www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Ejiptoko katibutasuna

 

        Jose Ejiptora joan zanean zegoan Erregea, eta onen ondorengoaren denboran, Jakoben semeak pake eta doatsuera andian bizi izan ziran: baña Jose il zanetik laster, sartu zan beste Faraon bat, Jose iritsi edo ezagutu etzuena, eta bere aurrekoak artutako mesedeak aintzat etzeuzkana, zeñak asi zuen Jakob edo Israelen humeak larogeita amar urtean igaro bear zuten katibutasun negargarria. Urte gutxiren buruan Israeltarrak asko ugaritu ziran: eta berri onekin, zerbait egingo zioten bildurrak Faraoni eman zion; eta bildur oni bideak isteko, Israeltarrak ez-arian beeratzeko asmoak artu zituen. Israeltarrak ugaritu dira, zion; eta azpiratu ditzagun, gerra bat sortzen bada, gure etsaietara joan ez ditezen. Israeltarrak edozein lanetan txit trebeak ziran, beragatik nai zituen bertan iduki, baña bururik goratu gabe. Lenbizi, gizon gogor batzuen kontura, bi erri egiten ipiñi zituen. Adrillu eta beste lur-lanak eragiten ziezteen, nola ordea? nekerik gogorrenarekin, guziak auldu, makaldu, arpegiak oritu, eta ezur-uts egiteraño. Ala ere Israeltarrak ugaritzen zijoazen. Au ikusirik, Faraonek gizonari gogoak eman al-dizaiokean asmorik gaiztoena artu zuen. Israeltar emakumeai aurgiteko orduan laguntzen ziezten emagiñai agindu zien, sabeletik irten, eta bereala aur-seme guziak il zitzatela, alabak baizik biziarekin iñor utzi gabe. Aginte gogor au etzuten emagiñak egin nai izan, Jainkoari bildur zitzaiozkalako. Beren buruak lanbide artatik garbitzeko, erantzun zioten, ezen, Israelko emakumeak etzirala, Ijitoen antzeko iñoren bear ziranak, ezpada aiek joan orduko, aurrak jaiota zeudela. Aurtxo aienganako urrukimentu au Jainkoak ontzat artu zien, eta beren ondasunak ugaritu ere bai. Baña uko onek Faraon aserre bizian sartu zuen: eta Erriari agindu zion, Israeltarren aur guziak Niloko ibaiera botatzeko.

 

 

2. Moisesen jaiotza

 

        Jakoben seme Leviren illoba Amram zeritzana, Jakobedekin ezkondu zan, eta bederatzi urteko alaba Maria eta biko seme Aaron zeuzkan. Faraonen Israeltarrak galdu-naia biziena zan egunetan, beste seme bat ere izan zuen, ea iru illabetean etxean gordeta zeukan. Geiago ezin zuenean, zumezko saskitxo batean sartu, eta ibai-ertzean kañabera-artean utzi zuen, aurra noratzen zuten, edo zer patu zuen ikusteko, Mariak kontu artzen ziola. Ala bearra! Faraonen alaba jatxi zan, ibaiean mainatzera; eta saskitxoa ikusi zuenean, neskameari erakarri zion, eta aurraren negarrak kupitu zuten, eta begira jarrita, esan zuen; Au Hebreotarren aurren bat da. Orduan arreba, azeloan zegoana, joan zitzaion, eta esan zion; nai dezu, nik billatu dizazudan iñude bat, aur orri bular-eman, eta ziko dizuna? Prinzesa biotz biguñekoak, baiez, esan zion; eta Maria bereala bere amagana joan, eta zer gertatzen zan, adierazo zion. Ama aurkeztu zitzaion Faraonen alabari, zeñak esan zion; aur ori artu eta azi ezazu: azitze-saria nik neronek emango dizut. Amak bere-bere semea artu zuen, besterik bazan bezala; eta azi zanean, Faraonen alabari eman zion; onek bere semetzat artu, eta deitu zion Moises, uretik aterea izan zalako; bada, Ejiptoko itzkuntzan Moises-ek ura esan nai du. Geroz, berrogei urteko adiñera edo edadera artean, Faraonen etxean bizi izan zan, alik eta Israeltarrak katibutasunetik ateratzeko lanean asi zan arteraño.

