www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maria birjinaren hilabetia
Emanuel Intxauspe
1894

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maria Birjinaren hilabetia, Michel Inchauspe. Pauen Vignancou, 1894

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGEIETABATGERREN EGÜNA

 

Mariaren bizitzia Nazarethen
Jesüsekin eta Josefekin

 

        Ebanjelio saintiak erraiten deikü Jesüs bizi izan dela bere amaren eta Josefen manüzpian; eta haren hamabi urthetarik hogei eta hamar urthetarano ezteiküie libürü saintiek besterik deus erraiten haren egitatez. Irakurten dügü berbera, hasi zenian pheredikatzen eta miraküllü egiten, haren ezagünek zioiela: nontik dü horrek jakitate hori eta photere handi hori? ezta hori zurgin ezagützen dügün hura, Mariaren Semia? Eta hitz hoietarik ikhusten dügü, Istoriak bestalde erakasten deikün bezala, Jesüsek bere bizitzia maiergoan, zurgin, igaran ziala, hogei eta hamar urthetarano, Mariarekin eta Josefekin; eta Maria Birjina haiekin bizi izan dela lanian, jente aphalen antzora.

        Zer erakaspen handia guretako! Jesüs Jinko Semia, mündiaren Kreazalia, Aingürien eta kreatüra güzien nausia, Mariaren eta Josefen manüzpian bizi, hogei eta hamar urthez, lanian, eskazerian, mündiaz gütietsirik; eta harekin Maria eta Josef, bere lanaren eta izerdiaren aphalmentü handienian. Eta hurak ziren Zeliaren amurioa, boztarioa eta loria. Jinko Aitak haietan ezarten zütian bere konplasentziak; Aingüriek amiratzen zien haien saintütarzüna, haien berthüten handia, haien arimaren edertarzüna; gizonek aldiz ez deus batzuentako edükitzen zütien. Bizitze aphal, gorde eta eskerniatü hartan, haien bihotzak, haien gogoak eta haien mihiak igorten zien Jinkoaganat amurio, laidorio eta othoitze, Aingürü güzienenak beno baliosago zirenak. Eta berak bere etxano txipian eta bere praubezian, irusago edireiten ziren, Erregiak eta Prinziak bere aberatstarzünen erdian beno; ezpeitzien ez-zienik deus anbizionatzen; elika beitziren osoki bere lanetik egün orozko bizipidiaren ukheitiaz. Irus ziren bihotzeko bakia beitzien, eta hirurak algarrekin bakian eta batarzün perfeitenian bizi beitziren; irus algarrekin izatiaz; hirurak beitziren kreatürarik maithagarrienak, erraitekorik ez-zienak, huntarzünez, eztitarzünez eta ümilitatez bethiak; algarri zerbütxü eta plazer egitia baizik txerkatzen ez-zienak. Hola egünak igaraiten zütien eztiki, gogoa eta bihotza bethi Jinkoarekin bere lanaren artian; hartzen zütielarik egün oroz orenak, Jinkoaren othoitzeko, irakurtze saintü baten egiteko eta elhesta zelütiar zonbaitez algarren sütatzeko.

        Jesüs, Maria eta Josef, oh zoinen eztiki, igaran litakian gure egünak, ziek bezala bizi baginte, Jinkoaren grazian, algarrekin bakian eta batarzün hunian, gure estatiaz kuntent; anbizionerik gabe, Zeliaren irabaztiaz besterik!

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

        Karmela da mendi bat, Jerüsalemerik bi egünen bidian eta Nazaretherik bost lekoatan. Han bizi izan den Elia Profeta handia, eta haren ondotik Elise haren dizipülü maitia, eta beste hanitz gizon Jinkotiar, othoitzetan, penitentzian, Salbazale hitzemanaren haidürü. Jinkoak emaiten zeitzen gizon saintü haier argi eta photere handiak, berheziki geroaren jakitia. Jesü-Krist, bere misionia konplitürik, igain zenian zelietarat eta Espiritü Saintia igorri zianian bere Apostolier, Karmeleko Profetak izan ziren lehen Khiristietarik, eta errana da, haiek bere Karmeleko mendian eraiki ziela lehen eliza Maria Birjinaren uhuretan orano lürrian bizi zelarik; hartakoz ere deithürik dira Karmesak Mariaren Anaiiak, eta izan dira lege berriko lehen Erlejiusak. Kroisaden denboran, jin ziren Europarat; Sen Luis erregiak erakharri zütian Franziarat eta eman zeien Komentü bat Parisen. Angleterrerat ere joan ziren, eta han Maria Birjinak erran zeion ermithain bizi zen gizon Saintü bati, jünta ledin Karmelita erlejius haier. Emethain hura deitzen zen Simon Stock. Nola hanitzek ezpeitzien nahi, Karmesen ordre hori Europan jar ledin, Simonek sügar handirekin galthatzen zian Maria Birjinari hel lekien eta eman liezen maite zütielako marka bat. Ama Birjina agertü zeion ordüko Aita Saintiari, Innocent III gerrenari, eta gomendatü zeitzon Karmesak bere haur berheziak bezala. Gero agertü zeion Simoni berari eta eman zeion Eskapilarioa, erraiten zeiolarik nahi ziala Karmelita güziek ekhar lezen; hura izanen zela haiekin egiten zian adiskidegoa berheziaren siñalia eta bahia; eta saio hura ekharten zienak begiratüren zütiala heriotze gaiztotik, ifernüko sü eternaletik; eta mündü huntan galbide hanitzetarik. Ber graziak hitzeman dütü gero khiristi fidel güzier, saio edo eskapila hori txipitürik debozionerekin ekharriko diener. Hanitz gisatako miraküllüz Jinkoak boroga-erazi dü hitzemaite hoien egia; Elizak aprobatü dü debozione balius hori eta hanitz indüljenziaz aberastü.

        Jesüs, Maria eta Josef, eman izagüzie bakian eta batarzün hunian bizitzeko grazia, gure etxekoekin, gure askaziekin eta Khiristi lagün güziekin!

 

 

aurrekoa hurrengoa