www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maria birjinaren hilabetia
Emanuel Intxauspe
1894

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maria Birjinaren hilabetia, Michel Inchauspe. Pauen Vignancou, 1894

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGEI ETA LAURGERREN EGÜNA

 

Jesüs gaizki erabilirik, saldürik
eta bere dizipüliez ükhatürik

 

        Mariak entzüten zütian boztariorekin Jesüsen miraküllien eta pheredikien berriak, popüliaganik ükheiten zütian laidorioak eta ohoriak; berheziki nola Erramü egünian izan zen trionfan errezebitürik Jerüsalemen. Bena ez-zien üzten osoki bere bihotza boztarioari; beitzakian bazütiala isterbegiak, bekhaitzak eta etsai handiak; eta haiek sofri erazi eta hil erazi behar ziela.

        Eta ere Erramü ondoko hirurgerren egünian, Jüdasek saldü zian hogei eta hamar diharü phezarentako; Olibetako baratzian izan zen atzemanik eta estekatürik gaizkigile bat bezala; eta bere Apostoliak izitürik ihesi joan ziren, etsaien eskietan üzten zielarik.

        Phetiri hürrüntik jarraiki zeion, bena etsaien mithil eta neskato elibatek galthatürik, ez-zenez hura Jesüsen dizipülietarik, hiruretan ükhatü zian eta erran ez-ziala ezagützen. Anna et Kaifa Aphez handien etxian igurtzi zütian laido, nausa eta goitzarren ümiliagarrienak. Pilatüsek azoterazi zian, elhorriz, khoroatürik popüliari eralutsi; eta popüliak, aitzineko igantian trionfan Jerüsalemen errezebitü zianak, oihüz galthatü zian, Krüzifika lezen eta hil erazi. — Pilatüsek kondenatü zian, eta etsaiek Khürütziaz kargatürik eraman zien Kalbarioko mendiala. Ordian agertü zen haren Ama dibinoa, pharte hartzeko haren ümiliazionetan eta haren sofrimentü izigarrietan. Joan zeion aitziniala Kalbarioko bidian eta Jerüsalemeko emazte sainta zonbaitekin jarraiki zeion mendi thinialano.

        Amira dezagün Ama Birjinaren egitatia; Bere Seme dibinoa popüliez laidatürik, goretsirik den denboran, gorderik egoiten da; eztoa, haren ama bezala, Semiaren mirakülliez, pheredikü ederrez eta laidorioez boztera eta fekizitazione errezebitzera; ordian itzalian dago; ezta aiphatürik, ezta ezagütürik, eskerniatürik, gaizki erabilirik, eta hiltzera kondenatürik denian gaizkigile handien bat bezala, ordian agertzen da, ordian bere büria erakusten dü, haren goitzarrenetan pharte hartzera lehiatzen da.

        O Maria, zonbat zureez bestelako diren gure egitatiak! gü bozten gitizie ohoriek eta laidorioek eta haien ondoan gogotik bagoatzü; — lotsa gütüzü ümiliazionen eta sofrikerien, eta haier ahalaz ihesi egiten dizügü. Ikhas dezagün zureganik Jesüsen khürütziaren maithatzen eta kharreiatzen; merezi dezagün harekin eta zurekin lorifikatürik izatia zelian!

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

        Jinkoak laidatü dü Maria, Profetez erran dianian: Zü osoki eder zira eta eztüzü zütan thunarik; laidatü dü eta goretsi Gabriel Arkanjeliaren ahoz, hunek erran deionian; salütatzen zütük graziaz betherik zirena; Jinkoa zurekin düzü, benedikatia zira emazte güzien artian. Jinkoak Eskritüra Saintian gisa hortan altxatzen dü Maria; eta gaiza izigarria! Heretikoek Eskritüra saintia handiesten die, eta halerik ere Mariaren eretzeko bethi orok ükhen die debrüzko aiherkünde bat; horrek berak markatzen beitü satanen direla. Roussel Oloronko Aphezküpü Protestantak, Biarno phozoatü ondoan, nahi ükhen zian Züberua ere protestantü. Jin zen Maulera; Ama Birjinaren eta saintien ohoratzia eta othoitzia gaizki zela erakasten hasi zen. Gure burhasoak gaiztü ziren erakaspen hoien entzütiari; eta musde Maitiak, aiskora khaldüz egotxi zian Aphezküpü heretikoaren pheredikagia. Erdi hilik eroan zien Roussel Oloronerat; eta hantik laster hil izan zen. Gure üskal herriak bethi jarraiki dü Maria Birjinaren eta Saintien ohoratzia, Biarnon, Betharrameko eta Sarrantzeko Ama Birjinaren elizak heretikoek egoisten eta erratzen zütien denboran. Rousselen ondoan Claude Regin izan zen Oloronko Aphezküpü ezaririk; bena Protestantak nausitü beitziren Biarnon, Claude Reginek behar ükhen zian ezkapi Maulerat bere Kalunjekin. Han egon ondoan hogei bat urthez, joan zen Vendomako komentialat, eta han saintüki hil izan zen. Denbora hetan Üskaldünek armak hartürik, bere odolaren eta biziaren khostüz bere fedia Protestanten kontre defendatü zien. Jinkoak erakutsi zian zonbat onhetsi zian Pierra Maitiaren egitatia; gero haren semia Oloronko Aphezküpü egin beitzian eta errelijione katolikoaren arraeraikizale Biarnon; haren ondotik orano, beste bi Pierra Maitiaren arraseme izan dira Oloronko Aphezküpü.

        Euskaldünak, Jinkoaren aitzinian ikhus dezagün batügünez gure bihotzetan gure aitek zütien fedezko sendimentiak eta Errekijioniaren amurioa; eta ikhusten badügü hoztürik direla gütan sendimentü hurak, galtha dezogün Mariari azkar ditzan eta bero ditzan; eta ezkitzan ützi beste hanitz bezala laxükeriaz eta ezaxolkeriaz fediari ükho egitera eta arimen galtzera.

        O Maria gure Ama Maitia, fidel egon nahi gütüzü gü ere, gure leheneko Aitak bezala, zure Seme Dibinoari eta zure Debozioniari; egizü, zure othoitzen medioz, egon gitian bethi Khiristi hun eta holatan egiazko Üskaldün. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa