www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Abranen deia

 

        Semek ere munduan sei eun urte egin zituen, eta bitarte onetan hume eta humeen hume asko ezagutu zituen. Oien artean batzuek gaizto-biurriak izan baziran ere, asko txit on-kontuzkoak, eta Jainko egiazkoaren sinismena, eta ezaguera-dunak ziran. Oiek, Jainkoak biotzera emandako berezko argiak edo lege naturalak erakusten ziena egiñaz, bizitutzen ziran. Oietan Jainkoak besterik ez bezalako bat arkitu zuen, Abran zeritzana, Tareren semea, eta Noeren billoba amaikagarren belaunekoa; zeña ugoldea izan zanetik irureun eta berrogeita amaikagarren urtean Ur zeritzan Kaldearren Urian, jaio zan.

        Abran au, bada, bere emazte Sarairekin Mesopotamian bizi zala, Jainkoak bere asmoak agertu ziozkan, eta itzegin zion onela; zere erri eta etxetik bereala irten zaite, eta nik erakutsiko dizudan lekura atoz; ezin esan al-adiña jenderen guraso eta aiton egingo zaitut; eta zure izena ots andikoa izango da; eta lurrean sortuko diran jende guziak zugan bedeinkatuko ditut: esan balio bezala, munduaren Salbatzallea zure odoletik jaioko da.

        Jainkoaren ots oni leialkiro erantzunda, Abran bere emazte Sarai, eta illoba Lot, berekin zituela, gauza guziak utzirik, etxetik irten zan. Jainkoak bereala adierazo zion, Canaango lurra zala, arentzat aututa zeukana. Bazter au zan Adan, eta ondorengo Patriarkak bizi izan zirana, eta munduan lekurik eder eta gizenena. Bidean egun asko egiñik, Abran lur onetan sartu, eta Sikeneronz joan zan. Jainkoa berriz ere agertu zitzaion, eta esan zion; lur au zure ondorengoai emango diet. Bere Jaunari eskerrak emateko aldare bat egin, eta ofrendak eskeñi ziozkan. Emen zebillela, gosete andi bat sortu, eta Egiptoronz jatsi bearren arkitu zan: baña Erreinu onetara alderatu zanean, bildurraz artu zuen, eta emazteari esan zion; badakit emakume ederra zerala, eta Ijitoak ikusten zaituztenean, esango dute; onen emaztea da; ni il, eta zu gordeko zaituzte; esan ezazu, arren, nere arreba zerala, nik gaitzik izan ezdezadan, eta zugatik bizirik gelditu nadin. Abranek itzketa onekin etzuen gezurrik esan, zeren Hebrearren artean aide urrenai anai-arrebak deitzen zitzaien; eta badira diotenak, Sarai Abranen illoba zala; baitaere Abran eta Sarai ama biren humeak baziran ere, aita bat zutela, eta sabel batekoak ez izan ezkero, ezkondu zitezkean; beintzat, jakintsu askok diote, artarako baimena Jainkoak eman izango ziela, ain ondore gogoangarria izateko aututa zeuden bi guraso aiei.

        Esan eta egin; Abran Ejipton sartu zaneko, Sarairi begia ezarri zioten, eta bere edertasun andiari on-iritzirik, Faraoni (zeña zan Ejiptoko Erregeen izena) adierazo zioten, nola emakume eder bat agertu zan, eta bereala aurkeztu zioten, ezkondu zedin. Jainkoak Sarairen garbitasuna zaintzen zuen, eta Ijitoak artutako asmoa etzan egin. Erregiñatzako autuak ziran neskatx gazteak, sei illabetean usan-belar, eta olio gozoz igortziaz iduki oi zituzten, ederrago egin zitezen. Sarai ere, artarako zeukaten lekuan ipiñi zuten; eta Abran bitarte onetan naikera guzian bizi zan, iñork gaitzik egin, ez ezik, ondasun andiak ematen ziozkatela, Sarairen anaia zalakoan.

