www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIRUGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Israelko eraena edo gubernua

 

        Josueren eriotzarekin Israelek aldaketa andiak izan zituen. Josuek etzuen oñordekorik utzi, ezpada Israeltarrak eraendu edo gubernatu bear ziran, Jainkoak antziñatik Moisesen bitartez erakutsirik zeukan eran. Ala nola. Kanaan guzia amabi puska egin zan: oiek eman zitzaiezten amabi Tribu edo amabi etxe, Jakoben amabi semeen zenekoai. Erri bakoitzak zuen batzar bat, gizonik zarrenak egiten zutena; eta erriko lanak oien kontura zeuden. Tribu bakoitzak erri andientsu batean berebat zuen bere batzarra, zeñetan gizonik elduenak eta etxeetako buruak sartzen ziran: batzar onetan Tribu guziko egitekoak erabakitzen ziran. Tribu guzien burua zegoan Tabernakuloa eta Kutxa santa egoteko, Jainkoak aututzen zuen lekuan. Emen zegoan irurogeita amar gizon zar eta elduak, Apaiz-andia buru zala, egiten zuten batzar nagusia. Tribuetan bukatu ezin zitezkean despita eta auziak, batzar nagusi onetan erabakitzen ziran. Baita ere emendik irteten ziran Israel guziaren onerako ziran aginte eta eginbearrak. Premia zanean, edo egiteko andiren batzuek sortzen ziranean,Tribuetako Prinzipe edo zarrak, Apaiz-andia nagusi zutela, Erri-buru onetan bildu oi ziran, eta ezin erraz erabaki zitekean lanean, Jainkoari, beren Jaun eta Erregeari bezala, galdetzen zioten.

 

 

2. Zenbat bazterren menderatzea

 

        Modu onetan, bada, Josue il zanean, Israel gelditu zan. Buruzari jakintsu, eta biotz andiko onek kanaantar geienak menderatu zituen; baña banaka batzuek or-emen menderatzaka geratu zitzaiozkan, eta Tribu bakoitzak, bere lurrean zeuzkanak, galdu bear zituen, Jainkoak esanda zeukan eran, Israelko semeak garbi-garbi gelditzeko. Egiteko oni nork asiera emango zion erabakitzeko, batzar andia bildu zan, eta esan zuen, Judako Tribuari lenena zegokiola. Prestaturik, bada, bereala, Beneko uriari eraso zioten; eskuratu zuten; eta emen arkitu ziran guziak il zituzten. Errege Adonibezekek kanpora iges-egin zuen; baña ondoren jarraiturik, atzitu zuten. Bertatik il zezaketen, Josuek bere aldian ainbesterekin egin izan zuen bezala; baña Jainkoak au zeukan, nerekiko, aukeratua, onen bidez bere zuzentasun andia agertzeko. Oñ eta eskuetako beatz-punta guziak ebaki zitzaiozkan, eta Adonibezekek, bere burua erreki onetan ikusi zuenean, esan zuen: legez eta bidezkoa da egin didatena: irurogeita amar Erregeri nik neronek au bera egin diet, eta nere mai-peko papurrak biltzen iduki ditut. Nik iñorekin egin nuena, Jainkoak nerekin egin du. Jerusaleni erasotzera joan ziranean, berekin eraman zuten, eta an il zan.

        Jerusalen ere, Jebus-ko gaztelua ez, beste guzia arturik, an arkitu ziranak il, eta uria bera erre zuten. Jerusalenekin bezala, beste erri asko menderatu zituztenakin ere egin zuten.

 

 

3. Israeltarrak idolo-zaletzen dira

 

        Lanak oraindañokoan ondo zijoazen. Jainkoa Israeltarren alde beti agertzen zan. Egunetik egunera zerbait irabazten zuten; baña denbora berean kaltebide andiak gañera zetozkien. Jainkoak Ejipton egindako mirariak aurtasunean eta gaztetan ikusi zituztenak, illak ziran, eta gero eremuan egindakoak ikusi izan zituztenak ere, erioak bazeramakien. Zar beneragarri oiek kontu eta ardura zintzoarekin Jainkoaren esanak eta aginduak berak gorde, eta besteai gordeerazo oi ziezteen; baña oiek gitxitu, eta mirari aien oroipena ere atzendutzera zan. Gazteak asi ziran, Jainkoari zor zitzaion esker-ona, ezertan ez artzen, eta aren esanak egiteko zabartzen. Idolozale guziak, Jainkoak aginduta zeukan bezala, ondatu bearrean, laguntzat artu, eta berakin bizitzen ziran: zar banaka aiek gaiztakeria onen kontra alperrik otsegiten zuten: oien ondo-esanak baño gazte zoroak geiago zezaketen.

        Zarren esanak ezer egin etzutenean, Jainkoak beste bide bat artu zuen, zentzatzen ote ziran ikusteko. Israel guzia Silon zegoan bein batean, Aingeru bat agertu zitzaien, eta gogoraerazo zien, nola Jainkoak Ejiptotik atera, eta Kanaango lur gozoan sartu zituen, aien antziñako gurasoai agindu zien bezala: zer batasun egin zuen, aiekin beti izateko; baña egin zuela, aiek kanaantarrakin ez kutsutzeko itzean. Eta au onela izanik ea zergatik Jaunaren esana austen zuten? Gisa onetan Aingeruak beren gaizki-egiña arpegira eman, eta aldegin zien. Israeltarrak okerra ezagutu zuten; negarrari eman zioten, eta egin-al guziak egin zituzten, Jaunaren aserrea itzaltzeko. Damu au aldi onetan egiazkoa izan zan: bada, geroz gizaldi ark iraun zuen artean, Jainkoari leialkiro jarraitu zitzaiozkan.

