eta bere gauza guziak erre eta kiskaldu zituzten.

 

 

7. Hairen ondamena

 

        Kastigu onekin Jainkoaren aserrea itzali zan, eta Josueri esan zion, etzedilla ikaratu; Haiko erria artuko zuela; eta ango Errege eta besteak eskura emango ziozkala, Jerikoko Errege eta urikoakin egiña, aiekin ere egin zezan. Josuek, bada, ogeita amar milla gizon bikañ erriaren alde batera gauaz bialdu zituen, agindurik, gordeta egon zitezela, ark siñalea eman arteraño, eta orduan errian sartu, eta guzia erre zezatela. Biaramonean gañerako armadun guziakin bera joan zan, beste aldetik erriari erasotzera. Haiko Erregeak ikusi zuenean, etsaia alderatzen, bere jendearekin bidera irten zitzaion, gogor egiteko asmoan. Josue orduan eremuronz itzuli zan, igesi zijoalako antzean, eta berak eta etsaiak erritik zerbait aldegin zutenean, jaso zuen eskuko brokela, zeña aurreko gauean gordeta zeuden ogeita amar milla gizon aiek ikusi zutenean, errian sartu ziran, eta su eman zioten. Josueren ondoren joandako Errege eta bere soldaduak erria sutan eta kea zeriola ikusi zutenean, itzuli nai izan ziran, sua itzali, eta erriko jendeari laguntzera: baña su-emalleak bidera irten zitzaiezten, eta oiek aurretik, eta Josuek bere jendearekin atzetik eraso zieten ain gogorkiro, non, guziak il ziran, bat bakarra ere bizirik gelditu gabe. Bereala Israeltarrak errian sartu, eta erriko guziak ere il zituzten. Gero ango gauzak beren artean, Jainkoak Josueri esan bezala, erdiratzeko arturik, erriari alde guzietatik su eman, eta osotoro auts egin zan. Modu onetan Israeltarrak beren izen on, eta onorearekin gelditu ziran, eta Akanek lotsa gorrian bizia galdu zuen, bere lapurretarekin Israeltarrai ainbeste kalte ekarri zieztelako.

 

 

8. Gabaontarren gezurra

 

        Kanaango Erregeak, beren auzo Jeriko eta Haiko Erregeen patu gaiztoa, eta Josueren egunoroko aurrerapen miragarriak ikusi zituztenean, elkarganatu ziran, eta beren indar guziak bildu zituzten, Israeltarrai arpegi emateko. Baña besteak onetan zebiltzala, Gabaontarrak etzuten aiekin bat-egin nai izan; ezagutzen zuten, alabañan, Israeltarren kontra gogor egiterik etzegoala; eta besteen kontu gabe, zetorkien zigorrada gogorrari aldegiñik, beren buruak bizirik gordetzeko modua egin zuten. Ara nola. Gabaongo uria txit sendoa, eta Haikoa baño ere indartsuagoa zan: beste iru erri andi ere mendean zeuzkan. Haitik Gabaonera bost legua bide baizik etzegoan, eta Israeltarrak lenbizi erasoko ziotena. Lau errietako biztanleak, bada, bildu ziran, eta Josueri mandatariak bialdu ziozkaten, pakean eta adiskide izan nai zirala, adieraztera: baña mandatari oiek kontu andia izan bear zuten, Josueri esateko, bazter urrutietakoak zirala, eta ez Kanaangoak, zeren baziekiten Josuek arteraño etzuela Kanaango lurrean iñor ere bizirik utzi, Rahab Jerikoko emakume hura bere etxekoakin baizik. Gezur au Josueri sinisterazotzeko, ogi erre-zar kaskartuak, ardo-zagi zulatu eta arabatuak, soñeko eta oñetako urratuak eraman zituzten. Gisa onetan Josueri aurkeztu zitzaiozkan, esanaz, Israeltarrakin pakean bizi nai zirala: aien mirari andiak entzunda, bazter urrutietatik zetozela. Josue lenengoan uzkur zegoan, aien esanera jartzeko: baña leiatu zitzaiozkan berriz eta berriz ere, eta esan zioten: etxetik irten giñanean ogi erre-berri bero-beroak artu giñituen, eta begira orain, zein gogorrak dauden; zagiak ere akatsik etzuten, eta arabatu bear izan ditugu: soñeko eta oñetakoak eginda berealakoak ziran, eta orain ara nola urratuak dauden. Josuek eta, onek bezala, beste agintariak ere, uzkurtasun geiagori gaizki iritzirik, Gabaontarren esan gezurrezkoak sinistu zituzten, eta Kanaanez kanpokoak ziralakoan, Josuek adiskide izateko itz ziñeztua edo juramentuaren azpikoa eman zien, eta Gabaontarrak etxera itzuli ziran.