 

 

3. Moisesek Faraonen etxetik iges-egiten du

 

        Ordu au iritsi zala, igerri zionean, bere asmoak artu zituen. Lan andi onetarako autua zala, ezagutzeko argia Jainkoak eman zion; eta Erregearen etxean ondo eta naiera guziakin bazegoan ere, bere senide Israeltarretara joan, eta oiei laguntzeagatik, guziak utzi zituen. Onetarako aitortu zuen, Faraonen alabaren semea etzala, ezpada Jakoben odolekoa; eta Gesenera joan zan, bere anaiakin neketan bizitzera. Oiekin zegoan bein batean Ijipto bat ikusi zuen, Israeltarra jotzen, eta ber lagunari laguntzera joan, Ijitoa il, eta arepean sartu zuen. Moisesek baziekien, gauza au egiteko eskubidea Jainkoak emanik zeukala, eta uste zuen, bere anaiak oien libratzalletzat eginbide onetatik ezagutuko zutela; baña etzuten ala artu. Biaramonean bi Israeltar elkarrekin despitan ikusi zituen, eta onez-onean esan zien; anaiak zerate, zergatik ori elkarri egiten diozute? Oietatik batek esana ontzat artu bearrean, erantzun zion, gurekin zer egiteko dek? ni ere atzoko Ijitoa bezala il nai nauk? Esan onek Moises izutu zuen, eta zion: nola nik atzo egin dedana zabaldu da?

        Moisesek ezaguturik bizia galtzeko bidean zegoala, Ejiptotik irten, eta Madiango alderdira igesi joan zan. Emen iturri baten ondoan zegoaala, Jetro zeritzan ango apaizaren zazpi alaba ara joan ziran ardiai edanerazotzera. Ondoren zetozen artzai batzuek neskatxak gogorrean andik kendu nai izan zituzten, berenai aurrena edaten emateko; baña Moises neskatxen alde irten, eta lagundu zien. Neskatxak etxera ziranean aitari esan zioten, zer gertatu zitzaien; eta alabai mesede egin zien Ijitoa aitak ezagutu naiez, beregana eraman zuen; eta Jetro onen alaba Seforarekin Moises ezkondu zan, eta izan zituen bi seme Eliezer eta Gersam. Bitarte onetan Ejiptoko Israeltarrak egunetik egunera gaizkiago zijoazen, eta neke geiago eraman bearrean.

 

 

4. Moisesi Jainkoaren agerkera

 

        Egun batean aitagiarrabaren ardi-zantzan zebillela, Horebko mendira joan zan, eta ikusi zuen sasi bat, sua zeriona, eta erretzen etzana. Zer ote zan jakiteko, alderagotik begiratu nai izan zion; baña aditu zuen, esaten; ez onara urreratu; oñustu zaite, zeren lur au santa dan; Ni Abraham, Isaak, eta Jakoben Jainkoa naiz. Orduan Moisesek, Jainkoari begiratzera benturatzen etzalako, arpegia estali zuen. Israelko semeak erruki ditut, Jainkoak esan zion, eta egin didaten otsak aditu dieztet; atoz; Faraongana bialdu bear zaitut, nere erria Ejiptotik ateratzera, gero bazter andi aberats batera eramateko. Moisesek baziekien zer lanetarako Jainkoak zeukan; ala ere, aditu zuenarekin larritu zan, eta uzkur zegoan alako lanbide bati ekiteko; eta erantzun zion; ni nor naiz Faraongana joan ,eta Israelko semeak Ejiptotik ateratzeko? Jainkoak erakutsi zion zer egin, eta Israelko zarrai zer esan; baña Moisesek erantzun zion; sinistuko ez didate. Kezka eta bildur oietatik bein betiko ateratzeagatik, eskuan zer dezu? Jainkoak galdetu zion. Zotz bat, Moisesek erantzun zion. Lurrera bota ezazu, esan zion. Egotzi zuen, eta suga biurtu zitzaion. Isasetik eldu zaiozu, gero esan zion. Eldu zion, eta zotz itzuli zan. Eskua kolkoan sar-ezazu, esan zion. Sartu zuen, eta ateratzean, legenez josia arkitu zuen. Berriz sartu, eta osotoro garbitua atera zuen. Jainkoak esan zion, baldin lenengoarekin sinisten ezbazioten, bigarrenarekin sinituko ziotela; eta au ere asko ezbazan, zer egin erakutsi zion. Gisa onetako itz-aldi luze bat egin, eta Jauna ezkutatu zitzaion.

