www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

AMAZAPIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Dabid, Erregetzako autua

 

        Jainkoak Dabid Eregetzat igortzitzeko kontua Samueli eman zion; baña Sauli bildur zitzaion, zeren, zer zerabillen, jakin ezkero, gaizki begiratuko zion. Ala ere, Jainkoari argia eskaturik, jarri zan, onek esana egitera. Belenera joan, eta Isai zeritzan baten etxean sarturik, eskatu zion, bere seme guziak eramateko. Zazpi zarrenak agertu ziozkan; baña Samuelek Isairi esan zion, ea aiek besterik etzuen? Bai, Isaik erantzun zion; badet beste bat ere, artzantzan dabillena. Erakarri zuen seme au, amabost urtetik amaseirakoa, eta Dabid zeritzana. Samuelek, ikusi zuenean, zeraman olioarekin Dabid igortzi zuen, bere aita eta senideak zekustela, zertako zan, esan gabe: eta Samuel bere erri Ramatara joan zan, eta Dabid ere, bai, bere ardietara. Dabid ordutik zegoan Israelko Errege auturik; baña agintean etzan jarri, neke asko eta gogorren bitartez bideak idiki zituen artean.

        Olioz igortzitze onek Dabid bere doai guzietan aldatu zuen. Arteraño mutil gaztetxo, artzantzan baizik etziekiena zan; baña geroz gizon sendo, indartsu, argi, iztun eder, azkar, eta beste doai asko, bere aldian ondo agertu zituenakin gelditu zan. Ingurumai aiek guziak bere kanzio gozo eta soñu pozgarriakin zoraturik zeuzkan. Kontrara Saul, Jainkoak utzi zion ezkero, egin zan gizon biotz-gogor, izugarri, gozakaitz, infernutik irtena zirudiena. Errege onen serbitzariak, nagusiari, ain damurriatia eta tristuraz betea ikusirik, esan zioten, ekarriko ziotela soñulari bat, poztu eta alaituko zuena. Serbitzariak Erregearen bizitza atsekabezkoa onela arindu uste zuten; eta Saulek baiezkoa eman zienean, batek esan zuen, mendian ikusi zuela Isairen seme bat, arpa txit ondo jotzen zuena. Saulek bereala mandatariak aitari seme-eske bialdu ziozkan. Dabid etorri zan, eta Saulek bere eskutari edo eskudero egin zuen. Onek Sauli arpa jotzen zion, gozakaitz-aldiak eta barrungo illuntasunak artzen zuenean, eta alaitu eta poztutzen zuen. Gisa onetan bizi zirala, filistintarrak abiatu ziran Sauli eraso naiez, eta Saul ere bere aldetik prestatu zan, eta bidera irten zitzaien. Filistintarrak Terebintoko ibarrera joan ,eta mendi goitu bat artu zuten. Saul ere beste batera igo zan, eta luzaro aurkez-aurke menditik mendira egon ziran. Elkarri erasotzeko bata edo bestea ordekara jatxi, eta etsaiaronz igo bear zan; baña lanbide au perill andikoa zan. Onela zeudela, filistintarrai gogoratu zitzaien, alde bakoitzetik gizon bana ipiñi, eta garailari irteten zana, bazaren jabe izan zedilla.

 

 

2. Goliat

 

        Filistintarrak zeukaten zentoi edo jigante izugarri bat, Goliat zeritzana. Luzean iru kana eta laurden zituen. Indar andi eta begiratu aserrekoa zan. Jaka edo amilla bost arroba eta erdi kobrerekin egiña zuen; bernazakiak ere kobrez estaliak zituen. Makilla luze, amasei libra eta erdiko eztena erpiñean zuena zerabillen. Onela janzi eta prestaturik, Israeltarrak ikusi zezaketen lekura irten zan, deadar egiñaz: nai zuena, irten zedilla, ari arpegi ematera; eta bizirik gelditzen zanaren aldekoak bestekoen nagusi eta buru izan zitezela. Goliatek ots oietan berrogei egun igaro zituen, eta Saulek, filistintar onen iseka eta farrak ezin eramanaz, artu zuen, jendea prestatu eta erasotzeko asmoa; baña soldaduak laborrian zeuden. Saulek au ikusirik, esan zuen, baldin iñork Goliati gogor egin, eta benzutzeko biotzik bazuen, bere alaba emaztetzat, eta ondasun andiak emango ziozkala. Dabid ordu artan Saulekin etzan, ezpada bere aita Isairen ardiak zaintzera itzulia. Ala bearrez, aitak bialdu zuen, bere iru anaia Saulekin soldadu zebiltzanetara zerbait jan-gauzarekin, nola zeuden jakitera. Dabid ara zan unean, soldadu-talde guzia prest zegoan, filistintarrai erasotzeko. Ordu berean Goliat, len bezala, lagun-artetik irten, eta betiko ausardi eta keñakin deadarka ziardun. Dabidek galdetu zuen, ea ala zer zuten? ea filistintar hura iltzeagatik, zer emango zuten? Eliak bere anaia zarrenak itzketa au adituta, esan zion, ea an zer egiteko zuen? eta zertako ara joan zan? Ezagutzen zaitut, bai: gerratzen ikusi naiak onara ekarri zaitu. Dabidek anaiagandik aldegin zuen, eta bere itzean zegoan. Saulek jakin zuenean, Dabidek zer zion, beregana erakarri zuen. Saulek, noizbait bere morroi izan bazuen ere, etzuen ezagutu, artzai-soñekoakin eta eguzkiak belztua zegoalako. Dabidek, bada, esan zion: Ez bedi filistintar argatik iñor izutu; nik, joan, eta erasoko diot. Saulek erantzun zion, gaztetxoa zala, gerran oitutako filistintar bati, arpegi emateko. Orduan Dabidek arpegiko suarekin Sauli adierazo zion, bere biotz andia, eta Goliati erasotzeko zeukan eresia. Esan zion artzantzan zebillela, otso edo leoiak ardia zeramaionean, ondora joan, eta ilda kentzen ziola; eta bereronz abiatzen bazitzaion, matraill-ezurrak autsi eta uzten zuela. Orain berean, zion, filistintar orri joango natzaio, eta leoi eta otsoen atzaparretatik atera ninduen Jainkoak, orren eskuetatik gordeko nau. Saulek erantzun zion: Zoaz, bada, eta Jaunak lagun dagizula. Baña Saulek etzuen nai artzai-soñekoakin joaterik, eta gerrako janzi eta armak eman ziozkan. Dabid etzegoan alako soñekoakin oitua, eta oiek utzirik, artu zituen artzai-soñekoa eta aballa bost arrirekin, eta Goliaten aurrera joan zan. Goliatek ikusi zuenean, makilla eta aballarekin beste arma gabe, Dabid zijoakiola, deadar egiten zion: Zakurra naizala uste al dek, makilla utsarekin niganatzeko? Ator, ator, mutikoa, ire aragiak aireko egazti eta lurreko pistien janari laster izango dituk. Dabidek erantzun zion, ikusiko zala, geiago nor zan. Biak prestatu ziran, elkarri erasotzeko. Goliat Dabidi bazijoakion, bere lanza luzearekin lenengo ukituan sabela zulatzeko ustean: baña Dabidek, zorrotik arri bat artuta, aballarekin erabilli batzuek gora-beera eman-ondoren, Goliati bota zion, eta bekokiaren erdi-erdian eman zion golpearekin, illotza lurrean ezarri zuen. Dabid korrika joan zitzaion, eta Goliat berari, gerrian zeukan ezpata, kendurik, burua ebaki zion. Filistintarrak, beren lagunik errutsuena ilda ikusi zutenean, igesari eman zitzaiozkan, eta Israeltarrak orpoz-orpo zerraizkiela, ilkintza izugarria egin zieten. Dabidek Goliaten burua Jerusalenera eraman zuen, eta filistintar guziak izu-ikara andiak artu zituen, eta Israel pakean gelditu zan. Saulek bereala Dabidi lanbide onegatik ondo-nai edo amorio andia agertu zion, laster iguindu bazuen ere. Jonatas, Erregearen semearekin ordu onetatik Dabid adiskide egin zan, eta eskuerakutsi asko ere Jonatasek eman ziozkan.

