www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maria birjinaren hilabetia
Emanuel Intxauspe
1894

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maria Birjinaren hilabetia, Michel Inchauspe. Pauen Vignancou, 1894

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGEI ETA ZORTZIGERREN EGÜNA

 

Mariaren bizitzia Jesüs Zelietarat igainez geroz

 

        Jesüs igain zenian zelietarat, Maria Apostoliekin eta beste emazte Saintiekin ützüli zen Jerüsalemerat; eta han, Jesüsek azken apairia egin zian gela handian, egürüki zien, othoitzian eta ixilian, jaits lekien, Jesüsek hitzeman zeien Espiritü Saintia. Phentekoste egünian konplitü zen Salbazaliaren hitza; jaitsi zen Espiritü Saintia Mariaren, Apostolien eta bildürik algarrekin zauden dizipülien gaina, süzko mihi batzien itxürian; eta bethe zütian haien gogoak eta bihotzak, argiz, indarrez eta agoñuz. Joan ziren ordütik Apostoliak beldürrik gabe, Jerüsalemen eta gero Jüdean eta atzerri güzietan, Jesüsen Jinkotarzünaren eta harek erakatsi egien ezagüteraztera.

        Maria egon zen Jondone Johanerekin eta hari jarraikiten zen; egünak igaraiten zütian othoitzian; eta bere aholkiez eta orazionez lagüntzen zütian Ebanjelioaren pheredikazaliak. Ezagün da gogoz eta bihotzez jarraikiten zeitzela güzier, mündia bere artian phartitürik joan zirenian lürreko nazione güzietarat. Ezi bethidanik khontatürik eta sinhetsirik izan da, Jondane Jakobe jin beitzen Españarat, eta bihozterritürik beitzagon ez-zeitzolakoz harek nahi bezala behatzen hanko popüliak; Maria Birjina, orano bizi zelarik, agertü zeiola pilar baten gañen xütik; bihotza eraiki zeiola eta erran ari ledin nagitü gabe, Ebanjelioaren azi saintiaren barreiatzen; Españako zinkienik lothia, eta mündiak iraiten ziano hari leial egonen zela.

        Jerüsalemen egon ahal izan zeno, Kalbarioko bide dolorezkoaren igaraitia zen Mariaren debozione maitena; eta non nahi izan ledin, haren konsolio gozoena, bere Jesüs maitiaren komünione saintian errezebitzia, eta mezako sakrifizio saintian pharte hartzia.

        Ezta irakurten, ez Ebanjelio saintian ez Elizako Aiten librietan, Mariak egin diala miraküllürik, ez pherediküz konbertitü jenterik; eta haregatik Mariaren ixilezko egitatiak Jinkoaren aitzinian baliosago eta laketgarriago ziren Apostolien egitate handiak beno; Mariaren barnetiko disposizionek gaintitzen beitzütien Apostolien eta beste kreatüra güzien disposizioniak; handiago beitzen harek Jinkoarentako zian amorioa, harek Jinkoaren gogara egiteko eta izateko zian nahia, beste kreatüra güziena beno. Bethi haren gogoa Jinkoarekin zen; haren bihotza bethi haboro Jinkoaren amorioaren süiaz erratzen zen; beha zagon Jinkoak zer harenganik galthatzen zian eta berhala haren egitera hütsik egin, ez gogoz, ez bihotzez, ez obraz; eztü bere bizian mementorik galdü, oro Jinkoaren boronthatiaren egiten enplegi beitütü.

        O Maria, egizü hürrüntik berere zuri jarraiki gitian; eztezagün ütz galtzera Jinkoak zeliaren irabazteko emaiten deikün denbora; gure lanak, gure gogoküntiak, gure bihotzeko sendimentiak izan ditian oro Jinkoaren gogoarako zuriak bezala.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

        Sarranze lehenago eremu basa bat zen; Bedustarrek bere haziendak batzietan harat eramaiten zütien alhatzera. Ülhain batek nabaritü zian bere idi bat bestiak beno gizentzenago zeiola; ustez ediren zükian güne gizen zonbait, jarraiki zeion egün batez eta ikhusi zian belhainka, hur ondoan. Arranzale bat han beitzen, biak hüllantü ziren eta idiaren aitzinian ikhusi zien Maria Birjinaren harrizko molde bat. — Beduseko erretorari eta herritarrer berhala erran zien zer ikhusi zien. — Erretorak Oloronko Jaun Aphezküpia abisatü zian, berak ülhainaren errana egiati zela ikhusi ondoan. Jaun Aphezküpia bere kalunjekin joan zen lekhü hartara; errespetürekin hartü Mariaren imajia eta prosesionian eraman bere Katedralera. Bena biharamenian hantik galdü zen, eta ediren zien bere leheneko lekhian. — Gerthü horrez segürtatürik, Maria nahi zela izan han ohoatürik, eta han nahi zütiala erakutsi bere hontarzüna eta photeria, eraiki zien han berian Eliza bat; eta hasi ziren alde güzietarik sentoralak edo pelegriak harat saldoka jiten; eta Maria Birjinak haien debozionia saristatzen zian miraküllüz eta fabore berheziz.

        Behar izan zen eraiki jenten atherbe; S. Norberten Frairiak jin ziren eta komentü bat egin zien bere eta Sentoralentzat; Premontreak deitzen ziren. Haien üngürian herri bat altxatü zen laster. Üskaldünek eta Biarnesek maite zien debozionian joaitia Andere Dona Maria Sarranzekoagana eta grazia hanitz ardiesten zien.

        Üskaldün famatü bat, libürü sabant baten egilia, Arlande Oyhenart Maulekoa, izan zen Ama Birjina Sarranzekoaz sendotürik, barberek ezin sendo zaitekiala zioen hausküra batetarik.

        Arlande Frances de Maitia, izen hortako hirurgerren Oloronko Aphezküpia, paralisia kolpü batez joik, hersatü zen Andere Dona Maria Sarranzekoari. Igorri zütian tortxa batzü eta manhatü zonbait mezaren haren Elizan erraitia. Laster osoki sendotia izan zen eta bere diosesaren bisitatzeko huntürik. Ama Birjina Sarrantzekoarentako zian ezagütziaren eta debozioniaren erakustiagatik, nahi izan zen ehortzirik izan Eliza saintü hartan eta ordeñü ederrak egin zeitzon.

        1569n Protestantek erre zien Sarrantzeko Maria Birjinaren eliza eta komentia. Bena hogei eta hamabost urtheren bürian, Maule Maitiako semek, Oloronko Aphezküpütürik, arreraiki zütien. Arte hartan Ama Birjinaren imajina egon zen gorderik Sarrantzeko Khiristi hun baten etxen.

        O Maria, gure Ama, othoi, oraiartino bezala begira ezazü fedia gure üskal herrian!

 

aurrekoa hurrengoa