www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Jainkoak Israel ondatu nai, eta Moisesek atzeratzen du

 

        Jainkoak ikusirik, esker gaiztoko jende arekin etzegoala ezer egiterik, erabaki zuen atzen-ondamena bialtzea. Moisesi esan zion, bada, izurrite batekin jo, eta ondatu bear zuela; baña bera jende hura baño andiago eta sendoagoaren buru egingo zuela. Jaunaren esan onek Moisesi biotza illundu zion. Gaiztakeria eta gaiztakeria baizik jende ark egiten ezbazuen ere, Gidari andi onek asko nai zion, eta bide onera zuzentzea zan bere eresi guzia: argatik Jaunari berriro aren alde erreguka jarri zitzaion, eta esaten zion, Ijitoak ikusi zutela, zer eta zenbat mirarien bitartez Ejiptotik mortu artaraño, ekarri zituen; eta baldin Kanaango lur anziñatik gurasoai eskeñi eta agindutakoan sartzen ezbaziran, esango zutela, sartu ezin, eta eremuan il zituela, eta onelako beste milla erausi eta berriketa erabilliko zituztela. Atzenean berriz eta berriz ere eskatu zion, arren, bere errukimentu andiari begiratuta, beren bekatua barkatu zizaiela.

        Moises serbitzari leial onen erregua jaunari erraietan sartu zitzaion, eta eranzun zion: jende onen bekatua zur erreguakgatik barkatua dago: baña esan zion, bere Anditasuna eta mirariak Ejipton eta eremuan ikusi arren, aren esanik egin nai izan ez, eta beraren kontra itzegin zutenetatik etzala bat ere lur eskeñian sartuko. Esan egiezu, bada, zion: zuen gorputz-illak bakardade onetan geratuko dira; ogei urtez gorako nigatik gaizki-esaka egon zeratenok, etzerate bizilekutzat eman nai nizuten lurrean sartuko; baña bai, etsaien eskuetan utzi bildur ziñaten zuen semetxoak, zuek on-iritzi etziñioten bazterra ikusi dezaten. Zuen semeak baso-mortuan or-emen ibilliko dira, gurasoen gorputzak lurrak jan ditzan artean. Esana egingo det: bakardade onetan auldu eta ilko dira.

        Moisesek esan zienean, Jainkoak zer itzegin zion, negarrari eman zitzaiozkan: ezagutu zuten, zigorrada hura ondo irabazia zutela, baña Jauna etzan atzeratu; zer egin, erabakia zegoan. Lenbiziko jo zituenak ziran amar berri-ekartzalle, jendeari asaldaerazo zioten aiek, zeintzuek guzien aurrean ill-otzik gelditu ziran. Kolpe izugarri au emanda, uste izan zitekean, Jaunaren esku itzaltsua geldituko zala, bat-batetako eriotzarik geiago eman gabe; baña ez; asaldatu aiek berak beren iltzea aurreratu zuten. Lenago bildurti bezala, gero ausardia geiegirekin Kanaanera joan naienean agertu ziran. Jainkoak Moisesen bitartez aginduta, len sartu nai izan etziranak, gero Jaunak nai etzuela, eta Moisesek gogor egiten ziela, indarrez sartu nai izan ziran; baña bereala etsimenarekin arkitu ziran. Sartzen asi bezain laster, Amalektar eta Kanaangoen eskuetan asko milla gizon il ziran, igesari eman zitzaiozkan elbarri eta baldartu banaka batzuek baizik bizirik gelditu gabe. Orra zer dakarren Jaunaren laguntza bere alde ez izanak! Gertaera ikaragarri onek negar andiak eragin zituen, eta guzien biotzetan izu-ikara gogorra sartu zuen. Egun batzuek artu zituzten, elbarri igeslari aien zauriak sendatzeko, eta naigabez eta penaz beterik, baso-mortuaren biotzera itzuli bear izan ziran, bakardade illun artan beren egunak igaro, eta milloi bat eta geiago lagun Kanaango lur atsegiñezkoaren mugaraño joan, eta sartzeko eskua gaiztakeriakin galdu zutenak, ezurrak uztera.

