www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA ZORTZIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Ester eta Mardokeo Persian

 

        Lenago esan da, katibutasunean zeuden Juda eta israeltarren erdiak Nabukodonosor-ek, Persiaz jabetu zanean, bazter oietara bialdu zituela. Beste askoren artean Mardokeo zeritzana joan zan. Mardokeo Juda bere erritik Babiloniara errege Joakinekin eraman zuten, eta persiara aldatu zanean Susako urian bizi zan, Ester zeritzan illoba bat bere ondoan zuela. Mardokeo gizon zuzena eta Jainkoaren bildurrekoa izanik, aita ilda, umezurtz geratutako illoba bere kontura zeukan, eta txit oitura onetan azi zuen.

        Mardokeo onela bizi zala, izan zuen amets bat zer pensatu andiak eman ziozkana eta, etorkizuna ikusi artean, igerri etziona. Lo zetzala, iruditu zitzaiozkan ots, iskanbilla eta iñusturiak; lur-ikara eta zanbuluak: gero ikusi zituen bi erensugetzar, elkarri eraso naiez zebiltzanak. Oien txistuetara, on guzien kontra jendeak jaiki ziran, eta mundu guzian izu-ikara latza sortu zan. Onak ere ikaratu ziran eta Jainkoari otsegin zioten. Orduan ikusi zuen iturtxo bat ibai andi egin eta ur asko zeriona. Eguzkia eta illargia agertu ziran, eta umillak goratu eta arro urgullutsuak aien azpira erori ziran. Ametsa au zan.

        Denbora onetan Persiako uri Susatik Asuero erregeak eunda ogeita zazpi probinzia bere mendekoetan agintzen zuen: eta arestiko Mardokeoren ametsetik urtebetera, bere anditasun eta izanak erakusteko, eman zuen bazkari bat, egundaño ikusi dan andiena. Eunda ogeita zazpi probinziaetako buru eta agintariak, erreinu guziko errege-gizon eta andizkiak bere etxera bildu zituen, eta eman zien bazkariak eunda larogei egunean iraun zuen: bitarte luze onetan ezeren ere utsunerik ikusi etzan. Jan-edanak eta beste gauza guziak lenengo egunean bezala atzenekoan agertzen ziran, mundu guziak Asueroren anditasun eta aberastasuna jakin zezan.

        Bazkari au bukatutakoan, Susako gizon guziai ere beste zazpi eguneko bat eman zien. Onetarako aulki, mai eta bear ziran beste tresna guziak etxeatarian ipiñierazo zituen, eguzkiak jo etzitzan, urrea eta zillarra zeriozkien kortina ederrakin estalpeak eginda. Atzenean, guzia erabat joan zedin, nai izan zuen bere emazte Bastik ere Susako emakume guziai bere beste etxe batean beste zazpi eguneko bazkari bat eman zizaien.

        Atzeneko egunean, errege Asuerok, ardoz kaskoa ondo berotuta zeukala, erregiñari gaztigatu zion zituen soñeko eta edergarririk obenak janzi eta koroa buruan zuela aurkeztu zekiola, an zeuden guziak aren edertasuna zekusaten. Erregiñak etzion gaztigu au ontzat artu, eta etzitzaion joan nai izan, debekatua zegoalako aren erako emakumeak atzeen begietan jartzea. Senarra txit aserretu zan, eta alboan zeuzkan ondo-erakusleai galdetu zien ea erregiñak zer kastigu merezi zuen. Emaztearen erantzuera bidezkoa zan; baña ondo-erakusle losentxariak etzioten erregearen suari errekiñak emateari baizik begiratu. Mamukan-ek, guzien izenean, erregeari erantzun zion, Basti erregiñaren ukoak erregearen onoreari ez ezik, erreinu guziari ere ukitu ziola. Bastiri ezer egin gabe uzten bazitzaion, bazter guzietan barreatuko zala; emazte guziak jarraituko zitzaiozkala, au bera egiñaz, eta senarrak nai zutenik ezinean arkituko zirala: beragatik erregearen aserrea bidezkoa zala, eta baldin ondo bazeritzan, agindu zezala aren etxean Basti ez geiago sartzeko, eta beste emazte bat artu zezala. Lanbide au erreinu guzian zabaldu zedilla eta senarren aginduak emazteak txotillago egingo zituztela. Esan au erregeak ondo artu zuen, eta erreinu guziari gaztigatu zion zer neurri artu zuen.