        Baña etorri zan beste berri bat, Jaunaren mirari andiak ikusi etzituena, eta gaiztakeriari osotoro eman zitzaiona. Ez bakarrik kanaantar idolozaleakin artu-emanetan ibilli, eta adiskidetasunak egin, ezen, seme-alabak ere elkarri eman ziezteen, eta Israelko semeak idolozaleen alabakin, eta oien semeak aien alabakin ezkondu ziran; eta naste onetatik etorri zan, Israeltarrak, Jainko egiazkoa utzirik, gezurrezkoak artu eta adoratzea.

        Jainkoa, Israeltarren esker beltza, eta gaiztakeria ikusirik, itz eta keñadaetatik egiñetara igaro zan. Zemaia edo amenazakin zentzatu nai izan etziranak, ipiñi zituen Mesopotamiako Errege Txusan Rasatainen eskuetan, zeñaren mende lotsagarrian, izanik berak Erregeai agintzekoak, bizi bear izan ziran zortzi urtez, gaiztakerian igaro zituzten lenagoko zortzien truke. Katibutasun onetan zeramaten bizitza negargarri eta neketako onek, begiak idiki ziezten; gaizki-egiña ezagutu zuten, eta biotz osotik Jainkoagana barkazio-eske itzuli ziran. Orduan Jainkoa bere erri maiteaz errukiturik, Israeltarrai eman zien, Txusanen mendetik nork atera, eta au izan zan Israelko lenengo Jueza Otoniel zeritzana.

 

 

4. Israelko Juezen eraenmentua, edo gubernua

 

        Lenago esan da, Josue il ezkero, Israeltarrak nola eraendutzen edo gubernatzen ziran, beren arteko guraso eta gizonik elduenak buru zituztela, eta Jainkoa beste Errege eta Jaunik etzutela. Gero ere etzuten iñoren bearrik izango, baldin Jainkoaren esanak zuzen gorde izan bazituzten; baña esan oiek austen zituztelako, Jainkoak eskutik uzten zituen,eta bereala iñoren mende gogorrean erortzen ziran. Gisa onetako nekeetan arkitu ziran batean, Jainkoa asi zan, Juezak deitu zitzaien libratzalleak Israeli ematen. Juez oiek Israelen eskualdi andia zuten eta bere aginteak bizi guzian irauten zuen. Bat iltzen zanean, bestea ipintzeko kontua, Jainkoak zeukan. Irureun urtean Juez oiekin izan ziran: bitartean gora-beera asko izan zuten; baña asi gaitezen denbora onetan izan zituzten amabostai bat-banaka ukitzen.

 

 

5. Otoniel, lenengo Jueza

 

        Arestian aitatu diran kanaantarrekiko gerran, Israelkoak zebiltzala, artu zuten Dabirko uria eskuratzeko asmoa. Kaleb, guzien buru egiten bide zuenak, otsegin zuen, Dabiren lenbizi sartu eta ondatzen zuenari, bere alaba Axa emaztetzat emango ziola. Etzan geiagoren bearrik, gizonik bioztunenak elkarren leiean eskeñtzeko. Otoniel, Kaleb beraren illoba, urian lenbizi sartu zan, eta saritzat Axa emazte egin zuen. Jainkoak Otoniel au lenengo Jueztzat Israeli eman zion, eta Txusani eraso, il, eta jende guzia ondaturik, Israeltarrak zortzi urteko mendetasun gogorretik atera, eta pakean ipiñi zituen, eta geroz Otonielen egunetan Jainkoaren bildurrean bizi izan ziran.

 

 

6. Aod bigarren Jueza

 

        Israeltarrak asi ziran jainko gezurrezkoak adoratzen, eta Eglon Moabko Erregeak, beste auzoetako askok lagunduta, azpian artu zituen, eta onen mende nekagarrian emezortzi urte zeramazkiten, Jainkoa errukitu, eta Aod bigarren Jueza agertu zienean. Aodek Israeltarren izaera eta nekeak ezin eramanik, Egloni gelara joan zitzaion, eta zeraman ganibita sabelean sartuta, illik utzi zuen. Bereala iñor oartu baño lenago, igesari eman zion. Gero Israelko gerrariak berekin artuta, etsai guziai eraso zien, eta etzuen atseden, alik eta guziak il arteraño. Aod bizi izan zan egunetan, Israeltarrak beti geroz Jainko egiazkoari leialak izan zitzaiozkan.

 

 

7. Sangar, irugarren Jueza

 

        Irugarren Juez onek Israelen etsaiai arpegi eman zien, batezere filistintarrai, zeintzuetakoak arre-ortz batekin seieun il zituen. Au bizi izan zan artean, Israeltarrak Jainko egiazkoari jarraitu zitzaiozkan; baña ilda laster, idoloai agur-egin eta iñoren mendean erori ziran. Israeltarrentzat ezer ere lotsagarriagorik etzan, kanaantar baten azpian egotea baño; baña Jainkoak esan izan zien bezala, Kanaango guziak lenengotik ez ondatuarekin, etsai galgarri oni eman zioten burua goratzeko bidea eta lekua; eta Jainkoak oiek berak billatzen zituen, aien gaiztakeriari zegokion kastigua emateko. Josuek il zituen Errege aietako baten odoleko Jabin zeritzan batek, soldadu-talde andi bat egin, eta Kanaango Erregearen izena artu zuen. Onek zeukan agintari txit aditu Sisara zeritzana, zeñaren kontura bere jende andia ipiñirik, Israeltarrai eraso zien bederatzieun gurdi-sega berekin zituela, eta bereala menderatu zituen, eta morrontzarik gogorrenean ogei urtez iduki ere bai. Bitarte luze onetan eraman zituzten neke-penak, etziran asko izan, aiek zentzatzeko. Ala ere baziran Jainkoari bildur zitzaiozkan zenbait on; eta Jainkoa errukitu zan, eta emakume bat libratzalletzat eman zien.