        Denbora onetan Faraoni eta bere etxeari zauri eta neke andiak Saraigatik sortu zitzaiezten; eta Faraonek gaitz aien iturriaren aztarna eta zantzua nonbait izan zuen; eta Abrani otsegin, eta esan zion, zer egin didazu? Zergatik esan ez didazu, Sarai zure emaztea zala? Zertako esan zidazun, arreba zenduela, berri onekin, nik nere emaztetzat artzeko, niri biderik eman gabe? Ots, bada, zere emaztea dalako ori ar-ezazu, eta zoaz emendik: eta laguntzalleak emanik, bere gauza guziakin bialdu zuen.

        Faraonek, Jainko egiazkoaren aitormen gabea bazan ere, ezagutzen zuen, iñoren emaztearekin kutsutzea zein itsusi dan; argatik Abrani ainbeste espa agertu ziozkan, Sarai emaztea zuela, lenengotik esan etziolako. Abran, bada, aberastasun andiakin Ejiptotik irten, eta bere bazterreronz itzuli zan; eta Ejipton artutako mesedeen oroipenean, lenagoko aldarean Jaunari ofrenda berriak egin ziozkan.

        Ikusi degu, Abran, Jainkoak agindu zion lekura, bere gauza guziak utzi, eta bere nai guzia Jaunaren eskuan ipiñi, eta joan zala. Bada, Jainkoak obedienzia itsu au ordain askorekin saristatu zion; onela erakusten digula, Jainkoaren izenean artutako nekeak ez dirala aztuak izango.

 

 

2. Abran, eta Loten banakatzea

 

        Abran, Sarai, eta Lot beren gauza guziakin Kanaango lurrera itzuli ziranean, lurrak landu, eta abereak larreatuaz bizimodua ateratzen asi ziran. Jainkoak osaba-illobai emandako ondasunak, batezere abereak, asko eta andiak ziran, eta elkarrekin bazkatu ezinean laster arkitu ziran. Lanbide onegatik Abran eta Loten artzaien artean despita eta elea batzuek sortu ziran: eta oiei lenengotik ateak itxi naiez, Lot illobari Abranek esan zion; ezda zure eta nere artean itz-trukatzerik bear, ez eta gure artzaietan ere; bada senideak gera: banakatu gaitezen: orra bazter guziak aukeran: zu ezkerrera bazoaz, ni eskuironz noa, eta zuk eskuia aututzen badezu, ni ezkerreronz joango naiz. Lotek bazter guziai begiratu, eta Jordango ibar zabal, begien zoragarria zan leku ederra beretzat artu, eta osabagandik aldegin zuen: eta artzaiak beren abereakin ibarrean ipiñirik, bera Sodoman jarri zan. Abran bereakin Kanaanen gelditu zan.

        Abranek bere illoba uztea txit min eta damu zuen; baña baziekien, mirabeen artean sortutako despita eta ezdabaidak, indar artu ezkero, nagusietarako zirala; argatik gizon zuzen, Jaunaren bildurreko, eta etorkizun gaiztoai bideak ebaki nai zieztenak bezala, Loti bere gogoa agertu zion.

        Lotek osabagangik aldegin, eta laster Jainkoa Abrani agertu zitzaion, eta esan zion, begietan zeukan bazter eder hura berari, eta bere ondorengoai emango ziela; eta beste eskeñi asko eta andiak ere egin ziozkan.Gero andik Manbreko ibarrera aldatu zan, eta sei urte buruauste andirik gabe igaro zituen, zeren etxeko guziak bere ontasun, eta erakutsi onarekin aziak zeuzkan, eta etzioten atsekaberik ematen. Baña laster ikusi zuen, bere osaba onagandik illobak aldegitea, eta zer egiten zuen ondo begiratu gabe, Sodoma, gizonik gaiztoenak berekin zeuzkana, bizilekutzat artzea, Lotentzat zein kaltarkitsua izan zan.