        Asuerok, andik laster burua oztu eta ardoaren indarrak beeratu zitzaiozkanean, ezagutu zuen agindu hura ematen izandako arintasuna eta Bastik atzeen aurrean jartzeko uzkurtasunarekin erakutsi zuen onestasuna: baña legeak debekatzen zion bein utzi ezkerokoa berriz artzea; eta bere erakusleak buruan sartu zioten, Basti zan baño ere neskatx ederrago bat emazte egin bear zuela. Agindu zuen erreinu guzian arkitzen ziran neskatxik ederren eta moduzkoenak bildu eta bere etxera ekarri zitezela. Neskatx oiek Ejeo-ren kontura ipiñi zituzten, eta beste askoren artean Mardokeoren illoba Ester. Urte betean errege-etxean iduki zituzten, edertzen; eta guziak bat-banaka erregeari eraman ziozkatenean, Ester-ek begiak bete ziozkan; ederrentzat autu zuen; eta koroa buruan ipiñi zion, zeñak adierazten zuen, emazte nagusi edo lenbiziko zala. Ezkontza onen berna erreinu guzian bereala eman zan; eztai andiak egin ziran; eta ezkontza onekin erreinu guziak mesede bat izan zezan, emankizunak gitxitu zituen.

        Mardokeo, bere illobari txit nai ziolako, beti errege-etxe-atarian zebillen, erak agintzen zion guzian Ester-i bere ikasbideak emanaz. Ester ezkondu zanetik iru urteren buruan, errege-etxeko atean kontu egiten zuten biri, Mardokeok igerri zien erregea iltzeko asmoan zebiltzala, eta Ester-i esan zion senarra kontuan ipiñi zezan. Gaztigu onekin asmo gaizto guziak agertu ziran; eta bi gizon biurri aiek il zituzten. Mesede paregabe onegatik bazirudien Asuerok Mardokeori ondo begiratuko ziola; baña eskuerakutsi labur batzuek baizik egin etziozkan eta agindu zion etzezala jauregi ondotik aldegin. Jainkoak Mardokeoren saria geroko gordeta zeukan; eta bitartean Asuerok bere penzudea edo konfianza guzia etsairik gaiztoenean zeukan, eta au Aman zan.

        Aman, Asuerok goeneneko mallan zeukan serbitzaria eta errege beraren urreneko zan. Arestian esan dan errege iltzeko asmo artan, Amanek zer-ikusia bazuen, Lidiako errege Amanen aidearekin Asueroren illoba Mediako Erregeak zerabillen gerran osaba illobaren aide zalako: bada, Asuero il ezkero, Amanen aideak ondo irteteko ustea zeukan; eta badira diotenak Asuero galtzeko Susara joan zala. Ala ere, Amanekin Asuero itsutua zegoan, Jainkoari egiten zitzaiozkan agur berak Amani egiteko agintzeraño.

        Agindu onen bidez, erregearen etxe-atariratzen zanean, Mardokeo ez, beste guziak belaunikatzen zitzaiozkan eta adoratzen zuten. Amani esan zioten Mardokeok etzuela besteak bezala egiten, eta bere begiakin ikusi zuenean salatu ziotena egia zala, artu zuen Mardokeo eta onen lagun Juda eta Israelko guziak ondatzeko asmoa; eta Mardokeoren argi eta leialtasunak Asuero bizirik zeukala gogoratzeak lanbide onetarako su geiago ematen zion.

