www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA BIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Okozias, bederatzigarren Erregea

 

        Akaben aulkian bere seme Okozias eseri zan. Ait-amaen bide ber-berak artu zituen, eta aien gaiztakeriaetan bereala erori zan. Aita ilda, agintean bera bakarrik jarri zanetik illabete gitxiren epean, etxeko baranda goi batetik erorita gaizkitu zan; eta bera sendatzerik gizonetan etzegoala etsirik, Akarongo jainko Belzeburi mandatariak bialdu ziozkan, bizirik irtengo ote zan galdetzera. Jainkoaren Aingeruak esanda, Elias mandatari oiei bidera irten zitzaien eta esan zien: Israelen Jainkorik ez da, Belzebu Akarongoagana galdeak egitera joan gabe? Zoaz eta erregeari esaiozu: Israelko Erregeari Jainkoak ara zer dion: Zergatik mandatariak Belzeburi bialdu diozkazun galdetzera, zautzan oietik etzera irtengo: naita nai ez, il bear zera. Au esanda, Elias bere bakarrera itzuli zan; eta mandatariak ere bai Okoziasgana. Onek ikusi orduko, esan zien: Zertako itzuli zerate? Erantzun zioten: Gizon bat bidera irten zagu eta esan digu biurtzeko. Gero zearo esan ziotenean gizon arekin zer itzketa izan zuten, galdetu zien: Zer tajukoa zan edo zer janzkera zuen topatu dezuten gizon orrek? Illez janzia eta ubal batekin gerrian lotua, esan zioten.

        Okoziasek Eliasen antza bereala eman zion, eta berrogeita amar soldadurekin agintari bat aren eske bialdu men. Agintari onek Elias mendi tontorrean ikusi zuenean, esan zion: Jainkoaren gizona, Erregeak agintzen du jatsi zaitezela. Jainkoaren gizona banaiz, Eliasek esan zuen, zeruko suak zu eta zure berrogeita amarrak erre zaitzatela. Ordu berean sua zerutik jatsi eta guziak kiskaldu zituen. Erregeak, berriz ere, beste berrogeita amar gizonekin agintari bat bialdu zuen: lenagokoak bezala, Eliasi itzegin zion; eta zerutik berebat jatsi zan suak guziak erre zituen. Erregeak irugarren aldian beste berrogeita amarrekin agintari bat bialdu zuen: baña oraingo agintaria besteak baño buru obeagokoa izan zan. Mendiaren oñera zanean, bere lagunakin belaunikatu eta Eliasi erregutu zion onela: Jainkoaren gizona, ni eta nere lagun belauniko gauden zure serbitzariok, bizirik gorde gaitzatzu.

        Orduan Jainkoaren Aingeruak Eliasi esan zion: Gizon oriekin zoaz eta ez ikaratu. Elias menditik jatsi eta Samariara joan zan. Okoziasi aurkeztu zitzaion eta esan zion: Zergatik mandatariak bialdu ziñituen Akarongo jainko Belzeburi galdeak egitera, Israelen Jainkorik ez balitz bezala, zautzan oietik etzera irtengo: barkazio gabe ilko zera. Au esanda, Eliasek aldegin zuen. Andik laster Okozias Erregea il zan; eta Joran bere anaia erregetzan sartu zan.

        Geroz etzan Elias ere munduan luzaro egon. Au ondo ezaguturik, bere ikasle Eliseorekin Galgalatik irten zan, eta bide zati bat biak egin zutenean, Eliasek Eliseori esan zion: Emen gelditu zaite: bada, Jaunak Betelera bialtzen nau. Eliseok igerri zion mundutik bazijoala eta an egoteko esaten ziola nola zijoan ikusi etzezan. Ikasle leial onek erantzun zion: Etzaitut, ez, utziko. Betelera biak jatsi ziran, eta emen bizi ziran profeta-semeak Eliseori esan zioten: Ez dakizu zure maisu gabe gelditzen zerala? Badakit, erantzun zien. Isillik zaudete. Emen ere Eliasek aldegin nai izan zion; baña Eliseo ernai zebillen, eta etzion utzi. Emendik Jerikora joan ziran, eta emengo profeta-semeak ere Eliseori berri bera eman zioten, eta esan zien isillik egoteko. Eliasek Eliseori irugarren aldian esan zion: Emen gelditu zaite; bada, Jaunak Jordanera bialtzen nau; baña Eliseok oraingoan ere, lengo bietan bezala, esan zion etziola utziko.

        Eliasek ikusirik Eliseoren leia begietatik ez uzteko eta nora nai ondoren zerraikiola, biak Jordango ibai ondora joan ziran: Eliasek kapa tolestatu eta onekin ura jo zuen, eta ibaiaren erdian idiki zitzaion bide leorretik biak beste alderonz igaro ziran, ondoren zerraizkion profeta-semeak atzean utzita. Emen Eliasek Eliseori esan zion: Zer nai dezun eskatu zadazu, zugandik aldegin baño lenago egin dizazudan. Eliseok erantzun zion: Zure bi espirituak nai ditut. Espiritu bi oiek, Santo Tomasek dionez, etorkizunak asmatzeko eta mirariak egiteko eskua ziran. Asko nai izatea da, Eliasek esan zion: guziaz ere, zugandik aldegiten ikusten banazu, bi gauzak izango dituzu; bestela ez.