 

 

3. Lot katibu erori, eta Abranek libratzen du

 

        Bazter aietako Erregeak zerbaiten gañean elkarren arteko despita artu, eta nor berearekin irten naiez, alde batetik lau Errege jarri ziran, eta bestetik bost, eta oien artean Sodomakoa. Lau aiek bostai eraso zietenean, oiek ere arpegi eman nai izan zieten; baña Sodoma, eta Gomorrakoak, noski, ikaraturik, itzultzera egin bide zuten, eta bertan erori ziran, eta beste irurak mendira iges-egin zuten. Garailariak Sodoma, eta Gomorran sartu, zegoan guzia artu, eta beren tokira biurtu ziran; eta beste askoren artean Lot ere katibu eraman zuten.

        Ondamen onetatik iges-egin zuen batek, Loten berri mingarri au Abrani eraman zion; eta irureunda emezortzi serbitzari indartsu eta bulardetsuenak arturik, lau Errege garailariai gogor egiteko asmoan, bidera irten zitzaien. Sikengo ondoan atzitu zituen, eta alakorik uste etzutela zeuden lekuan, itsumustuan sartu, eta eraso zien, eta batzuek il, eta besteak igesi bialdu zituen. Zeramazkiten katibu eta ondasun guziak kendu ziezten, eta bere illoba Lot ere bere gauzakin libratu zuen. Berri gogoangarri au barreatu zanean bereala, Sodomako Errege berri, erasoan il zanaren semea, aurkeztu zitzaion, bere esker onak eman, eta eskuerakutsiak egitera.

        Sodomako Erregearen arera onek Abrani poz eta atsegin andia eman zion: baña are andiagoa izan zuen Salemgo Errege Melkisedekek egin zionarekin. Salemgo Errege au denbora berean Jainkoaren Apaiza zan; zeñak Jainkoari ogia eta ardoa ofrendaturik, Abran bedeinkatu zuen; eta Abranek bedeinkazio au begirune guziarekin artu, eta Jaunari bere gauza guzien amarrena eskeñi zion; onekin erakusten zuela, Jainkoaren eskuetatik artutako mesedeai ondo erantzuten, zein leialak izan bear geran. Elizako gurasoak Melkisedek au, millata bederatzi eun urtez lenago Jesu Kristo gure Jauna siñale agerikoakin adierazo zuen iduri egiazkoenekotzat daukate.

        Melkisedekin Abranen arteko lanbidea bukatu zanean bereala, Sodomako Erregea sartu zan, eta Abrani esan zion, etsaiaren eskuetatik libratu zituen personak emateko, eta gauza guziak beretzat gorde zitzala; baña etzuen ezer ere artu nai izan, eta Errege aiek, nor bere gauzakin gelditu ziran.

 

 

4. Agar-ekin Abranen ezkontza

 

        Denbora onetan Abranek humerik etzuen. Berak eta bere emazteak gogoan zeukaten, Abranen ondorengoak itsasoko areak baño ugariagoak izango zirala, Jainkoak eman izan zien ustea: baña Sarai zarra, eta aurrak izateko urteetan igaroa zan; eta Saraik bere eziñari begiraturik, senarrari esan zion, etxean zeukaten neskatx Ijito Agar-ekin ezkondu zedilla.

        Irakurleen jakiunderako emen esan bear da, gizonak emazte bat baizik ez izateko legea munduaren asieratik ipiñia dala. Ugoldea bitarteko milla eta geiago urtean lege au bere indarrean egon zan: baña ugolde ondoan, nai zuenak emazte bat baño geiago idukitzeko eskua Jainkoak eman zuen; dirudienez, mundua berriro jendez lenbaitlen betetzeagatik. Eskubide edo baimen onen bidez, dakusku, Abran, eta Jakob Patriarka guziz santuak ere emazte bi edo geiago izan zituztela. Gero ere askok au bera egin zuten, Jesu Kristo gure Jaunak, munduaren asieran bezala, nork bere bat baizik ez izateko legea bere oñera itzuli zuen arteraño.

