www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maria birjinaren hilabetia
Emanuel Intxauspe
1894

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maria Birjinaren hilabetia, Michel Inchauspe. Pauen Vignancou, 1894

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGEI ETA HAMEKAGERREN EGÜNA

 

Maria Birjina zelian

 

        Ezta gizona haizü asmatzera, gütiago erraitera zonbat handi, zonbat gora, zonbat eder eta zonbat dohatsü den Maria zelian. Aingürien bederatzü khortiak beno gorago da; haiek orok algarrekin beno haboro ospe, argi eta edertarzün emaiten dü zeliari. Berak hek güziek beno haboro ohoratzen, laidatzen, maithatzen eta eskerstatzen dü Trinitate Saintia. Jinko Aitaren alhaba da, Jinko Semiaren Ama, Jinko Espiritü Saintiaren Espusa; eta badütü gaintika kalitate ezin aiphatü hoiek galthatzen dütien dohainak. Hortakoz ere Mariatan Jinkoak konplasentzia gehiago hartzen dü, saintü eta ezpiritü dohatsü güzietan beno; eta züzen handirekin khoroatü dü Zelü-lürreko erregiña; Patriarken, Profeten, Apostolien, Martiren, Birjinen eta beste saintü güzien erregiña; Jinkoa bera baizik ezta hura beno gorago, ederrago, photeretsiago eta handiago denik. zelia argitzen eta alageratzen dü; ifernia ikhara-erazten; Pürgatorioa ürgaizten; guri lürren gainen güdükan gaudener bere Amazko eskia hedatzen, Jinkoaren grazien gütara ixurtzeko, etsaien kontre gure defendatzeko, eta zelüko bide xüxenian gure gidatzeko.

        Boz gitian, alagera gitian, Maria Birjinaren loriaz, haren goratarzünaz, haren photeriaz eta haren orotangaineko dohatsütarzünaz. Erran dizogün gogotik eta bihotzetik: Salütatzen zütügü graziaz, merezimentüz eta gloriaz betherik zirena, Jinko Jauna zurekin düzü, zurekin amoriorekin, zurekin bere tresor güziekin; benedikatia zira emazte güzien artian, alxatia kreatüra güzien gainetik; eta güziek bethiere deithüren zütie dohatsia, orotangainti dohatsia, zütan eta zützaz Jinkoak egin beitütü gaiza handiak, eternitate orotan Saintiek eta Aingüriek amiratüren dütienak. Zure Seme Dibinoaren saihetsian erregina jarririk zira; photeriak oro badütüzü gure salbatzeko, zuri hersatzen bagira. Hartakoz deithürik zira Zelüko bortha, zützaz baizik ezpeita han sartzerik. — Zureganik Jinko Aitak eman diküzü Salbazalia, eta zureganik nahi dizü gütara igaran ditian harek merezitü deizkün graziak. Bena behar deitzügü galthatü, gure bortxaz ezpeikütüzü lagüntzen ahal; Jinkoak nahi dizü, eta zük Jinkoak bezala, ükhen dezagün nahikünte huna; ezagüt dezagün gure eskazkeria eta ezina, eta guri heltüra egitera dei zitzagün.

        Bai erregina photeretsia, bai gure Ama huna, othoitüren zütügü; maite ükhenen dizügü egün oroz eta behar ordü güziez zuri hersatzia; beitakigü zuri debot dena, zure othoitzera fidel egoiten dena, izanen dela zützaz mündü huntako lanjeretan begiratürik eta hilzeko orenian sokhorritürik.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

        Hamabigerren mentian, iferniak jaikerazi zütian Franzian egiazko erlejioniaren etsai batzü, Albijoak deitzen zirenak. Sen Dominika jin zen heretiko gaizto haiek egiten zien gaitzaren baratzera; Khiristien fediaren galtzetik begiratzera. Sügar handirekin pheredikatzen zütian Jesü-Kristen Ebanjelioko egiak; bena bihotzmin handirekin ikhusten zian ez-ziala ekhoizpen handirik ükheiten. Egün batez phenatürik othoitzen zegoalarik, agertü zeion Maria Birjina eta erran zeion, ütz litzan pheredikü sasantak eta erakats lezan Arrosarioaren erraiten; eman zeion berak Arrosario bat eta erakatsi hamabost misterioak; erraiten zeiolarik, behazaler esplika litzan algarren ondozka misterioak eta orazioniak erran eraz.

        Berhala hasi zen Maria Birjinaren maniaren egiten eta izigarriko ekhoizpenak hain sarri agertü ziren; heretikoak konbertitzen ziren eta Khiristiak fedian eta erlejioneko pratiketan azkartzen.

        Albijoa heretiko haietarik bat, S. Dominikak egiten zian hunaz gaiztürik, hasi zen itxuski Maria Birjinaren kontre eta Sen Dominikaren kontre mintzatzen. Debrü saldo bat sarthü ziren haren khorpitzian, eta bürdün khatiez estekatürik, hanitz gizonek nekez edükiten zien.

        Eraman zien sen Dominikaren aitziniala, eta Saintiak Jinkoaren izenian manhatü zütian debriak erraitez heretikoaren ahotik, zonbat handi den Mariaren photeria eta zonbat balius haren eretzeko debozionia. Debriak zinez bühürtü ondoan, bortxaz errabia handirekin goratik erran zien: bai bortxatü gira aithortzera; Maria orophoteretsü da hari hersatzen direnen ifernütik begiratzeko. Haren hitz batek indar haboro dü Jinkoaren aitzinian Saintü güzien othoitzek beno. Hartzaz baizik galerazi günükian egiazko fedia lürretik. Ekhiak ohiltzen dütian bezala ülhünpe belzak, hala harek desegiten dütü gük arimen galzeko hedatü sariak eta adelatü zephoak. Hari debot egoiten dena eztitake gal. Sen Dominikak aithormen horik elkhi ondoan debrien ahotik, erran erazi zian Arrosarioa ikhusler, eta heretikoa izan zen behargabetarik libratürik.

        Eztitake erran zonbat honki eta miraküllü egin dian Arrosarioak.

        Arrosarioaren berthütez Europa izan delakoz Türketarik begiratürik, Sen Pio Vak establitü dü Arrosarioaren besta ürrietako lehen igantian. Oraiko denboretan iferniak egiten beitütü indarka handiak Eliza katolikoaren kontre, Leon XIIIak, Aita Saintiak gomendatzen deikü, fediaren salbatzeko, Arrosarioaren debozionia; hartakoz manhatü dü erran dadin igante oroz püblikoki elizetan, eta egün oroz ürrietako hilabetian.

 

aurrekoa hurrengoa