 

 

2. Mundutik Eliasen ezkutakera

 

        Moabko zelaietaronz biak itzketa gozo-gozoan zijoazela, bat-batetan agertu zitzaien suzko gurdi bat, berebat suzko zaldiak zerabiltena, eta Elias gurdi onetan sartuta zeruronz igo zan. Eliseok zekusan nola Elias gurdiak zeraman, eta atsekabez beterik, deadar egin zion: Ene Aita! Ene Aita! Israelko gurdia eta bere itzaia!!! Baña Elias ezkutatu zan, eta Eliseok etzuen geroz ikusi.

        Eliseo bere maisu on Elias gabe arkitu zanean, negarrari eman zitzaion, eta lantu eta zispuruz zegoala, jatsi zitzaion Eliasek erortzen utzitako kapa, eta Eliseok ezagutu zuen eskatu ziozkan bi eskualdi, etorkizunak asmatzeko eta mirariak egitekoak, berekin zituela. Kapa au artuta, Jordanera itzuli zan, eta bere maisuak bezala, Jordango ura jo zuen; baña biderik etzitzaion idiki. Orduan deadar egin zuen: Eliasen Jainkoa orain non da? Berriz ere jo zuen eta urak bi aldeetara zabaldurik, bidea idiki zitzaion: eta ibaia oñ-leorrez igaro zuen.

        Profeta-seme Jordango ibaieraño Elias eta Eliseori lagundu zietenak, aietatik banakatu ezkeroko egikera oiek guziak zekuskiten, eta Eliseo bereetaratu zitzaienean, esan zuten: Eliasen espiritua Eliseori sartu zaio; eta auzpezturik, agur eta arrera txit andia egin zioten. Eliseo Jerikora joan zan, eta erri onetakoak eskatu zioten ango urak, arren, ondu zitzala: guziz ziran, alabañan, gaiztoak, edale asko il eta lurra elkortzen zutenak. Jerikokoak eskatua eginda, Beteleronz abiatu zan. Errira urreratu zanean, mutillak irten zitzaiozkan, buruan illerik etzuelako iseka eta farra egiñaz, ziotsatela: Ator, buru zuria! ator, buru zuria! Eliseok begiratu zien eta Jainkoaren izenean madarikatu zituen. Bereala basotik bi artz izugarri irten ziran, eta berrogeita bi mutil triskatu zituzten. Eliseo emendik Samariara joan zan.

 

 

3. Joran, amargarren Erregea

 

        Israelko amargarren errege Joranek, anaia Okozias ilda, arestian esan dan bezala, erregetzan sartu zanean bereala, artu zuen Akab bere aita zanaren mendetik irten naiez abiatu ziran moabtarrai erasotzeko asmoa. Joranek Judako errege Josafat eta Edongoa bere aide zituen. Iru errege oiek Eliseo Samarian sartu zan egunetan, lanbide artarako elkargana batu ziran; eta Jordango ibaia igarotzea baño, leorrez joatea aisago izango zutelakoan, Moabko Erregearen billan Idumeako basoetatik abiatu ziran. Bidean zazpi egun egin zituztenean, ura aitu zitzaien, eta egarriak zaldi asko iltzen ziezten, eta gizonak ere iltzeko zorian zeuden. Estura larri au ikusirik, Joran asi zan bere jainkoakgatik gaizki esaka eta espa miñak agertzen. Baña Josafatek besterik egin zuen. Emen ez da, galdetu zuen, Jaunaren profetarik emen ez da, bere bitartez ura eskatzeko? Israelko Erregearen morroi batek erantzun zuen: Eliasen serbitzari Eliseo ementxe da. Ori Jaunaren profeta da, Josafatek erantzun zuen, eta iru erregeak joan zitzaiozkan. Eliseok aurrean ikusi zituenean, Jorani esan zion: Nik zurekin zer eginkizun det? Zure ait-amaen profetaetara zoaz. Joranek bere kejurak aurrera zeramazkien, esanaz: Zertako Jainkoak iru erregeok emen bildu gaitu, Moabkoaren eskuetan erortzeko? Joranen esakera onekin Eliseo aserreturik, erantzun zion: Baldin Josafati diodan begiruneagatik ez balitz, ez nizun, ez, entzungo, ez eta begiratuko ere. Gero esan zien: Erreka onetan erreten-zulo batzuek egizkizute. Aizerik eta euririk ez dezute ikusiko: ala ere, Jaunak urez beteko ditu: eta gañera Moab eskuratuko dizute. Biaramonean guzia gertatu zan Eliseok esan bezala. Erreten-zuloak urez bete ziran, eta gizon eta abereak nai adiña edan zuten.

 

 

4. Eliseoren mirariak

 

        Moabtarrak beren lurreko sarrerara irten zitzaiezten arpegi ematera. Baziekiten bazter aietan aspaldian urik etzala; eta erreten-zuloetako urak ikusi zituztenean, eguzkiaren goizeko irteerako argira, gorritarakoak iruditu zitzaiezten, eta esan zuten: Odola da: Erregeak elkarrekin aserretu eta eskuetara dira. Moabtarrak bereala joan ziran, besteak gogor egiteko eran etzeudelakoan; baña txit gaizki irten zitzaien. Illak il, eta gañerako guzia iru erregeak aurrean artu, eta etziran gelditu alik eta iges egin zezaketen banakak, beren erregearekin Moaben sartu ziran arteraño.