        Israel guziari egindako mesede au Saul Erregeak gogoan artuta, Dabid maite izan bearrean, bereala asi zan, gorrotoz begiratzen. Filistintarren ondamen onen ondoren Saulek Jerusalenen egun batzuek eginda, gero Gabaa, bere errira joateko gogoa artu zuen eta bidaje onek Saulen biotzean Dabidganako aierkune bizia sortu zuen. Albo-errietatik Erregeari bidera irteten zitzaiozkan emakumeak, pandero-soñuan kantatzen zuten: Saulek milla il zituen, eta Dabidek amar milla. Itz oiek Sauli etzitzaiozkan ondo erori, zeren uste izan zuen, Dabid geiagotzat zeukatela, Errege baño: eta ordutik izan ziran Dabiden eramankizun andiak. Emakume aiek etzituzten itz oiek, Sauli gaitz naita, esaten, ezpada adierazteko, Saulek millarekin baño, Dabidek Goliat utsa illarekin, filistintarrai kalte geiago egin ziela, eta Israeltarrak irabazi andiagoak izan zituztela; baña Saulek, dirudienez, gaiztoenera jo zuen, eta etzion geroz Dabidi begi onez begiratu.

        Biaramonean Saul bere gozakaitz-aldiak artu, eta Dabid arpa jotzen ari zitzaiola, il naiez lanza egotzi zion; baña Dabidek kolpeari aldegin zion; eta ezaguturik, zer perillean zegoan, Saulen etxetik irten zan. Saulek bazekusan, Dabidek Jainkoa bere alde zuela, eta bildur zitzaion: eta begietatik bein kentzeko, milla gizonen agintea eman zion, eta aginte oni zegozkion lanak zintzo eginaz, Dabid bizi zan, Israeltarren ondo-naia irabazten zuela; baña berebat Saulen gorrotoa anditzen zala.

 

 

3. Mikolekin Dabiden ezkontza

 

        Saulek bere gogoz bertatik ilko zuen; baña ainbeste nai zitzaion gizon bat, agirian iltzeak ikaratzen zuen, eta filistintarren eskuetan galerazotzeko asmoa artu zuen. Onetarako morroi batzuei deitu, eta esan zien, berez bazebiltzan bezala, Dabidi sinisterazotzeko, Erregea adiskidetu zala, eta aren sui egin ere bazitekeala. Dabidek erantzun zien, ea hura Erregearen sui izateko nor edo zer zan? Morroiak esan zioten, etzala ansi ezer ez izana edo idukia. Erregearen sui-gaiak izan zezakean gauzarik gogokoena zala, eun filistintarren giza-siñaleen zatiak eramatea, Erregearen etsaiai zegokien kastigua, eman zitzaiela adierazteko. Saul etzebillen Dabiden onagatik, ezpada ea filistintarren eskutan erortzen ote zan. Dabidek esan au morroiai ondo artu zien. Bereala prestatu zan, eta bere kontuko milla soldaduakin filistintarrai eraso, eta il zituen berreun, zeñai, gizona dan edo ez, ezagutzen dan lekutik zatitxo bana kendu, eta Erregeari eraman ziozkan. Saul bere itza jan bearrean arkitu zan, Dabidi alaba emaztetzat ematen ezbazion. Eta Merob lenengo alaba lenagoko aldian ukatu zion bezala, orain Mikol ukatzea etzitzaion ondo iruditzen, eta, gogo gaiztoz bederik, eman zion, eta Dabid Mikolekin ezkondu zan.

        Dabid zorionez betea zegoan: irabazi zituen garaipenak ots andia egiten zioten: Erregetzako, isillik bederik, igortzia zan: Erregearen alabarekin ezkonduta zegoan; eta Mikolek txit maite zuela, bizi zan: baña zorion onek berak eramankizun andiak zekarzkion: suiaren onak aitagiarrabaren biotzean itzautzi andiak idikitzen zituen, eta suia ezin ikusiak su ta su ematen zion.

        Onetan filistintarrak, Dabid eta bere jendeari, ordaindu naiez, prestatu ziran, erasotzeko. Dabid bidera irten zitzaien, eta len bezala, agintari aditu eta trebearen lanak egin zituen. Orduan suiaganako gorrotoak eta ezin eramanak Sauli gañez egin zion, eta ezkutuka ibilli gabe, bere seme Jonatas eta morroi batzuei agindu zien, Dabid il zezatela. Dabidekin Jonatasen arteko adiskidetasunaren berririk Saulek etzuen. Jonatasek, bada, adiskide onaren aldetik Dabidi gaztigatu zion, aitak il nai zuela, eta ezkutatu zedilla. Aitari aren alde itzegingo ziola, eta zertan gelditzen ziran, adierazoko ziola. Jonatasek Sauli itzegin, eta esan zion, Dabidi, arren, ez gaitzik egiteko: bera zala Erregearen serbitzaririk leialena, okerrik egin etzuena; Goliat il, eta filistintarrak ondatuaz, mesede andiak egin zituena. Zergatik, bada, aitari ziotsan, kulpa gabeko Dabiden odola isuri nai dezu? Jonatasen itzak Sauli ukitu zioten, eta esan zuen; Jainkoak badaki, ez dedala ilko. Jonatasek bereala Davidi gaztigatu zion. Dabid joan, eta len bezala, aitagiarrabaren serbitzoan jarri zan.