        Mingarria zan menaz, Jainkoak ainbeste mirarien erdian Ejiptoko morrontzarik gogorrenetik atera, ain bide luzean lagundu, eta beren guraso antziñakoai eskeñitako lur eder aren ateetara ezkero, sartu gabe itzuli bearra. Zergatik ote? Jainkoagan uste eta esperantzarik artzen etzutelako. Gogo gaiztoz bederik, eremuaren erdira biuru ziran bada.

 

 

2. Jaieko langillearen kastigua

 

        Israeltarrak ogeita emezortzi urte eremuaren erdian igaro zituzten. Bitarte luze onetako gora-beerak eta gertaerak esatea erraz ez da. Eskritura Santak lenbizi esaten diguna, jai-egun bateko langillearen kastigua da. Israeltarrak Moises eta Aaroni gizon bat eraman zioten, esanaz, jai-egunean egur-biltzen arkitu zutela. Itsian sartu zuten, eta gizon oni zer egin etziekitelako, Moisesek Jaunari galdetu zion, ea zer egin bear zitzaion: eta Jainkoak erantzun zion, beren bizilekutik kanpora eraman, eta arrika il zezatela. Ala egin zuten. Egikera onekin Israeltarrak erakutsi zuten Jaunaren lege santa gordenaia, gauza guzietan izan balute, Moises beren buruak etzuen ainbeste eramankizun izango; baña onekin eman zioten pozak, etzuen luzaro iraun: bada, egun gitxiren buruan, arteraño izan zituen naigabe guzien azkarria, sortu zizaion. Jainkoak ipiñiak ziran Moises Israeltarren libratzalle eta buru, eta Aaron Moisesen laguntzalle eta Aita-santu; au gauza jakiña, eta mirari askoren bitartez Israelen ikasia zan: baña leku guzietako gaitz agindunaia an ere bazan; eta Kore, Datan, Abiron eta Han beste berreunda berrogeita amar lagun, nagusientsuen artean egiñik, Moises eta Aaronen kontra jaiki ziran. Datan eta Abironek Moisesi nagusitza berentzat kendu nai zioten, ziotela; Nork jende oni agintzeko eskua eman dizu? Oraindañokoa asko da bada: zu ere, besteak bezala, aginte gabe izan zaite. Korek apaizatza Aaroni kenduta, beretzat nai zuen, hura ere Leviren jatorria zalako; bada, zioten, odol onetako guziak santutuak zirala.

        Moisesek asaldatze au ikusirik, Jaunari auzpez jarri zitzaion eskatzen, esturasun artatik, arren, atera zezala. Jainkoak eskea aditu zion, eta uste oso-osoarekin jaiki zanean, aurrean etzuen iñor ikusi, Kore bere berreunda berrogeita amar lagunekin baizik. Datan eta Abiron berenarekin irteteko lagun geiago egitera joanak ziran; eta Han etzan ostera agertu. Orduan Moisesek Kore eta bere lagunai esan zien, biaramonean ikusiko zutela, Jainkoarenak edo langintza artarako Jainkoak autuak zein ziran. Zu, Kore, eta lagunok, esan zien, inzensu-ontziak eskuan artu, eta Jaunaren aurrean, inzensua suan ipiñi ezazute, eta berak esango du, santuak zein diran.

        Moisesek ezagueran sarerazo naiez, alegiñak egin zituen: Kore eta bere lagunai berriz ere itzegin zien, esanaz; ea Jainkoak Tabernakuloan bere serbitzoak egiteko, eta jende guziaren aurrean egoteko autuak izatea ezer gitxian zeukaten?

        Zer? Jainkoak bere ondoraño sartzeko eskua eman dizute, apaizatza bera ere gero zerendu naiez ibiltzeko, eta Jaunaren beraren kontra altxatzeko? Zein da Aaron, zuek gaizki-esaka erabiltzeko? Baña egin-al oiek alperrik ziran. Korek indarrez nai guzia egin uste zuen; beragatik gortua zegoan, Moisesen ondo-esanak aditzeko.