        Sarairen esanari on-iritzita, Jaunaren promesa betetzeko bere odoleko bat utzi naiez, Abran Agar-ekin ezkondu zan: baña on-bearrez artu zuen langai onek laster bere naigabe eta buruausteak eman ziozkan. Agar, nagusiak batetik onela onratuta, eta bestetik aurdun edo gorputz katibuarekin zegoala, ezagutu zuenean, ezin geiago arrotu zan, eta serbitzari eta mendeko bat zala azturik, asi zan asko iseka eta farra Sarairi, bere agortasun edo aurrik-eza arpegian emanaz, egiten. Onek ezin zituen Agar-en lotsagabekeriak eraman; eta senarrari beti espa eta kejuraka zegokion; uste zuen, alabañan, Agar-en esan-egin lotsa gaiztoko oiek ontzat ematen zituela. Baña Abranek uste txar onetatik bereala atera zuen, esanaz; zure mendean daukazu, eta berarekin, nai dezuna, egizu. Saraik eskubide onekin, Agar gogor artzen zuen, eta basoronz igesi joan zan. Agar baso-bazter batera zanean, aingeru batek esan zion, Nondik zatoz, eta nora zoaz? Nere etxeko-andre Sarairen bekoki illunaren igesi noa, Agar-ek erantzun zion. Ez ori, aingeruak esan zion; itzuli zaite, eta Sarairi umillatu zatzakio. Gero esan zion, sabelean zeukan semeari zer izen ipiñi: bai ta ere, seme onen etorkizuneko berri asko eman ziozkan, bere garaiean gertatu ziranak. Agar itzuli zan, eta lengo arrokeriak utzita, txit umillatua Saraik ikusi zuenean, arrera ona egin, eta arpegi argiarekin begiratzen zion. Egunak bete ziranean, Agar-ek Abrani eman zion seme bat, Ismael deitu zitzaiona.

 

 

5. Zirkunzisioa

 

        Abranek orduan larogeita sei urte zituen; eta andik amairugarren urtean Jainkoa berriz ere agertu zitzaion, eta esan zion, anziñago arekin egindako batasun edo elkar-artzea, eta egin ziozkan promesak, berriztu nai zituela. Bere itzaldia egin eta atzenean esan zion; ondorengo askoren guraso izango zera; eta aurrerakoan etzatzu deituko Abran, ezpada Abraham. Abranek esan nai du, Aitabitorea, eta Abrahamek askide edo askotza bitorearen Aita. Jainkoak izen-trukatze onekin bigarren au adierazten zion; bada, esan zion; jendeen buruan ipiñiko zaitut, eta Erregeak zugandik irtengo dira. Ala gertatu zan; bada, bere odoletik ez bakarrik David, Salomon, eta beste Errege asko etorri ziran; baita Errege guzien Errege, Jesu Kristo gure Jauna ere.

        Orduan Jainkoak bere erri berezi eta serbitzaritzat Abraham eta onen ondorea autu zituen; eta aukera onen siñaletzat Zirkunzisioa eman zion; zeña zan, gizona dan edo ez, ezagutzen dan gorputzaren zatian ganibitaz ebaki bat egitea. Jainkoaren errikotzat, bada, bat idukitzeko, lege onen bidez zortzigarren egunean semea zirkunzidatu bear zan.

        Agindu au ipiñi eta bereala emaztearen izena ere trukatu nai izan zuen; eta Abrahami esan zion; Sarai zure emazteari ez diozu Sarai deituko, ezpada Sara; eta bedeinkatuko det, eta beraren bitartez emango dizut seme bat, bedeinkatuko dedana, eta jendeen aita izango dana, eta Erregeak bere odolean izango dituena. Saraik esan nai du Andrea, eta Sarak Prinzesa.

        Abraham auzpez jarri zan, eta farraz zegoan, beregan ziola; eun urteko agureak semea izan, eta Sara larogeita amarrekoak aur-egin! Agindu zion, jaioko zitzaion semeari Isaak deitzeko. Gero Jainkoak agindu guzia, Abrahamek egin zuen. Ismael bere semea, eta bere etxeko guziak zirkunzidatu zituen. Zirkunzisio onek, orain bataioak bekatu jatorrizko edo orijinala barkatzeko duen indarra, zuen; eta Jainko egiazkoaren aitormena zuten guziak, Jesu Kristok bataioa ipiñi arteraño, gorde izan oi zuten.

