www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

AMALAUGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Sanson, amairugarren Jueza

 

        Abdon ilda, bereala Israeltarrak Jaunaren aurrean gaizkia egin zuten; au da, Jainko gezurrezkoak adoratu zituzten, eta Jainkoak kastigutzat filistintarren mendean ipiñi zituen. Israeltarrak len ere filistintarren mendean egon ziran; baña Samgar eta Jeptek aien azpitik atera zituzten. Geroz etziran filistintarrak esturasunik ematera atrebitzen. Baña ikusi zituztenean, beren gaiztakeriakgatik Jaunaren aserrean erori zirala, asi ziran berriro nekaerazotzen, eta eunda berrogeita amar urtean, gitxi gora-beera, etzieten pakean utzi; eta Israeltarrentzat akullurik zorrotzenak berak izan ziran. Orregatik emen esan dezagun, filistintarrak zer ziran.

        Oiek etziran kanaantarrak, ezpada anziñaeran Ejiptotik etorritako jatorriak, zeñak kanaantarrai itsas-ondoan lur-zati bat kendurik, bost ballera edo Probinziatan zabalduta, beren bizimodua ateratzen zuten. Bost ballera oietan, nork bere Prinzipe edo Satrapa zeritzatenak, buru zituztela, beren gañ eraentzen ziran; baña kanpokoakin despita edo aserrerik bazuten, elkartu eta bat-egiten ziran. Israeltarrak Kanaanen sartu ziranean, bost ballera oietatik iru beretu zituzten, eta beste biak ere bai bear, zeren Jainkoak Israeli agindutako lurra zan; baña Jaunaren esanaren kontra, kanaantarrak beren artean utzi zituzten gisan, filistintarrai ere leku eman zieten. Gero beste iru ballerak ere galdu zituzten; eta oiek luzaro Israeltarren etsairik gogaikagarrienak, eta nekagarrienak izan ziran.

        Aldats egiten da, filistintarrak Israel mendean zeukatela sinistea, kontrara gertatu bear bide zanean; bada, filistintarren bazter guzia, Israeltarren amargarren zatia etzan: beragatik Israeltarrak eun milla gizon aisago ipiñi zitzaketen, filistintarrak amar milla baño: ala ere, Israeltarrak jainko gezurrezkoetara eman ziran ezkero, Jaunaren laguntza, galdu zuten; bildurti egin, eta makaldu ziran, eta ezertarako kemenik etzuten. Filistintarrak Israeltarren izaera au kontuan artzen zuten, nai zietena egiteko. Guziaz ere, Israelen baziran anima on eta Jainkoari bildur zitzaiozkanak, eta biotzak zeruronz zuzendurik, Jaunari eskatzen ziotenak, arren, errukiz begiratu, eta mendetasun lotsagarri artatik atera zitzala. Jainkoak eskari on oiek entzunik, eman zien libratzalle bat, Sanson zeritzana, eta Israelko amairugarren Jueza.

        Sanson ain ots andikoa, guraso on eta Jainkozkoen semea, Saraa-ondoan jaio zan. Gurasoak aur gabe luzaro bizi izan ziran, eta amak aurrik izateko uste guziak galduta zeuzkanean, Aingeru bat, gizonaren antzean, aurkeztu zitzaion, eta itzegin zion onela: Leorra zera; baña seme bat izango dezu; ez edan ardorik, eta ez sagardorik, ez eta gauza loiturik ere jan, zeren egingo dezun seme bat, ganibitak buruan ukituko ez diona, au da, illerik ebakiko etzaiona: bera asiko da, filistintarren mendetik Israeltarrak ateratzen.

        Aingeruak, itzaldi au eginda, bereala aldegin zuen, eta senarrari emaztea joan zitzaion, zer gertatu zitzaion esatera: esan ere bazion, galdetu ziola, zein zan, nondik zetorren, eta nola zeritzan; baña galdera oiei etziela erantzun, semedun egingo zala baizik. Orduan Manue senarrak Jaunari eskatu zion, mandatari bera berriz ere bialdu zezala, aur jaiotzekoarekin zer egin bear zuten, erakustera. Jainkoak eskari au entzunik, emazteari agertu zitzaion, eta korrika joan zan, senarrari esatera. Senarra bereala Aingeruari aurkeztu, eta galdetu zion, ea aurrarekin zer egitea nai zuen? Erantzun zion, etzezala aurrak ardorik eta sagardorik edan, ez gauza loiturik ere jan, eta emazteari esandako guzia, egin zezala.

