www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

OGEIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Salomonen Erregetza

 

        Salomon Israelko Erregetzan sartu zan, eta laster bere argitasun guziaren premian arkitu zan, Erregetzari eusteko. Adonias Dabiden bizitzan ere Erregetu naiean ibilli zanak, etzeuzkan bere asmo galduak utzita, aldarearen oñean barkazio-eske jarrita, damu-irudia egin bazuen ere. Errege berriari bere ama Betsabeeren bitartez emaztetzat eskatu zion Abisag, Dabidek zarzaroan ezkontzaz beretutako donzella gazte hura. Adoniasek, alabañan, uste zuen, onekin ezkondu ezkero, biotza irabaziko ziola, eta bere aldeko nai zituen gauzak esanerazoko ziozkala, Dabidi adituak bezala: gisa onetan jendea nastu, eta leku egingo zuela, bera Errege jartzeko. Salomonek bereala igerri zion, ezkontza onen irudian gauza onik etzerabillela, eta oker-egin-nai onegatik Adonias egun artan berean ilerazo zuen. Salomonek lenagoko utsegitea barkatu bazion ere, gero zuzen izateko itzean barkatu zion; beragatik kastigu au bidezkoa izan zan, Adoniasek berak itza jan zuelako. Berebat ilerazo zuen, Dabid il zanean Martiztiaren buru utzi zuen Joab, ots andiko gerrari Abner eta Amasa odol otzean il zituen hura, zeñaren biziak zer egin andiak Salomoni ekarri zitzazkiokean. Semei isekari eta madarikatzalle lotsagabe ark etzuen oraindik bere zigorrada artu. Salomonek Jerusalenera erakarri, eta agindu zion, uri onetan etxe bat eginda, emen bizi zedilla. Emen zegoan bitartean, etziola ezer egingo, itza eman zion bezala; baña Jerusalendik bein irteten bazan, naita nai ez, il bearko zala. Jerusalenen iru urte egin zituen, eta igesi joan zitzaiozkan katibu batzuen billan Jerusalendik irten zala, Salomonek jakin zionean, beste biak bezala, ilerazo zuen. Gisa onetan aitaren atzeneko aginduak bete zituen, eta Jainkoari zor zitzaiona, kastigu oiekin kitatu zan.

 

 

2. Jainkoak Salomoni jakinduria ematen dio

 

        Salomon, gaitz egin zitzaioketean guziak begietatik kendurik, Erregetzan irmotu eta sendotu zanean, Israelko Agintari, andizki, eta zerbait zezaketen guziak Jerusalenera bildu zituen; eta berekin arturik, Gabaongo mendira, Tabernakulora igo zan, eta Jaunari eskeñi eta ofrenda andiak egin ziozkan. Salomonen langai au jainkoari txit oniritzi zitzaion, eta gauean ametsetan zetzala, esan zion, nai zuena eskatzeko. Salomonek ezagutu zuen, Erri andi baten buruan zegoana, doai askoren bear zala, eta guzia ondo eraentzeko, Jainkoari eskatu ziozkan biotz umilla, auziak zuzen erabakitzeko argia, eta ona gaiztoagandik berezi eta banatzeko jakiundea. Jainkoak erantzun zion, eskatu guzia ematen ziola ain ugariro, non, jakindurian eramaten zionik etzan izan, eta ez izango ere: eta bere Erria ondo eta zuzen eraentzeko doaiak baizik eskatu etziozkalako, egundaño iñork izan ez dituen ondasunak emango ziozkala. Albista au Jaunagandik artuta, Jerusalenera jatsi zan.