        Amanek Asuerori sinisterazo zion, bada, katibu aiek Persian zeuden bitartean, gauza onik etzegoala; asko ugaritu eta indar andia artu zutela, eta erreinu guzia nastu eta pakea austeko zorian zebiltzala. Asuerok, serbitzari gaizto onen esanai belarriak idikita. agindu zuen egun jakin batean guziak il zitezela, eta probinzia guzietara aginte au bialtzeaz gañera, leku agirietan txartelak ipiñi ere zituzten.

        Juda eta israeltarrak berri min au artu zutenean, negarrari eman zitzaiozkan; zaku eta penitenziako beste soñekoak janzi zituzten, gorputzak zatitu, zilizioakin nekatu, barauak atera zituzten, eta estura larri artan zer egin etziekitela zebiltzan. Mardokeo ere erregearen etxe-atarian oska bazebillen, bere miña Ester-i adierazo naiez. Mardokeo gisa onetan zekustenak baziekiten Ester-en txit adiskidea zala, osaba zanik jakin ez arren, eta aditzera eman zioten nola zebillen. Ester-ek igerri zion naigabe andiren batek artaratuko zuela, eta soñeko bat bialdu zion, zerabillenaren ordez janzita joan zekion. Ester-ek lan au egin zuen alako janzkerarekin erregearen etxean sartzeko eskurik iñork etzuelako; baña Mardokeok etzuen aldatu nai izan. Geroenean Ester-ek bere morroi Atak bialdu zion, zer zuen jakitera. Mardokeok gaztigatu zion zer lanbide estu eta larrian bera eta lagun guziak arkitzen ziran, eta erregeagana sarturik eskatu zizaiola, arren, agindu gogor hura atzeratzeko.

        Erregearen gelan iñor, erregeak gaztigatu gabe, sartzea, biziaren azpian debekatuta zegodn, eta osabari erantzun zion: Nola egin dezaket zuk diozuna, baldin ogeita amar egun oietan ez banau deitu? Osabak esan zion: Ez uste izan, ez, erregearen etxean zaudelako zu bakarra bizirik geratuko zerala, beste judar guziak ilda: bada, zu orain isillik bazaude, judarrak beste biderik izango dute ondo irteteko: orduan zu eta zure aitaren jatorriak ilko dira. Eta, nork daki, zu erregiñatzara igo ote zeran, esturasun latz onetan gu gordetzeko? Atzenean oiek eta onelako osabaren beste esan askorekin, aurrenetik uzkur bazegoan ere, jarri zan erregeagana agertzera. Onetarako osabari gaztigatu zion, Susan arkitzen ziran Judako guziak bildurik, iru egun eta iru gauean barautu zezatela; berak ere bere neskameakin ala egingo zuela; Jainkoari gogoz eskatu zizaiotela bere lanbidean ondo irten zedin.

        Ester-ek gaztigatua Mardokeok egin zuen; biotza Jainkoronz jasorik, eskari au egin zion: Jauna, Jauna, Errege guziz Altsua: gauza guziak zure eskuan dituzu, eta zure naiari gogor egin dizaiokeanik ez da. Zeru-lurren Egillea zu zera; gauza guzien Jabea zu zera. Badakizu Amanek nai zuen agurra ez diodala nere arrokeriaz eta ezertan ez daukadalako ukatu: Israelen onerako ala bear izan ezkero, beraren oñ-pean pozik jarriko nintzaion; baña zuri bakarrik zor zatzuna besteri emateak bildurtzen ninduen. Orain, bada, Abrahanen Jainkoa, zure erriaz errukitu zaite; dakusu etsaiak il nai gaituztela.