 

 

4. Saulgandik Dabiden igesa

 

        Filistintarrak, berriz ere, Israeltarrai eraso zieten, eta Dabidek, igesi joandako banakak, ez besteak, il zituen. Garaipen onek len emandako itz ziñeztua, Sauli azterazo zion; aserretu, eta berriro il naiez asi zan. Bere gelan bein batean eserita zegoan, lanza eskuan zuela. Zakar-aldiak artu zuen; eta Dabid bere arparekin gozatzen, eta alaitzen ari zitzaiola, lanza luzatu zion; baña Dabidek gorputzari alderagin eta lanza paretean josi zuen. Dabid Saulen etxetik irten, eta berera igesi gauerako joan zan. Saulek Dabiden etxera kontuartzalleak bialdu zituen, ondo ingurutu eta gorde zezaten, biaramonean iltzeko asmoan. Mikol leialak zer zan, igerri zionean, senarrari esan zion; baldin gaur arratsean gordetzen ezbazera, biar il bearko zera. Atetik ezin irten zitekean, zeren kontuartzalleak zaintzen zuten; eta Mikolek berak leiotik beera eratsi, eta Dabidek iges-egin zuen. Gero zer zatekean ere, Mikolek Dabiden oiean ipiñi zuen zur puska bat, buru-aldetik larru illetsu batekin, eta gañerakoa oi-janziakin ondo estalita. Egun-sentian kontuartzalleak Dabid irten-zai zeuden, iltzeko, eta Saulek il-berria ez artzeari luzetsirik, berriro bialdu zituen, berealaxe, zetzan lekuan, eskuak ezartzeko, aginduta: baña erantzun zitzaion oiean eri zetzala. Berak ere ikusi zutenean gizonaren antzean zura estalita, Saulgana itzuli ziran, berri bera ematera. Saul geiago sutu zan, eta agindu zien, ordurik ere galdu gabe, bere oiarekin eraman zizaiotela, bere begietan iltzeko. Joan ziran, eta maindirea kendu zutenean, Dabiden ordez, Mikolek ipiñitako zur puskarekin arkitu ziran. Uste gabeko eta farragarrizko berri onekin Sauli ezin geiagoraño irazeki zitzaion: Mikol bereala erakarri zuen, eta esan zion; ea zergatik ala aita isekatu zuen, eta Dabid etsairik andienari iges-egiten utzi zion? Mikolek aitaren bekosko illuna ikusi, eta itz aserreak aditu zituenean, etsi zuen, il bearko zala. Bildur onekin aitaren aurrean gezurrez bere burua garbitu nai izan zuen, esanaz, senarrak agindu ziola, iges-egiten uzteko, bestela ilko zuela. Saulek onenbestez utzi zion, eta Mikol bere larritasun anditik irten zan.

        Ordurako Dabidek bideak egin, eta Ramatara Samuelgana joan zan. Profeta andi onek, Israelko Erregetzat igortzi zuen ezkero, txit asko nai zion; eta Dabidek esan zionean ara zerk zeraman, obeto bearrez, Naiotera bialdu zuen, emen etxe ezkutu batean gorde zedin. Saulek bereala jakin zuen, Dabid noronz zan, eta morroiak bialdu zituen, arrapatu zezaten; baña Jaunak mirari baten bidez, gorde zuen. Gero Saul bera joan zitzaion; baña berebat gertatu zitzaion. Bitartean Dabidek iges-egin zuen, eta Gabaarara Jonatas bere adiskide maitagarriagana itzuli zan, Saulek hura galtzeko zerabilzkien alegiñak adieraztera. Nik zer egin det, Jonatasi esaten zion, zure aita nere biziaren billan ibiltzeko? Ez orrelakorik, ez; Jonatasek erantzun zion; nere aitak ez du, niri esan gabe, ezer egingo. Dabidek esan zion, bien arteko adiskidetasuna aitak baziekiela, eta bere lana isillik egin naiko zuela. Jonatasek berriz ere esan zion, aren bizia bere kontura artzen zuela, eta etzala galduko. Dabid gai onetan beti bildurtiak, Jonatasi esan zion, bi eguneko pestak biaramonean asten zirala. Bera etzala Erregearekin bazkatzera joango, eta Dabid an etzala, Saul oartzen zanean, aserretzen bazan, gorrotoak bazirauela, eta Jonatasek Dabidi gaztigatzeko, onek bere bideak artu zitzan. Ala egin zuten; eta Saulek Dabid, ez ezik, Jonatas bera ere, aren alde irten zalako, iltzeko asmoak artu zituen: eta Jonatasek au ikusirik, etxetik irten eta joan zan, zer gertatzen zan, Dabidi esatera. Etsirik, etzegoala Saulen biotza biguntzerik, eta Dabidi zion iguiña oztutzerik, elkarri esan zioten, obena zala, Dabid ez geiago Saulen begietaratzea, eta laztan gozo eta diosal kariñozkoa batak besteari eginda, banakatu ziran Jonatas bere aitaren etxera, eta Dabid Nobe, Jaunaren Tabernakuloa zegoan errira, bien artean zer egin zan, iñori ez esateko, eta elkarri beti-betiko adiskidetasuna gordetzeko itzean.

        Dabid Nobera eldu zanean, Akimelek Apaizari esan zion, Erregearen agindu estu batek bidean ipiñi zuela, janik eta armarik artzeko ere beta gabe, ez beretzat eta ez bere lagun atzean utzi zituenentzat, eta eskatu zion zerbait jaten. Akimelekek, ala bearrez, etzeukan proposizioko ogi santuak beste zer janik; eta Dabidi galdeturik, ea bera eta bere lagunak garbiak ote zeuden, batez ere, emakumeetatik; eta baiezkoa arturik, eman zion, beste erre-berriak ipintzeko atzeneko aldian kenduta zeuzkan ogi bedeinkatuetatik jaten. Ogi oiek apaiz etzanak ezin jan zitzakean; baña Akimelekek Dabiden estupena ikusirik, eta onen ibillerak etorkizun andiak ekarri zitzakeala, pensaturik, eman ziozkan. Gero ezpata bat eskatu zion, eta besterik etzeukalako, berak Goliati kenduta, an gordetzen zegoana, eman zion. Gauza oiek guziak egiten begira zegoan, zorigaitzean, Saulen morroi kutun Doeg zeritzan, eta bost negar gero eragin zituena.

 

 

5. Dabiden joanera Jetera aurrena, eta gero Moabera

 

        Dabid bere lagunetara itzuli, eta partitu zien Akimelekek emandako ogi bedeinkatua, eta lagunak Israelko lurrean utzirik, Jet zeritzan filistintarren erri urreenera joan zan, bere burua gordetzera. Jeten zerbait denbora egin zuen, iñork ezagutu gabe, Akis Erregearen soldadu sartuta: baña egunen buruan, nor ete zan, surmurra asi zan, eta Erregeari esan zioten, ainbeste kalte egin izan zien Israelko agintari Dabid, bere soldaduen artean zegoala. Dabid oartu zan; ikusten zuen, an egoterik etzeukala. Nola, ordea, irten? Esturasun onetan gogoak eman zion, bere burua zoro egin bear zuela, eta Errege berak erritik zorotzat botaerazoko zuela. Jaunaren eskua, beti bezala, bere alde zuen, eta uste au ondo irten zitzaion. Erregearen aurrera eraman zuten, eta ikusirik, esan-egin guzietan zoro garbi-garbia zegoala, Erregeak esan zien, ea zertako ikusgarri hura aren aurrera zeramaten? Agindu zuen, aren begietatik kendu, eta bere tokira bialdu zezatela: bertan ere, alabañan, zororik asko izango zituztela, auzo-errikoak eta atzeak gabe. Filistintarren artetik onela irten, eta Judako Tribuan Odolako leize-zulo batean gorde zan.