        Eliseok esan guziak gertatu ziranean, Samariara itzuli zan; eta andre alargun bat aurkeztu zitzaion, esanaz, senarra ilda, gelditu zitzaiozkan bi seme, artzekodun batek kendu nai ziozkala, zorra kitatu artean bere morrontzan idukitzeko. Eliseok esan zion: Zer nai dezu, bada, nik egitea? Etxean zer daukazu? Andreak erantzun zion: Nik ez daukat ezer ere, iltzen naizanean nere gorputza igorzitzeko olio apur bat baizik. Zoaz, Eliseok esan zion, eta al dituzun auzoetako ontzi guziak bildu itzatzu, eta olio apur hura ontzi oietan sar ezazu, eta gordeko dituzu. Eliseok esana andreak egin zuen, bere semeak laguntzen ziotela, eta olio apur arekin ontzi guziak bete ziran. Miran andi au ikusita, Eliseori joan zitzaion, esatera; eta Eliseok agindu zion, zorra pagatu eta gañerakoarekin bera eta bere semeak bizi izan zitezela.

        Eliseok bere eskualdi andia erakusteko bidea, berriz ere, laster izan zuen. Bere maisu Elias ibilli izan zan bezala, erlejioko gauzak erakusten eta Jaunaren bildurra biotzetan sartzen zebillen bein batean, Siriako emakume israeltar on baten etxean ostatuz gelditu zan. Emakume biotz oneko onek Eliseoren ontasuna ezaguturik, senarrari esan zion Jainkoaren gizonen bat zala, eta txit ondo zeritzala gelatxo bat bere oi, aulki, mai eta beste gauzakin ipintzea, zetorrenean, nai zuen eran emen egon zedin. Senarraren baimenarekin emazteak ala egin zuen.

        Ibilli-aldiak eginda, etxe onetan sartu zan bein batean, etxekoandreari eskerrak eman naiez, deitu, eta gelako atera zanean, esan zion ea erregeari edo soldadu-agintariari aren aide itzegitea nai zuen. Andreak erantzun zion errian pakean bizi zala, eta iñori itzegin bearrik etzeukala. Bigarren aldian Jiezi bere morroiarekin gaztigatu, eta atera igo zitzaionean, esan zion: Gaur urtebete, ordu onetan berean, seme bat egingo dezu. Ez zure serbitzari oni orrelako losentxakeriarik egin, erantzun zion. Lenago aurrik izan etzuen, eta senarra urteetan aurreratua zan; ala ere, andik urtebetera, Eliseok esan bezala, seme bat izan zuen.

        Seme au azitzen zijoan, eta egun batean aitagana, igitariakin ari zan sorora bialdu zuen, eta eguzkiak burua artuta, esan zion buruan min zuela; eta aitak bereala morroi batekin etxera bialdu zuen. Etxera zanean il zan, amaren egin-alak ezer iritxi gabe. Ama on hura bere semea gabe arkitu zanean, astoan jarririk, Karmelora joan eta Eliseori auzpez jarri zitzaion, oñetatik itsatsita. Jiezi Eliseoren morroiari etzitzaion ondo erori oñetan ala egotea, eta kendu nai izan zuen: baña nagusiak eragotzi zion, esanaz: Utzaiozu bere barruna penatan daukanari. Negar-malkoz oñak bustiaz bere miña erakusten zion, eta Jaunagandik semearen biztutzea iritxitzeko zeukan eresia agertzen zion. Eliseo aurra zetzan lekura joan zan, ama ondoren zerraikiola. Gelan sartu eta atea itxi zuen. Aur illa ikusirik, oiean sartu zan, eta gañean etzan zitzaion musuz-musu, aoz-ao, begiz-begi eta eskuz-esku, eta aurra asi zan berotzen. Oietik jaiki, eta etxean oronz-ononz bazebillen. Eliseo berriz ere oieratu zan eta aurrari gañean etzan zitzaion. Aurra aozabalka asi zan, eta zazpigarren aozabalkarekin batean, begiak idiki zituen. Eliseok bereala aman otsegin eta seme bizia eman zion.

 

 

5. Naaman Siriakoaren sendatzea

 

        Mirari oiek eta onelako beste asko egiten Eliseo zebillenean, Siriako lapur batzuek, Israelen egindako sarrera batean, katibu eraman zuten Israelko neskatx gazte bat, zeñaren ederra eta argia ikusita, Naamanen emazteak neskametzat artu zuen. Naaman zan Siriako Erregearen martiztietako agintaria, gizon aditua, bere erriari on asko egin izan ziona, aberatsa eta erregearekin siriar guzien biotzak bere zituena; baña legenar edo lepraz josia eta arteraño artutako sendagarri guziak ezer egin etziotena. Neskatx katibu onek bein batean etxekoandreari esan zion: Ah, Samarian bizi dan profetagana nere nagusia joan izan balitz! Dudarik gabe onezkero sendatuta zegoan. Emazteak bereala senarrari aitatu zion neskameak ziona, eta Naaman egitera jarri zan. Erregeari joan zitzaion, esanaz: Nere neskatxak au eta au dio; eta baimena eskatu zion. Erregeak baimena ez ezik, Israelko Erregearentzat txartel bat eman zion, ziotsala: Txartel au artzen dezunean jakingo dezu nola Naaman nere serbitzaria bialtzen dizudan legenarra sendatzera. Israelko Erregeak, txartel au artu zuenean, soñekoak urratu eta deadar egin zuen: Bizitza eta eriotza eskuan dauzkadan Jainkoren bat ni al naiz, gizon onen gaitza sendatu dezadala niri gaztigatzeko? Begira, bere serbitzariai esan zien, errege au apuko billan dabil niri erasotzeko.