        Manuek erregutu zion, antxume bat erre artean itxedoteko. Aingeruak erantzun zion, alperrik leiatuko zitzaiola; bada, etzuela jango; eta nai bazuen, Jaunari eskeñi zizaiola. Manuek etziekien, itzegiten ziona Aingerua zanik, eta galdetu zion, nor zan? bada, jakintsu egon nai zuela, ark ziona gertatzen bazan, bere esker-erakutsia egiteko. Zertako nere izen miragarria jakin nai dezu? Aingeruak esan zion. Manuek antxumea arri-gañean bere errekiñakin ipiñi zuen, Jainkoari ofrenda hura eskeñtzen ziola; eta su emanda, garra gorontz abiatu zanean, Aingerua garretan sartu, eta igo zan. Begira zeuden senar-emazteak, mirari onekin arriturik, auzpez jarri ziran, eta etzuten geiago iñor ikusi. Orduan ezagutu zuten, gizontzat zeukaten itzlea Aingerua zala. Manuek bereala larritasun guziarekin emazteari esan zion, il bearrak zirala; baña emazteak lasatu zuen, esaten ziola, baldin Jainkoak il nai izan balitu, etzuela aien ofrenda onetsituko edo ontzat artuko, ez eman ere etorkizuneko berriak. Lenago esan zan, Israeltarren arteko sinismea zala, Aingeru bat ikusi ezkero, bereala il bear zala; argatik Manue larritzen zan, eta emazteak lasatu zuen.

 

 

2. Sansonen lenengo ezkontza

 

        Egiaz, emazteak uste oso-osoa zeukan bezala, mundura zuen seme bat, Sanson zeritzana, eta azi ere bai, bere bularrean, eta Jainkoak bedeinkatu zion. Emezortzi urte zituenerako, Jainkoak biotz, gauza andietarako, sendo eta indartsua eman zion. Orduan Tamnata, Efraingo erri batera, egin zuen joan batean, ikusi zuen filistintarren alaba bat gogoan sartu zitzaion, eta etxera zanean, gurasoai agertu zien neskatx arekin ezkondu-naia; baña gurasoak erantzun zioten, ea beren aide edo errikoetan neskatxik etzan, filistintar zirkunzidatzakaetara joan gabe? Sanson aitari leiatu zitzaion eresi berarekin. Gurasoak etziekiten, lan artan Jaunaren eskua zebillenik, eta semeak filistintarrak ondatzeko bidea billatzen zuenik. Geroenean artara jarri ziran; eta Tamnataronz gurasoak semearekin abiatu ziran, eta erri-ondoko mastietara ziranean, leoi gazte portitz bat irten zitzaien, orroika; baña Sansonen biotzean Jaunaren indarra sartu zan; leoiari itsatsi zitzaion, eta antxume bat bezala, txikitu eta zeatu zuen, gurasoak oartu gabe; etzien esan ere, zer egin zuen. Errira ziranean neskatxari itzegin zion: gurasoak semearentzat eskua eskatu zioten, eta baiezkoa artutakoan, gurasoak eta semea itzuli ziran, emazte-gaiaren etxean egin bear ziran eztaietarako gauzak prestatzera.

        Egun batzuen buruan Tamnataronz, ezkontza egitera, bazijoazen; eta Sansonek gurasoetatik aldegin, eta lenagokoan il zuen leoiari, begiratu zion, eta ikusi zuen bere aoan erle-samalda andi bat, abaraskak eginda. Abaraska bat arturik, bazijoan gurasoetaronz, jaten, eta oiei ere eskeñi zien, nondik artu zuen, esan gabe. Errian sartu, eta Sanson, aitatu dan neskatxarekin, ezkondu zan.