 

 

8. Debora, Barak-ekin laugarren Jueza

 

        Jainkoak eman zionean, bada, Deborari aditzera, Israeltarrak, arkitzen ziran neke-petik aren bidez atera nai zituela, prestatu zan, Sisara eta bere jendeari erasotzeko. Onetarako Baraki gaztigatu zion, nola Jainkoak Barak agintzaritzat aututa zeukan, eta ark gaztigatzen ziona, egin zezala. Baña Barak, bildurrez, etzan Debora gabe joan nai izan: eta amar milla armadun arturik, biak Taborko mendira igo ziran. Sisarak au jakin zuenean, bederatzieun gurdi sega zorrotzez beteak, eta gerrari guziak arturik, Barak zegoan alderonz joan zan. Baña Barak bere amar millakin aurkeztu zitzaionean, etzuen biotzik izan, gogor egiteko, eta egin-al guzian igesari eman zitzaion: Barak bederatzieun gurdiaz jabetu, eta soldadu guziak, bat bakarrik ere utzi gabe, il zituen.

        Sisara igesi zijoala, Haberen emazte Jahel zeritzanak ikusita, bidera irten zitzaion, eta bere txaolan sarerazo zion. Bideko nekeak aulduta, eta egarriak easan ziolako, ur piska bat eskatu zuen, eta Jahelek kaiku bat ezne emanik, mantuarekin estali zuen. Sisarak esan zion, atean jarri zedilla, eta iñork galdetzen bazion, barruan zein zegoan, erantzuteko, iñor etzegoala, eta eznez ase-beteta, loak-artu zuen. Oraindaño Jahelek egin zuen guzia, igeslari errukarri bati on egitea zan, zeren biotza erdiratu zion, ain erreki txarrean Sisara bat ikusteak; eta onen Errege Jabin, Jahelen aitarekin pakean zegoan. Baña pensatu zuen, Jainko egiazkoaren etsai bildurgarri baten bizia eskuan zeukala, eta au galtzearekin, Israeltarrai gaitz geiago egiteko bideak itxiko ziozkala. Orrez ostean baziekien, kanaantarra zalako, Jainkoak aginduta zeukanez, iltzea merezi zuena zala. Gogoak eman zion, bada, lo zetzan bitartean, il bear zuela. Ilze bat artu, eta malluarekin llotokian sartu zion,eta lurrari josita Sisara ipiñi zuen.

        Barak orpoz-orpo zerraikionak ikusi zuenean, bere etsai portitz hura emakume baten eskuetan ilda, ezagutu zuen, Debora gabe Jabinen kontra irten nai izan etzaneko bere ezereza. Aitortu zuen, Jaunaren eskua ibilli zala; Jaunari eskerrak eman ziozkaten, eta etsai guziak igesi joan ziran, buru aditu hura gabe arkitu ziranean.

        Garaipen onen geroko ogei urteetan Barak eta Deborak Israelko jendea zaindu, eta ezagueran iduki zuten, Jainko egiazkoa baizik aitortzen eta adoratzen etzuela. Bi oiek il ziran, eta Israeltarrak beren gaiztakeria jakiñari bereala eman zitzaiozkan, eta Jainkoari aserrererazo zioten. Kastiguz Madiantarren eskuetan erori, eta zazpi urtez mendetasun gogorrean bizi izan ziran. Bitarte onetan gose andiak igaro bear izan zituzten: bada, Madiantarrak udaberrian abuztoak sasoi eta arorik obenean zeuden egunetan, joan, eta guzia oñ-petu eta soiltzen zuten, eta topatzen zuten abere guzia ere berekin zeramaten, ezer ere Israeltarri utzi gabe. Atzenerako ainbeste ondamen, eta onek zekarren gosetea ezin eramanik, mendietara iges-egin, eta gorde-lekuak eginda, bizitzera beartu ziran. Noizbait bear da, ezagueran sartu ziran; gaizki-egiña aitortu zuten; eta Jaunari errukimentu-eske jarri zitzaiozkan. Jainkoa kupitu zan, eta bostgarren Jueza bialdu zien.

 

 

9. Jedeon, bostgarren jueza

 

        Madiantarren atzaparretatik gariak gordetzeko asmoan, Jedeon larrañean garbiketan ziardun bein batean, Aingeru bat aurkeztu zitzaion, Madianen mendetik Israel ateratzeko, Jainkoak hura aututzen zuela, esatera. Jedeonek etzuen alako berririk artu uste; eta osotoro arriturik, Aingeruari agertu zion bere etxearen beeratasuna, eta izate umilla, adierazten ziola, alako lanbide baten kontua artzea, ari etzegokiola. Ni zurekin izango nazu, Aingeruak erantzun zion, eta Madian guzia, gizon bat bakarra balitz bezala, zuk ondatuko dezu. Jedeonek Aingeruari siñale bat eskatu zion, nor zan ezagutzeko, eta, arren, etzezala andik aldegin, zerbait ekarri eta eman artean. Aingeruak, emen itxedongo dizut, erantzun zionean, Jedeon bereala etxera joan, antxume bat egosi, eta salda eltze batean ipiñi zuen; gero legami gabeko ogiak egin zituen, eta guziak Aingeruari arte-pe batera eraman ziozkan. Aingeruak agindu zion, aragia eta ogiak arri-gañean ipiñi zitzala, eta salda oietara isuri zezala. Jedeonek ala egin zuen; eta Aingeruak eskuko zigorrarekin arriari ukitu zionean, irten zan suak, guzia desegin zuen, eta Aingerua aienatu edo ezkutatu zan.

        Ai ene! Jedeonek deadar egin zuen, itzegin ziona Aingerua zala, ezagutu zuenean. Israeltarrak sinisturik oi zeuden, Aingerua bein ikusi ezkerokoa, bereala il bear zala; eta bildur onek Jedeoni biotza mindu eta laztu zion. Baña Jainkoak bereala poztu zuen, esanaz, etzedilla estutu; etzala ilko. Agindu zion, Baal idoloaren aldarea desegiteko; onen inguruko zuaiztia ebakitzeko, eta emengo egurra, sua sortu zitzaion arriaren gañean egin zuen aldarean, erretzeko, eta bi zezen, bat zazpi urtekoa, eskeñtzeko.

