www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Isaaken jaiotza

 

        Arestiko gertalditik laster, Jainkoak Abrahami emandako itza bete zan. Sarak izan zuen seme bat, Jainkoak esan bezala, eta izentatutako denboran, Isaak zeritzana, eta zortzigarren egunean zirkunzidatu zuten. Abrahamek eun urte, eta Sarak larogeita amar zituzten, seme bedeinkazioko ainbeste aldiz promestutako au izan zutenean. Jaiotza onek gurasoai poz eta atsegin andia eman zien; eta Sarak bere bularrean azi zuen, titia kendu zion artean. Orduan Abrahamek oitura zan bezala, bere poza adierazteko, bazkari andi bat eman zuen; baña denboraz poz au samindu zitzaion. Beste emazte Agar-gandik izandako seme Ismaelek ogei urte bazituen, eta anaia gaztea ezin ikusiak artu zuen, eta noiz-nai zatitu eta zeatzen zuen: baziekien, alabañan, Isaak seme autua zala, eta noizbait aren buru izateko zegoala, eta min onek edozeñ gauza eragiten zion. Sarak, bein batean ikusirik, Ismaelek Isaak ezertan etzeukala, senarrari esan zion; neskame ori bere semearekin etxetik bota ezazu; bada, katibuaren semeak, Isaak nerearekin ez du zure ondadean parterik izan bear. Sararen eskaera au Abrahami gogor egin zitzaion; Ismael ere, bigarren mallako emazteagandik izana bazan ere, berea zuen. Jainkoak esturasun onetan, zer egin, erakutsi zion. Egizu, bada, Jainkoak esan zion, Sarak diona egizu; eta Isakgandik irtengo da zure izena gordeko duena. Abraham beti prest zegoan, Jainkoaren esana egiteko. Biaramonean egun-sentian jaiki zan; ogi bat, eta ur-ontzi bat arturik, Agar-i sorbaldan ipiñi ziokan; Ismael eman zion; eta ama-semeak etxetik bota zituen.

 

 

2. Agar eta Ismaelen basora joatea

 

        Agar eta Ismael Abrahamen etxetik irten, eta Farango mendi edo basoronz abiatu ziran. Mortu irazeki onetara ziranean, beroak easan, eta Ismael, ur gabez, egarriaz iltzeko zorian jarri zan. Agar-ek bere semea iltzen ikusteko biotzik etzuelako, au arbola-pe batean utzi, eta bazter batera aldegin zuen. Ismaelek ikusi zuenean ama negarrez eta aieskaz aldegiten, zeruronz biotza jaso, eta bere aita Abrahamen Jainkoari eskatu zion, arren, artzaz kupitu zedilla. Jainkoak Ismaelen eskaria aditu zuen, eta Agar-i bialdu zion aingeru bat, ziotsana; Zertan zaude? Ez ikaratu; Jaunak Ismaelen eskaria artu du: zoazkio, eta jakin ezazu, ondore andi baten buru eta aitatzat Jainkoak artua daukala. Agar-en begiak argitu ziran; eta aldamenean ikusi zuen iturri eder batetik ontzia urez bete, eta semeari edaten eman zion; onekin semea bizkortu, eta lenagoko indarretara zan. Ama-semeak ustegabeko laguntza onekin txit poztu, eta geroz luzaro basoan bizi izan ziran, semeak eizean biltzen zuena janaz. Amak denborarekin Ejiptotik neskatx bat ekarri, eta semea ezkondu zan, eta Jainkoak esan bezala, izan zituen seme eta oien hume asko, bazter zabal aien jabe egin, eta bizitu ziranak.

        Ismael eta bere ama Agar Abrahamen etxetik irten ziran ezkero, Abraham Geraran pake andian bizi zan. Bere ontasunarekin guzien gogoak beretzen zituen. Bere lan-egite, izerdi, eta kontu onarekin, urte gitxiren epean txit aberastu zan. Beste pozgarri askoren artean lenengo mallan Abraham eta Sarak beren semetxo Isaak zeukaten; onen aziera ona eta zuzena zan aien ardurarik andiena: eta semeak ere gurasoen kontu onari ondo erantzun zion; eta arteraño izan zan gazterik ederrena, eta oiturarik obenetakoa, bear bada, zan.

