www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Balaan Profeta

 

        Bete bide zan, Israeltarrak beren lur eskeñira joateko, Jainkoak erabakita zeukan ordua: irten ziran, beintzat, odeiak ala erakutsirik, ainbeste lagun illak uzten zituzten leku gogoangarri onetatik. Laster arkitu ziran, Hesebongo Errege Sehoni eta Basango Ogi arpegi eman bearrean, zeintzuek beren jende guziarekin batallan il, eta bi erreinuen jabe Israeltarrak geratu ziran. Balak Moabko Erregeak ikusirik, bi aurrekoai Israeltarrakin zein gaizki joan zitzaien, bildurtu zan, eta etsi zuen, arentzat ere patu bera zegoala, Madiantarrakin elkar-artzen ezbazuen. Esturasun onetan, bada, Madiantarrai bere asmoa agertu zien. Madiantarrak zeukaten azti ots andiko bat, Balaan zeritzana, zeñak Madiantarren usteetan, naiz bedeinkatzeko, naiz madarikatzeko eskua bazuen. Balak eta Madiantarrak, bada, baturik, Balaan aztiaria gaztigatu zioten, baldin Ejiptotik irtendako jendedi bildurgarri hura madarikatzen bazuen, eskuerakutsi andiak emango ziozkatela. Balaan diruzalegia zan, ain era ona nola-nai galtzeko; baña ikaratzen zan, Jainkoagandik ainbeste laguntza artutako jendea madarikatzen, eta mandatariai esan zien, gau bat itxedon zezatela, Jainkoak zer nai zuen jakin artean. Biaramonean esan zien, Jainkoak hura aiekin joaterik etzuela nai. Bi Erregeak ezezko au artu zutenean, eskaera berarekin mandatari andizkiagoak berriro bialdu ziozkaten: baña Balaanek bigarrengoan erantzun zien, urrezko eta zillarrezko etxe bat ematen bazioten ere, Jaunaren itzik ezin autsi zezakeala: ala ere, gau artan egon zitezela, eta zer egin, Jainkoari galdetuko ziola. Balaanek baziekien, Jainkoak zer nai zuen; baña galdez jarri zitzaion, menturaz bere gogora erantzuten ote zion. Jainkoak utzi zion, bada, nai zuena egin zezan, eta diruak biotza beretu zion.

 

 

2. Balaanen astoa

 

        Biaramonean-goiz mandatariai esan zien, bazijoala, eta gaztigu onekin Erregeagana aurreratu zitezela. Balaan bere asto-gañean donario andiarekin bazijoan, eta bidera irten zitzaion aingeru bat, Balaanek ikusten etzuena, astoak bai ordea; eta ezpatarekin aurrean jarrita, bidea isten ziolako, astoa bidetik zearkatu zan, eta korrikari eman zion. Balaanek joka zuzendu nai izan zuen, baña alperrik; eta paret-arte bat igarotzean, aingerua berriz ere aurkez-aurke jarri zitzaion, eta ezin bestean, astoa etzan zan, eta Balaanek are geiago jotzen zuen. Orduan Jainkoak, oi-ez bezalako, eta menturaz bestetan aditu ez dan miraria egin zuen. Astoari itza eman zion, eta astoa nagusiari itzegiten jarri zitzaion, ziotsala; zer egin dizut? zertako jotzen nazu? Balaanek, gizonarekin itzketan bazegoan bezala, erantzun zion: zergatik merezi dekan. Orduan Balaanen begiak zabaldu ziran, eta ikusi zuen bidea isten zuen aingerua. Balaan auzpez jarri zan,eta bere gaizki-egiña ezagutu zuen, eta aingeruari esan zion, Jainkoak nai etzuen ezkero, etzala aurreronz joango. Zoaz oriekin, aingeruak erantzun zion: begira, ordea, esan, nik erakusten dizudana baizik. Balaan aztia Balak Errege eta bere lagunak txit ondo artu zuten; eta lenbaitlen Israeltarrak madarikatuak ikusteagatik, eraman zuten mendi-gañ batera, emendik bere madarikazioa ezarri zizaien; baña Balaan, aingeruak erakutsi ziozkan esanetatik, etzan irten: madarikatu ordean, bedeinkatu zituen. Gero etorkizun asko, bere begiakin ikusiak bezala asmatu zituen. Balak Erregea Balaanen kontra txit aserretu zan, eta agindutako eskuerakutsi eta sari andiak ere etziozkan eman nai izan, eta Balaan batere gabe utsik gelditu zan.

