www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Samuel Profetaren jaiotza

 

        Elkana zeritzan Eliz-gizon on batek, orduko legeak ematen zuen eskuarekin, zeuzkan bi emazte, Ana eta Fenena. Fenenak seme asko zituen; Anak batere ez ordea. Elkana urteoro Pazkoaz Silora joan oi zan, Tabernakuloan Jainkoari agur-onak egitera, eta sakrifizioak eskeñtzera. Bein batean, eliz-lanak eginda, gero jarri zan, bere bi emazteakin bazkaltzen. Fenenak, bere semeakin arroturik, Anari aurrik ez izana noiz-nai arpegira ematen zion, eta Anak, negarrez jarri, eta etzuen jaten. Elkanak esan zion, zergatik negar eginda, jaten ez dezu? Amar seme baño ni obe ez nazu? Ana, itzik esan gabe, otoitz-lekura joan zan. Jaunari erregutzen jarri zitzaion, esanaz, baldin seme izateko mesedea egiten bazion, bertatik bere serbitzorako eskeñiko ziola. Helik, atean eserita zegoan aulkitik, ikusi zuenean Jaunaren aurrean ezpañak erabiltzen, itzik esan gabe, uste izan zuen, ordituta zegoala; baña Anak erantzun zion, alakorik etzala, ezpada bere zorigaitzak eragiten ziola ikusi zuena. Orduan Helik esan zion: pakean zoaz, eta Israelko Jainkoak dagizula, eskatzen dezuna. Ana Heliren diosal onekin pozturik, begi alaiakin senarragana itzuli zan, eta etzitzaion tristurarik geiago sartu.

        Egunen buruan izan zuen seme bat, eta izentzat Samuel eman zion. Iru urtean Anak berekin iduki zuen, eta bularra kendu zionean, ait-amak aurrarekin joan ziran, mesede berri onen eskerrak Jaunari ematera. Oi zituzten eskeñi, eta ofrendak egin ziozkaten; eta Heliri aurra aurkeztu zioten, Anak esanaz: Ni naiz, jauna, zure aurrean Jainkoari eskariak egin niozkana: aur onen eske negokion; eta Jaunak eman dit, eskatu niona; beragatik bere bizi guzirako Jaunari itzultzen diot. Elkana eta Anak Jainkoa adoratu zuten; eta aurra Heliren eskuetan utzirik, etxera pozez biurtu ziran.

        Samuel, bada, Jaunaren etxean azi zan, ordu guzietan bere serbitzoan zebillela, eta guziak arritzeko adiña ontasun eta jakinduria beretzen zuela. Urteetan sartu zanean, Helik eliz-soñekoak janzi ziozkan, eta beti bere ondoan zerabillen. Jainkoak onen bitartez Heliri adierazo nai izan zion, semeen gaiztakeriak eta aitaren ez-ikusia zein gaizki artzen zituen. Gau batean Heliren ondoko gelan Samuel lo zetzala, esnatu zan, Samuel , Samuelen ots batera; eta Helik otsegin ziolakoan, joan zitzaion, zer nai zuen, galdez. Helik erantzun zion, etziola deitu; lo egin zezala. Berriz ots berarekin esnatu zan; eta Helik berebat erantzun zion. Irugarren aldian esnatu zan, Samuel, Samuelen otsarekin, eta Heliri joan zitzaion, zertako deitzen zion, galdez. Orduan Helik ezagutu zuen, Samueli deitzen ziona Jainkoa zala, eta esan zion: zoaz, lo egizu, eta berriz otsegiten badizu, erantzun zaiozu; esazu, Jauna, bada, zure serbitzari au aditzen dagokizu. Samuel Loak-artu zuen, eta urrengo otsean esnatu zanean, Heliren esana egin zuen. Orduan Jainkoak agertu zion, Heliren kontra zeukan aserre bizia, bere semeai bear zana egin etzielako, eta aren etxeko guziak ondatzeko artu zuen asmoa.

        Jaunarekin itz-aldi au eginda, Samuel lotara zan, goizean ateak idiki artean. Samuel bildur zan Heliri esateko, Jainkoak zer zion; baña Heliren leia ikusirik, guztia jaulki zitzaion, ezer ere estali gabe. Jainkoa da, Helik esan zuen, eta egin beza eder zaiona. Arritzekoa da Jaunak bialdu nai ziozkan nekeak artzeko, Helik erakutsi zuen biotz ona, zeñarekin, Elizako gurasoen iritzian, Jaunaren aserrea zerbait itzali zuen, eta damu egiazko bat artzeko lekua eman zion.