 

 

3. Abrahmen eskeñtza edo sakrifizioa

 

        Isaak zerbait azi zanean, Jainkoak Abrahamen obedienzia ikusi naiez, agindu zion, bere seme maite au artu, eta berak esango zion mendi gañ batean eskeñi edo sakrifikatu zezala. Ofrenda edo sakrifizio au, gauza biziren bat il, sutan erre, eta austuaz egin oi zan. Guraso batentzat neke gogorreko lana zan; ala ere, Jainkoaren esana egiteagatik Abraham artara jarri zan. Baziekien, Jainkoak emana zuela, eta itzultzeko prest zegoan. Goiz batean, bada, egun sentia baño lenago jaiki, astoa tresnatu, sua egiteko bear zan egurra txikitu, eta bere seme Isaak, eta bi morroi arturik, iñori ere bere asmoa agertu gabe, Jainkoak izentatu zion mendironz abiatu zan. Irugarren egunean mendia ikusi zuenean, bere morroiai agindu zien, astoarekin mendi-ondoan egon zitezela; eta bera bere semearekin mendi-gañera igo, eta Jainkoa adoratutakoan, itzuliko zala. Astoari egurra kendu, eta semeari sorbaldan ipiñi zion; eta sua eta ganibita berak eskuan zituela, gañeronz bazijoazen. Bidean semeak aitari esan zion; Ene aita! sua eta egurra dakuskit, baña non da eskeñi edo sakrifikatu bear dana? Galde onek, naita-ez, Abrahamen biotza erdiratuko zuen: ezagutzen zuen, seme au il ezkero, bere atsegin eta poz guzia galtzen zuela: ala ere, Jainkoaren agindua egitera, aita biotz onarekin zijoan; baita semea ere aitaren esanera, zer asmotan, edo zertara zijoan asko uste gabe. Abrahamek erantzun zion; Ene seme, bear dana Jainkoak eratuko du. Geroenean mendi-gañera igo ziran. Abrahamek aldare bat egin, eta egurrarekin prestatu zuen: semea lotu, eta egur-gañean ipiñi zuen; eta ganibita eskuan arturik, semeari lepoa ebakitzeko asmoan, besoa jaso zuen; eta golpea ezartzera zijoakion unean gauza arrigarria! aditu zuen Aingeruaren ots bat ziotsana: Abraham, Abraham! Ona emen, guraso obeditu onek erantzun zion. Ez zure seme orri golperik ezarri, Aingeruak esan zion. Orain ezagutzen det Jainkoari bildur zatzaiola, eta zere seme bakarrari ere ez-diozula aren amorioagatik barkatu. Onetan Abrahamek begiak jaso, eta ikusi zuen alboan txikiro bat sasian adarretatik itsatsia. Bereala semea askatu, egur-gañetik kendu, onen lekuan txikiroa ipiñi, il eta erre zuen, eta Jaunari eskeñi zion. Gero morroiak gelditu ziran mendi-ondora aita-semeak itzuli, eta emendik guziak etxera joan ziran.

        Gertaera oni alde guzietatik begiratzen bazaio, ikusiko da, Isaak umilla, Galbarioko mendian gure Salbatzallearen irudi egiazkoa dala. Bere sorbaldan egurra zuela, Moria-ko mendira Isaak igo, eta esku-oñak loturik, aldarean ipiñia izan zan, Jaunari eskeñtzeko. Eta au bera Jesusekin ere gertatu zan; zeña bere sorbaldan gurutzea zuela, igo zan Galbarioko mendira (zeña dan Moriakoa bera), eta esku-oñak lotu, eta gurutzean ipiñi zuten, emen bizia uzteko. Beste gauza asko ere arkitu litezke emen, garbiro adieraziko liguketenak, Isaak, Jesusen antz egiazkoa, eta gizonaren onerako noizbait gertatuko zana, munduari erakusten ziona, zala.