        Iru egunen barruan Gabaontarren gezurra eta saldukeria ezagutu zuten. Lanbide onek Josue eta gañerakoai naigabe andia eman zien, zeren bildur ziran, etorkizun gaiztoak ekarri zitzan. Israeltarrak beren gogoz Gabaongo, eta beste iru errietako jende guzia ilko zuten; baña Josuek eragotzi zien, esanaz, bein emandako itza gorde bear zala. Josue bera Gabaontarrai joan zitzaien, eta txit arrera ona egin zioten. Gezur ura arpegira eman zien; baña erantzun zioten, bildurrak eaulkierazo ziela: baziekitela, alabañan, bazter aien jabe egin, eta osotoro ondatuko zituztela, eta beren buruak gorde naiez, gezurra asmatu zutela: ala ere, bere eskuan jartzen zirala. Josuek bere itza gogoan zeukala, esan zien, etzituela ilko: ordea Israelko jendearen eta Jaunaren aldarearen serbitzoan bizi izan bearko zirala, bear zan egurra egiñaz, eta ura ekarriaz. Onekin Josuek Israeltarren erausiak, eta Gabaontarrak il-naiak isildu zituen.

 

 

9. Eguzkiaren gelditzea

 

        Gabaongo uria nola Jerusalendik urrean zegoan, emengo Errege Adonisedeki Gabaontarrak Josueren mendean jarriak min eman zion, eta erasotzeko asmoak artu zituen: ezagutzen zuen, alabañan, auzo batek egin zuena, besteak ere egin zezaketela, pakean utzi ezkero. Gabaon uri andientsu eta jende indartsua gordelari zuena zan, eta au artzearekin, Israeltarrai Jerusalenerako bidea zerbait katibutzen zien, eta denbora berean Gabaontarrak ere kastigatu nai zituen. Langai onetan nai bezala irteteko, auzoetako lau Erregeri mandatariak bialdu ziezten, eskatzen ziela, arren, beren soldadu-taldeakin lagundu zizaiotela, zeren lan au guzien onean izango zan. Lau Erregeak Jerusalengoarekin batu ziran, eta Gabaoneronz joanik, ingurutu eta itxi zuten. Gabaontarrak ain estu eta galtzeko bidean arkitu ziranean, Josueri Galgalara gaztigatu zioten nola zeuden, eta bost Errege aien indarrai ezin gogor egin zizaieketela, baldin ezbazien bere-bereala laguntzen. Josue, bere serbitzari berri oiei on-egiteagatik, prestatu zan laguntzeko, lenago Jainkoari baimena eskaturik. Gabaonera bere jendearekin gauaz joan zan; biaramoneko egun-sentian bost Erregeai itsumustuan eraso zien, eta Gabaonen ondoan asko gizon il zituen: gañerakoak erri itxi batzuetara igesi zijoazela, arritzar-jasa andi batek artu, eta lau orduko bidean kalte andiak egin ziezten. Ala ere bost Erregeak eramandako jendea ugaria izanik, Josueren ganibitak, eta zerutik jatxitako arri-abarrak ukitu gabeko asko bizirik gelditu, eta bazter guzietara zabaldu ziran. Josuek nai zituen guziak bein betiko ondatu, baña zeukan baño egun-argi geiago bear zuen, igesi zebiltzanak, gauaren babesean gorde gabe, atzitzeko. Estura larri onetan, Josueren sinismen andiari baizik iñori gogoak emango etziona, egin zuen: eguzkiari agindu zion, bere bidean gelditu zedilla, eta eguzkiak Josueren esana egin zuen. Josuek eguzkia ikusi zuenean bere esanera geldituta, osotoro arriturik, jarri zan mesede ez-aditu onegatik Jaunari eskerrak ematen. Onetan zegoala, eraman zioten berria, bost Erregeak Mazedako leize-zulo batean gordeta arkitu zituztela. Bereala agindu zuen, arriakin leizeko ataka ondo itxi zedilla, eta emen ipiñirik nork kontu-egin, gañerako guziak igeslarien ondoren joan ziran. Egun bat osoan eguzkia geldi egon zan; bitarte onetan Israeltarrak, banaka batzuek ez beste etsai guziak, atzitu eta il zituzten, eta beren lekuetara itzuli ziran, bat bakarrik ere bereetakorik ez il, eta odol-tantarik ere isuri gabe. Josuek bere lana egin zuenean, bada, eguzkiak bere ibilliari eman zion; eta alakorik berriz ez gero, eta ez lenago ikusi da. Gauean jendeari atsedena eman, eta biaramonean Josuek leize-zuloan gordeta zeuzkan bost Errege aiek ilerazo, eta ipiñi zituen bost agatan zinzilika, non egun guzian egon ziran, eta illunabarrean eratsirik, eraman zituzten ezkutatu nai izan ziran leize-zulora, eta emen arriz ondo itxita, ondorengo urteetan egon ziran.