        Onelako egunetan oituraz ezkon-berrien aideak elkargana bildutzen ziran, eta ezkon-ondoko zazpi egunak poz eta olganzan igarotzen zituzten. Bildu ziran, bada, Sansonenak eta bere emaztearenak ere. Sansoni errikoak eman ere baziozkaten ogeita amar mutil gazte, egun oietan lagun izan zitzan. Berebat oitura zan, gauza illun eta estaliak nork asmatzen zituen, aritzea, era onetan adiñak edo entendimentuak askatu eta argitzeko. Sansonek oitura au ere gorde nai izan zuen, eta bere ogeita amar lagun gazte aiei esan zien, baldin ark esandako itz batzuek zer adierazten zuten, asmatzen bazuten, ogeita amar izare edo maindire, eta ogeita amar soñeko emango zieztela; baña asmatzen ezbazuten, beste ainbeste izare eta soñeko berari eman bearko ziozkatela. Filistintarrak bazeritzaten, gai onetan zerbait bazirala, eta guzien aurrean erantzun zioten, gauza isill asmakai hura esan zezala. Ara, bada, Sansonek esan zien: Jaleagandik janaria irten zan, eta sendoagandik gozoa: asma ezazute.

        Filistintar gazteak lenengo iru egunetan buruak austeko ibilli ziran, ezin asmatuz. Sansonen emaztea ere beartu zuten, bere senarragandik isillik jakiteko, batean loseintxa, bestean negarrez alegiñak egitera; baña Sansonek etzien ezer esan nai. Ondorengo egunetan ere, bai gzteak, eta bai emazteak, lan berean jarraitu zuten; baña alperrik; etzuten ezer aurreratzen. Zazpigarren egunean gazteak emazteari esan zioten, baldin senarrari ezbazion agertuerazotzen, asmakai ark zer esan nai zuen, etxeari su eman, eta bera bere aitarekin erreko zutela.

        Emaztea Sansoni negarrez zegokion, ziotsala; maite ez nazu: iguin nazu; orregatik, nere erriko gazteai ipiñi diezun asmakaia agertu nai ez didazu. Sansonek erantzun zion, ea bere ait-amai esan nai etziena, ari esango zion? Atzenean ere emaztearen negar eta espak ain miñak izanik, bere isill-gauza agertu zion. Aditu bezain laster, gazteai kontu ematera joan zitzaien. Gazteak atzeneko egunean, eguzkiak aldegin baño lenago, Sansoni, berak asmatua bezala, esan zioten: zer gauza gozoagorik eztia baño, eta sendoagorik leoia baño? Ah! Sansonek erantzun zien; ezbazenduten nere txalarekin goldeatu, asmatuko etzenduten; esango bazien bezala: nik izan ezbanu, pakerik ematen etzidan emazte bat, edo zuetakoa, asmatuko etzenduten; beragatik ez dezute saririk irabazi; ala ere apustuan esana, emango dizutet.

 

 

3. Sansonen bigarren ezkontza

 

        Sanson Israelko Juez, eta Israeltarrai beren eskualdiak eta pakea emateko, Jainkoak aututa zeukana zan, eta Jaunaren indarrez sendoturik, Azkalon zeritzan Erri-burura joan, eta kontu-artzen zeuden soldaduai eraso, eta ogeita amar gizon il zituen, zeñaen soñekoak arturik, gazte asmatzalleai eraman ziezten, eta bere aitaren etxera itzuli zan. Emazte desleialak ikusi zuenean, senarrak aldegin ziola, oso betiko utzi zuelakoan, ogeita amar gazte aietatik batekin ezkondu zan. Egun batzuen buruan, itaite edo gari-ebakiteetan Sanson emaztea ikustera joan zan, antxume bat berekin zuela; baña gelara sartzean, aitagiarraba irten zitzaion, eta gelan sartzeko lekurik etzion eman, ziotsala, betiko utzi zuelako ustean, alaba adiskide bati eman ziola; baña etzala ansi; gazteago eta ederrago bat bazuela, eta onekin ezkondu zitekeala. Eginbide onekin Sanson txit aserretu zan,eta ordutik erabaki zuen, filistintarrai zezakean kalte guzia egitea, eta egin zioten saldukeria nozierazotzea. Sanson etzegoan, lengo Juezak bezala, gizon-samaldakin, ezpada bere indar utsakin, erasotzeko, autua. Itaitetako egunak ziran, eta besteri ez bezalako kalte-egiñera bat gogoratu zitzaion. Sansonen alderdian azeriak txit ugari eta asko ziran: irureun eskuratu edo atzitu, eta ipiñi zituen biñaka, elkarri isatsak lotuta, illeti sutu bana erdian zutela. Onela larrañ eta mastietara bialdu zituen; eta zenbat azkarrago joan, anbat geiago illetiak irazekitzen ziran, eta azeriai min ematen zieten. Gisa onetan or-emen zebiltzala, gari guziak, ebaki, eta ebaki gabeak, sutu zituzten; mastietara ere sua zabaldu zan; eta ordu gitxiren epean bazter guziak erre eta kiskaldu ziezten. Filistintarrak jakin zutenean, nork eta zergatik kalte andi hura egin zien, Tamnatara joan, eta emazte eta onen aita erre zituzten. Sansonek gaztigatu zien, aiek lanbide au egin arren, etzuela eskua atzeratuko, al-zan kalte guzia egin gabe. Gero asko gizon il ziezten, eta gañerakoak osotoro izututa ipiñi zituen.