        Bere jakinduria erakusteko bidea, laster izan zuen. Bi emakume galdu, elkarren artean despita artuta, aurkeztu zitzaiozkan, eta batek esan zuen: Jauna, andre au eta ni etxe batean bizi giñan, eta nik bion gelan seme bat egin nuen. Irugarren egunean onek ere beste bat izan zuen. Andik laster biak oiean zetzatela, aurra ito zitzaion, eta illunpean isillik nerea bere kolkora arturik, bere illa niri ipiñi zidan. Goizean bularra nere semeari ematen asi nintzaionean, aur illarekin arkitu nintzan. Eguna argitu zanean, ondo begiratuta, ezagutu nuen, nere erraietatik irtena etzala. Orrelakorik ez da, besteak erantzun zion: illa zure aurra da, eta bizi dana nerea. Gezurra da, lenengoak zion. Gisa onetan Erregearen aurrean itzak trukatu zituzten, auzia erabakitzeko, nork bere esana baizik, etzutela. Batak ziona, besteak gezurtatzen zuen; oien esanean, aur bizia biena zan, eta illa iñorena ez. Salomonek, bada, jakiunde andiarekin janzirik, auzia erabaki zuen, esanaz: Nere semea bizi da, batak dio, eta illa zurea da. Ez, besteak dio, zurea il zan, eta nerea bizi da. Ots, ganibita bat ekarzute. Eraman zioten; eta bere gordelariai esan zien: Aur ori artu, eta erdibitu ezazute, eta batek erdi bat, eta besteak bestea eraman bezate. Ama egiazkoa larritu zan, eta biotza erdiraturik, deadarrari eman zion: jauna, arren, aurra bizirik, eta erdibitu gabe eman bekio. Erditu bedi, besteak zion, eta ez bedi zurea, eta ez nerea izan. Erregeak orduan agindu zuen, aurra erdiratzea nai etzuenari eman zekiola, zeren ama egiazkoa bera zan. Erregearen erabakia Israel guziari oniritzi zitzaion, eta guziak ezagutu zuten, iñoren gogoko berri jakiteko, eta nori berea emateko, Jainkoak eman zion argi andia. Egikera onek eta beste asko onelakok, Salomonen jakinduria banatu zuten, eta aitortzen zan, munduan izan zan jakintsunik argiena Salomon zala.

 

 

3. Salomonen aberastasuna

 

        Jakinduria bezain andiak ziran ondasunak eta beste zorionak. Neurririk eta mugarik etzuten, eta mendeko guzietara ere zabaltzen ziran. Salomonen anditasunari alderatzekorik etzan: lurreko beste Errege guziak onen parean utsak ziran. Au ezagutzeko ez da bere etxean bear ziran jan-edanak eta beste gauzak gogoratzea baizik. Egunoro bear ziran eunda berrogeita amar anega ogi-irin obenekotik, eta irureun anega bastoxeagotik: amar idi gizendu, eta ogei zebatu gabe edo larre-idi: eun txikiro; eta mundutze bat egazti eta eize lurreko eta aireko. Okelluetan zeuzkan berrogei milla zaldi uztarriko, edo kotxeak eramateko, eta amabi milla azpian erabiltzeko. Guziai ordu jakiñean garagarra eta lastoa kontuz ematen zitzaiezten. Bere mendeko guziak pakerik gozoenean bizi ziran; argatik Salomon paketsuaren izena zeraman. Ondasun ezin ainbateko oien, eta pake ezin obeagoaren bearra Salomonek bazuen, gogoan zerabillen Eliza ots andiko hura egiteko.

 

 

4. Jerusalengo Elizaren asiera

 

        Lanbide gogoangarri oni asiera eman baño lenago, gai guziak ugari bildu nai izan zituen, alako eran, non, Eskritura Santak dionez, Jerusalenen urrea eta zillara, arria bezala, eta zedrozko zur ederrak, basa-pikuak bezala, ziran. Onetarako Hiran Tiroko Erregeari eskatu zion, Libango zedroak ebakierazo zitzala; baita zurgin edo arotzak ere bialdu zitzaiozkala bere mendekoakin batean zuageak landu, eta apaintzeko. Len-lenago auzoerrietatik etorrita, Israelen bizi ziranetatik eunda berrogeita amairu milla gizon langille artu zituen. Oietatik irurogeita amar milla ipiñi zituen, gaiak bizkarrez batera eta bestera eramateko; larogei milla, arrobian arria atera eta landutzeko; eta beste iru milla eta sei eunak langilleai kontu artzeko. Gañera Israelen bertakoak ogeita amar milla gizon autu, eta Libango mendira, illean amar milla, bialtzen zituen. Gizon-talde arrigarri onek guziak, Hiran Tiroko Erregeak ipiñiaz landara, lan-egiten zuen, bear zan guzia prestatzeko.