        Moisesek etsirik, etzuela Kore eta bere lagunakin ezer egiten, Datan eta Abironi beren egonlekuetara mandatariak, bialdu ziezten esatera, etorri zekizkiola, eta aien eskaeraren gañean elkarrekin itzegingo zutela; baña gaztigua etzioten ezertan artu. Ez goaz, erantzun zuten. Moisesi gitxi deritza eznea eta eztia zeriozkan Ejiptoko lurretik emen baso-mortuan iltzeko ateratzea, bere mendean ezbagauzka? Ez goaz, ez. Jainkoagandik artutako mesede guziak oñ-pean artzen zituen erantzuera lotsagabe onek; Ejipton izan zuten morrontza gogorrari eznea eta eztia deitzen zion erantzuera onek, Moisesen biotz goxoa osotoro laztu zuen; baña etzuen besterik egin, ezpada Jaunaren eskuetan bere ustea ipiñi, eta berriz ere Kore eta bere lagunai joan zitzaien, eta esan zien, len itzegiña egiteko prestatu zitezela. Biaramonean Moises bere anaia Aaronekin Tabernakuloaren atarira joan zan; baita Kore ere bere lagunakin. Beste asko ere an bildu ziran, batzuek ikusmirara, eta besteak asaldatu aiei premia bazan, laguntzera.

 

 

3. Kore, Datan, Abiron, eta lagunen ondamena

 

        Jainkoa bereala adierazo zan. Tabernakuloari itzal egiten zion odeia bat-batetan agertu zan, argia eta tximistak zeriozkala, eta ots batek Moises eta Aaroni esan zien, billera artatik aldegin zezatela, beste guziak ondatuak izan zitezen. Moises eta Aaron auzpez jarri, eta Jaunari eskatu zioten, etzitzala batzuek besteakgatik galdu. Jainkoak orduan Moisesi agindu zion, Kore, Datan eta Abironen bizilekuetatik jende guziak kentzeko. Israelko gizon elduenak berekin Moisesek artu, eta joan zan, Jainkoaren esana egitera. Datan eta Abironen estalpe-ondoan jarri, eta zer gertatzen zan ikusi naiez, ara joan ziran guziai esan zien, andik aldegin zezatela, ezeri ere ukitu gabe, angoakin batean galdu etzitezen. Atze guziak bereala igesegin zuten, eta Datan eta Abiron beren etxe-atarietan jarri ziran, iñor bazijoakien gogor egiteko asmoan: baña auzia etzuten Moisesekin, ezpada Jainkoarekin. Datan eta Abironen oñ-peko lurra, ots izugarri bat egiñaz idiki, eta bizi-bizirik ondatu ziran berak, beren emazteak, seme-alabak, mirabe, abere, etxe... itz batean, zegozkien guziak, eta etzan Israelen aien aitamenik geiago egin. Ingurukoak ondamen izugarri au ikusi zutenean, igesari eman zitzaiozkan, nora eta nola etziekitela, lurrak jan zitzan bildurrez. Zer negargarria ainbeste lagun beren oben-kulpaz galtzea! Baña Jaunaren esku zuzena etzan onetan gelditu. Moises bereala Tabernakulora joan zan: eta Aaron eta beste apaizai bakarrik zegokien inzensatzeko langintzan, Kore eta bere lagunak asi ziranean, Kore lurrak iretsi edo tragatu zuen, etasu izugarri bat-batetan sortu zanak, bere berreunda berrogei ta amar lagunak kiskaldu zituen. Gero Eleazar, Aaronen semeak, gorputz ikaztuen artean zeuden inzensu-ontziak artu, eta ate-gañ batean josi zituen, Kore eta bere lagunai gertatua gogoan izan zezaten, eta etzegokion eliz-lanetan sartu nai zuen beste edozein eskarmentatu zedin.

        Kastigu izugarri oiek, Israelko guziak ikusi zituzten: eta berriz alakorik ez etortzeko bideak itsi bearrean, Moises eta Aaronen kontra itzegiteari berriro ekin zioten. Biaramonean bi anaia oiek Tabernakuloaren atarira joan ziran, eta Aaron eliz-lanetan asteko bere apaiz-soñekoak janzirik zegoala, aurreko egunean ildakoen aide eta adiskideak elkar-artu, eta Moises eta Aaronen kontra deadarrari eman zitzaiozkan, ziotela; gure anaiaen borreroak zuek zerate, eta geratuko etzerate alik eta Jakoben atzeneko odola isuri arteraño. Aide eta adiskideetatik gañerakoetara ere iskanbilla zabaldu zan; nondik-nai etzetorren otsa eta deadarra baizik: eta Moises eta Aaron igesi Tabernakuloan sartu, eta Jaunaren eskuetan jarri ziran.