        Jedeon bildurtzen zuen, bere erritarrak jainkotzat zeukaten, Baalen idoloari egindako aldarea egunaz, guziak zekustela, botatzeak; eta amar morroi arturik, gauaz joan, eta Jainkoak esana egin zuen. Biaramonean Baalen aldarea lur-joa ikusi zutenean, abiatu ziran, nork egin ote zuen, galdez; eta jakin zutenean, Jedeon zala, Joas bere aitari seme-eske aserre bizian joan zitzaiozkan, beren jainkoari egin zion bidegabekeriagatik il bear zutelata. Joasek etzien eman nai izan, esanaz, gaizkille aren kastigua Baal beraren kontura utzi zezatela, eta jainkoa bazan, bere izen onaren alde irtengo zala. Isekazko edo burlazko esan onekin gizon sutsu aiek palakatu zituen, eta Jedeon iltzeko artu zuten asmoari, utzi zioten.

        Jedeonek ikusi zuenean, bere erritarren jainko Baalen aldarea lur-jotzeko izan zuen biotza eta atrebenzia, zein ondo irten zitzaion, eta zer pensatu andiak eman zieztela, al-egin guzia egin zuen, bere senide, etxeko eta aide guziak Jainko egiazkoagana itzultzeko; eta egun gitxiren epean bere lanbiderako lagunik obenak oiek zituen. Bitarte onetan Madiantar, Amalektar, eta beste asko zebiltzan, lenagoko urteetan oi bezala, Israeltarrai erasotzeko asmoan, eta eunda ogeita amabost milla gizon, abere eta ganaduz ondo ornituak, Jordango ibaia igaro zuten, eta Jezraelko ibarrean estalpeak egin zituzten, Israel guzira andik zabaltzeko; baña Israeltarrak etziran lenak, ezpada beren gaiztakeria ezaguturik, Jaunaren errukimentua irabaziak.

        Zeruko argiz Jedeon beterik, eta Jaunaren laguntzaren ustearekin sendoturik, gerrako tronpetari soñu-eragin zion, eta auzoetara ere mandatariak jende-eske bialdu zituen, eta egun gitxiren epean ogeita amabi milla gizon gerrari bildu zitzaiozkan. Oiek guziak etsaiari arpegi emateko gizonez-gizon gitxi ziran; baña Jainkoaren laguntzak gizonen utsunea bete bear zuen. Au berekin zuela sinisteko siñaleak, lenagotik artuta zeuzkan; ala ere bere ezerezari eta beeratasunari begiraturik, aldats egiten zitzaion, lanbide artarako Jainkoak autua zala, uste izateko, eta uzkur zegoan. Kezka guziak, bada, berak utzi, eta gerrari aiek ala zala, zekusaten, zeruronz begiak goratu, eta Jaunari siñale berri bat eskatu zion. Ara nola. Ille-zati bat larrañean ipiñiko det, Jaunari esan zion, eta gaueko intzak illea busti, eta inguruko lurra leor uzten badu, ezagutuko det, nere bitartez Israel gordeko dezula. Jedeonek, bada, ille-zatia gauean larrañean utzi, eta biaramonean arkitu zuen, berak eskatu bezala. Eskuakin illea estutu, eta isuri zitzaion zumua katillu batera artu zuen.

        Onekin ere, obeto jakin-eresia etzitzaion osotoro bete, eta Moisesek beste aldi batean bezala, kontrara ikusi nai izan zuen. Jainkoari eskatu zion, ille-zatia leor, eta ingurua intzez bustia gelditu zedilla. Jaunak au ere egin zion. Biaramonean larrañera joan, eta arkitu zituen illea leor-leor, eta inguru guziak bustiak. Orduan osotoro ezagutu eta sinistu zuen, bera zala Israel libratzeko autua.

 

 

10. Madiantarren ondamena

 

        Urrengo gauean, bada, joan zan bere ogeita amabi milla gizonakin, eunda ogeita amabost milla Madiantar zeuden ondora, erasotzeko asmoan. Jainkoak Jedeonen ustea ikusi nai izan zuen, eta esan zion: Soldadu asko dauzkazu: Madian ez da zure eskuan jarriko, Israel arrotu ez dedin, eta esan ez dezan; nere indarrez libratu nintzan. Guziai esan egiezu, zer diodan: bildur dan ikaratia itzuli bedi: eta ogeita bi milla gizon itzuli ziran, amar milla bakarrak Jedeonekin geldituta. Jedeonek igeste andi au ikusi arren, etzan batere ikaratu, eta prest zegoan, zituen banakakin erasotzeko. Jainkoak, berriz ere, ikusi nai izan zuen, zer uste zeukan, eta esan zion: oraindik soldadu asko dauzkazu: urera eraman itzatzu; eta nik agintzen diodana, zerekin bijoa, eta besteak itzuli bitez. Jedeonek bere amar milla gizonak ur-ondora eraman zituen, eta Jainkoak esan zion: Zakurren erara ura miazkatzen dutenak, alde batean ipiñiko dituzu, eta ura edateko belaunikatzen diranak, bestean. Irureun izan ziran, ura eskuan artuta, miazkatu zutenak, eta gañerakoak, edateko, makurtu ziran. Orduan Jainkoak esaan zion, irureun aiek asko zituela, Madiantarrai erasotzeko, eta besteak beren etzauntzaetara itzuli zitezela.

