www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki berrizte
Emeterio Arrese
1952

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Olerki berrizte, Emeterio Arrese. Itxaropena, 1952

 

aurrekoa hurrengoa

Artzayaren abestia

 

Oraindik ez nau menpean atzi

ezin bat iritxi nayak,

iñoiz ez bere listorrez josi

aundikerizko etsayak;

oniritzi ta gogoz arturik

Izadiaren emaya,

naiko atsegin bertan du noski

zintzo bizi dan artzayak.

 

Ardizai emen bakar bizi naiz

nere txabola xarrean,

bakarti, baña zorontsu goiko

saroi eder ixillean;

pozaren bidez irrintz-oyuka

nabillen aldi berean

mendi-kolkoak erantzuten dit

ots alai bete-bertan.

 

Goizean goiz nik begiratzen det

urrutiko sortaldera,

ta illun-aurrean ziaro dakust

eguzkiaren sarrera;

begi ta gogo zabal-zabalik

lilluratu bat bezela

egon ondoren jolas-oyuka

zaletsu nabil ostera.

 

Artalde gizen oso bikaña,

esne ta baba txit naro,

aldi soil gorri zekenik emen

ez det izan egundaño.

Egarri banaiz iturbegia

poil-poilka beti maitaro,

otorduetan janari ona,

gauean berriz lo ta lo...

 

Ta lo gozo au izan oi arren

iraute luzea duna

begiak ustez itxi orduko

sortzen da berriz eguna.

Gentzaro maite zoragarria,

atsedenaldi biguna...!

Lengoz gañera loak darakar

artzayaren osasuna.

 

Goiznabarrean era xamurrez

otoi eztitsu garbia

egin ondoren idikitzen det

bordagaraiko esia;

larrean pozez yauzika dabil

artalde bikain txuria,

ta nere barren bildotx antzera

biotz esnatuberria.

 

Irrintz-egiñaz goretsirik ain

izate garbi zintzoa

bizi-maill ontan osatu zaizkit

soiñ-indar eta gogoa.

Menditar txiro bat naizela ta

basati kaiku loloa?...

¡Ujui!, gizarro, igana ziak

nere pozaren zantzoa!

 

Oraingo zenbait sasi-jakintsu,

gaizto guzien antzera

itxu daude-ta sarri litezke

amildu negar-lezera.

Pozez ain jori dalako berriz

artzayaren izakera

nik emen ainbat atsegiñ ez du

an bean iñork ¡bai zera!

 

Erpiñen'etik, ezpada beintzat

egoaldi oso illuna

arrano batek lezaken eraz

ikusi oi det urruna:

itxaso zabal, ibargi naro,

baserri jator, txukuna...

Ta ikuste alai orren gañez nik

txabola xar untzaduna.

 

Urrin gozoa banatzen dute

lardi baso ta zelayak,

ipar ariñez maita nau emen

arratsaldeko garayak.

Loreak bere likura damait,

itzala pago zardayak,

ta iñori baño lenago musu

eguzki goiztar alayak.

 

Goiratu nedin kolko ta zangar

sendoak dauzkat aldakai,

laister-bidetik igo ta goren

irrintzika nabil noiznai.

Il-obi zarrez betea dagon

mendi-mendiyan ardizai

Yainko'ri esker ondo bizi naiz.

Nere biotzak beti jai!

 

aurrekoa hurrengoa