        Moises ardiakin aitagiarrabagana joan, eta bere anaiak Ejipton ikusteko eresia agertu zion; eta Jetrok baimena emanik, Moises Ejiptoronz abiatu zan; eta Horebko mendi-ondora zanean, Aaron Ejipton gelditu zitzaion anaia, laguntzat emateko Jainkoak autua zeukana, topatu zuen. Berrogei urte ziran Moises Ejiptotik irten, eta Kanaanen Jetro bere aitagiarrabarekin bizi zala, eta anaia biak elkar ikusi etzutela. Bereala batak besteari, bitarte luze onetan Ejipton eta Kanaanen gertatu zitzaien guziaren berri eman zioten. Moisesek batezere, Jainkoak arekin egin zituen mirari andiak, esan ziozkan, eta biak Gesenen elkarrekin sartu ziran.

        Moises eta Aaronek Israelko zar guziak bildu, eta Moisesek bere gañ edo kontura zer lanbide zeukan esan zien. Esan au sinisterazotzeko, eskuko zotza suga biurtu zuen; suga au bereala zotz: gero eskua kolkoan sartu, eta legenez betea atera zuen. Berriz sartu, eta garbitu zuen; zeña Israeltarrak ikusirik, sinistu zioten, Jainkoaren eskubideakin janzia zegoala; eta auzpezturik agur-egin edo adoratu zuten.

        Moises eta Aaron Faraoni aurkeztu zitzaiozkan, eta esan zioten, Israelen Jainkoak ara zer dion; Nere jendeari utzi zaiozu joaten, baso mortuan ofrendak egin dizazkidan. Faraon, itsumustuan egindako esakera onekin, txit aserretu zan, eta erantzun zien, ea Jainkoa nor zan, aren esana ark egiteko, eta Israeli uzteko? Ez det, zion, ez det Jainko ori nik ezagutzen, eta ez diot Israeli ere utziko, joaten. Oiek eta onelako beste gauza asko, Jainkoari eta bere mandatariai etzegozkienak erantzun, eta bere begietatik bialdu zituen, eskatzen zuten baimena eman gabe.

        Faraonek eskaera au txit gaizki artu zuen; eta Israeltarrai ipiñitako kontuartzalleai agindu zien, estuago artu zitzatela; bada, aisian zeudelako, eskaera aiek egiten zituztela. Ipiñi zieten len ainbat adrillu egunoro egin bearra, baña lastorik eta beste errekiñik eman gabe, zeñaren billan or-emen neke andian berak ibilli bear ziran: eta beren sailla edo tarea ezin egin zutenean, erasotzen zieten berriro, ezin geiago eraman-al-eraño. Faraoni kejurakin joan zitzaiozkan; alperrik ordea; etzien aditu. Gero Moisesi itzegin zioten, onek neke berrian ipiñi zituela, arpegian emanaz. Moises jende aren alde Jainkoari erreguka jarri zitzaion; eta Jainkoak agindu zion, berriz ere Faraoni itzegiteko.

        Moises eta Aaron Faraoni bigarren aldian joan zitzaiozkan, eta lendabiziko eskaera bera egin zioten. Faraonek Jainkoaren partetik zijoazkion ezagungarri bat eskatu zien. Au aditu zutenean, Aaronek Moisesen zigorra artu, eta lurrera bota zuen, eta suga egin zan. Faraonek denbora artan erreinuan bazituen sorgin edo gaizkin batzuek, Jainkoaren mirari egiazkoak gezurtatu naiez, deabruarekin bat eginda, mirari-irudiak, edo milagro-antzak egiten zituztenak. Deitu zien sorgin oiei, zeñak beren zigorrak lurrera bota zituzten, eta iransuga egin ziran: baña Moisesen zigorretik sortu zan sugak besteak iretsi edo tragatu zituen, eta zigor itzuli zan. Faraon etzan onela ere bigundu. Sorgiñen zigorrak iransuga biurtzeari igerri bear zion, deabruaren lana zala; eta Moisesenak, bat bakarra izanik, beste guziak iretsitzeak adierazten zuen, Jainko egiazkoa noren aldetik zan; baña argia ikusteko itsutua zegoan; eta eskatzen zuen baimena Moisesi etzion eman; eta Moises irten zan, sorgin guziak lotsaz utzita.