        Jaunaren esanera Jedeon osotoro jarririk, eta uzkurtasun guzia utzirik, prestatu zan, irureun gizonekin etsaiari erasotzeko. Urrengo gauean Jainkoak esan zion, Madiantarrak zeuden ibarrera jatxi zedilla, eta bakarrik bildurtzen bazan, Fara bere morroia artu zezala, eta Madiantarrak zer zioten adituta, bioztundu eta bizkortuko zala. Jedeonek, Madiantarren alderonz joan, eta ikusi zituen gizonak eulia abaraskan, eta gameluak area itsas-baztarrena bezala. Bati alderatu zitzaion, eta entzun zion, lagunari esaten: amets egin det, eta iruditu zat, su-azpian erretako garagar-ogi bat Madiantarreronz amilka zetorrela, eta etzauntzara eldu zanean, jo nauela, eta osotoro nasturik, lurrera naizala. Lagunak esan zion; amets orrek ez du beste gauzarik adierazten, ezpada Jedeonen ezpata, zeren Jaunak Madian bere jendearekin aren eskuetan ipiñi duen.

        Jedeonek ametsa entzun zuenean, Jainkoa adoratu zuen: bereetara itzuli zan, eta esan zien: ea jaiki laster; bada, Jaunak Madiantarrak gure eskuan ipiñi dizkigu. Irureun gizonak iru saldotan banatu zituen: bakoitzari tronpeta, eltze uts, eta argi bana eman, eta esan zien, berak zer egiten zuen, aiek ere egin zezatela. Jedeon eun gizonekin Madiantarren ertz batera alderatu zan: beste berreunak ere bi ertzetan jarri ziran, eunda ogeita amabost milla gizon Madiangoak erdian artzen zituztela. Gau-erdian Jedeonek tronpeta jo zuen: eta beste guziak ere bai: eltze-joka bereala asi ziran, ots izugarri, arteraño alakorik iñongo gerran entzun etzan erakoa, egiten zutela. Eltzeak autsi zitzaiozkatenean, eltzeetan zeramazkiten argiak ezker-eskuan, eta tronpetak eskuian zituztela, al-zan otsik andiena eragin, eta zerrauten deadarka: Jainkoaren eta Jedeonen ezpata. Onik etzerabilten, eta gero baño gero ziarduten ots andiagoak egiten bein tronpetarekin, bein deadarka, argiak txit gora zituztela.

        Gau illunaren erdian, deadar-artetik irteten zana beste argi gabe, eta alde guzietatik jotzen zitzaien tronpeta-soñu ikaragarria, eta Jainkoaren eta Jedeonen ezpata beste itzik entzuten etzutela, Madiantarrak arkitu ziranean, jarri ziran, non zeuden, zer gertatzen zitzaien, eta zer egin etziekitela. Igesi abiatu ziran; elkar jotzen zuten; eta etsaia zalako ustean, nork bere laguna, topatutako lekuan iltzen zuen. Gau guzia egun-sentiraño ilkintza negargarri onetan eraman zuten; eta ordu gitxiren barruan Israelko bazter ederra Madiantarren odolez gorritua gelditu zan, Israeltarren ukitu bat bakarra ere gabe.

        Eguna zabaldu zanean, bizirik geratuak bazekusten ere, irureun beste etsairik inguruan etzutela, gauean sartu zitzaien laborriak, etzien uzten leku batean egoten, eta egun-argiari eskerrak emanaz, alde guzietaronz igesi zabaldu ziran, Jordango ibaia lenbaitlen igaro naiez estropezuka, beren errietan bizia gordetzeko. Baña Jaunaren ardura zintzoa! Jedeonek etxera bialdutako ogeita amaika milla eta geiago gizon bildurti aiek, jakin zutenean, Madiantarrak igesi zer buruzpide txarrean zijoazen, bidera irten, eta abarrakitu zituzten. Jedeonek bere irureunekin, argiak utzita, ezpatak arturik, igeslariari orpoz-orpo jarraitu zitzaien; auzoetara ere bereala gaztigatu zuen, ibaiaren urme-uneak, ordurik galdu gabe, artu zitzaten, eta guzien artean, eunda ogeita amabost millaetatik, ibaia igaro zuten amabost milla ez, beste guzi-guziak ondatu, eta il zituzten. Efraintar urme-uneak artzera aurkez-aurke irten zitzaieztenak, Madiango lau Erregeetatik bi, Oreb eta Zeb, bat arkaitz-pean, eta bestea dolare batean topatu, eta biak il zituzten, eta buruak Jedeoni eraman ziozkaten.

        Jedeonek begia iges-egin zioten amabost milla aietara zeukan: eta berai erasotzeko, etzuen artu nai izan bere lenagoko irureun gizonak baizik, zeintzuek, bat ere galdu gabe, osorik gelditu zitzaiozkan. Baña nekeak eta goseak txit aulduta zeuden, berriro ekiteko: eta oiek zerbait zuzpertu naiez, Sokot eta Fanuelen zer jana eskatu zuen; ordea bi erri oietako esker gaiztokoak, ez eman, ezen, isekaz bete zuten. Laburtasun eta lotsagabekeria au, ainbeste mesede eginda gero, ikusirik, irureunak ipiñi zituen etsaiaren ondoren, ezer artu gabe, aulkeri guzian, egun hura pozik igarotzera. Etsaiak zeuden tokira gauaz, iñor oartu gabe, sartu zan; itsumustuan eraso zien; eta ezpataz josi, eta guziak ondatu zituen; eta Zebek eta Salmana Madiango beste bi Erregeak ere atzitu zituen.

        Biaramonean atzeman edo atzituakin atzerako bidea artu zuen, eta urrengo egunean, eguzkia baño lenago, Sokoten ondoan zegoan. Emen sartu zan, eta orainago ogi-eske jarri zitzaienean, egin zioten isekakgatik irurogeita amazazpi gizon andientsuen aragiak lar eta arantzakin orraztu, eta zeaerazo zituen. Gero Fanuelera joan ,eta aren bildurrez gazteluan gorde ziran erriko buruzai guziak il zituzten. Atzenean bi erri oiei zegokien kastigua emanda, bereala Madiango bi Erregeak il zituen; eta Israel guzia pakean, eta etsaien bildur gabe gelditu zan.