        Emen sartu orduko, odeiak estali zuen, eta Jainkoaren aserrea agertu zan. Moises eta Aaronek ezagutu zuten, jende gaizto arentzat gauza onik etzala. Jainkoari bein eta berriz eskatu zioten, arren, jende aren errukimentua izan zezala: baña Jainkoak etzien aditzen. Moisesek, bada, igerririk atarian zerbait bazala, auzpez zeuden lekuan Aaroni esan zion; jaiki zaite, inzensu-ontzian sua ipiñi, eta jende ari zoazkio, suaren erdian sar-zaite, eta beraren alde Jaunari eska-zaiozu. Aaron bere apaiz-janziakin, inzensu-ontzi eskuan zuela, irten zan, eta jende guzia ikusi zuen, su eta gar zeriola; il eta bizien erdian sartu eta sua itzali zuen; baña ordurako amalau milla eta zazpireun lagun kiskaldu ziran.

 

 

4. Aaronen zigorra

 

        Esan diran gertaera negargarriakin Jainkoak garbiro adierazo bazuen ere, apaizetako autuak Aaron eta bere humeak zirala, are obeto ezagutu zedin, sinisgarri berri bat eman nai izan zuen. Moisesi agindu zion, Israelko amabi Tribuetako nagusi edo Prinzipeen eskuetatik amabi zigor artu zitzala, eta nori bere nagusiaren izena ipiñi zizaiola: bere Tribukoarenarekin au bera egin zezala: zigor oiek Tabernakulora elkartasuneko kutxa-aurrera eraman zitzala, eta apaizatzarako autua zegoanaren zigorra loretuko zala. Moisesek Jainkoak agindu guzia egin zuen: eta iñork zer esanik izan etzezan, gau guzian kontuartzalle asko zai egon ziran. Biaramonean Moises, guziak zekustela, Tabernakuloan sartu zan, eta Aaronen zigorra bakarrik arkitu zuen ostoz janzia eta lorez betea. Zigor guziak atera, eta nori berea eman zion, eta eraman zituzten: baña Aaronena Jainkoaren aginduz Kutxa santan gorde zan, beti jakin zedin, apaiz-izatea Aaron eta bere jatorkiari zegokiela. San Anbrosioren iritzian zigor onek, Kutxa santan egon zan denbora luze guzian, bere osto, lore, eta garauakin iraun zuen.

 

 

5. Israeltarren Kanaan-ondora itzultzea. Mariaren eriotza

 

        Israeltarrak ikusi zituzten kastigu ikaragarriakin, noizbait bear da, zerbait zentzatu ziran; ezdakigu, beintzat, eremuan bizi izan ziran beste ogeita amazazpi urte eta geiagoan, iskanbilla berririk ipiñi zutenik. Bitartean Kanaango lur gozoa ezertzat artu etzuten geienak, iltzen zijoazen. Onela, Jaunaren itza betetzeko ordua, bazetorren: eta Ejiptotik irten ziranetik berrogeigarren urteko lenengo illean, Kades zeritzan Kanaango muga-ondora itzuli ziran. Moisesek emen naigabe andi bat izan zuen; bada, Maria bere arreba maitea il zitzaion. Moisesek iltze onekin zer atsekabea artuko zuen ezagutzeko, ezdago begiratu baizik, bere neke eta ibillera gogor guzietan zein lagun ona izan zuen. Eriotzatik Mariak gorde zuen, saskitxoan sarturik ibai ondoan ipiñita: bere ama egiazkoa iñudetzat Mariak eratu zion; Ejiptoko neke guzietan Maria jarraitu, eta katibutasun gogorrean Mariak lagundu zion: ytsaso gorria igaro zutenean, Jaunari eskerrak ematen eta alabatzen, emakume guzien buruan Maria jarri zan: bera izan zan Igarta edo Profeta, Jainkoak gauza-isill asko agertzen ziozkana, eta gaizki-esale batzuen artean bizita, anaiaren kontra bein zerbait esan bazuen ere, umiltasun andiarkin kastigua nozitu zuena: Maria izan zan, bada, donzellatasuneko bizimodu garbia lenbizi artu zuena: eta atzenean bere bi anaiaen eskuetan eunda ogeita amar urtekoa il zan, santa bezala.