        Emen jarrita bereala, bere etxekoak eta aideak jakin zutenean, joan zitzaiozkan, beste zenbait adiskide arturik, ikustera. Dabiden odoleko edo adiskide zantzukoa izatea asko zan, Saulek gorrotatzeko, eta neke gogorrak eramanerazotzeko: beragatik Saulen gogortasunarekin txit aspertuak zeuden, eta lareunen bat gizon batu zitzaiozkan, ark agintzen ziena egiteko prestaturik. Dabidek gizon oiek bere mendean ikusi zituenean, auzo-erreinu Moabko Erregeagana joan zan, eta eskatu zion, Jainkoak artzaz zer egiten zuen, ikusi artean, aren ait-amak lur artan bizitzeko baimena. Moabko Erregea Saulekin gaizki zetorren, eta onen mendetik igesi zijoazkion guziai, arrera ona egiten zien. Dabid, orrezaz gañera, auzoetan txit ots andikoa zan, filistintarrai eman izan ziezten eraso latzen bidez, eta gaztelu sendo bat eman zion, nai zuen arteraño bere jendearekin gorde zedin.

        Atze bati ainbeste eskualdi ematea txit egoki ez dirudi; baña Jainkoak gizon andi au gorde nai zuen; eta bere lurrean eta aitagiarrabaren aldetik etzuena, erbestean eman nai izan zion. Emen zegoala, Jainkoak Gad Profetaren bitartez gaztigatu zion, gaztelu artatik irten, eta Judara joan zedilla. Dabidek ala egin zuen, eta Haretko eremuan sartu zan. Saulek berri au artu zuenean, biotzeko su-aserreak bazirakion, eta lanza arturik, eman zion deadarrari, eta bere seme Jonatasgandik asita, beste guziakgatik gaizki esateari, guziak eskuetan txikitu nai bazitukean bezala. Begira zeudenak, etzioten itzik trukatu. Bakar-bakarrik morroi losentxari biotz gaiztoko batek itzegin, eta su geiago eman zion.

 

 

6. Jaunaren apaizen iltzea

 

        Losentxari galgarri au zan Doeg len aitatu dana, eta ogi bedeinkatua eta Goliaten ezpata artzen, Dabid ikusi zuena. Doeg zorigaiztoko onek, bada, Sauli esan zion, Noben gertatu zan guzia. Saulek bere bereala Akimelek eta onen odoleko apaiz guziak bere aurrera erakarri, eta Akimeleki esan zion: Zertako zu, eta Isairen semea nere kontra jaiki zerate, eta ogia, eta ezpata eman diozkazu? Akimelekek erantzun zion: Zein Dabid zure suia baño, Erregearen serbitzari leialagorik? Ez nik, eta ez nere etxekoak gauzarik txikiena ere zure kontra egin degu.

        Akimelekek argitasun guziarekin itzegin zion, Dabid kulpa gabea zala ziekielako; baña etzuen Saulen sua irazekitzea baizik egin. Saulek Akimeleki esan zion: oraintxe bertan zu eta zure etxeko guziak il bearrak zerate. Bereala ondoan zeuzkan soldaduai agindu zien, Jaunaren apaizak iltzeko, zeren Dabid igesi zebillela jakinda, aditzera eman etzioten. Au gezurra zan. Akimelek berak ere etzuen jakin, Dabid nola zebillen, ezpada uste zuen Erregearen aginduak egiten zituela. Beste apaizak are gitxiago ziekiten, eta batere obenik etzuten. Au guzia Erregearen soldaduak ezaguturik, etzuten apaiz aien odolean eskurik kutsutu nai izan, eta uko onekin Sauli lotsa au ere eman zioten. Etzan ordea ansi: Saulek nork egin bazuen. Doeg losentxari zorigaiztokoak aien utsunea bete zuen, eta larogeita bost apaiz egun batean bere eskuz il zituen.

        Ilkintza izugarri onek guziak arri-egiñik utzi zituen; ez ordea Saul bigundu. Bereala soldaduak Nobera bialdu, eta erri onetan bizi ziran zar eta gazte guziak, bularreko aurrik ere utzi gabe, ilerazo zituen. Berebat egin zuen abereakin ere. Bakarrik apaiz bat, gelditu zan, guziak galdu-zale zan Saulen damuz bederik, Akimeleken seme Abiatar, zeñak berri negargarri oiek Dabidi eraman ziozkan. Dabidek, berri oiekin biotza erdiraturik, deadar egin zuen: Ezagutzen nuen, bai, egun artan Doeg Tabernakuloan egon ezkero, Sauli esango ziola. Zure etxeko odol-isurtze onen sustraia ni naiz: nerekin geratu zaite, ez ikaratu; iñor nere biziaren billan badabil, zure eske ere ibilliko da, eta nerekin batean gordeko zera.

        Egun oietan filistintarrak eraso zioten Dabiden egon-lekutik legua banaka batzuetara zegoan erri Zeila zeritzanari. Dabidek jakin zuen. Abiatar Apaiz-nagusiaren bitartez Jainkoari galdetu zion, ea filistintarren kontra joango ote zan? eta Jainkoak erantzun zionean, joateko, eta eskuratuko zituela, bereala joan, eta ondatu zituen, iges-egindako banakak, ez besteak, illaz, eta abere eta gauza guziak kendu ziezten. Gero Zeilan sartu zan, eta emengo biztanleak, garailari bati zegokion gisan, artu zuten.

        Saulek Dabiden egiteko andi au jakin zuenean, su eta gar bere soldaduak bildu, eta Dabid Zeilan atzitzeko asmoan abiatu zan. Dabidek, arestian bezala, Jainkoari galdetu zion, ea Saul joango zitzaion, eta Zeilarrak bera eta bere lagunak Saulen eskuetan ipiñiko zituzten?; eta Jainkoak, baiez, erantzun zionean, bere seieun gizonekin baso batera irten zan, eta or-emen zebiltzan, iñon egon-lekurik artu gabe. Saulek au ere jakin zion, eta eskua ezarri naiez, egunoro zerraikion. Saulen semeak jakin zuen, Dabid bere adiskidea nola zebillen, eta isillik joan zitzaion, ikusi bat ematera. Esan zion, ez ikaratzeko; Jainkoak aren aita gogorraren eskuetatik gordeko zuela; Israelko Errege izango zala, eta Jonatas bera aren bigarren; au guzia Saulek baziekiela. Eta beren adiskidetasuna berriturik, Jonatas etxera itzuli, eta Dabid Zif-ko basoan gelditu zan.