        Samuel urteetan aurrera zijoan: Jauna berekin zuen, eta berari esan guziak, itzik ere galdu gabe, bete ziran: eta Israel guziak egiazko Profetatzat ezagutu zuen. Geroz Jainkoak Silon askotan biotzera itzegin zion, eta Samuelek, Heliri bere ondamena adierazteaz gañera, Israeltarrai ere esan ziezten, beren gaiztakeriakgatik zetozkitenak, laster ikusi zuten bezala.

        Lenago esan da, filistintarrak zein gitxi ziran, Israeltarrai arpegi emateko, eta are gitxiago zezaketen, Sansonekin bururik geienak eta gazteri indartsuena ilda gero. Ala ere, Jainkoak oien bitartez Israeltarrak kastigatu nai zituen, ezagutu zezaten, berarekin guzia, baña bera gabe ezer ezin zezaketela. Israeltarrak, bada, gitxiena uste zuten egunetan, arkitu ziran filistintarrak gañean zituztela. Beren lurrean itsumustuan sartu zitzaieztenean, al-zan ondoena, eta lasterrena soldaduak bildurrik, bidera irten zitzaiezten; baña igesari bereala eman zioten, eta or-emen, ara-onara zebiltzala, lau milla il ziran. Israeltarrak arriturik, zer gertatzen zitzaien ezin asmatuz, zarrak batzarrera bildu ziran, eta elkarri galdetzen zioten, ea zergatik Jainkoak filistintarren aurrean onela kastigatzen ote zituen? Erabaki zuten, batalla eman bear zanean, Kutxa santa berekin eramatea, onen babesean garraitu uste zutelako. Itxaropen edo konfianza au ona zan; ordea Jaunaren aserrea itzaltzeko bideak, gaizki-egiñen damu egiazkoarekin lenago garbitu bear zituzten. Etzuten au egin, ezpada besteren kontu gabe, Kutxa santa Silotik artu, eta soldaduak zeuden lekura eraman zuten.

 

 

2. Kutxa santaren galera

 

        Kutxa santa ikusteak, Israeltarrai poz andia eman zien, eta atsegiñezko ots andiak egin ere zituzten, zeñak filistintarrak adituta, asi ziran, galdez, Israelen zer ote zan, alako poza ematen ziena: eta jakin zutenean, Kutxa santa ekarri zutela, bildurrak artu zituen; oroitzen ziran, alabañan, Ejiptotik irten ezkeroko ibilleraetan, aien lenagokoak artu izan zituzten zigorradaz. Ala ere, buru eta agintariak ondo-esanaz, bizkortu zituzten, eta gogor egiteko prestatu ziran. Elkarri eraso bezain laster, Israeltarrak filistintarren mendean erori ziran. Ogeita amar milla Israeltar batalla-lekuan il ziran, eta gañerako al-zutenak, nork bere bazterrera, iges-egin zuten. Heli Apaiz-nagusiaren bi seme Ofni eta Finees ainbeste gaiztakeria egin izan zituztenak ere, Kutxa santaren ondoan il ziran. Baña kalte oiek etzuten Israelen ain min andia eman, nola Kutxa santa, irureunda berrogeita amar urtean berekin zeukaten, eta Jainkoak ainbeste aldiz itzegin zien hura, filistintarren eskuetan uzteak.

        Benjamingo igeslari batek, berri mingarri au Silora eraman zuen, eta esan zien; guzia galdu da, guzia galdu da: soldaduak ondatu dira, eta Jaunaren Kutxa etsaien mendean dago. Guziak negarrari eman zioten, eta etzan Siloko karrikaetan aieskak baizik. Heli Tabernakuloaren atean eserita zegoan, batalla ematen zan alderonz begira: Benjamintarra berri txar arekin joan zitzaion: esan zion, Israel ondatua zala, eta aren bi semeak il zirala. Heli berri oiek guziak entzuten, biotz andiarekin egon zan, gogoratuaz, Jaunaren eskua zebillela, merezi izan zuten kastigua ematen; baña esan zionean, Kutxa santa ere etsaien eskuetan zegoala, geiago ezin zuen; gorputzak dardarizazio andi bat egin zion; indarrak joan zitzaiozkan; aulkitik atzeronz erori zan; lepo-ezurra autsi zitzaion; eta Kutxa santa galdua zalako miñaren miñez il zan.