        Egun onetan berean Mazedako uriari eraso eta arturik, Errege eta gañerako guziak il zituen. Beste erri sendo asko eta Erregeakin berebat geroko egunetan egin zuen; eta erasotako guziak garaiturik, itzuli zan Galgarara, non negu hura igaro zuen, egin ziezten ainbeste mesedeen truke, Jaunari eskerrak emanaz.

        Kastigu gogor oiek Josuek egiten zituen, bazter aietakoak ezagueran sartuta, Jainko egiazkoagana jarri zitezen, edo izuturik, berena etzuten lekutik iges-egin zezaten, idolozale aiekin kutsutzeko, Israeltarrai biderik eman gabe. Jainkoak lur promestu hura garbiro gorde nai zuen; eta Josuek Jainkoaren gogoko berri baziekien; argatik etzuen iñor ere bizirik uzten.

 

 

10. Josueren beste garaipenak

 

        Kanaango Errege, Israeltarrai gogor egiteko elkar-artu zutenak, ikusirik Josueren garaipen miragarriak, eta amaika Errege beren lagunak illak, izutu zitezkean; baña etzuten etsitzen, eta beren indar guziz andi paregabekoetan ustea ipiñita, Josue beartu zuten, udaberrian gerrara irtetera. Josue prestatu zan, eta bereala jakiñik, etsaiak zein lekutan erasotzeko asmoa zuten, isill-isillik abiatu zan, itsumustuan bidera irteteko ustean. Etsaietara urreratu zanean, Jainkoak bizkortu zuen, esanaz, etzuela zer bildurrik izan: biaramonean guziak eskura emango ziozkala, nai zuena egiteko. Ala gertatu zan. Gitxiena alakorik uste zuten garaiean sartu zitzaien, eta Errege elkar-artuak osotoro ondatuta, gizakume guzia il, eta gurdi eta gañerako gerrako tresna guziak erre zituen; eta ondamen onen bitartez, Kanaango bazter geienen jabe bereala egin zan. Erraz ez da esatea, zenbat izan ziran etsai galduak, eta uri artuak. Zerbait ere ezagutzeko, asko da jakitea, sei urteren buruan ogeita bederatzi Errege eskuratu, eta il zituela.

        Josuek ikusirik, Kanaan geiena beretu zuela, eta pakea ematen zitzaiola, uste izan zuen, Israelko Tribuai, nori bere zatia, emateko ordua etorri zala, arteraño guziak batean bezala, geroztik bakoitzak berea zaindu, eta etsaiari arpegi eman zizaion. Asi ziran zotz egiten, eta Tribu batzuei beren zatiak emanik, gañerakoakikoa beste egun batean egiteko utzi zuten.

 

 

11. Galgalatik Silora Kutxa santaren aldatzea

 

        Lenago esan da, Kanaango lurrean sartuta, bereala Kutxa santarekin Tabernakuloa, gero Galgala deitu zitzaion lekuan, ipiñi zutela, eta onen inguruan, oi bezala, bizitokiak egin zituztela. Zazpi urtean Kutxa santa emen egon zan, eta Israeltarrak etsaiai eraso-aldiak egin ondoren, onara itzultzen ziran atsedetera. Baña Galgala izanik Kanaango ertz bat, Josuek pensatu zuen, egokiago zala Kutxa santa Kanaanen erdi-erdian egotea, Israeltar guziak erosoago joan zitezen, eta beren lanak aisago egin zitzaten. Silo auturik, Kutxa santarekin Tabernakuloa aldatu zuten, eta gerozko lareun urtean gitxi gora-beera emen egon zan.