 

 

7. Saul Dabiden billan

 

        Ziftarrak Sauli bereala aditzera eman zioten, Dabid non zebillen, eta eskuratzeko era ona eskiñi ere bai. Uste onekin Saul soldaduak arturik joan zan, eta Dabid arkaitz batean jarri zan, gogor egiteko asmoan. Saulen lenbiziko lana izan zan, arkaitzari alde guzietatik kontuartzalleak ipintzea, Dabidek iges-egin etzezan. Saulen jendeak, ain andia izanik, mendi guzia estali zuen, eta Dabid erpin batean zegoan, il edo bizi, norabait irten bearrean. Baña Dabiden biotza poz etzan, bizirik irtenda ere, zeren zekusan, nozitzen zutenak Israeltarrak zirala, eta ez Israelen etsaiak. Esturasun onetan Dabid zegoala, Sauli gaztigatu zitzaion, filistintarrak Israelen sartuta, topatu guzia erre eta ondatzen zutela. Saulek Dabidi uztea min zuen: bere gogoz filistintarrai, nai zutena egiten, lenago utziko zien, Dabidi iges-egiten baño: ez ordea Saulen soldaduak. Jakin zutenean, filistintarren eskuetatik, aien anaiak zer ondamen zeramaten, zegoana zegoan lekuan utzi, eta bideari eman zitzaiozkan, eta Dabid Saulen atzaparretara gabe gelditu zan.

        Dabid arkaitz-tontor artatik irten, eta Engadira joan zan, eta emen zebillen, mendi onek zituen aitz-pe edo ar-zulo luze-zabaletatik batean etzitegia egiñík. Saulek, filistintarrekikoa eginda, itzuli zanean, bereala Dabiden aztarna artu zuen; baña lengo aldian, ez ezen, oraingoan ere ezagutu zuen, Jainkoa Dabiden alde zala. Onen billan Saul zebillen bein batean, frakak askatu bearrak eman zion, eta isillik egin naiez, ar-zulo oietatik batean sartu zan. Dabid bere soldaduakin ala bearrez! onen barruan zegoan; baña Saulek, argitik illunera sartu zalako, etzuen iñor ikusi; bai ordea barrukoak Saul. Bereala soldaduak Dabidi esan zioten: Ara Jainkoak izentatutako eguna, esan zizunean; etsaia eskuan nik ipiñiko dizut, gogoak dizuna egiteko.

        Dabid arkitu zan, zer egin etziekiela. Soldaduak bein eta birretan ziotsaten, eskuan zeukan ezkero, ain aier zitzaion etsaia il zezala; baña aren odolarekin eskuak loitzea Dabidi gogor egiten zitzaion. Dabid jaiki zan, bada, eta Saulen ondora joanda, au oartu gabe, soñean zeraman Errege-janziaren ertza ebaki zion, eta soldaduai itzuli zitzaien, au eskuan zuela. Soldaduak gitxienaz uste zuten, ilko zuela. Baña ikusirik, ezez, nagusiaren ordez, berak ilko zuten, baldin Dabidek Jaunaren igortzi bati soñekoaren ertz utsa ere kenduaz, damua agertu ezbalie, eta bere ondo-esanakin atzeratu ezbalitu.

        Saul ar-zulotik irten, eta Dabiden billan bazijoan. Dabid ere Saulen ondoren irten zan, eta atzaldetik oska jarri zitzaion: Ene Errege, eta ene Jauna! Saulek atzeronz begiratu zuen, eta Dabidek, auzpez jarririk, agur andi bat egin zion. Gero esan zion, ea gizon gezurti eta losentxariai leku-emanda, hura galdu naiez zergatik zebillen? Esan ere bazion, aren bizia orainago eskuan iduki zuela, eta soñekoaren ertza bezala, bere egunak ebaki litzazkiokeala; baña etzuela nai izan, ezagutu zezan, Saulen etsaia etzala, ezpada txit asko nai ziona. Saulek Dabiden itz-otsa aditu zuenean, galdetu zion: Dabid ene semea, itz-ots ori zurea da? Au esan, eta Saulek negarrari eman zion, esanaz: ni baño obea zera. Saul aldi onetan, gogoz ezbazan ere, arkitu zan, Dabiden biotz andia, eta ark etzuena, aitortu bearrean: begietan zeukan, alabañan, bizia barkatu zion adieragarria. Saulek ezagutu zuen, eta aitortu ere bazion, Israelko Errege Dabid izango zala, eta eskatu zion, aren ondorengoak, arren, orduan ez ondatzeko mesedea. Dabidek gaitzik ez egiteko itza eman zion; eta Saul Gabaara itzuli, eta Dabid basoan leku ez-jakin batean geratu zan, Sauli berriz ere damututa, galdu naiez etzijoakion.

 

 

8. Samuelen eriotza. Nabalen gertaera

 

        Egun oietan Israeli Samuel illarekin kalte andiak erori zitzaiozkan. Profeta santu au, aitatu degu, Israelen zein ongille andia izan zan, eta beraren il-berria eraman ziotenean, Dabidek ere negar andiak egin zituen, zeren esturasun guzietan onen bear izan zan, eta Israelko Erregetzan asten zanean ere, bere argiakin zerbait egin uste zuen.

        Dabidek Faran-go basoetan egunak zeramazkien, Saulek zer egiñik eman gabe, eta inguruetakoak beretzat eta bere soldaduentzat zer jana ematen ziotela, aren ontasun, eta soldaduen doai onai begiratuta. Dabidi bear zan guzia eskeñtzen zioten. Ala ere askoren artean bazan gizon txit aberats bat, Nabal zeritzana, baña guziz zurra, eta iñori on egiteko eutsia. Dabidek egun batean aditu zuen, Nabalek Karmeloko mendian ardi-mozketa zuela, eta amar mutil gazte bialdu ziozkan, zer esan erakutsita. Gazteak joan, eta Nabali esan zioten, Dabiden aldetik agur egitera zijoazkiola. Aditu zuela, nola aiekin basoan bizi ziran artzaiak ardi-mozketa zuten. Elkarrekin egondako egunetan etziela gaitzik egin, ez ezer ere artu, eta ain ondo egin zuelako, eskura zetorkion zerbait eskatzen ziola. Nabalek arrokeria andian erantzun zien: Dabid ori nor da? Gaurko egunean ez da ikusten, nagusien igesi dabiltzan morroiak baizik, eta nongoa dan ezdakidan bati emango diozkat motxalleentzat prestatu ditudan ogi eta ardikiak? Erantzuera lotsa gabeko oni gazteak etzioten itzik trukatu, eta Dabidgana itzuli ziran, Nabalek zer zion kontu-ematera.