        Etzan Heliren iltzea bakarrik egun oietan bere etxean negar-eragin zuena izan: bere errañ Fineesen emaztea aurgiteko bete-betea zegoan, eta aditu zuenean, Kutxa santa galdu zala, eta senarra eta aitagiarraba il zirala, sumiñak eman zioten, eta aurra mundura zuenean, bera il zan, aurrari Ikabod izena emateko beste leku gabe.

 

 

3. Filistintarren zigorrada

 

        Filistintarrak Kutxa santa Azotora eraman, eta Dagon beren jainko gezurrezkoaren ondoan ipiñi zuten. Biaramonean elizara joan ziranean, arkitu zuten Dagonen idoloa, Kutxa santaren aurrean auzpez zetzala. Bereala bere tokira itzuli zuten; baña urrengo egunean, ez auzpez bakarrik, ezpada osotoro porrokatu, eta bere zatiak elizan banatuta arkitu ziran. Au biderik asko bazan, jainko hura gezurrezkoa zala ezagutzeko, eta Jainko egiazko bakarragana jartzeko: baña gertatu zitzaiena etzuten idolozaleak aintzat artu.

        Jainkoak Israeltarrai zegokien kastigua eman zien, ikusi dan bezala. Kutxa santa filistintarren eskuetan ipiñi zuen, eta gauza santa beronen bitartez filistintarrak ere kastigatu nai izan zituen. Ikusirik, idolo bizi gabekoan egindako kastiguarekin etzuela ezer aurreratu, bizidunakin asi zan. Lenbizi Azotoarrai ukitu zien. Zauri biziz bete ziran: sabelak utzi edo beerako latz batek eman zien, eta egun gitxiren epean, usai eta kirats nazkagarria zeriela, iltzen ziran. Onezaz gañera sortu zitzaiezten sagu-samalda izugarri, gauza guziak ortxikatzen zituztenak.

        Azotoarrak ikusirik, Israelko Kutxa santa berekin idukitzetik, zer kalteak zetozkien, artu zituzten andik bialtzeko asmoak. Bost Probinziaetako buru edo Satrapak bildu ziran: galdetu zuten, ea Israelko Jainkoaren Kutxari zer egin bear zitzaion? eta Jetekoen esanera erabaki zuten, bost balleraetan erriz-erri erabiltzea, kalte aien egillea zein ote zan jakiteko; baña aien zorigaitzean, Jaunaren eskua toki guzietan zebillen, eta ilkintza gogorra egiten zuen. Akarontarrak ikusi zutenean, ara zeramatela, gogor egin, eta artu nai izan etzuten, besteai egin ziena, gertatuko zitzaien bildurrez, eta esan zuten, bere tokira eraman zedilla.

        Kutxa santak filistintarren lurrean zazpi illabete egin zituen, eta etsi zutenean, au berekin zuten artean, aientzat onik etzegoala, erabaki zuten, Israelera bialtzea; baña nola bialduko zan asmatzeak buru auste andiak ematen ziezten. Gauza onen gañean idoloen apaiz eta aztiai galdeak egin ziezteen; eta oiek erantzun zuten, etzezatela Kutxa utsik bialdu, ezpada eskuerakutsi eta ofrendakin, beren gaitzetatik sendatu nai bazuten. Esan zieten, zer eta nolako eskuerakutsiak egin, eta nola bialdu bear zuten.

 

 

4. Kutxa santaren itzulera Israelera

 

        Oien iritzia arturik, era onetan abiatu ziran. Gurdi berri bati erantsi zozkaten bi bei hume-egin-berri, uztarrian beñere lotu gabeak, itxian txalak utzita. Gurdian ipiñi zituzten Kutxa santa, eta onen ondoan ofrendak edo eskuerakutsiak, eta utzi zieten, nai zuten tokira joaten. Aztiak esanda zeukaten, beiak onela ipiñita, Israelko lenengo erri Betsameseronzko bidea artzen bazuten, sinistu zezatela, gaitz aiek guziak bialtzen zieztena, Israelko Jainkoa zala. Beiak zuzen-zuzen orroika eta marrumaz Betsameseronz zijoazen, filistintarren Satrapak, zer egiten zuten ikusteko, ondoren zituztela: eta Betsamesko baten lurrera ziranean, gurdia gelditu zan. Betsamestarrak ikusi zutenean, Kutxa santa zijoakiela, txit poztu ziran, eta gelditu zanean, beiak il, eta zatitu, eta gurdi-zurarekin sua egiñik, Jaunaren izenean erre zituzten. Bost Satrapak lanbide guzia ikusi, eta beren errietara itzuli ziran.