        Moisesek atsekabe andi onen ondoren, etzuen izan ariñagoa, Kadesen Israeltarrak berriro eman ziotena. Len-lengo erausi eta gaizki-esateak berriztu zituzten. Zertako Ejiptotik ekarri ginduzun, Moisesi ziotsaten, ez pikurik, ez matsik, ez mingranarik izaten dan, eta urik ere ematen ez duen lur elkor onetara? Moises eta Aaron, espadasun eta kejura oiek entzun zituztenean, Tabernakuloan sartu, eta auzpezturik, Jaunari ur-eske jarri zitzaiozkan, onekin aseta, isildu zitezen. Jainkoak entzun zien, eta Moisesi agindu zion, zigorra artu, eta jende guzia bildu zezala: gero berak eta Aaronek, arriari, guziak zekustela, itzegiteko, eta ura agertuko zala. Moisesek, bada, ainbeste mirari egindako makilla Kutxa santaren ondotik arturik, aurrean zeukan arria, bi aldiz jo zuen, eta ur gozo ugariak eman zituen iturri bat sortu zan, eta asetzeraño edan zuten.

        Onekin orduko oien erausiak isildu ziran; baña Moisesek Jainkoaren begietan egin zuen utsegite bat, bi anaiai txit garesti irten zitzaiena. Jainkoak, bakarrik esan zien, arriari itzegiteko, ez jotzekorik: baña bein, ez ezik, birretan ere, beingoan urik eman etzuelako, jo zuten, eta Jainkoak etzien ondo artu, zeren adierazten zuten, itzegite utsarekin ura sortuko zanik etzutela uste. Gero Jainkoak esan zien, zergatik aren agindua, ark esan bezala, egin etzuten, lur gozo anziñatik eskeñian, etzirala sartuko. Berri mingarria! Israeltarren bi gidari aiek, Ejiptoko katibutasunetik ateratzeko lana beren kontura eman zitzaien ezkero, izan zituzten neke eta eramankizun guziak arintzen ziezten, noizbait ere atsegiñetako lur gozo artan sartuko ziralako pozak: eta orain, ara gabe ilko zirala, Jaunaren beraren aotik entzuteak, bi anaia aien biotzak osotoro illundu zituen: ala ere Jaunaren esanari burua umilkiro makurturik, arterañoko leialtasun berarekin beren lanbideari jarraitu zitzaiozkan.

 

 

6. Aaronen Eriotza

 

        Moisesek eunda ogei urte zituen, eta Aaronek iru geiago, lur eskeñian sartuko etziran berria artu zutenean. Albista au Aaronen aldetik laster egiztatu zan. Israeltarrak Kadesen iru illabete luzeak egin zituzten; laugarrenean Moserara Hor-ko mendi-ondora aldatu ziran. Emen zeudela, Ejiptotik irten ziran berrogeigarren urteko bostgarren illaren lenengo egunean, Jainkoak Moisesi esan zion, Aaron eta onen seme Eleazarekin Hor-ko mendira igo zedilla, eta apaiz-soñekoak Aaroni kendurik, Eleazari jazteko, eta Aaron an il bear zala. Moisesentzat bere anaiaren iltzea naigabe andia zan: ala ere, Jainkoak agindu ziona egin zuen: eta Aaronek, ezbazuen ere, ez bere osasunean, ez bere indarretan, eriotza berealakoaren aztarnarik ezagutzen,Jaunaren esana gogoan artu, eta atzen-orduari pake onean itxedon zion. Moisesek soñekoak aitari eranzi, eta semeari janzi ziozkanean, bereala anaia eta semearen eskuetan Aaron il zan. Eunda ogeita iru urtekoa zan; oietatik larogeita iru Ejiptoko morrontza gogorrean, eta beste berrogeiak Aita-santu-lanetan, eta bere jende maiteari on-egiten igaro zituen. Moises baño zarragoa bazan ere, anaiari beti nagusitzat begiratu izan zion. Anaia il zitzaionean, Eleazar Apaiz berriarekin Moises errira jatxi zan; eta Israeltarrak Aaronen il-berria artu zutenean, negar-malko miñak isuri zituzten, eta ogeita amar eguneko progua egin zioten. Mendi berean, zegokion onorearekin gorputz-illa lurpetua izan zan.