        Lanbide oiek guziak egin zituenean, Efra bere errira itzuli zan, irureun gizon leial aiek berekin zituela. Israelko andizkiak aurkeztu zitzaiozkan, ongietorria egitera, eta Israel guziari ekarri ziozkan mesedeakgatik eskerrak ematera. Berak iritsitako garaipenak ain andiak izanik, Errege egin nai izan zuten; baña etzien utzi, esanaz, Jainkoa beste Erregerik etzezatela artu. Ala ere, uste izan etzezaten, aien eskeñi oparoa aintzat artzen etzuela, esan zien, etsaiari kendutako belarrietakoak emateko. Bereala kapa bat lurrean zabaldu, eta eman ziozkaten belarrietakoak, ez ezik, urrezko, eta sedazko beste edergarri asko, berreunda ogeita emezortzi milla erreal balio zutenak ere. Beretzat ezer nai etzuen, eta gai oiekin Efod eder bat egin, eta bere etxean ipiñi zuen.

        Geroko urteak Israelko Juezaren eginkizunak ondo betetzen, eta Israeltarrak Jainkoa zuzen serbitzeko, al-egiñak egiten, igaro zituen. Israel berrogei urtean eraendu zuen, eta Efra bere errian il zan, irurogeita amar seme utzirik. Israeltar onak, beren libratzalle gogoangarriari zegokion eran, negar andiak eta progu luzea egin ziozkaten.

 

 

11. Abimelek, seigarren Jueza

 

        Jedeon bizi izan zan artean, Israeltarrak Jainkoari bildur izan zitzaiozkan; baña il bezain laster, gizon andi onen ondo-esanak aztu, idolo-zaletu, eta Jainko egiazkoari utzirik, artakotzat Baal artu zuten, eta egikera onekin ain ondore negargarriak ekarri zituzten. Arestian esan da, Jedeonek irurogeita amar seme utzi zituela; zeñak aitaren izen ona gordetzen zuten, kutsutu gabe: baña oiezaz landara, zorigaitzean izan zuen bigarren mallako emazte Sikemtar bategan ere beste bat, Abimelek zeritzana, eta Israelko seigarren Jueza. Bere aita ilda, seme zorigaiztoko onek Israeltarrai igerri zienean idoloetara griñatuak, uste izan zuen, beretzat zerbait egiteko aldia orduan zala. Sikemera joan, eta bere amaren senideai buruan sartu zien, obe zutela, batek aginduak izatea, Jedeonen beste irurogeita amarren mendean egotea baño; eta ipiñi zituen, Sikemgo guziai bere alde itzegitera. Oiek entzun zutenean, ango odolekoa eta jatorria zala, Erregetzarako begia ezarri zioten, eta Baalen elizako dirutza andi bat eman zioten; zeñarekin zenbait gizon galdu erosi, eta oiekin aitaren etxera joan zan. Ingurutu zuten, eta Joatan anaia gazteena ez, beste senide guziak atziturik, arri-gañ batean il zituen. Irurogeita bederatzi senide anaia batek ilda ikusteak, bazter guziak izutu zituen, eta arri-egiñik gelditu ziran; baña aginte-naiez biotza beteta zeukan Abimelek biurriari, ezer gitxi zitzaion, ainbeste odol isuriagatik.

        Gogortasun paregabe au eginda, bereala Sikemera itzuli zan, sari-eske bazijoan bezala, eta Sikemtarrak alako gizon galdu bat iguindu bearrean, arte-pe batera bildu, eta Erregetzat artu zuten. Joatan bizirik gelditu zan anaia bakar ark berri au aditu zuenean, Sikemdik urrean zegoan Garizinko mendira igo, eta oska asi zitzaien, itz-estaliakin arpegira emanaz, aren aitagandik artutako mesedeak, irurogeita bederatzi seme il ziozkan bat Errege egitearekin, zein gaizki ordaintzen zituzten. Esan zien, bazeritzaten ondo egin zutela, poztu zitezela; baña gaizki egin bazuten, Abimelek berak galdu zitzala. Oiek eta beste gauza asko esan, eta Abimeleken igesi Barara joan zan.

        Abimelekek Israelko agintean iru urte egin zituen; eta Sikemtarrak asi ziran, Abimeleki eta bere lagun Sikemgo buruai gorrotoz eta iguiñaz begiratzen: eta gizon odolgiro hura begietatik bein betiko kentzeko, gizonak bidean isillik ipiñi zituzten, Efrandik Sikemeronz zetorrenean, itsumustuan artu, eta il zezaten; baña Abimelekek, zertan zebiltzan oartu, eta berak aurrea artu zien. Sikemera joan, indarrez sartu, biztanle guziak il, erria erre, eta gatza erein zuen, sekulan ezer eman etzezan, eta iñor bizi etzedin. Ara nola bete zan Joatanek esan zien etorkizuna.

        Sikemgo dorrean zeudenak, erria sutan ikusi zutenean, sartu ziran Beriten elizan, non Baali jainkotzat ezagutzeko itza len eman izan zioten. Abimelek Selmongo mendira igo zan; zuaitz bati besanga bat ebaki zion, eta sorbaldan arturik, bere soldaduai esan zien, berebat egin zezatela. Dorrearen oñera joan zan, su eman zion, eta dorrea, Baal jainkotzat zeukatena, eta emen arkitzen ziran milla gizon eta emakume erre zituen. Bereala Tebasera joan zan, zeren au ere bere kontra irten zitzaion, eta emengo jendeak ikusi zutenean, Abimelek zijoakiela, dorre txit goititu batera igo, eta atea ondo itxirik, estali edo tellatu-gañera irten ziran, gogor egiteko asmoan. Abimelekek erria iñor gabe arkitu zuenean, dorrera joan, eta portitzkiro eraso zion. Atera alderatu zan, eta su emateko zebillela, dorretik emakume batek bota zion errotarri-puska batek, muñak lertu ziozkan; bere burua iltzen ikusirik, morroiari agindu zion, il zezala; etzuela nai, alabañan, iñork esan zezan, andre batek il zuela. Nagusiaren esana morroiak bereala egin zuen, eta gertatu zan Joatanen esana, zionean, aren galtzallea Tebastik irten zedilla.