        Balaan diruzalea aberasteagatik edozein gauza egingo zuena zan: ala ere, Jainkoak eskua nola lotua ez daukan, etorkizunak asmatzeko doaia, onai baizik ez emateko; oi ezbadu ere, doai au oni eman zion, eta doai onen bitartez, geroko urte eta denboraetan gertatuko ziran gauzak asmatu zituen. Au Jainko egiazkoaren izenean eta eskubidearekin egin zuen; baña deabrua lo etzegoan, eta madarikatzeko eskurik izan etzuen ezkero, eragin zion beste gauza bat, Israeltarrai ondamen andia eman ziena.

 

 

3. Balaanen erakutsi gaiztoa

 

        Balaanek, bada, Balak Erregeari esan zion, Israeltarrak arrotzakin artu-eman guzia, batezere erlejioko gauzaetan, eta emakume atzeakin adiskide izatea, debekatua zeukatela; eta auzo bildurgarri argandik lasatu nai bazuen, Moab eta Madianen arkitu al-zitezkean emakumerik ederrenak, ondo apainduta, aiek zebiltzan, edo ikusi zitzaketen lekura bialdu zitzala. Au egin ezkero, laster kutsutuko zirala, eta Jainkoak eskutik utziko ziela, eta Jainkoaren laguntza gabe arkitzen ziranean, aisa ondatuko zituela. Moabko Erregeak erakutsi biurri au egin zuen; eta Israeltarrak sarean laster erori ziran. Emakume eder aiek, zerbait saltzeko aitzakiarekin, Israeleronz joan ziran; Israeltarrai beren jolas eta dantzaetara deitu zieten; Israeltarrak emakume aien edertasuna ikusirik, adiskidetasunak egin zituzten; itsutu eta lilluraturik, lasaikerian nastu ziran; eta atzenean Moabko jainko gezurrezko Beelfegori, egiazkoari bakarrik zor zaion adorazioa, eman zioten. Moab eta Madiangoak Israelko bizilekuetan sartu ziran, eta naste galgarri au Tabernakuloaren ondoraño zabaldu zan.

 

 

4. Gaiztakeria onen kastigua

 

        Orduan Jainko guziz aserretuak Moisesi esan zion, Israelko lenen edo Prinzipe guziak eguzkitan zinzilika ipiñi zitzala. Jaunak agindu au, noski, eman zuen, edo berak kutsutu ziralako, edo besteak kutsutzea, bear bezala eragotzi etzutelako. Onezaz gañera agindu zion, Israelko Juezai esateko, nork bere lagun urko, gaiztakeria artan kutsutua, il zezala. Moises eta beste Israeltar onak negarrez zeuden, ilkintza gogor oni begira. Bitartean, Zanbri zeritzan Israeltar bat, guziak zekustela, borda-urde batean sartuta, Madiango Andizki edo Prinzipe baten alaba Kozbirekin bekatu egiten jarri zitzaien; eta Apaiz-nagusi Eleazaren seme Fineesek, lotsagabekeria ez-aditu au ikusirik, ganibita artu, eta biak lurrari, zetzaten leku berean, josi ziozkan. Fineesek emandako kastigu onekin Jaunaren aserrea itzali zan, eta iltzeari utzi zitzaion; baña ordurako ganibitaetan eta zinzilika ogeita lau milla il ziran.

        Onekin Israeltarrak, beren gaiztakeriari zegokion kastigua, artu zuten; ez ordea, oiei bekatu eragin zieten Moab eta Madiantarrak. Jainkoak, bada, Moisesi agindu zion, Madiantarrai beren zigorrada eman zizaiela, egin eta eragin zituzten bekatuakgatik. Eskritura Santak ez dio Moabkoai, Madiantarrai bezala, ezer egiteko Moisesi agindu zionik; lan au, nonbait, geroko utzi zuen. Baña Jainkoaren aginduz, Moisesek lenago jakin nai izan zuen, Kanaango lurra irabaztera joateko, Israelek zenbat armadun zeuzkan, eta ikusi zuen, seieunda bat milla, zazpireun eta ogeita amar zeudela, guziak gizon indartsuak, eta sasoirik obenekoak. Lan au eginda, gero Jainkoak Moisesi esan zion, Abaringo mendi-gañera igo zedilla; eta ara zanean, erakutsi zion, Israeltarrai eman bear zien atsegiñetako lur gozo ura; baña esan zion, Singo eremuan arriari itzegiteko baizik esan ez, eta jotzearekin egin zuen utsegiteagatik, an sartu gabe, il, eta bere anaia Aaronen ondora joango zala. Berri onek Moisesi min andia eman zion: baña bere gaizki-egiña ezagutu zuen, eta gogo guziarekin Jaunari jarri zitzaion, artzaz egin nai zuena artzera. Geroz illabeteko bizia zeukan, eta bitarte au Israel bere lekura joateko zuzemenak egiten igaro zuen.