 

 

7. Aradko Erregea, eta bere ondamena

 

        Israeltarrak Moseran bazeuden, bideari ekiteko odeiak noiz adieraziko zien begira, izu-ikara gogorra auzoetan zabaltzen zutela. Artu bear zuten lur edo bazter aietako Erregeai, alako jendetza eta ainbeste armadun ateetan idukitzeak, buruausterik asko ematen zien. Geiena bildurtzen zana, Aradko Erregea zan, zeren bere erreinua zan, Israeltarrak arkitzen ziran lekutik lenengo zegoana. Errege onek, bada, etsai portitz ura bere ataritik kendu naiez, alda-aurrea arturik, Israeltarrai eraso zien, alako gauzarik gogoan etzeukaten garaiean, eta lenengo sarreran goiartu zien edo benzutu zituen, eta zenbat banaka atzitu ere bai. Orduan Israelek Jaunari, Kananeoen erriak osotoro ondatzeko itza, eman zion, baldin aren eskuan ipintzen bazituen. Jainkoak eskeñtza au ondo artu zien: erabakita zeukan, alabañan, Kanaan biurriaren ondore guzia galtzea, Sem, Abraham, Isaak, Jakob, eta oien ondorengo Israeltarrai, Sem asabaren aldetik legez eta bidez zegokien lurraz jabetu, eta besterenean bizi ziralako.

        Egiaz, Israeltarrak Jaunaren laguntza berekin zutelako uste osoarekin, Arad eta bere jendeari berriro eraso zieten; eta Errege bera il, eta bideko erri guziak erre zituzten.

        Andik egun batzuetara, odeiak abian ipiñi zituen, eta Seir-ko mendiak-beera Itsaso gorrironz joan ziran, or-emen ibilli batzuek egiten zituztela; baña zeramazkiten bideak, opa zuten lekurako laburrenak ez bide ziralako, len-lengo erausi eta gaizki-esateak berriztu zituzten. Zertako Ejiptotik eremuan iltzera ekarri ginduzun? Moisesi zerasaten. Emen ez ogirik, ez urik dago, egunoroko mana aulak gogoan jo gaitu. Moisesek etzuen uste, ainbeste aldiz kastigatuta, gero erausi oiek berritzerik; baña Israeltarren griña zertara zan ikusia zegoan. Ala ere, aldi onetan artu zuten zigorradarekin, noski, zentzatu ziran, edo len-lengo murmuratzalle guziak il ziralako, edo berriak osotoro izutuak gelditu ziralako; etziran, beintzat, geiago erausietara.

 

 

8. Sugezko kastigua

 

        Jainkoak, bada, mingañ gaizto aien kastigurako bialdu zituen, sua zerioten suge-taldeak, zeintzuen miztoak ukitzen zutena, kiskaldu eta illik geratzen zan. Ikusirik, epe laburrean guziak iltzera zijoazela, Moisesi joan zitzaiozkan, esanaz; Jainkoaren eta zure kontra itzegiten, gaizki egin degu. Moises Jaunari aurrean jarri zitzaion jende damutu onen alde barkazio-eske, eta Jaunak bere eskaria entzun zion. Agindu zion, metalezko suge bat egin zezala; eta suge au ikusten zuten guziak, beste pozonizko aiek ukituta egon arren, sendatuko zirala. Moisesek ala egin, eta nondik-nai ikusten zan leku erpin batean ipiñi zuen: eta berari begiratu utsarekin, ozkatu eta zauritu guziak sendatzen ziran. Zer ordea? Metala urtu eta sugea egin bitartean, lur eskeñian sartuko etzirala, Jainkoak ogeita emezortzi urtez lenago esan zien guzi-guziak, il ziran, Jaunaren esana zearo betetzen zala, eta orduko gaiztakerian kutsutu gabeak, eta geroztik jaioak bakarrik gelditzen zirala.

        Zein egoki, leku erpin batean ipiñitako sugearekin, Jainkoak lenagotik adierazo zuen, noizbait gurutzean goratua izango zan munduaren Sendatzallea! Suge ura ikusiak, suge pozonizkoen ozkada guziak gorputzetan sendatzearekin, erakutsi zitzazkigun, Jesus gurutzekoak gure animaetan egingo zituen sendatze miragarriak. Israeltarrak etzioten, zer esan nai zuen, igerri: baña geroz ikusi zanarekin, garbiro ezagutu zan, zertako zan.

 

aurrekoa hurrengoa