        Sanson lan onen ondoren leku ezkutu batera joan, eta filistintarrak beren onera ziranean, Sansonen billan abiatu ziran. Soldadu-talde andi bat bildu, eta Judako alderdira joan ziran. Judakoak ainbeste gizon etxean ikusi zituztenean, bildurrak eman zien, eta ezaguturik, Sansonen eske zijoazela, berak jarri ziran, Sanson filistintarrai ematera, beren buruak onela gordetzeko. Iru milla Israeltar elkar-arturik, Sanson gordeta zegoan lekura joan, eta esan zioten, ea ala aserrerazotzeko kalteak zertako egin ziezten? Sansonek erantzun zien, berari egin ziotena, ordaintzea baizik etzuela egin. Israeltarrak esan ziotenean zertara zijoazen, ez iltzeko itza kendu zien. Soka lodiakin lotu, eta ezkutuan zegoan leize-zulotik aterarik, eske zebiltzanen eskuetan ipiñi zuten.

        Filistintarrak ainbeste kalte gogorren egillea mendean artu zutenean, txit poztu ziran; baña gozoa laster mindu zitzaien. Sansonek, lotuta zeukaten soka biak, ari ustel bat zezala eten zituen: an bertan sortu zitzaion asto baten matrall-ezur batekin, lenengo ukituan milla filistintar il zituen, eta gañerakoak, al-zuten tokira, igesi joan ziran. Sanson etsai gabe arkitu zanean, lurrean etzan zan. Bere atsedenean zegoala, egarriak eman, eta etsaien eskuetan eroriko zan bildurrak artu zuen. Esturasun onetan zeruronz begiak ipiñirik, Jainkoari esan zion: Zu zera, ni zure serbitzari onen bitartez, garaipen andi au irabazi dezuna; baña jauna, egarriak itotzen nauka, eta nere etsaien eskuetan erortzeko zorian nago. Jainkoa etzegoan Sansonez aztuta. Bereala matrall-ezurreko agin batean iturri eder bat sortu, eta emengo ur gozoarekin egarria kendurik, bizkortu zan. Mirari onegatik geroz leku oni Matrall-ezurraren iturria zeritzan.

        Filistintarrak etsi zuten, Sansoni indarrez ezer egiterik etzegoala, eta artu zuten itsumustuan edo saldukeriaz galtzeko asmoa, eta beti aren ibillien zelatari zebiltzan, era ona topatzeko. Denbora gitxiren buruan Sanson Gaza zeritzan errira joan, eta ostatu batean sartu zan. Berri au erri guzian bereala banatu zan. Etxea soldaduz ingurutu, eta erriko atean kontuartzalleak ipiñi zituzten, biaramonean, etxetik irtetean, iltzeko. Sanson, galbide onen kontu gabe, lo zetzan, eta gau-erdian esnatu zanean, etxetik irten zan, iñor oartu gabe, edo, beintzat, ezer esatera, iñor atrebitu gabe. Erriko atera joan, eta itxia arkitu zuenean, atea bere albo, buru, morrollo eta ubalakin sorbaldan artu, eta zama andi arekin mendi-gañera igo zan. Ateko kontuartzalleak ditxa anditzat zeukaten, gizon izugarri hura aiezaz oartu gabe, bere bidean joatea; eta errikoak biaramonean atea mendi-gañean ikusi zutenean, jarri ziran, Sansonez zer esan etziekitela, eta Jainkoa gizon-antzean, edo gizon utsa ote zan zalantzan.