        Eliseok jakin zuenean Israelko Erregeak zer egin zuen, gaztigatu zion: Zertako soñekoak urratu dituzu? Naaman nigana betor eta jakin beza Israelen profeta badala. Naaman joan eta Eliseoren etxe-atarian gelditu zan. Eliseok, arpegirik eman gabe, morroi batekin Naamani gaztigatu zion Jordango ibaiean zazpi aldiz garbitu zedilla eta sendatuko zala. Naamanek etzion bera agertu gabe gaztigu au bialtzea ontzat artu, eta aserre bizian atzeronz bazijoan, esanaz: Nik uste nuen gizon ori aurkeztuko zitzadala, bere Jainkoari erregutuko ziola eta nere gaitza eskuz ukituta sendatuko zuela. Zer? Damaskoko urak Israelkoak baño ni garbitzeko obeak ez dira? Morroiak ikusi zutenean etxeronz bazijoala, esan zioten: Baldin profetak gauza gogor eta nekez bat agindu izan balizu, osasunagatik egin bearko zenduen. Zergatik, bada, egingo ez dezu ark agindutako gauza erraz ori, nola dan ibaiera joan eta garbitzea? Naamanek ezagutu men morroiak ondo esaten ziotela. Jordango ibaiera jatsi eta zazpi aldiz garbitu zan, eta legenar guzia joan zitzaion, bere aragi-azal guzia aur jaio-berri batena bezain leuna eta ederra gelditzen zala.

        Naamanek bere burua onela garbitua eta sendatua ikusi zuenean, bere lagun guziakin Eliseori joan zitzaion eta esan zion: Orain ezagutzen det Israelkoa beste Jainkorik lurrean ez dala. Bereala eskeñi ziozkan berekin zeramazkien urre, zillar eta balio andiko janzi asko; baña Eliseok artu nai izan etziozkan. Naaman, berriz eta berriz ere leiatu zitzaion, artzeko; baña alperrik. Geroenean, bi mandoz eraman-al lur eramateko baimena eskatu zion, esanaz, aldare bat egiteko zituela, eta egundaño Jainko egiazko bakarra baizik etzuela ezagutuko; eta agur andi bat eginda Eliseogandik Naamanek aldegin zuen.

 

 

6. Jiezi lepraz betea

 

        Onek aldegin bezain laster, Jiezi Eliseoren morroiak beregan esan zuen: Nere nagusiak Naamani ez dio ezer artu nai izan: baña ni ondoren banoakio eta eskeñtzen didana artuko diot. Naamanek ikusi zuenean Jiezi bereronz zijoakiola, bidera irten zitzaion. Jiezik esan zion: Nagusiak bialdu nau zuri esatera Efraingo bi mutil gazte profetakumeak etorri zaiozkala, eta talentu bat diru eta bi soñeko emateko. Naamanek bat baño bi obe zituela esan, eta bi talentu eta bi soñeko bi zakutan sarturik bialdu zuen, bere bi morroi jasalletzat emanda. Jiezi illunabarrean etxera itzuli zan; gorde zituen, eta morroiak nagusiagana biurtu ziran.

        Jiezi, ezer egin ez bazuen bezala, Eliseori aurkeztu zitzaion, eta nagusiak galdetu zion: Nondik zatoz? Zure serbitzaria ez da iñon izan, erantzun zion. Zer? nagusiak esan zion, nere espiritua begira etzegoan Naaman bidera irten zitzazunean? Orain, bada, olibadiak, mastiak, ardiak, idiak eta morroi-neskameak erosteko asmoan diru eta soñekoak Naamangandik artu dituzun ezkero, Naamanen gaitza ere zurekin eta zure ondorengoakin beti izango da; eta Jiezi, bereala Eliseoren ondotik legenez edo lepra zuriz osotoro josia irten zan. Geroz ez dakigu, Eliseok bere serbitzora artu zuenik; ondorengo berrogeita amar urteetan, beintzat, ez da aren aitamenik egiten.

        Denbora onetan Israelko eta Siriako Erregeen artean gerra agerikorik ez bazan ere, Israelkoak eta Siriakoak beti elkarri asko txarkeria eta dollorkeria egiten zebiltzan. Eta oiek guziak beingoan bukatzeko, Siriako Erregeari gogoak eman zion biderik obena zala Israelkoari eskuak ezartzea. Jakin zuen noiz eta nora bere egurastuak artzera eta ibilli-aldiak egitera irteten zan. Alde oietara zelatariak bialdu zituen, agindurik kontuan egon zitezela, Israelko Erregea zijoanean atzemateko.