        Ester-ek ere eskari bera Jaunari egin zion, eta iru egun negar eta nekekoak igarotakoan, prestatu zan; soñekorik ederrenak janzi zituen; gorputza un gorriz eta arri distiatuz apaindu zuen; eta neskame batek besotik eutsi eta besteak mantuaren ertza jasotzen ziola, senarra errege-aulkian eserita zegoan lekura sartu zan. Erregeak, gaztigatu gabe sartu zalako egin zion begiratu zorrotzak desganatu zuen, eta korde gabe lurrera jauzi zan.

        Gisa artan Ester ikusteak Asueroren biotza bigundu zuen, eta aulkitik jaikirik eldu zion, esanaz: Ester, zer egin zatzu? Ez ikaratu: legea ez da zugatik ipiñi, ezpada besteakgatik. Atoz eta urrezko koroa janzi ezazu. Ester-ek etzion itzik egiten: eta senarrak koroa buruan ipiñi zion, esanaz: Zergatik itzegiten ez didazu? Ester, itz oiek adituta, berera zan eta erregeari esan zion: Jauna, uste izan det Jainkoaren aingeru bat zugan ikusten nuela, eta nere biotza zure anditasunak ikaratu du. Berriz ere desganatu zan, eta itza etorri zitzaionean, Asuero poztu zan, eta esan zion: Ester, zer nai dezu? erreinuaren erdia eskatzen badezu ere, emango zatzu. Ester-ek erantzun zion: Eskatzen dizudana da, nik nere gelan prestatuta daukadan bazkari bat, zuk eta Amanek jan dezazutela. Itza bereala eman zion: Asuero eta Aman gelara joan ziran bazkaltzera; eta Asuerok, ardoz zerbait berotu zanean, berriz ere galdetu zion: Zer nai dezu edo zer eskatzen dezu? Ala bear bada, erreinuaren erdia emango zatzu. Ester-ek erantzun zion: Zure gogoa bada, gaur bezala biar ere atozte nere gelan bazkaltzera.

        Aman poz andian irten zan, eta etxera zanean, bere adiskideak deitu zituen eta esan zien erregeak zer goratasun andian zeukan, zer ondasunen jabe zan; nola egun artan berean erregiñaren gelan, bestek ez, eta erregearekin bazkaldu zuen; eta biaramonerako esanda zegoala; baña zorion oiek guziak ezertan etzeuzkala, Mardokeo judarra erregearen etxeko ateetan zekusan bitartean: etzion, alabañan, orduan ere, gañerakoak bezala, agurrik egin.

        Zarez bere emazteak eta adiskideak esan zioten ogeita bost kanako zentoi bat prestaerazo, eta erregeari aginduerazo zizaiola zentoi onetatik zinzilika Mardokeo ipintzeko, eta onela biaramonean pozago joango zala bazkaltzera.

        Asuerok gau hura igaro zuen esnai eta irakurtzen ziozkaten bere erreinaldi-ari zitxeokan gauzak aditzen, eta irakurri ziotenean erregea iltzeko ateko kontuartzalleak artu izan zuten asmo gaizto, Mardokeok agertu zuena, galdetu zuen ea zer sari leialtasun aregatik Mardokeori eman zitzaion. Ezer ez, serbitzariak erantzun zioten. Itzketa onetan ziardutela, erregeari gela aurrean norbait iruditu zitzaion eta galdetu zuen nor zan. Aman gizon biotz gogorrekoa zebillen erregeagana sartu naiez, Mardokeo zinzilika ipintzeko erregeari agindu erazotzeko asmoan; baña Mardokeoren kontua Jainkoak zeukan, eta Amanek aren kontra ezin zuen ezer egin. Erantzun ziotenean, bada, Aman zala, gelan sar erazo eta galdetu zion: Erregeak onratu nai duen bati zer egin bear zaio? Amanek uste zuen bera onratu nai zuela, eta erantzun zion: Erregeak onratu nai duenari, errege-soñekoak janzi, errege-koroa buruan sartu eta erregearen zaldirik obenean ipiñirik, erreinuko prinzipe eta andizki guzietan lenengoak zaldia bridatik duela, leku agirikoetan erabilli bear da, otsegiñaz: Erregeak onratu nai duena, onela onratua izango da.