 

 

5. Ejiptoko amar zauriak

 

        Jainkoak ikusirik, mirari oiek etzirala asko izan, Faraonek Israeltarrai Ejiptotik irteten uzteko, Ejiptora bialdu zituen amar zauri izugarri, emen bat-banaka laburkiro azalduko diranak.

        1. Zauria. Moises eta Aaron Faraoni irugarren aldian joan zitzaiozkan; eta Jainkoaren izenean agindu zioten, Israeltarrai irteten uzteko. Faraonek ukatu zien. Moisesek esan, eta Aaronek eskuko zigorrarekin ura jo zuen, eta Ejiptoko ur guziak odol biurtu eta arrai guziak il ziran. Zazpi egunean urak onela iraun zuten. Bitartean Ijitoak, egarriak ilko ezbazituen, ibai ertzetan zuloak egin zituzten, are-tartetik irteten zan ura edateko; baña au ere odoltsua zetorkien, eta egarriak beartuta, edaten zutenean, oñaze miñak artzen zituen. Sorgiñak ere lan onen antzeko zerbait egin zuten, ez ordea gezurrezkoak zirala ez igerritzeko eran. Zazpigarren egunean urak berera itzuli ziran: Faraonen biotza gogor zegoan, eta Moises eta Aaron ezer iritsi gabe gelditu ziran.

        2. Zauria. Moises Faraoni laugarren aldian joan zitzaion; ez ordea eskatzen zuena Faraonek eman. Orduan Moisesek esan, eta Aaronek ibaiko ura jo zuen, eta Ejipto guzia igelez estali zan. Erregearen etxe, gela, oi, mai, eta janarietan etzan igela baizik ikusten: au bera Erreinu guzian ere gertatzen zan. Zauri nazkagarri onek ainbeste estutu zituen, non, Faraon jarri zan Moises eta Aaroni eskatzera, zauri artatik, arren, atera zitzala, eta Israeltarrai utziko ziela irteten. Moisesek Jainkoari eskatu zion; eta igel guziak bereala il ziran; baña Faraon gogortu zan, eta etzien irteteko baimenik eman.

        3. Zauria. Moisesek, oraingoan Faraoni aurkeztu gabe, Ejipto guzia estali zuen eltxo edo euli txiki mingarri gizon, abere, eta beste bizidun guziak ezin geiagoraño penatzen zituztenez. Ejiptoko auts guziak eltxo biurtu ziran; ea eltxozko odei belz batek Erreinu guzia illuntzen zuen. Emen sorgiñak arkitu ziran, Jainkoaren eskua zebillela, eta utzi bearko zitzaiela joaten, aitortu bearrean; baña Faraonen biotza arri egiñik zegoan, eta etzuen nai izan.

        4. Zauria. Moises Faraoni bostgarren aldian joan zitzaionbaimen-eske; eta Faraonek ukatu zionean, euli andi pozonizkoak erakarri zituen, eta Erregearen etxetik Erreinuko bazterrik txikienerañoko guziak euli oiekin bete ziran. Faraonek ikusirik, beren ozkada miñakin ukitu guzia pozoniturik uzten zutela, Moisesi eskatu zion, gaitz artatik libratu zitzala, eta utziko ziela joaten. Moisesek Jaunagandik mesede au iritsi zuen; ez ordea Faraonen baimena; bere itza jan zuen, eta biotza gogortu zitzaion.

        5. Zauria. Moises Faraoni seigarren aldian joan zitzaion, eta Faraonek, lenengoetan bezala, ukatu zionean, sortu zuen kanpoetako abere guzietan gaitz-antz gogor bat, zaldi, idi, bei, asto, gamelu, ardi, eta beste atzienda guziak il zituena. Gauza arrigarria! Ez len aitatu diran zauriak, ez oraingoak, eta ez gerokoak Israeltarrai ezertan ere ukitu zieten. Faraonek galdetu, eta jakin zuen, etzala Israelko abere bat bakarrik ere galdu, eta ala ere etzan bere biotza samurtu.