        Eliseo illabete batzuez lenago Galgalatik Dotan-era aldatu zan, eta Israelko Erregeari Siriakoaren asmo gaizto guziak Dotandik salatzen ziozkan, eta siriarrak zabaltzen ziozkaten sare guziak ezereztutzen zituen. Siriako Erregeak uste izan zuen bereetakoren batek saltzen zuela, eta bein batean txit aserreturik bere serbitzari nagusiai esan zien: Zertako agertzen ez didazute Israelko Erregearen aide saldukeriaz dabilkidan ori? Ez dago, ez, Jauna, emen saldukeriarik, batek erantzun zion. Israelko profeta Eliseok salatzen diozka zuk zure bakarrean esaten dituzun itzik isillenak ere. Siriako Erregeak salati au nor zan jakin zuenean eta Dotanen zegoala, soldadu zaldizkoak bear ziran prestamen guziakin bialdu zituen erria inguratzera. Gauaz joan eta Dotan aide guzietatik setiatu edo esitu zuten.

        Biaramonean egunsentian Eliseoren morroi bat etxetik irtenda inguru guzian soldaduak ikusitakoan, nagusiari joan zitzaion, esanaz: Ai, ai, ai, jauna! Zer egin bear degu? Eliseok ordurako igerri zion zer zan, eta erantzun zion: Ez ikaratu; bada, aiekin baño gurekin geiago dira. Bereala jarri zan Jaunari erregutzen eta eskatzen, arren, morroiaren begiak argitu zitzala. Morroiak mendi bat ikusi zuen, eta onen erpiñean Eliseo bera suzko gurdi eta zaldiz inguratua. Eliseo bere morroi bizkortu onekin Samariaronz irten zan; baña siriarren artean laster sartu zan. Eliseok orduan Jaunari eskatu zion, arren, siriarren begiak illundu zitzala, eta guziak bereala jarri ziran ezer ere ezin ikusi zutela. Itsumen onetan ber-berari galdetu zioten Eliseo non zan, eta erantzun zien: Eliseo arkitzeko lekua au ez da: nerekin atozte, eta nik erakutsiko dizutet non dagoan; eta Samariara eraman zituen. Errian sartu ziranean, Eliseok eskatuta, Jainkoak begiak argitu ziezten, eta ikusi zuten Eliseo bera zala ara eraman zituena eta Samarian beren etsaien erdian zeudela.

        Israelko Erregeak il nai izan zituen; baña Eliseok etzion utzi; eta jaten eta edaten emanda, beren tokira bialdu zituzten.

 

 

7. Israelko gosetea

 

        Siriarrak Israelen ikusi zuten gizabide andi onek, badirudi ordain ona merezi zuela; baña Siriako Erregeak etzuen aintzat artu. Andik laster Samaria setiatu zuen. Jainkoak Israeli bialdutako gosete izugarriak bostgarren urtea zeraman, eta setio luze onekin samariarren estura eta gosetea are geiagotu zan. Ango jan-gauzaen ez-izana zenbaterañokoa zan ezagutzeko, ez dago begiratzea baizik asto-buru batek seieunda ogeita amar erreal egiten zituela, eta gisa onetan beste gauza guziak ere saltzen ziran. Baña ara beste gertakari bat, esan dana obeto egizdatzeko. Egun batean erregea murru gañean zebillen, bazterrak nola gordeta zeuden ikusten, eta emakume batek atzetik deadar egin zion: Ene Jauna eta Erregea! gorde nazazu. Erregeak erantzun zion: Jaunak gordetzen ez bazaitu, nola nik gorde zaitzaket? Zer nai dezu nik egitea? Emakumeak esan zion: Onako andre onek esan zidan: Zure semea gaur jan dezagun eta gero nerea jango degu. Egosi eta jan genduen; orain esan diot berea ere jan dezagula, eta ez du nai, eta ezkutatu du. Itzketa izugarri eta gogor onek erregeari biotza erdiratu zion eta etzuen ezer erantzuteko kemenik izan. Soñekoak urratu zituen, eta errikoak ikusi zioten burni zorrotzez egindako atorra edo zilizioa aragian sartuta zeramana: ezagutzen zuen, alabañan, Jainkoa aserreturik zegoala; ordea penitenziaren siñale oiek eman arren, Jaunaren sua itzaltzeko bidean etzebillen; eta gaitz guziak Eliseori ezarri ziozkan, eta au ilerazo naiez borrero bat bialdu zuen, topatzen zuen lekuan lepo-moztutzeko aginduta. Jainkoak Eliseori agertu zion erregeak zer agindu zuen, eta bere lagunai esan zien nola iltzera gizon bat zetorkion, eta atea kontuz itxi zezatela sartu etzedin, eta errege bera ere ondoren zetorrela, len agindua eragoztera.

        Erregea Eliseoren gelan sartu zanean, Eliseok erregeari hura iltzeko emandako aginduaren gañean itzegin gabe, esan zuen: Biar ordu onetan Samariako atean iriñik obena lakaria, errealean salduko da. Erregeari eskua laguntzeko ematen zion batek, Eliseori esan zion Jainkoak zerutik euri-jasaren gisan garia bialduta ere, etzala alakorik gertatuko. Profetak erantzun zion: Zure begiak ikusiko dute; ez dezu, ordea, jango.