        Debekatua zegoan, apaiz etziranak Kutxa santari, estali gabe zegoanean, begiratzea, eta are zorrotzago, ukitzea. Betsamestarrak benturatu ziran estalia kentzera, ez ezik, barrunen zeuden mana-ontzia, legeko olak, eta Aaronen zigorra ikustera ere. Jainkoak ausardi onegatik il zituen, kutsutu ziran guziak, eta gañerakoai bildur andia sartu zitzaien, Kutxa santa berekin idukitzeko. Betsamestarrak, bada, Kariatiaringoai gaztigatu zieten, nola filistintarrak Kutxa santa ara ekarri zuten, eta berekin eraman zezatela. Kariatiarintarrak etziran, besteak bezala, izutzen, eta aginduta zegoan eran eta lagunakin arturik, beren errira eraman, eta Abinadab zeritzan Eliz-gizon on baten etxean, bere seme Eleazaren kontura ipiñi zuten, eta ogeita amar urtean emen egon zan.

 

 

5. Samuel, amabostgarren Jueza

 

        Lenago esan da, filistintarrak Kutxa santa beretu zutenean, Heli eta onen bi semeak il zirala. Israeltarrak Juez gabe arkitu ziran, eta Heliren lekurako Samuel, amabostgarren Jueza autu zuten. Samuel ain gizon ona, eta Jainkoaren bildurrekoa izanik, Israelen eraena bere gañ artuta, bereala gauzak zuzentzera leiatu zan. Baña naigaberik andiena ematen ziona zan, Israeltarren artean Jainko egiazkoa gezurrezkoakin nastuta egotea. Geienak egiazkoa ezagutu, eta aitortzen zuten; baña baziran asko, gezurrezkoak adoratzen zituztenak; eta oiek bide onera ekartzeko alegin guziak egiten zituen. Beti baziardun esaten, jainko gezurrezkoai biotzean leku egiten zioten bitartean, etzutela onik izango. Onelako ondo-esanakin asko irabazi zuen, eta Jainkoa bere alde ekarrita, etsaien bildur andi gabe jarri zan. Filistintarrak bein bakarrik eraso zioten, eta orduan osotoro ondatu zituen, eta Israel pake gozoan gelditu zan. Bere bizian eraman zituen neke andiak easanik, urteak baño lenago zartu zan: eta irurogeita bat urtekoa zala, bere lanetan zerbait arindu naiez, bere eginkizunen alde andi bat bere bi seme Joel eta Abiaren eskuetan ipiñi zuen: baña semeak etzioten aitari erantzuten; etziran aita bezain onak semeak izan. Diru-zaletu ziran, eta diruaren truke bidegabekeria asko egiten zituzten, eta eginkizunak ere etzituzten bear bezala betetzen. Israelko zarrak au ikusi zutenean, Samueli esan zioten, bera zartu zala, eta semeak etzutela gauza onik egiten, eta emateko Errege bat, aginduko ziena, beste jendeak zituzten bezala. Eskaera au Jainko beraren kontra zijoan. Jakoben ondorea bere Erritzat artu izan zuen ezkero, bera bakarrik zan aien Errege, aien kontua zeukana, eta aldi guzietan begiratzen ziena; eta orain Erregea eskatzea, hura utzi, eta beste bat artu nai izatea zan.

        Samuelek erantzun zien, Erregetzat gizon bat artzearekin, etzutela ezer irabazten. Orduraño, aita batek bere humeai bezala, Jainkoak begiratu ziela: bere biotz gozo biguñak ondasun andiak eratu izan zieztela: oien truke aren agindu arin-errazak betetzen leialak izatea baizik eskatu etziela. Iñoiz neketan arkitu baziran, oroitu zitezela, berak beren gaiztakeriakin bideak eman zituztelako izan zala. Baña Erregearen mendean bein jarri ezkero, berak eta beren seme-alabak onen uztar-pean bizi bearko zirala, serbitzo umill eta palenak egiten, eta Erregearen anditasuna gordetzeko, beren izanak eta ondasunak ematen. Atzenean esan zien, Erregeaz ondo aspertuta, Jainkoari eskatuko ziotela, arren, aren mendetik ateratzeko; baña Jauna gor-egingo zitzaiela.

        Oiek eta onelako beste esan asko, Jainkoaren aldetik Samuelek egin zieztenak, alperrik izan ziran, Erregearen eresiatik ateratzeko; eta Samuelek Jaunari galdetu, eta Jaunak erantzun zionean, zer egin bear zuen, Israelko zarrak, nor bere etxera, bialdu zituen, lanbide hura zertan geldituko zan etziekitela.

 

aurrekoa hurrengoa