        6. Zauria. Moises eta Aaron Faraoni zazpigarren aldian joan zitzaiozkan ,eta Israel irteteko baimena aitatu gabe, Moisesek autsa artu, eta zeruronz bota zuen, eta une berean gizon eta etxeetako abere guziak bete ziran zauri nazkagarri, eta usai gaiztoko, min eta oñaze andiak ematen zieztenez. Eskritura Santak ezdigu esaten, zauri onek Faraoni ukitu zionik: beintzat, bere mendekoak zeramazkiten oñazeak ezertan artu gabe, aren biotzak betiko gogortasunean zirauen.

        7. Zauria. Moises Faraoni zortzigarren aldian aurkeztu zitzaion baimen-eske: eta Faraonek ukatu zionean, eskuko zigorra altxatu zuen; zerua odei illunez bereala estali zan, eta turmoi, eta iñusturi izugarriak batetik, eta kazkabarra eta arria bestetik, asi ziran, sekulan alakorik Ejipton ikusi etzan eran. Kanpoan arkitu ziran gizon eta abereak il, landareak porrokatu, eta arbolak autsi ziran. Faraonek ikusgarri onekin izuturik, Moises eta Aaroni irugarren aldian deitu zien, bere gaizki-egiña aitortu, eta eskatu zien, iñusturi eta arriabar gaizto aietatik libratu zitzatela, eta utziko ziela joaten. Moisesek Jainkoari erregutu zion, eta iñusturi eta besteak geratu ziran. Baña arestian emandako itza Faraoni damutu zitzaion, eta etzien utzi irteten.

        8. Zauria. Moises eta Aaron Faraoni bederatzigarren aldian agertu zitzaiozkan, eta esan zioten: ara Hebreoarren Jainkoak zer dion: noizdaño nik agindua egin nai ezdezu? Nere erriari utzi zaiozu joaten, ofrendak egin dizazkidan: bestela, bazter guzietara biar larrapote edo langosta bialduko dizut, eta arriabarrak galdu etzuena, onek galduko du. Au eta onelako beste zenbat itz esan, eta Moisesek Faraonen ondotik aldegin zuen. Andik laster Moises eta Aaronek Faraonekin beste itzaldi bat izan zuten; baña ez ezer atera; eta Faraonek begietatik kendu zituen. Orduan Moisesek bere makilla lurrean luzatu, eta sortu zan larrapote edo langosta deritzan pizti txezko samalda izugarri, Erreinu guzia, odei batek bezala, itzaldu zuena, eta lenagoko zaurietatik geratutako arbola, belar, landare, orri, eta zegoan beste guzi-guzia ondatu eta arrasatu zuena. Egundaño alakorik Ejipton etzan ikusi, eta ez ikusiko ere. Etxeak eta kanpoak, bazter eta leku guziak pizti gogaikarri onekin bete ziran. Gizonai ozka-egin, eta oñaze andiak ematen ziezten, eta asko iltzen ere baziran. Faraonek ondamen au ikusirik, Moises eta Aaroni deitu eta bere bekatua aitortu zuen, eta eskatu zien, arren, gaitz hura kendu zezatela. Moisesek Jaunari erregutu, eta bereala aize epel batek pizti guziak itsaso gorrira bota zituen, bat bakarrik ere Ejipto guzian utzi gabe; baña Faraon gogortu zan ,eta etzuen baimena eman.

        9. Zauria. Moisesek, oraingoan Faraon-gana joan gabe, eskua zeruronz jaso zuen, eta Ejipto guzia illundu zan, ezer ere ageri etzala. Gau illun onek iru egunean iraun zuen. Ejipto guzian iñork ere, batak bestea etzuen ikusten. Illunak artutako leku eta eran, oñik ere aldatu gabe, egon ziran. Tximistaen antzeko argi batzuek noizean bein irteten ziran, eta oien islara aurrean jartzen zitzaiezten abere zatar izugarri, eta ikusteko ikaragarriak, zeñak ez ikusteagatik begiak itxitzen zituzten. Piztien aieska eta garraxi tristeak aditzean, korde gabe gelditzen ziran. Itz batean Ejipto guziak infernu bizi bat zirudien. Iru egun negargarri oiek joan ziranean, Faraonek Moises eta Aaroni otsegin zien, eskatzen zuten baimena emango ziela, esatera; baña Moisesek etzion artu, bear zan eran ematen etziolako. Orduan Faraon berriz ere gogortu zan, eta esan zion, etzedilla aren begietan geiago jarri, eta baldin berriz bazijoakion, ilerazoko zuela. Moisesek erantzun zion: Ez det, ez, zure arpegia ostera ikusiko; baña begira Jainkoak zer dion: Gau-erdian abiatuko naiz Ejiptotik irteten, eta Ejiptoko seme zarren Faraonenetik beenekoenerañoko guziak ilko dira; baita abereenak ere: eta Ejipto guzian altxatuko da, sekulan izan eta izango ere ezdan bezalako iskanbilla. Orduan zura serbitzari guziak jatxiko zazkit, lenbaitlen nere jendearekin irten nadilla, esatera. Au esan, eta Moises Faraonen aurretik txit aserretua irten zan.