        Denbora onetan lau lepradun Samariako ateaz kanpora egon oi ziran, miñantz onetakoak errian bizitzea debekatuta zegoalako; eta ainbesteraño gosetea zabaldu zan non iñorgandik ere laguntzarik etzuten, eta elkarri esan zioten: Zertako erioaren begira emen egongo gera? Siriarretara goazen. Bizirik uzten bagaituzte, bizituko gera, eta iltzen bagaituzte, ez da ansi, emen ere denboraz il bear geran ezkero. Illunabar batean irten ziran, eta siriarren etzauntzaetara alderatu ziranean, siriarren artean, Jainkoak ala naita, sortu zan ots ikaragarri, soldadu-talde andiak beren zaldi gurdi eta tresnakin egin oi duen antzekoa, eta siriarrak iskanbilla hura entzun zutenean uste izan zuten Israelko Erregea, auzokoak lagun artuta, gañean zutela, eta zegoana zegoan toldan utzirik, gau illunean igesari eman zitzaiozkan.

        Lepradunak txaola batean sartu ziran, eta jan-edanak, urrea, zillarra eta beste gauzak txit ugari arkitu zituzten. Beste batean ere sartu ziran, eta berebat gauzaz betea eta iflor gabe topatu zuten. Bereala erriko atera itzuli eta erregeari gaztigatu zioten zer gertatzen zan. Gizonak bialdu zituen egia zan edo ez jakitera, eta berri onakin biurtu ziranean, samariarrak joanda, siriarrak utzitako ondasun guziak artu zituzten ain ugari non lakari iriña errealean saltzen zan. Gauzaz beteta zetorren jendea errian eraz sartu zedin, erregeak atean kontu-artzen ipiñi zuen aurreko egunean Eliseori sinistu nai izan etzion gizon agintaria, eta urdurikerian sartzen zan jende-talde batek azpian artu eta lertu zuen; eta Eliseoren esana bete-betean gertatu zan: Zure begiak ikusiko dute; ez dezu, ordea, jango.

        Aitatu diran gauza miragarri oiek baziruditen Israelko Erregea eta israeltarrak zentzatzeko bear adiña; baña ondu bearrean beren bide galduari zerraizkion, eta idolo-adoratzeari uzten etzioten. Andik laster Eliseo Damaskora joan zan, eta Benadad Siriako erregeak Hazael serbitzari nagusia eskuerakutsi askorekin bialdu zion galdetzera ea oatuta zeukan gaitz eta miñantz artatik sendatuko zan. Eliseok Hazaeli erantzun zion: Erregeari esaiozu sendatuko dala; baña Jainkoak adierazo didanez, laster ilko dala. Au esan, eta arpegia zurikaturik negarrari eman zion. Hazaelek galdetu zion ea zertako negar egiten zuen. Dakidalako, erantzun zion, Israelko semeai gaitz andiak ekarri bear dieztezula. Gero atzenean esan zion bera Siriako Errege izango zala, eta Eliseok aldegin zuen.

        Hazael au anziñatik zegoan Eliasek erregetzat isillik igortzia, eta orain Eliseok emandako albistarekin, bertatik errege izateko gutiziak artu zuen. Mandatua eginda, errege Benadadgana itzuli zan, eta Eliseok zer erantzun zuen esan zion. Biaramonean erregea ikusteko aitzakitan gelan sartuta, oestalki busti-busti batekin arpegia estali zion, eta itzik ere esateko leku gabe, ito zuen. Benadad onela ilda, bereala Hazael bera onen lekuan jarri zan, eta andik urteetara erakutsi zuen Eliseok egindako negarrak zein bidezkoak izan ziran.

 

 

8. Israelko Erregeak Siriakoari emandako gerra

 

        Joran Israelko erregea siriarrai beti aier zitzaien, eta uste izan zuen erasotzeko erarik obena erregea odol otzik ala ilda, onen aulkian iltzallea jarritako orduan zala: etzirala, alabañan, gogor egiteko egongo. Asi zan Hazaeli erasotzen, Ramot Galaadkoa setiatuaz. Onetarako Okozias Judako erregea laguntzat artu zuen. Lenbiziko erasoetan Joranek zenbat zauri artu eta Jezraelera itzuli zan sendatzera. Judakoa ere geroago joan zitzaion ikusi bat ematera, bitartean bere lekuan utzirik Jehu, zeña gerrari aditua eta argia zan, eta bere bizilekua emen artu zuen.