        Il zan, bada, lotsa gorrian emakume baten kolpetik Abimelek biotz-gogor eta odolgiroa, adiñaren lorean, bere lagun eta adiskiderik andienak ere gorrotatua, eta iguindua.

 

 

12. Tola, zazpigarren Jueza

 

        Abimeleken gaiztakeriak Israel guzia gogaitu eta aspertua zeukaten; eta hura il zanean, begira jarri ziran, nor izango ote zan, ark egindako kalte andiak, eta ipiñitako nasketa negargarriak orbaindu eta zuzenduko zituena, eta bereala autu zuten Tola, Jedeonen illoba, gizon zuzen Jainkoaren bildurrekoa, eta bere egitekoai arpegi ondo eman ziena. Ogeita iru urtean Israelko Juez izan zan. Samiren il, eta lurpetu zuten.

 

 

13. Jair, zortzigarren Jueza

 

        Tolaren urreneko Jair izan zan. Onek ere ogeita bi urtean Israel eraendu zuen, eta Kamonen il zan. Atzeneko bi Juez oien denboran Israeltarrak idoloetarako eresi gogorrik ez bide zuten agertu: beintzat, Jainkoak etzien oi bezalako kastigurik bialdu. Jair il zanean, etzuten bereala aren oñordekorik autu; eta bai idolo-zaletu, alako eran, non, ez da eder esatea, zer gaiztakeriak egin, eta zenbat jainko gezurrezkori belaunikatu zitzaiozkan; eta mingarriago dana, Jainko egiazko bakarrari zor zaion agur edo adorazioa emateari ere utzi zioten. Orduan Jainkoak, Israeltarren gaiztakeriakin txit aserreturik, alde batetik filistintarren, eta bestetik Amontarren eskuan eta mendean ipiñi zituen. Morrontza gogor onek emezortzi urte iraun zien; eta bitartean eraman zituzten neke latzak, berandu bederik, begiak garbitu ziezteen, beren gaiztakeria itsusiak ikusteko, eta Jainkoa Ongille ezin obeagoari egindako lotsagabekeriak, ezagutzeko. Jarri zitzaiozkan, bada, beren bekatuen aitormenarekin Jaunari barkazio-eske. Lenbizian Jainkoak etzien aditu, arpegira emanaz, lenago ere bein baño geiagotan alako esturasunetatik atera izan zituela; baña on-egiñak bereala aztutzen zitzaieztela, eta gogoak zien guzian uzten ziotela: eta jainkotzat artu zituztenai eskari hura bera egiteko. Israeltarrak agirake edo erreprensio ain ikaragarri eta bidezko onegatik etzuten zerbait iristeko ustea galdu. Berriz eta berriz leiatu zitzaiozkan, beren gaizki-egiña aitortzen, eta beste edozein kastigu emango bazien ere, etsai zirkunzidatu gabeko aien mendetik atera zitzala, eskatzen. Jainkoak oien negarrak eta egiazko damuaren beste adieragarriak ikusirik, kupitu zitzaiozkan, eta asi zan errukiz begiratzen.

        Amontarrak urteoro etorri oi zitzaiezten, nai zituzten laburtasun eta txarkeriak egitera; eta Jainkoak lagunduko zielako artu zuten uste onarekin prestatu ziran, arpegi emateko, lenagoko urteetan bezala, nai zutenik egiten, utzi gabe; baña buruzai eta giatzallerik etzeukaten; etzuten, alabañan, Jairi oñordekoa emateko konturik izan, eta urte askoko iñoren mendean egoteak etzien mesede andirik egiten, bear bezalako gizon bat erraz arkitzeko. Estura larri onetan, bada, langai onetara bildu ziran Prinzipe guziak esan zuten, Amonen kontra lenbizi arpegia agertu, eta erasotzen, asten zana, buru eta agintari izango zala. Gauza ain balio andikorako aukera egiteko artu zuten era au, txit egokia ez bide zan; baña Jainkoa zebillen, noski, argi-egiten; ondoreak, beintzat onak izan ziran.

 

 

14. Jepte, bederatzigarren Jueza.
Abesan, amargarrena.
Ahialon, amaikagarrena.
Abdon, amabigarrena

 

        Esan dan eran Jepte Juezetako autua izan zan. Borta zan; baña bere aitak semetzat ezagutu, eta bere etxean azia. Aita il zanean, anaia bidezkoak edo matrimoniokoak etxetik bota zuten, esanaz, aitaren ondadean zer egiñik etzuela. Jepte nora bildurik etzuela ikusi zanean, Manasesko bazter Tob zeritzan batera joan, eta emen bizi zan. Berez gerrarako griñatua eta bulardetsua zan, eta non-naikoa, inguru aietan ere baziran gizon zer galdu-gorde asko etzutenak, eta lenbizi agertzen zan lanari eltzen ziotenak. Oiek, bada, Jepteri batu, eta zerraizkion, beren Errege bazuten bezala. Jeptek esan zien, gogoak ematen ziola, aiek nai izatera, Amontarren lurrera joan, eta Israeltarren etsaiak ziralako, erasotzea. Baiezkoa bertatik eman zioten: eta Amontarretara bat-batean sartu, eta al-zituzten abere eta ondasunak arturik, beren tokira itzultzen ziran, ostera ere berritzeko asmoan.