 

 

4. Sararen eriotza

 

        Abraham eta Sarak aurrak izateko denboraz kanpora izan zuten seme maite au Jainkoari ain oparo eskeñi, eta Jainkoak, esan dan bezala, itzuli zien ezkero, bere gurasoen atsegin bizia izan zan. Baña Abrahamen biotzak laster izan zuen atsekabe min bat, berari eta etxeko guziai negar andiak utzi zieztena. Sarak eunda ogeita zazpi urte zituen eta Isaakek ogeita amazazpi, Jainkoak emakumea andi ari bere bizitza onaren saria ematera, atotsi edo beregana eraman zuenean. Sara il zanean, Abrahamek negar andiak egin, eta gero aren gorputz-illa lurpetzeko obia baten billan abiatu zan. Onetarako, Jainkoari lenago aldare bat egin izandako lekua nai zuen: eta Heten semeai joan zitzaien, esanaz; ni zuen artean arrotz eta erromes bat naiz; nere emazte zana lurpetzeko lekua indazute. Heten humeak txit arrera ona egin zioten, Jainkoaren Lenena edo Prinzipea deituaz; eta berak lurpetzen ziran lekuan onena zeritzana aututzeko eskua eman zioten. Abrahamek etzuen idolozale aien gorputzen artean bere emaztearena ipiñi nai, eta agur andi bat egin, esker onak eman, eta gero esan zien, Efronekin bitartetza egin zezatela, bere lurrean zeukan bi ziskuko koba saltzez emateko. Efronek Abrahamen eskaera aditu zuenean bereala, jarri zan ematera, ez ordea saltzez, ziola; iñola ere ez da ori orrela egingo; ezpada lurruspe edo koba ori diru gabe ar-ezazu: baña Abrahamek etzuen nai ezer ere doan artu, eta iñorekin zorretan egon. Geroenean Efron ipiñi zuen lur ark zenbat balio zuen esatera, eta lareun siklo, iru milla erreal bezalatsu, emanik, Abraham koba eta inguruko lurraz jabe-egin zan, non Sara bere emazte zana progu andiarekin obiatu zuen. Jaunari aldare bat noizbait egindako lekuan baizik, bere emazte zana ipiñi ez nai izatearekin Abrahamek erakusten digu, leku berezi, eta santutuetan illak lurpetzeko oitura zein anziñakoa eta gogoangarria dan.

 

 

5. Isaaken ezkontza

 

        Abrahamek iru urte zeramazkien bere emazte maitea burutik ezin kenduz negarrez; eta bera ere zartu zan; eunda berrogei urte zeuzkan: Isaakek ere bai berrogei. Eta seme au ezkontzeko denbora zala pensatu, eta emazte bat eratzeko asmoa artu zuen; baña bera bizi zan Kanaango bazter aietako neskatxik etzuen nai, emengo jende guzia idolozalea, eta gaiztotua zegoalako. Bereala bere jaioterri eta aideetara begia ezarri zuen. Kanaanera joateko Mesopotamiatik irten zanean, etxean gelditu zan Nakor bere anaia, zeñaren ondorengoak askotu ziran, eta oien arteko neskatx bat errañtzat nai zuen artu. Onetarako Eliecer, bere ondasunen kontu-artzalle edo maiordomoari agindu zion, Mesopotamiara joan, eta aren semearentzat neskatx bat autu zezala. Eliecer gameluetan eskuerakutsi andiak eta gauza on asko arturik, biderako prestatu zan: eta Nakor bizi zan erri Haranera illunabar batean alderatu zanean, zer egin edo nola aukeratu ezin pensatuz geratu zan putzu-ondo batean, nora erriko jendeak illunzeetan ur-eske irten oi ziran. Esturasun onetan zeruronz begiak jaso, eta Jaunari erregutu zion onela; Abraham nere nagusiaren Jauna, gaur ordu onetan lagun zadazu. Erriko alabak putzu onetara ur-eske etorriko dira: eta nik ura eskatu, eta neretzat, ez ezik, gameluentzat ere eskeñtzen didan huraixe izango da nere nagusi Isaaken emaztetzat zuk autu dezuna. Eliezer-ek erregu au jaunari egin zionerako, Rebeka erritik irten, eta putzura ur-eske joan zan. Rebeka, Eskritura Santak dionez, neskatx eder, eta guziz ona zan; Melkaren seme Batuelen alaba; eta Melka, Abrahamen anaia Nakor-en emaztea: beragatik Isaaken lengusu baten humea eta Abrahamen odolekoa, zeña zan onek opa zuena. Rebeka au, bada, putzutik ura artu, eta etxeronz abiatzean, Eliezer irten zitzaion; eta edateko ur piska bat eskatu zion: Rebekak bereala eta gogo guziarekin eman zion, eta gameluentzat eskeñi ere bai. Serbitzari leial ark Rebekaren egiñeratik ezagutu zuen, huraixe zala, Jainkoak aren nagusi gaztearen emaztetzarako zeukana. Gameluak ura edan zutenean Eliezer-ek berekin zeramazkien belarrietako, eta eskumuturretakoak eman ziozkan, eta galdetu zion; ea nor zan? eta bere aitaren etxean arentzat lekurik izango ote zan? Rebekak galde oiei erantzun zien, esanaz, Batuelen alaba zala eta arentzat eta aren gameluentzat bere aitaren etxean leku, eta zer jana izango zala. Au esan, eta bereala Rebeka etxera joan zan, zer gertatu zitzaion etxekoai esatera. Rebekaren anaia Labanek, arrebak zeramazkien edergarri eta apaindurak ikusi zituenean, Eliezer-gana joan, eta erregutu zion, aren etxera sartu zedilla. Eliezer-ek, ara zanean, etxekoai esan zien, etzuela ezer ere ez jan, eta ez edango, zeraman egitekoaren berri aiei eman gabe. Asi zan, bada, itzegiten, eta esan zien, Abrahamen serbitzari bat zala; Jainkoak aren nagusiari ondasun andiak eman ziozkala, eta semea ezkondu naiean, ara aien artera emazte-gai billan bialdu zuela: Jainkoari biotzetik eskatu ziola, arren, berak izentatzen ziozkan siñale batzuen bitartez, Isaaken emaztetzarako zeukana adierazteko, eta Jainkoak garbiro agertu ziola, Rebeka zala autua; eta onen eske zetorkiela.