        Dabidek baziekien Erregetzat igortzia zegoala, orduraño artakotzat iñork ezbazeukan ere, eta mendeko batek ain ausardi andiarekin erantzutea, etzitzaion ondo erori; eta lareun gizon arturik, besteak tresnai kontu egiten utzita, Karmeloko mendironz abiatu zan, Nabali zegokion kastigua ematera. Dabid aserrez zijoan; baña Jainkoak egin zuen gozatu eta paketzeko bidea. Nabalen morroi bat aditzen zegoan, nagusiak Dabiden mutillai esan ziezten itzak, eta Abigail Nabalen emazteari aditzera eman zion. Esan zion, basoan txit onak izan zirala, bai Dabid, eta bai ere bere lagunak; etziotela kalterik txikiena ere, on ezpada, egin, eta Nabalek egin zien begitarte eta arrera txarrak ondore negargarriak izan zitzakeala; eta ondo begira zezala, Nabalek bere gozakaitz-aldian zer egin zuen. Abigailek morroiari gauza oiek entzun ziozkanean, senarraren isillik prestatu zituen ogi, ardo, ariki, mats eta piku leorrak, eta janari oiek guziak astoetan arturik, bera beste batean jarrita, bazijoan. Dabid ikustera eldu zanean, astotik jatxi, auzpez jarri eta agur-egin zion, esanaz: Jauna, gaitz au nigana betor. Nabal zoroari ez begiratu: burua nastua dauka, eta nik zure serbitzari onek zuk bialdutako mandatariak ez nituen ikusi. Oiek eta beste gauza asko ain egoki eta jakintsuro esan ziozkanakin, Dabiden su guzia itzali zuen; eta Dabid poztu zan, bidera irten, eta odol-isurtzetik atzeratu zuelako. Abigail itzuli zanean, senarra osotoro orditua arkitu zuen, eta biaramoneraño etzion itzik esan. Burua oztu, eta loak ardoa eraman zionean, senarrari esan zion, bere lagunakin jan-edanetan pozez zegoan ordu berean, zer perilletan arkitu zan, eta bere zurkeriagatik Dabidek zer egingo zion, baldin bidera irten ezbazitzaion, eta bere erreguakin atzeratu. Emaztearen esan oiek ainbesterañoko bildurra biotzean Nabali sartu zioten, non arri eta zur egiñik, geratu zan, eta amargarren egunean il zan. Dabidek Nabalen il-berria laster izan zuen, eta ezaguturik, Jaunaren lana zala, esan zuen; Bedeinkatua izan bedi, niri egindako lotsagabekeria bere eskuz kastigatu, eta kutsutu gabe gorde nai izan nauen Jauna.

 

 

9. Abigailekin Dabiden ezkontza

 

        Dabidek, Abigailekin izan zuen itzaldi laburrean, ondo ezagutu zuen, doai ederrez janzitako emakumea zala, eta gogoan sartu zitzaion. Dabidek len ere bazituen bi emazte, bat Mikol, Saulen alaba; baña aitak Dabidi kenduta, Falti zeritzan batekin ezkonerazo zuena, onekin gaizki ezkonduta, Saulek ikusi naiago zuelako, arekin menaz baño. Bestea zan Akinoan, zeñarekin pake eta amorio onean bizi zan. Ala ere, legeak ematen zuen eskuarekin, artu zuen Abigailekin ere ezkontzeko eresia. Nabalen proguko egunak joan da gero, Dabidek mandatariak bialdu ziozkan, bere gogoa agertzera. Abigailek gaztigu au artu zuenean, aitatu zuen bere beeratasuna, eta Dabid baten diña etzala: baña ezkontzera jarri zan; eta mandatariakin batean basora joan, eta Dabidekin ezkondu zan.

        Farango eremuan Dabidek iru urte zeramazkien, Saulek zer egiñik eman gabe, Engadiko ar-zuloan soñekoaren ertza kendu zionean bien arteko pakeak egin ziran ezkero. Aurrera ere ala izateko ustean, bere errira alderatzeko asmoa artu zuen. Farango basotik Zifkora aldatu zan. Uste zuen, Ziftarrak iru urtez lenago ikusirik mirari baten bidez Dabid Zeruak gordetzen, pakean utziko ziotela; baña engañatu zan, eta bere biotz andia, berriz ere erakusteko bide onean laster arkitu zan.

        Ziftarrak Sauli gaztigatu zioten, Dabid berriz ere aien lurrera agertu zala, eta Hatxilako arzuloetan ezkutatuta zegoala. Saul iru milla soldadu aukerakorekin Dabiden billan joan zan. Dabidek jakin zuenean, zelatariak bialdu zituen, Saul non gelditzen zan, jakitera. Non zegoan, esan ziotenean, Abisai bere illobarekin, besterik iñor gabe, gautu zanean, isill-isillik jatxi zan, Saul zetzan etzauntzara, eta Saul topatu zuen lo bete-betean, lanza burukoan zuela. Abner agintari nagusia, eta soldadu guziak ere inguruan zetzaten. Orduan Abisaik Dabidi esan zion: Jainkoak zure etsai ori eskura eman dizu: orain, bada, lenengo kolpearekin bigarrenaren bear gabe, lurrari josiko diot. Ez orrelakorik Dabiek erantzun zion: ez il: zergaitik, ze, nork Jaunaren igortzi bati eskua ezarriko dio, loitu gabe? Dabidek Saulen lanza eta edanontzia artu, eta itzuli ziran, iñor oartu gabe.

        Zerbait aldegin zutenean, Dabid deadarka jarri zan, esanaz: Abner! Abner! Au otsera esnatu, eta aserrez erantzun zion: Nor aiz Erregea esnatzen oska agoen ori? Dabidek esan zion, begira zezala, Erregearen kontuartzalle batek zer eginkizun zeukan, ea nola zaindu zuen? Ea bera eta bereak zergatik lo zetzaten, iñor kontuan ipiñi gabe? Atzenean esan zion, norbait beren artean ibilli zitzaiela, Erregea il naiez; eta au egitzat artzeko, esan zion: Begira, Erregearen lanza eta edanontzi burukoan zeuzkanak, non dituzun. Saul ere berebat esnatu zan, eta Dabiden itz-otsa aditu zuenean, lanza eta edanontzia ipiñitako lekura begiratu zuen; baña etzituen arkitu, eta ezagutu zuen, oraingoan ere aren bizia Dabiden eskuan egon zala, eta barkatu ziola. Orain entzuten dedan itz-ots ori nere seme Dabidena ez da? esan zuen. Bai, Dabidek erantzun zion, nere otsa da, ene Jaun, eta Erregea. Zergatik, nere Jauna, ni bere serbitzari oni orrela darraikit? Zer txarkeria nik egin det, nere bizia orrela galdu nai izateko? Jauna, ots, itz bat. Baldin Jainkoak nere kontra ipiñi bazaitu, ara emen nere bizia; baña gizonak ipiñi bazaituzte, Jaunaren aurrean madarikatuak dira, ni nere Jainkoaren lurretik kanpora atzeen artean bizitzera beartu nautenak. Gaizki egin det, Saulek esan zuen. Atoz, ene seme Dabid, eta ez dizut geiago gaitzik egingo, zeren nere biziari begiratu diozun, eta zoro andi bat izan naizan. Orduan Dabidek esan zuen: Ara emen Erregearen lanza eta edanontzia; bat betor, jasotzera. Jainkoak nori bere dagokan saria emango dio. Eta nik gaur eskuan neukan zure biziari begiratu diodan bezala, Jainkoak nerea gorde dezala, eta gaitz guzietatik atera nazala. Jainkoak bedeinka zaitzala, ene seme; Saulek erantzun zion. Bereala banakatu ziran, Dabid basoronz, eta Saul bere errira.

        Zenbat, eta zein ikasikizun ederrak Dabidek ematen ote digu, gure etsai diran, eta diralakoakin izan bear degun eginbidearen gañean! Saul iltzen zan egunetik, Errege-aulkian eseri zitekean: Jainkoak bi aldiz, ain aier zitzaion biotz gogorreko gizon hura, eskuan ipiñi zion; eta ala ere, soñekoaren ertza, lanza eta edanontzia kendu utsarekin, beste gaitzik egin gabe, uzten du. Ay, au gogoan beti bagenerabil!