        Gauzak zuzendu ziranean, munduaren asieratik bi milla, bederatzi eun, larogeita amairugarren urtean, Ejiptotik irten ziranetik lareunda larogeigarrenean, Salomon Errege zanetik laugarrenean; Jesu-Kristo jaio baño milla eta zazpi urtez lenago, Eliza egiten asi ziran. Eliza au, Jainkoak berak erakutsita, Moisesek egin zuen Tabernakuloaren antz-antzekoa zan, andiagoa izatea beste desberdintza gabe. Zer ondasunak eraman zituen, esatea erraz ez da. Zerbait ezagutzeko asko da jakitea Leku guziz santua zeritzan zatiaren barruna estaltzeko azal edo txapak milla, seieun larogeita emezortzi arroba urre eraman zituztela, eta ilze bakoitzak amar ontza eta erdi urre zuela. Gañerako zati guziak ere gisa onetan egiñak ziran: argatik ez du lenbiziko Eliza onek bere parekorik izan, gizonaren eskuetatik irten ditekean lanik oberena, eta ederrena zalako. Elizari oña artzen asi ziranetik bukatu artean, zazpi urte eta erdi igaro ziran, lenago gaiak zuzentzen igarotako bi urteak kontuan sartu gabe, eta Salomonek Erregetzan zeramakien amaikagarren urtean bukatu zan.

 

 

5. Elizaren donekida edo bedeinkazioa

 

        Salomonek, ain bere gogoko lan andi hura bukatu zuenean, beraren donekida edo bedeinkazioa egin nai izan zuen, eta Jaunaren Kutxa santa, aita Dabidek ipiñi izan zuen Siongo menditik, onara aldatu. Lanbide au, zegokion anditasunarekin egiteko, Israel guzia, batezere zarrak, Tribuetako Prinzipeak, eta etxe-jaunak deitu zituen, eta guziak, egun izendaturako Jerusalenen batu ziran. Salomon jende guziarekin igo zan Siongo mendira, non, Dabidek Tabernakulo berri bat eginda, Kutxa santa ipiñita zegoan. Apaizak Kutxa santa sorbaldaetan artu zuten: lebitak ere, bai, Tabernakuloa, eta oni zitxokan gauzak, eta guziak, nor bere endanan edo errenkadan, jarrita, Jerusaleneronz abiatu ziran, Dabidek Obededonen etxetik Sionera aldatu zuenean bezala. Sadok Apaiz-nagusia eta beste eunda ogei apaiz zijoazen Kutxa santaren ondoan zillarrezko tronpetakin soñu-joaz. Kutxa santa zeramatenen sei pausotik sei pausora, apaizak ofrendatzen edo iltzen zituzten, Salomon eta gañerakoak zeramazkiten ezin esan-al jauskañi edo biktima, au da, abere.

        Onela Eliza berria eldu ziranean, apaizak Kutxa santa Leku guziz santuan sartu, eta bi Kerubinen egoetan egindako jar-leku edo trono txit eder batean ipiñi zuten, eta atea itxirik, irten ziran. Bereala odei illun batek Eliza guzia estali zuen, adieraziaz, Jainkoak etxe santa hura beretzat artu zuela, eta apaizak, Lebitak, kantari eta beste guziak ikusteko onekin arriturik, gelditu ziran, ezer egin ezin zutela, alik eta, denbora batean Moisesen Tabenakuloaren gañetik bezala, odeiak aldegin zuen arteraño.

        Salomonek poz eta atsegin andia izan zuen, siñale agerriko onetan ikustean, berak egindako egonleku eder hura Jainkoak ontzat eman ziola, eta aldarera begira belaunikaturik, eta eskuak zeruronz jasorik, Jaunari bere erreguak egin ziozkan, Israel guziak zekusala: Jauna, sinistekoa da, Jainkoa gizonakin lurrean bizi dala! Zeru guziak zu idukitzeko adiña ez badira, nola nik egin dizudan etxe onetan egon al-zaitezke? Gero eskatu zion, arren, aditu zitzala, Israel guziak an egingo ziozkan erreguak. Iñoiz bere bekatuakgatik zeruak euria ukatuta, ur-eske; goseteak artuta, ogi-eske; auzo edo beste atzeak, etsai egiñik, erasota, laguntza-eske; bekatuaren egiazko damuarekin barkazio-eske ara bazijoakion, arren, aditzeko, eta bere aserre bidezkoa atzeratzeko.

        Gero zutitu, eta jende guzia bedeinkatu zuen. Bereala guziak asi ziran, Jaunari ofrendak egiten, eta langai onetan arazorik andienarekin ziarduten denboran, zerutik sua jatsi, eta ofrenda eta jauskañi guziak erre zituen: Jaunaren anditasunez Eliza bete zan, eta apaizak geratu ziran Elizan sartu ezinean. Israeltar guziak auzpez jarri, eta Jainkoa adoratu zuten. Sua itzali, eta Jaunaren Gloriak aldegin zuenean, ofrenda eta jauskañiak berriz ere eskeñi zituzten.