 

 

5. Josueren aukera. Madiantarren zigorrada

 

        Zuzemen oietatik bat bere ordeko bat uztea zan, artzai gabeko ardiak bezala, geratu etzitezen. Jaunari, bada, eskatu zion, arren, eginkizun au ondo beteko zuen bat, autu zezala. Jainkoak Josue esleitu zuen. Au Moisesen adiskiderik zarrena, lagunik maiteena, serbitzarik leialena, eta agintaririk adituena zan: eta onelako doaiez janzitako ordekoa uzten zuela, jakiteak, biotza zabaldu zion, zeren bere jende maitea ondo nai zuen ikusi, eta onen ondo-izatea, baziekien, buru eta nagusiagan zegoala. Josuek orduan larogeita amairu urte zituen: bizi guzia Moisesen ondoan egin zuen; beragatik Israeltarrak eta oien griñak ezagutzen zituen. Moisesek bada, esan zion, pozik iltzen zala, alako oñordekoa utzita. Erakutsi zion, gero bere jendearekin nola eta zer egin bear zuen. Itzaldi luze bat gauza oietan eginda, Moises Tabernakuloan sartu zan, Jaunari bere bizia eskeñtzera; baña Jainkoak agindu zion, il baño lenago, Madiantarrak kastigatu zitzala. Au egiteko, amabi milla gizon armadunekin Finees bialdu zuen: Fineesek Madiango Erregeai eraso zien, jende txit askoz geiagorekin agertu bazitzaiozkan ere, eta guziak osotoro ondatu zituen. Bost Erregeak il ziran; oien artean, Israeltarrarekin bekatuan zegoala, Fineesek il zuen neskatx lotsa galduko aren aita: baita Balaan azti biurri Madiango alabak bialerazotzearekin, ainbeste kalte negargarri Israelen eragin zuena ere. Errietan arkitutako abere, bizitza-gauza, eta gañerako guziak artu zituzten. Ganibita epallea emakumeetaraño ere iritsi zan; bada, gizonik ezagutu gabeko neskatx garbi eta aurrak baizik, etzan bizirik iñor gelditu. Lanbide au gogorra bide zan; baña ondo irabazia, zeren berak izan ziran, Israeltarrai ainbeste gaiztakeria eragin ziezteenak. Egun gitxiren epean bukatutako gerra baterako Israeltarrak ondasun andien jabe egin ziran; bada, berekin eraman zituzten seieunda irurogeita amabost milla ardi; irurogeita amabi milla idi; irurogeita bat milla asto, zeintzuetatik erdiak Moisesek eman ziezten Madianen izan ziran gerrariai; eta beste erdiak beren lekuetan geratu ziran gañerakoai, Tabernakulorako eta Eliz-gizonentzat zati txiki bat gordeta. Urre, zillar, janzi, eta onelako beste gauza guziak gerrarientzat gelditu ziran. Gizonakin ibilli gabeko emakume, eta neskatx gaztetxoetatik ere ogeita amabi milla katibu eraman zituzten. Gauza arrigarria! Ainbeste gizon il, ainbeste emakume katibu artu, ainbeste diru, urre eta zillarrezko gauza, eta abere beretu, eta berak gizon bat bakarrik ere etzuten galdu, zeñaren berria Finees eta bere lagunak poz andiarekin Moisesi eman zioten, denbora berean belarrietakoetan, erraztunetan, eta beste edergarrietan artutako urrea Jaunaren etxerako eskeñiaz. Moisesek eskeñtza oiek gogotik artu zituen, eta Eleazar Apaiz-nagusiari eman ziozkan; eta milloi bat, irureun eta berrogei milla erreal balio zuten. Eskeñtza maitagarria, eta Jaunaren txit gogokoa, gerrariak beren odolarekin irabazita, berentzat gorde zitzaketen gauzaetatik egiña zalako!