 

 

10. Dabidek Jetera bigarren aldian iges-egiten du

 

        Dabidek etzien Sauleen adiskidetasuneko itzai sinismen andirik eman, eta Saulen mendeko lurrean egon ezkero, berriz ere esturasunen batean arkitzeko bildurrez, gogoak eman zion, Jetera joatea. Artarako Akis ango Erregeari baimen-eske mandatariak bialdu ziozkan: eta baiezkoarekin itzuli zitzaiozkanean, bere etxeko eta soldadu guziakin Jetera joan zan, non sei urtez lenago zorotzat erritik atera zutena, txit onore andian artua izan zan. Saulek Dabid Jetera joan zala jakin zuen ezkero, etzitzaion eske ibilli. Zerbait denbora Jeten eginda, Erregeari beste bizileku bat eskatu zion, eta Sizelekera aldatu zan. Emen Dabid bere jendearekin bizi zala, Filistingo bost Erregeak elkartu ziran, Israeltarrai erasotzeko. Dabid nola Jetekoaren mendean, eta onen agindura zegoan, naigabe andian arkitu zan, bere erritarrai eraso bear zielako; baña Jainkoak naigabe au kendu zion. Filistintarrak, beren soldaduakin batuta, Dabid beren artean ikusi zutenean, Jeteko Erregeari besteak arpegian eman zioten, zergatik Israeltar hura an zeukan; eta etzioten besteakin joaten utzi, zer zan Dabiden gogokoena; eta agindu zioten, bere lengo lekura itzuli zedilla. Bitarte onetan Amalektarrak jakiñik, Dabid Sikelektik aldegiña zala, sartu, eta erria erre, eta emazte eta seme-alaba guziak katibu eraman zituzten; eta beste askoren artean Dabiden bi emazte Akinoan eta Abigail ere bai. Dabid eta bere lagunak Sikelekera itzulita, ondamen au ikusi zutenean, zer naigabea artuko zuten esatea erraz ez da. Guziai ukitu zitzaien; baña Dabidi alderik garratzena erori zitzaion. Bere emazteak gabe geratu, ez ezik, bere soldaduak ere arrikatu nai izan zuten, berak neke aietarako bidea eman izan balu bezala. Dabidek, bada, alde guzietatik estura larrian bere burua ikusirik, Apaiz-nagusi Abiataren bitartez Jainkoari galdetu zion, zer egingo ote zuen; eta Jaunak erantzun zionarekin, bere seieun gizonekin Amalektarren ondoren abiatu zan, eta ordu gitxiren epean Besorko ibaiera eldu ziran: baña Sikeleken negar egiteko adiña denbora baizik, atsedeteko artu etzutelako, bideko nekeak easan, eta berreun aunaturik, ibaia igaro gabe geratu ziran. Beste lareunakin Dabid bazijoan, etsaia non topatu etziekiela: baña Jainko Laguntzalle betikoak Dabidi eratu zion, guzia jakiteko, eta ondo irteteko bide ona. Arkitu zuten Ijito bat, bidean erdi-illean zetzana. Dabidi eraman zioten, eta jaten emanik, bizkortu zan; bada, iru egun aietan etzuen ezer jan, eta ez edan. Dabidek galdetu zion: Norena zera, nondik zatoz, eta nora zoaz? Ni nerez, erantzun zion, Ijitoa naiz, Amalektar baten katibua, eta nere nagusiak orain iru egun, bidean utzi ninduen, gaxotu nintzalako. Juda eta Kaleberonz joan giñan, eta Sikeleko erriari su eman giñion. Dabidek esan zion, ea erakutsiko zuen jende su-emalle hura non zegoan? Ijitoak erantzun zion, baldin bizia barkatzen bazion, eta nagusiaren eskuetan uzten ezbazuen, esango ziola. Dabidek bi gauzak itz ziñeztuaren azpian agindu ziozkan.

 

 

11. Amalektarrak ondatuak

 

        Dabidek, gidari onekin zijoala, ordeka zabal batean ikusi zituen jan-edanetan, eta pesta andiak egiten, Sikelektik zeramazkiten ondasunen pozean: baña gozoa laster mindu zien. Dabid bere jendearekin itsumustuan, armarik artzeko lekurik ere eman gabe, sartu zitzaien, eta arratsaldea asita, biaramoneko illunabarreraño iltzen aritu ziran, eta etzan iñor ere bizirik gelditu, asieran gamelu-gañetan iges-egin zuten lareun mutil gazte baizik. Emazte, seme-alabak, eta ondasun guziak, ezer ere galdu gabe, beretu zituzten. Orrez-gañera Amalektarren ardi eta bei-samalda andiak ere artu, eta Besoren aulduta geratutako lagunetara itzuli ziran.

        Oiek Dabidi bidera irten zitzaiozkan, eta txit arrera ona egin zien; baña Dabidekin ziran batzuei etzitzaien au ondo erori, eta esan zuten, beren emazte eta humeak baizik, etzitzaiela eman bear; bada, besteai etzerraizkielako. Amalektarrai kendutako gauzarik etzegokiela. Ez dezute orrelakorik egingo, Dabidek esan zien, Jaunak eskura digunarekin; eta joan ziran, eta etziran guzien artean, gauzak partitu zituen: eta Saulen igesi zebillen ezkero laguntzen zioten beste guziai ere, beren zatiak bialdu ziezten. Geroztik Dabidek emen egiña, Israelen legetzat artu, eta gorde izan zan.

        Dabid Sikelekeronz abiatu zan goiz berean, filistintarrak ere Jezraelera igo ziran; eta Saul, andik urrean zegoanak ikusi zituenean, osotoro sustatu zan, eta biotza illundu zitzaion. Bereala Jainkoari galdeak egin ziozkan, baña erantzun etzion, ez ametsetan, ez apaizen, eta ez Profetaen bitartez. Orduan guzia aserreturik, egundaño egin zuen gaiztakeriarik andienean erori zan. Jainkoari utzita, deabruai deitu zien, nai zuena jakiteko.

 

 

12. Saul Endorko sorgiñari galdezka jartzen zaio

 