        Jainkoak Abrahamen leiala, eta agindua egiteko prestasuna ikusirik, eguerdi batean bere etxe-atarian eserita zegoala, iñoiz ere ez bezalako eran agertu zitzaion. Begiak luzatu zituen batean iru gizon bere ondan zutik ikusi zituen, eta ongi-etorria egitera joan zitzaien; eta auzpez jarririk, esan zien, etzitezela aurrera joan; ura ekarriko zuela; eta oñak garbituta, arbola-pean atseden zezatela; eta gero zer jana emango ziela, onekin zuzpertuta, bideari ekiteko. Abraham txit biotz andikoa zan, eta etzitzaion iñor, berak ikusi ezkero, arera ona egin gabe joaten; eta aldi onetan ere berezko oitura egin zuen. Iru gizon oiek bere eskeñi oparoa ontza artu, eta erantzun zioten, ziona egin zezala bada. Bereala Saragana sartu, eta agindu zion, su-auts-azpian erretako ogiak prestatu zitzala; beitegira bera joan, eta txal gizen guri bat arturik, morroi bati eman zion, egosteko. Txal eta ogi onela prestatuakin, koipea eta eznea arturik, iru gizonai eraman ziezten; eta arbola-pean aien ondoan jarri zan. Jan zutenean, galdetu zioten; Sara non dezu? Or, gelan, dago. Orduan Jainkoak iru gizon ziralako aien bitartez esan zion; berriz ni biurtzerako, Sara zure emazteak seme bat izango du. Sara ate-atzean itzketa au aditzen zegoanak, beregan farrari eman zion; eta Jainkoak Abrahami galdetu zion, Zertako Sara farraz dago, esanaz, zer, ni atsotu onek aur-egin bear det? Zer bada! Jainkoarentzat eziñik bada? Sara lotsatu zan, eta far-egiña ukatuaz garbitu nai izan zan, baña ezin zezakean.

        Egon-aldia egin, eta iru gizonak Sodomaronz abiatu ziran; Abraham ere bai aiei zerraikiela, eta Jainkoak bidean esan zion, Sodoma, eta Gomorrako bekatuak gañez egin zutela, eta zegokien kastigua ematera zijoala. Emen iruetatik bi aurrera joan, eta bat Abrahamekin gelditu zan; eta Abrahamek galdetu zion. Zer? ona gaiztoarekin ondatuko dezu, Jauna? Baldin berrogeita amar on arkitzen badira, barkatuko diezu? Jaunak erantzun zion; baldin berrogeita amar zuzen edo justu Sodoman arkitzen baditut, Uri guziari oiekgatik barkatuko diot. Abrahamek esan zuen, autsa eta erautsa baizik ez naizan onek nere Jaunari itzegingo diot; Zer egingo zenduke berrogeita bost justu baizik arkituko ezpaziñitu? Berrogeita bost justu arkitzen baditut, ez det Uria ondatuko. Eta zer berrogei baizik ezpadira? Ezta ere. Abraham zerraikion galdeak egiten, eta justuen zenbatezkoa gitxitzen. Atzenean galdetu zion: zer egingo zenduke amar baizik ez izatera? Amar aiei begiratuta, ez det ondatuko. Au esan, eta Jainkoak aldegin zuen, eta Abraham bere etxera edo dendara itzuli zan.

        Jainkoaren ontasuna eta biotza zein andia dan! Emen ageri da, bekatariak kastigatzera ezin bestek daramala. Sodoma bezain Uri galdu eta gaiztoa ondatzetik Jauna atzeratuko zan, amar on utsak arkitu balira ere: eta Abrahamek galdetu balio, ea bostgatik edo gitxiagogatik barkatuko zion? Menturaz erantzungo zuen, baiez. Jainkoaren aurrerako anima on batek zenbat balio ote du! Jaunaren serbitzari leialak zenbat ondasun eta mesede erriai ekarri ote ditzazkiekete! Oiek ugaritzea berari nai dakiola bada.