        Egizu, bada, ezer ere utzi gabe, erregeak esan zion, atarian eserita dagoan Mardokeo Judakoarekin. Asuerok agindu guzia Amanek egin zuen, eta etxera lotsaturik biurtu zan, negar-malkoak zeriozkala. Emazteari esan zion zer gertatu zitzaion, eta emazteak erantzun zion, baldin Mardokeo judua bazan, ezin arpegi emango ziola eta eroriko zala.

        Senar-emazteak itzketa onetan ziardutela, erregearen morroiak Amani esan zioten erregiñaren gelara bazkaltzera joan zedilla. Iruak bazkaldu ondoan, Asuerok Ester-i galdetu zion: Zer eskatzen didazu? Zer egitea nai dezu? Ester-ek erantzun zion: Baldin ni zure gogokoa banazu, O errege! ni eta nere erritarrak bizirik utzi gaitzatzu. Nork il nai zaituzte edo zuen etsai ori nor da? erregeak txit su biziarekin galdetu zion. Gure etsaia Aman ori da, Ester-ek erantzun zion. Erregea aserre bizian jaiki, eta baratzara asnas-bakarrean joan zan. Amanek bereala igerri zion arentzat gauza onik etzala, eta Ester-i barkazio eske jarri zitzaion. Asuerok, gelara itzuli zanean, Aman arkitu zuen Ester-en eser-aulkian bere burua botata, eta deadarrai eman zion: Zer? Nere etxean bertan ere erregiñari gogor egin nai dio? Itz oiek esan orduko, Amanen eske bazkaltzera etortzeko esatera joandako morroi batek esan zion nola Amanen etxean ikusi zuen zentoi luze bat, Mardokeo zinzilika ipintzeko jarria; eta erregeak esan zuen: Zentoi orretan zinzilika Aman bera ipiñi bedi. Ala egin zuten, eta Amanek eraman zuen Mardokeo errugabeari eman nai izan zion patu bera.

        Egun artan berean erregeak Mardokeo beregana eraman zuen, zeren Ester-ek esan zion osaba zuela. Bereala Amanen lekuan bere lenengo serbitzari edo ministrotzat ipini zuen. Juduen kontra lenago emandako agindu odoltsuak kendu zituen; eta berri onekin mandatariak bazter guzietara zabaldu zituzten, eta juduen negarrak isildu ziran. Orregatik zeregin guziak batetan aitu etziran. Persiako legean bein agindua egin bear zan; eta Amanen adiskideak, egun jakiña etorri zanean, onen denboran agindutakoa egin nai izan zuten eta asi ziran juduak iltzen: baña juduak ordurako bizkortu ziran eta gogor egiteko prestaturik zeuden, eta Amanen aldeko asko il zituzten, eta oien artean Amanen amar seme il eta aitaren gisan zinzilika ipini zituzten.

        Gertakari andi onegatik, katibu zeuden Judako eta Israelko guziak pesta andiak egin zituzten, Jainkoak ain argiro gorde zituelako Amanek guziak galtzeko artu zuen asmo gaiztotik; eta egun onen oroipenak beti iraun zezan, agindu zorrotz batekin beartu ziran urteoro bezperan barauakin eta egun berean eta biaramonean pestakin berritzera. Geroz Persian txit pake onean bizi izan ziran. Asuero Ester-ekin ezkondu zanetik amar urtera il zan. Eskritura santak ez digu Ester noiz il zanik esaten; baña etzan andre andi gogoangarri au, nerekiko, luzaro bizi izan. Asuerok bere lekuan utzi zuen Dario, zeñak aitari zerraikiola, juduai asko nai izan zien eta bere serbitzari leialenekotzat Mardokeo berekin beti iduki zuen.

 

aurrekoa hurrengoa