        Denbora gutxiz ononztik Saulek sorgintza eta aztitzan zebiltzan guziak bere mendetik kendu izan zituen, eta orain bere suan oietara dijoa. Esan zieten, Endoren bazala emakume bat, Piton, au da, deabrua berekin zuena. Errege-janziak bereala utzita, bi lagun arturik, emakume argana gauaz joan zan, eta esan zion, berak izendatzen ziona aurrera erakarri zezala. Emakume gaizkindun au eskari onekin ikaratu zan, zeren baziekien Erregeak debekatuta zeukala, sorgin eta aztiak Erreinuan egotea; eta etzuen igerri, Errege berarekin itzketan zegoala. Saulek gaitzik etorriko etzitzaion itza eman zion, eta uste onetan sorgiñak esan zion, Nor ikusi nai dezu? Samuel, Erregeak erantzun zion. Andre gaizto ark baziekien, illak agerterazitzeko eskurik etzuela; baña aurrean zeukanari zerbait esan bear, et asi zan bere itz-modu eta dei batzuek egiten, eta arkitu zan berak uste baño geiago! Samuel, aspaldian illa, aurrean zuela. Orduan ezagutu zuen, itzegiten ziona nor zan, eta deadarka esan zion: Saul zertako engañatu nazu? Ez izutu, Saulek erantzun zion. Zer ikusi dezu? Ikusi det, emakumeak erantzun zion, Jainkoa dirudien gizon bat, lurpetik irteten. Zer arpegi du? Zar beneragarria eta mantuz janzia da. Ori Samuel da, Saulek esan zuen, eta auzpez jarririk, agur andi bat egin zion. Zertako ni onara erakarrita, neukan pakea galdu didazu? Samuelek Sauli esan zion. Estura larrian arkitzen naiz, Saulek erantzun zion, zeren filistintarrak eraso didaten, eta Jainkoak utzi nau, eta ez dit aditu nai izan, ez Profetaen bitartez, ez ametsetan. Deitu dizut, bada, esan dizadazun, zer egin bear dedan. Jainkoak egingo du, nere bitartez esanik zauzkana, Samuelek erantzun zion. Erregetza zuri kendu, eta Dabid zure lagunari emango dio, zeren Jaunaren esana etzenduen egin, eta aren aserreak eskatzen zuen eran Amalektarrakin etziñan izan. Argatik zuri datorkizuna Jaunagandik da, eta zu eta Israel filistintarren eskuetan ipiñiko zaituzte. Biar zu eta zure semeak nerekin zerate.

        Samuelek aldegin zuen, eta Saul erdi-illean luze-luze etzan zan. Sorgiña gelan sartu zan eta egoera onetan ikusi zuenean, jaten eskeñi zion, zuzpertu zedin, baña etzion artu. Gero Saulen bi lagunak eta emakumeak ondo esanaz jaikierazo, eta oiean erazo zuten. Bereala batean andreak maneatutako jana donario andi gabe artuta, gau guzia bidean egiñik, egun-sentirako soldadu-taldea zegoan lekura eldu ziran. Erregearen ibilleraz etzan iñor oartu, eta goiz berean jendea berak zuzendu, eta prestatu zuen, batallarako.

 

 

13. Saulen eriotza

 

        Filistintarrak lenbizian eraso zuten, eta Israeltarrak gogor egin zioten. Elkar ezin menderatuz, luzaro aritu ziran; baña geroenean Israeltarrak atzeratzeari eman zioten. Filistintarrak au ezagutu zutenean, gogorrago eta alde guzietatik eraso zieten. Orduan Israeltarrak igesi abiatu ziran, eta ondoren zerraizkien filistintarrak ilkintza izugarria egin zuten. Jenderik indartsuena eta geiena, Saul eta bere iru seme Jonatas, Abinadab eta Meltxisua zeuden aldera sartu zan, eta Saul laster arkitu zan, zauriz beteta odola zeriola; eta ezagutu zuenean, etzeukala geiago bizirik, bere morroi bati esan zion, iltzeko, orpoz-orpo zetozkion etsaiak atzitu eta iseka eta farraz il etzezaten; baña morroiak, izuturik, etzuen nagusiaren esana egin nai izan. Orduan Saulek bere buruari ezpata sartzeko kemenik etzeukalako, ezpata zutik eskulekuz beera ipiñi, eta auzpez onen gañean etzanda, il zan. Morroiak ere nagusia onela ikusi zuenean, au bera egin zuen.

        Filistintarrak osotoro garaitu zuten, eta ordu gitxiren epean Jezraelko bazter, eta Gelboeko mendietan etzan gorputz-illak baizik ageri. Errege bera, onen iru semeak, bere agintaririk obenak, gordetzalleak, aideak, adiskideak... guziak, igeslari banaka batzuek, ez besteak, il ziran, eta igeslari oiek alde guzietara izu-ikara zabaldu zuten. Erri guziak iñor gabe, eta filistintarren mendean geratu ziran. Ilkintza onen biaramonean gorputz-illen janzi eta gauzak biltzen zebiltzala, Saul eta bere iru semeen gorputzak Gelboeko mendian illotzik arkitu zituztenean, Sauli burua kendu, eta beren erreinura bialduta, ipiñi zuten Dagonen elizan, eta armak Astarotenean. Lau gorputz-illak Betsango murruan zentoi batzuetatik eseki edo zinzilika ipiñi zituzten, eta beren errietara itzuli ziran.

        Betsandik urrean zegoan Jabes-Galaadko biztanleak Saul eta bere semeen zorigaitza jakin zutenean, Amontarren Errege Naasen mendetik libratzearekin egin izan zien mesede andiaz oroiturik, naigabe andia artu zuten; eta zioten amorioagatik gizonik indartsuenak bildu, eta Betsanera gauaz joanda, gorputz-illak jatxi zituzten: gero erre eta ezurrak arte-pe batean ipiñi zituzten, eta Galaadtar guziak beltzez janzita, zazpi eguneko barauakin progua egin zioten.

        Dabidek Sikeleken bi egun zeramazkien, Amontarrak deseginda itzuli ezkero, eta etzuen Saulekin filistintarren artean ezer gertatu zanik jakin: baña irugarrenean aurkeztu zitzaion gizon bat, soñeko urratu, eta buru autsez betearekin, eta auzpez jarrita, agur egin zion. Nondik zatoz? Dabidek galdetu zion. Israeldik iges-eginda nator, erantzun zion. An zer berri da? mintza zaite. Jauna, jende asko galdu da, eta oien artean Saul eta bere seme Jonatas ere il dira. Nondik dakizu, Saul eta Jonatas il dirala? Ustez-uste gabe Jelboeko mendira nintzan, eta Saul ezpata-gañean zetzan, eta ikusi ninduenean, otsegin eta esan zidan, etsaien eskuetan erori baño lenago, il nezala. Orduan gañean jarrita, il nuen, ezagutzen nuelako, ezin bizi izan zitekeala; eta arturik buruko koroa eta eskuturrekoa, ara non dakarzkizudan, ene Jauna. Dabid eta bere lagunak, berri au aditu zutenean, soñekoak urratu zituzten, eta negarrari eman zitzaiozkan, Saul, bere seme Jonatas eta gañerakoen iltzeagatik. Dabidek Amalektar berri-emalle ari esan zion Zergatik Jaunaren igortzi bati eskuak ezartzeak izutu etzaitu? Bereala bere soldadu bati otsegin, eta ilerazo zuen Amalektarrak, berak zionez, Saulen eriotzan kutsutu zalako.

        Bazirudien, eta Amalektar ark uste izango ere zuen, Dabidgandik sari andiren bat artuko zuela, legez eta bidez zegokion Errege-aulkia Saul illarekin ustu zala, eta berak eseri baizik etzuelako berria eraman zuenean; baña Dabid zuzen-onak etzuen era artan odoldutako aulkirik nai, eta are gitxiago odol-isurle batgandik albista hura artzerik: bada, Dabid Israelko Errege egiazkoa izanak etzion Saul iltzeko eskurik iñori ematen, eta eskua ezarri ziona, kastigatu nai izan zuen. Zein biotz onekoa etsairik andienarekin ere!

 

aurrekoa hurrengoa