        Batuel eta Labanek ezaguturik, gauza au Jainkoa beraren lana zala, baimena eman zuten. Orduan Eliezer-ek bai Rebekari, bai onen ama eta aideai eskeñi ziezten emaitza eta eskuerakutsi andiak, nola ziran urre eta zillarrezko txarroak, janzi baliotsuak, eta beste gauza eder asko; eta bereala bazkari andi bat ipiñirik, poz eta atsegin artean jan zuten. Eliezer prestatu zan, biaramonean txit goiz irteteko, berri on au nagusiari ematera. Rebekaren aideen atsegiña zan Eliezer denbora geiagoan beren artean egoten, eta Rebeka egun batzuetan berakin idukitzen. Au Eliezer-i adierazo zioten; baña au lenbaitlen nagusiagana itzuli nai zan. Orduan Rebekari deitu eta galdetu zioten; ea gizon arekin joan nai zan? Eta erantzun zienean, baiez, gauza guziak bereala prestatu ziran, bideari ekiteko. Guraso eta alabak elkarri azken diosal gozoak egiñik, Eliezer eta Rebeka, mirabe asko ondorean zituztela, etxetik irten ziran, eta Abraham bizi zan errira urreratu ziranean, ikusi zuten Isaak arratsaldean egurastu bat bakarrean artzera irten zana. Isaak ere, jende-talde hura ikusi zuenean, beretaronz abiatu zan: eta Rebekak Eliezer-i galdetu zion; guganonz datorren gizon ori nor degu? Eliezer-ek erantzun zion; orixe da nere nagusi gazte Isaak. Au entzundakoan, Rebeka lotsatu zan, eta bere burua oialez estali zuen; eta onela, guziak elkar jorik, bideari jarraitu zitzaiozkan. Bidean zijoazela, Eliezer-ek, bidajean gertatu zitzaion guzia Isaaki esan zion. Abrahamen etxera eldu ziranean, Rebeka ipiñi zuten Sara bere amagiarraba izango zan, eta iru urtez lenago il zanaren gelan. Bereala Isaak Rebekarekin ezkondu zan, eta ain andia izan zan oni ark artu zion amorioa, non, Eskritura Santak dionez, amaren iltzeak emandako min andia gozatu zion, eta gertakari negargarri aren bidez zeramazkien pena guzietatik biotza oso argitu zitzaion.