        Amalau egun Eliz-gauza oietan igaro ziran; bitarte onetan Jaunari eskeñitako gauzak zenbatik ez dute. Salomonek bakarrik ogei milla idi, eta eunda ogei milla txikiro ofrendatu zituen. Lan oiek bukatutakoan, nor bere etxera, poz andian itzuli zan.

        Jainkoak Salomoni ametsetan laster adierazo zion, eskariak entzun ziozkala, eta itzeman zion, baldin berak eta Israelek aren legea zintzo gordetzen bazioten, begi onez begiratuko ziela, eta eskatzen ziotena, iritxiko zutela; bestela gortuko zitzaiela, eta zigorradak joko zituela.

 

 

6. Sabako Erregiñaren etorrera

 

        Denbora gitxiren barruan, beretzat ere egin zuen etxe eder galant bat, alde guzietatik urrea zeriona, eta beste gauza askoren artean Errege-aulki bat, Eskritura Santaren esnean, ez edertasunean, eta ez balioan parerik izan duena. Oiekin eta beste gauza ikusgarriakin bere izena, jakinduria, eta aberastasunen otsa mundu guzian barreatu zan; eta Errege, Prinzipe eta Andizki asko zetozkion, ikustera, eta zoraturik itzultzen ziran. Oien artean eresirik geiena agertu zuena, eta emen aitatzea merezi duena, Sabako Erregiña izan zan. Emakume ots andiko au Arabia-aldetik Jerusalenera etorri zan, Salomonen jakinduria eta izanak bere begiakin ikustera. Anditasun guziarekin Jerusalenen sartu zan. Salomoni aurkeztu zitzaion, eta esan zion, ara zerk zeraman; nola zijoan, aren anditasuna ikusteko, eta ipiñiko ziozkan zer-esan edo itz estali batzuek asmatzen ote zituen, jakiteko eresiarekin. Salomonek galde-isill guziak asmatu ziozkan; eta Erregiña onek ikusi zuenean, Salomonen jakinduria batetik, bere Eliza, etxe, serbitzari, ontzi, jan eta beste gauza guzien ederra eta ugaritasuna bestetik, arritu zan, eta Erregeari esan zion; Egiak dira zure esan eta jakinduriaren gañean nere lurrean aditu nituenak, eta ez nituen sinisten, alik eta nik neronek ikusi ditudan arteraño, eta orain ezagutzen det, erdirik ere etzidatela esan. Doatsuak zurekin dauden serbitzariak, eta zure jakinduria entzuten dutenak. Bedeinkatua izan bedi, zu Israelko Erregetzat ipiñi zaituen zure Jaun eta Jainkoa. Bereala eman ziozkan eskuerakutsitzat, zeramazkien irureun larogeita amairu arroba, eta amabost libra urre, diamante eta perla asko, eta sekulan iñork ikusi ez dituen ainbat usai gozo. Salomonek ere berebat erantzun zion, eta bere anditasunari zegozkion erako emaitza edo erregaloak egin ziozkan, Erregiñak eskatutako gauza guziak emateaz gañera, eta emakume andi au bere etxeronz itzuli zan, ikusi zuenarekin txit arritua eta lilluratua.

 

 

7. Salomonen erorikoa

 

        Salomonen anditasuna denbora onetan gañ-gañekoa zan; baña laster asi zan gañez egin eta makurtzen; arteraño agertutako jakiunde miragarriaren argia lausotzen; eta bere ondasun neurri gabeen distiazioa illuntzen. Salomonek irurogei urtean bide zuzenean iraun zuen: bitartean deabruaren eraso gaizto guziai gogor egin zien; baña bestek ezin duena, iristen duen emakumeen eresi geiegikoan irristatu zan, eta eroriko andi bat artu zuen. Lenago Jainkoari zion amodio guzia, emakumeetaronz irauli zuen; oietarako eresi zoro bat sartu zitzaion, eta oiek maitetzetik jainko gezurrezkoak adoratzera jatsi zan.