 

 

6. Sodoma eta beste Urien ondamena

 

        Abrahamgandik lenengo aldegin zuten bi aiek illunabarrean Sodomara bazijoazen. Lot, Abrahamen illoba, eta osaba bezala biotz onekoa eta ongillea, Uriko atean eserita zegoan; eta bi aiek ikusi zituenean, jaiki, eta joan zitzaien, eta auzpez jarririk, esan zien; jaunak, zuen serbitzari onen etxera, arren, atozte, eta atsedengo dezute, eta goizean bideari emango zatzaiozka. Ez, erantzun zioten, Urian geldituko gera. Lot berriz ere leiatu zitzaien, eta geroenean berekin eraman zituen. Afaria prestaturik, jaten eman zien. Etzatera zijoazen aurrean, Uriko zar-gazteak elkar-arturik, etxea ingurutu zuten. Loti otsegin, eta esan zioten illunabarrean zure etxe onetan sartutako gizon arrotzak non dituzu? ekarzkiguzu, ezagutu ditzagun. Lot etxetik irten, eta oien asmo galduai igerrita, erregutu zien, etzezatela alako gaiztakeriarik egin. Egin-al guziak egin zituen, gizon biurri aien biotzak biguntzeko, eta tzeratzeko; baña alperrik. Asi ziran indarrez sartzen. Ateak puskatzeko zorian zeuzkatela, bi gizonak Lot eskutik artu, barrura sartu, eta atea itxi zuten; eta etxe-inguruan aien eske zebiltzan guziak itsututa ipiñi zituzten, atea ere ezin topatu zutela. Orduan Loti bi aiek adierazo zioten, Jainkoak Uri hura ondatzera bialdutako aingeruak zirala, eta esan zioten, zereetakorik iñor emen badezu, bereala atera itzatzu; bada, Uria oso ondatzera goaz, zeren emengo bekatuak zerua aserretu duten. Lot etxetik irten, eta bere bi alabakin ezkontzeko zeuden sui-gaiai esan zien, zer gertatzera zijoan, eta irten zitezela; baña esana etzioten ezertan artu. biaramonean goiz aingeruak Loti leiatzen zitzaiozkan bere alabaekin lenbaitlen irteteko, besteakin batean ondatu etzitezen. Onetan nagitxo zebiltzala ikusirik, aingeruak Lot, onen emazte, eta bi alabak eskutik oartzaka artu, eta Uriaz kanpora atera zituzten. Emen Loti esan zioten; zere burua gorde ezazu: ez atzera begiratu; ez inguru oietan gelditu; basora zoaz, besteakin ondatu etzaitezen. Lotek erregutu zien, utzi zizaiotela, ageri zan erri txiki Segor-en sartzen, emen bere burua gordetzeko; eta eman zioten baimenarekin Segor-era joan zan.

        Zerua garbia zegoan txit; eguzkia orduan agertzen zan; eta tximista biziak zeriozkan odei batek zerua bat batetan estali zuen. Lurra idiki, eta su eta garrak botatzen zituen; eta odeietatik jatxi zan sufre eta suzko jasa ikaragarriak Sodoma, Gomorra, Adama, eta Seboingo erriak irazeki, eta osotoro erre, eta kiskaldu zituen, zer izan ziran aztarnarik ere utzi gabe. Etxe eder-galantak, lur-mami-gozoak, arbola ikusgarriak, eta Lot, bere bizi-lekutzat aututzera ipiñi zuten gañerako gauza zoragarri guziak emen erre ziran; eta ur-zulo zikin bat egiñik gelditu zan; zeñari geroztik itsaso illa deritza.

 

 

7. Loten emaztea gatz biurtua. Loten bekatua

 

        Orainago esan da, Loti, eta bere lagunai agindu zitzaietela, ez atzera begiratzeko; baña Loten emazteak, debeku au autsirik, su eta garren ots izugarriak, eta erri aietako kiskalzio gogorrak aditu zituenean, begiak itzuli zituen, eta o miragarria! leku berean gatz egiñik gelditu zan; eta era onetan bi milla urtez geroago ere zirauan. Ikasbide ona, munduko Sodoma galduari, bein utzi ezkero, ez berriz begiratzeko, eta bekatuagana itzultzeko!