 

 

12. Kanaanen banatzea, eta partitzea

 

        Silon zeudela, buru-eman nai izan zioten arestian aitatu dan, Kanaango lurra Tribu guzien artean banatzeari. Onetarako neurtzalleak alderdi guzietara bialdu, eta amabi puska egiñik, Jakoben amar seme Ruben, Gad, Juda, Benjamin, Simeon, Zabulon, Isakar, Aser, Neptali eta Danen, eta Jose amaikagarrenaren bi seme Efrain, eta Manasesen etxeak edo ondoreak bana artu zuten; eta zati oiei guziai, nori bere buru edo iturriaren izena eman zioten, eta geroz izen onekin ezagutu izan ziran.

        Jakoben semeetatik Lebiren ondorea bakarrik bazter berezi edo jakin gabe geratu zan: ala ere, besteak bezain ondo, edo obeto: bada, gañerakoak gauza guzien amarrenak, eta lenbizi edo primiziak zor ziozkaten, eta beste artubide askorekin batean, berrogeita zortzi erri, beren barrutiakin Kanaan guzian, or-emen banaiatu edo zabalduak, bere-bereak zituen. Kaleb, Josueren lagun maiteak ere, zatitxo bat artu zuen, bere leialtasunagatik Jainkoak agindu zion eran. Bakarrik Josue guzien buru, eta ainbeste nekerekin guzientzat adiña irabazi zuena, ezer gabe gelditzen zan, eta bere gogoz etzuen egundaño eskatuko ere: baña Israeltarrak, berandu bederik, oroitu ziran, Jainkoak aginduta zeukala, Josueri bere saria emateko eta naieneneko bazter bat eskeñi zioten, eta autu zuen Efraingo Tribuan zegoan Tamnat-Saraa zeritzan erri txiki ezer-ez bat, ezagutu zedin, bere eresi bakarra lanbide guzietan Jainkoaren esana egitea izan zala. Josuek aukera au egin zuen, Silotik gertuan zegoalako, eta bere bizileku onetatik Jaunaren etxera noiz-nai eroso joan zitekealako.

 

 

13. Josueren eriotza

 

        Urte batzuek Israeltarrak pakean bazeramakiten, nork bere alderdian, eta Josue egunetan aurrera zijoan. Au ezaguturik, Israelko Prinzipe, agintari, eta beste gizon elduenak bere ondora erakarri, eta esan zien: Zartu naiz, nere egunak badijoaz. Dakusute, Jainkoak zuen alde zenbat egin duen: lur andiak menderatu dituzute: ala ere, oraindik bazter txiki batzuetan zer egin badaukazute: Jainkoak oiek ere zuen eskuetan ipiñiko ditu, agindurik zauzkaten bezala; baña bere esanak kontuz egitzatzute. Gero beste egun batean Israelko guziak beregana bildu, eta Moisesek denbora batean bezala, erakutsi zien, Jainkoa ondo serbitzeko zer egin bear zuten: ala egiteko itza eman zioten, eta atzenean guziai agur betikoa egin zien. Andik laster Sikemen il zan, eta Tanat-Saraan berak prestatutako obian lur-eman zitzaion. Israeltarrak, ainbeste garaipen irabazi zituen buru eta agintari bati zegokion progua, egin zioten. Il zanean eunda amar urte zituen. Ejipton jaio, eta berrogeita amairu urte egin zituen: beste berrogei eremuan: sei Kanaango lurra beretzen, eta atzenekoak pakean, eta Israeltarrai erakutsi onak egiten, eta gauzak zuzentzen.

 

 

14. Joseren ezurren lurpetzea. Eleazaren eriotza

 

        Denboratsu onetan Joseren ezurrak ere Sikem-ondoan lurpetuak izan ziran. Lenago esan da, Patriarka andi onek bere anaiai agindu ziela, kontu izateko, bere ezurrak Kanaanera eraman, eta emen lurpetzez. Il zanean gorputz-illa balsamatu, eta gorde zuten, Ejipton egon ziran bitartean. Moisesek , Ejiptotik irten ezkero, beti berekin erabilli zuen: eta Moises il zanean, Josue jabe egin zan: Galgalan iduki zuen, eta Kanaan menderatu zuenean, Sikem-ondora aldatu, eta aita Jakobek etxeko illak ipintzeko Hemor-en semeai erositako lurrean obiratu zuen.

        Israeltarrak Josueri egin zioten proguko ogeita amar egunak igaro baño lenago, Apaiz andi Eleazar ere il zitzaien. Au Aaronen semea, eta Israelko bigarren Apaiz-nagusia zan. Eginkizun andi guzietan Josuerekin beti ibilli izan zan, eta Finees bere semea oñordeko utzi zuen. Gabaat zeritzan, errian lurpetu zuten.

 

aurrekoa hurrengoa