        Abraham etzebillen errañ-gai aberats, ezpada Jaunaren bildurrekoaren billan, argatik Jainkoak Sara bezain emakume ona Isaak bere seme maitearentzat eratu zion: guziai erakusten diela, gai onetan zer egin bear duten. Rebekak ere, Isaak ikustean bere burua estaltzearekin zer ikasi neskatx guziai ematen die. Zein ederra litzakean au bera ezkon-gai guziak egitea, ezkontzako Sakramentu Santuak biak lotu arteraño!

 

 

6. Esau eta Jakoben jaiotza. Abrahamen eriotza

 

        Abrahamek, bere seme maitea bein ezkondu ezkero, biotz guzitik ondorengo bat opa zuen, Jainkoak anziñago esana betetzeko, bere odolak iraun zezan; baña Jainkoak poz au Abrahami luzatu nai izan zion. Ogei urtean Rebekak etzuen aurrik izan. Bitarte onetan Isaak Jaunari beti erreguz zegokion, seme baten eske; eta Jainkoari eskari oiek ukitu zioten, eta Rebeka ogei urteren buruan aurdun arkitu zan. Berri onek alde batetik Rebeka poztutzen bazuen, bestetik biotza illuntzen zion. Aur-egiteko egunetara zanean, ezagutu zuen, sabelean bi aur zeuzkala; eta oiek elkarren kontra elean zebiltzala, oñaze miñak ematen zioten, alako moduan, non, aur aiek sortua, eta bere agortasun, edo aurrik-ezean ez geldituaz damu zuen. Ikusirik, bada, aur biak erraietan zerabilten despita, Jainkoari jarri zitzaion, gerra era ark zer esan nai zuen galdez; eta Jainkoak erantzun zion, sabelean zekarzkien aur aiek, bi erri edo jende, bata bestearen kontra beti ibilliko ziranen buru izango zirala, eta zarrena gazteenaren mendean izan bearko zala.

        Jaiotzeko egunak bete ziranean, Rebekak mundura bi seme eman zituen. Lenengo jaioa gorritarakoa eta illetsua zan, eta deitu zitzaion Esau. Bigarrena ere onen ondoren bereala, eta anaiaren orpoari zitxekala jaio zan, eta zeritzan Jakob.

        Isaakek irurogei urte zituen, eta eunda irurogei Abrahamek, zeñak zarzaroan bere seme maitearen hume oiek ikusteko poza eta atsegiña izan zuen: baña amasei urteetara aur oiek eldu ziranean, Jainkoak gizon santu au atotsi edo beregana artu zuen, ain fede biziarekin beti billatu izan zituen ondasun betikoak gozatzera. Abrahamen bizitza txit ona izan zan; Jainkoaganako leialtasuna atzeneko asnasaraño gorde zuen: erbestean gizon arrotza bezala, Kanaango lurrean bizi izan bazan ere, bere erri Kaldeara itzuli bear zanik etzion beñere gogoak eman, Jainkoak ala aginduta, bere aide eta erria bein betiko utzi izan zituen ezkero. Beti bizi izan zan, nondik eta nola Jainkoa obeto serbituko zuen, bere griña eta gogo guziak aren naierara ipiñita. Eramankizun andiak izan zituen: esturasun gogor latzetan arkitu zan: Sara bere emaztearen edertasunak, eta Lot bere illobari zion amorioak perill, eta galbide estuetan ipiñi izan zuten; baña Jainkoari kontuz jarraituaz, egiteko guzietan beti ondo irten zan. Patriarka santu au eunda irurogeita amabost urtekoa il zan, zarzaro doatsu bat izanik, eta bere anima, bera baño lenago mundutik irtendako anima justuen artean ipiñia izan zan. Isaak eta Ismael bere bi semeak aita Abrahamen gorputza, Sararen ondoan, Efroni erositako koban, progu andiarekin obiratu zuten.

        Aitagandik berrogeita bederatzi urtera, Isamael semea ere eunda ogeita amazazpi urtekoa il zan. Onek bere seme eta ondorengo asko ezagutu zituen, zeintzuek amabi etxe edo familiaetan, nor bere buruarekin jarririk, lur-bazter andiak landu eta erabilliaz, bizi izaten ziran; eta Jainkoak Abrahami promestu zion bezala, amabi lenen edo Prinzipe beren artean ezagutu eta izan zituzten. Ismael bere etxekoen artean lurpetua izan zan.

 

aurrekoa hurrengoa