        10. Zauria. Oraindaño egindako alegin guziak etziran asko izan, Faraonen biotz burnizkoa biguntzeko: beti ukoan zegoan, Israeltarrai bere mendetik irteten uzteko, eta Jainkoak bialdu nai izan zion atzeneko zauria, lenagokoen azkarria, eta Ijitoai negar andiak utzi zieztena. Ara zer, eta nola. Moisesek agindu zuen, Israelko gizon eta emakume zar eta gazte, andi eta txiki guziak beren abere eta gauzakin Gesenen Ramasesko errian, eta inguruan bildu zitezela. Erakutsi zien, zer egin guzia, esanaz: Etxe edo familia bakoitzeko buruak illaren amarrean artuko dezute urte barruko arkume mantxa gabeko bana, eta au ezin bada, antxume bana; amalauean Jaunari eskeñi edo sakrifikatuko diozute; eta onen odolarekin nork bere etxeko ataburua eta alboak igortziko dituzute; arkumeki au jango dezute, ez gordiña edo egosia, ezpada errea: eta jan gabe ezer gelditzen bada, sutan desegingo dezute: arkumeki onekin legami gabeko ogia, eta urraza edo letxuga samiñak artuko dituzute: bitartean bideko janziakin, zutik eta makillak eskuan dituzutela, egongo zerate, noiz-nai abiatzeko prest. Gero esan zien, gau onetan Jainkoak Ejiptoko seme zarren guziak ilko zituela; baña arkume-odolez igortzitako etxeai ukituko etziela. Gau gogoangarri au eldu zanean, Moisesek esan zien bezala, Aingerua zerutik jatxi, eta Ijitoen seme zarren guziak, bat bakarrik ere utzi gabe, il zituen; eta abereenakin ere berebat egin zuen. Ilkintza au asi zanean, etzan Ejipto guzian, iltzen zeuden semeen aieska eta garraxiak, eta semeak gabe gelditzen ziran gurasoen negar eta lantuak baizik aditzen. Gau au tristeagoa eta mingarriagoa izan zedin, abereak ere orroi eta marru izugarriak egiñaz zebiltzan. Faraoni ere etzitzaion barkatu: bere seme nagusia serbitzari guzienakin batean il zan. Faraonek Moisesi ez geiago aren begietan jartzeko esan izan bazion ere, negargarri hura ikusirik, Moises eta Aaroni gau berean deitu, eta Israeltar guziak beren gauzakin irteteko baimena eman zien: eta Ijitoak ere alegiña egin zuten, bereala andik bialtzeko, guziak ilda gelditu zitezen bildurrez. Israeltarrak, ezertako ere leku gabe, erdi-orratua zeukaten iriña burusietan sorbaldan artu, eta bideari ekin zitzaiozkan.

        Biotzaren gogorra Faraonen biotza! Jaunak bere esku zorrotzarekin ainbeste aldiz ukitu bazion ere, gogor iraun zuen, bere eta bereen ondamena ekarri arteraño. Zenbat ote dira Faraoni darraizkionak, eta Jainkoak asko aldetara ukitu arren, beren bekatuan diardutenak, alik eta eriotzaren zigorradak betiko ondatzen dituen arteraño? Errege gogor argan dakuskete, zer paturen begira dauden, Jaunaren dei biotz-onekoak ezertan artzen ez dituztenak.

 

aurrekoa hurrengoa