        Egun oietan Eliseok profeta gazte bati esan zion: Oliontzi au artuta, Ramot Galaadkora zoaz: Jehuren etxean sartuko zera; gela ezkutu batera eramango dezu; eta olio au burura isuriko diozu, esanaz: Ara Jaunak zer dion: Israelko Erregetzat igortzi zaitut. Au esanda bereala, atea idikiko dezu eta igesi joango zera. Eliseok agindua profeta gazteak egin zuen, esanaz: Jaunak au dio: Israelko Erregetzat igortzi zaitut: Akaben etxea ondatuko dezu. Gero adierazo zion Jezabelen odoleko guziak, sabeleko aurrai ere barkatu gabe, Jehu beraren bitartez Jaunak ondatu nai zituela, aren profeta eta serbitzari asko ilerazo zituelako; Jezabelen gorputz-illari nork lur-emanik izango etzala: Jezraelko kanpoan zakurrak jango zutela. Gauza oiek guziak esanda, iges egin zuen. Jehu bere lagunetara itzuli zanean, oiek galdetu zioten ea zoro hura zertara joan zitzaion. Idolozale aiek Jaunaren profetari izen au ematen zioten. Jehuk agertu zien profetak esan eta egindako guzi-guzia; eta bereala Jehuren oñpean kapak ipiñita, erregetzat ezagutu zuten.

        Jehu argia eta lendanik gauzai begiratzen ziekiena zan, eta lenbiziko lana izan zan, Jezraelen zeuden Israelko errege Joran eta Judako Okoziasen aurrean jartzeko ondo prestatzea. Bera baño lenago besterik joatea debekatu zuen, zer gertatzen zan esan etzezan. Mendean zeuzkan soldadu guziak artuta, Jezraeleronz bazijoan. Uritik ikusi zutenean jende-samalda andi bat alderatzen zala, Joranek iru mandatari, elkarren urrena edo bat-banaka bialdu zituen jakitera ea gisa artan zer zekarten. Baña iru mandatariak berekin gelditu, eta Jehu, egin-al guzian, aurrera zijoan. Orduan ezagutu zuten Jehu zala. Bereala Joran eta Okozias, nor bere gurdian, bidera irten zitzaiozkan. Joranek Jehuri, ikusi orduko, esan zion: Jehu, pakea degu? Zer pake? Jehuk erantzun zion. Jezabel zure amaren lasaikeria eta likitskeriak bere oñean diraute. Joranek au entzun zuenean, iges egin zuen, eta Okoziasi deadar egin zion: Okozias, salduak gera! Onetan Jehuk gezia edo fletxari utzi zion, eta Jorani bizkarraren erdi-erdian biotzeraño sartu zitzaion; eta illotza erori zan. Bereala gurditik artuta, Jehuren morroi Badazer-ek Naboten larrañera bota zuen.

        Okozias Judako erregeak ere, Joranen patua ikusitakoan, iges egin nai izan zuen; baña ondoren zerraizkionak zaurituta, igeska zijoala Majedon il zan. Bere morroiak gurdian artuta, Jerusalenera eraman eta bere gurasoen obian lurpetu zuten.

 

 

9. Jehu, amaikagarren Erregea

 

        Ona emen Jehu Israelko amaikagarren erregearen sarrera eta asiera: sarrera odolezkoa, asiera gogorra; baña gero isurerazo zituen odolezko ibaien parean, iturri txiki eta tantaka baizik etzeriona, laster ikusiko degun bezala.

        Jehu, bada, Joran eta Okozias ilda gero Jezraelera zijoala, Jezabel Joranen ama biotz gogordun ark jakin zuenean, begiak beluriturik eta burua ederki apaindurik leio batean jarri zan Jehuri begira, esanaz: Pakerik ekarri dezake, Zanbrik bezala, bere erregea ilda datorren orrek? Jehuk, begiak leioronz jasota, esan zuen: Andre ori nor da? Jezabelek berekin zeuzkan morroiak agur egin zioten, eta igerri zionean Jezabel zala, agindu zien leiotik beera botatzeko. Bereala bota zuten; kolpearekin gorputza lertu zan; inguruko pareta guziak odolez gorritu ziran, eta gorputza zaldiak oñazpian erabilli zuten. Jehu jauregian sartuta bere lagunakin bazkaltzen zegoala, Jezabelez oartu zan eta morroiai esan zien: Zoazte eta emakume madarikatu hura lurpetu ezazute: nolabaitekoa izan bada ere, erregearen alaba zan. Joan ziranean etzuten buru-ezurra, oñak eta eskuko beatzak besterik arkitu; bada, gañerako guzia ordurako zakurrak jan zuten. Berri onekin morroiak Jehuri itzuli zitzaiozkanean, esan zuen: Jaunak Eliasen aotik esana gertatu da.

        Jezabel iltzea asko etzan: Akaben odoleko guziak berebat il bear ziran, Jainkoak esanda zeukan bezala. Akaben irurogeita amar seme Samarian arkitzen ziran; eta Samariako andizki eta agintari guziai Jehuk txartel bat bialdu zien, esanaz: Nereak bazerate eta nere esana egin nai badezute, biar ordu onetarako zuen erregearen seme guzien buruak onara ekarzkidazute. Agindu gogorra eta buruko illeak zutitzeko adiñakoa zan; baña zioten bildurrak beartzen zituen egitera. Akaben irurogeita amar semeak ilerazo eta oien buruak saskietan ipiñirik, Jehuri Jezraelera bialdu ziozkaten. Erriko atera ziranean, zeramazkitenak emen gelditu ziran, eta Jehuk gaztigatu zien buru guziak erriaren sarrerako bi alboetan bi metatan ipiñi zitzatela. Biaramon goizean Jehu bera atera joan, eta ikusteko negargarri ark ara eraman zituen guziai esan zien: Zuek lan onetan ikuskizunik ez dezute. Baldin ni nere erregearen kontra altxatu banintzan eta il banuen, nork oiek guziak il ditu? Ezagutu ezazute, bada, Jainkoak Akaben etxearen kontra esandakorik, ezer ere egin gabe utzi ez dala. Itz oiekin erakutsi nai izan zien Jaunaren eskua zala, aren esanak aintzat artu gabe, gaiztakerian bizi nai ziranak kastigatzen zituena. Etzan onenbesterekin gelditu.