        Gorputzez etzan besterik baño geiagoa. Etzuten ikusten Bazango Errege Og, lau kana eta erdi luze, eta bi zabaleko oia bear zuen, denbora bateko Zentoi edo Jigantea bezalakoa. Ala ere, egiten zituen indarrezko lanak, berez ezin zitzakeanak ziran; eta pensatzen zuten, bazuela ezer isillen bat, alako indarrak ematen ziozkana, eta aien eresi guzia au jakitea zan. Onetarako bidea zorigaitzean laster eratu zitzaien. Sanson, Gazako atea mendira eramanda, gero auzoan zegoan Sareko ibarrera joan zan. Emen bizi zan Dalila zeritzan emakume filistintar bat, zeñarekin adiskidetasunak egin, eta emaztetzat artu zuen, San Jeronimo eta San Juan Krisostomoren iritzian, Eskritura Santak, maite zuela baizik, esaten ezbadigu ere.

        Filistintarren bost Prinzipeak, Dalilarekin Sansonen arteko adiskidetasuna jakin zutenean, Dalilari etorri zitzaiozkan, esatera, baldin Sansoni ateratzen bazion, zerk alako indarrak ematen ziozkan, dirutza andiak saritzat emango ziozkatela. Dalilak, eskatzen zutena egiteko itza, eman zien. Sansoni bereala galdez asi zitzaion, ea zerk ala indartsutzen zuen, eta zerekin lotu zitekean, indarrik ez egiteko? Sansonek erantzun zion, ede-larruz edo este berriz egindako lokarriakin lotutzen bazuten, etzala besteak baño geiago izango. Andre desleialak bereala filistintarren Prinzipeai gaztigatu zien: isillik beren zazpi sokakin etorri ziran; Dalilak lotu zuen; eta filistintarrak etxeko bazter batean gordeta zeuden, lanbide hura zertan gelditzen zan, edo nola irteten zan, ikusteko. Dalilak, bada, Sansonek egia esan ote zion, jakiteko, deadar egin zuen: Sanson, filistintarrak gañean dituzu. Sansonek, ots onetara, sokak mullo-ari samur bat bezala, eten zituen, eta edozeñi gogor egiteko eran jarri zan.

        Dalilak bere espak agertu ziozkan, egia esan etziolako. Berriz ere eskari berean leiatu zitzaion; eta Sansonek esan zion; baldin zazpi soka ezertan erabilli gabekoakin lotuko banindute, beste gizonak bezala, aul geldituko nintzake. Dalilak, leneko aldian bezala, oraingoan ere egin zuen; baña alperrik: Sansonek sokak eten, eta bere indarrakin gelditu zan. Dalilak lenago baño ere espasun geiagorekin gezurra arpegian eman zion, esanaz, bein edo bein agertzeko eskatzen ziona. Sansonek gogaika eta aspererazo naiez, berriz ere esan zion, baldin illea zazpi txirikordatan ipintzen bazion, eta ilze batekin lurrean josi, indar gabe geldituko zala. Sanson lo zetzala, esan guzia Dalilak egin zuen: baña otsetara esnatuta, burua dantzatu utsarekin, len bezala jarri zan. Oraingoan Sanson bere ondamenera asko urreratu zan: illeen aitamenik etzuen egin bear, zeren indar guzia oietan zeukan; baña sarera ez-arian zijoan, gero osotoro erortzeko.

