www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maria birjinaren hilabetia
Emanuel Intxauspe
1894

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maria Birjinaren hilabetia, Michel Inchauspe. Pauen Vignancou, 1894

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMAZAZPIGERREN EGÜNA

 

Maria Birjinaren Pürifikazionia edo garbitzia

 

Tota pulcha es, amica mea, et macula non est in te..

Oro ederra zira, ene maitia, eta eztüzü thunarik zütan. (Cant. 4. 7).

 

        Emerdiak, seme batez amatu zirenak, theiü bezala egoiten ziren berrogei egünez, eta bazoatzan gero Jerüsalemeko tenploala xahatzera. Jinkoari behar zien eskentü axuri bat sakrifizioko, eta ürzo bat bekhatien pharkamentütan; praubegi zirenek axuri baten orde eskentzen zien bi ürzo. Eta gero lehen haurrak behar beitzian Jinkoari eman, lehentxa güziek bezala, erosi behar zien haurra bost diharü phezarentako.

        Ageri da lege horik ez-zirela eginik ez Mariarentako ez Jesüs Jinko Salbazaliarentako. Mariak, zelüko Aingüriak beno xahiago zenak, ez-zian garbitü beharrik; Birjina zen amatü aitzinian, eta birjina egon zen, amatü ondoan; eta Jinkoak berak erran zian hartzaz profetaren ahotik: ez-tüzü zütan thunarik; macula non est in te. Bena Mariaren edertarzüna eta loria Jinkoak eta aingüriek baizik ez-zien ezagützen; eta Mariak bere büria ez-zian bestiak beno haboro edükitzen, Jinkoaganik zütialakoz zütianak oro eta zen güzia. — Hartakoz ere legiari, obeditziaz ez-zen düdatü; beste emazten aztian sarthü zen, eta txipienekin eta praubenekin nahasi, praubenen oberendaren emaiteko. — Eta gero beste amek bezala erosi zian bost diharü pezarentako bere semia, Jinko seme gizon egin zena mündiaren erosteko eta debriaren eskietarik gizonen elkhitzeko; Jinko Aitari preziotzat eskentüz bere aphaltze izigarriak eta bere odola eta bizia.

        Oh, zoin guriak ez bezalako diren Mariaren gogoak eta egitatiak! Guri üdüri zitzeikegün behar bada, Jesüsen ohoriak galthatzen ziala Mariak ager lezan Jinkoaren ama eta Birjina izateko zian loria; gük nahi dügü mündiak ezagüt ditzan dütügün, edo ustez dütügün, dohainak, antziak eta kalitatiak oro; nahi günüke uste ükhen dezen ere badügüla dügün beno haboro. Mariak ezagützen zian Jinkoak egin zeitzola grazia berhezienak; berak zion: fecit mihi magna, Jinkoak egin deizt grazia handiak; bena zonbat ere ükhen beitzian, hanbatenaz bere büria Jinkoari zordün edükitzen zian, eta holatan bera aphaltzenago zen, oro Jinkoari ützültzen zeitzolarik. Hürrün zen Jinkoaren dohainez bere büriaren handitzetik, ez bere beithan, ez gizonen aitzinian.

 

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

        Huna berri eta gütarik hüllan gerthatü etsenplü bat. Jüliena B. zen andere gazte bat edertarzün handitakoa eta ezpiritüz betherik zena. Ama bat bazian hanitz Jinkotiarra, eta hamar urthetan ezari zian komentü batetan eskolatzen. Haur harek entzüten beitzian eijer zela eta enthelegütsü, ürgüllüak hantü zian; bestiak beno haboro bere büria edükitzen zian; lagünak gütiesten eta phüstatzen; ez-zian phensatzen bere begithartiaren, bere bilhoaren, bere khorpitzaren aphaintziari eta aphaingarrier baizik. Auherretan, bai bere ama, bai komentüko serorak ari izan zeitzon ürgüllü horren korrijitü eta zapatü nahiz. debeiagarri beitzeitzon komentüko mehatxiak eta erantzünak, ardietsi zian aita-amenganik hantik elkhitia eta mündatar eskola batetan sartzia. Hamazortzi urthetan hantik elkhi zen, andere handi eta eder; banitatiaren mirail, erlejionerik gabe, debriaren apeu-gei paregabe.

        Ama desolatürik zen; alhaba eskolatik elkhi zenetik urthe baten bürian, eritü zen ama hori eta hilzeko menian jarri. Othoitü zian Ama Birjina osagarria ardiets lizon Jinkoaganik, alhaba galtzetik begira ahal lezan; eta hitzeman zeion emanen zeiola, sendotzen bazen, ürheria balio handitako bat, bere alhabak hanitz aldiz galthatü zeiona. Sendotü zen eta elizako Ama Birjinaren lephoan ezari zian ürheria. Erran zeion gero alhabari zer hitzeman zian bere eritarzünian eta zer egin zian. Andere Jüliena kolera handi batian jarri zen; joan zen Elizala eta Ama Birjinaren lephotik elkhi zian ürheria eta etxerat ekharri. Hantik bi orenen bürian apopletsia kolpü batek jo zian, eta hirur egünen bürian hil zen, üzten zialarik bere Ama antsia handian, Jinkoak mündü huntan pünitü ondoan haren ürgüllia, ez-zükianez igorri haren arima ürgülliak galdü zütian Aingüriekin.

        O Maria, ümilitatiaren mirailla, egizü ikhas dezagün zureganik ürgülliaren hastiatzen, ümilitatiaren maithatzen eta pratikatzen; eta Jinkoaren dohainez zerbützatzen haren loriatako, eta ez gure ürgülliaren bazkatzeko.

 

aurrekoa hurrengoa