        Zazpieun emakume Erregiñaen izenarekin, edo lenengo mallako emaztetzat artu zituen, eta beste irureun bigarrenekoak. Emazte-talde au andia izateaz gañera, guziak ziran arrotzak, edo Israelez kanpokoak, idolozale edo jainko gezurrezkoak zituztenak. Emakume oietara osotoro jarrita, alako eran itsutu zan, non, ainbeste jakinduri eta ondasun eman ziozkan Jainkoari utzita, emakume aien gezurrezkoak eta idoloak, aiei atsegin emateagatik, adoratu zituen; eta mundua arritzeko adiñako lanak arteraño egin izan zituen Salomon andia, jarri zan abereturik, eta lokazti likits bat egiñik. Au asko, ez ezik, aien jainkoai ere elizak egin ziezten. Emakume aien gogora jarri zalako, agur egin zien Astarte, Sidontarren jainkoari; Molot, Ammontarrenari; eta Kamos, Moabtarrenari.

        Salomonen egiteko onekin Jainkoa txit aserretu zan, eta laster adierazo zion, etzuela kastigu gabe utziko. Agertu zitzaion, eta esan zion: Nere esanak eta aginduak zergatik gorde ez dituzun, zure erreinua erdiratuko det, eta kentzen diodan zatia, zure serbitzari bati emango diot. Guziaz ere zure aita Dabidi begiratuta, au zure bizian ez det egingo, ezpada zure semearenean, zeñari zure aita Dabid eta Jerusalengo nere Erri autuari diedan amodioagatik, zati bat utziko diot. Jainkoak Salomoni itz oiek esan, eta bereala asi ziran beteko ziranen aztarnak.

 

 

8. Salomonen zigorrada

 

        Idumearrak eta Siriarrak asi zitzaiozkan zirikatzen, eta bere agindu-petik irten naiez; baña Salomoni oiekgatik ezer etzitzaion, urruti zeudelako, eta etzan esnatzen. Bereala alderagotik beste golpea izan zuen. Jeroboan zeritzan Efraingo Tribuko gizon bat Salomonek bere serbitzoan zeukan: eta igerririk gizon argi eta doai txit onetakoa zala, Tribu bateko agintean ipiñi izan zuen. Jeroboanek ezagutzen zuen, mendekoak len zioten amodioa, Salomonek bere gaiztakeriakin asko galdu zuela; eta ikusirik, auzoak ere asi zitzaiozkala gogor egiten, uste izan zuen, Salomonen koroa zalantzan zebillela, eta bera jabe menturaz egin zitekeala. Onetarako bazuen bere aginduko Tribukoak zerbait laguntza emango zioten ustea, Salomonek egindako bidegabekeriaren bat gogoan zeukatelako. Jeroboan asmo oietan zebillen egunetan, Jerusalendik irten zan bein batean, Ahias Siloko Profetarekin topoz-topo egin zuen. Profeta onek soñean zeraman kapa berri-berria eskuetan artuta, amabi puska egin zuen, eta Jeroboani esan zion: Amar artu izatzu, eta begira Israelko Jainkoak zer dion: Nik erreinua Salomonen eskutik puskatuko det, ni utzita, Sidontarren, Moabtarren, eta Ammontarren jainkoak adoratu dituelako, eta nere esana, Dabidek bezala, egin ez duelako, eta amar puska zuri emango dizkizut, eta beste biak aren semeari utziko diozkat, Dabiden izenak iraun dezan. Bide onean bazabiltza, eta nere esanak egiten badituzu, Dabid nere serbitzariak bezala, zurekin izango nazu, eta Israelko Errege izango zera. Au esanda, Ahiasek Jeroboangandik aldegin zuen. Jeroboanek etzuen geiagoren bearrik, Erregetzeko bere eresia aurreratzeko; eta itzketa au bien artean, isillik iñor gabe, izan bazuten ere, Salomon jakintsun egin zan, eta Jeroboan il nai izan zuen; baña Ejiptora iges-egin zion, eta emen gorde zan, Salomon il arteraño.

 

 

9. Salomonen eriotza

 

        Gertaera onen ondoren laster, Salomon irurogei urtekoa, berrogeietan erreinatuta gero, Jerusalenen il zan, eta bere aita Dabiden Errian lurpetua izan zan. Salomonek asiera ona izan zuen; Jainkoaren bideari zerraikion bitartean, mendekoak maite zutela, eta auzoak bildur zitzaiozkala, bizi izan zan: baña gero lasaikeria iguingarrietan sartu zanean, kanpokoak ezertan etzukatela, eta errikoak gogaitua eta gorrotatuta izaten zan, eta negar andirik utzi gabe, Jaunari kontu eman zion, ordu onean eman zion edo ez, oraindaño iñork ezdakiela.

 

aurrekoa hurrengoa