www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maria birjinaren hilabetia
Emanuel Intxauspe
1894

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maria Birjinaren hilabetia, Michel Inchauspe. Pauen Vignancou, 1894

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZÜGERREN EGÜNA

 

Mariaren bizitzia Tenploan

 

Pulchra es, amica mea, suavis et decora.

Eder zira, Birjina maitia, ezti eta maithagarri. (Cant. 6, 3).

 

        Maria handitzen zen Tenploan adinez eta graziaz Jinkoaren eta lagünen aitzinian. Haren edertarzün handiena barnetikoa zen, haren arima beitzen Jinkoaren begietan Aingürü güziena beno argitiago eta ederrago. Bena haren kanpotiko edertarzüna ere paregabe zela erakasten deiküie Elizako Aitek. S. Denis Areopajitak, Jondone Phaulek konbertitiak, erraiten deikü, hain zela eder Maria, non haren ikhusteko dohaina ükhen zian lehen aldian, erori beitzatekian haren hoinetara, haren adoratzeko Jinko bat bezala, ezpazian ordükoz ikhasi ez-zela Jinko bakhoitz bat baizik.

        Eder zen Maria, eder eta maithagarri kanpotiko itxuratik; bena hanitzez ederrago eta maithagarriago barnetiko dohainez. Tenploan harekin bizi ziren neskatila gazten artian, ümilena zen, manentena, lagünentako hobena eta zerbütxantena; bethi lehiatü zer nahi lan eta manüren egitera.

        Ez-zen Eskriptüra Saintian eta Erlejioneko gaizetan hura bezain jakintsürik; ez-zen eskü-lanetan hura bezain trebe eta xothil zenik.

        Eta zonbat nahi handi eta paregabe ziren Mariaren khorpitzeko eta arimako dohainak, ezta behinere sarthü haren gogoan ürgüllüzko sendimentü bat; eztü behinere bere büria estimatü bestiak beno haboro. — Bazakian untsa berainez deus ez-zela eta deus ez-ziala; Jinkoaganik zütiala zütianak oro, eta hareganat oro ützüli behar zütiala; — haboro ükhen dianak, haboro zor diala eta haboroz behar dükiala khuntü eman; — Jinkoaren dohainez zerbütxatzia bere büriaren lorifikatzeko, Jinkoari zor zaionaren ebastia dela, Lüziferen bekatia. Holatan zonbatenaz beitzen dohaintsiago, hanbatenaz bere büria zordünago edükitzen zian Jinkoaren eretzian; eta bethi zegoan haren arima ümilitatezko, eskerrezko eta amoriozko aldika batetan; eta hola Jinkoari ützültzen zeitzon thaigabe, hareganik ükhenak oro.

        O Maria, gük ere khorpitzeko eta arimako dohainak zük bezala Jinkoaganik ditüzügü, eta zük bezala haren zerbützatzeko, laidatzeko eta maithatzeko emanik. Elas, ezkira hetzaz zerbützatü gure bürien eraikiteko, ürgülliaren hazteko, gühauri eta kreatürer emaiteko Jinkoari zor dütügünak? Egizü, o Birjina Maria, zük bezala ezagüt ditzagün Jinkoaren eta gure protsimo lagünen eretzeko gure obligazionak; eta ardiets ezagüzü haien behar bezala bethatzeko grazia.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

        Sant Antoninek khontatzen dü eliza gizon bat bazela hanitz debot zena Maria Birjinari. Egün oroz galthatzen zian bethi haboro haren perfetzionen ezagützia eta haren gehiago maithatzia; eta nola ezinago maite beitzian Ama Dibino hura, galthatü zeion haren begithartiaren ikhusteko grazia.

        Aingürü bat jin zeion erraitera ükhenen ziala galthatzen zian grazia; bena Maria ikhusiren zien begiek ez-ziela haboro lürreko gaizarik ikhusiko. Baitetsi zian Mariaren zerbützariak; bena bere beithan igaran zian: soginen deiok begi batez eta bestia begiratüren dük.

Hala egin zian: Maria agertü zeion bere edertarzünaren ospe handian; eta galdü zian, hura ikhusi zian begiaren bista. Bena ordütik bestiaz ikhusten zütian lürreko gaizak hain zeitzon itsusi eta hügüngarri; non thaigabe othoitzen beitzian Maria Birjina khen lizon, othoi, bigerren begiaren bista, elezan ükhen gogoan haren edertarzünaren orhitzapena baizik. Maria berriz agertü zeion eta bi begien bista ützüli; bena ezeitzon zerbützatü mündüko gaizen hastiatzeko baizik eta zelükoen bethi haboro maithatzeko eta estimatzeko. (S. Ant. 11. part. XV. 34).

 

aurrekoa hurrengoa