        Jepte langai onetan zebillen egunetan, Masfaten zeuden, agintari bat, esan dan eran, autu bear zala, erabakitzen; eta jakin zutenean, Jepte asi zala, Amontarrai erasoak eman eta sarrerak egiten, ezagutu zuten, auxe zala, Jainkoak Israeltarren burutzarako zeukana. Gizonik elduenak eta nagusienak bereala Tobera joan zitzaiozkan, Masfaten bilduta zeuden armadunen agintean jartzeko, esatera. Mandatari oien artean arkituko ziran, Jepteren anaia etxetik atera zutenak ere; beintzat, esan zien, ea aiek etziran lenago gorrotoz begiratu ziotenak? Baña kejura oiek aintzat artu gabe, eskatu zioten, arren, aiekin joan zedilla, Israelko buru izan bear zalata.

        Jepte Israel guziaren agintean jarri zanean, agertu zuen odolik isuri gabe auzoakin pakeak egiteko eresia; eta Israeltarrai ainbeste erakusten zieteen etsai zittal eta dollorrai, legez eta bidez eraso bazizaieketean ere, Amontarren Erregeari oparik obenarekin mandatariak bialdu ziozkan, pakean egoteko bideak adieraztera; baña Amontarren Erregeak etzituen gaztigu oiek aintzat artu, eta bere asmo galduakin gelditu zan. Bien artean desberdintza andia zegoan. Amontarren Erregeak armadun asko, eta ondo trebatuak zeuzkan; eta Jeptek gazte gaitz-ikusi gabeko banakak baizik etzituen: ala ere Jeptek ezaguturik, garaipena, ez armadunen kopuruan, ezpada Jaunaren laguntzan zegoala, etzan bildurtu: eta Jainkoa obeto irabazteagatik, egin zion promes bat, gero estura larrian ipiñi zuena. Jainkoari esan zion, baldin Amontarrak eskuratzen baziozkan, bere etxetik ongietorria egitera, lenengo irteten zitzaiona, zana zala, holokaustoan eskeñi edo ofrezituko ziola. Promes au eginda, bereala bere armadun banaka eta trebatu gabeakin joan zan; Amontarrai eraso zien; eta ogei erritan txit asko il zituen, eta Amonen semeak Israelenaen eskuetan erori ziran.

        Garaipen onen pozez Jepte etxeronz Masfatera bazetorren, eta bere etxekoetatik lenbiziko bere alaba bakarra aurkeztu zitzaion, alegranza andian, eta soñua joaz dantzan, zeña ikusi zuenean, soñekoak urratu zituen, ziola: Ai ene alaba! Zuk esturan ipiñi nazu, eta zerori ere jarri zera, zeren Jaunari itzeman diodan, eta beste gauzarik ezin dezakedan. Aita nerea, alaba on biotz andiko onek erantzun zion, aita nerea, Jaunari itzeman badiozu, nizaz egizu, promestu dezun guzia, etsaia garaitu eta kastigatu dezun ezkero. Gauza baten eske nagokizu; zere baimena indazu, basora joan, eta lagunakin nere garbitasuna bi illabetean negartzeko. Aitak esan zion, zijoala; eta bi illak egin zituenean, aitagana etorri, eta onek bere promesa bete zuen.

        Lenago esan da, batek aurrik ez izatea, Israelen txit lotsagarria zala, zeren bere odoletik Mesias sortzeko usteak galtzen zituen, eta oroitze onek aita naigabez bete, eta alabari negar eragiten zion. Egia da, Israelko donzellak jakin bazuten, Mesias au, emakume baten sabelean, osotasuna galdu gabe, sortuko zala, Jepten alaba on onek negar egin, ez ezen, txit poztuko zala, bere aitak Jainkoari eskeñi ziola, jakitean. Mirari au ezagutzen etzuten, eta birjiña gelditzea lotsa anditzat bazeukaten ere, promestua aitak egin zuen: Jaunari eskeñi zitzaion; beti garbi izateko itza eman zion, eta zintzo gorde zuen, neskatx onen irmotasun eta bertute ederrak Israeltar guziak arritzen zituela.

        Jepteri, alaba bakarra ezkontzaka geldituta, bere odoletik Mesias sortzeko uste guzia galtzeak zein ere atsekabe andia eman zion, are andiagoa artu zuen, arkitu zanean, ez etsaien, ezpada Israeltarren odola isuri bearrean. Efraintarrak ziran onetarako bidea ematen ziotenak. Efraintarra Jose Patriarkaren jatorrikoak ziran, eta alde onetatik arroturik, uste zuten, gauza guzietan iñor ez bezalako eskualdiak bear zituztela. Beretakoa ez beste edozeñen ona ezin eraman zuten. Jedeoni bere aldian buruauste andiak eman izan ziozkaten; eta Jepteri ere arrokeria andian aurkeztu zitzaiozkan, arpegira emanaz, ea zergatik aiek gabe Amontarrai eraso zien? Jeptek eraz erantzun zien, eta bere eginbidea garbituaz; alperrik ordea. Gerra nai zuten, eta eraso zioten. Jeptek ain ondo jakin zuen arpegi ematen, non, aurkeztu zitzaiozkanak abarrakitu, eta ondatu zituen. Egun bat bakarrean berrogeita bi milla Efraintar il ziran. Ilkintza onekin, eta Amontarrai egin zienarekin, Israel pake onean ipiñi zuen.

        Geroz bizi izan zan, pake au gordetzeko alegiñak egiten, Israeltarrak idoloetara erori gabe, kontu artzen, eta Jainkoa berak ondo serbitu, eta besteai serbierazotzen. Sei urte agintean eginda, il zan, eta zegokion eran lurpetu zuten.

        Amargarren Jueza Abesan, amaikagarrena Ahialon, eta amabigarrena Abdon izan ziran. Jepteren ondoren iru oiek, nor bere aldian, Juezetan sartu ziran, zeintzuek, iruren artean, ogeita bost urte igaro zituzten. Oiekgatik beste zer esan andirik ez degu.

 

aurrekoa hurrengoa