        Biaramonean txit goiz Abraham jaikirik, bezperan Jainkoak itzegin zion lekura joan zan, eta lurretik zeruronz Sodoma eta bere inguruetan zebiltzan txinpart gorriak, eta odei guzia estaltzen zuten ke beltz illunak ikusi zituen. Ikusgarri min onen erdian atsekaberik andiena, bere illoba maite Lotek zer egin ote zuen, ezin igerriak ematen zion. Egia da, Jaunaren errukimentuan zuen uste osoak sinisterazotzen ziola, gañerakoen ondamenetik gordea izango zala; eta etzan gezurtatu. Lot, arestian esan dan bezala, aingeruen laguntzarekin ondamen artatik ondo irten zan: baña beste lanbide gaizto batean erori, eta bere osabari naigabe andia eman zion. Lotek, aingeruen lenengo esanera joan nai izan etzan basora joateko gogoa artu zuen, bere burua obeto gordetzeagatik; eta ara zanean, orditu ta bi alabakin bekatuan erori zan, eta izan zituen bi seme Moab eta Amon, zenbat buruauste eta neke Abrahamen ondoreari ekarri zietenak.

        Abrahamek, bazter aietako bekatuakin, eta Loten etxeko naigabe eta ez-bearrakin izuturik, Gerararonz aldegin zuen, non gertatu zitzaion gitxi gora beera, Ejiptoko Erregearekin gertatua. Onara zanean, esan zuen, Sara arreba zuela. Abimelek erri artako Erregeak jakiñik, Sara zein ederra zan, ikusteko gogoarekin bere Jauregi edo etxera eramanerazo zuen. Baña Jainkoak gauaz ametsetan itzegin zion onela; illik geldituko zera, baldin emakume orrekin kutsutzen bazera, zeren ezkondua dan. Erregeak erantzun zion, zer bada! Fede onean, eta ez-jakiñean dijoan kulpa gabeari bizia kenduko diozu? Gizon ark berak esan dit, Sara arreba zala, eta Sarak ere Abraham anaia duela: beraz dakusu, gaitzki egiteko asmorik ez nuela. Jainkoak Erregeari esan zion, zure fede onaren berri badet; argatik bekatutik gorde ere zaitut: senarrari bere emaztea itzuli zaiozu bada; bera Profeta bat da; zugatik erregutuko du, eta biziko zera: bestela jakin ezazu, zu eta zere etxeko guziak illko zeratela.

        Jainkoaren esanarekin Abimelek ikaraturik, Abraham beregana erakarri, eta esan zion; zer egin didazu? Zer gaitz egin dizugu, bekatu ain izugarri bat niri eragin, eta ni nere Erreinu guziarekin ondatzeko bidean ipiñierazotzeko? Abrahamek erantzun zion; uste nuen, bazter oietan Jainkoaren bildurrik etzala, eta ni il eta emaztea beretu zezaten ikarak, esanerazo zidan, arreba nuela; izatez ere, alaixen da: bada, ama biren humeak bagera ere, aita bat degu: bestetik, nere etxetik, Jainkoak agindu, eta irten nintzan ezkero, Sara erreguturik neukan, arren, nere arreba zala esateko. Arreba deitzen dio, aita baten humeak ezbaziran ere, beintzat aide txit urrekoak ziralako, lenagoko irakurgaiean esan dan bezala. Abimelekek Abrahami eskuerakutsi eta erregalo andiak egin ziozkan: eta Saragandik aldegitean, oni ere esan zion; zure anaia dalakoari milla zillar diru eman diozkat, zeintzuekin oial bat erosiko dezu, zere burua estaltzeko, munduak jakin dezan, ezkondua zerala.

        Jainkoak lege zarrean berean ere ezkonduen elkarganako leialtasuna zorrotzkiro agintzen zuen. Bada zer izango da Kristauen arteko ezkontza, Sakramentu izatera altxatu ezkerokoari zor zaiona? Zer kastiguak, gogoz baizik ezbada ere, batasun santa au austen duenak mereziko ezditu? Batagandik besteaganako desberdintzari begira bekio, eta edozeñek ezagutuko du, onelako desleiala zein bildur izatekoa dan.

 

aurrekoa hurrengoa