 

 

4. Sansonen menderatzea

 

        Aldi onetan Dalilak alegin guziak egin zituen, Sansoni agerterazotzeko. Esan zion, ondo ezagun zala, asko nai etziola: iru aldiz etzana esanda, engañatu zuela. Beti negarrez zegokion. Sansonek asko zeraman, ez esan naiez: baña atzenean Dalilaren leia gogaikagarriak easan, eta biotza txit illundu zitzaion. Orduan emakume zorigaiztokoak berea egin zuen, eta soldadu-talde andiak menderatu ezin zutena, azpiratu zuen. Sansonek agertu zion, beregan beti gorde bear zuena, esanaz: Nere buruan egundaño ez da burnirik jarri, zeren nazarenoa naizan, au da, amaren sabeletik Jainkoaren serbitzorako eskeñia: illea ebaki ezkero, indarrak iges-egingo liket, eta beste gizonen gisan, aul izango nintzake. Dalilak Sansonen itzketa onetatik ezagutu zuen, nai guzia ateraerazo ziola. Filistintarrai bereala gaztigatu zien: oiek etorri, eta ezkutuan jarri ziran; baña Sansonen zazpi txirikordak ebaki, eta burua moztutzeak zer egiña zeukan: bildurtzen ziran, alabañan, gogoratzean, zer zerabilten Sanson oartzen bazitzaien, Dalila eta onek erakarritako filistintarrak lenbizi ondatuko zituela. Irrisku gabe guzia egiteko, bazkari andi, lo-belarrez ondo koipetua, maneatu zion, eta jan zuenean, lo pisu batek artu zuen, eta Dalila illea moztu, eta burua garbi-garbi utzi zion. Gero, beste aldietan bezala, ots-egin zion: Sanson, filistintarrak gañean dituzu. Egiaz, filistintarrak gorde-lekutik irtenda, eskuak ezarri ziozkaten, eta len bezala, bere burua gorde, eta etsaiak galdu naiez, asi zanean, indar gabe arkitu zan.

        Kateakin bereala lotu zuten, eta beste lanetara baño lenago, bi begiak atera ziozkaten. Onela burniz ondo loturik, eta begiak gabe, Gazara eraman zuten, ikusi zezaten, erriko ateak mendira eraman zituen gizon indartsua menderatuta. Zer neke eta aztapoak bidean, eta isekak eta farrak errian eraman bear izan zituen jakitea eta esatea, erraz ez da. Zar eta gazteak, andi eta txikiak, gizon eta emakumeak elkarren leiean zijoazkion zirikatu eta nekatzera. Sansonen eramankizunak etziran onetan gelditu. Itxian sartu, eta ipiñi zuten, astoa balitz bezala, errotarriari eragiten. Filistintarrak garaipen onen izenean pesta andiak egin zituzten. Baña lenengo egunetan egindakoak bear ainbat etzeritzatelako, erabaki zuten, jende guzia batu, eta pesta guzizko bat geroago egitea. Onetarako bear ziran prestamenak egin, eta illabete batzuen buruan Prinzipe, andizki, eta gañerakoak Gazara bildu ziran. Dagoni ere agur-egin bear zioten, eta lan onetarako jainko gezurrezko onen elizan sartu ziran. Onen bazter eta zulo guzietan etzan jendea baizik ikusten; jan-edanak baizik egiten. Guzien poza eta atsegiña osotzeko, Sanson eraman zuten, nai zuenak nai zituen iseka eta farrak egiteko. Sansoni buruko illeak ordurako azi zitzaiozkan, eta bere indarretan sartzen zijoan, filistintarrai gogoak ematen ezbazien ere. Elizak erdi-erdian zituen bi pillare, estali eta eliza guziari eusten ziotenak. Oien bitartean Sanson ipiñi zuten, isekaz ondo asetzeko: eta beren bidegabekeriakin gogaikaeragin ziotenean, itsu-aurreko egiten zuenari esan zion, utzi zizaiola pillareai ukitzen, atsedeteko aitzakitan. Sanson jarri zan, bi pillareai ukitzen ziela: Jaunari lenagoko indarrak eskatu ziozkan, etsai dollor txar guziak beingoan ondatzeko. Jainkoak bere eskaria entzun zion: bi pillareak esku banakin artu zituen: eta «Ni nerau il nadin filistintarrakin batean» esanaz, biak elkarri joerazo zien, eta eliza guzia lurrera ezarri zuen, eta bera eta filistintar guziak lertu ziran.