        Jezraelen zeuden Akaben odoleko eta etxeko guzi-guziak ere ilerazo zituen. Ilkintza au eginda, Samariaronz zijoala artzai-txaola batean arkitu zituen arestian il zuen Okozias erregearen berrogeita bi illoba, eta berebat il zituen. Samariara zanean, Jezraelen bezala, Akaben jatorriko guziakin lanbide bera egin zuen. Gero erriko jende guzia bere ondoan artu eta esan zien Baali ofrenda andi bat egin eta Akabek baño obeto adoratu nai zuela. Onetarako Israelen ziran jainko gezurrezko onen apaiz guziai biziaren azpian agindu zien egun izendatuan Samarian egoteko. Apaizak bilduta elizan ofrendak egin zituztenean, eliz-atarian lendanaz ipiñita zeuzkan larogei gizon armaduni agindu zien barrena sartu eta guzi-guziak, batere utzi gabe, il zitzatela. Ala egin zuten, eta gorputz-illak kanpora botarik guziak ikusi zitzaten, eliza errerazo zuen: eta gisa onetan Jehuk ondatu zuen Akab bere aurrekoak Israelen zabaldutako Baalen adoratzea.

        Jainkoak bereala adierazo zion lan andi au zein gogokoa zuen, esanaz, Israelko Erregetzak aren ondorengoetan laugarren belauneraño iraungo zuela. Baña Jehuk gauza on bat egin bazuen ere, Baal bere apaiz eta serbitzariakin ondatuaz, etzuen bear zuen guzia osotoro egin. Baalez gañera, Israelen urrezko idolo asko ziran, jainkotzat artu eta israeltarrak agur egiten zietenak, eta Baalena bezala oiek botatzeko Jehuk biotzik izan etzuelako, geroko bizi guzian Jaunaren esku zorrotza bere gañean ikusi zuen.

        Hazael Siriako erregeak Eliseoren esanak eta negarrak egiztatu zituen. Soldadu-talde andiakin Jehuri eraso zion, eta bazter andiak kendu ziozkan, aide guzietatik sua, eriotza eta ondamena ereinda; eta Jehuk naita-nai-ez ikusi bear izan zituen erri ederrak erreta; mutil gazteak burniz josita; aurrak arri-pean lertuta; emakumeak sabelean zituzten aurrakin ganibitaz erdiratuta; eta izaera negargarri onetan, Hazaelek nai guzia egiten ziola, bizi izan zan ogeita zortzi urte erregetzan bete artean, eta Samarian il zan, eta gurasoen obian lurpetu zuten.

 

 

10. Joakaz, amabigarren Erregea;
eta Joas, Amairugarrena

 

        Joakaz bere semea aitaren lekuan sartu zan. Au ere Jeroboanen bideai jarraitu zitzaien: jainko gezurrezkoak adoratu zituen, eta il zan, erregetzan egindako amazazpi urteetan bere errian asko erakutsita.

        Bere lekuan Joas utzi zuen. Au ere aitaren antzekoa izan zan, eta oberik etzuen egin, eta jainko gezurrezkoak beren oñean iraun zuten. Biak ziekiten eta ezagutzen zuten Jainko bakarrari baizik iñori agur egin bear etzitzaiola; baña munduko izanak galtzeko bildurrak atzeratzen zituen gezurrezko jainko aiek Israelen osotoro galtzetik.

 

 

11. Eliseoren eriotza

 

        Denbora onetan israeltarrai etorri zitzaien neke-pena guzien erdian poztu oi zituena galdu bearra. Eliseo, Jainkoaren profeta andi eta israeltarren aide ainbeste mirari egindakoa, atzeneko egunetara alderatu zan. Gaitz gogor batek artu zuen; Joas erregea ikustera joan zitzaionean, bere atzeneko itzetan zenbat etorkizun esan ziozkan, eta eunda geiago urtekoa il zan. Bizitzan ain mirari andiak egin izan zituenak, ilda gero ere erakutsi zuen zein eskualdi andiak Jainkoak eman izan ziozkan. Gizon il bat zeramaten lurpetzera, eta illoi-zaleak ikusi zituztenean Siriako lapur-lister batzuek alderatzen, oien bildurrez, gorputz-illa Eliseorena zetzan lekura bota zuten, eta onen ezurrai ukitu bezain laster biztu zan.

        Eliseok Joasi adierazo ziozkan etorkizunetatik bat zan, siriarrai ondamen-aldi andiak emango zieztela, eta Joasek esan au gogoan arturik, siriarrai eraso eta lenago Siriako Erregeak Israelkoari kendutako bazter andiak beretu zituen. Geroz Joasek Israel zintzo eraendu zuen, eta il zan erregetzan amazazpi urte eginda.

 

aurrekoa hurrengoa