 

 

6. Moisesek irabazitako lurren erdiratzea; onen atzeneko ondo-esanak

 

        Madiantarrai beren kastigua eman zitzaienean, Moisesek, arteraño irabazitako lurrak, bidezkoena zeritzanai eman ziezten, Josueri erakutsiaz, geroz irabazten zituztenak, nola erdiratu bear zituen. Bere il-bearra bazetorkion, eta Israeltar guziak bere ondora bildurik, begiratu zien, eta Jainkoak Sinako mendian bere lege santa agertu zienean, ogei urtez gora zuenik, etzuen Josue eta Kaleb baizik iñor bizirik arkitu; gañerakoak illak ziran: eta oraingoak orduan gazteak ziralako, Jaunaren esan guziak berriztu nai izan ziezten, jakiñean egon zitezen. Esan ziezten, Ejiptotik irten ziranetik arterañoko mirari andiak, Jainkoaren eskuetatik artutako mesedeak, izan ziozkaten eskergabekeriak; Jaunak ipiñi ziezten aginteak, zeñak gordetzen bazituzten, zer bedeinkazioak beretuko zituzten; bestela madarikazio gogorrak azpian artuko zituela. Erakutsi zien zearo, gero egin bear zuten guzia, zorionekoak izateko; eta oien artean bat zan kanaantarrakin ez errukirik izatea, zeña bete etzutelako, ezin esan-al kalte ondoreak izan zuen.

        Lenago amargarren orrian esanda, Noeren seme Kamek bere aitarekin zer egin zuen; nola onen seme Kanaan Jainkoak madarikatu zuen. Kanaan au, eta onen ondorengoak beti gaizto-biurri Jainko egiazkoaren lege gabeak izan ziran, eta oiek zeukaten Adan eta beste Patriarkak landu izan zuten munduko lurrik gozoena eta obena, eta Israeltarrak Jainkoaren aginduz orain artu bear zutena. Moises, Israeltarren griña eta oitura ziekizkiena bezala, bildur zan, etzutela oiekin gauza onik egingo; kastigatu bearrean, bat-egin, eta Jainko onari utzirik, aien gezurrezkoetara jarriko zirala. Argatik etzan aspertzen, esatez, arren, etzezatela jende onekin kupidarik izan: bestela, galduak zirala. Oiek eta onelako beste erakutsi eta ondo-esan asko egiten egun batzuek igarotakoan, guziai berriztuerazo zien, Jaunari leialak izateko len-lenago emandako itza: bedeinkatu zituen: Tribu bakoitzari nori bere ondorengo patua adierazo zion. Egin zuen Deuteronomioa deritzan liburua, zeñetan Jaunaren lege santa berriro ezarri zuen, eta Apaizai agindu zien, elkartasuneko kutxaren ondoan ipiñi zezatela, eta zazpi urtetik zazpi urtera jende guziari irakurri zizaiotela; eta onekin bere lanbide andiari buru-eman zion.

 

 

7. Moisesen eriotza

 

        Onetan zegoala, Jainkoak agindu zion, Neboko mendira igo zedilla, Israelko semeai emango zien Kanaango lurra ikustera, eta emen ilko zala. Jaunaren agindu au artu zuenean, bereala prestatu zan iltzeko. Jende guzia berriro bere ingurura bilduerazo zuen, eta illoba Eleazar Apaiz-nagusia, eta bere ikasle eta oñordeko Josue alboetan zituela, Israelko bere seme maiteai agur betikoa egin zien. Gero Eleazar eta Josuerekin mendira joan zan. Jainkoak Kanaango lurra erakutsi zion, esanaz: orra Abraham, Isaak eta Jakobi promestu edo eskeñi nien lurra: zure begiakin dakusu, baña etzera sartuko. Jainkoak itz oiek esandakoan, Moises eunda ogei urteko adiñean, ez bere indarretan aultasunik, ez begietan illuntasunik, ez ortzetan utsunerik, ezagutu gabe, Eleazar eta Josueren eskuetan il zan.

        Bereala, gorputza lurpetzeko bear ziran prestamenak egin zituzten: baña Jainkoak lan au mundukoai kendu zien, zerutarrai emateko. Aingeru San Migelek Moabko muga-pean lurra eman zion; ordea zein tokitan, egundaño ez da jakin: Jainkoak, nonbait, isillik gorde nai izan zuen ainbeste mirari egin izan zituen gorputza ikusita, Jainko egiazkoari bakarrik zor zaion agur-ona Israeltarrak eman etzitzaioten.

        Moisesen doai andiak bat-banaka esateko, denbora luzea bearko litzake: asko da, bada, esatea, bere jaiotzatik il arterañoko guzian besterik ez bezalakoa izan zala: Jainkoak Moisesi eta Moisesek Jainkoari, bi adiskidek elkarri bezala, arpegiz-arpegi itzegiten ziotela. Israeltarrak negar andiak egin ziozkaten, eta ogeita amar egunean proguan ibilli ziran. Egun oiek bukatu ziranean, Josue aren oñordekoak asi zuen, Jainkoak Abrahami bosteunda berrogeita sei urtez lenago agindutako Kanaango lurra beretzeko lana, laster ikusiko degun bezala.

 

aurrekoa hurrengoa