        Egikera miragarri, filistintarren bazter guzietara izu-ikara zabaldu zuena! Bost Probinziaetan etzan etxerik, ukitu etzitzaionik. Prinzipeak, andizkiak, eraentzalleak, gazteririk ederrena, pesta andi hura egitera leku guzietatik bildu ziranak, bat-batean arri eta zabor-pean geratu ziran. Sansonen senideak jakin zutenean, Gazara bereala joan, eta Sansonen gorputza arturik, Israelera eraman zuten, eta Juez bati zegokion proguarekin, bere aita Manueren ondoan lurpetua izan zan.

        Sanson bere etsaiakin batean il zanean, filistintarrak gelditu ziran ezertako kemen gabe, eta Israeltarrak pake andian: baña oiek etzuten jakin, bear zana egiten. Etxeetan gelditutako filistintar banakak osotoro ondatu bear zituzten, bururik geiago goratu etzezaten; baña orduan, orduan bezala, iñori neke biderik emateko gai ikusten etzituztelako, pakean utzi zieten, eta oraingo utsegite au gero nozitu zuten.

 

 

5. Heli, amalaugarren Jueza

 

        Egun gitxiren buruan Sansonen oñordekotzat autu zuten Heli zeritzana, eta Israelko amalaugarren Jueza. Israeltarrak ondo joateko, begiak erasolari eta egille bategan Juezetako ipiñi bear zituzten; baña autu zuten Heli gizon ona eta zuzena, bai, baña biotz illekoa. Heli denbora berean Apaiz-nagusia zan; berrogeita emezortzi urte zeuzkan, eta alde onetatik ere, ez, pisu andi biak jasotzeko, egokiena. Ala ere, lanbide bi oiek bere kontura luzaro iduki zituen, zartuta ezin bestez, bere bi seme Ofni eta Finees, zerbait bera arintzeko, lagun artu artean: eta lan onek Heliren etxeko ondamena, eta Israelen galbidea ekarri zuen.

        Helik ezin egin zezakean aukera kaltarkitsuagorik, bere semeena baño. Gizon gaizto lege gabeak, eta Eskritura Santak dionez, Belialen humeak ziran. Gaiztakeria eta gaiztakeria zerabilten. Aita ezer eziñera zanean, len bere eginkizunen zati bat ematen zien bezala, gero eliz-atean aulki batean jarrita, berak aisa egin zitzakean lan banaka batzuek ez, beste guziak oien eskuetan ipiñi zituen, eta orduan lotsa gitxiagorekin nai zan gaiztakeria guzia egiten zuten. Israeltarrak zeramazkiten ofrendaetatik zati bat Eliz-gizonentzat zan; baña oien gogoak etziran zati onekin asetzen; geiago nai zuten, eta zenbat aldiz Jaunari eskeñi ere baño lenago. Atzenik, Jaunaren etxera agur-onak eta erreguak egitera zetozen andre bertutezkoak galdutzeko ausardia ere artzen zuten. Israeltarak espaka zeuden. Heliri alde guzietatik semeen kontra kejurak zetorzkion; ez-aditu edo ez-ikusi egin, eta ondo-esan utsak semeai egiñarekin, geiago gabe, uzten zituen: dirudienez, etzien naigaberik eman nai izaten. Baña Jainkoak, aitaren biguntasunaz, eta semeen lotsagabekeriaz asperturik, Heliri Profeta bat bialdu zion, bere etxe eta etxekoen ondamena adieraztera. Esan zitzaion, Ejiptotik irten ziranetik arteraño, Apaiz-nagusitzak aren jatorrian iraun bazuen ere, beste batera aldatuko zuela; etxea eta etxekoak ez-izanik gogorrenak artuko zituztela, eta bi semeak egun batean ilko zirala. Jaunaren esan zorrotz oiek etzuten Heli ipiñi, semeakin bear zana egitera: eta Jainkoak bigarren aldian Samuelen bitartez bere aserrea are argiroago adierazo nai izan zion. Emen dakuskun, Samuel zein zan.

 

aurrekoa hurrengoa